74. zk., 2024ko apirilaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1807
AGINDUA, 2024ko martxoaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita UNED-Bizkaia Ikastetxe Elkartua izeneko fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egindako estatutuen aldaketa.
2023ko abenduaren 28an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean UNED-Bizkaia Ikastetxe Elkartua izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin zen. Fundazioaren patronatuak 2023ko urriaren 25ean erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Bilbon, 2023ko abenduaren 19an, José Ignacio Garriga Gamarra notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1334). Era berean, hainbat alderdi ere aldatzen dira, hala nola fundazioaren helbidea, helburuen zerrenda eredugarria, onuradunak, patronatuaren osaera, patronatuaren iraupena eta soberako ondarearen likidazioa eta erabilera, besteak beste. Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.
Aipatutako dokumentazioaren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa egiten da ondorengoari dagokionean:
– Estatutuak egokitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeari, terminologia egokituz.
– 3. artikulua (fundazioaren xedeak): fundazioaren helburuak garatzeko beharrezkoak diren jarduerak zerrendatzen dira, hezkuntza eta ikerketa eginkizunak bereziki, xedeek bere horretan jarraitzen dutelarik.
– 4. artikulua (helbidea eta lurralde-eremua): fundazioren helbidea Ignacio Ellacuría parkea, 3, Portugalete (Bizkaia) izango da.
– 5. artikulua (onuradunak): fundazioaren jarduerak Ikastetxe Elkartuaren tutoretzapeko ikasketak eta karrerak egiten dituzten herritar guztien onerako izango dira, eta hurrenkera bat ezarriko da onuradunak izendatzeko.
– 8. artikulua (Patronatuaren edo Zuzendaritza Batzordearen osaera): gutxienez hamar (10) eta gehienez hamabi (12) kidek osatuko dute.
– 11. artikulua (patronatuaren iraupena): patronatuko-kidearen karguak iraupen mugagabea izango du.
– 35. artikulua (soberako ondarearen likidazioa eta erabilera): likidazioaren ondoriozko ondasunak eta eskubideak fundatzaile publikoentzat izango dira, eratze-unean edo ondoren egindako ekarpenaren proportzioan.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea UNED-Bizkaia Ikastetxe Elkartua izeneko fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egindako estatutuen aldaketa, eta azalpen zatian zerrendatutako aldaketak agindu honen datarekin eta José Ignacio Garriga Gamarra notario jaunaren aurrean 2023ko abenduaren 19an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako moduan sartzea (protokolo-zenbakia: 1334).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 26a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.