Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2024ko maiatzaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2148

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita Anoetako geltokiko instalazio elektrikoen proiektua.

Datozen urteetan Donostiako Trenbide Pasantea martxan jartzeko egindako eskari-azterketek bidaiari kopurua nabarmen handituko dela aurreikusten dute. Trenbide-pasante berri horrek hiru geltoki berri irekitzea dakar, Bentaberri eta Kontxarako irisgarritasuna hobetuz. Anoetaren kasuan, egun 3.000 bidaiari inguru ditu, eta kopuru hori epe luzera hiru aldiz biderkatu daitekeela uste da. Horren ondorioz, eta egoera berri hori kontuan hartuta, geltokiaren funtzionaltasuna aztertu behar izan da. Izan ere, gaur egun geltoki horrek sarbide bakarra baitu Amararako noranzkoan, eta geltokia egokitu beharko da nasa-eremuan.

NFPA-130/2014 arauan ezarritako zehaztapenetan oinarritutako irizpideak betetzeak berekin dakar geltokira sartzeko bigarren atondo bat eduki beharra eta, hala badagokio, beharrezko larrialdi-irteerak aztertu eta diseinatu beharra. Horrez gain, lehenengo atondoaren birmoldaketa-lanak eta nasa-eremuko egokitzapenak egingo dira. Ildo horretan, bigarren atondo berria, lehenengo atondoaren birmoldaketa eta nasa-eremua egokitzeko beharrezkoa den obra zibileko eta arkitekturako proiektua egiten ari dira. Proiektu horretan ez dira sartzen lotutako instalazioak, ez eta lehendik dauden instalazioetan egin daitezkeen aldaketak ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da Anoetako geltokiko instalazio elektrikoak definitzea, bai eta lehendik daudenak egokitzea ere, ETSren diseinu-irizpideetara egokitutako estazio bat izatea lortuko bada. Lan hauek geltokiko zerbitzuak inoiz ere ez etetearen helburuarekin antolatu beharko dira, proiektuko 10. eranskineko («Obra Plana») egikaritze-faseetan deskribatzen den bezala.

Proiektuaren xedea Anoetako geltokiko instalazio elektrikoen proiektua idaztea da. Honek instalazio elektriko horiek definitu eta balioztatuko ditu, baita sarbide elektromekaniko- eta aireztatze-sistemak ere, horiek instalatu eta abian jartzeko beharrezkoak diren obrak kontrata bidez egiteko.

Proiektu honek instalazio elektrikoak, ekipo elektromekanikoak eta Anoetako geltokiko sarbideak jasotzen ditu. Barnean hartzen ditu bai atondo berri bi egitearekin lotutako instalazio berriak, baita nasa-eremuan lehendik dauden instalazioen egokitzapena ere.

Proiektu honen xedea ez da geltokiaren, nasen eta atondoen argiteriaren, ateen eta pertsianen obra zibileko edo arkitekturako jarduketak egitea, ezta ticketing-a ustiatzeko ekipamendua bera ere. Hala ere, horiekin guztiekin dauden interfazeak deskribatzen dira proiektuan.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi hirurehun eta hirurogeita hamaika mila zazpiehun eta berrogeita lau euro eta hogeita lau zentimokoa (2.371.744,24) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bi milioi zortziehun eta hogeita bi mila hirurehun eta hirurogeita hamabost euro eta hirurogeita lau zentimokoa (2.822.375,64) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi zortziehun eta hogeita bi mila hirurehun eta hirurogeita hamabost euro eta hirurogeita lau zentimokoa (2.822.375,64), BEZa barne.

Obrak egiteko hogeita bat (21) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Anoetako geltokiko instalazio elektrikoen proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bi milioi zortziehun eta hogeita bi mila hirurehun eta hirurogeita hamabost euro eta hirurogeita lau zentimokoa (2.822.375,64) da, eta obrak egiteko epea hogeita bat (21) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Garraio Azpiegituren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Garraio Azpiegituren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 12a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala