88. zk., 2024ko maiatzaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2150
EBAZPENA, 2024ko apirilaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketen gestiorako 2024-2025 ikasturteko Egutegia argitaratzen duena.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2024ko apirilaren 24ko osoko bilkuran graduko ikasketen gestiorako 2024-2025 ikasturteko Egutegia onartzea erabaki zuen, martxoaren 21ean ospatutako Graduko Batzordearen proposamenari jarraituz.
UPV/EHUren Estatutuetako 187.1.d) artikuluak idazkari nagusiari esleitzen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko eginkizuna. Bestalde, 39/2015 Legeko 131. artikuluak xedatzen du arautegi eta xedapen administratiboak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko direla, indarrean jarri eta ondorio juridikoak izan ditzaten, bat etorrita Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak dioenarekin 10. artikuluan.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengoa.– Bidaltzea Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketen gestiorako 2024-2025 ikasturteko Egutegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan dadin, eranskinean jasota dauden moduan.
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, kontra egiteko, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman zuen organoari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita epe biak. Edozelan ere, ezingo dira jarri bi errekurtsoak aldi berean.
Leioa, 2024ko apirilaren 25a.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
GRADUKO IKASKETEN GESTIORAKO 2024-2025 IKASTURTEKO EGUTEGIA.
Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiak dio Graduko Batzordeak ikasturtero onartuko duela arautegi hori aplikatzeko tramiteen egutegi ofiziala, ikusita graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamena. Hori guztia kontuan hartuta, Graduko Batzordeak 2024ko martxoaren 21ean onartu du graduko ikasketen gestiorako 2024-2025 ikasturteko egutegia.
GRADUKO IKASKETETAN SARTZEA
Eskaria.
Graduko ikasketetan sartzeko eskariak online baino ez dira egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez, eta epe bakarra egongo da, 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era arte, egun biak barne, sarbide mota guztietarako eta deialdi guztietarako.
Onarpena.
Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian (www.ehu.eus) argitaratuko da honako data hauetan:
1. onarpena: uztailak 13.
2. onarpena: uztailak 20.
3. onarpena: uztailak 24.
4. onarpena: uztailak 30 (onarpen honetan sartuko dira USEren ezohiko deialdiko ikasleak eta heziketa zikoetakoak).
5. onarpena: irailak 5 (onarpen honetan sartuko dira atzerriko batxilergo titulua homologatuta duten ikasleak, zerrendaren bukaeran).
6. onarpena: irailak 10.
Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.
Plaza guztiak bete ez dituzten graduen kasuan, azken onarpenaren ondoren itxarote zerrendarik ez badute, izena emateko beste epe bat irekiko da 2024ko irailaren 30era arte, aurretik zehaztutako plaza kopurua bete arte.
Plazak bete ondoren itxarote zerrendak izaten segitzen duten graduan kasuan, onarpen prozesua 2024ko urriaren 15ean emango da amaitutzat betiko, eta data horretatik aurrera ez da egingo inolako aldaketarik graduetan sartzeko prozeduran.
Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak unibertsitatean sartzea.
a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (lekualdaketak). Bi aukera dituzte:
1.– Eskaria egitea ikasle berri gisa, unibertsitatera sartzeko proban edo parekoan lortutako kalifikazioarekin: eskaria online baino ez da egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez, eta epe bakarra egongo da, 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era arte, egun biak barne.
2.– Eskaria egitea beste unibertsitate batetik ikasketa partzialak eginda eta/edo Espainian unibertsitate ikasketa ofizialak eginda datorren ikasle gisa, edo UPV/EHUn beste ikasketa batzuk eginda datorren ikasle gisa: eskaria kasuan kasuko ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.
b) Unibertsitate ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleak: baliozkotu edo aitortu ahal bazaizkie gutxienez 30 kreditu, eskaria aurkeztuko dute, eskatzen diren agiriekin batera, matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.
c) UPV/EHUn hasitako ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleak: eskaria ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.
d) Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek, bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi badute, ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute eskaria 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean.
Proba berezia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko proba berezia egin nahi dutenek 2024ko martxoaren 18tik 25era arteko epea izango dute izena emateko, unibertsitatearen webgunean (www.ehu.eus).
Ikasketa desberdinak aldi berean egitea.
1.– UPV/EHUn graduko ikasketak egiten ari diren ikasleak eta aldi berean unibertsitate horretako beste gradu bat egin nahi dutenak lehenengo mailatik hasita: eskariak 2024ko irailaren 2tik 6ra bitartean aurkeztuko dira, egun biak barne, campusetako errektoreordetzetan edo Sarbideko Bulegoan.
2.– UPV/EHUn graduko ikasketak egiten ari diren ikasleak eta aldi berean unibertsitate horretako beste gradu bat egin nahi dutenak, zeinetan aitortuta izango lituzketen gutxienez 60 ECTS kreditu edo lehenengo maila osoa (kredituak aitortu ondoren egindako ikasketengatik): eskariak 2024ko ekainaren 14tik uztailaren 1era bitartean aurkeztuko dira ikasketa berriak egin nahi diren ikastegiko idazkaritzan.
MATRIKULA EGITEKO EGUTEGIA
Lehenengo mailako ikasleak.
Lehenengo mailako ikasleek epe hauetan egingo dute matrikula, onartuak izango diren fasearen arabera:
1. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 15etik 18ra.
2. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 22an.
3. onarpenekoek, 2024ko uztailaren 26an.
4. onarpenekoek, 2024ko irailaren 2an.
5. onarpenekoek, 2024ko irailaren 6an.
6. onarpenekoek, 2024ko irailaren 11n.
Lehenengo mailatik gorako ikasleak.
Matrikula 2024ko uztailaren 17tik 30era bitartean egingo da.
Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Internet bidez egingo da, 2024ko uztailaren 15ean, unibertsitatearen webgunean.
Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2024ko uztailaren 15ean unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu, espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta, eta Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegian agertzen den formula aplikatuta aterako den ordenaren araberako lehentasuna izango dute matrikula egiteko.
2023-2024 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak.
2023-2024 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek, baita lekualdaketa eginda onartutakoek ere, 2024ko irailaren 2tik 6ra bitartean egingo dute matrikula.
Ikastegiak beste epe bat ezar dezake, eta bere webgunean argitaratu beharko du denbora nahikoaz.
Behin-behineko matrikula.
UPV/EHUn behin-behineko matrikula egin duten ikasle berriek, beste unibertsitate publiko batean onartuak izateko zain daudelako, 2024ko irailaren 13a baino lehen egin beharko dute behin betiko matrikula, edo uko egin beharko dio behin-behineko matrikulari.
2024ko irailaren 13a baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zeukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.