92. zk., 2024ko maiatzaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 17 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
OSASUN SAILA
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2237
51/2024 DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, hurbileko salmentaren bidez merkaturatutako elikagaien baldintza higieniko-sanitarioei eta trazabilitate-, etiketatze- eta publizitate-baldintzei buruzkoa.
Elikagaien hurbileko salmentaren helburua da nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen diren pertsonen hornidura- eta merkaturatze-kateei laguntzea eta kontsumitzaileekin lotura zuzenagoa ezartzea. Halaber, bitartekari kopurua murriztuz, ekoizleen errentagarritasun ekonomikoa hobetzea du xede.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren bidez, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza-politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezartzen dira –laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuko da–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduen indargabetzea xedatzen da. Bada, (EB) 2021/2115 Erregelamenduan, Europar Batasunaren landa-garapeneko politikaren testuinguru estrategikoa taxutzen da, eta lehentasun gisa ezartzen da nekazaritza-ustiategien eta landa-enpresen ekonomia- eta ingurumen-emaitzak hobetzea eta nekazaritza-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektorearen efizientzia areagotzea. Horretarako, beste tresna batzuen artean, banaketa-zirkuitu laburrak eta tokiko merkatuak aipatzen ditu.
Europar Batasunak, bere araudian, elikagaiek bete behar dituzten betekizun higieniko-sanitarioak ezartzen ditu. Betekizun horiek «higiene-paketea» delakoan daude zehaztuta, zeinaren barnean baitaude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamendua, animalia-jatorriko elikagaien higiene-arau espezifikoak ezartzen dituena. Bi erregelamendu horiek beren aplikazio-eremutik kanpo uzten dituzte ekoizleak azken kontsumitzaileari edo txikizkako salmentan diharduten tokiko establezimenduei egindako zenbait produktu primarioren horniketa txikiak, eta Europar Batasuneko estatuen esku uzten dute halako jarduerak arautzea.
Higiene-paketearen Batasuneko erregelamenduek aukera ematen dute establezimenduen betekizun estrukturaletan zenbait salbuespen, egokitzapen edo malgutasun ezartzeko, betiere erregelamendu horiek ezarritako higiene-helburuei eutsita. Egokitzapen horiek ekoizpen-metodo tradizionalak erabiltzen jarraitzeko asmoz egin ahalko dira, baita baldintza geografiko berezietan dauden enpresen beharrei erantzuteko ere; gainera, hurbileko merkataritza bultzatuko da horrela.
Ildo beretik, abenduaren 9ko 1086/2020 Errege Dekretuak ekoizleek egin beharreko produktu primarioen zuzeneko horniketari buruzko oinarrizko arauak ezartzen ditu (errege-dekretu horrek elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzeko higienearen arloan Europar Batasunak emandako xedapenak aplikatzeko zenbait baldintza arautzen eta malgutzen ditu, eta xedapen horien aplikazio-eremutik kanpo utzitako jarduerak arautzen). Higiene-betekizunei dagokienez, errege-dekretu horrek ezartzen du ekoizleak zuzenean egindako horniketek higiene-paketearen erregelamenduek zehaztutakoa bete beharko dutela. Bestalde, urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuak arautzen du zer baldintzatan aplikatu behar den higiene-arloari buruzko Batasuneko araudia nekazaritza-ekoizpen primarioan.
Euskadin, Europako araudiak iragarritako malgutasun-irizpideak betetzeko asmoz, eta dagozkion eskumenen esparruan, Eusko Jaurlaritzako garaiko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Osasun Sailak maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretua onartu zuten, zeinak ezarri baitzituen Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak.
Dekretu horretan proposatutako egokitzapena gauzatzeko, hainbat produktu edo produktu talderentzako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak landu ziren, zeinak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren baterako aginduetan argitaratu baitziren gerora. Halaber, Osasun Sailak maiatzaren 15eko 79/2018 Dekretua argitaratu zuen, eta haren bidez sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elikagai Establezimenduen Erregistroa (ELESE), zeinean sartzen baitira maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuari atxikitako establezimenduak.
Bestalde, bi lege hauek nabarmendu behar dira: batetik, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren abenduaren 23ko 17/2008 Legea, gure ordenamendu autonomikoan erreferentziazko lege-araua baita elikagaigintza-ekoizpenaren segurtasunaren arloan, eta, bestetik, Landa Ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legea, zeinaren helburuetako bat baita lehen sektoreko produktuak azken kontsumitzaileari zuzenean saltzea sustatzea.
Arau-testuinguru horretan, dekretu hau argitaratzen da hurbileko salmenta bultzatu eta, produktu primarioen edo eraldatuen merkaturatze zabalago baten bidez, ekoizleen emaitza ekonomikoak hobetzeko. Horrek, aldi berean, balio erantsia handituko du, sarrera-iturriak dibertsifikatuko ditu, eta lehen sektorea eta hark landa-eremuaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriko ditu. Halaber, hurbileko elikagaiak eta elikagai horien jatorriari, kostuari, ekoizpen-sistemari eta jasangarritasun-baldintzei buruzko informazioa kontsumitzaileari eskuragarriago jarriko zaizkio; izan ere, azken aldian kontsumitzaileek gero eta interes handiagoa dute gai horiei buruz.
Gainera, maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuarekin lotutako araudiaren hiru alderdi aldatu behar dira, dekretu honetan ezarritakora egokitu daitezen eta zuzeneko salmentaren definizioa bat etor dadin urriaren 7ko 422/2013 Dekretuan nekazaritzako eta elikagaigintzako industriari buruz ematen den definizioarekin (76/2016 Dekretua, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituena; 422/2013 Dekretua, Nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa). Hain zuzen ere, alderdi hauek aldatu behar dira: batetik, 76/2016 Dekretuan jasota dauden «zuzeneko salmenta»ren eta «zirkuitu laburreko salmenta»ren definizioak, eta, bestetik, dekretu horren mende dauden produktuak etiketatzeko jarri behar den identifikazio-markari buruzko apartatua, zeina jasota baitago Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, 76/2016 Dekretua garatzeko, 2018ko urtarrilaren 12an eta 2019ko otsailaren 5ean emandako aginduetan. Azkenik, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2018ko urtarrilaren 12ko Aginduaren eranskineko «Deskribapena» apartatuaren bigarren paragrafoa aldatu behar da, aurreko idazketak eragindako kudeaketa-arazoak konpontzeko (agindu horren bidez, A kategoriako arrautza ez-industrialetarako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak onartzen dira).
Dekretu hau egiteko, kontuan hartu dira Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua.
Arau hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129.1 artikuluan ezartzen dituen erregulazio onaren printzipioetara egokitzen da. Hala, premiaren eta efikaziaren printzipioei dagokienez, araua elikagaien segurtasuna bermatzeko interes orokorrak justifikatzen du, ez baitago horretarako araudirik. Modu horretan, kontsumitzaileen osasuna zaintzen da, arau hau izanik helburu hori lortzeko tresnarik aproposena. Proportzionaltasun-printzipioa betetzen da, lehen aipatutako premiari erantzuteko beharrezkoa den erregulazioa jasotzen duelako, baita indarrean dagoen araudia biltzen duelako ere. Arau honek segurtasun juridikoaren printzipioa indartzen laguntzen du, eta, beraz, printzipio hori betetzen du, arlo horretako araudiarekin koherentea delako. Gardentasun-printzipioa betetzen da, arauaren hartzaileei parte hartzeko aukera eman zaielako entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapideen bidez. Azkenik, efikazia-printzipioa betetzen da, proiektu honek ez duelako administrazio-karga erantsirik edo beharrezkoa ez denik ezartzen.
Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren, Osasuneko sailburuaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xede dira:
a) Hurbileko salmentaren bidez Euskadin merkaturatutako elikagaien baldintza higieniko-sanitarioak eta trazabilitate-, etiketatze- eta publizitate-baldintzak ezartzea.
b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) eta 853/2004 (EE) erregelamenduen aplikazio-eremutik kanpo geratu diren zenbait jardueraren baldintzak eta betekizunak arautzea, hurbileko salmenta bidez Euskadin azken kontsumitzaileari egindako produktu primarioen horniketa txikiei dagokienez.
c) Hurbileko salmentaren bidez Euskadin merkaturatutako elikagaien ekoizle eta merkaturatzaileek oro har bete behar dituzten baldintzak ezartzea.
2. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honen ondorioetarako, honela definitzen dira termino hauek:
a) Elikagaiak: nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, akuikultura, itsas hazkuntza, ehiza-jarduera eta mikologiatik edo beste jatorri natural batetik datozen elikagaiak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzearen ondoriozkoak.
b) Ekoizpen primarioa: produktu primarioen ekoizpena, hazkuntza edo laborantza; barne hartzen ditu uzta biltzea, jeztea eta hiltegiko abereen hazkuntza. Ehiza, arrantza eta basoko produktuen bilketa ere sartzen dira.
c) Eragiketa lotuak: produktu primarioak garraiatu, biltegiratu eta manipulatzeko ekoizpen-lekuan bertan egiten diren eragiketak, baldin eta produktuari funtsezko aldaketarik egiten ez bazaio.
d) Produktu primarioa: ekoizpen primariotik eta eragiketa lotuetatik datozen elikagaiak, barnean hartuta lurretik, abeltzaintzatik, ehizatik eta arrantzatik datozenak.
e) Produktu primarioen ekoizlea: produktu primarioak ekoizten dituen pertsona fisiko edo juridikoa (eragiketa lotuak barnean hartuta), izena emanda dagoena Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (aurrerantzean, REGEPA) edo Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (aurrerantzean, REGA), eta, orobat, ehiztariak eta basoko produktuen biltzaileak.
f) Produktu eraldatua: hasierako produktua funtsean aldatzeko zenbait ekintza baliatuz lortzen diren elikagaiak; adibidez, horretarako erabil daiteke tratamendu termikoa, ketzea, ontzea, heltzea, lehortzea, marinatzea, ateratzea, estruitzea edo prozedura horien konbinazio bat. Halako produktuek zenbait osagai izan ditzakete beharrezkoak direnak haiek elaboratzeko edo ezaugarri jakin batzuk emateko.
g) Produktu eraldatuen ekoizlea: produktu eraldatuak elaboratzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, izena emanda dagoena Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean (aurrerantzean, RGSEAA) edo Euskal Autonomia Erkidegoko Elikagai Establezimenduen Erregistroan (aurrerantzean, ELESE), kasuan-kasuan zer dagokion.
h) Azken kontsumitzailea: elikagaien azken kontsumitzailea, zeinak ez baitu erabiliko elikagai hori elikagaigintzan ezein merkataritza-jarduera edo -eragiketa egiteko.
3. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu honetan xedatutakoa hauek bete beharko dute:
a) Hurbileko salmentaren bidez Euskadin produktu primarioak merkaturatzen dituzten ekoizleak.
b) Higiene-paketea aplikatzetik salbuetsita dauden produktu primarioen kantitate txikiak zuzenean azken kontsumitzaileari hornitzeko Euskadin hurbileko salmenta baliatzen duten ekoizleak.
c) Hurbileko salmentaren bidez Euskadin produktu eraldatuak merkaturatzen dituzten ekoizleak.
d) Dekretu hau ez zaie aplikatuko ekoitzitako guztia etxeko kontsumo pribatura bideratzen duten ekoizleei.
4. artikulua.– Hurbileko salmentaren kontzeptua eta modalitateak.
Hurbileko salmenta da artisau-elikagaiak edo elikagai tradizionalak saltzea, haiek merkaturatzeko salmenta-modalitate hauetako bat erabiliz:
a) Zuzeneko salmenta: elikagaien ekoizleek edo ekoizle taldeek azken kontsumitzaileari zuzenean, bitartekaririk gabe, egiten dioten hurbileko salmentaren modalitatea da. Zuzeneko salmentaren modalitateak kasu hauek biltzen ditu:
i) ekoizpen primarioko establezimenduan edo ustiategian egiten dena;
ii) tokiko azoka eta ferietan modu ibiltarian egiten dena;
iii) urrunetik egiten dena, eskaera telefoniko edo telematikoen bidez, produktuak alderdiek adostutako lekuan entregatuta.
b) Zirkuitu laburreko salmenta: azken kontsumitzaileari zuzenean, gehienez ere merkaturatze-kateko bitartekari baten bidez –ez du zertan beti bitartekari bera izan–, elikagaiak hornitzeko egiten den hurbileko salmentaren modalitatea da. Bitartekari izan daitezke txikizkako merkatarien establezimenduak, jantoki kolektiboak, ostalaritzako edo nekazaritza-turismoko establezimenduak eta beste ostatu-establezimendu batzuk.
5. artikulua.– Hurbileko salmentarako betekizun orokorrak.
Elikagaiak hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen dituzten ekoizleek betekizun hauek bete beharko dituzte, hargatik eragotzi gabe udal-baimenei edo jarduera garatzeko beharrezkoak diren bestelako baimenei aplikatu beharreko araudia betetzea:
a) Izena emanda egotea, indarreko araudiarekin bat, egiten duen jarduerari dagozkion nahitaezko erregistroetan, hemen xedatutakoaren arabera:
i) Animalia-jatorriko produktu primario bat bada, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) izena emanda egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrari buruzko irailaren 27ko 203/2011 Dekretuan arautzen denaren arabera.
ii) Landare-jatorriko produktu primario bat bada, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) izena emanda egotea; erregistro hori Nekazaritza-ekoizpen primarioaren higiene-arloan EBko araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuan arautua dago.
iii) Nekazaritza- edo elikagaigintza-industria bat bada, eta bere jarduera urriaren 7ko 422/2013 Dekretuaren I. eranskinean zehaztuta badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan (NEIE) izena emanda egotea, zeina aipatutako dekretuan arautua baitago.
iv) Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituen maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuari edo hura aldatzen edo ordezten duen arauari atxikita badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Elikagai Establezimenduen Erregistroan (ELESE) izena emanda egotea; erregistro hori maiatzaren 15eko 79/2018 Dekretuan arautua dago.
v) Produktu eraldatu bat bada eta ez bada IV. azpiapartatuan ageri, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean (RGSEAA) izena emanda egotea.
b) Hurbileko jarduera foru-organoei deklaratzea, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) edo Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) sar dezaten, dagokionaren arabera.
c) Elikagaien segurtasun-arrazoiengatik edo animalien edo landareen arrazoi sanitarioengatik agintaritza eskudunek ezarritako kautela-neurrien edo esku-hartze neurrien mende ez egotea.
d) Trazabilitate-erregistroak eramatea, gutxienez informazio hau jasota uzteko: saldutako produktuak eta kantitateak eta salmenta-datak eta -lekuak. Zirkuitu laburretan egin bada salmenta, establezimendu bitartekariaren identifikazioa ere jaso beharko da (titularraren izena, IFZ eta establezimenduaren helbidea). Azken kontsumitzaileari zuzenean egindako salmentetan, ez da beharrezkoa izango bezero hartzailea identifikatzea.
e) Trazabilitate-erregistro horiek izatea, kontrol-ofizialeko zerbitzuei erakusteko, haiek hala eskatuz gero, eta agintaritza eskudunarentzat eskuragarri izatea gutxienez hiru urtez.
f) Kontsumitzaileak defendatu eta babesteko araudia eta zerga-araudia ezertan eragotzi gabe, salmentaren frogagiri bat egitea, dekretu honen ondorioetarako merkataritza-transakzioa justifikatzeko balioko duena (salmenta-ordainagiria edo tiketa).
g) Azken kontsumitzailearen esku jartzea ekoizlea edo produktuen jatorriko ustiategia ondo identifikatzeko behar den informazioa; horretarako, jardueraren arabera dagokion erregistroan duen inskripzio-zenbakia adierazi beharko da.
6. artikulua.– Hurbileko salmentarako betekizun espezifikoak.
1.– Elikagaiak hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen dituzten ekoizleak elikagai horien segurtasuna eta kaltegabetasuna bermatzearen erantzule izango dira.
2.– Produktu primarioak hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen dituzten ekoizleek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Elikagaien higieneari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean ageri diren betekizun higieniko eta sanitario orokorrak.
b) Animalia-jatorriko elikagaiak badira, aipatutako betekizun orokorrez gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamenduan –animalia-jatorriko elikagaien higiene-arau espezifikoak ezartzeari buruzkoa– xedatzen diren betekizun higieniko eta sanitario espezifikoak.
c) Landare-jatorriko elikagaiak badira, aipatutako betekizun orokorrez gainera, urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuan –nekazaritza-ekoizpen primarioaren higiene-arloan EBko araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena– eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuan –produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duena– ezarrita dauden betekizunak.
d) Elikagai-erabilerako perretxikoak badira, dekretu honen I. eranskinean jasota dauden betekizun espezifikoak.
e) Ekoizten eta merkaturatzen dituzten produktuei dagozkien araudi espezifikoak.
3.– Arrautzak kantitate txikitan eta zuzeneko salmentaren bidez hornitzen dituzten ekoizle primarioek, gutxienez, dekretu honen II. eranskinean xedatutako betekizunak bete beharko dituzte.
4.– Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituen maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuan xedatutako betekizun higieniko eta sanitarioen egokitzapenari atxikitako produktu eraldatuen hurbileko salmenta egiten duten operadoreek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuan eta haren ondorengo aldaketetan xedatutako betekizun orokorrak (76/2016 Dekretua, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituena).
b) Maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretua garatzeko arau sektorialetan eskatzen diren betekizun espezifikoak.
5.– Produktu eraldatuak hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen dituzten ekoizleek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Elikagaien higieneari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamenduaren II. eranskinean ageri diren betekizun higieniko eta sanitario orokorrak.
b) Animalia-jatorriko elikagaiak badira, aipatutako betekizun orokorrez gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamenduan –animalia-jatorriko elikagaien higiene-arau espezifikoak ezartzeari buruzkoa– xedatzen diren betekizun higieniko eta sanitario espezifikoak.
c) Ekoizten eta merkaturatzen dituzten produktuei dagozkien araudi espezifikoak.
7. artikulua.– Hurbileko salmentarako elikagaien etiketatze- eta informazio-betekizunak.
1.– Hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen diren elikagaiak aurkeztu eta etiketatuko dira etiketatzeari eta kontsumitzaileari eskaini beharreko informazioari buruzko araudi orokorrean zehaztutakoaren arabera; zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko urriaren 25eko 1169/2011 (EE) Erregelamenduaren arabera –kontsumitzaileari eskaini beharreko elikagai-informazioari buruzko erregelamendua– eta otsailaren 27ko 126/2015 Errege Dekretuaren arabera –azken kontsumitzaileari nahiz kolektibitateei saltzeko ontziratu gabe aurkeztutako, saltokian bertan erosleak horrela eskatuta ontziratutako eta txikizkako merkataritzaren titularrek ontziratutako elikagaien informazioarekin loturiko arau orokorra onartzen duen errege-dekretua– eta horien aldaketetan eta produktu bakoitzaren merkaturatzeari aplika dakizkiokeen gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.
2.– Hurbileko salmentaren bidez hornitutako elikagaiak ontziratu gabe aurkezten direnean, honela emango da informazioa, hurbileko salmentaren modalitatearen arabera:
a) Zuzeneko salmenta: ekoizleak ahoz helaraziko dio informazioa azken kontsumitzaileari, eta identifikazio-kartel batean aurkeztuko dira gutxienez datu hauek:
i) Elikagaiaren izena.
ii) Osagaien zerrenda.
iii) Alergiak eta intolerantziak sortzen dituzten substantzia edo produktuei buruzko informazioa.
iv) Alkohol bolumena % 1,2 baino handiagoa duten edarietan, lortutako alkohol-gradu bolumetrikoa adieraziko da.
b) Zirkuitu laburreko salmenta: ekoizleak beharrezkoa den informazio guztia emango dio establezimendu bitartekariaren titularrari, hark azken kontsumitzaileari helaraz diezaion, aplikatu behar den araudian ezarritako baldintzen arabera.
3.– Produktu primarioen kantitate txikiak eta maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuaren arabera baldintza higieniko eta sanitarioen egokitzapenari atxikitako produktuak zuzenean hornitzen badira, «HURBILEKO SALMENTA» edo «VENTA DE PROXIMIDAD» esapidea idatziko da, aukeratu den hizkuntzaren arabera, letra larriz eta ongi ikusteko moduan.
4.– Esne gordinarekin egin diren eta elaborazio-prozesuan tratamendu termiko, fisiko edo kimikorik egin ez zaien produktuen etiketan argi eta garbi adierazi beharko da, erregistro sanitarioaz gain, «ESNE GORDINAREKIN EGINA» edo «ELABORADO CON LECHE CRUDA» esapidea.
5.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamenduaren 9.1.c) artikuluan jasotako aipamen espezifikoak direnean, eta uztailaren 31ko 1334/1999 Errege Dekretuaren 18. artikuluko kasuetako bat bada, etiketak gutxienez gaztelaniaz idatzita egon beharko du.
8. artikulua.– Jardunbide egokien gidaliburuen aplikazioa.
Dekretu honetan ezarritakoa betetzen laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak jardunbide egokien gidaliburu eta eskuliburuak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, arau honen bidez xedatutako betekizunak betetzeko orientazio gisa balio dezaten.
9. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen ikuskapena eta araubidea.
1.– Nekazaritza-, elikagaigintza-, merkataritza-, kontsumo- eta osasun-arloko agintari eskudunek, nork bere eskumenen eremuan, egiaztatuko dute dekretu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen direla.
2.– Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren 17/2008 Legearen IV. kapituluan xedatua dago elikagaien segurtasun- eta kalitate-arloetako ikuskapen, arau-hauste eta zehapenen araubidea. Nolanahi ere, lehenengo ikuskapenetan arau-hausteak detektatzen badira osasun publikoaren, merkataritzaren, kontsumoaren edo iruzurren arloan, dagokion sailari horren berri emango zaio.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak «Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida» argitaratu eta eguneratuko du, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/tokiko_azoken_gida/
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Nekazaritza-ustiategietako higieneari eta fitosanitarioen erabilerari buruzko jardunbide egokien eskuliburua eta laguntza-planak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak «Nekazaritza-ustiategietako higieneari eta fitosanitarioen erabilerari buruzko jardunbide egokien eskuliburua» eta Euskadiko nekazaritza-ustiategiei laguntzeko planak argitaratu eta eguneratuko ditu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzea maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretua, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituena.
Zehazki, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen dituen maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatua aldatzen da; honela idatzita geratzen da:
«2.– Hurbileko salmenta.
Bi modalitate hauetako edozein erabiliz merkaturatzen diren elikagaien salmenta da:
a) Zuzeneko salmenta: arau honen bidez erregulatutako establezimenduek –izan elikagaien ekoizleak edo ekoizle taldeak– azken kontsumitzaileari zuzenean, bitartekaririk gabe, egiten dioten hurbileko salmentaren modalitatea da.
b) Zirkuitu laburreko salmenta: azken kontsumitzaileari zuzenean, gehienez ere merkaturatze-kateko bitartekari baten bidez –ez du zertan beti bitartekari bera izan–, elikagaiak hornitzeko egiten den hurbileko salmentaren modalitatea da. Bitartekari izan daitezke txikizkako merkatarien establezimenduak, jantoki kolektiboak, ostalaritzako edo nekazaritza-turismoko establezimenduak eta beste ostatu-establezimendu batzuk».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aldatzea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2018ko urtarrilaren 12ko Agindua, A kategoriako arrautzetarako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak onartzen dituena.
Zehazki, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2018ko urtarrilaren 12ko Aginduaren eranskineko «Deskribapena» apartatuaren bigarren paragrafoa aldatzen da (agindu horren bidez, A kategoriako arrautza ez-industrialetarako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak onartzen dira); honela idatzita geratzen da:
«Agindu honetan jasotako malgutasun-neurriak baliatzeko, errolda 50 oilo erruletik gorakoa eta 1.000tik beherakoa izan behar da».
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Aldatzea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2018ko urtarrilaren 12ko Aginduaren eranskineko 18. apartatuaren lehenengo atala (agindu horren bidez, esneki eta izozkietarako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak onartzen dira); honela idatzita geratzen da:
«– Goialdean, «HURBILEKO SALMENTA» edo «VENTA DE PROXIMIDAD» idatziko da letra larriz, etiketarako aukeratu den hizkuntzaren arabera».
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Aldatzea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2018ko urtarrilaren 12ko Aginduaren eranskineko 18.8 apartatuaren lehenengo adierazpena (agindu horren bidez, A kategoriako arrautza ez-industrialetarako baldintza higienikoak eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko zehatzak onartzen dira); honela idatzita geratzen da:
«– Goialdean, «HURBILEKO SALMENTA» edo «VENTA DE PROXIMIDAD» idatziko da letra larriz, etiketarako aukeratu den hizkuntzaren arabera».
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Aldatzea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2019ko otsailaren 5eko Aginduaren eranskineko 18. apartatuaren lehenengo atala (agindu horren bidez, jatorri begetaleko produktuen sektoreko establezimenduetako baldintza higieniko eta sanitarioak egokitzeko arau tekniko espezifikoak onartzen dira); honela idatzita geratzen da:
«– Goialdean, «HURBILEKO SALMENTA» edo «VENTA DE PROXIMIDAD» idatziko da letra larriz, etiketarako aukeratu den hizkuntzaren arabera».
AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Aldatzea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2019ko otsailaren 5eko Aginduaren eranskineko 18. apartatuaren lehenengo atala (agindu horren bidez, okintza, pastelgintza eta iringintzako produktuen sektoreko establezimenduetako baldintza higieniko-sanitarioak egokitzeko arau tekniko espezifikoak onartzen dira); honela idatzita geratzen da:
«– Goialdean, «HURBILEKO SALMENTA» edo «VENTA DE PROXIMIDAD» idatziko da letra larriz, etiketarako aukeratu den hizkuntzaren arabera».
AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA.– Garatzeko ahalmena.
Ahalmena ematen zaie elikagai-politikaren, osasunaren eta merkataritzaren arloko eskumenak dituzten sailetako titularrei, nork bere jardun-arloen eta egitekoen barruan, dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO ZORTZIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
ELIKAGAI-ERABILERAKO PERRETXIKOEN HURBILEKO SALMENTARAKO BETEKIZUNAK
Sarrera
Elikagai-erabilerako perretxikoen merkaturatzea urtarrilaren 16ko 30/2009 Errege Dekretuak arautzen du, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzerako betekizun sanitarioak. Errege-dekretu horretan ez da inolako bereizketarik ezartzen merkaturatze-eremuari edo salmentaren modalitateari dagokionez.
Landare-jatorriko produktu primarioek 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 Erregelamenduaren I. eranskinak ekoizpen primarioari buruz xedatutako higiene-betekizunak bete behar dituzte.
1.– Aplikazio-eremua.
Eranskin honetako betekizunek hurbileko salmenta bidez elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzen dituzten ekoizle eta biltzaileei eragiten diete, baita elikagai-erabilerako perretxikoak hurbileko salmenta bidez saltzen dituzten establezimenduei ere.
2.– Baimentzeko eta erregistratzeko baldintzak.
2.1.– Ekoizleen eta biltzaileen betebeharrak.
Elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzen dituen ekoizle orok eman behar du izena Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA), 9/2015 Errege Dekretuak xedatzen duenarekin bat.
Elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzen dituen orok –izan ekoizle, izan biltzaile– urteko zentsu-aitorpena egiteko betebeharra du.
Era berean, hurbileko salmenta bidezko establezimenduei elikagai-erabilerako perretxikoak saltzen dizkieten hornitzaile guztiek eranskin honetako 2.2 apartatuan zehaztutako informazioa eman beharko dute saldutako produktu sorta bakoitzari buruz.
Eranskin honen 3. apartatuan jasotako baldintzak betetzen dituzten perretxikoak bakarrik merkaturatu ahalko dira.
2.2.– Elikagai-erabilerako perretxikoen hurbileko salmenta egiten duten establezimenduen betebeharrak:
Elikagai-erabilerako perretxikoak hurbileko salmenta bidez merkaturatzen dituzten establezimenduek betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Eranskin honen 2.1 apartatuan zehaztutakoa betetzen duten ekoizle edo biltzaileek hornitu beharko dituzte.
– Erositako perretxikoak kontsumitzaileei soilik eman ahalko zaizkie.
– Jasotako perretxikoek eranskin honetako 3. apartatuan bildutako baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute.
– Erositako perretxikoak kontrolatzeko sistema bat ezarri beharko dute, eta produktu bakoitzeko sorta bakoitzean gutxienez honako hauek jaso beharko dituzte:
• Zenbatekoak eta erosketaren data.
• Perretxikoen jatorria, hornitzailea edo hornitzaileak identifikatuta; hain zuzen, haien Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorreko zenbakia (REGEPA) edo identifikazio-zenbakia (IFZ edo NAN) zehaztuta.
• Perretxikoaren generoa eta espeziea, eta identifikazioa egin duen arduradunaren izena.
• Banaketaren data eta kantitateak (salmenta-tiketak balioko du).
3.– Betekizun higieniko eta sanitarioak.
Elikagai-erabilerako perretxikoak hurbileko salmenta bidez merkaturatzen dituzten ekoizle, biltzaile eta establezimenduek urtarrilaren 16ko 30/2009 Errege Dekretuan ezarritako betekizun higienikoak bete beharko dituzte –errege-dekretu horren bidez ezartzen dira elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzerako betekizun sanitarioak–.
Dekretu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzen dituzten ekoizle, biltzaile eta establezimenduek higieneari buruzko jardunbide egokien gidaliburuetan zehaztutako betekizunak bete beharko dituzte, baita argitaratu litezkeen orientazio-dokumentuetan zehaztuko direnak ere.
Oro har:
– Debekatuta dago pozoitsutzat edo toxikotzat jotzen diren perretxiko-espezieak nahiz horren susmoa pizten dutenak giza kontsumorako saltzea eta merkaturatzea.
– Saltzaileek arreta berezia jarri beharko diote merkaturatzen dituzten espezieak ondo identifikatzeari, zeren eta kontsumitzaileari produktu seguruak eskaintzeko betebeharra eta erantzukizuna baitute. Zuzen identifikatutako perretxikoak baino ezingo dira merkaturatu.
– Espezie guztiak modu higienikoan eta behar bezala ordenatuta jarriko dira salgai, eta modu argian bereiziko dira espezie ezberdinetako perretxikoak.
– Salgai dauden perretxikoek, izan basatiak edo haztegikoak, betekizun hauek bete beharko dituzte:
O Zuzen identifikatutako perretxikoak baino ezingo dira merkaturatu.
O Kontserbazio-egoera ezin hobean eskainiko dira, zapore eta usain arrarorik gabe, eta kanpo-hezetasun gehiegizkorik gabe.
O Aurkezpenari edo itxurari eragin diezaioketen lesio edo traumatismorik ez izatea, ezta izotzak kaltetutako edo usteldutako atalik ere.
O Ez izatea zizare, intsektu, itsatsitako materia arraro edo mikroorganismo patogenorik, ezta pestiziden edo kutsatzaile kimikoen hondakinik ere.
O Kirtenean ebaketa garbi bat eginez jaso behar dira.
Basaperretxikoen salmentaren kasuan:
– Aurrez aipatutako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dira:
O Urtarrilaren 16ko 30/2009 Errege Dekretuaren A eranskinean zehaztutakoak bakarrik merkaturatu ahalko dira freskoan.
O Pieza osoak soilik merkaturatu ahalko dira, ezaugarri anatomikoak garatuta eta ageri-agerian dituztela, eta ez da garbitzerik onartuko.
O Kontsumitzaileari ezingo zaio aurkeztu espezie nahasketarik.
4.– Merkaturatze-baldintzak.
Urtarrilaren 16ko 30/2009 Errege Dekretuaren A eta B eranskinetan eta haien ondorengo aldaketetan zehaztutako espezieen salmenta bakarrik onartuko da.
4.1.– Salmenta-modalitatea.
Ekoitzitakoa hurbileko salmentaren bidez merkaturatzen duten ekoizle, biltzaile eta zirkuitu laburreko establezimenduei aplikatuko zaizkie eranskin honetan jasotako baldintzak.
Hala ere, kontuan hartuta eranskin honetako baldintzak betetzeak berekin dakarrela 852/2004 Erregelamenduaren I. eranskinean eta urtarrilaren 16ko 30/2009 Errege Dekretuan jasota dauden baldintzak betetzea, bildutako perretxikoen merkaturatze-eremua ez da hurbileko salmentara mugatuko –30/2009 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagai-erabilerako perretxikoak merkaturatzerako betekizun sanitarioak–.
4.2.– Ekoizpenaren jatorria.
Produktuak hurbileko salmenta bidez merkaturatzen dituzten biltzaileek beraiek jasotako produktuak soilik merkaturatu ahalko dituzte.
4.3.– Identifikazioa eta etiketatzea.
Ontziratutako zein ontziratu gabeko perretxikoak izan, kasu guztietan identifikatu behar da produktua, eta zehaztu behar dira generoa eta espeziea, eta basatiak ala haztegikoak diren. Gainera, perretxikoaren izen arrunta jaso ahalko da, tamaina berdineko edo txikiagoko karaktereen bidez.
a) Perretxikoak unitateka eta ontziratu gabe saltzen badira, espezie bakoitzaren identifikazioa ikusteko moduko etiketa edo kartel baten bidez egingo da. Horrez gain, merkataritza-kategoria eta jatorria zehaztuko dira.
b) Ontziratuta saltzen badira, indarrean dagoen araudiaren arabera etiketatu beharko dira. Etiketan, informazio hau jaso beharko da, gutxienez:
• Produktuaren izena.
• Produktu mota: perretxiko lehortuak, freskoak, izoztuak, ontziratuak...
• Sailkapen kategoria (estra, lehen edo bigarren mailakoa).
• Aurkezpen modua: osorik, xerratan edo hauts gisa.
• Osagai-zerrenda: generoa eta espeziea adierazita.
• Eduki garbia (kilogramotan edo gramotan).
• Gutxieneko iraupen-data.
• Kontserbatzeko eta manipulatzeko jarraibideak (hala behar denean).
• Jatorriko herrialdea.
• Sorta zenbakia.
• Enpresaren identifikazioa: izena, sozietate-izena eta helbidea.
II. ERANSKINA
ARRAUTZEN EKOIZPEN PRIMARIORAKO ETA KANTITATE TXIKIKO ZUZENEKO SALMENTARAKO BETEKIZUNAK
Sarrera.
Animalia-jatorriko produktuek 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 Erregelamenduaren I. eranskinak eta 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 Erregelamenduaren dagokion apartatuak xedatutako ekoizpen primarioari buruzko betekizun higienikoak bete behar dituzte.
1.– Aplikazio-eremua.
Eranskin honetan jasotako betekizunei atxikitzeko aukera izango dute baldintza hauek betetzen dituzten oilo erruleen ustiategiek:
• Ustiategiak gehienez 50 oilo errule izatea.
• Arrautzen ekoizpen primarioa eranskin honen 1.1 apartatuan zehaztutakoaren arabera gauzatzea.
• Soilik zuzeneko salmenta bidez merkaturatzea, eranskin honen 4.1 apartatuan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako oilo kopurua duten ustiategiek, baldin eta eranskin honen 4.1 apartatuan zehaztutako mugak bete gabe merkaturatu nahi badute beren produktua, ezingo dituzte kontuan hartu eranskin honetako betekizunak, eta, aitzitik, animalia-jatorriko produktuen ekoizpen primarioko indarreko araudia bete beharko dute.
1.1.– Arrautzen ekoizpen primarioa.
Jarduera hauek hartzen dira hegazti-ekoizpen primariotzat (edo eragiketa lotutzat):
• Arrautzak ekoiztea, biltzea, eraikinen artean garraiatzea eta arrautzak ekoizten diren lekuan biltegiratzea.
2.– Baimentzeko eta erregistratzeko baldintzak.
2.1.– Erregistro ofizialak.
2.1.1.– Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) inskribatzea.
Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) izena emanda egon beharko du eranskin honetako betekizunei atxiki nahi zaien ustiategi orok, eta berariaz adierazi beharko du arrautzen kantitate txikiei dagozkien betekizunak bete nahi dituela.
Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) izena emateko eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztuko da, ustiategiaren titularrak sinatua. Bertan, eranskin honetan adierazitako betekizunak betetzeko konpromisoa hartuko du.
2.1.2.– Jarduera jakinaraztea.
Gehienez 50 oilo errule dituzten hegazti-ustiategiek ez dute jarduera-lizentziarik beharko, baina jarduera gauzatuko dutela aurrez adierazi beharko diote udal-agintaritza eskudunari, apirilaren 23ko 7/2012 Legearen 83. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.2.– Dokumentazioa.
2.2.1.– Hegazti-ustiategiko erregistro-liburua.
Ustiategietako titularrek erregistro-liburu bat bete eta eguneratuta izan beharko dute.
Ustiategiko liburuak gutxienez erregistro hauek jaso beharko ditu:
• Animalien eta pentsuaren sarrera-erregistroa.
• Hegaztien hilkortasun-erregistroa.
• Medikazio-tratamenduen erregistroa.
• Egindako autokontrolen edo analisien erregistroa.
• Erruteen eguneroko erregistroa.
• Salmenta-erregistroa: kopurua, salmenta-data eta salmenta-tokia.
3.– Betekizun higieniko eta sanitarioak.
Arrautzen ekoizpen primarioa eta kantitate txikiko zuzeneko salmenta egiten duten ustiategiek Animalia Osasunaren apirilaren 24ko 8/2003 Legean zehaztutako betekizun higienikoak beteko dituzte.
Arrautzen ekoizpen primarioa eta kantitate txikiko zuzeneko salmenta egiten duten ustiategiek higieneari buruzko jardunbide egokien gidaliburuetan eta argitara litezkeen orientazio-dokumentuetan adierazitako betekizunak bete beharko dituzte, hala zehazten baitu dekretu honen 8. artikuluak.
Jarraian zehaztuko dira arrautzen kantitate txikiko zuzeneko salmenta egiten duten hegazti-ustiategiek bete beharreko gutxieneko betekizun higienikoak eta sanitarioak, hargatik eragotzi gabe horretarako argitaratuko diren higieneari buruzko jardunbide egokien gidaliburuetan adierazitakoa betetzea.
3.1.– Ura.
Beharrezkoa da ustiategian erabiltzen den uraren jatorria identifikatzea, eta animalientzako kantitate eta kalitate higieniko egokian baliatzea.
Manipulazio-lokalean, edateko ura erabili beharko da.
3.2.– Kontrol zoosanitarioak.
3.2.1.– Salmonellaren programa sanitarioa.
Salmonellaren autokontrol bat egin beharko dute urtero (S. enteritidis, S. typhimurium) horretarako gaitutako albaitariek.
3.2.2.– Oiloen jatorria.
Txitak baimendutako hazkuntza-zentroetatik ekarriko dira, eta Salmonella enteritidis eta Salmonella typhimurium detektatzeko nahitaezko kontrolak egingo zaizkie jaiotzen diren egunean bertan eta errunaldi-unitatera eraman baino bi aste lehenago; horretaz gain, dagokien legezko dokumentazioa gehitu behar da:
• Jatorriaren gida.
• Salmonellaren derrigorrezko txertoa eman izanaren ziurtagiria / Salmonellarik ez dutelako ziurtagiria.
3.3.– Hazkuntza-sistema.
Hazkuntza-sistema guztiak daude onartuta, baina indarrean dagoen araudia betetzea eskatuko da.
(Ikus .PDF)
Elikadurak behar adina nutriente eman behar dizkie oiloei, hegaztien adina eta ekoizpen-egoera kontuan hartuta.
3.4.– Langileak.
Arrautzen manipulatzaileek prestakuntza jaso beharko dute, egiten duten lan-jarduerari dagozkion elikadura-higieneko alderdiei buruz.
Halaber, langileek jardunbide higieniko pertsonal egokiak beteko dituzte, arrautzen manipulazio-prozesuan produktua kontaminatzea ekiditeko.
3.5.– Instalazioak eta ekipamenduak.
Lurzoru eta hormen gainazalak iragazgaitzak izan beharko dira, baita garbitzen eta desinfektatzen errazak ere, eta egoera onean mantendu behar dira. Debekatuta daude gainazal porotsuak.
Sabai, sabai aizun eta gainerako instalazio esekiak zikinkeria eta lizuna ez pilatzeko eta partikularik ez erortzeko moduan diseinatuko dira, horretarako akabera egokiarekin.
Produktua egokitzeko, manipulatzeko eta azken ontziratzea egiteko instalazio eta ekipamenduek beharrezkoak diren betekizun higieniko eta sanitarioak beteko dituzte.
3.6.– Higienea eta manipulazioa.
Lanak modu eraginkorrean egin behar dira, eta produktua hondatzea edo kontaminatzea ekiditeko baldintza egokietan. Horretarako, lan-sistema ondo antolatuta egongo da, kontaminazio gurutzatuak ez gertatzeko moduan.
Ekipamenduak, tresnak, garraio-ekipamenduak eta ontziratze-ekipamenduak zein instalazio finkoak garbi eta egoera ezin hobean edukiko dira.
Elikagai-erabilerako ontziak bakarrik erabiliko dira, eta ezingo da ontzirik berrerabili.
Ekoizlearen instalazioetan, eta kontsumitzaileari saltzen zaizkion arte, arrautzak garbi eta lehor mantenduko dira, kanpoko usainetatik urruti eta kolpeengandik eta zuzeneko eguzki-argitik egoki babestuta.
Arrautzak horretarako prestatutako lokaletan edo instalazioetan biltegiratu eta kontserbatuko dira, non tenperatura, ahal bada konstantea, arrautzen propietate higienikoak bermatzeko egokiena izango baita.
Arrautzak ezin izango dira garbitu, ezingo dute kontserbazio-tratamendurik jaso, eta ezingo dira 5 ºC-tik behera modu artifizialean hoztu.
4.– Merkaturatze-baldintzak.
4.1.– Salmenta-modalitatea.
Arrautzen kantitate txikiak eranskin honetan zehazten den gisan ekoizten dituzten ustiategietatik datozen arrautzak zuzeneko salmenta bidez bakarrik merkaturatu ahalko dira, dekretu honen 3. artikuluak zehaztutako eremuetan.
4.2.– Salmenta-erregistroak.
Produktua (sorta), kopurua eta salmenta-data eta -lekua jasoko dira salmenta-erregistroan.
4.3.– Ekoizpenaren jatorria.
Kantitate txikiak eranskin honetan zehazten den gisan ekoizten dituzten ustiategiek ustiategian bertan ekoitzitako arrautzak soilik merkaturatu ahalko dituzte.
4.4.– Arrautzen sailkapena.
Arrautzak ez dituzte kategoriatan bereizi beharko kantitate txikiak eranskin honetan zehazten den gisan ekoizten dituzten ustiategiek.
4.5.– Arrautza markatzea.
Arrautzak ez dituzte markatu beharko kantitate txikiak eranskin honetan zehazten den gisan ekoizten dituzten ustiategiek.
4.6.– Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa.
Ustiategian bertan saltzen badira, edo kontsumitzailearen bizilekuan, nahikoa izango da kontsumo lehenetsiaren data ahoz adieraztea kontsumitzaileari.
Azoka eta ferietan salduz gero, kartel bat jarriko da ikusteko moduan, hauek adieraziz:
• Elikagaiaren izena: ARRAUTZAK.
• Hazkuntza-sistema: ekologikoa, landakoa, lurzorukoa edo kaiolakoa.
• Kontsumo lehenetsiaren data (errun eta ondorengo 28 egunak, kontuan hartuta kontsumitzaileari gehienez errutetik 21 egunera hornitzen zaizkiola).
• Ustiategiaren titularraren izen-abizenak (pertsona fisikoa) edo sozietate-izena (pertsona juridikoa).
• Ustiategiaren helbidea eta Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorreko (REGA) kodea.