
89. zk., 2024ko maiatzaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2159
49/2024 DEKRETUA, apirilaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2025. urteko jaiegunen egutegi ofiziala onartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzari dagokio 2025. urterako lanegun eta jaiegunen egutegia finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.
Hori dela eta, Lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz –errege-dekretu hori indarrean dago lanegun bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera–, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Lan Harremanen Kontseiluari eta gainerako kontsulta-organoei entzunda, Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Bi mila eta hogeita bosgarren urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaieguntzat hartuko dira lan ondorioetarako –ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko– urteko igande guztiak eta jarraian aipatzen diren jaiegunak:
Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna.
Urtarrilaren 6a, Jaunaren epifania.
Apirilaren 17a, Ostegun Santua.
Apirilaren 18a, Ostiral Santua.
Apirilaren 21a, Pazko Astelehena.
Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.
Uztailaren 25a, Santiago Apostoluaren Eguna.
Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren Jasokundea.
Azaroaren 1a, Santu Guztien Eguna.
Abenduaren 6a, Konstituzio Eguna.
Abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren Eguna.
Abenduaren 25a, Eguberri eguna.
2. artikulua.– 1.– Era berean, lan ondorioetarako, jaiegun izango dira –hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko–, bi mila eta hogeita bosgarren urtean, tokiko jaiegun izaera izango duten bi egun. Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkariek zehaztuko dituzte egun horiek, udaletako osoko bilkurek proposatuta. Lurralde historiko bakoitzeko gainerako udalerriekin batera edo aparte hartu ahalko dira egun horiek.
2.– Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean egin beharko dute proposamena udalek, eta dagokien lurralde-ordezkaritzara bidali.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari aginpidea ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 23an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.