Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2024ko apirilaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1898

AGINDUA, 2024ko apirilaren 15ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatzen duena.

Herrizaingoko sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda onetsi zen (abenduaren 31ko EHAA, 250. zk.), eta, harrezkero, hainbat aldiz aldatu da, lanpostuok egitura-aldaketetara egokitzeko.

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko (martxoaren 20ko EHAA, 54. zk.) eta 2015eko azaroaren 6ko (azaroaren 16ko EHAA, 218. zk.) aginduen bidez, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatu zen, eta, hala, Ertzaintzaren egitura finkatu zen, Ortzimuga-2016 plan estrategikoan adierazitako gidalerroekin bat etorriz.

Ondoren, beste agindu hauen bidez aldaketa batzuk egin ziren, behar berriak sortu ahala lanpostuen egitura haietara moldatzeko: 2017ko martxoaren 30ekoa (apirilaren 7ko EHAA, 69. zk.); 2017ko abenduaren 26koa (urtarrilaren 3ko EHAA, 2. zk.); 2018ko martxoaren 7koa (martxoaren 15eko EHAA, 53. zk.); 2018ko urriaren 11koa (urriaren 19ko EHAA, 202. zk.); 2019ko otsailaren 18koa (otsailaren 25eko EHAA, 39. zk.); 2019ko abenduaren 20koa, (urtarrilaren 8ko EHAA, 4. zk.); 2020ko otsailaren 4koa (otsailaren 10eko EHAA, 27. zk.); 2021eko martxoaren 16koa (apirilaren 19ko EHAA, 75. zk.); 2021eko azaroaren 18koa (abenduaren 1eko EHAA, 239. zk.); 2022ko maiatzaren 13koa, (maiatzaren 26ko EHAA, 101. zk.), 2023ko apirilaren 17koa (maiatzaren 15eko EHAA, 90. zk.) eta 2023ko urriaren 23koa (urriaren 31ko EHAA, 209. zk.).

Kontuan izanik lanpostu-zerrendak antolakundeen zerbitzura dagoen tresna dinamikoa direla, Agindu honek aldaketa hauek ezartzen ditu:

Guardiako ikerketa kriminalaren arloa berregituratzeko asmoz, zenbait lanposturen zuzkidurak ezabatu eta gehitu dira, eta langileak unitateetako premien arabera birbanatu dira; baina, funtsean, instruktore-buruaren figura berreskuratu da.

Intendente-kategoriarako gordetako lanpostu bat aurreikusten da, Administrazioak emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea eta aniztasuna babesteko dituen betebeharrei erantzuteko.

Pilotuen lanpostuak eskuratu eta betetzeko eskatzen diren titulazioak jarduera arautzen duen araudiaren eskakizunetara egokitzen dira.

Bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden langileek bete ditzaketen zuzkidurak eguneratzen dira.

Azkenik, aurreko aldaketen ondorioz beharrezkoak diren derrigortasun-datak egokitu dira.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuak amortizatzea eta lanpostuen zuzkidurak kentzea.

2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak sortzea eta lanpostuen zuzkidurak gehitzea.

3. artikulua.– III. eranskinean jasotako Ertzaintzaren lanpostu-zerrendaren aldaketak onestea.

4. artikulua.– IV. eranskinean zerrendatzen diren zuzkiduren hizkuntza-eskakizuna betetzeko derrigortasun-datak berresleitzea.

5. artikulua.– Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda berria osorik argitaratzea, V. eranskinaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren esanbidezko ebazpena eman arte, edo haren presuntziozko ezespena gertatzen den arte, hilabete igarotzeagatik errekurtsoa izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegi eskudunean; horretarako epea bi hilabetekoa da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 15a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala