Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1685

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Basauriko (Bizkaia) San Migelgo SR-4 Uriarte sektorearen plan partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko abenduaren 15ean, Basauriko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Basauriko (Bizkaia) SR-4 Uriarte sektorearen plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura has zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Basauriko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Basauriko SR-4 Uriarte sektorearen plan partziala abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Kasu honetan, zehazki, plana Legearen II.B eranskineko 2. epigrafean sartzen da: II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Basauriko (Bizkaia) SR-4 Uriarte sektorearen plan partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da SR-4 Uriarte sektorearen mugaketaren barruan sartzen den eremu osoaren (jasotze topografikoaren arabera, 18.663,39 m2) antolamendu xehatua ezartzea eta Basauriko hiri-antolamenduko plan orokorrak (aurrerantzean, HAPO) ahalbidetzen duen hirigintza-aprobetxamendua arautzea, lehen erreferentzia gisa hartuta bizitegi-eremu horretarako Basauriko HAPOan bertan (2020ko abenduaren 29an onartu baitzen behin betiko) aipatutako antolamendurako oinarrizko irizpideak.

Sektorean gaur egungo mugak: ipar eta ekialdean, lurzoru urbanizaezina (ortuak) Errekalde auzoan; hegoaldean, Lapatza auzoa; eta mendebaldean, Eleuterio Villaverde etorbidea, hiri-lurzoru finkatuarekin lotzen duena eta garatu beharreko sektorearekiko bide-lotura eskaintzen duena.

Proposatutako eraikin-multzoa jabetza pribatuko zortzi zona edo lurzati eraikigarritan gauzatuko da. Eraikinak lehendik egina dagoen Eleuterio Villaverde kalean egingo dira. Plan partzialak proposatzen du HAPOan ezarritako eraikigarritasuna modu xehatuan antolatzea, etxebizitzen bi tipologia hauen arabera:

– 1. lurzatian, etxebizitza kolektiboz osatutako blokeak (sektorearen iparraldean): 2 bloke, 16na bizitzakoak, honela osatuta: PS2+PS1+PB+P1+P2+P3. Guztira, 32 etxebizitza.

– Eraiki beharreko gainerako lurzatiak: 2. lurzatitik 8.era, familia bakarreko etxebizitzak, ilaran, honela osatuta: (PS2)+PS1+PB+P1+PBC. Guztira, 50 etxebizitza.

Bizitegitarako lurzatiek 11.921,26 m2-ko azalera dute guztira; horietan sestra gaineko eraikigarritasuna 8.659,17 m2-koa izango da eta sestra-azpikoa, 4.100 m2-koa.

Horretaz aparte, sektorean, bizitegi-lurzatien artean banatuta, bost lurzati daude, espazio librez osatutakoak (3201,99 m2) eta ekipamendu publikoetako beste lurzati bat (865,59 m2).

Bide-sarea (2.674,55 m2) osatzeko oinezkoentzako ibilbide bat egingo da, ibilgailuen kaminoaren eta aparkaleku publikoen parean joango den espaloi berri baten bidez (lehen zegoen apur bat alde batera utzita), eta horrekin bizitegitarako eraikinak eta antolamenduan aurreikusita dauden zuzkidura-eremuak ondo komunikatuta geratuko dira.

Plan partziala urbanizazio-proiektu baten bidez garatuko da. Proiektuan ur-horniduraren, saneamendu-sarearen, argindar-sarearen, gasaren eta telekomunikazio-sarearen ezaugarriak zehaztuko dira. Sare horiek nagusiki Eleuterio Villaverde kaletik konektatuko dira eraikinekin.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak edo programak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako eta bestelako jardueretarako esparrua, bai kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamendu-baldintzei dagokienean bai bitartekoak esleitzeari dagokionean: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, plan partzialak SR-4 Uriarte sektorerako urbanizazio-proiektua baimentzeko esparrua ezartzen du (18.663,39 m2). Proiektuaren kokalekuaren eta ingurumen ezaugarriak eta proposaturiko garapen-mota kontuan izanda, esan daiteke planak ez duela bereizgarri nahikorik arrazoi horregatik ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra izateko.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste planetan edo programetan, hierarkizatuak daudenak barne: planak SR-4 Uriarte sektorea izeneko lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehatua zehazten du, kontuan hartuta Basauriko hiri-antolamenduko plan orokorrak antolamendurako eta hirigintza-aprobetxamendurako ezarritako oinarrizko irizpideak. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko, garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsadura akustikoari, hondakinen kudeaketari, urei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua (18.663,39 m2) bat dator Basauriko udalerriaren hegoaldean dagoen San Migel auzoko lurzoru urbanizagarri batekin. Gaur egun, eremu horretako lurzorua artifizializatu gabe dago, eta ortuak, laboreak, fruta-arbolak eta larreak daude. Nekazaritza-lanabesak gorde eta biltegiratzeko eraikin txiki eta instalazioak ere badaude, eta haiek sektorearen antolamenduen ondorioak jasango dituzte, bota egingo baitituzte.

Ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko interes geologikoko lekurik edo korridore ekologikorik. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Gainazaleko hidrologiari dagokionez, eremua Ibaizabal unitate hidrografikoaren barruan sartzen da. Ibaizabal eremuaren hegoaldetik igarotzen da, 270 m-tara, Kantauri Ekialdeko demarkazio hidrografikoaren barruan. Jarduketa-eremua ez du ezein ibilgu edo errekastok zeharkatzen.

Jarduketak hartuko duen eremua ale ertaineko arroka detritikoen gainean dago, eta porositatea dela-eta iragazkortasun txikia dute. Eremuak, gainera, hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masa ukitzen du, baina ez du ukitzen interes hidrogeologikoko eremurik.

GeoEuskadiren landaredi-mapari erreparatuz gero, unitate nagusiak bi habitat hauek osatzen dute: alde batetik, ortu eta mintegiek, eta, bestetik, espezie erruderal ugariko larreak, gaur egun erabiltzen ez direnak. Tarteka, hostozabal-ondoak eta eremuak mugatzeko palaxu gisa jarritako konifero batzuk ere badira.

Faunari dagokionez, azpimarratzekoa da larre, baserri eta palaxuz osatutako paisaia horretan, gizakien presentzia jasateko gaitasuna duten fauna-espezieak aurki daitezkeela; besteak beste: zapoa, zirauna, musker berdea, zapelatz arrunta, buztanikara zuria, zozoa, birigarro arrunta, euli-txori grisa, arabazozo pikarta, landare-txolarrea edo karnaba. Bestetik, ornodun espezie batzuk herriguneetan bizitzera egokitu dira; besteak beste: sugandila iberiarra, sorbeltz arrunta, enara, txolarrea, arratoi beltza, arratoi arrunta.

Ez dago planaren garapenaren ondorioak jasan ditzakeen ondare-elementurik, jarduketa-eremuaren barruan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez dago ez uholde-eremurik ez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatirik: Gainera, akuiferoen kutsadura-arriskua oso txikitzat jotzen da. Rusle ereduaren arabera, jarduketa-eremua higadura-maila oso txikiko eta lurzoru-galera onargarriko guneen gainean dago.

Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparen arabera, trenbideari dagokionez, plan partzialaren eremuak Castejón-Bilbao linearen 200 eta 600 metroko bandek hartzen dute, eta arriskua ertaina da. Bide-sareari dagokionez, berriz, jarduketa-eremua BI-625 errepidearen eta Gernika kaleko kamino nagusiaren 200 eta 600 m-ko bandek hartzen dute, biak arrisku oso txikikoak.

Eremuko zarataren egoera dela-eta, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanak aurreikusten du aplikatu beharreko KAHak (kalitate akustikoko helburuak) egun osoan zehar beteko dira 2 metroko altueran, nahiz eta eraikiko diren etxebizitzen fatxadei altuera guztietan eragingo dieten soinuen mapak etorkizunera begira erakusten duen egunez 1-2 dB(A)-ko urraketa izango dela Eleuterio Villaverde kalerantz ematen duten fatxadetan. Azterlan akustikoak erakusten du, Eleuterio Villaverde kalean, eraikinen eta errepidearen artean 2 metroko altuera izango duen I formako pantaila akustiko bat jarrita kalitate akustikoari dagokionez helburu diren balioak betetzea lortuko dela. Edonola ere azterlanak garbi uzten du barruko espazioa babestu egin beharko dela harik eta kalitate akustikoko helburuak lortu arte.

Bestetik, akustikarekin jarraituz, Basauriko HAPOak sektore horren fitxa urbanistikoan esaten du egindako azterlan akustikoaren argitan eremu hori babes akustiko bereziko eremutzat jo behar dela. Beraz, sustatzaileak aplikatu beharreko arauek exijitzen duten airetiko isolamendua bermatzeko behar diren neurri prebentiboak eta zuzentzaileak hartu beharko ditu. Gainera, arauak bete dituela egiaztatu beharko du. Era berean, azpimarratzen da babes akustiko bereziko eremuetan obrak egiten dituzten sustatzaileak behartuta daudela aplikatu beharreko araudiak exijitzen duen airetiko zaratarekiko isolamendu akustikoa bermatzeko behar diren neurri prebentiboak eta zuzentzaileak hartzera.

Obra-fasean, Plana garatzeak ekar ditzakeen ondorioak ortuetako instalazioak eraistearekin, urbanizazio-obrekin eta bizitegi-eraikin berrien eraikuntza-obrekin daude lotuta. Obra horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, baliabideak kontsumitzea, lurrak mugitzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea, uren kalitateari eta lurzoruei eragiteko arriskua –partikulak arrastatzeagatik eta ustekabeko isurketengatik–, paisaiari eragitea eta abar. Horiek guztiak San Migel auzoaren alboko hiri-periferiako eremu batean jazoko dira.

Ustiapen-fasean, berriz, eraginak bizitegi-garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzearekin, eremuko mugikortasuna areagotzearekin eta inpaktu akustikoarekin. Ildo horretatik, Eleuterio Villaverde kalerantz ematen duten fatxadetan eguneko aldian ez dira KAHak beteko, eta, hortaz, beharrezkoa da neurri zuzentzaileak hartzea zarata-maila jaisteko.

Kontuan hartuta aurretik adierazitakoa, zein den eremuaren egungo egoera, Planetik eratorritako jarduketak eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa (ondoren zehaztuko dena), ez da espero jarduketa horietatik inpaktu esanguratsurik sortuko denik ingurumenean, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, urei, kultura-ondareari, natura-ondareari, obretako zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa– eta obrak mota horretako jarduketetarako jardunbide egokien arabera garatzen badira; horrela jokatuz gero, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Basauriko San Migelgo SR-4 Uriarte sektorearen plan partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera burutuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorririk eta, aurrekoaren aurka ez doan orotan, ingurumen dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

SR-4 Uriarte sektorearen kasuan, helburu akustikoen kalitatea eguneko aldian ez denez beteko Eleuterio Villaverde kalerantz ematen duten zenbait eraikinetako fatxadetan –1-2 dB(A)-ko urraketa aurreikusten–, eta bidalitako dokumentazioaren arabera, kale horretako eraikinen eta errepidearen arteko zatian 2 metroko altuera izango duen pantaila akustiko bat jarriko da, bizitegi-eremu berrietan KAHak betetzea lortzeko. Pantaila akustikoa jartzea bideragarria ez bada, bestelako neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira, eraikinen fatxada guztietan KAHak betetzeko.

– Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak.

Errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

– Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

Aurreko neurriak eta aurreikusitako jarduketak aurrera eramateko beharrezkoa diren izapideen ondorioz ezartzen diren neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, urbanizazio-proiektua burutzeko neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean jasotzen dituen erabakietan sartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinen tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Zereginen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Basauriko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

• Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lanak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen eskuliburu hori. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, halako moldez non bermatuko den lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean ez dagoela flora inbaditzailearen propagulurik.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

* Energia. *Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo iturri berriztaezinen bidez energia gutxiago sortzea.

* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak txikitzea.

* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Basauriko San Migelgo SR-4 Uriarte sektorearen plan partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Basauriko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Basauriko San Migelgo SR-4 Uriarte sektoreko plan partziala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Zuzendaria falta izanik, eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala