Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2024ko apirilaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1810

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 26koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako «Lortu» laguntza-programa arautzen duten oinarriak onartzekoa eta deialdia iragartzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, zenbait jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria- eta enpresa-jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapenari eta enpresen ekintzailetza sustatzeari Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu Euskadiko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna enpresen lehiakortasuna sustatzea den arren, horretarako zenbait palanka aktibatuta, garrantzitsutzat jotzen da planteatzen diren erronkei heltzea, epe ertain eta luzean finantza-osasuna izateko. Horren mende dago haren lehiakortasunean eragin zuzena duten planei eta proiektuei heldu ahal izatea.

Organismo publiko nahiz pribatuak enpresen esku laguntza-neurriak jartzen ahalegintzen dira, enpresa-jardueran sendotasunez eta kaudimenez jarraitu ahal izateko. Baina enpresa askoren zorpetze-ratioak igo egin dira COVID-19aren eta Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondoriozko krisiak eragindako azken gertakarien harira. Hornidura-kateen etenen, kostu energetiko altuen eta interes-tasen etengabeko igoeren ondorioz, enpresek lehiakortasuna zaindu eta areagotzeko neurriak hartu behar dituzte.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da helburu nagusi honekin: industria-produktuari eta -prozesuari lotutako industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babestea, jarduerari jarraipena emateko eta etorkizuna ziurtatzeko, zati operatiboa eta bereziki finantza-zatia antolatuta.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL»), 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horretan aipatutako dirulaguntzak, besteak beste, publikotasunaren printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar direla. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak xedatzen du dirulaguntza mota edo dirulaguntza-programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

SPRIko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez programari zegokion gastua baimendu zen.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Onestea 2024rako «Lortu» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia (erabaki honen eranskinean).

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzi-epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2024ko martxoaren 26a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2024rako LORTU LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, bai eta inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

«Lortu» programa lehiakortasun-palankekin bat datozen jarduera-politikekin lerrokatutako tresna da. Programaren xedea da enpresei finantza-osasuna izaten laguntzea azken gertaeren ondorioen eraginez, epe ertain eta luzean lehiakortasuna sendotzeko plan eta proiektuei ekin diezaieten. Finantza-osasuna esaten dugunean, entitate batek finantza-baliabideen kudeaketa onaren ondorioz lortutako ongizateaz ari gara, hori baita ordaintzeko betebeharra bete eta sarreren eta gastuen gorabeheren aurrean erresilienteak izateko aukera ematen duena, enpresaren oraingo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, lehiakortasuna zaintzeko proiektuei heltzen jarraitzeko aukerarekin.

Enpresa askok aurrera egitea lotuta dago berregituraketa-prozesuak negoziatzearekin, eta bizirik iraun duten enpresa askok euren aktiboa berregituratzeko eta zorra erabat birfinantzatzeko duten gaitasunari esker iraun dute. Berregituraketa bat ez da soilik zorra birfinantzatzea: kasu gehienetan, birfinantzaketak aktiboak edo zati operatiboa berregituratzeko ere eskatzen du.

Aldea dago ikuspuntu operatibotik eta finantza-ikuspuntutik jorratu beharreko kontuen artean. Lehenengoek prezio eta kostuei, kobrantza eta ordainketei, gastuei, inbentarioari, eta abarri buruzko erabakiei leku handiagoa ematen diete, eta bigarrenek, berriz, gai operatibo horiek finantzatzeko moduari buruzko erabakiak behar dituzte, kapital-egitura, zorraren egitura, bien kostua eta horiek nola edo noiz eskuratu behar diren aztertuta. Finantza-osasuna izateko eta zaintzeko, enpresek osasun horretan eragina duten aldagai guztiak aztertu behar dituzte, eta beharrezkotzat jotako gainerako guztiak ere bai.

Laguntza horren bidez, kontu horietan eragina duen alderdi bakoitzaren aurretiko diagnostikoa egin nahi da, bi aldeen arteko lan partekatuaren bidez. Zeregin horretan, aditu independenteak enpresaren egungo egoera zein den jakin ahal izango du, eta, horrela, lagundu ahal izango dio plan bat egiten eta alde guztiek beharrezkotzat jotzen dituzten erabakiak eta neurriak hartzen.

Egungo egoeraren ondorioz, berregituraketa operatiboak egiten dituzten enpresa askok likidezia-arazo bat hautematen dute, eta arazo hori sortu daiteke galera-irabazien kontuan islatzen diren eragiketa-politiken ondorioz, enpresaren maniobra-funtsaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten alderdi operatiboen ondorioz, aktibo finkoetan inbertitzeko politika ez-efiziente baten ondorioz edo kapital- eta zor-egitura egokirik ez izatearen ondorioz.

Behin enpresaren aldi baterako berregituraketa eta birfinantzaketa behar duen likidezia-arazoa identifikatuta, finantza-plan bat egin behar da, epe labur, ertain eta luzekoa, non jasoko baitira likidezia operatiboa hobetzeko ezarriko diren neurri operatiboak eta enpresa bideragarri egiteko behar diren baliabideak.

Horrek guztiak analisi bat eta plan bat egiteko eskatzen du, enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten neurri identifikatuak aurrera eraman ahal izateko, finantza-osasuna izan dezan, eta horrek, aldi berean, bere lehiakortasuna indartzeko aukera emango dio.

Birfinantzaketa beharrezkoa den kasuetan, enpresak aldebiko negoziazioari egin behar dio aurre finantza-erakundeekin, zenbait aukera egon daitezkeen testuinguru batean. Hala ere, baliteke berregituratze horrek eragile gehiago inplikatzea, hala nola finantza- eta merkataritza-hartzekodunak, akziodunak, langileak, bezeroak eta ogasun publikoa eta administrazioak. Bideragarritasun- edo berregituratze-planak oreka bilatu behar du enpresaren bideragarritasunaren eta eragileen sakrifizioen artean.

Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta. Hori dela eta, garrantzi berezia du enpresei laguntza profesional aditua emateak susperraldiari ekiteko.

Horregatik guztiagatik, laguntza honen bidez, kanpoko profesionalek emandako zerbitzuak kalitatekoak izatea lortu nahi da; horretarako, ziurtatuko da birfinantzaketa-proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela eta lankidetza hori gailenduko dela, dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte eta, azkenik, hala bada, hartzekodunekin birfinantzatzen den arte. Ulertuko da proiektu osoan lortutako arrakasta bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, zenbait jarduketa betetzeko baldintzapean egongo da laguntza.

Amaitzeko esan beharra dago erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela programa, 2023ko abenduaren 20an onartu zuela Kontseiluak 2024ko ekitaldirako, eta erakundearen gardentasunaren atarian argitaratu zela, planaren helburu hau lortzen laguntzeko: «Industria-produktu eta industria-prozesuekin lotutako zerbitzu- eta industria-enpresei zuzendutako kanpoko laguntza profesionala eskaintzea, elkarrekin birfinantzaketa-proiektu bat egin ahal izateko, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraitutasuna eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan».

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da industria-produktu eta -prozesuekin lotutako zerbitzu- eta industria-enpresei zuzendutako kanpoko laguntza profesionala arautzea, elkarrekin finantza osasuna lortu ahal izateko proiektu bat egin ahal izateko, litekeena da birfinantzaketa behar izatea enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraitutasuna eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan.

Erabaki horiek neurri operatiboak eta finantzarioak dakartzate, eta ekintza-plan batean jaso behar dira. Ondoren, laguntza eta aholkularitza emateko esparruaren barruan gauzatu beharko dira. Horri guztiari esker, finantza-zorrak berriro negoziatu ahal izango dira, epe labur, ertain eta luzera finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza hauek emateko, kontuan hartuko dira egoki jasotako eskabideak, eta ondoz ondoko emakida-prozedura beteko da. Beraz, eskabideak banaka eta ordenan ebatziko dira, eskabide bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

2.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2033ko abenduaren 13ko Europako Batzordearen 2831/2023 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa bete behar dute («2831/2023 Erregelamendua»).

4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako zenbatekoekin, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2024ko baliabide ekonomikoak 500.000 eurokoak dira, eta SPRI- Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsen izaera mugatua denez, programaren asmoa da laguntzak ahalik eta azkarren ematea eskatu ondoren; beraz, espedientea osatu ahal sortzen den hurrenkeraren arabera esleituko dira eta, programaren gehieneko zuzkidura gainditzen denean, ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezin izango da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Entitate onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Industria-produktu eta industria-prozesuekin lotutako zerbitzu- eta industria-enpresek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, pertsona juridikoak badira eta 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badaukate.

b) Euskadiko ekonomia jardueren gaineko zergan dagokien epigrafean alta emanda badaude.

2.– Hauek ezin izango dituzte eskuratu deialdiaren xede diren dirulaguntzak:

a) Sektore publikoren bateko kide direnek, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

b) DAELen 13. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorreko (DLO) 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek, aplikatzekoa den guztian.

Bereziki, kontuan hartuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak beteta dituztela Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, ulertuko da egunean dituztela dirulaguntzen itzulketaren ondoriozko betebeharrak, baldin eta zor horiek geroratuta edo zatikatuta eta bermatuta badaude, edo zor horiek etenda badaude itzulketarako ebazpena aurkaratu delako.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

d) LGBTIfobia sortzen, bultzatzen edo sustatzen dutenek, konbertsio-terapia egin edo bultzatzea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

e) 2023ko deialdian Lortu programaren onuradunak izan direnek, edo Lortu programaren aurreko deialdiko laguntzaren xede izan diren jarduerak likidatu ez dituztenek.

f) Aurreko hiru urteetan minimis laguntzetan 300.000 euro baino gehiago lortu dituztenek.

g) Kanpoko enpresa adituarekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetza dutenek edo gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna dutenek.

3.– Laguntza-eskabidea aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat daukatela.

– Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokien epigrafean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 11. artikuluko dokumentazioa eta informazioa aurkeztuko dira edo erantzukizunpeko adierazpena egingo da oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera; bigarren aukera hautatuz gero, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, SPRIk hala eskatutakoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betetze aldera. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez ziurtatutako baldintzen egiazkotasuna, hala badagokio, ikuskapen-ikustaldi bidez edo dokumentazioa eskatuta egiaztatu ahal izango da.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta egiteko epea.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira birfinantzaketa-proiektuei ekitera edo gauzatzera bideratutakoak edo onuradunek beren finantza-osasuna lantzera bideratutakoak, baldin eta ondoz ondo hau ahalbidetzen badute:

a) Onuradunaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egitea.

b) Ekintza-plan bat egitea, abiapuntuko egoeraren diagnostikoan oinarrituta, onuradunaren bideragarritasunerako behar diren ekintzak gauzatu ahal izateko.

c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzea finantza-osasuna izateko, eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzea prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin.

Ondore horretarako, finantza-osasuntzat hartuko da, alde batetik, enpresa batek lortzen duen ongizatea uneko eta etorkizuneko ordainketa-betebeharrak betetzeko finantza-baliabideen kudeaketaren bidez; eta, bestetik, operatiboan eragina duten gainerako faktoreen kudeaketa ekonomiko ona. Horri esker, proiektuak modu jasangarrian egin daitezke, eta lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko gai izango da. Enpresa baten xedea kaudimen ekonomikoa izango da, uneko eta etorkizuneko betebehar ekonomikoei aurre egiteko eta jarduera modu jarraian egin ahal izateko. Kasu jakin batzuetan enpresaren pasibo finantzarioaren baldintzak hobetuko dituen birfinantzaketa egin beharko da, zorraren zerbitzuaren epeak eta baldintzak hobetzeko xedez.

Ondorio horietarako, birfinantzaketa-proiektutzat hartuko dira diruzaintzako tentsioen edo kaudimengabeziaren ondorioz pasibo finantzario osoaren terminoak eta baldintzak aldatzen saiatzen diren proiektuak. Prozesu hori bukatu ondoren, enpresaren egoera finantzarioa egonkorragoa eta jasangarriagoa izan beharko luke.

2.– Proiektu bakarra aurkez daiteke enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.

3.– Proiektuak hasten direnetik gehienez ere 9 hilabeteko epean gauzatu beharko dira.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Gastu hautagarritzat hartuko dira kanpoko enpresek egindako aholkularitza-gastuak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egiteko gastuak, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik;

b) Ekintza-plan bat egiteko gastuak, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne; eta

c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzeko gastuak, finantza-osasuna lortzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza emanez, pasibo finantzarioa berriz negoziatzea barne.

7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

1.– Programa honen xede den jarduerarekin zuzenean lotuta egon behar dute.

2.– Laguntza-eskabidea SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko ezarritako epean zehar sortu edo fakturatuak izan behar dute. Halaber, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira.

3.– Kanpoko enpresek egindakoak.

4.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastuaren balioa txikitu egingo da.

5.– Gastu hautagarriaren balorazioa kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

6.– Aditu independentearen eskaintzak adierazi beharko du zenbat lanordu proposatzen diren lanerako eta zenbateko ordu-prezioa daukan benetako aholkularitza espezializatuak, eta jarduketa hauek zehaztu beharko ditu:

i) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egitea, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik.

ii) Ekintza-plan bat egitea, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne.

iii) Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea.

iv) Finantza-osasuna lortzeko plana gauzatzean lagun egitea eta aholkatzea, eta beharbada beharrezkoa izango da pasibo finantzarioa berriro negoziatzea.

7.– Diruz lagundu daitezkeen gastuetarako kostua ezingo da inolaz ere merkatuko balioa baino handiagoa izan. Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua edo aholkularitza espezializatuaren ordu-prezioa handiegia dela iritziz gero, gastu hautagarrien zenbatekoa murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

8.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak.

9.– Oinarri hauen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira DAELen 31.3 artikuluarekin, DLOren 29. artikuluarekin eta DLOren Erregelamendua («DLOE») onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluarekin bat datozenak. Onuradun batek azpikontratatu edo kontratatu duela ulertuko da dirulaguntzaren xede den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko kontratatu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuta, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada eta hirugarrenekin kontratua egin beharra badago, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik halakorik egiten, mailegatzen edo hornitzen duen behar beste entitate ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Jaso dituen eskaintzetatik zein aukeratu duen adierazi beharko du dirulaguntza-eskabidean. Aukeraketa hori eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egin beharko da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean hautatutako eskaintza ez bada ekonomikoki onuragarriena.

10.– Kanpoko enpresa adituek ezin dute laguntza-eskatzailearekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik izan, ez eta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere. Entitate eskatzaileak ere baldintza bera bete beharko du kanpoko enpresa adituari dagokionez.

11.– Kanpoko enpresek eta proposatutako taldeak esperientzia egiaztatua izan beharko dute proiektuaren esparruan, eta eskaintzan datu hauek jaso beharko dira:

– Proiektua gauzatzeko osatutako taldean parte hartzen duten pertsonen izena, prestakuntza eta esperientzia osoa;

Antzeko eragiketetako esperientzia:

– Antzeko zenbat eragiketatan hartu duten parte;

– Eragiketa motak;

– Eragiketa horiek zein sektoretakoak diren;

– Parte hartu duten 3 eragiketa nagusien deskribapen laburra;

– Mota horretako eragiketetan birfinantzatutako zorraren bolumena; eta

– Eragiketa horietan izandako emaitzak/lorpenak.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak gastu hautagarrien % 80ko dirulaguntza bezala egituratuko dira, eta gehienez ere 30.000 euroko dirulaguntza emango da enpresako, deialdi honetan.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak Europar Batasunaren beste finantzabide batzuekin eta beste laguntza bateragarri batzuekin metatu daiteke.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango entitate onuradunak garatu nahi duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketarik ez izateko behar den neurrian.

3.– Programa honen bidez emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Entitate onuradun batek gehienez ere 300.000 euroko minimis laguntza jaso dezake guztira, hiru urteko edozein alditan.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagundu daitezkeen gastu horiei dagokienez, ez eta arriskuko finantzaketa-neurri bererako Estatuko laguntzei ere, baldin eta metatze horrek gainditu egiten badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion laguntzaren kopurua handiena. Kopuru handien hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskabidea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webguneaz baliaturik.

2.– Aurreikusitako laguntzetarako irispidea izateko baldintzak betetzen dituzten entitateek SPRIren webgunean laguntza eskatzeko gaitutako formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskabide hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez) sinatu beharko du entitatea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.

4.– Laguntza-eskabidean jaso beharko dira entitate eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

11. artikulua.– Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza-eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1.– Administrazio-dokumentazioa/-informazioa:

a) Erantzukizunpeko adierazpena eranskineko edukiaren arabera, adierazpen horretan adierazitako laguntzei buruzko datuekin.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea.

c) Entitate onuradunaren IFZ.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren izeneko kontu korrontearen titulartasuna eta zenbakia (IBAN) ziurtatzen dituena, ordainketak egin ahal izateko.

2.– Dokumentazio teknikoa:

a) Aditu independente baten aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua eskatzeko beharra justifikatzen duen memoria. Memoria horretan, eskabidearen datan, honako puntu hauek landu beharko dira:

a.1.– Enpresaren jarduera eta egungo egoera;

a.2.– Enpresako arloetan identifikatutako arazo operatiboak eta finantzarioak (horiek jarduera ekonomikoan duten eragina);

a.3.– Egin diren ekintza posibleak edo hauteman eta egin daitezkeenak arazo horiek eragindako egoerari aurre egiteko eta finantza-osasuna hobetzeko (bai alderdi operatiboan, bai finantza-alderdian);

a.4.– Finantza-posizio garbiaren egoera;

a.5.– Finantza-hartzekodunen zerrenda, bai eta bakoitzaren zor-posizioa ere;

a.6.– Aditu independente bati laguntza eskatzeko beharra eta arrazoiak. Birfinantzaketa-proiektuak enpresan duen garrantzia justifikatu beharko da, eta enpresan finantza-osasuneko edo birfinantzaketako proiektua egitearen garrantzia nabarmendu beharko da –proiektu hori gabe, enpresaren bideragarritasuna arriskuan egongo litzateke–, eta proiektu horretarako bere finantza-posizio garbiaren egoeran deskribatutako xehetasunak eta finantza-hartzekodunen zerrenda erabili. Era berean, azken gertakariek edo egungo egoerak enpresaren finantza-arazoetan izan duten eragina justifikatu beharko da, eta enpresa eskatzaileak hartutako kaltea deskribatu beharko da, arazo operatibo eta finantzarioetan azalarazitako justifikazio zehatzarekin;

a.7.– Dirulaguntza honen xede den zerbitzuarekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.

b) DAELen 30.3 artikuluaren arabera, entitate onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.

c) Enpresa onuraduna laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, «Negozio-plana» aurkeztu beharko du.

3.– Jakinarazpenen abisuak bidaltzeko, harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona soilik.

4.– Eskatzaileek, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harremanetan, ahoz edo idatziz euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta hizkuntza berean artatuak izateko eskubidea izango dute.

12. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko urriaren 31n amaituko da. Era berean, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2024ko urriaren 31ko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.

Izapidetzeko onartuko dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuak.

13. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Laguntza-eskabideak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, hau da, Industria Garapeneko Sailak, espedientea osorik dagoen unearen arabera.

2.– Proiektuak aztertzeko, baldintza hauek betetzen direla egiaztatuko da:

a) Proiektua programara egokitzea.

Proiektuaren izaera enpresa eskatzaileak bere finantza-osasuna lortzeko duen benetako interesaren araberakoa dela egiaztatuko da, garatu beharreko proiektuaren justifikazio argian, lortu nahi diren helburuetan eta eskabide-memorian jasota dauden aurreikusitako jardueren azalpenean oinarrituta, 1. artikuluari jarraikiz.

b) Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna proiektua gauzatu ahal izateko.

Kanpoko aholkulariak aurkeztutako eskaintza egiaztatuko da, araudiari begira duen egokitasun-mailaren eta egin beharreko ekintzen azalpenaren argitasunaren arabera, enpresak proiektua garatzeko hautatutako lan-proposamena zein den jakiteko.

c) Finantza-aholkulari adituaren egokitasuna.

Finantza-aholkulari adituak bere prestakuntza akademikoan, finantza-osasuneko proiektuetan eta aurreko antzeko eragiketetan kudeatutako zorraren bolumenean islatzen diren beharrezko jakintza eta esperientzia dituela egiaztatuko da.

d) Enpresaren ibilbide egiaztatua, birfinantzaketa-proiektu bat justifikatzeko beharrezkoa.

Enpresaren jardueraren eta egungo egoeraren bidez egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela, bai eta aditu independente baten laguntza eskatzeko beharra eta arrazoia ere, enpresak jarduerari eta enpleguari dagokienez duen pisuaren arabera.

Aurreko baldintza guztiak betetzen ez dituzten jarduerak dituzten laguntza-eskabideak ukatu egingo dira.

3.– Prozeduraren ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eskabideen aurkezpen-ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Zuzendaritza Nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.

4.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik aurrera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

5.– Entitate eskatzaileei ebazpenaren berri ematean, hauek adieraziko dira: ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa, horretarako baldintzak, eta diruz lagundu daitekeen jarduketa gauzatzeko epeak, eta hura garatzeko behar den beste edozein baldintza.

6.– Ebazpena baliabide elektronikoen bidez eman eta jakinaraziko zaio entitate eskatzaileari, ematen denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean.

7.– Emandako laguntzen berri denek jakin dezaten, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

8.– Emakida-ebazpenean, onuradunari minimis laguntza dela jakinaraziko zaio.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundu daitezkeen jarduketak finantzatuta, entitate onuradunek proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko dute, eta, horretarako, SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskabidearen inprimakiak erabili.

2.– Likidazio-eskabidea entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektronikoaren bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– SPRIk ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituelako egiaztagiria, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) alta emanda dagoela ere, baldin eta onuradunak uko egiten ez badu. Kasu horretan, onuradunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Likidazio-eskabideak entitate eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.

5.– Likidazio-eskabidea proiektua amaitu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, edonola ere, beranduenez 2025eko irailaren 16an. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta.

b) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuena.

c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, aldatu bada eta ondorioz aurretik aipatutakoa ez bada.

d) Gauzatutako lanak egiaztatzeko entitate hornitzaileak proiektua egikaritu ondoren egiten duen memoria teknikoa, zeinak honako informazio hau jasoko baitu:

– Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa, ikuspuntu operatibo zein finantzarioaren arabera. Diagnostikoa zenbait ikuspegiren arabera egin behar da, besteak beste, hauen arabera: finantza-egoera (egoera-orri finantzarioak, funtsen jatorria eta erabilera, inbertsio-politika, zorraren kalitatea eta diru-sarreren eredua aztertuko dira), produktuek eta zerbitzuak (bezero-zorroa, produktuak, merkatu-segmentazioa, prezioak eta haien bilakaera, lehiakortasuna, osagai teknologikoak, urtarokotasuna, etab.), barneko prozesuak (ekoizpen-prozesuak, logistika, erosketak, hornitzaile-katea, etab.), bai eta antolaketaren eta giza baliabideen arabera ere (enpresaren egiturarekin lotutako alderdiak, giza baliabideen eta baliabide teknikoen arlo-banaketa, etab.).

– Ekintza-plana, proiektua egikaritzean egindako ekintzen eta hobekuntzen deskribapena eta etorkizunean ezarri beharreko neurrien deskribapen laburra jasoko duena, egindako abiapuntuaren diagnostikoan oinarrituta;

– zorraren birfinantzaketa: hasitako eta hasi gabeko ekintzak;

– aurreko bi puntuetan jasotako jarduketak egikaritzeko behin betiko kronograma; eta

– finantza-pasiboa birnegoziatzeko finantza-aholkulariak egindako laguntza-ekintzak, eta planean jasota dauden eta finantza-osasuna lortzen lagunduko duten neurriak gauzatzeko laguntza.

e) Jarduerak finantzatu badira, dirulaguntzaz ez ezik, berezko funtsen edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez ere, diruz lagundutako jarduera horietarako lortu diren funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.

6.– Ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

7.– SPRIren Industria Garapeneko Sailak jarraipen-bilerak egiteko eska diezaioke onuradunari proiektua egikaritzen den bitartean, edozein unetan.

8.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Zuzendaritza Nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.

15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskabideen zuzenketa.

Laguntza- edo likidazio-eskabideak ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk entitatearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

Epea igaro eta ez bada zuzenketarik egin, laguntza-eskabidean atzera egin duela ulertuko da, aurretik horretarako ebazpena eman ondoren.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk formalizatu eta bi ordainketaren bidez entregatuko ditu: lehenengo ordainketa laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, dirulaguntzaren % 50i dagokion zenbatekoarekin eta aplikatu beharreko berme-erregimenarekin.

Bigarren ordainketa gainerako % 50ekoa izango da, likidazio-eskabidea eta 14. artikuluan eskatutako egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Ez da ordainketarik egingo zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, dirulaguntzen itzulketari buruzkoak barnean hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasunaren arloko sailburu eskudunaren aginduz erregelamendu bidez zehaztu bezala.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan, DLOren 14. eta 46. artikuluetan xedatutakoak (aplikatzekoa den guztian) eta, bereziki, eta mugatzeko asmorik gabe, betebehar hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean, entitate onuradunak ez badio espresuki uko egiten SPRIren aurrean, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.

b) Emandako laguntza haren xede den helburua garatzeko erabiltzea. Jarduera gauzatzea, edo dirulaguntza ematea arrazoitzen duen egoeran egotea. SPRIri justifikatzea emakida eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eska dezakeela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela beren instalazioetan, emandako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako betekizunak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.

e) Jasotako dirulaguntzei dagokienez, SPRIk egin beharreko egiaztapen-lanak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta beste kontrol-organo eskudun batzuek (nazionalek zein erkidegokoek) gauzatu beharreko finantzaren egiaztapen- eta kontrol-lanak onartzea. Horretarako, arestian aipatutako jarduerak gauzatzean eskatzen den informazioa eman beharko du.

f) SPRIri jakinaraztea hemen araututako laguntzen xede bera edo antzekoa duten dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo jaso dituela, bai eta diru-sarrera edo baliabideak ere, edozein administrazio edo ente publiko edo pribaturen eskutik. Jakinarazpena laguntzaren berri izan bezain laster egin behar da, eta, edozein kasutan, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) SPRIri jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela.

h) DLOren 18.4 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzaren xede den programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia emateko honako hedapen-neurri hauek hartzea:

– Publikoki hedatzeko egiten diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoak eta «SPRIk diruz lagundua» esaldiak agertu behar dute, esteka honetako formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerekin lotutako ekintzen argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabili behar dira.

i) Sailarteko ikuspegia errespetatzen duten hizkuntza eta irudiak erabiltzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia errespetatzen dutenak dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan. Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

j) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.

k) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako kasuan badago, deslokalizaziorik ez egitea.

l) Aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzea, dirulaguntza likidatzen ez den bitartean, oinarri hauetan aurreikusitakoa beteta. Aurrerakin hori SPRIri itzuli beharko zaio dagozkion interesekin batera, baldin eta dirulaguntza itzultzeko ebazpenean hala xedatzen bada.

m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, merkataritza-legediak zein kasu bakoitzean onuradunari ezarri behar zaizkion alorreko legediak agindu bezala, kontabilitate-liburuak, diligentzien erregistroak eta ikuskatutako dokumentuak edukitzea, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eska ditzaketen kontabilitateko egoera-orri nahiz erregistro zehatzak ere. Hori guztia egiaztatze- eta kontrol-eskumenak ondo bete direla bermatzeko.

n) Jasotako funtsak ezarri direla justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, horiexek erabili ahal direlako egiaztatzeko eta kontrola egiteko.

o) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo araututako jardueraren edo jarduketaren diruz lagundu daitekeen kostuaren gainean lortutako soberakina itzultzea.

p) DAELen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bada, merkataritza-eragiketetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu behar zaion sektore-araudian xedatutako epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoetan.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.

1.– Aurreikusten da dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango duela, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

a) Alderdiak eskatua bada, onuradunak jakin bezain laster jakinaraztea, DAELen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betetze aldera, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Egin den edo egingo den jarduera oinarri arautzaileen helburuen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez izatea.

e) Aldaketa justifikatzen duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatuz gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.

2.– Onuradunak dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Halaber, entitate eskatzaileen eskabidearen eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak epea luzatu ahal izango du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 6 hilabete baino gehiagoz gainditzen proiektuak egikaritzeko 9 hilabeteko gehieneko epea eta ez bada gainditzen justifikatzeko ezarritako epea, hau da, 2025eko irailaren 16a.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunek oinarri hauetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira. Halaber, enpresa aholkulariari debeka dakioke programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.

2.– Edonola ere, artikulu honetan xedatutakorako, hauek joko dira ez-betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Jarduketa egikaritzean edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten, eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu daitezke, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere, ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean zeuzkan jarduketen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Proiektua erabat ez gauzatzea.

d) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

e) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak eta betekizunak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuta.

f) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

g) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

h) DLOren 37. artikuluan, DLOEren 91. artikulutik 93. artikulura bitartekoetan (aplikatzekoa den guztian) eta DAELen aurreikusitako kausak.

3.– Hasieran, SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan, DAELen 51. artikulua aplikatuta enpresa-deslokalizazioaren adierazpena barne, eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, indargabetu egingo da, ez-betetzearen aurretiazko espedientearen ondoren, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, DAELen xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, betiere onuradunak inolako zalantzarik gabe konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuli beharko da, eta, horretarako, egindako jardueraren guztizkoaren araberako proportzioa kalkulatuko da. Onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbateko efektiboarekin. Betiere justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan dago araututa). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa egitatea adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

6.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu bidez joka daiteke aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Programa honi araudi hau aplikatu behar zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 12koa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena.

2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen 2831/2023 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datuak Babesteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Tratamendu horren helburua hau da: deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarrituta, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori arlo horretako administrazio publiko eskudunari eta SPRI taldeko enpresei laga dakieke.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko, tratamenduaren aurka egiteko, datuak eramateko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko aplikatu beharreko araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikatzekoak direnean. Horretarako, idatziz bidali beharko da jakinarazpena helbide honetara: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak datuak babesteko gure ordezkariarekin jar daitezke harremanetan, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du dagokion kontrol-agintaritzan edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea, eta, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo dezake: www.avpd.euskadi.eus

SPRIren datu pertsonalak babesteko informazio gehigarri eta xehatua kontsultatzeko, pribatutasun-politikaren atalera jo dezakezue https://www.spri.eus/lege-oharra/ webgunean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziena da.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek, nolanahi ere, publizitatu beharko dute programa honen bidez emandako dirulaguntza nondik datorren, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak (indarrean duen NAN-zk.: [...]; egoitza soziala: [helbidea, gutxienez entitate eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduera ekonomikoko zentro bat adierazi behar da])

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak betetzen ditu, eta, zehazki, hauek:

– Minimis laguntza-kontzeptuan ez du jaso 300.000 euro baino gehiago aurreko hiru urteko epean.

– Eskabide honetan, dagokion apartatuan, alderdi hauei buruzko informazioa osoa ematen du:

a) Aurreko hiru urteko epean jasotako minimis laguntzak, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzak, eskabidearen eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Ez dago programaren oinarrien 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean, hau da:

a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

b) DAELen 13. artikuluan edo DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea, aplikatzekoa den guztian.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende egotea.

d) LGTBIfobia gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

e) Kanpoko enpresa adituekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik ez izatea, ez eta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

– Adierazpen honek eskatzailearen konpromisoak jasotzen ditu; batetik, DAELen 49. artikuluaren arabera enpresa-deslokalizaziorik ez egitekoa; bestetik, DAELen 9.4.h) artikuluaren arabera gainfinantzaketarik ez izatekoa; eta, azkenik, aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzekoa, dirulaguntza likidatzen ez den bitartean. Aurrerakin hori SPRIri itzuli beharko zaio dagozkion interesekin batera, baldin eta dirulaguntza itzultzeko ebazpenean hala xedatzen bada.

II.– Badu I. apartatuan adierazi duena betetzen duela egiaztatzeko dokumentazioa eta Administrazioaren esku jarriko du hala eskatzen zaionean. Halaber, konpromisoa hartzen du aurreko betebeharrak betetzen jarraitzeko, eskubidea aitortzen edo balia dezakeen aldian.

III.– Badaki erantzukizun-aitorpen honekin batera aurkezten den edo hari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo dokumentu zuzena ez bada, faltsua bada edo ezkutatu egin bada, edo erantzukizun-aitorpena ez bada administrazio eskudunean aurkeztu, ezin izango duela jarraitu eskubidea baliatzen edo jarduera gauzatzen, egitate horien berri dagoen unetik bertatik. Bestalde, dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 64. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoarekin arabera.

[...] Arestian jasotako adierazpenen edukia onesten dut.


Azterketa dokumentala