Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1684

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatu baita Mundakako (Bizkaia) zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2023ko otsailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak ebatzi zuen jendaurrean jartzea Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektua eta Mundakako udal-mugartean (Bizkaia) duen ingurumen-inpaktua, eta 2023ko martxoaren 20an ebazpen horren akatsen zuzenketa bat egin zuen.

Ebazpen horien iragarkiak 2023ko martxoaren 9ko eta 2023ko apirilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarietan argitaratu ziren. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, organo substantiboak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2024ko urtarrilaren 22an, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Mundakako (Bizkaia) zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera osatu zuen, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

– Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektua. 2023ko ekaina.

– Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2023ko ekaina. (Eraikuntza-proiektuaren 11. eranskina).

– Natura 2000 Sareko guneen gaineko ondorioen ebaluazioa. 2023ko ekaina. (Eraikuntza-proiektuaren 22. eranskina).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Egindako kontsulten emaitza eta horiek kontuan hartzeko modua, proiektuaren azken proposamenean sartuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek.

Proiektua Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta Natura 2000 Sareko bi guneri buruzkoa da: ES0000144 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE), Urdaibaiko itsasadarra eta ES2130007 Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE), Urdaibaiko itsasertzeko eremuak eta padurak. Inguruabar horiek kontuan hartuta, sustatzaileak erabaki du ohiko ingurumen-ebaluazioaren prozedura ezartzea, ingurumenaren babesa bermatzeko, 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinaren 76.1 artikuluan eta 4. puntuan ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta informazio publikoaren izapidea egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mundakako (Bizkaia) zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio honen gainean egina dago:

• Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektua. 2023ko ekaina.

• Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2023ko ekaina. (Eraikuntza-proiektuaren 11. eranskina).

• Natura 2000 Sareko guneen gaineko ondorioen ebaluazioa. 2023ko ekaina. (Eraikuntza-proiektuaren 22. eranskina).

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

C.1.– Proiektuaren xedea eta ekintza nagusien deskribapena.

Proiektuko obra Mundakako zubibidea konpontzean eta babestean datza (Amorebieta – Bermeo trenbidearena), ikusitako kalteen ondoren. Kalte horiek, nagusiki, olatuen ondorioz izan ohi dira.

Egitura trenbideko 27+381 KPan dago, eta hormigoi ziklopeoko fabrika-obra bat da, harlanduz estalia, 90 metroko luzerakoa, estribuak eta 9 pilare dituena.

Zubibidea itsaslabar baten gainetik igarotzen da, 15 metroko altueran, eta oinarrian hormigoizko 10 idulki ditu. Horiek olatuetatik babesten dute, eta kalako harkaitzezko lurzoruan ainguratuta daude.

Babes-idulki horiek oso narriatuta daude, eta olatuak haien gainetik pasatzen dira etengabe; hortaz, ez dute betetzen eman beharko luketen babesa. Egoera hori konpontzeko, proiektuak egun dauden defentsa-blokeak eraistea eta hormigoizko dike batekin ordezkatzea aurreikusten du.

Dikea kalan olatuak sartzen diren tokian proiektatzen da, eta masa-hormigoi mikropilotatuz egina dago. 1,20 kotan akabera duen erregularizazio-bankada baten gainean, hormigoizko lehen maila bat egingo da, +4,50 kotaraino, 4,38 m-ko zabalera konstantearekin. Bigarren mailak 2,5 m x 2,5 m-ko 14 bloke ditu; aurrealdea itsasora begira dago, eta +6,50 kotaraino iristen da. Bigarren maila hori lehenengoari lotzen zaio 4 mikropiloteren bidez.

Babes-dikea eraiki ondoren, zubibidea konpontzeko lanak egingo dira, zeinak, funtsean, honetan oinarrituko baitira: harlanduzko obrak konpontzea, hezetasunak eta landaredia garbitzea, gangetan hustubideak egitea, abalasto-babeseko hormatxoak konpontzea eta baranda eraikitzea. Egiteko, aldamioak jarriko dira, zubibidearen zimenduetan bermatuta.

Azkenik, kalara jaisteko eskailera berri bat jarriko da, zubibidearen 7. pilarearen parean.

Obra egiteko, metalezko behin-behineko plataforma bat eraiki behar da, materialak pilatzeko eta itsasgoretan makinentzako babesleku gisa balioko duena. Plataforma hori zubibidearen hegoaldean kokatuko da, kalaren barruan, eta 5,7 metro zabal izango ditu, 2 makina gurutzatu ahal izan daitezen, 2,9 metro zabal den arrapala bat eta arrapalaren inguruan biratzeko eremu zabal bat.

Plataforma egiteko, 1,7 m x 1,7 m x 0,85 m-ko zapata prefabrikatuak erabiliko dira. Zapatek zuzenean eutsiko diote kalako lur naturalari, eta, horretarako, soilik honakoak egin beharko dira: euskarri-arroka garbitu, zapatak egitea eragozten duten errekarriak bertatik kendu eta garbiketa-hormigoizko oinarri bat jarri.

Lursailaren zeharkako malda handia dela eta, arrapalaren lehen zatia ez da egituran egingo; aitzitik, L formako horma bat jarriko da, zapatak heltzeko kendutako birletatik ateratako material-betegarri bat izango duena.

Behin dikearen obra amaitu eta gero, zapaten oinarria garbitzeko, hormigoia eskuz zulatuko da, eta plataforma eta haren elementu guztiak eraitsi eta kendu egingo dira.

Obra egin bitartean, langileak trenbidetik sartuko dira kalara, eta 7. pilarean dagoen aldamiotik jaitsiko dira.

Dikea egiteko behar den hormigoia BI-2235 bidetik hornituko da, ponpaketa bidez, bideko espaloi-bidegorrian kokatuko den ponpa egonkor bat baliatuta. Puntu horretatik, hormigoia hoditik emango da obrara, eta mendi-hegaletik jaitsiko da. Ponpa egonkorra kamioietako hormigoi-makinen bidez kargatuko da.

Instalazio osagarriak izango dituzten beste bi gune behar dira. Lehenengoa, aparkaleku batean jarriko da, BI-2235 errepidearen gaineko begiratokian, eta obrako etxolak kokatzeko eta material txikia pilatzeko erabiliko da. Obra-gunera iristeko bidetik sartu beharko da.

Beste gune osagarria Bermeoko portuan egongo da, zubibidetik 1.160 metrora; 1.400 m2-ko azalera izango du, eta materialak eta makinak pilatzeko eta elementu prefabrikatuak egiteko erabiliko da, hala nola behin-behineko plataformako zapatak egiteko. Eremu horrek trenbiderako sarbidea du, eta, ondorioz, materialak bertatik garraiatuko dira.

Bai pilaketa-plataforma eta dikea eraikitzea, bai lehendik dagoen defentsa eraistea, mareen eta olatuen eraginpean daude; gauzak horrela, lanak nagusiki itsasbeheran egingo dira, denboraleen eta olatu handien garaiak saihestuz. Guztira 12 hilabeteko epea aurreikusten da, bi denboralditan banatuta. Lehenengo urtean babes-dikea egingo da, bigarrenean zubibidea konponduko da.

C.2.– Proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarri nagusiak.

Zubibidea Lamiarango kalaren gainean dago, BI-2235 errepidearen eta itsasoaren artean, Mundakako udal-mugartean. Proiektuaren xede den gunearen substratua honelakoa da: itsasotik gertu, harlauzak eta behe-harkaitzak daude; eta, zubibidearen barrualdean, hainbat tamainako errekarriak daude.

Zubibidea, dikea eta behin-behineko pilaketa-plataforma Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren barruan daude, bai eta Bermeoko portuan aurreikusten diren instalazio osagarrien gunea ere. Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoa babesteko zortasun-eremuan, bi instalazio osagarri proiektatu dira; horietako bat BI-2235 errepidean egongo da, zubibidearen parean, eta bigarrena iparralderago dagoen aparkaleku batean.

Proiektua Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan eta Natura 2000 Sarearen eremuan dago; hala, Urdaibaiko itsasadarreko HBBEari (kodea: ES0000144) eta Urdaibaiko itsasertzeko eta padurako KBEari eragiten die (kodea: ES2130007).

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erabilerarako eta kudeaketarako egitamuaren arabera, zubibidearen zati bat T4.IS eremuan dago (azpiegiturak jasateko eremuak), eta dikea, berriz, N2 itsasertzeko eremuan.

Jarduera-esparrua lurzoru urbanizaezinean dago, eta Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, C2 kalifikazio orokorra du: Babes bereziko itsasertzeko eremua eta Trenbide Garraioko Sistema Orokorra.

Landarediari dagokionez, zubibidearen zimenduetan itsasertzeko labarretako landare multzoak daude, eta 1230 Batasunaren intereseko habitata osatzen dute; erlaitzak eta itsaslabarrak daude angiospermo halofiloekin.

Lamiarango zubibidea 2015eko Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota dago, 2. babes-mailarekin (tipologikoa eta ingurumenekoa). Horrenbestez, oinarrizko babesa duen kultura-ondasuna da Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen arabera, eta inola ere ezin izango da eraitsi, ez osorik, ez zati batean.

Zubibidetik gertu, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago, Geoiker 48068-00005 kodearekin jasotzen dena, kontrolatu gabeko zabortegi bat delako. IIAren arabera, lurzati horri ez eragiteko prebentzio-neurriak hartuko dira.

C.3.– Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak.

Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek bidalitako txostenen arabera, proiektuak trenbidearen luzera txiki bat hartzen du, eta eraginak Lamiarango kalaren eremura mugatzen dira.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, zubibidea konpontzeak ez dakar Natura Sarearen azaleraren galerarik, baina Batasunaren intereseko 1230 habitataren (kostaldeko itsaslabarrak) azalera handiago bati eragingo zaio, dike berriak egungo 300 m2-ko azalera baino gehiago hartzen baitu. Obraren fasean, aldi baterako okupazioak egingo dira plataforma osagarria egiteko, gutxi gorabehera 166 m2-ko azalera batean, hau da, 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak habitataren azalera osoaren % 0,14 hartuko da.

Azalera hori oso mugatua denez, uste da Natura Sarearen gaineko inpaktua ez dela nabarmena izango.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ebaluatu du proiektuak zer-nolako eragina duen Urdaibaiko Itsasadarreko HBBEan (kodea: ES0000144) eta Urdaibaiko Itsasertzeko eta Padurako KBEan (kodea: ES2130007) dauden hegazti-komunitateetan, batez ere interes berezikoak diren horien gainean. Proiektuaren eragin-eremuan, honako espezie hauek dira: ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), ekaitz-txori europarra (Hydrobates pelagicus), koartzatxo txikia (Egretta garzetta), sai zuria (Neophron percnopterus) eta belatz handia (Falco peregrinus).

Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketan sartutako abifaunaren azterketa egitean egindako miaketetan, zubibidearen pilareetako zuloetan belatzaren (Falco tinnunculus) bi habia eta buztangorri ilunaren (Phoenicurus ochruros) habia bat aurkitu dira, bai eta hontz zuriarena (Tyto alba) izan daitekeen habia bat ere, baina oraindik baieztatu gabe dago.

Habiak kentzearen ondorioz, zuzeneko eragina jasango duten espezieak belatz gorria eta hontza dira. Buztangorri ilunen kasuan, eragina txikiagoa izango da, espezie horrek baliabide ekologiko nahikoak eta egokiak dituelako inguruko hormetan.

Hegaztien gaineko beste eragin posible batzuk: lekua utzi behar izatea, zaratak eta makinen eta pertsonen mugimenduek eraginda, nahiko ingurune lasaian. Zubibidearen ondoan habiak egiten dituzten hegaztiek bertatik joan beharko dute, bai eta zabalgunea eta itsaslabarra baliatzen dutenek ere. Efektu hori gutxitu egingo da urrundu ahala, eta, hala, zubibidearen alboetako bi muturretatik harago joanda, abifaunaren gainean ez da eragingo apenas.

Dikea berreraikitzeko lanek kostaldeko urak uhertzea eragin lezakete, baina ez litzateke eragin oso adierazgarria izango. Era berean, proiektua gauzatzeak uren kalitatea alda dezake, makinak lurrean edukitzearen ondorioz erregaiak, olioak eta bestelako gai kutsatzaileak nahigabe isurtzeagatik. Dena den, hori gertatzeko probabilitatea nabarmen murrizten da ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako prebentzio-neurriak kontuan hartzen baditugu.

Zubibidean egin beharreko lanak mantentze- eta kontserbazio-lanak dira, eta, beraz, proiektua zuzena da kultura-ondarea babesteko araudiari dagokionez.

D) Babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Neurri horiek eta kontrolerako izendatutako langileek ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Proiektuaren eragin-eremuan dauden naturagune babestuen kudeaketan eskumena duten organoek ezartzen dituzten baldintzak ezertan eragotzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

– Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du Ebazpen honetako D.10 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Lanak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan, alegia, 1230 EB kodeko «Kostaldeetako itsaslabarrak» Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatetan, kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eragin-eremua miatuko da, babestutako florarik ez dagoela bermatzeko (zehazki, Armeria euscadiensis eta Lavatera arborea), KBE/HBBEaren kontserbazio-dokumentuetan ezarritakoaren ildotik.

– Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta «in situ» balizatuko dira lanak egiteko nahitaez sasiz garbitu behar ez diren Batasunaren intereseko habitatak. Bestalde, zuinketako fasean eta lanak egiterakoan, Ebazpen honetako D.10 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan aipatutako eremu bereziki sentikorretan, Obraren Zuzendaritzari laguntzeko.

– Natura 2000 Sareko guneen gaineko ondorioen ebaluazioari buruzko 22. eranskinean proposatzen den moduan, proiektuaren eremuan dauden hegazti-espezie habiagileen hazkuntza-aldiak errespetatu beharko dira, ahal den neurrian. Debekatuta dago aldi horretan habiak suntsitzea.

– Natura 2000 Sareko guneen gaineko ondorioen ebaluazioari buruzko 22. eranskinean adierazitakoaren arabera, pilareetan identifikatzen diren belatzeek eta hontzek habiak egiteko lekua gal ez dezaten, espezie bakoitzaren araberako kutxak jarriko dira inguruko horma bertikaletan, gehienak ekialdera begira, habiak egin ditzaten. Behin lanak amaitzean, estaliko diren pilareen zuloak habia-kutxez hornituko dira: belatz gorriak (5 kutxa), hontzak (2 kutxa), enarak (10 habia), buztangorriak eta antzekoak (5 kutxa). Kutxa horiek pilareetan jarri beharko lirateke, ¾-ko garaieran, eta, nagusiki, ekialdera begira.

– Zarataren emisio-mailak minimizatzeko, ahal den heinean, obra-planak ezin izango ditu zeregin zaratatsuak gainjarri. Lanak egunez egin beharko dira, eta aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioak erregulatzen dituen araudia zorrotz bete beharko da.

– Erreferentziatzat hartuko dira g) eremurako kalitate akustikoko helburu-balioak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

– Sustatzaileak neurri zehatzak aplikatu beharko ditu itsaslabarrean kutsatutako ura zuzenean isuri dadin saihesteko, izan ur hori bildu eta tratatuz, edo in situ tratatuz.

– Zubibideko landaredia, algak eta abar baliabide mekanikoen bidez kendu beharko dira esklusiboki. Hori ezinezkoa balitz, ur-organismoen gainean eragin toxikorik ez dakarten biozidak erabili ahal izango dira (hortaz, proiektuan proposatutako triazina eta bentzalkonio kloruroa erabiltzea saihestuko da), eta ezinbesteko gutxieneko dosietan erabiliko dira.

– Sustatzaileak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu flora exotiko inbaditzailea ez dadin ugaldu, besteak beste:

• Makina eta tresna garbiak erabiltzea, espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak izan ditzaketen lohi- edo lur-hondarrik gabekoak.

• Kaltetutako landaredia ahalik eta azkarren birjartzea espezie autoktonoekin eta agertu ahal izan diren landare inbaditzaileak bitarteko mekanikoekin kentzea.

• Landaredi inbaditzailearen jarraipena egitea eta, hala badagokio, landareak kentzea obrak amaitu eta gero egin beharko da, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko 9/2021 Legea kontuan hartuta.

• Landaredi inbaditzailearen jarraipena egitea eta, hala badagokio, landareak kentzea obrak amaitu eta gero egin beharko da, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko 9/2021 Legea kontuan hartuta.

– Ez da landarediari eragiten dion biderik sortuko obrara mazelatik sartzeko. Materialak eta makinak Lamiarango zubibidetik deskargatuko dira, trenbideko zirkulazioa moztuta.

D.2.– Uren eta lurzoruen kalitatea babesteko neurriak.

Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoa babesteko zortasun-eremuan planteatutako jarduketak gauzatzeko, ezinbestean, Uraren Euskal Agentziaren baimena eduki beharko da. Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan aurreikusitako jarduketek Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak eman beharreko gaikuntza-titulua eduki beharko dute.

Ingurune hidrikoari ahalik eta kalte txikiena eragingo zaiola bermatze aldera, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obran material xurgatzailea eduki beharko da (sepiolita edo antzekoa), istripuz isurketarik gertatuz gero erantzuteko denbora gehiago eduki ahal izateko.

– Ezingo da isurketarik egin ILJPra baimenik gabe.

– Arreta handiz ibili beharko da dikea egiten den bitartean; izan ere, ILJParen 300 m2 inguru okupatuko dira. Ildo horretan, ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako Ingurumena Zaintzeko Programan jarritakoa bete beharko da, eta, kostaldeen arloan indarrean dagoen araudia betez, izapidetu beharreko baimen eta emakidetan ezartzen den argibide oro bete beharko da. Honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea isuri.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitakoaren arabera, Geoiker 48068-00005 kodearekin jasotako kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiari inolaz ere ez eragiteko, honako prebentzio-neurri hauek hartuko dira: lurzoru horiei eragitea eragotziko duen sare bat jartzea, zeinak, aldi berean, hormigoia ponpatzeko aurreikusitako hodiak BI-2235 bidetik kalarainoko lurzorua okupatzea eragotziko baitu.

Obrek dirauten bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

D.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai egin beharreko jarduketen eraginpeko ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko eremuetan.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

– Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

Soilik egunez egingo da lan.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

Obran paisaia integratzeko lanak eragindako eremu guztietan egingo dira. Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.

Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare aloktono inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunean.

Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu, hala badagokio.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen artean, ingurumen gaietan, eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz Obra Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan aipatzen diren alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Xehetasun-kartografiaren bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrean ezabatu behar ez diren Batasunaren intereseko habitatak.

– Itsasoari ez eragiteko erabiliko diren jalkinei eta hondakin-urei eusteko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa betetzeko, kontuan hartu beharko da sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, bai eta, hala badagokio, dagozkion baimenetan ezarritakoaren arabera ere.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

Kontrol hauek gehituko dira:

E.1.– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.

E.2.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Ustiapena amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.

E.3.– Gorabeheren erregistroa.

Ustiapenean zehar izandako gorabeherak erregistratu beharko dira, eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jaso. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

E.4.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programa osatzen duten azterketa eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

F) Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik.

Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari eta Euskal Trenbide Sarea sustatzaileari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 6a.

Zuzendariaren absentziaz eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua betez.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala