Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1683

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 29koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, zeinaren bidez ematen eta ukatzen baitira otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren babespean eskatutako laguntzak. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzei buruzkoa da (Itsaspen programa).

Aztertu dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko uztailaren 18ko Aginduaren babesean aurkeztutako laguntza-eskabideak (Agindu horren bidez, 2023ko ekitaldirako laguntzen deialdia egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak arautzen dituen otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren babesean). Eskabide horiek Ebazpen honen I. eranskinean eta II. eranskinean zerrendatuta daude, zeinetan eskabide bakoitzari dagokion espediente-zenbakia ere agertzen baita. Halaber, aztertu dira eskabideekin batera aurkeztutako agiriak.

Kontuan hartu da Balorazio Batzordeak –otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren bederatzigarren artikuluari jarraikiz– egindako ebazpen-proposamena. Batzorde hori Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2008ko abenduaren 12ko Ebazpenaren bidez izendatu zen.

Aurreko guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskineko zerrendan dauden erakunde eskatzaileei ematea otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuak erregulatzen dituen laguntzak. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak arautzen ditu (Itsaspen programa). Laguntza horiek 2023ko ekitaldirako deitu ziren 2023ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez. Goian aipatu eranskinean daude zehaztuta laguntza jasoko duen erakundea, zein proiektuari dagokion, zein den inbertsioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira 475.339,33 eurokoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuarekin ordainduko da.

Inbertsioak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da, eta deialdiaren urtean hasi beharko da. Epea luzatu daiteke otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritako denboran.

Dirulaguntza jaso aurretik, jarduerak edota inbertsioak egin eta ordaindu direla justifikatu behar da, kontuan hartuta aurkeztu behar diren dokumentuak eta horretarako baldintzak (otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 14. artikulua).

Inbertsioa ez bada egiten jarritako epean (luzapenak barne) edo inbertsioa egin izanari buruzko ziurtagiriak ez badira epe horretan aurkezten, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da eta, behar izanez gero, jasotako dirua bueltatu egingo da, otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 18. artikuluari jarraikiz.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskineko zerrendan dauden erakunde eskatzaileei otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuak erregulatzen dituen laguntzak ukatzea. Dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak arautzen ditu (Itsaspen programa). Laguntza horiek 2023ko ekitaldirako iragarri ziren, 2023ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez. Aipatu eranskinean daude laguntzak ukatzeko arrazoiak.

Hirugarrena.– Dirulaguntzak eten egingo dira eta, hala badagokio, jasotako dirua bueltatu egin beharko da honako kasu hauetan: dirulaguntza jaso duen proiektua egin ez bada; dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak ez badira bete; eta, batik bat, dirulaguntza jaso duten inbertsioei ez bazaie eusten (proiektua egikaritu eta bost urtean, gutxienez).

Laugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 29a.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria,

JONE MIREN FERNÁNDEZ LANDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala