Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2024ko maiatzaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2149

AGINDUA, 2024ko apirilaren 16koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2024 ekitaldirako hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako Hirigune programa.

Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpen indartsua direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.

Nabarmendu behar da merkataritza-jarduera gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat dela, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen duela. Eskura dauden datuei begiratuta, barne-merkataritzaren sektorea da Euskadiko ekonomian pisu garrantzitsua duena, izan ere, 2023an, enplegu osoaren % 14 sektore horrekin loturik zegoen EUSTATen datuen arabera.

EAEko 2024ko Ekonomia Jardueren azken Direktorioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 34.855 merkataritza-establezimendu daude; horietatik, 22.897 txikizkako saltokiak dira, hots, guztizkoaren % 65,69. Establezimendu kopuru horretan, gaur egun, 133.715 enplegatu ari dira lanean, horietako 81.560 txikizkako merkataritzan, hots, merkataritza-sektore osoaren % 60,68.

XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan 2020-2024» gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik lehenengo ardatza da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jardun-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Ardatz horretako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan. Jarduketa-konpromiso bat da, orobat, erakundearteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak bultzatzea zenbait ekimenen bidez, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetatik sortzen diren elkarlan-sinergiak sustatuz eta agente guztien lankidetza eta koordinazioa indartuz.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak onartutako 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategiaren eta 2021-2025 Merkataritza Planaren esparruaren barruan garatuko dira. Hain zuzen ere, plan horren helburua sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea da. Horrez gainera, Merkataritzaren Estrategiaren gakoetako bat da EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.

2020an, COVID-19aren osasun-krisiak bereziki eragin zion merkataritza-sektoreari, eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko jaitsiera metatua izan zuen aurreko urtearekiko, lan-egutegiaren baldintza homogeneoetan eta prezio konstanteetan. 2021. urtean, % 3,6ko igoera izan zuen 2020. urtearekiko, eta suspertze-zantzu horiek berretsi egin dira 2022an, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 2,9ko igoera metatua izan baitu aurreko urtearekiko. Hala ere, indize hori moteldu egin da, 2023an, igoera % 0,9koa baino ez baita izan.

COVID-19aren osasun-krisiaren ostean merkataritza-sektoreak duen egoerak, Ukrainako gerraren eragin ekonomikoak eta suspertze-fasean orokortutako ziurgabetasun ekonomikoak babesa eta bultzada behar dituzte jarduera berreskuratu eta merkataritza-sektorea biziberrituko bada.

Azaldutako guztiagatik, egokitzat jotzen da Hirigune – Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa martxan jartzea; horretarako, elkarte-sarearen eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako Merkatarien Elkarteen eta Elkarte Mistoen jarduketen aurrekontuei bideratutako laguntzak emango dira.

Hain zuzen, lan partekatua eta enpresen arteko elkarlana sustatzen duten merkataritza-elkarteetara bideratuko dira, helburu hauek lortzeko: sektorea indartzeko eta modernizatzeko jarduketak egiteko; merkataritza-giro bizia eta estimulatzailea sortzeko, eta, ondorioz, tokiko eta hurbileko merkataritzaren ikusgarritasuna areagotzeko, zeren eta orain, inoiz baino gehiago, funtsezkoa baita; merkataritza-sektorearen modernizazioa bultzatzen duten irtenbide berriak sortzeko eta merkaturatze-bitarteko guztietan haien presentzia sustatzeko; kontsumitzailearen ohitura-aldaketetara egokitzen laguntzeko eta merkatariei eraldaketa- eta gaikuntza-prozesuan laguntzeko, eta politika publikoak garatu daitezen proaktiboki parte hartzeko; izan ere, hiri-ingurunea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko lan-arloetako bat.

Programa honen bidez diruz lagunduko diren jarduketak udalen jarduketa publikoen barruan kokatu beharko dira sinergikoki; hain zuzen, merkataritza sustatzeko plan berezietan (MSPB) edo merkataritzaren plan estrategikoetan, eta merkataritza-mahaietan –kogobernantzarako foro naturalak baitira toki mailan– jasotzen diren jarduketa publikoen barruan.

Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz egingo da, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez: GJH5: genero-berdintasuna; GJH8: hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, bai eta guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: helburuak lortzeko aliantzak.

Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2024-2027 Plan Estrategikoan jasota dago. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartu zuen plan hori, 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez, eta egoitza elektronikoaren eta sailaren webgunean argitaratuta dago.

Eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da merkatarien elkarteen jarduera bultzatzeko 2024ko laguntzak arautzea, hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzeko, modu horretan merkataritza-sektorea biziberri dadin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.000.000 eurokoak dira guztira: 1.600.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 400.000 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kredituari.

2.– Laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako eskakizunak betetzen dituen entitate orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak.

Aurkeztutako eskabide guztiak era ekitatiboan bideratzen direla bermatu dadin, programa finantzatzeko aurrekontua nahikoa ez bada onartutako gehieneko zenbatekoak emateko, dauden funtsen hainbanaketa egingo da edo proportzionalki banatuko dira horiek eskabideen artean. Banaketa hori egiteko oinarri izango da dagokion aginduaren 8.2 artikuluarekin bat kalkulatutako udal-muga, eta ezarritako hainbanaketaren proportzioaren araberakoa izango da. Horrela eginez, onuradun guztiek dagokien laguntza era zuzen eta ekitatiboan jasotzen dutela ziurtatzen da.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira EAEko udaletako merkatarien elkarteak; elkarte mistoak edo hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak.

Horiek horrela, honako hauek laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta gutxienez 10 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte:

a) Eremu zonaleko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, behar bezala eratuak eta haien izaera juridikoa edo haien funtzioak direla-eta dagozkien erregistroetan inskribatuta egon beharko baitira 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak, pertsona fisiko edo juridikoen multzo gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo nortasun juridiko propioa duten edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare-unitate gisa eratuak, eta zuzenbideak onartutako edozein eran 2024ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.

Eskatutako gutxieneko ordezkari kopurua ofizioz egiaztatuko du administrazio honek Merkatarien Elkarteen Erroldan kontsulta eginez.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.

Laguntza eman aurretik eta hura justifikatu ondorengo ordainketak eta likidazioa egin aurretik, espedientearen organo kudeatzaileak, bere zerbitzu interaktiboen bidez, zuzenean eskuratuko ditu organo eskudunengandik aipatutako betebeharrak betetzen direla ziurtatzen duten administrazio-ziurtagiriak. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten entitateen jarduketak ez dira diruz lagunduko.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

d) Ez egotea Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak 1,2,3,4 eta 5 apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeretako batean ere, dirulaguntzen onuradun izateko.

e) Nahasia ez egotea Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak 82. artikuluan xedatutako egoeretan.

f) Ezin izango dira onuradun izan 4.1 artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusitako nortasun juridikoa ez duten taldeak, baldin eta kideren batek aurretik aipatutako debekuetako bat badu.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak, estatu kideen arteko merkataritza-trukeei eragiten ez dietenez, ez dira estatu-laguntzatzat hartuko, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, eta, beraz, ez zaie aplikatuko 107.1 artikuluan ezarritakoa.

4. artikulua.– Elkarteen arteko akordioa eta udalerrien arteko banaketa.

1.– Udalerri berean hainbat elkarte badaude, deialdi honetara udalerri bakoitzean eskabide bakarra aurkezteari emango zaio lehentasuna; bertan, udalerri bereko merkatarien elkarte guztiek edo, hala badagokio, gehienek lortutako akordioa islatuko da.

Udalerri bereko elkarteen arteko akordio batera heltzeko borondatea dagoela egiaztatu beharko da era fede-emailez eta dokumentuen bidez; horretarako, egindako bileren eta alderdien arteko komunikazioak jaso beharko ditu eskabideak. Akordioa lortu ezean, eta ezintasunaren arrazoiak justifikatuta, elkarteek banakako eskabidea aurkeztu ahalko dute. Udal akordio bakarra lortzeko egindako ekintzak era fede-emailean eta dokumentuen bidez egiaztatu ezean, eskabideari uko egingo zaio.

Elkarteen arteko akordioa lortuz gero, horien guztien ordezkaria nor izango den zehaztu beharko da bertan, eta taldea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da, eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; erabakiko da, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion dirulaguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 11. artikuluarekin bat, nortasun juridikorik gabeko elkartzetzat joko dira eta, ondorioz, laguntzaren onuraduntzat.

Vitoria-Gasteiz, Bilbo eta Donostiaren kasuan, hiriburu bakoitzaren hiri-merkataritzaren plataformak ordezkatuko ditu udalerriko merkatarien elkarte guztiak, eta, horretarako, elkarte guztien adostasuna eta parte-hartzea bilatuko ditu, baita plataformaren barruan ez dauden elkarteenak ere.

Elkarteen arteko akordioak alderdi hauek jasoko ditu:

• Akordioa sinatzen duten merkatarien elkarte, elkarte misto edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarte guztiak eta haien enpresa-ordezkaritzak.

• Eskabidea aurkeztuko duen merkatarien elkartea edo, hala badagokio, Hiri Merkataritzako Plataforma.

• Elkarteek egin beharreko jarduketak:

○ Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin behar dituen jarduketak eta haiei buruzko azalpenak.

○ Jarduketa nagusi bakoitzaren barruan egin behar diren ekintzak.

○ Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

○ Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

○ Ekintza bakoitzaren betetze-mailaren adierazleak.

○ Jarduteko eremuaren mugaketa eta merkataritza-sektorean izango duen eragina.

○ Aurreikusitako egutegia.

• Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.

• Jarduketak gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta haien jatorria.

• Aurreikuspen bat, jasoko duena nola banatuko den dirulaguntza akordioan parte hartu duten udalerriko merkatarien elkarteen artean.

2.– Udalerri bakoitzean eskabide bat baino gehiago egonez gero, eta eskabide guztiek eskatutako zenbatekoak udalerrira bideratutako muga ekonomikoa gaindituz gero, jasotako eskabide guztiak aztertuko dira, eta ebaluazio hori egin ondoren zehaztuko da udalerriari dagokion dirulaguntza nola banatu haien artean.

Eskabide bakoitza aztertzeko, elkarteen akordioak jaso behar dituen alderdiak kontuan hartuko dira. Merkatarien elkarte bati baino gehiagori atxikitako establezimenduren bat badago, zehaztu beharko da zein elkartetan zenbatuko den establezimendua, ordezkaritzaren ondoreetarako eta haren afiliazio-baldintzen arabera.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Diruz lagundu ahal izango dira I. eranskinean ezarrita dauden ezaugarriak dituzten jarduketak, merkataritza-jarduera edo hiri-merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzuak dinamizatzea eta sustatzea helburu dutenak, baldin eta EAEko merkatarien elkarteek, elkarte mistoek edo merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek sustatzen badituzte.

6. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira I. eranskineko zehaztapenei zalantzarik gabe erantzuten dieten jarduketen ondoriozkoak, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan aurreikusitakoa betetzen badute.

2.– Era berean, II. eranskinean jasotako gastuak ez dira diruz laguntzeko modukoak izango.

3.– II. eranskinean jasotako gastuez gain, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango langile propioek sortutako gastuak eta autofakturaziotik eratorritako gastuak, ez eta zeharkako gastuak, egitura-gastuak edo proiektua egiteagatik sortutako finantza-gastuak ere.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritakotik kanpo geratzen dira, eta, beraz, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira elkarteen pertsonal-gastuak, diruz lagundutako proiektuaren edo jarduketaren kudeaketatik eratorritako zeharkako kostu diren aldetik; diruz lagundutako jarduketa bakoitzerako aurreikusita dauden dedikazio-orduak adierazi beharko dira.

Formula honen arabera kalkulatuko da proiektuan edo jarduketan parte hartzen duen langile bakoitzaren orduko kostua:

(Ikus .PDF)

Edukia, balio bakoitzerako, honako hau izango da:

X = langilearen urteko soldata gordina.

Y = ugazabak langile horrengatik Gizarte Segurantzari ordaintzen dion urteko kuota, kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatua (TC2 ereduetan adierazia eta behar bezala identifikatua), entitate onuradunak Gizarte Segurantzari langile horrengatik egindako ekarpenaren amaierako koefizientearekin biderkatuta.

H = langilearen urteko orduak, entitate onuradunari aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera.

Nolanahi ere, zeharkako kostutzat onartuko da, gehienez, jarduketari edo proiektuari egotzitako zuzeneko gastuen % 15, eta dokumentu ofizialen bidez behar bezala justifikatu beharko dira egindako ordu-kalkulua eta orduen egozpena, kostu horiek diruz lagundutako jarduerari benetan dagozkion neurrian.

4.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 kontratatu daiteke. Kontratazio horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 31 artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu.

Kontratazioa artikulu horietan adierazitako portzentaje eta zenbatekoen esparruaren barruan eginez gero, baimena onartzeko organo eskuduna Merkataritza Zuzendaritza da. Baimen-eskabidea egoitza elektronikoan aurkeztu beharko da eta Merkataritza Zuzendaritzak ebatziko du 15 eguneko epean.

Gainera, gauzatu den kontratatutako jarduketetako baten zenbatekoak gainditzen badu kontratu txikiak arautzen dituzten legeek ezarritako zenbatekoak –15.000 euro edo gehiago BEZa kanpo–, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, gutxienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutako kasuetan izan ezik. Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, aurkeztutako eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena ez hautatzearen arrazoia.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Emandako laguntzen zenbatekoa ahalik eta handiena izango da, 2. artikulua aplikatu ondorengo emaitza eta artikulu honen hurrengo puntuan zehaztutako udalerriko muga kontuan hartuta.

2 – Tarte ekonomiko batzuk ezartzen dira udaletako merkataritza agertokiak eta udal elkarteen ahalmena aintzat hartuta.

Udalerriko elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitza izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (III. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
PROZEDURA

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da aurreikusten diren ekintza guztietarako, eta oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.

3.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

4.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da, nahitaez:

https://www.euskadi.eus/servicios/1015611

Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako IV. eranskinean daude jasota.

Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

5.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, bitarteko hauek erabiliko dira:

– ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua baita (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), edo

– behar bezala betetako eskabideari borondatezko legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua erantsita: https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea.

Ordezkariak (pertsona fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, entitate eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.

10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza-eskabidearekin batera, IV. eranskinean zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da.

2.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi bada, ordezkari jardun dezaten modu elektronikoan, eta horretarako erabiltzen ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, «borondatezko legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua» erantsi beharko da.

– Pertsona fisikoen kasuan: ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak informazio hori lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion entitatearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidearen arabera baliozkoa dena.

3.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak informazio hori lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

c) Laguntzaren bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzaren azalpen-memoria, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:

1) Garatu beharreko jarduketa bakoitzaren gauzatze-proiektua, hau jasotzen duena:

1.a.– Lortu nahi diren helburuak.

1.b.– Gauzatu beharreko ekintzak.

1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) MSPB azterlanean edo hura ordezkatzen edo osatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.

Udalerriak ez badu MSPB azterlanik, egiaztatu behar du egin nahi diren jarduketa egokiak direla udalerriko merkataritza garatzeko.

5) Jarduera bakoitzean parte hartzeko aukera jakinarazteko erabiliko den sistema, egoki den kasuetan.

d) Hiri-merkataritzako elkarteko, plataformako, elkarte-multzo edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria, kideen zerrenda jasotzen duena, 2023ko abenduaren 31n eguneratua, eta kide bakoitzarengandik azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bereizi behar da; alegia, merkataritza-enpresa kideetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

e) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluan adierazitakoaren arabera.

f) Aldeko administrazio-ziurtagiriak, Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatuak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio organo kudeatzaileak zuzenean lortzeari, agindu honen 6. artikuluaren arabera: lAgindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

11. artikulua.– Zuzenketak.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akatsen bat antzematen bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztu diren eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen diren edo ez egiaztatzeko, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango diote entitate eskatzaileari, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Aurkeztutako eskabideak lehiaketa ez den norgehiagokako prozeduraren bidez izapidetuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluarekin bat; oinarri hauetan zehazten da prozedura eta bera ebaztean erabakiko dira entitate interesdunek planteatutako alderdiak.

3.– Prozedura bideratzean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 8.5 artikuluak xedatutakoa aplikatuko da, honela baitio: dirulaguntzen prozeduretan, beharrezko neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes gatazkak saihesteko.

4.– Merkataritza Zuzendaritzak ofizioz lortuko du balio erantsiaren gaineko zergari dagokion entitate eskatzaileen egoeraren inguruko informazioa; horretarako, ekonomia jardueren gaineko zergaren erregistrora joko du.

5.– Onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla kontuan hartuta emango dira dirulaguntzak, dokumentazioa bete ondoren eta 2. eta 8. artikuluetan ezarritakoari jarraituz; ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

6.– Eskabide bakoitzeko txosten teknikoa bidaliko da informazioa ematearren; txosten horretan, onuradun izateko proposatutako entitateak dirulaguntza jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituela adieraziko da, eskura dagoen informazioaren arabera. Era berean, honakoak identifikatuko dira: laguntza jasotzeko modukoak izanik onartu diren gastuak eta onartu ez direnak, onartuak ez izateko arrazoiak adierazita; dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak, agindu honen 2. eta 8. artikuluetan adierazitako mugen barrukoak. Txosten hori entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio edo, hala badagokio, elkarteen arteko udal-akordioan ordezkaritza bakarra gauzatzen duen elkarteari; izan ere, hura arduratuko da gainerako sinatzaileei jakinarazteaz.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, gehienez ere sei hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta, egintza bakar batean ebatziko du deialdia, eta gero entitate interesdunei jakinaraziko zaie.

Sei hilabeteko epean prozedurari buruzko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, administrazioaren isiltasuna ezezkotzat joko da eta, ondorioz, entitate eskatzaileak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko duen betebeharra.

2.– Merkataritzako zuzendariak eman eta jakinaraziko du laguntza-deialdi hau ebazteko administrazio-ebazpena, eta han adieraziko zein diren onartutako eta baztertutako eskabideak. Onartutako eskabideen kasuan, ebazpenak entitate onuradunak eta eskatutako nahiz emandako zenbatekoak jasoko ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 22.3 artikuluak jasotzen dituen beste alderdi batzuekin batera. Baztertutako eskabideen kasuan, baztertzeko arrazoia adierazi beharko da.

3.– Laguntzen deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) eta argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

4.– Entitate eskatzaileek ohartarazpen bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikoan eta/edo helbide elektronikoan, eta bertan, prozeduraren ebazpena egoitza elektroniko horretan argitaratu dela jakinaraziko zaie. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Itzulketa-prozedura hasteko erabakiak berekin ekarriko du automatikoki etetea eragindako dirulaguntzari dagozkion ordaindu gabeko zenbatekoen igorpenak. Gainera, haren 34. artikuluak – ordainketak atxikitzea – xedatutakoarekin bat, kautelazko neurri gisa, aukera emango da Administrazioak berak emandako beste dirulaguntza batzuen ondorioz ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-igorpenak eteteko, baina itzulketa-espedientea hasteko proposamenean edo ebazpenean finkatutako zenbatekoa gainditu gabe, une horretara arte sortutako berandutze-interesak barne.

14. artikulua.– Uko egitea.

Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.

Hala ere, ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Justifikaziora sartzea eta hura betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.

2.– Proiektua gauzatzeko epea amaituko da 2024ko abenduaren 31n.

3.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea 2025eko martxoaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikazio-agiririk aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikazio-agiririk aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.

4.– Entitate onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Justifikazio-memoria. Memoria horretan, gutxienez, informazio hau jaso beharko da:

1) Lortutako helburuak.

2) Gauzatutako jarduketak edo ekintzak.

3) Elkarte bakoitzak jarduketa bakoitza gauzatzean izan duen partaidetza-maila.

4) Egindako gastua.

5) Jarduketa edo ekintza bakoitzaren gastuak eta diru-sarrerak.

6) Dokumentazio grafikoa.

7) Gauzatutako egutegia.

8) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleen azken emaitzen balioespena.

9) Gauzatutako jarduketa-adierazleen hasieran proposatutako eta amaieran lortutako emaitzak jasotzen dituen elkartearen txostena (balioespen-akta); bertan jasoko dira, halaber, lortutako ondorioak eta egindako jarduketa bakoitzaren balorazioa. Horrez gain, hurrengo ekitaldietan jarduketa errepikatzea komeni den eta zergatik.

b) Jarduketa bakoitzaren laburpen-koadroa, fakturak zerrendan jarrita eta zenbatuta (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa). Justifikazio-agiriak taldekatuta aurkeztu behar dira: zuzeneko gastuak, batetik, eta zeharkako gastuak, bestetik. Diruz lagundutako jardueren zenbateko osoari dagozkion fakturak zerrendatu beharko dira.

c) Fakturak –gauzatze-epearen barruan eginak– eta horien banku-ordainagiriak; merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkartearen izenean edo enpresa-antolakundearen izenean egon daitezke, edo entitate horietako (plataforma edo taldea) kide den edozein elkarteren izenean.

Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagundu daitezkeen jarduketen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

d) Diruz laguntzeko modukotzat onartu diren jardueren zeharkako gastuak justifikatzeko, nominak, Gizarte Segurantzari egindako ordainketak edo kontratazioen egiaztagiri ofizialak erantsi beharko dira. Erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztuko da, diruz lagundutako jarduketari benetan dagokion zeharkako gastuaren egozpena justifikatzeko eta erabilitako denbora eta egotzitako zenbatekoen kalkulua azaltzeko.

e) Berariazko parte-hartzea beharrezkoa den kasuan, jarduketara bildutako establezimenduen zerrenda, elkarte antolatzailearen kide den edo ez zehaztuta.

f) Kide ez diren saltokiek jarduketa bakoitzean izan duten partaidetza-mailaren ziurtagiria.

1) Parte hartzen duten saltokiak.

2) Partaidetza-maila.

g) Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Hauek zehaztuko dira:

– Eskaeraren urtea.

– Erakunde finantzatzailea.

– Finantzaketaren jatorrizko programa.

– Jarduketa.

– Jarduketaren zenbatekoa, guztira.

– Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

– Emandako laguntzaren zenbatekoa.

5.– Kasu guztietan, finantzatutako jarduerari lotutako beste edozein agiri aurkeztu beharko da, baldin eta Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen badu eta justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

6.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketek agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.

8.– Diruz lagundutako jarduketen barnean, aldaketak onetsi ahal izango dira jarduketa bereko jardueren artean. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, onartutako jarduketen arteko aldaketak onartuko dira, bai eta jardueren birformulazioa eta diruz lagundutako zenbatekoen birbanaketa ere; laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz baimendu beharko ditu beti aldaketa horiek, egokitzat jotzen bada.

9.– Diruz lagundutako jarduketaren edo jarduketen justifikazioan, emandako zenbateko globalarekiko % 25etik beherako beheranzko desbideratzea gertatzen bada, dirulaguntza proportzio berean murriztuko da.

10.– Beherako desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezake, desbideratze hori salbuespenez gerora sortutako inguruabarrak gertatu eta emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla, era egoki eta fede-emailean, justifikatzen denean izan ezik. Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek, ofizioz, horri buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango dute. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

11.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio entitate interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.

12.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.

13.– Justifikazioa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluak xedatutakoaren arabera egingo baita, dirulaguntzarekin finantzatu diren egindako jarduerena eta haien kostuarena izango da, egindako gastu bakoitza bereizita.

Era berean, eta aipatutako legearen 16.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, entitate onuradunei deialdi honen 16. artikuluarekin bat emandako funtsek finantza-etekinak sortzen badituzte, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handituko dute eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren justifikazioaren erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da, zenbatekoa zehaztuta.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Honela ordainduko dira laguntzak:

Emandako zenbatekoaren % 80 dirulaguntza ematea onartzeko ebazpena eman ondoren ordainduko da, 18.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.

Gainerako zenbatekoa agindu honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da.

Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzaren bat itzuli behar izatearen ondoriozko ordainketa betebeharrak ere, egunean baditu.

Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu telematikoki (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa).

17. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebeharrak. Halaber, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jarduketen argitalpen, iragarki eta publizitate-lan guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie entitate onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.

d) Ez erabiltzea hizkera edo irudi sexistarik ezein euskarritan –ez publizitaterako, ez informaziorako–. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietako hizkera inklusiboa izan beharko da.

e) Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela adierazi beharko da espresuki, merkatarien elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez horietako bakoitzaren ale bat helarazi beharko da.

f) Merkatarien elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek zera jakinarazi beharko dute https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu estekaren bidez:

– Gutxienez zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako jarduerak zer lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren.

– Diruz lagundutako jardueren edozein aldaketa, jarduerarako aurreikusi den dataren aurretik.

g) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

i) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.

j) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

k) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

l) Jasotako funtsak, edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

m) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea diruz lagundutako jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

n) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

19. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean eskuratutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira entitate onuradunek administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik xede bererako jaso dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu; gaindituz gero, agindu honen bidez emandako laguntza murriztu egingo da, soberako kopurua kenduta.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– eta, hala badagokio, beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k), 16.4 eta 25. artikuluek diotenaren arabera.

Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu bada, dagokion itzultzeko prozedura, berandutze-interesak barne, abiaraziko da.

21. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, beren eginkizunak egikaritzean, jasotako laguntzei dagokienez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (entitate interesdunari entzun eta gero), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko Legearen 40. artikuluak –EAEko aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa– xedatutakoarekin bat, hargatik eragotzi gabe dagozkion beste ekintza batzuk. Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi hau lege-xedapen hauen mende dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak jasotzen duten oinarrizko araudia.

Hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzan Araubidea Erregulatzeko 20/ 2023 Legeak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoa. 698/1991 Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoaren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete behar dituzten betekizun, erregimen eta betebeharrak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 16a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK

Baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek jaso dezakete dirulaguntza:

– Udalerriko hiri-ekonomia garatzeko planteamenduekin bat datozenak, tokiko merkataritza-jarduera eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sustatzen dituztenak, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Plan Estrategikoan ezarri diren dinamizatzeko eta sustatzeko jarraibideekin bat datozenak;

– MSPB azterlanean edo horren ordezko edo osagarri den azterlanean jasota daudenak;

– Kide ez diren txikizkako saltokien parte-hartzea eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuena mugatzen edo baldintzatzen ez dutenak; hau da, halakoei eta kidetuei tratu bera ematen dietenak ekitaldiaren jakinarazpenei eta antolaketari dagokienez. Hala, udalerriko saltoki guztientzako eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu guztientzako eskuragarri dauden bitartekoak erabiliko dira; jarduketaren eragin-eremu geografikoa muga daitekeenean, berriz, eragin-eremu horretan kokatutako establezimenduak hartuko dira kontuan.

Diruz lagundu daitezkeen jarduketak lerro hauetan kokatuko dira, lehentasunez:

1.– Hurbileko merkataritza dinamizatzera bideratutako azterlanak.

Aholkularitza-enpresa espezializatuek beharrizan-azterketak eta programak egitea, merkataritza-jarduketako proposamen zehatzak, jarduteko plan estrategikoak eta establezimendu elkartuen salmenta-puntuko diagnostikoak formulatzeko, erosketa-esperientzia hobetze aldera. Azterlan horiek zehatz-mehatz definituko dituzte gauzatze-epeak, zuzeneko eragina izango dute hurbileko merkataritzaren dinamizazioan, eta merkataritza-zona edo merkataritza-sektore espezifikoetara zuzenduta egongo dira.

Lerro honen gehieneko zenbatekoak, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoari dagokionez, ezingo du haren % 20 gainditu, eta, nolanahi ere, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa gehienez 20.000 euro izango da.

2.– Hurbileko merkataritzari laguntzea.

Hurbileko merkataritzari laguntzea, merkataritza-sektorea edo zona batzuk sustatzeko ekintzak eginez, xede espezifiko hauetara bideratuta:

a) Entitate onuradunek sustatuta, azokak, animazio-jarduerak eta antzeko ekitaldiak egitea, merkataritza-zona jakin bat sustatzeko, eremu jakin batean edo jarduera-sektore batean kontsumoa bultzatzeko edo udalerria erosketetarako helmuga gisa ezagutzera emateko.

b) Sustapen-kanpainak egitea, zuzeneko salmentak bultzatzeko eta kontsumitzaileak fidelizatu eta erakartzeko, saltoki txikien abantailak azpimarratuz.

c) Merkataritzaren arloa eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sustatzea, kontsumitzaileei sariak, opariak eta primak emanez; horretarako, lehiaketak, zozketak edo merkataritza-sustapeneko eta -ordezkaritzako antzeko beste metodo batzuk erabiliko dira, barnean hartuta saltoki-bonuaren berezko kanpainak eta antzeko beste toki-kanpaina batzuk. Kanpoan geratuko dira eskudiruzko sariak.

d) Zona jakin batera merkataritza-fluxuak erakartzea erraztuko duten merkataritzaren zerbitzu osagarriak antolatzea eta sustatzea.

e) Sektore guztiarentzat interesa duten lankidetza-zerbitzuak garatzea eta kontratatzea, eskalako ekonomiak sortzen dituzten proiektuak egiteko, negoziazio onuragarriak lortzeko eta abar.

f) Gizartearen eta ingurumenaren aldetik kontsumo jasangarria bultzatzen duten jarduketak, bai eta kontsumo arduratsua, kontzientea eta hurbilekoa bultzatzen dutenak ere, helburua izanik bertako produktuen aldeko apustua finkatzea.

g) Tokiko merkataritzari buruz sentsibilizatzeko jarduketak, eta ingurumeneko eta kontsumo arduratsuko jardunbide onen balioa azpimarratzen dutenak.

h) Auzoetan lokal hutsek sortzen dituzten arrakalak ezabatzera bideratutako jarduketak; hau da, lokal hutsak dinamizatzeko helburua dutenak.

3.– Digitalizazioa eta teknologien erabilera.

Digitalizatzeko tresnak inplementatzea eta teknologiak erabiltzea merkataritza-zonetan; adibide gisa aipatzen dira hauek:

a) Merkataritzarako aplikazio digitalak ezartzea: soluzio eta gailu digitalak instalatzea (erakusleiho birtualak, sentsoreak, eskanerrak, mikrofonoak); marketineko tresna digitalak aplikatzea (kudeaketako software aurreratua, ordainketa-sistemak eta abar).

b) Big data edo datuen prozesamendua; adibidez, sare sozialetako mezuak, telefono mugikorreko seinaleak, mezu elektronikoak, inkestetako datuak eta abar.

c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzea, gehiago balia daitezen sare sozialak, webguneak eta merkataritzara bideratutako mapa komertzial geoposizionatuak.

d) Onlineko eta formatu txikiko erosketak jasotzeko guneak ezartzea, bai gune fisikoetan, bai etxerako bidalketetan.

e) Proba pilotu teknologikoak ezartzea eskala txikian, sektorearen eta kontsumitzaileen eskariei erantzuteko.

f) Onlineko merkataritza garatzea eskura dauden salmenta-plataformen bidez, eta haien mantentze-lanak egitea.

g) Mugikorrerako aplikazioak garatu eta mantentzea, eta txikizkako saltokien berri ematea aplikazio horien bidez.

h) Dinamizazio-plataformak ezarri eta mantentzea, zeinetan txertatuko baitira udalaren hiri-ekonomiaren ikuspegia eta, besteak beste, aisialdiarekin, ostalaritzarekin, turismoarekin eta kulturarekin dituen sinergiak.

f), g) eta h) letretan adierazitako mantentze-lanetarako ekintzen zenbatekoak ezingo du gainditu dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 25.

4.– Konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza.

Konpetentzia digitalak areagotzeko prestakuntza-ibilbideak, saltoki bakoitzaren digitalizazio-mailari egokituak, helburu dutenak udalak tokiko hiri-ekonomia dinamizatzeko egiten dituen jardueretan txikizkako saltokiak sartzea; eta txikizkako saltokietan beharrezkoak diren teknologiak txertatzeko ezinbestekoak diren konpetentzien gaineko prestakuntza, fakturazioaren eta zergen arloetan indarrean dagoen araudia bete dezaten (adibidez, TicketBai sistemarena).

II. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU EZIN DIREN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK

Jarduketa eta gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

1.– Ongi definitu eta justifikatu gabeko jarduerak, kalitate tekniko nahikorik ez dutenak, ezinezkoa izanik, ondorioz, proposatutako lanen edukia eta irismena balioestea laguntzen edo jarduketen xedeari dagokionez.

2.– Ordezkaritza- eta protokolo-gastuak.

3.– Elementu suntsikorrak eta ez-kontsumigarriak, sustapen-jarduerarenak berarenak, hala nola, egitura-materiala edo sustapen-opariak, merkataritza sustatzeko edo kontsumo arduratsua, kontziente eta hurbilekoa, bertako produktuen aldeko apustua finkatzen duena, bultzatzeko kanpaina edo ekintzekin loturarik ez dutenak.

4.– Merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzik erantsita ez duten azterlanak; onuradunarentzat zuzeneko irismen maila handirik ez dutenak; edo kalitate- edo prezio-irizpideei modu desorekatuan erantzuten dietenak nahitaez erantsi behar diren merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzei dagokienez.

5.– Zenbait jarduketaren ondoriozko gastuak: hornitzailea dirulaguntzaren eskatzaileari lotutako pertsona, enpresa edo entitatea diren kasuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

6.– Ez dira inola ere finantzatzeko moduko gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke. Horrenbestez, zerga-oinarriaren zenbatekoa finantzatzeko moduko gastua izango da, eta onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, orduan bakarrik, zerga horren zenbatekoa ere gastutzat hartuko da. Bestera esanda, BEZa diruz lagundu daitekeen gastu izango da onuradunak haren zati bat edo kopuru osoa ordaintzen duenean eta ezin duenean berreskuratu, orduan soilik; % 0tik % 100era bitartekoa izan daiteke, jardueraren eta onuradunaren tributazio-araubidearen arabera. BEZa guztiz edo partez ez berreskuratzea salbuespenezko egoera fiskal bat da, eta onuradunak egiaztatu egin beharko du justifikazio-agiriekin batera aurkeztuko duen dokumentazioan, salbuespen-ziurtagiri edo hainbanaketa-ziurtagiri baten bidez. Merkataritza Zuzendaritzak entitate eskatzaileen zerga-egoeraren gaineko informazioa eskuratuko du ofizioz ekonomia jardueren gaineko zergaren erroldatik, diruz lagunduko den BEZ portzentajea ezagutzeko xedez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala