Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2024ko apirilaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
1888

44/2024 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia onartzen duena. Erabaki horren bidez, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuak irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzen dira (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea).

Transferentzien Batzorde Mistoak hartu duen erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da, batetik, onartzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkuran 2024ko martxoaren 11n hartutako erabakia, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzeari buruzkoa (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza-aitortzea), eta, bestetik, transferitutako eginkizun eta zerbitzuak atxikitzea.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 16an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Estatuaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2024ko martxoaren 11ko erabakia onartzea. Erabaki horren bidez, gehitu egiten dira irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuak irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea), apirilaren 9ko 366/2024 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan, eta agindu egiten da aipatutako Errege Dekretua dekretu horren eranskin gisa argitara dadila, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

ERANSKINA, APIRILAREN 16KO 44/2024 DEKRETUARENA.
366/2024 ERREGE DEKRETUA, APIRILAREN 9KOA, IRAILAREN 26KO 2808/1980 ERREGE DEKRETUAREN BIDEZ IRAKASKUNTZAREN ARLOAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATUTAKO EGINKIZUN ETA ZERBITZUAK GEHITZEN DITUENA (ATZERRIKO GOI-MAILAKO HEZKUNTZA-SISTEMEN ESPARRUAN LORTUTAKO TITULUAK HOMOLOGATZEA ETA BALIOKIDETZA AITORTZEA).

Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari erreserbatzen dio, eskumen esklusibo gisa, titulu akademikoak eta lanbide-tituluak eskuratu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzea, eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak ematea, botere publikoek alor horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

Bestalde, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 16. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.

Irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez, irakaskuntzaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion. Bestalde, abuztuaren 23ko 1948/1996 Errege Dekretuaren bidez, arestian aipatutako errege-dekretuaren bidez eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitu ziren, titulu akademikoak emateari dagokionez.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2024ko martxoaren 11ko bileran, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuak irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzeko erabakia hartu zuen (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea). Erabaki hori Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.

Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta, eta ministroen kontseiluaren 2024ko apirilaren 9ko bileran aztertuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.

Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak 2024ko martxoaren 11ko bileran hartutako erabakia, errepide alorrean irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuak irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzeari buruzkoa (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea). Erabaki hori errege-dekretu honen eranskinean jaso da.

2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea.

Ondorioz, gehitu egiten dira Estatuko Administrazioak irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzaren arloan (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea) Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak, Batzorde Mistoaren erabakian ageri den bezala eta bertan zehaztutako termino eta baldintzen arabera.

3. artikulua.– Eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuen gehikuntzaren eraginkortasuna.

Batzorde Mistoaren erabakian adierazitako egunetik aurrera izango du eragina eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuen gehikuntzak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA, APIRILAREN 9KO 366/2024 ERREGE-DEKRETUARENA.

Jorge García Carreño eta Ugaitz Zabala Gómez jaunek, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkariak diren aldetik, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

2024ko martxoaren 11n egindako Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkuran, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeko erabakia hartu zen (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea), ondoren adierazten den moduan:

A) Gehikuntza babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauak.

Konstituzioaren 149.1.30 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusiboa da titulu akademikoak eta lanbide-tituluak eskuratu, luzatu eta homologatzeko baldintzak arautzea, eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak ematea, botere publikoek alor horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

Bestalde, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 16. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.

Irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntzaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion. Bestalde, abuztuaren 23ko 1948/1996 Errege Dekretuaren bidez, gehitu egin ziren lehen aipatutako errege-dekretuak titulu akademikoak emateari buruz eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Arau-aurreikuspen horiek oinarri hartuta, bidezkoa da irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari irakaskuntzaren arloan eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea (atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak homologatzea eta baliokidetza aitortzea).

B) Gehitzen diren Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak.

1.– Estatuak ezarritako araudiaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio honako eginkizun hauek:

a) Atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak Espainiako unibertsitate-titulu ofizial batekin homologatzea.

b) Atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak unibertsitateko gradu eta masterreko Espainiako maila akademiko ofizial batekin baliokidetzat jotzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-arloko eskumena duen sailak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraziko dizkio organo eskudunak hartutako homologazio-ebazpenak eta baliokidetasun-aitorpenak, Unibertsitate Titulu Ofizialen Erregistro Nazionalaren sekzio berezi batean erregistratzeko.

3.– Homologazioa edo baliokidetasun-aitorpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak ematen dituen ebazpenak egiaztagiri baten eta ziurtagiri baten bidez formalizatuko dira, hurrenez hurren. Ziurtagiriok emateko data homologazio-ebazpenarena edo baliokidetasun-aitorpenarena bera izango da, eta lurralde nazional osoan izango dute eragina. Egiaztagiriaren eta baliokidetasun-aitorpenaren gutxieneko edukia I. eranskinean zehazten da, eta haren ezaugarri teknikoak aplikatu beharreko legerian ezarritakora egokitu behar dira.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonen homologazioa edo baliokidetasun-aitorpena eskatzea. Estatuko edo Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek egiaztatzen badute dagokion baldintza ez dela betetzen, homologazio-eskaera edo baliokidetasun-aitorpena izapidetzeko ez onartzea ebatziko dute, arrazoituta.

C) Estatuaren Administrazioak beretzat gordetako eginkizunak.

Eginkizun hauek Estatuaren Administrazio Orokorraren eremukoak izaten jarraituko dute:

a) Titulu akademikoak eta lanbide-tituluak eskuratu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzeko eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak emateko ahala, botere publikoek arlo horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko, bai eta Konstituzioaren eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzea ere.

b) Atzerriko unibertsitate-ikasketak edo horien aldiak baliozkotzearen bidez nola aitortuko diren arautzea, baldin eta horien eskumen exekutiboa unibertsitateei badagokie.

c) Aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetza zehaztea.

C) Lankidetzako formula instituzionalak.

1.– Batzorde Tekniko bat sortzen da, administrazio bakoitzeko kide-kopuru berak osatua, lankidetza-mekanismoak ezartzeko homologazio- eta baliokidetasun-irizpideen aplikazioa harmonizatzeko, dagozkien eginkizunak betetzean lankidetza sustatzeko, informazioa bidaltzeko modua antolatzeko eta hitzarmena interpretatzean, gauzatzean eta betetzean sortzen diren arazoei aurre egiteko.

2.– Batzorde Tekniko horretan, dagozkion akordioak edo hitzarmenak sinatu ahal izango dira. Zehazki, bi administrazioen homologazioen eta baliokidetasun-aitorpenen datu-baseetara modu partekatuan sartzeko prozedura ezarriko da, besteak beste, bikoiztasunak saihesteko eta baliokidetasun-aitorpeneko edo homologazioko prozeduretan interesdunen eskabideak eta dagozkien ebazpenak erkatzeko.

E) Gehikuntzak eragindako aurrekontu-kredituak.

Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeari lotutako estatu-mailako urteko kostu osoa 1. zerrendan jasotzen da.

F) Gehikuntzaren eraginkortasun-data.

1.– Erabaki honen xede diren eginkizun eta zerbitzuen gehikuntzak 2024ko uztailaren 1etik aurrera izango du eragina.

2.– Gehikuntza hau aplikatuko zaie berau indarrean jarri ondoren aurkezten diren homologazio- edo baliokidetasun-eskabideei.

Eta jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen dugu Madrilen eta Gasteizen, 2024ko martxoaren 11n. Transferentzien Batzorde Mistoaren idazkariak: Jorge García Carreño jauna eta Ugaitz Zabala Gómez jauna.

I. ERANSKINA

Egiaztagiriaren eta ziurtagirien ereduak.

Egiaztagirian eta ziurtagirian, gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako dokumentu bakar batean, datu hauek agertuko dira:

A) Egiaztagiria:

• Interesdunaren izen-abizenak, nazionalitatea eta jaiotze-data:

• Homologatzen den atzerriko unibertsitate-titulua.

• Homologatzen den titulua eman duen unibertsitatea.

• Homologatzen den unibertsitate-tituluaren jatorrizko herrialdea.

• Espainiako zein unibertsitate-titulurekin homologatzen den eta haren maila.

• Homologazioak gaitzen duen lanbidea.

• Homologazioaren egiaztagiriaren data, data horretatik aurrera egiaztatzen baitu homologazioa.

• Homologazioa erabaki duen organoa.

• Homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria ematen duen organoa.

B) Ziurtagiria:

• Interesdunaren izen-abizenak, nazionalitatea eta jaiotze-data:

• Ziurtatzen den atzerriko unibertsitate-titulua.

• Ziurtatzen den titulua eman duen unibertsitatea.

• Ziurtatzen den unibertsitate-tituluaren jatorrizko herrialdea.

• Ziurtatzen den baliokidetasunaren maila akademikoa.

• Ziurtagiriaren data, data horretatik aurrera ziurtatzen baitu homologazioa.

• Ziurtagiria ematea erabaki duen organoa.

• Baliokidetasunaren ondorioak egiaztatzen dituen ziurtagiria ematen duen organoa.

1. ZERRENDA

Estatu-mailako urteko kostu osoa.

(Euroak, 2023).

28. atala: Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa*.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala