73. zk., 2024ko apirilaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 4 orri.)
- EPUB (163 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1768
AGINDUA, 2024ko martxoaren 20koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita «Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua, Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan» burutzeko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrera ateratzea.
Sail honetan xedatu da gaur argitaratzen den agindu hau:
Ikusi da Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen Telekomunikazio Zentroa handitzeko proiektuari dagokion espedientea, Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan.
AURREKARIAK
1.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak, 369/2023 Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroaren handitzeko proiektua onartu zuen, Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan.
2.– Aipatutako espedientean, proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jasotzen da. Ondasun eta eskubide horiek identifikatzeko beharrezkoak diren datuekin zehaztu eta banakatuta daude. Jendaurrean jarritako epean aurkeztutako alegazioak bere garaian ebatzi ziren.
3.– Proiektuan aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko, beharrezkoa eta premiazkoa da proiektuak ukitutako lursailak okupatzea.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorraren 2. artikuluak honako hau adierazten du: «Telekomunikazioak interes orokorreko zerbitzuak dira, lehia askearen araubidean ematen direnak».
49.2 artikuluan honako hau adierazten du: «Komunikazio elektronikoen eta lotutako baliabideen sare publikoek lagundu egiten dute interes orokorreko helburu bat lortzen, oinarrizko ekipamendua dira, eta hirigintza-plangintzako tresnetan duten aurreikuspenak zehaztapen egituratzaileak dira. Horiek instalatzea eta hedatzea interes orokorreko obrak dira».
Eta honako hau gehitzen du 50.4 artikuluan: «Komunikazio elektronikoen eta lotutako baliabideen sareak instalatzea eta hedatzea interes orokorreko obrak diren heinean, herri-administrazio guztiek komunikazio elektronikoen sareen azpiegiturak hedatzen lagundu behar dute beren lurralde-eremuan; horretarako, elkarri informazioa emateko eta lankidetzan eta kooperazioan aritzeko betebeharrak bete behar dituzte, beren jarduerak eta eskumenak gauzatzean».
Bigarrena.– Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 16. artikuluan ezartzen duenez, «1.– Telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua interes orokorreko zerbitzua da, eta I. tituluko printzipioekin bat etorriz ematen da argitalpen-erantzukizuna baliatuz eta eskubide konstituzionalen babesean (adierazpen-askatasuna, informazioa komunikatzeko eta jasotzeko eskubidea, bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzeko eskubidea eta enpresa-askatasunerako eskubidea), eta 76. artikuluan, berriz, «Irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eta, hala eskatuta, soinu-komunikazioko zerbitzua interes orokorreko zerbitzuak dira, eta erantzukizun editoriala gauzatzen dute, I. tituluko printzipioekin bat etorriz, eta konstituzioan adierazpen-askatasunerako, komunikatzeko eta informazioa jasotzeko, bizitza politikoan eta sozialean parte hartzeko eta enpresa-askatasunerako eskubideen babesean».
Hirugarrena.– Abenduaren 22ko 21/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, laugarren xedapen gehigarrian honako hau ezartzen du:
«1.– Euskal Autonomia Erkidegoak irratiaren, telebistaren eta, oro har, gizarte-komunikabideen arloan eta babes zibileko eta segurtasun publikoko zerbitzuen arloan dituen eskumenak gauzatzeko beharrezkoak diren azpiegitura-proiektuak onartzeak, inbertsioetarako kredituen kontura finantzatutakoak, berekin ekarriko du onura publikokotzat deklaratzea eta ondasunak presaz okupatu eta dagozkien eskubideak eskuratzeko beharra, desjabetzeari, aldi baterako okupazioari edo zortasunak ezarri edo aldatzeari begira.
2.– Onura publikoko deklarazioak, halaber, proiektuaren zuinketan eta gerora onar daitezkeen aldaketetan jasotako ondasunak eta eskubideak ere aipatuko ditu.
3.– Ondorio horietarako, azpiegitura-proiektuek eta horien aldaketek azpiegituren definizioa jaso beharko dute, bai eta horiek gauzatzeko okupatu edo eskuratu behar diren lursailak, eraikuntzak edo bestelako ondasunak edo eskubideak ere».
Laugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, jendaurrean jarri behar da desjabetze-prozedurak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluaren eta indarrean dagoen Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren arabera, salbuespen gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez, obra edo helburu jakin bat gauzatzeak eragindako desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazi ahal izango da.
Ikusi dira aipatutako lege-aginduak, horiekin bat datozenak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau
XEDATZEN DUT:
1.– Hasiera ematea «Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua, Aretxabaletan eta Arrasaten udalerrietan» proiektuan barne hartutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetze-espedienteari. Inplizituki deklaratzen da, batetik, obrak onura publikokoak direla, eta, bestetik, ondasun horiek lehenbailehen okupatu behar direla eta dagozkien eskubideak eskuratu behar direla, desjabetzeari, aldi baterako okupazioari edo zortasunak ezarri edo aldatzeari ekin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean xedatutakoaren arabera.
2.– Jendaurrera ateratzea aipatutako espedienteak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, legeak adierazitako azken argitalpenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, zerrenda horretako akatsak zuzendu ahal izateko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta horrekin bat datozenetan xedatutakoaren arabera.
Epe horretan, xedapen honi erantsita doan ondasunen eta eskubideen zerrenda Aretxabaletako eta Arrasateko udaletxeetako iragarki-oholetan egongo da ikusgai, adierazitako ondorioetarako.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari eskatzea adieraz dezala Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak «Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua, Aretxabaletan eta Arrasaten udalerrietan» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela, nahitaezko desjabetzea egin ahal izateko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.