Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2024ko apirilaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1710

40/2024 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Bizkaiko Foru Aldundiarekin 2023ko otsailaren 1ean sinatutako hitzarmenaren luzapena, arreta soziosanitariorako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmenaren luzapena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin 2023ko otsailaren 1ean sinatutako hitzarmenaren luzapena, arreta soziosanitariorako. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 3KO 40/2024 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK 2023KO OTSAILAREN 1EAN, ARRETA SOZIOSANITARIORAKO SINATUTAKO LANKIDETZA HITZARMENA LUZATZEKO AKORDIOA

Bilbao, 2023ko abenduaren 30a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Elixabete Etxanobe Landajuela, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluaren 2023ko abenduaren 28ko erabakiaren bidez hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena duena.

Eta bestetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Gobernu Batzordearen 2023ko abenduaren 26ko erabakiaren bidez egintza honetarako eskumena duena.

Alderdiek beharrezko gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri hitzarmenaren luzapen eranskin hau sinatzeko, eta horren arabera,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2023ko otsailaren 1ean, arreta soziosanitarioa emateko, eta 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du.

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren bederatzigarren hizpaketaren arabera, alde bien adostasunez luzatu ahal izango da, beren-beregi, baina ezin izango da gainditu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean zehazten den gehieneko iraupena.

Hirugarrena.– Bi alderdiek beharrezkotzat jotzen dute gizarte-zerbitzuak garatzeko eta sendotzeko lankidetzari eustea.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek aipatutako hitzarmena luzatzeko akordioa sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

HIZPAKETAK

Lehenengoa.– Hitzarmena Luzatzea.

Urtebetez luzatzen da, 2024ko abenduaren 31ra arte, 2023ko otsailaren 1an sinatutako lankidetza-hitzarmena, arreta soziosanitarioa ematekoa.

Bigarrena.– 2024rako konpromisoak.

Onuradunen eskura dauden plazen kopurua eta 2024rako finantza-lankidetzaren zenbatekoa 2023rako ezarritakoen berdinak izango dira.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak plaza hauek jarriko ditu hartzaileen eskura, honela banatuta: URSS- Egoitza Soziosanitarioko Unitatea 186 plaza eta Mendekotasuna duten adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak 3000 plaza.

Bestalde, Osasun Sailak 8.469.395 euro bideratuko ditu 2024an hitzarmenaren xede diren plazak garatzeko.

Hirugarrena.– Luzapenaren ondorioak.

Luzapena honen ondorioak sinatzen denetik hitzarmena azkendu arte luzatuko dira.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 4.2 artikuluarekin bat etorriz, luzapen hau bertan behera uzteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorretan.

Eta aurretik azaldutako guztiarekin ados egonda, luzapen honen bi kopia sinatzen dituzte, goian adierazitako tokian eta egunean.

Bizkaiko Ahaldun nagusia,

Elixabete Etxanobe Landajuela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua,

Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea.


Azterketa dokumentala