Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2024ko apirilaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1900

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua».

ETSk kudeatzen dituen trenbideen luzeraren zati handi bat trenbide bakarreko ibilbideekin dago osatuta, eta horrek nabarmen zailtzen du haien ustiapena. Batez ere bidaiarien trafikorako erabiltzen da, eta nabarmen mugatzen du haien garraio-ahalmen orokorra. Horrek mugatu egiten du ahalmen orokorra, merkantzien garraioari dagokionez, batez ere.

Egoera hori konpontze aldera, urteetan zehar zenbait azterlan egin dira Bilbao-Donostia aldirietako lineako tarteak bikoizteko aukera aztertzeko, gauzatu beharreko inbertsioei ahalik eta eraginkortasun handiena emango dioten jarduketak bilatuz.

Proiektuaren xede den zatia Bilbao-Donostia lineako Zarautz-Usurbil tarteko zati bat da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburua trazadura-saihesbide bat bilatzea da, zerbitzuaren Zarautzerainoko maiztasunak hobetzeko, Usurbil eta Zarautz arteko tartearen bidaia-denborak, mantentze-kostuak eta istripu-tasa murrizteko eta, azken batean, trenbide bitarteko garraio jasangarria indartzeko.

Proposatutako jarduketa guztien artean, bat eraikuntza-proiektu horren xedea da: Aginagako tunelaren saihesbidea; Euskal Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia lineako trenbidearen 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean. Proiektatutako trenbideari dagokion lotura-puntua 94+751,120 KPa da.

Trazadura berriarekin, Oria Itsasadarra ES2120010 KBEaren eremuan dagoen mendia inguratu beharra saihestu nahi da, Usurbil eta Orio arteko egungo trenbide bakarreko tartean bidaia-denborak nabarmen murrizteko. Gaur egun ibilbide hori egiteko 9 minutu behar dira, eta 7 minututik behera murriztu nahi da. Horrela, ustiapena 15 minutuz behingo maiztasunarekin eskaini ahal izango da Zarautzeraino, eta bidaiarientzako erosotasun- eta segurtasun-baldintza hobeak izango ditu, azpiegituran eta mantentze-lanetan ahalik eta eragin gutxien sortuz eta denborak ahalik eta gehien murriztuz.

Aurreikusitako tunel-trazaduraren saihesbidea trenbide bikoitzean proiektatu da, tunelean eta trenbide bikoitzean joango den tarte horretan, merkantzia-trena baztertu ahal izateko, bidaiarien trenaren ustiapena kaltetu gabe, eta, horrela tren-ustiapeneko sarean merkantzia-trenen zirkulazioa hobetzeko.

2009ko maiatzaren 7an, Garraio Azpiegituraren zuzendariak «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» onartu zuen.

2017ko uztailaren 28an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana eguneratu zen, jendaurrean jarri ahal izateko.

2019ko abuztuan, 2009an onartutako «Aginagako Tunelaren Eraikuntza-proiektua» eguneratzeko ingeniaritza zerbitzua hasi zen.

2021eko urriaren 6an, Garraio Azpiegituraren zuzendariak, «Aginagako tunelaren eraikuntza proiektua» eta haren ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko ebazpena eman zuen.

2022ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzak Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzari.

2022ko apirilaren 13an, Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioaren eta alegazio-egilearekin izandako elkarrizketen arabera, eta APAJL izenekoaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzara bidali zuen Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena atzera botatzeko eskaera.

2024ko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkularraren Sailak Aginagako tunelaren EParen gaineko Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena egorri zuen.

Aurrekari horiekin, Eraikuntza Proiektuaren eguneratze berri bat idatzi zen. Eguneratze horrek, IIAk deskribatutako baldintzak, oharrak, neurri zuzentzaileak eta babes-neurriak jasotzen ditu, bai eta Aginaga parean trenbidearen bide bikoitzeko tunela egiteko obrak behar bezala definitzeko beharrezkoak diren jarduketak ere.

Zehazki, Euskal Trenbide Sarea-Ferrocarriles Vascos Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia lineako 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean saihesbidea eraikitzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak zehaztean datza proiektua.

Proiektatutako trenbideari dagokion lotura-puntua 94+751,120 KPa da; beraz, jarduketa osoak 1.584 metro hartzen ditu.

Proiektatutako tunela 93+306,00 KPan hasten da eta 94+635,07 KPan amaitzen da. Guztira 1.329,07 metro. Meategiko tunela 93+330,44 KParen eta 94+604,64 KParen artean egingo da.

45,10 m2-ko barne-sekzioa proiektatuko da, eta 4,27 metroko barne-erradioa izango du gangan.

Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko moduan. Bilbao aldean 24,44 metroko luzera duen egitura diseinatu da 93+306,00 eta 93+330,44 KPen artean. Donostia aldean, 30,43 metrokoa da, 94+604,64 eta 94+635,07 KPen artean.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hogeita zazpi milioi, hirurogeita hemeretzi mila ehun eta berrogeita hamar euro eta hogeita hiru zentimokoa (27.079.150,23) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hogeita hemezortzi milioi, bederatziehun eta laurogeita hamaika mila berrehun eta hirurogeita zortzi euro eta berrogeita bat zentimokoa (38.991.268,41) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hogeita hamabi milioi, hirurehun eta hogeita hamazortzi mila laurehun eta hogeita bost euro eta hemeretzi zentimo (32.338.425,19), BEZik gabe.

Obrak egiteko berrogei hilabeteko (40) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du Gobernu Kontseiluari erreserbatuta ez dauden trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hogeita hemezortzi milioi, bederatziehun eta laurogeita hamaika mila berrehun eta hirurogeita zortzi euro eta berrogeita bat zentimokoa (38.991.268,41) da, eta obrak egiteko epea berrogei hilabetekoa (40) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 25a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala