73. zk., 2024ko apirilaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 6 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1766
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren 3. Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urtarrilaren 19an, Azkoitiko (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren 3. Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Azkoitiko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Azkoitiko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Azkoitiko Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. sektoreko Plan Partzialaren 3. Aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Guri dagokigun kasuan, Plana II.B.2 eranskinari dagokio (II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera).
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Azkoitiko (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. sektoreko Plan Partzialaren 3. Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren aldaketaren xede den Oinartxo 26. sektorea (146.201 m2) bat dator Azkoitiko Plangintzako Arau Subsidiarioek mugatutako industria-lurzoru urbanizagarri batekin (behin betiko 2007ko ekainaren 19an onartua; 2007ko urriaren 2ko GAO, 193. zk.). Sektoreak 2007ko maiatzaren 10ean behin betiko onartutako Plan Partziala du (2007ko abenduaren 4ko GAO, 236. zk.). Gerora, Plan Partziala bi aldiz aldatu da: 1. aldaketak (behin betiko 2009ko otsailaren 25ean onartu zen; 2009ko apirilaren 17ko GAO, 70. zk.) indarrean dagoen Plan Partzialeko ordenantzei Titulu berri bat gehitzen die: «Seigarren Titulua: Urbanizazioa mantentzea eta kontserbazioa». Titulu horrek 50. artikulua (jabeen betebeharrak) eta 51. artikulua (prozedura) biltzen ditu; eta 2. aldaketa bat (behin betiko 2021eko martxoaren 31n onartua; 2021eko uztailaren 28ko GAO), sektorearen antolamendu xehatua aldatzea dakarrena (Oinartxoko V4 eta V5 lurzatiak fusionatzea, Irizar errekaren trazadura aldatzea, sektoreko ekipamenduak eta berdeguneak birmoldatzea).
Indarrean dagoen plangintzan, aurreikusitako erabilera-baldintza orokorrak honakoak dira: 1., 2. eta 3. kategorietako industria-erabilerak, lotutako bulegoak eta garajeak.
Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren 3. Aldaketaren helburua da Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren Ordenantzetako 20.1 artikuluaren idazketa aldatzea (C dokumentua), zeina antolatutako lurzatietan aurreikusitako hirigintza-erabileren Baldintza Orokorrei buruzkoa baita; horrela, hirugarren sektoreko erabilerak bateragarri gisa sartzen dira merkataritza- eta jolas-erabileren kategorietan.
Hala, sektorean, nagusiki, 1., 2. eta 3. kategorietako industria-jarduera izaten jarraituko da, eta erabilera bateragarriak hirugarren sektoreko erabilerak izango dira, merkataritzako, bulegoko eta jolasetako erabileren kategorietan, eta garajeak.
Aldaketak lehendik dauden industria-eraikinei (I.1, I.2, V1, V2, V3) nahiz V4-5 lurzatian aurreikusitako eraikinari eragin diezaieke, Plan Partzialaren 2. Aldaketan ezarritako antolamenduaren arabera. Ez dira aldatzen indarrean dagoen plangintzan ezarritako antolamendu-irizpideak eta hirigintza-aprobetxamendua.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3. artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren 3. Aldaketak aldatu egiten du Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren Ordenantzetako 20.1 artikuluaren idazketa, zeina antolatutako lurzatietan aurreikusitako hirigintza-erabileren Baldintza Orokorrei buruzkoa baita; horrela, hirugarren sektoreko erabilerak bateragarri gisa sartzen dira merkataritza- eta jolas-erabileren kategorietan. Aldaketak lehendik dauden industria-eraikinei (I.1, I.2, V1, V2, V3) nahiz V4-5 lurzatian aurreikusitako eraikinari eragin diezaieke, Plan Partzialaren 2. Aldaketan ezarritako antolamendu xehatuaren arabera. Ez dira aldatzen indarrean dagoen plangintzan ezarritako antolamendu-irizpideak eta hirigintza--aprobetxamendua. Hala, ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Planaren egokitasuna den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren kontsiderazioak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake. Planaren Aldaketak aukera ematen du lehendik dauden industria-eraikin guztietan eta lurzoru urbanizatuan aurreikusitako eraikinetan erabilera aldatzeko, eta ez dio eragiten landa-lurzoruari.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren aldaketaren xede den Oinartxo 26. sektorea (146.201 m2) Azkoitiko hirigunearen mendebaldean dago, eta Urola ibaiaren ezkerraldeko hegal batean dagoen industrialdeari dagokio. Gaur egun, sektore ia osoa Plan Partzialaren aurreikuspenen arabera dago garatuta, eta oraindik ez dira gauzatu Plan Partzialaren 2. Aldaketan aurreikusitako aldaketak.
Eremua ez dago Naturagune Babestu batean edo natura-intereseko guneen barruan.
Aldatu nahi diren sektoreko ingurumen-elementu nabarmenenak honako hauek dira:
– Gainazaleko hidrologiari dagokionez, sektorea Urolako Unitate Hidrologikoan barnean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barnean. Sektoreak Urola ibaia drainatzen du, Oñedertxo errekaren eta Irizar izeneko horren ibaiadarraren bidez. Bi isurketa horiek Egino Berritik Oinartxo sektorera heltzen dira. Irizar errekaren ibilguari dagokionez, kontuan izan behar da aurreikusten dela Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren 2. aldaketak aldatu egingo duela.
– Ikuspegi hidrogeologikotik, sektorea Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Iparraldeko Antiklinorioko lurpeko masaren gainean dago, Iparraldeko Antiklinorioko jabarian. Ez dator bat interes hidrogeologikoko guneekin.
– Sektorearen zati handi batean, lurzoruaren erabilera artifiziala da, eta hainbat pabiloi industrialek, bidek eta landareztatutako eremuk okupatzen dute. Sektoreko landaredian espezie erruderalak eta nitrofiloak dira nagusi, ingurune gizatiartuetan ere ohikoak izan ohi dira. Era berean, sektorean zehar, eraikigarriak ez diren lurzatietan sakabanatutako belardiak, arantzadiak edo sasitzak, txilarrak, oteak eta iratze atlantikoak daude. Azterketa-eremuaren iparraldean, GI-3173 errepidearen inguruan, ondo kontserbatutako belardi bat duen lurzati bat dago; bertan, harizti azidofiloak edo harizti-baso misto atlantikoak daude, fase gaztean edo degradatuan.
– Jarduketa-eremuaren iparraldeko mugan dago Izarraitz, Aizkorri-Aratz eta Urkiolako eremuak lotzen dituen korridorearen moteltze-eremua.
– Eremua «Azkoitia-Azpeitia Arroa» izeneko Paisaia Unitateari dagokio eta, bertan, industrialdeen irudia hobetzea planteatu da, inpaktu handia baitu paisaian. Jarduketa-eremuaren paisaia eremu industrializatuari dagokio nagusiki, eta haren ertzeko guneetan belardi eta kultibo atlantikoak daude. Era berean, inguruan hainbat baserri daude sakabanatuta, bai eta baso-sailak ere.
– Eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.
Ingurumen-arrisku handienak faktore hauen ondorio dira:
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak: eremuan hemen sartutako lurzatiak daude: «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa». Lurzati horiek 20017-00056 eta 20017-00068 kodeak dituztenak dira, eta mota askotako isurketak jasan dituztelako daude bertan sartuta. Hargatik, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.
2010eko urriaren 4an, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpena eman zen. Ebazpen horren bidez, hondakindegi gisa erabili diren lurzati batzuen kalitatea adierazten da (Oinartxoko industrialdea etorkizunean handituko den esparruan kokatuta daudenak, Azkoitian), lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak araututako prozeduraren arabera. Adierazpen horren arabera, aipatu diren kokalekuak bateragarriak dira aurreikusitako industria-erabilerarekin. Dena den, aurreikusitako indusketa-prozesuan zehar lurzoruak kaltetu ditzaketen arrastoak hautematen badira, horiek behar bezala kendu, bereizi, tratatu edo kudeatu/hondakindegira eraman beharko dira.
Kasu horretan, sustatzaileak kontsulta egin beharko lioke autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari, ebazpen arrazoituaren bidez irizpena eman dezan dagoen adierazpenaren baliozkotasunari buruz, eta, hala badagokio, baliozkotasun horri eusteko baldintzak ezar ditzan, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.3 artikuluan ezartzen den bezala. Horretarako, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Plana garatzetik erator daitezkeen ondorioak lotuta daude eraikinak eta instalazioak erabilera bateragarri berrietara egokitzeko obrak gauzatzearekin (hots, hirugarren sektoreko erabileretara bideratutakoak: merkataritzakoak, bulegoak eta aisialdikoak). Hori guztia dela eta, industrialde batean hondakinak sortuko dira (obrak eta eraispena), balizko lur-mugimenduak egongo dira eta soberakinak sortuko dira, makinak joan-etorrian ibiliko dira, istripuzko isurketengatik urak eta lurzoruak kaltetzeko arriskua egongo da, baliteke emisio atmosferikoek eta zaratek herritarrei enbarazu egitea, etab.
Indarrean dagoen plangintza, Planaren irismena, eremuaren gaur egungo egoera eta aurreikusitako prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu adierazgarririk eragingo dutenik, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada eta, bereziki, urei, natura-ondareari, obretako zaratari, hondakinei eta isurketei eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokiena, baldin eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokien arabera egiten badira; kasu horretan, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Azkoitiko Arau Subsidiarioen Oinartxo 26. sektoreko Plan Partzialaren 3. Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan jasotako lurzatiei dagokienez (Kodeak: 20017-00056 eta 20017-00068), Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan sartutako egoeretako bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da.
2010eko urriaren 4an, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen bidez aipatutako lurzati horri, besteak beste, dagokion lurzoru-kalitatea adierazi zen, eta adierazpen horrekin bat etorriz, Planaren xede den lurzatia bateragarria da aurreikusitako industria-erabilerarekin.
Kasu horretan, sustatzaileak kontsulta egin beharko dio autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari, ebazpen arrazoituaren bidez irizpena eman dezan dagoen adierazpenaren baliozkotasunari buruz, eta, hala badagokio, baliozkotasun horri eusteko baldintzak ezar ditzan, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.3 artikuluan ezartzen den bezala. Horretarako, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
– Etxegintzako jasangarritasunera bideratutako neurriak.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Azpiegiturak hobetzea eta edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Beste neurri batzuk.
Aurrekoa gorabehera, Planak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko urriaren 5eko Ebazpenean jasotako zehaztapenak jaso beharko ditu, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko Oinartxo 26. sektorearen Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Azkoitiko Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. Sektoreko Plan Partzialaren 3. Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azkoitiko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Azkoitiko Arau Subsidiarioetako Oinartxo 26. sektoreko Plan Partzialaren 3. Aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 19a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.