Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2241

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) EU 59 Osasungunea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 16an, Arrasateko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Arrasateko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburu nagusia da dagokion eremuko hiri-lurzoruaren antolamendu xehatua aldatzea, Arrasateko 2016ko HAPOn jasoa –gaur egun indarrean dago–, Debagoieneko Ospitalearen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko, eremuaren barruan baitago, honako hauen bidez:

– Eraikigarritasun fisikoa handitzea.

– HAPOn ezarritako eraikigarritasuna zenbatzeko irizpideen zehaztapena.

– Etorkizuneko jarduketetarako gehieneko lerrokadurak aldatzea.

– Aparkaleku-plazen zuzkidura ezartzea.

– Sendagasen deposituen kokapena definitzea.

Horrela, HAPOren helburuak beteko dira EU 59 Osasungunea eremuaren hirigintza-fitxan, eta eremu hori garatuko da.

Debagoieneko Ospitalea handitu egin behar da; izan ere, 60.000 biztanleko eskualde bati ematen dio zerbitzua, eta dauden instalazioak ez dira nahikoak biztanleria horri asistentzia-estaldura egokia emateko. Horrela, Plan Berezi honek etorkizuneko beharrei erantzuteko aukera ematen du, hala nola biztanleria handitzea edo zerbitzuak berrantolatzea eta hobetzea.

Plan Berezi honetan aldatu beharreko hirigintza-parametroak honako hauek dira nagusiki: eraikigarritasuna, bai fisikoa bai haztatua (kasu honetan bat datozelako, ekipamendua denez), azalera hori zenbatzeko irizpideak eta aparkalekuen zuzkidura.

Proposatutako antolamendua HAPOn jasotako antolamenduaren antzekoa da. Ez dira aldatzen erabilera nagusia eta eraikingintza-araubidea, hau da, profilaren, altueraren eta gutxieneko partzelazioaren parametroak.

Ospitale-multzoa ospitale- eta anbulatorio-erabilerako lau eraikinek osatzen dute. Eremuaren ipar-ekialdean A eraikina dago; ekialdean, mendebalderantz, D eraikina; eta, horren atzean, hegoalderantz, E eraikina. Lurzatiaren hego-ekialdean, B eraikina (eraitsia) zegoen lekuan, eraikin berria dago, E eraikinaren jarraian.

Iparraldeko, hegoaldeko eta mendebaldeko lerrokadurak eremuaren mugak markatzen ditu. Ekialdean, B eraikin zaharraren fatxada-lerroak markatzen du gehieneko lerrokadura. E eraikinaren fatxadak markatutakoa izango da eraikin berriak hegoalderantz duen lerrokadura.

Ibilgailu-sarbidea gaur egungo kokapenean mantentzen da, Zalduspe kalean, eraikin berriaren eta A eraikinaren artean.

A eta D eraikinen artean, 4 eraikinetarako sarbideak bateratuko dituen atarte handi bat proposatzen da, izaera indibidualari eutsiz. Atarte hori aurreikusita zegoen HAPOren antolamendu-proposamenean. Gainera, markesina bat proposatzen da eraikin berrirako sarbidean, anbulantzien aparkalekutik eraikin berrirako sarbideraino doan ibilbidea estalita gera dadin.

Bestalde, 22 metroko gehieneko altuera eta profil librea mantentzen dira. Azken solairuaren gainean, instalazio-ekipoak kokatu ahal izango dira.

Lurzatiaren eraikigarritasunaren hazkundea kalkulatzeko, honako hauek baloratu dira: A eta D eraikinak 22 metrora arte altueran handitzeko aukera, D eraikina oinplanoan handitzeko aukera eta ospitalerako sarbideetan markesina berriak egiteko aukera.

Beraz, Planak aukera ematen du A eta D eraikinak altueran eta oinplanoan handitzeko, baita eraitsi eta ordezteko ere, egungo beharrizanei hobeto egokitzen zaizkien espazioak (batez ere altueran) edukitzeko. A eraikinaren altuerak ospitale-eraikin berriarekin berdindu litezke, bi eraikinak lotzen dituen pasabidean sestra-desfaserik ez izateko. Era berean, D eraikinaren altuera handitu liteke, edo eraitsi eta haren ordez handiagoa eraiki, baita E eraikinari lotuta ere.

Gas-deposituak Txaeta kalean kokatzea proposatzen da, planaren eremuaren mugaren barruan. Bestalde, gutxienez honako aparkaleku-plaza hauek aurreikusten dira:

Lurpekoak: 112 plaza E eraikinean + B eraikin berrian.

Lur gainekoak: Txaeta kalean 25 plaza.

Baztertu egiten da 0 alternatiba edo ez jardutekoa, eremu horretarako Arrasateko HAPOn planteatutako helburuak garatzea eragozten duelako. 1. alternatibak E eraikina eraitsitako B eraikinaren kokalekuan eraikitzea aurreikusten du, baita A eta D eraikinetan jarduteko aukera ere, oinplanoko azalera gehieneko lerrokaduren barruan handituz, eta altueran handituz, beste eraikinen profilera iritsi arte (BS+4). 2. alternatibak E eraikin berri bat eraikitzea barne hartzen du, aurreko kasuan bezala, baina A eta D eraikinetan esku hartu gabe. Azkenean, 1. alternatiba hautatu da, HAPOk eremurako ezarritako helburuak betetzea ahalbidetzen duen bakarra delako: Debagoieneko Ospitalea handitzea eta ekipamendurako aparkalekuak eratzea, lurpekoak zein lur gainekoak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokaleku, izaera, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne: arestian adierazitako Planaren helburuak kontuan hartuta, Planak ez dakar aurreikusitakoez bestelako ingurumen-efekturik, ezta aldaketarik ere hierarkian gorago dauden plan edo programetan. Beraz, ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren gogoetak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: natura-ondarea, lurzoruak, urak, zarata eta kutsadura akustikoa, hondakinen eta isurketen kudeaketa, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta kaltetu litekeen eremuaren ezaugarriak.

Plan Bereziaren eremua Arrasateko EU 59 Osasungunea da, hirigunearen hegoaldean kokatua eta guztira 7.467 m2-ko azalera duena.

Asistentzia sanitarioko ekipamendu komunitario gisa kalifikatutako hiri-lurzoru finkatua da. Katastroko hiru lurzati desberdin biltzen ditu, guztira lau eraikin zituztenak. 4268175 katastro-unitateak bi eraikin ditu: bata iparraldean, «A» eraikina, eta bestea hegoaldean, «B» eraikina (2023an eraitsia). Bestalde, 426088 katastro-unitateak «E» eraikina eta 4268174 katastro-unitatea hartzen ditu, Arrasateko anbulatorioari edo «D» eraikinari dagokiona.

Aipatu behar da ospitale-multzoaren ingurunea hiri-garapen berriko eremua dela. Txaeta kaleko azken zatia, 59-Osasungunea eremuaren zati bat, 2016an osatu zen, Zalduspe kalearekin bat egin arte. Horrela, jarraipena eman zitzaion zirkulazioari ospitalearen perimetro osoan, eta hobetu egin zen larrialdietako eremuaren irisgarritasuna, ordura arte sarbide bakarra baitzuen. Jarduketa hori HAPOren eremuaren fitxan jasota dago. Eraikinaren hegoaldeko fatxadaren aurrean, Txaeta kalearen beste aldean, 3 etxebizitza bloke daude, 2012an eraikiak, eta mendebaldean, 2009ko bi etxebizitza bloke.

Eraikinaren ekialdean, B eraikin zaharraren mugak zuzenean egiten du muga Zalduspe kaleko galtzadarekin. Galtzadaren beste aldean, lur gaineko aparkaleku bat eta autobus-geltokia daude, biak behin-behinekoak. Arrasateko HAPOk eremu hori guztia garatzea aurreikusten du, ospitalearen ondoko espaloia Txaeta kaleraino osatuz, baina jarduketa hori EU 67 Zalduspe eremuaren garapenaren mende dago.

Ez Plan Bereziaren eremuan, ez inguruetan, ez da interes geologikoko lekurik identifikatu.

Azterketa-eremuaren barruan ez dago ez ibairik ez errekarik, baina ipar-mendebaldeko mugatik ehun metro ingurura Deba ibaiaren zati txiki bat igarotzen da.

Ikuspegi hidrogeologikotik, azterketa-eremua Arrasate Kuaternarioko sektorean dago, Hegoaldeko Antiklinorioko unitate hidrogeologikoan. Arrasate-Bergarako (Debagoieneko) Lurralde Plan Partzialean, unitate hidrogeologiko hori jaso da akuiferoak babesteko lurpeko uren interes hidrologikoko eremu gisa. Azterketa-eremu osoa unitate horren barruan dago. Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia da aztergai den HAPBren eremu gehienean; lurraren iragazkortasuna, berriz, ertaina da, porositateagatik.

Ez dago EAEko Hezeguneen LPSn jasotako hezegunerik, ez Plan Bereziaren eremuan, ez beronen inguruan; ezta URAren eremu babestuetan ere.

Era berean, Planaren eremuan ia ez dago landaredi potentzialik, eta oso artifizializatuta dago. Oro har, ez dago intereseko habitatik, ezta mehatxatutako flora-espezierik ere, babes motaren bat duenik edo katalogo edo antzekoren batean jasota dagoenik.

Eremuaren artifizializazio handia dela eta, inguru gizatiartuen berezko fauna da bertan dagoen bakarra, eta eremuan ez dago intereseko edota mehatxatutako fauna-espezierik.

EAEko igarobide ekologikoen sareari dagokionez ere, ez dago inolako lotura-eremurik. Deba ibaiaren ibilgua, ordea, bilbe urdin gisa, ibai-korridore gisa inbentariatu da.

Eremuaren barruan, ez dago Natura 2000 Sareko gunerik, ezta nazioartean edo Espainian babestuta dagoenik ere. EAEko naturagune babestuen sareko gunerik, EAEko Natura Gune Garrantzitsuen Katalogo Irekiko gunerik eta EAEko LAGetan identifikatutako Natura Intereseko Eremurik ere ez.

Eremu osoko paisaia eremu antropogenoko hiri- eta industria-paisaia gisa definitzen da.

Kultura-ondareari dagokionez, Arrasateko anbulatoriotik metro gutxira (13 metro, Gipuzkoako katastroko datuen arabera), kultura-ondare gisa interesgarria den arkitektura-elementu bat dago: Arrasateko tren-geltokia. Vasco-Navarro trenbidearen bost geltoki garrantzitsuenetako bat da. Era berean, eremuaren perimetroan, iparraldeko mugarekin mugakide, Vasco-Navarro Trenbidearen Trazaduraren zati bat igarotzen da (AR-TR-03). Urriaren 24ko 157/2023 Dekretuaren bidez deklaratuta daude bi elementu horiek (2023-11-09ko EHAA). Hain zuzen, dekretu horren bidez Vasco-Navarro Trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea, babes bereziko kultura-ondasun deklaratu zen, monumentu multzoaren kategoriarekin).

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanak zehazten du zarata-foku nagusiak hiri-kaleetako eta AP-1 eta GI-627 errepideetako trafikoa direla.

Plan Bereziaren eremuan, higadura-maila baxuko eta lurzoru-galera txikiko eremuak dira nagusi; oro har, ez ditu 10 t/ha gainditzen.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, HAPBren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi lurzoru-eremu daude, biak ere industria motakoak, eta kode hauek dituzte: 20055-00076 eta 20055-00070, Plan Bereziaren eremu osoaren 4112,9 m2 hartzen dituztenak. Bigarren lurzati horretan E eraikina eraiki zen 2012an, eta lehenengoan B eraikina zegoen, jada eraitsia, eta lurzoruaren kalitatea lortzeko prozedura hasi da: esploratzeko ikerketa egin da eta indusketa-plana idatzi da.

Klima-aldaketari lotutako arriskuei dagokienez, hainbat aldagai aztertu ondoren, inpaktu handiena duen arrisku-indizea ibai-uholdearena da, gainerako inpaktuen (lehortea, itsasoaren igoera eta beroa) batez besteko balioa baino nabarmen handiagoa baita, eta horiek, oro har, txikiak dira.

Adierazi behar da ingurumen-dokumentu estrategikoak agerian uzten duela aztertutako eremuaren azaleraren zati handi batek eraikuntza-baldintza oso txarrak dituela; ingurumen-dokumentuak justifikatzen du ez dela obra handirik egingo, eta, beraz, lurraren baldintzak ez direla nabarmen aldatuko.

Bestalde, Plan Bereziaren eremuak ez du uholde-arriskurik, ezta sute-arriskurik ere.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, eraikin berria eraikitzeko obrak egikaritzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin posibleak, bai eta proposatutako beste obra batzuekin ere. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea hiri-eremuko emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar.

Funtzionamendu-fasean ibilgailuen zirkulazioa handituko da eta hondakin gehiago sortuko dira. Zaratari dagokionez, sartu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, azterketa-eremuak gainditu egiten ditu 20 urteko etorkizuneko egoeran aldi guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak, bai hautatutako alternatiban, bai planteatutako gainerako alternatibetan; beraz, zuzenketa-neurriak aplikatu beharko dira.

Planaren ondoriozko inpaktuak, oro har, txikiak izango dira, aldi baterakoak eta ez nabarmenak, indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, inguruneko kultura-ondarea, lurzoruak, urak, kutsadura akustikoa, hondakinen eta isurketen kudeaketa babesteari buruzkoa, eta obrak mota horretako jarduketetarako jardunbide egokien arabera egiten badira.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak esandako Planean txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

• Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren Zerbitzuaren txostenetan adierazten denez, Arrasateko trenbide-geltokia, Planaren eremutik metro gutxira dagoena, babes bereziko elementu arkitektonikoa da, urriaren 24ko 157/2023 Dekretuaren 20. artikuluaren arabera (157/2023 Dekretua, urriaren 24koa, zeinaren bidez Vasco-Navarro Trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu multzoaren kategoriarekin). Dekretu horren arabera, kautelazko babes-ingurune bat errespetatu beharko da, eta gutxienez 15 metroko tartea mantendu beharko da, lehendik dagoen eraikuntzaren handitzerik, eraikuntza berririk, instalaziorik edo hesirik egin gabe, eta, nolanahi ere, saihestu egin beharko dira dekretu horren III. eranskineko 8. artikuluan definitutako eremuko ingurune-ezaugarriak desitxuratu ditzaketen aldaketak. Halaber, kontuan hartuko da urriaren 24ko 157/2023 Dekretuaren III. eranskineko 9.4 artikuluan xedatzen dena.

Gainera, babes bereziko araubidearen irizpideekin bat etorriz, Vasco-Navarro trenbidearen trazadura babestua eta haren babes-ingurunea errespetatu beharko dira, kalearen zabalera osoa hartzen dutenak, aipatutako 157/2023 Dekretuaren III. eranskineko 14. artikuluan («Babestutako trazaduran esku hartzeko araubidea») xedatutakoaz gain.

Bestalde, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren baten zantzua izan daitekeena aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Ustiapeneko zaratari buruzko neurriak:

Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

– Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak.

Plana garatzeko proiektuak ziurtatu beharko du planaren bideragarritasuna, lurraren eraikuntza-baldintzei dagokienez.

Bestalde, lehen adierazi den bezala, Planaren eremuan kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi lurzati daude, industria-jarduerari dagozkionak, kode hauekin: 20055-00076 eta 20055-00070. Ildo horretan, kontuan izan beharko da 4/2015 Legean xedatutakoa (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).

– Beste babes- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinen tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haien edukia.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezki eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrasateko EU 59 Osasungunea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 16a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala