Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2242

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Tolosako (Gipuzkoa) udal-mugarteko «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren HAPBaren 2. aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez, Tolosako udal-mugarteko «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren HAPBaren 2. aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, bat etorrita ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin.

«20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren bigarren aldaketa Tolosako Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen hasiera batean, 2022ko urriaren 4an.

Tolosako Udalak bidalitako dokumentazioan jasota dagoenez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Tolosako Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2022ko urriaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (197. zenbakia) iragarkiaren bidez (akatsen zuzenketa argitaratu zen 2022ko urriaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 200. zenbakian). Jendaurreko informazioaren iragarkia udalerrian hedapen handiena duten egunkarietan eta Tolosako Udaleko iragarki-taulan ere argitaratu zen.

Horrez gain, Udalak eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zien, bai eta pertsona interesdunei ere, eta 45 eguneko epea ezarri zuen txostenak eta alegazioak egiteko.

Tolosako Udalak adierazi du ez dela alegaziorik aurkeztu jendaurreko informazioaren aldian eta kontsultatutako administrazio publikoek egindako txostenak igorri ditu; horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota daude. Adierazi du, orobat, txosten horiek kontuan hartu dira planaren behin betiko bertsioa idazteko unean.

2023ko urriaren 3an, ingurumen-organoan jaso zen Tolosako Udalak egindako eskaera, 20.1 Amarotz paper-fabrikaren eremuan Tolosako HAPOaren 2. aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa (aurrerantzean, Plana) egiteko, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu ziren: behin betiko Planaren proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Dokumentazio horretan jasota dagoenez, Tolosako Udalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, 20.1 Amarotz paper-fabrika azpieremuko HAPBaren 2. aldaketari buruz. Eragindako administrazioen artean zeuden Uraren Euskal Agentzia eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa. Eragindako administrazioen esku jarritako dokumentazioaren artean, 2021eko abenduko azterlan hidrauliko bat zegoen.

Ildo horretan, Uraren Euskal Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak txosten bana egin zuten, non adierazten baitzen beharrezkoa zela erreferentziazko planaren azterlan hidraulikoa zuzentzea edo beste bat egitea.

Txosten horiei erantzunez, Tolosako Udalak beste azterlan hidrauliko bat gehitu dio espedienteari, 2023ko uztailean egina.

2024ko otsailaren 23an, Uraren Euskal Agentziaren txostena gehitu zitzaion espedienteari. Txosten horretan adierazten denez, azterlan hidrauliko berria zuzena da, eta zenbait gogoeta egiten dira proposatutako jarduketak indarrean dagoen Plan Hidrologikoarekin bateragarriak diren ikusteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie planei eta programei, bai eta haien aldaketei ere, baldin eta administrazio publiko batek onartzen baditu eta legezko edo arauzko xedapen batek aginduta egiten eta onartzen badira aipatu legearen 6.1 artikuluan zehaztutako baldintzaren bat betetzen dutenean.

Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen eta hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari dagozkien planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz.

Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikulua eta hurrengoak, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikulua eta hurrengoak, bai Tolosako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez –zeinaren irismena aurrez ezarri baita–, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bidez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera (horren bidez ezartzen da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala). Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Tolosako udal-mugarteko «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren HAPBaren 2. aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Plana «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuari aplikatzen zaio; 63.302 m2-ko azalera du eta izen bereko bizitegi-auzoaren ondoan dago, Tolosako hirigunearen hegoaldean, GI-2135 errepidearen ondoan eta Araxes ibaiaren eskuinaldean. Eremu horretan zeuden Amarotz paper-fabrikaren pabiloiak eta instalazioak, eta eraitsi egin zituzten.

«20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremua bizitegi-lurzoru gisa sailkatuta dago Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean eta, honen arabera, Plan Berezi baten bidez zehaztu behar da haren antolamendu xehatua.

Plan Bereziak bizitegi-erabilerako 4 lurzati pribatu aurreikusten zituen, P-1etik P-4ra izendatutakoak, 28.791 m2-ko eraikigarritasunarekin. P-1 eta P-2 lurzatiak urbanizazio-proiektua gauzatu den eremuaren zati batean daude; P-3 eta P-4 lurzatiak, aldiz, ez dira urbanizatu, eta haien garapena arriskuan dago, uholde-arriskua baitute.

Hori horrela, «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) bigarren aldaketaren xedea da P-1 eta P-2 lurzatietara aldatzea hasieran P-3 eta P-4 lurzatiei esleitutako bizitegi-eraikigarritasuna. P-3 eta P-4 lurzati pribatuetan ilarako aparkaleku-eremu bakarra dago.

Planak hiru lurzati pribatutan banatzen ditu jatorrizko P-1 eta P-2 lurzatiak: P-1, P-2.1 eta P-2.2. Azalera eraikigarriaren galera konpentsatzeko, eraikigarritasun osoari eusten zaionez, handitu egiten da lurzatien eraikin-profila; hala, Amarotz auzoaren mugakide diren P-1 lurzatiko eraikinek BS+7 profila dute iparraldean, eta BS+8 profila hegoaldean. P-2.1 eta P-2.2 lurzatietan, gehieneko profila BS+9 da, eta hegoaldeko muturrean BS+8. P-1 lurzatian sotoko hiru solairu egin daitezke; beste bi lurzatietan, berriz, sotoko bi solairu gehienez.

Lurzati bakoitzeko blokeen konfigurazioa bloke isolatu paraleloena izango da 1. lurzatian, eta bloke perpendikularrena 2.1. eta 2.2. lurzatietan, nahiz eta bestelako antolaerak ere onartzen diren; horregatik, gehieneko lerrokadura malgua uzten da eta solairu bakoitzeko gehieneko okupazioa mugatzen da. Guztira 292 etxebizitza egongo dira. Dena den, kopuru hori orientagarria da, eta kasuan kasuko eraikuntza-proiektuetan definituko da.

Atari eta garajeetarako sarbideak +88,90 kotatik gora jarri dira, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko kotatik gora egoteko.

Planak 5 antolamendu-alternatiba aztertzen ditu, «0» alternatibaz edo esku ez hartzeaz gain. Alternatibak lurzati bakoitzaren barruko blokeen konfigurazioan oinarritzen dira.

Ingurumenari dagokionez, ez da alde nabarmenik ikusten aztertutako alternatibetan; izan ere, guztiak eremu urbanizatu batean garatzen dira, 0 alternatiba izan ezik, uholde-eremu batean eraikitzea planteatzen baitu.

Laburbilduz, antolamendu berria honetan datza:

– P-2 lurzatia P-2.1 eta P-2.2 lurzati-unitatetan bereiztea.

– Lehentasunezko fluxu-eremuan dauden P-3 eta P-4 lurzatietatik hasiera batean aurreikusitako aprobetxamenduak eta eraikinak kentzea, eta horien hirigintza-aprobetxamenduak P-1, P-2.1 eta P-2.2 lurzatietara eramatea.

– Okupazio pribaturik gabeko lurzati pribatuko espazioak libratzea eta espazio libre publiko gisa proposatzea.

Bi eremu bereizten dira Planaren xede den eremuan: Araxes ibaiaren ondoan hedatzen den eremu lau bat (bertan zeuden Amarotz paper-fabrikaren instalazio zaharrak, eta iparraldean urbanizatuta dago gaur egun), eta mendi-hegaleko beste eremu bat, pinu landaketak eta baso misto degradatua barne hartzen dituena. Planak proposatutako jarduerak urbanizatuta dagoen gunera mugatzen dira.

Hauek dira Planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzailerik adierazgarrienak:

• Eremuak Araxes ibaiarekin egiten du muga mendebaldean, Natura 2000 Sareko ES2120012 Araxes ibaia Kontserbazio Bereziko Eremu izendatua. Ibaia bideratuta dago tarte horretan.

• Araxes ibaia LAGetako Azpiegitura Berdearen sare urdinean sartuta dago.

• Ibaiaren tarte hori 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduak definitutako bisoi europarra kontserbatzeko interes bereziko eremua da. Foru-agindu horrek, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Bisoi europarraren (Mustela lutreola, Lineo, 1761) Kudeaketa Plana onartzen du.

• Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia duen eremu bat dago eremuaren iparraldeko mugan.

• Landaredia interes txikikoa da. Honako hauek dira eremuan nabarmendu beharreko puntu bakarrak: Araxes ibaiaren ibaiertzeko landaredi-tarteak eta hostozabalen baso degradatua.

• Azterketa-eremuan fauna multzo bat dago, eta, bertan, landazabal atlantikoarekin lotutako espezieak nagusitzen dira, batez ere hiriguneekin lotutakoak. Era berean, Araxes ibaiarekin eta haren ibaiertzekin lotutako ingurune urtarreko espezie bereizgarriak daude; izan ere, hark zeregin garrantzitsua betetzen du fauna-korridore gisa, eta espezie bereziak ditu.

• Azterketa-eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzati bat dago (kodea: 20071-000099). Hasierako dokumentu estrategikoan jasotako informazioarekin bat etorriz, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren bidez eman zen Papelera de Amaroz SAk Tolosako (Gipuzkoa) Iruña etorbideko 1 zenbakian zuen kokalekua urbanizatzeko I. faseko tokiko sistemetako (bideak, espazio libreak eta kirol-arloko komunitate-ekipamendua) eremu publikoetako lurzoruaren kalitate-adierazpena (20071-00009 kodea duena). Ebazpen horren hirugarren puntuak adierazten duenez, 1., 2., 3. eta 4. lurzatietan etxebizitzak eraikitzeari begira egin beharko diren hondeaketak egiteko planak idatzi behar dira, eta ingurumen-organoak plan horiek onartu behar ditu gauzatu aurretik.

• Eremuak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko orbanak ditu, eta Planaren xedea da etorkizuneko eraikinak dagoeneko urbanizatuta dauden eta uholde-arriskurik ez duten eremuetara mugatzea.

Planak lurzoruaren okupazioa murrizten du, hasieran P-3 eta P-4 lurzatietan aurreikusitako eraikinak ezabatzen baitira, eta horrek ingurumen-abantaila dakar indarrean dagoen plangintzarekin alderatuta. Planak proposatutako jarduketak urbanizatutako eremura mugatzen dira, P-1 eta P-2 lurzatietara.

Obra-fasean, eremuan aurreikusitako jarduketek zeharkako ondorioak izan litzakete Araxes ibaiaren egoera ekologikoan, jalkinak ibilgura arrastatzeagatik, bai eta ibilguaren zati hori erabiltzen duten fauna-espezie babestuetan ere. Ondorio horiek ez dira handiak izango; izan ere, ibaia bideratuta dago eremutik igarotzen den zatian, eta deskonektatuta dago, eremu urbanizatutik bereizten duen oinezkoentzako pasealeku bat dagoelako. Planak ibaiertzetako landaredia birsortzea eragozten duten hirigintza-garapenak finkatzen laguntzen badu ere, Planik gabe sortuko liratekeenen antzekoak dira eragin posible horiek.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ondorioztatzen du Planak ez duela kalterik eragingo KBE osoan, jarduketak jada urbanizatuta dagoen azpieremura mugatzen baitira. Obra-fasean prebentzio-neurriak hartuta, ibaira istripuz isurketarik ez egiteko, baztertu egiten dira natura-ondarearen gaineko eragin nabarmenak.

Zaratari dagokionez, kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzeari lotutako gatazka bat hauteman da GI-2135 errepidetik hurbilen dagoen eremuan. Kanpoko KAHak gainditzen dira aipatutako errepidetik gertuen dauden eremuetan, lurzatien mendebaldean dagoen eremuan. Inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, ez ditu aurkitutako arazoak konpontzen ez pantaila akustikoa ezartzeak, ez GI-2135 errepidean abiadura murrizteak (50 km/h-tik 40 km/h-ra). Beraz, egungo Babes Akustiko Bereziko Eremua (gaur egungo BABE-4) handitzea planteatzen da, eta bigarren azterlan akustiko bat egin da, Tolosako Udalak Babes Akustiko Bereziko Eremua handitzeko abiaraz ditzakeen estrategien eta jarduketen oinarriak ezartzeko, baita dagozkion Ekintza Plana eta Eremuko Plana ere.

Etxebizitzen barruan KAHak betetzea lortzeko behar diren isolamendu-neurriak deskribatzen ditu inpaktu akustikoaren azterketak.

Uholde-eremuan kokatuta dagoela da Plana garatzeko muga nagusia, lehen azaldu den bezala. Uholde-arriskuak minimizatzeko, Planak proposatzen du bizitegi-erabilerak 500 urteko errepikatze-denboraren uholde-kotaren gainetik kokatzea.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako zabaltasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoari aurka egiten ez zaionean, ingurumen-azterketa estrategikoan eta hirigintza-agirian ezarritakoaren arabera ere. Planak, halaber, honako zehaztapen eta neurri hauek bete beharko ditu hura garatzeko proiektuetan:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Araxes ibaiaren ertzetako jarduketek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena izango dute, ES2120012 Araxes Ibaia/Río Araxes Kontserbazio Bereziko Eremuaren organo kudeatzailea den aldetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bisoi europarraren (Mustela lutreola, Lineo, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren 9. artikulua aplikatuz. Hala badagokio, egoki iritzitako baldintzak ezarriko ditu.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskua murrizteari buruzko neurriak.

Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan xedatutakoa betez, txostena eskatu beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, Plan Bereziaren bigarren aldaketaren hasierako onespena egin ondoren.

Planak erantzuna eman beharko die Uraren Euskal Agentziak 2022ko abenduaren 29an hasierako onespenaren aurreko hirigintza-izapidean igorritako txostenean egindako oharrei (espediente-zenbakia: IU-G-2022-0038).

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, urbanizatu beharreko eremu berrietako drainatzeari dagokionez, aintzat hartuta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean (E.4 atala) xedatutakoa, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezarriko dira (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tankeak, iragazketa-zangak, drainak, etab.), gerora jariatze-ura handitzen bada, lehendik zegoen egoerarekin alderatuta, hazkunde hori konpentsatu ahalko dela edo garrantzirik gabekoa izango dela bermatzeko.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.

D.3.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela. Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

Egingo den urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, jalkin-tranpak edo iragazkiak.

D.4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

Azterketa-eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzati bat dago (kodea: 20071-000099). Hasierako dokumentu estrategikoan jasotako informazioarekin bat etorriz, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren bidez eman zen Papelera de Amaroz SAk Tolosako (Gipuzkoa) Iruña etorbideko 1 zenbakian zuen kokalekua urbanizatzeko I. faseko tokiko sistemetako (bideak, espazio libreak eta kirol-arloko komunitate-ekipamendua) eremu publikoetako lurzoruaren kalitate-adierazpena (20071-00009 kodea duena). Ebazpen horren hirugarren puntuak adierazten duenez, 1., 2., 3. eta 4. lurzatietan etxebizitzak eraikitzeari begira egin beharko diren hondeaketak egiteko planak idatzi behar dira, eta ingurumen-organoak plan horiek onartu behar ditu gauzatu aurretik.

D.5.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Hala badagokio, kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera eta eremu akustikoak eta erabilera aurreikusiak kontuan hartuta.

D.6.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

Planaren garapen-dokumentuek ingurumen- eta paisaia-lehengoratzea definituko dute, garapenaren egikaritzearen eraginpeko gune guztiak barne hartuta, gune horiek landareztatu badaitezke.

Ibilgutik urrunen dauden espazio libre berdeak lehengoratzeko, harizti azidofiloko eta harizti/baso misto atlantikoko konplexuetako berezko espezieak erabiltzea gomendatzen da. Nolanahi ere, landare-espezie autoktonoak erabiliko dira, ahalik eta mantentze-lan gutxien eskatzen dituztenak, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta.

Eremuan egingo diren lorategi-lanetan, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» agirian jasotako neurri eta gomendioak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa, Eusko Jaurlaritza). Plana garatzeko proiektuetan, flora-espezie inbaditzaileak lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak, aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak eta hondeaketetatik eratorritakoak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko (bidoiak, etab.), eta motaren arabera bereiziko dira hondakinak.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko «Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Gida»-ren gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

D.9.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

Adibidez, klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmoz, jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatuko duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumena zaintzeko programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko Planean xedatzen dena betetzen dela, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Tolosako udal-mugarteko «20.1 Amarotz paper-fabrika» azpieremuaren HAPBaren 2. aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Tolosako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 17a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala