Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2024ko apirilaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1711

AGINDUA, 2024ko martxoaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen programa, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioak egiten dituzten eta, deskarbonizazioaren bidez, beren ekoizpen-prozesu industrialetan ingurumenaren babes-maila hobetzen duten enpresentzat. «Deskarbonizazio Industrialeko Programa».

Europako Batzordeak 2019ko abenduan aurkeztu zuen Europar Batasunaren Itun Berdea, zeinak helburutzat baitu Europa klimaren aldetik neutroa den lehen kontinente bihurtzea hemendik 2050era bitartean. Klimari buruzko Europako legeriak (2021/1119 EB Erregelamendua) klima-neutraltasunerako konpromiso hori jaso du legeria loteslean, eta bitarteko helburu gisa ezarri du berotegi-efektuko isuriak gutxienez % 55 murriztea 1990eko mailekin alderatuta, 2030erako.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020-2024 aldirako Gobernuaren XII. Legegintzaldirako «Euskadi martxan» programak esplizituki hartzen du karbono gutxiko ekonomia baterantz aurrera egiteko konpromisoa, enplegua sortzeko eta industria- eta teknologia-garapena bultzatzeko aukera gisa. Horretarako, nazioartean adostutako klima-neutraltasuneko helburuak betetzeko konpromisoa hartzen du, eta batez besteko tenperatura globala 2 gradu zentigradutik gorakoa izan ez dadin eta 2050ean berotegi-efektuko gasen emisioan herrialde neutroa izan gaitezen laguntzen du.

Konpromiso horretan sartzen dira: alde batetik, «Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2021-2024 aldirako Plana (ETKAP 2021-2024)», Eusko Jaurlaritzak 2021eko azaroan onartu zuena; eta, bestetik, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketari buruzko lege-aurreproiektua, 2050a baino lehen Euskadin klima-neutraltasuna lortzekoa, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko maiatzaren 16an onartu zuena.

ETKAPek jarraipena ematen dio Euskadik klima-aldaketaren arloko politika aktiboen garapenean egindako ibilbide luzeari. 2008-2012 aldirako Klima Aldaketaren aurkako lehenengo Euskal Planaren ostean, 2015ean, 2050erako klima-aldaketaren Euskadiko estrategia argitaratu zen, BEGen isuriak gutxienez % 40 murriztekoa 2030era bitartean, eta gutxienez % 80 2050erako, 2005eko datuekin alderatuta.

Euskadik urtero egiten du Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioa, 2000. urtetik, orduan egin baitzen kalkulua lehen aldiz. 2020ko maiatzeko txostenaren arabera, Euskadiko BEGen isuriak % 2 murriztu ziren 2019an aurreko urtearekin alderatuta, eta % 27 2005arekin alderatuta. Euskadin, 2019an, 18,6 milioi tona BEG isuri ziren (isuri absolutuak).

Klima-neutraltasuneko helburuak lortzeko, ahalegin handia egin beharko da Euskadiko esparru ekonomiko guztietan eta, batez ere, industria-sarean, ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egin beharko baititu. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza beharko dute eta, aldi berean, Estatuko laguntzei buruzko Europako araudia errespetatu beharko dute.

Zeharka bada ere, klima-neutraltasunerako trantsizioak aukerak ematen ditu EAEko industria-sektore estrategikoak garatzeko, hala nola energia berriztagarriak, hidrogeno berdea eta energia-biltegiratzea balio-kate osoan zehar. Halaber, teknologia horiek hedatzeak energia-hornidura propioaren eta baliabideen erabilera efizienteagoaren alde egingo du, eta horri esker ingurumena zaindu eta klima-aldaketarekiko erresilientzia handiagoa eduki ahal izango da, bai eta kanpokoekiko energia-mendekotasun txikiagoa izan ere. Energia-aurrezpenak eta -efizientziak ere rol garrantzitsua izan behar dute, eta, bide horretan, energia primarioaren eta azken energiaren kontsumoak murriztu behar dira.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak industria-enpresei eta industria-produktuarekin eta -prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresei laguntzeko programa hau proposatzen du, ekoizpen-instalazioetan (berriak edo lehendik daudenak) inbertsioak egin daitezen sustatzeko, haien industria-prozesuen ondorioz –bai energia-kontsumotik eratorritakoak, bai ekoizpen-prozesuetatik eratorritakoak– berotegi-efektuko gas (BEG) gutxiago isur daitezen.

Laguntza-programa horrek aukera emango du inbertsioen gaineko erabakiak aurreratzeko eta euskal industriari laguntzeko, klima-neutraltasuneranzko trantsizioko testuinguru europar nahiz globalean lehiakorra izaten jarrai dezan.

Programa hori ezartzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: 2022-2027rako eskualde-helburuko estatuko laguntzei buruzko gidalerroak (2021eko apirilaren 29ko AO, C 153); 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), 2023ko ekainaren 23ko Batzordearen 1315/2023 (EB) Erregelamenduan jasotako azken aldaketan jasotakoa, zeinaren bidez honako hauek aldatzen baitira: alde batetik, 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, ingurumena babestera bideratutako laguntzen ataleko 36. artikulukoak; eta, bestetik, 2022-2027 eskualdeko laguntzen mapari Batzordeak emandako onarpena (SA.100859, 2022ko martxoaren 17ko Erabakia).

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv%3AOJ.C_.2021.153.01.0001.01.SPA&toc=OJ%3AC%3A2021%3A153%3ATOC

Hala, baldin laguntza horiek arautzean eta ematean erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, dirulaguntza horiek Europar Batasuneko merkatuarekin bateragarriak direla ulertuko da, eta, beraz, ez diote Europar Batasunaren baimena lortzeko Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar; hala, nahikoa da jakinarazpena egitea kasu bakoitzerako aurreikusitako epeetan.

Laguntzen Europako erregelamenduaren bertsio berriak bi aukera ematen ditu: edo ingurumenaren babes-maila txikiagoa duen inbertsio alternatibo baten kostu gehigarriak finantzatzea –edo inbertsioaren balio erantsi garbiarekiko kostu gehigarriak, gerora–; edo, bestela, kalkuluen konplexutasun hori saihesteko, kostu hautagarritzat berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien murrizketarekin zuzenean lotuta dagoen inbertsio hautagarri osoa hartzea, eta ez egoera alternatibo batekiko kostu gehigarria soilik. Inbertsio osoaren gaineko bigarren laguntza-aukera horretan, laguntzaren intentsitatearen ehunekoa txikiagoa da; haatik, laguntzaren intentsitate txikiago hori inbertsio osoari aplikatzen zaionez, eta ez soilik kostu gehigarri bati, termino absolutuetan ez dago alde nabarmenik laguntzaren diru-zenbatekoari dagokionez, eta, gainera, prozesua errazagoa bihurtzen da eskatzaileentzat.

Laguntzen kudeatzaile publikoentzako prozesua ere errazten du, ez dutelako erreferentziako balizko inbertsio bat ebaluatu behar.

Europako erregelamenduaren bertsio berriak aukera ematen du, halaber, laguntzaren intentsitatea areagotzeko enpresa txiki eta ertainen kasuan, bai eta laguntzaren xede den inbertsioa Ezkerralde Zabalduan kokatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko eremu kaltetuen konfigurazio berriaren arabera (2022-2027).

Klima-neutraltasuneko helburuak lortzeko, ahalegin handia egin beharko da esparru ekonomiko guztietan, eta batez ere industria-sarean, ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egin beharko baititu. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza beharko dute eta, aldi berean, Estatuko laguntzei buruzko Europako araudia errespetatu beharko dute.

Deialdi honek kalkulu-orri bat planteatzen du, eskatzaile guztiek erabili beharko dutena eta enpresei aukera emango diena eragotzitako isurien kalkulua egiteko, CO2eq isuriak alderatuko dituzte, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren ondoren, inbertsioaren aurreko egoeran zeuden CO2eq isuriekin.

Horrez gain, kalkulu-orriak bertan erabilitako isurtze-faktoreak estandarizatzen ditu, eta horrek aukera ematen du ebaluazio-fasean eskabideak alderatzeko. Horretarako, eskatzaile bakoitzak inbertsioaren xede diren ekoizpen-instalazio industrialetan erabilitako erregaiak, energia-iturriak, lehengaiak eta hozgarriak hautatu beharko ditu, bai eta lortutako hondakinak ere, eta inbertsioa egin aurretik eta egin ondoren gauzatutako kontsumoa sartu, eragotzitako isuriak kalkulatzeko. Halaber, eskatzaile bakoitzak dirulaguntza eskatzen duen inbertsio hautagarriaren balioa sartu beharko du.

Laguntza-programa hau industria-sektore guztiei zuzenduta dago, betiere deskarbonizazioaren alde egiten duten inbertsioak babesteko, Europako araudia errespetatuz, jarduera-sorta zabala estaliz eta, aldi berean, ahalik eta errazena izaten saiatuz, bai enpresa eskatzaileentzat, bai laguntza-programaren kudeatzaile publikoentzat.

Programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan jasota dago, zeinaren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu baitu. Agindua Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu da, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako esparruaren barruan, eta «Planak eta proiektuak» atalean.

Azaldutakoagatik, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) aurreikusitakoaren arabera, beharrezkoa da ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egiten dituzten industria-enpresei eta industria-produktuarekin eta -prozesuarekin lotutako zerbitzuei dirulaguntzak emateko programa baten deialdiaren baldintzak garatzea (Deskarbonizazio Industrialeko Programa), inbertsioen egikaritze dinamikoa errazteko eta, inbertsioak amaitu ondoren, onuradunek inbertsio horiei eutsiko dietela bermatzeko.

Eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea industria-enpresei eta industria-produktuarekin eta -prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresei zuzendua, deskarbonizazioaren bidez ingurumenaren babes-maila hobetu dezaten beren ekoizpen-prozesu industrialetan, eta, hala, berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu ditzaten. Deialdiaren baldintzak hurrengo artikuluetan daude jasota.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak 2022-2027 aldirako eskualdeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroen eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36. eta 38. artikuluetan ezarritakoaren mende egongo dira. Erregelamendu horren bidez, kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (AO, L 187, 2014-06-26koa), zeina 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu baitzuen (AO, L 167, 2023-06-30ekoa), betiere errespetatzen bada Europako Batzordeak Espainiarentzat onartutako 2022-2027 aldirako eskualdeko laguntzen mapa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2023ko abenduaren 23ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 20.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen diru-zenbateko osoa ez da izango aipatutako horretatik gora edo hura eguneratzetik ateratzen denetik gora aurreikusitako diru-zenbatekotik % 50etik hara, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatzen bada, horren berri emango du Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, produkzio edo eraldaketako industriak badira edo industria-produktuarekin eta -prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresak badira eta laguntzaren xede diren inbertsioak Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiteko badira.

2.– Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta, gehienez ere, urteko 50 milioi euroko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira 50 langile baino gutxiago dituzten eta urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euro gainditzen ez dutenak.

ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira 10 langile baino gutxiago dituzten eta urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euro gainditzen ez dutenak.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

ETEaren katalogazioa egiteko, kontuan hartuko da 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 4., 5. eta 6. artikuluetan eta I. eranskinean ezarritakoa. Erregelamendu horretan, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167). Beti errespetatu beharko dira Europako Batzordeak Espainiarentzat onartutako 2022-2027rako eskualdeko laguntzen mapa edo mapa hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak. Enpresa krisian dagoela kalifikatzeko, aipatutako erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoa osatzen duten entitateak, Euskal Sektore Publikoari buruzko 2022ko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean xedatutakoaren arabera.

– Energia sortu eta banatzen duten enpresak.

– Energia-zerbitzuen enpresak.

– Armen ekoizpenean, merkaturatzean eta finantzaketan diharduten enpresak.

4. artikulua.– Entitate eskatzaileen betekizunak.

1.– Laguntzak jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da entitateak egunean izatea indarrean dagoen legediaren araberako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrekin bat etorriz ere.

Onuradun izateko, eskatzaileek enpresaren baliabide propioak erabili beharko dituzte, hau da, proiektura bideratuta daudenak eta, gutxienez, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 25era iristen direnak.

2.– Dirulaguntzei buruzko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden enpresek ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu; alegia:

a) Epai irmo bidez dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak zigor bidez, edo delitu hauetako bat egiteagatik kondenatuak izan direnak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

f) Erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean egoitza fiskala dutenak.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez dituztenak.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3.– Krisi egoeran dauden enpresek ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu. Enpresa bat krisialdian egongo da baldintza hauetako bat, gutxienez, betetzen bada, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01):

– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada eta harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.

– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea badute eta kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz.

– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran badago edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen baditu porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.

– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

4.– Kanpoan geratuko dira, halaber, berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, baldin eta horren arrazoia bada Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izana.

5.– 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzetarako, merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute lege horretan onuraduna izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela.

6.– Aurreko apartatuetan adierazitako eskakizunak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua.

Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, hau jotzen da Ezkerralde Hedatutzat: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran dagoelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar duen eremua.

Hala, Ezkerralde Hedatua da Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko SA 100859 (2021/N) zenbakidun Erabakian jasota dagoena.

Erabaki horretan oinarrituta, honako udalerri hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua: Abanto y Ciérvana–Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Güeñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zierbena.

6. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.

1.– Diruz lagundu nahi den inbertsioa ezingo da hasi eskabidea aurkezten den eguna baino lehen. Ondorio horietarako, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 2.23 artikuluaren arabera, hauxe da «lanen hasiera»: inbertsioan eraikuntza-lanak hastea, edo ekipamendua eskatzeko lehen konpromiso irmoa edo inbertsio atzeraezina egingo duen beste konpromisoren bat, data hori lehenagokoa bada. Lurrak erostea eta prestaketa-lanak egitea –hala nola baimenak lortzea eta aurretiazko bideragarritasun-azterketak egitea– ez dira lanen hasieratzat hartuko. Lanen hasiera egun horretatik aurrera izango da, betiere 2024ko ekitaldian hasita eta, gehienez ere, 2025eko abenduaren 31ra arte, haien ezaugarrien eta enpresa-planen arabera; horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Enpresek gutxienez 100.000,00 euroko onartutako inbertsioa egin beharko dute.

b) Entitate eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa arrazoitu beharko dute, 13.1 artikuluan adierazitako memoria xehatuaren eta Excel formularioaren bidez.

2.– Aurkeztutako proiektuak honako irizpide hauen arabera hautatu eta ebaluatuko dira:

a) Berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien murrizketarekin zuzenean lotuta dagoen inbertsio hautagarriaren kostuen efizientzia. Efizientzia hori kalkulatzeko, inbertsio hautagarriaren balioa zati inbertsioaren bidez lortutako CO2 tona baliokideen murrizketa egin behar da, eta gehienez ere 10 urteko aldian kalkulatuko da. Hala, zenbat eta gutxiago kostatu CO2 tona bat murriztea, orduan eta efizienteagoa izango da egindako inbertsioa.

b) CO2 isuri-tonen kopuru baliokideen murrizketa % balioetan, balio hori honela ulertuta: inbertsio hautagarria ezarri ondoren planteatutako CO2 isuri-tona baliokideak alderatuta gaur egungo CO2 isurketa-tonekin, horrek ematen duen emaitza.

c) Aurkeztutako inbertsio hautagarriaren bidez lortutako CO2 isurketa-tona baliokideen murrizketa, zifra garbian.

Aurreko a), b) eta c) letretako emaitzak kalkulatzeko, laguntza eskatzeko formularioarekin batera doan Excel orrian emandako datuak baliatuko dira.

d) Memoria teknikoaren kalitatea:

(Ikus .PDF)

Memoria teknikoaren kalitate-irizpidea aintzat hartzeko, gutxienez 6 puntu izan behar ditu.

3.– Balorazioak atal honetako a) eta d) bitarteko irizpideen gainean funtsatzen dira. Notak kalkulatzeko, dirulaguntza jaso dezaketen espedienteen arteko konparazioa egingo da, eta notak balorazio hauen arabera haztatuko dira:

– % 25 kostuen efizientziari.

– % 40, isuri-tonen murrizketari, % balioetan.

– % 25, isuri-tonen murrizketari, zifra garbietan.

– % 10, memoria teknikoaren kalitateari.

4.– Lehiaketa bidez esleituko dira laguntzak: artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituz, 8. artikuluan aurreikusitako laguntzak esleituko dira, puntuazioaren arabera eta, hala gertatzen bada, deialdiaren diru-hornidura agortzen den arte.

7. artikulua.– Entitate laguntzaileak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia hartzen da entitate laguntzailetzat, arau honetan jasotako zehaztasunekin eta xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 20/2003 Lege Orokorraren 12. eta 13. artikuluak, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak). Ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak funtzio hauek izango ditu:

a) Dokumentazio teknikoa zuzentzeko errekerimendua, beharrezkoa bada.

b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak identifikatzea.

c) Inbertsioen analisi teknikoak eta ebaluazioa.

d) Dirulaguntza emateko eskatutako baldintza teknikoak edo eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.

e) Inbertsioen txosten teknikoa lantzea, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzara bidaltzea, bitarteko telematikoen bidez.

f) Kontsulta teknikoen erantzunak.

8. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Dirulaguntzen diru-zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko egiten den inbertsioa, baldin eta agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko epigrafe hauetako definizioaren arabera (2007ko azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretua):

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

Inbertsioek zuzenean egon behar dute bideratuta ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzearen bidez berotegi-efektuko gasak murriztera edo ezabatzera.

2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraituz (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167), zeinak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aldatzen baitu, erregai fosilak (gas naturala barne) erabiltzen dituzten industria-prozesuetako ekipo, makina eta instalazioetan egiten diren inbertsioetan, dirulaguntza emango da soilik lehendik dauden ekoizpen-ekipo, -makina edo -instalazioen osagai gehigarriak instalatzeko, ingurumen-babesa hobetze aldera, baldin eta inbertsio berriak ez badu ekoizpen-ahalmena areagotzen, ez eta erregai fosilaren kontsumoa handitzen ere.

Halaber jotzen dira deialdi honek diruz lagun ditzakeen inbertsiotzat:

– Ekoizpen-prozesuari zuzenean lotuta ez dauden inbertsioak (klimatizazio-sistemak, industria-instalazioaren berokuntza, etab.).

– Instalazioetan edo prozesu-lerroetan egiten diren inbertsio berriak. Instalazio berrien edo prozesu-lerroen proiektuen kasuan, laguntza-eskaerarekin batera hura osatzen duten jarduketa bakoitzerako CO2 isuri baliokideak zehaztu beharko dira, aurreikusitako amaierako egoeran eta erreferentziako oinarrizko proiektu batean, bi egoeren arteko konparazioa egin eta proiektuaren deskarbonizazio-potentziala zehaztu ahal izateko. Horretarako, erreferentziazko egoeratzat hartuko da instalazio konbentzional baliokide bat, ez hobekuntza teknologikorik, ez ingurumen-hobekuntzarik edo energia-aurrezpenik ez duena, zeina laguntzarik gabe modu sinesgarrian egin ahal izango baitzen.

– Natura-baliabideak murrizteagatik berotegi-efektuko gasen isuriak gutxitzea dakarten inbertsioak, bigarren mailako lehengaiak erabiliz, hondakinen azpiproduktuak erabiliz, hondakinak baliatuz erregai eta lehengai fosilen ordez, edo berotegi-efektuko potentzial handiko gas fluordunen ordez berotegi-efektuko potentzial urria edo hutsa duten beste gas batzuk erabiliz.

Inbertsioek ingurumen-babesa handiagoa izan dadin lortu behar dute, Europar Batasunak onartutako eta indarrean dauden arauetatik harago, edo oraindik indarrean ez dauden baina hartutako arauak betetzeko balio behar dute (baldin eta laguntzaren xede den inbertsioa Europako araua indarrean sartu baino 18 hilabete lehenago amaituta badago, betiere), edo ingurumen-babesa handitu behar dute baldin eta ez badago Europar Batasunaren araurik.

Inbertsio-tipologia hauek ere lagundu ahalko dira diruz: hondar-beroak berreskuratzeko sistemak; erregai fosilen kontsumoa ordezteko edo murrizteko inbertsioak, hala nola jatorri berriztagarriko hidrogenoa edo biomasatik datozen erregaiak erabiltzea; prozesu termikoen elektrifikazioa (bero-ponpa eta beste batzuk); energia-kontsumoa kontrolatzeko eta aurrezteko sistema digitalak, eta abar.

Ez dira diruz lagunduko CO2 harrapatzeko, erabiltzeko edo bahitzeko inbertsioak.

Aktiboen preziotzat hartuko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako kasu hauetan ere dirulaguntza jaso ahal izango da: establezimendu baten aktiboak eskuratzea, baldin eta establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago, edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea, baldin eta hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu badu establezimendua, bestela ateak itxiko baitzituzkeen.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek edo lotuek egindakoak ez izatea, Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa har dadin; baita inbertsioa gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

Ondasun inbentariagarriak eskuratu eta hobetzen badira, Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 30.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren diru-zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako diru-kopuruak, eta baldin horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, zeinak justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean sartu behar diren, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza merkeena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskabidean, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa elkartuaren edo lotuaren ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria.

4.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkeztu ondoren hasten duten enpresek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza, 6.1 artikuluan adierazitako baldintzetan, baina betiere inbertsioa 2024ko ekitaldi honetan hasten badute.

«Inbertsioen hasiera» da:

– Artikulu honetako 1.a) puntuan adierazitako kontabilitate-kontzeptuekin (212 Instalazio teknikoak, 213 Makineria, 215 Beste instalazio batzuk eta 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak) lotutako edozein aktibo eskatzeko lehen konpromiso irmoa.

– Inbertsioa itzulezina egiten duen beste edozein konpromiso, data hori konpromiso irmoa baino lehenagokoa bada.

9. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta diru-zenbatekoa.

Lehiaketa bidezko norgehiagoka erabiliko da dirulaguntzak emateko: 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituz, puntuazioaren arabera esleituko dira aurreikusitako laguntzak (puntuazio handiena, proposamen onena), deialdiaren diru-hornidura agortzen den arte.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluaren 5., 7., 8. eta 11. apartatuetan eta 38. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)–, ehuneko hauek izango dituzte:

– Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 20.

– Laguntzaren intentsitatea 5 puntu handituko da enpresa ertainei emandako laguntzen kasuan, eta 10 puntu enpresa txikiei emandako laguntzen kasuan

– Laguntzaren intentsitatea ehuneko bi puntu eta erdi (% 2,5) handituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Zabalduan egiten diren inbertsioen kasuan. Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei ez zaie aplikatuko ehuneko bi puntu eta erdiko (% 2,5) igoera. Erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167).

Dirulaguntzak, gehienez ere 1.500.000,00 eurokoak izango dira, enpresa eta/edo enpresa-talde bakoitzeko.

Enpresa elkartu edo lotuen kasuan, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)–, gehienez ere 1.500.000 eurokoak izango dira, eta gehieneko muga hori enpresa-taldearen mailan ezartzen da. Enpresa elkartu edo loturen batek esandako muga hori gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

10. artikulua.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.

Deialdi honetan jasotako diruz laguntzeko jarduketa berak dituzten beste administrazio publiko batzuek emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta guztira ez badute gainditzen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluan ezarritako muga; erregelamendu horren bidez, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167). Dirulaguntza horien berri eman beharko zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

Esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako diru-kopurua kenduko zaio.

Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzeak ez du ekarriko, inola ere, diruz lagundu daitezkeen jarduketen gainfinantzaketarik. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztuko da.

11. artikulua.– Ebaluazio Batzordea eta organo kudeatzailea.

1.– Entitate laguntzaileak Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari igorritako txosten teknikoa jaso ondoren, eta behin eskabideak ebaluatu ondoren, batzordeak akta bat egingo du, eta bertan ebaluazioaren emaitza jasoko da, 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz dagokion lehentasun-ordenarekin. Akta hori organo kudeatzaileari bidaliko zaio, hau da, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari.

Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan badaude, edo urrutitik parte hartzen badute, eta, gutxienez, gainerako kideetako batek ere parte hartzen badu. Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

2.– Hauek izango dira batzordekideak:

Batzordeburua:

Rosa María Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako enpresa-programen arduraduna. Ordezkoa: Jon Echezortu Urretavizcaya, zuzendaritza horretako teknikaria.

Epaimahaikideak:

Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Ainara Ratón Recart, SPRIko arlo bereko teknikaria.

Laura Izaguirre Lafuente, SPRIko garapen industrialeko arduraduna. Ordezkoa: Mikel Serrano Susaeta, SPRIko arlo bereko teknikaria.

Luis de Velasco Pérez, EEEko Laguntzen Arloko arduraduna. Ordezkoa: Maite González Martínez de Alegría, EEEko Laguntzen Arloko arduraduna.

Ana Mezo Carro, proiektu-arduraduna, IHOBEko Ekonomia Zirkularraren Arloa. Ordezkoa: Jose María Fernández, IHOBEko Ekonomia Zirkularraren zuzendaria.

Idazkaritza: Cristina Amezaga Antepara, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Agustín García Pérez, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.

3.– Organo kudeatzaileak –Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak–, Ebaluazio Batzordearen akta ikusi ondoren, txosten bat egingo du, eta bertan jasoko du eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela enpresa onuradunek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eta behin betiko ebazpen-proposamena egingo dio Industriako sailburuordeari. Proposamen horretan, eskatutako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea proposatuko du, eta, ematen badira, pertsona edo entitate onuradunen izen soziala, emandako diru-zenbatekoa (urteka banatuta) eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adieraziko ditu. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatu izanaren arrazoiak adieraziko ditu.

12. artikulua.– Prozeduraren hasiera eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioen arabera emango dira, eta prozedura bakar batean ebatziko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta 2024ko ekainaren 20ko 12:00etan bukatuko.

3.– Eskabideak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira eta, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera –erregelamendu horren bidez, 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167), Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak.

13. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Esteka honetan dago administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-inprimakira): https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027908

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak –jakinarazpenak barne– egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, behar bezala beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskabidea eta agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak dagoeneko bere esku dituen indarreko agiriak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan, zer organo edo bulegotan eta zer espedientetan aurkeztu ziren.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak, bere elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zerga-organo eskudunei eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari zuzenean eskatuko dizkie zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiri positiboak. Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak eskabidearekin batera.

14. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du (bitarteko elektronikoen bidez), eta, bertan, honako agiri hauek atxiki beharko ditu:

a) Eskatzaileak egin beharreko inbertsioen memoria xehea. Bertan, produktuari eta ekoizpen-prozesuari buruzko informazioa jasoko da, bai eta inbertsioaren aurreko eta osteko prozesua ere, CO2eq isurien murrizketa kalkulatzeko azalpen batekin eta ekonomia- eta finantza-planaren xehetasunarekin eta plana bera gauzatzeko epeekin batera. Instalazio berrietako edo prozesu-lerroetako inbertsioak barne hartzen dituzten eskabideen kasuan, behar bezala justifikatu beharko da aurkeztutako inbertsioaren antzeko erreferentziako inbertsioaren ekoizpen-ahalmena, bai eta erreferentziako inbertsioaren kontsumoak ere. Adibide gisa, eta izaera mugatzailerik gabe, justifikazio hori erreferentziako inbertsioaren eskaintza edo fitxa tekniko bat aurkeztuz egin ahal izango da.

(Memoria teknikoaren eredu honen arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236402)

b) Eskatzaileak bete beharreko kalkulu-orria, enpresei aukera ematen diena eragotzitako isurien kalkulua egiteko. Kalkulu-orri horretan, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren osteko CO2eq isuriak eta inbertsioaren aurreko egoeran zeuden CO2eq isuriak alderatzen dira (Kalkulu-orriaren eredu honen arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236402)

Kalkulu-orri horrek kalkuluan baliatutako isuri-faktoreak estandarizatzen ditu, eta, horri esker, ebaluazio-faseko eskabideak irizpide bateratuen arabera alderatu daitezke. Erregai, energia-iturri, lehengai, hozgarri edo hondakin bakoitzerako, kalkulu-orriak isuri-faktoreen zerrenda bat du, aurrez definitua eta erreferentzia hauetan oinarritua:

– Karbonoan oinarritutako erregaiak: isuri-faktoreak, karbono-aztarnaren erregistroa, konpentsazioa eta karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuak; Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa; 2022.

– Elektrizitatea: penintsulako sistema elektrikoaren sorreraren CO2eq isuriak eta isuri-faktorea; Red Eléctrica de España, 2022.

– Hidrogeno grisa: Batzordearen Erabakia, isuri-eskubideen doako esleipena harmonizatzeko Batasunaren arau iragankorrak zehazten dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/87/EE Zuzentarauaren 10 bis artikuluari jarraikiz.

– Lehengaiak eta hondakinen kudeaketa: Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, 2018. Ekoinvent 3.3an oinarritutako karakterizazio-faktoreak, Euskadiko baldintza berezietarako aldatua.

– Hozgarriak eta beste gas fluordunak: isuri-faktoreak, karbono-aztarnaren erregistroa, konpentsazioa eta karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuak; Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa; 2022.

Kalkulu-orrian, eskatzaile bakoitzak inbertsioaren xede den prozesuan erabilitako erregaiak, energia-iturriak, lehengaiak eta hondakinak zein izan diren adieraziko du, eta inbertsioaren aurreko eta ondorengo kontsumoak sartuko ditu. Halaber, eskatzaile bakoitzak dirulaguntza eskatzen duen inbertsio hautagarriaren balioa sartu beharko du.

Kalkulu-orriak, eragotzitako isuriak kalkulatzeko eskatzaile bakoitzak sartutako kontsumoen datuak eta aurrez definitutako isuri-faktoreak baliatzen ditu, eta inbertsio hautagarriaren eta eragotzitako isurien arteko erlazioa kalkulatzen du.

c) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek dagoeneko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada. Interesdunak adierazi behar du zein organori aurkeztu zizkion agiriok, eta noiz, salbu eta ez badio horri berariaz uko egiten. Kasu horretan, nahi eta nahi ez erantsi beharko dizkio espedienteari (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada; ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak)

d) Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).

f) Inbertsio berak lortzeko beste entitate publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu edo jaso baditu, adierazi entitateak eta diru-zenbatekoak.

g) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.

h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen 2010eko uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Legearen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko 2022ko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

i) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zeina administratiboki zein penalki indarrean dagoen zehapen-araubidearen mende geratuko baita baldin eta datuak faltsutzen badira, baieztatzen duena baldintzak betetzen direla eta dirulaguntzaren onuradun izateko debekurik ez dagoela; hau da:

– Deskarbonizazio Industrialeko Programako laguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

– Ez duela jaso, epai irmo bidez, laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren kondenarik, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.

– Ez duela borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu, eta ez dela prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratua izan edo konkurtsoan deklaratuta izan –salbu eta bertan hitzarmen bat eraginkor bihurtu bada–, eta ez dagoela inongo esku-hartze judizialen pean edota desgaitua Konkurtsoari buruzko 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe izanik.

– Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

– Ez dagoela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ere: 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena. Edo ez dela sartzen Hauteskunde Araubide Orokorraren 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguen multzoan, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Ez duela egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Ez duela jaso, ebazpen irmo bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapenik, lege honetan edo besteren batean oinarrituta. Zehazki, ez duela jaso zehapenik, ez administratiboki ez penalki, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

– Ez duela zehapenik jaso Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, edo, horrelako zehapenik jaso badu, neurri zuzentzaile egokiak egikaritu dituela eta zehapena bete duela.

– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko inongo aginduren mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

– Inbertsio beretarako beste entitate publiko edo pribatu batzuei eskatu dizkien edo haiengandik jaso dituen laguntzak behar bezala deklaratu dituela.

– Hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete duela, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela / Ez dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta honako prozedura hauetan (prozedurak adierazi)...

Konpromisoa hartzen duela orain arte adierazitakoa betetzen jarraitzeko, adierazpen hau aurkezten denetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatzen den arte, eta ez duela enpresaren deslokalizaziorik izango, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte adierazitako inguruabarretan aldaketarik gertatuz gero, horren berri emateko konpromisoa hartzen duela.

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez badira adierazitako agiriak aurkezten, entitate eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio bitarteko berak erabiliz falta hori zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio). Horrez gain, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak –Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak– beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.

1.– Industriako sailburuordeak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren proposamenez –zuzendaria baita organo kudeatzailea–, deialdia argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, egintza bakar baten bidez eman eta jakinaraziko du prozedura ebazten duen eta emandako eta ukatutako laguntzak zein izan diren adieraziko duen ebazpena. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea administrazioaren isiltasunaz ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honetako 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz, harik eta deialdi honetako 2. artikuluan esleitutako kreditua agortzen den arte. Entitate batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunaren arabera ezarriko da esleipen-ordena.

Administrazio-ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda biltzeaz gain, espresuki adieraziko dira xedea, onartutako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta, ondorioz, emandako diru-zenbatekoa, banaketa eta guzti. Inbertsioak urte anitzekoak badira, urtekako banaketa, eta gainerako eskabideen ezestea, ukatzeko arrazoiak adierazita.

Deialdi honetako artikuluetan xedatutakoaren arabera egingo dira ordainketak eta epeak, bai eta halaber agindu honetan eskatzen diren baldintzak eta betekizunak justifikatzeko era.

2.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, bide elektronikoen bitartez, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen diru-zenbatekoak urtero argitaratzeko betebeharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.

3.– Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

16. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen hirugarren erregistro egokian jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Dirulaguntzaren ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen 1981eko abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izango da, eta ordainketa hori artikulu honetan deskribatutako moduan egingo zaio enpresa onuradunari.

a) Lehen ordainketa, aurreratua, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, behin interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, berariaz uko egin ezean. Bigarren ordainketari begira, dagokion ikuskapena egin eta gero, kontuan izango da aurrerapenez jasotakoa.

b) Gainerako ordainketak egin dakizkion, enpresa onuradunak atal hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:

– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen adierazpena.

– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta diru-zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpora utzita).

– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko inongo aginduren mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabakitzeagatik laguntzaren bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Dirulaguntza ez besteko enpresaren baliabide propioen diru-zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren diru-zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.

Deklaratutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturek ikuskatzaileen esku egon beharko dute, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (entitate edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, diru-zenbatekoa (BEZa banakatua) eta ordainketa-data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen diren agiriak eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, deklaratutakoa egiaztatzeko.

Bigarren ordainketarako, dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aurrerapenez jasotakoa.

3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu beharreko diru-zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien diru-zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.

4.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioen azken adierazpena aurkezteko. Hala ere, onuradunak epe hori amaitu aurretik hala eskatzen badu, organo emaileak epe hori luzatu ahal izango du, justifikatutzat joz gero. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen deklarazioetan oinarrituta, eta organo kudeatzaileak dagokion laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, inbertsio justifikatuen partidari buruzkoa.

5.– Justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako diruz laguntzeko moduko gastuak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko ditu edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.

6.– Enpresa batek laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.

7.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela-medio zorduna bada.

8.– Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien diru-zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere. Era berean, jasotako diru-funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, espresuki eta idatziz, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik.

2.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

3.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta eskakizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera duen laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo lortu diren beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik.

Zirkunstantzia hori jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, beti ere, jasotako diru-funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

Zirkunstantzia hori jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, beti ere, jasotako diru-funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

8.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, erregelamenduz araututako eran.

9.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko eskatzen den kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro.

10.– Jasotako diru-funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

11.– Diruz lagundutako edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketaren finantzaketaren publikotasunaren publizitatea egitea, gardentasunari buruzko legedian ezarritakoari jarraituz.

12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legeak 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako diru-funtsak itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina itzultzea.

13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

14.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

15.– Enpresaren deslokalizaziorik ez izatea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 49. artikuluan araututakoa.

16.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

18. artikulua.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake Industriako sailburuordeak, bera baita dirulaguntzaren organo emailea, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Onuradunak eskatuta bada, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean bertan, organo kudeatzaileari jakinaraziko dio dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela.

2.– Ondorio horietarako, entitate eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak aginduzkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– inbertsioak egiteko, baldin eta alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek –halakorik badago– ez du gehikuntzarik eragingo emandako laguntzaren diru-zenbatekoan.

3.– Egiazki egindako edo egitekoa den jarduerak dirulaguntzaren xedearen barruan egon behar du, eta aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ezin dira egon onuradunaren borondate hutsaren mende.

Baloratuko da ea aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berri horiek, baldin hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi nahikoa izango ziren, eta, orobat, ea aldaketaren munta hainbesterainokoa den, ezen hasieran onetsitako proiektuaren funtsa bera alda dezakeen.

4.– Baldin eta onuradunak jada dirulaguntzaren diru-zenbateko osoa edo zati bat jaso badu eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren diru-zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako eskakizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak edo dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak dirulaguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du, eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, honako arau hauetan ezarritako baldintzetan, betiere: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

Dirulaguntza ordaintzen denetik diru-itzulketa erabakitzen den arte –edo zordunak diru itzulia ingresatu arte, ingresoa erabakiaren aurretik egiten bada– jasotako diru-zenbatekoak itzuli beharko dira eta aplikatu beharreko berandutze-interesak eskatuko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta haren Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartekoetan ezarritako kasuetan.

2.– Erabateko ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) 100.000,00 euroko gutxieneko inbertsio onartua ez gauzatzea.

b) Onartutako inbertsioak ez hastea 2024ko ekitaldian, agindu honen 8.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

c) Enpresaren baliabide propioak ez aplikatzea, diruz laguntzeko modukotzat jotako inbertsioaren zenbatekoaren % 25ean, gutxienez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala