Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1681

AGINDUA, 2024ko martxoaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita, 2024ko ekitaldirako, Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egiten duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako dirulaguntza-programa, eta horren oinarriak onartzen baitira. Indartu Programa 2024.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EAEko industria-sektorearen egoerari buruzko gogoeta egin du, eta gogoeta hori erreferentzia gisa erabili da 2021-2024 Industrializazio Planean biltzen diren politikak planifikatzeko. Enplegua sortzeko ekoizpen-inbertsioa sustatzea da, oraindik ere, funtsezko ardatz estrategikoetako bat, Jaurlaritzak arlo horretan garatuko dituen ekintzak bideratzeko.

EAEko ekonomiak hazi egin behar du enplegua sortzeko; kontu publikoak orekatu behar ditu, eta modu iraunkor batean garatu behar du ongizate-estatua. Gure enpresa-sareari lagundu behar diogu egoera ekonomikoak eragindako oztopoak gainditzen, enpleguaren suntsipena geldiarazten eta enpresa bideragarriak sendotzen. Finantzaketa ez da faktore bakarra, baina baldintzatzen ditu enpresek, eta batez ere enpresa txiki eta ertainek, hazteko dituzten aukerak, baita lehiakortasuna hobetzeko jarduerak abian jartzeko dituzten aukerak ere.

Esparru horretan, itzuli beharrik gabeko laguntzak lortzera bideratutako finantza-tresnak garatu eta aplikatzearen alde egiten du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak.

Bat etorriz 2022-2027 aldirako eskualde-xedeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroekin (2021-04-29ko AO, C 153) eta 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak (2023-06-30eko AO, L 167) aldatutako 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin – horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187) –, bai eta Europako Batzordeak, 2022-2027 aldirako, Estaturako eskualde-laguntzen mapa onartu izanarekin ere, programaren termino berriak garatzen dira, arauan zehaztutako helburuak betetzen dituzten enpresa guztiei laguntzak eskuratzen laguntzeko, helburu horiek modu dinamikoan gauzatu daitezen ahalbidetzeko eta, behin helburu horiek amaituta, onuradunek laguntzak emateko kontuan izan ziren baldintzei eusten dietela bermatzeko, gutxieneko aldi batean behintzat.

Nekazaritzako elikagaien enpresak programa honen onuradun izateko aukerari eusten zaio, baldin eta haien inbertsioek dirulaguntzarik jasotzen ez badute nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programen esparruan.

Ekitaldi honetarako, eremu behartsuen konfigurazioa (2022-2027) ezartzen jarraitzen da Euskal Autonomia Erkidegorako (Oiartzualdeko eremua desagertu egin zen, eta mantendu egiten da Ezkerralde Hedatua), eta batezbestekotik gorako langabezia-tasa % 5ekoa izatea planteatzen da. Ehuneko hori ezartzen da Europar Batasunak ezarritako konfigurazio berriaren eraginpean dauden eta eremu behartsuetako gune gisa sailka ditzaketen irizpideak betetzen dituzten udalerrien integrazioa errazteko, betiere eskualde-laguntzen mapan jasotako kontsiderazioak eta salbuespen-erregelamenduko kontsiderazioak errespetatuz. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasu zehatzean, Europar Batasuneko araudia betetzeko, kanpoan uzten dira udalerri horietan kokatutako enpresa handiak.

Mantendu egiten dira 2023ko ekitaldiko deialdiaren intentsitateak eta onartutako inbertsioaren gutxieneko mugak. Helburua da oraindik ere jarduketa instituzionalak osatzea, COVID-19aren pandemiak eragindako krisitik hobeto ateratzeko eta bizirauteko, enpresei zuzenduta. Horrez gain, Ukrainaren aurkako esku-hartze militar errusiarraren ondorioak gehitu behar dira.

Programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan dago jasota, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu baitu. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu da, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako esparruaren barruan, eta «Planak eta proiektuak» atalean.

Horiek horrela, beharrezkoa da Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako dirulaguntza-programa baten deialdiaren zehaztapenak garatzea, Indartu Programa, inbertsioen betearazpena dinamikoa izateko, eta, horiek bukatuta, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintzei gutxieneko denbora-tarte batean eutsiko dietela bermatzeko. Hori guztia honako hauetan aurreikusitakoaren arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, zeina lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatzen baitu.

Eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia.

Onartzea, 2024. urterako, Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egiten duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako dirulaguntza-programaren oinarriak. Indartu Programa 2024. Agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.

Bigarren artikulua.– Argitaratzea eta indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarren artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea, betiere ondorengo oinarrietan jasotzen diren terminoetan.

Arau honetako dirulaguntzak eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko gidalerroen mende egongo dira, eta hauek ere beteko dituzte: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (AO, L 167, 2023ko ekainaren 30ekoa)– 14. eta 17. artikuluak (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) –horren aplikazioa 2023-12-31 arte luzatu du 972/2020 Erregelamenduak (AO, L 215, 2020ko uztailaren 7koa)–, baldin eta 2022-2027 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapan baimentzen diren gehieneko intentsitateak errespetatzen badira; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua (AO, L 327, 2022ko abenduaren 21ekoa), eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) Erregelamenduaren 46. artikulua (AO, L 369, 2022ko abenduaren 21ekoa). Laguntza horizontalei buruzko arauak eta laguntza sektorialei buruzko arauak ere errespetatu beharko dira.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; horrenbestez, 1. oinarriaren xedea betetzeko, 20.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako horretatik gorakoa edo hura eguneratzetik ateratzen denetik gorakoa, aurreikusitako zenbatekoaren % 50 gehiago gehienez, betiere kreditu-loturaren erregimenari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

3. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako enpresa hauek lortu ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen badituzte, bai eta azpiegitura digitalei lotutako zerbitzuak ematen dituzten enpresek eta zerbitzu logistikoen enpresek ere –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuan kokatuta badaude. Alderdi horiek Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko SA 100859 (2021/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5etik gorakoa den langabezia-tasa duten udalerrietan (5.2 oinarrian zehazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioek bakarrik jasoko dituzte dirulaguntzak.

3.– Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

ETEa katalogatzeko, hauek hartuko dira kontuan: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)–, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.

4.– Enpresa handiei, jarduera berriak erakartzeko hasierako inbertsioetarako bakarrik emango zaizkie dirulaguntzak (establezimendu berri bat sortzeko aktibo materialetan eta immaterialetan inbertitzea; lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzea; establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, aurrez establezimenduan ekoizten ez ziren produktuekin; eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu osoan funtsezko eraldaketa bat egitea), edo lehendik dauden establezimenduetan produktu berriak edo prozesu berritzaile berriak dibertsifikatzeko, 2022-2027 aldirako onartutako eskualde-laguntzen mapa berrian identifikatutako eremuetan.

5.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:

– Autonomia-erkidegoko Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak.

– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan diharduten erakundeak.

4. oinarria.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo indarreko xedapenek ezarritako Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituzten erakundeak baino ezin izango dira onuradun izan, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan –Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa–.

Onuradun izateko, eskatzaileek enpresaren baliabide propioak aplikatu beharko dituzte. Baliabide propioak izango dira proiektura bideratuta daudenak eta dirulaguntza ez direnak, eta, gutxienez, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

2.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden enpresek.

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez dituztenak.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan iragarritako dirulaguntzak:

a) Krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen denean:

– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.

– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.

– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.

– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

b) Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)– 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresak; erregelamendu horren bidez, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.

c) Erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresek, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 2472/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako dirulaguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 2473/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa.

Enpresa handiak ez dira sartzen nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzetan; izan ere, mikroenpresei eta ETEei soilik eman ahal izango zaizkie horrelako laguntzak.

d) Eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman dioten enpresek, edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, inbertsioa osatu eta gehienez bi urteko epean jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak dituzten enpresek.

e) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

4.– 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

5.– Aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.

5. oinarria.– Ezkerralde Hedatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa duten udalerriak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honela definitu da Ezkerralde Hedatua: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran daudelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar dute.

Hala, Ezkerralde Hedatua da Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko SA 100859 (2021/N) zenbakidun Erabakian jasota dagoena.

Erabaki horretan oinarrituta, honako udalerri hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Gueñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Zierbena.

2.– Deialdi honetan ezarritakoaren arabera, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoa baino % 5 handiagoa edo hortik gorakoa den langabezia-tasa dutenak, ezarritako azken kalkuluaren arabera, zeina EUSTATen eskuragarri baitago orrialde hauetan:

https://eu.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial.html

Hona hemen udalerri horiek:

a) Arabakoak: Alegría-Dulantzi, Artziniega, Asparrena, Bastida, Lagran, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Legutio, Laudio, Oyón-Oion, Agurain, Gaubea, Vitoria-Gasteiz eta Zambrana.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/bcc08782-d19a-4e13-9451-d40ea7fc8682

b) Bizkaikoak: Arakaldo, Barakaldo, Basauri, Barrika, Bermeo, Bilbao, Elantxobe, Ermua, Lanestosa, Ondarroa, Urduña, Sukarrieta, Zalla eta Zaratamo.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/590429f7-066d-4b6e-ba76-d407e8c9f67c

c) Gipuzkoakoak: Hernialde, Ikaztegieta, Irun eta Soraluze-Placencia de las Armas.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/c52bf700-24ec-48e7-b010-1f1479b9e083

6. oinarria.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.

Laguntza jaso lezakeen inbertsioak agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezingo da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen; data horretatik aurrera gauzatu beharko da inbertsioa. Betiere 2024ko ekitaldian hasi eta gehienez ere 2025eko abenduaren 31n bukatu beharko da, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horrez gain, betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Enpresa handiek 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez; ETEek, aldiz, 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez. Kontuan hartuko dira, halaber, adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

b) Enpresak baliabide propio hauek izan behar ditu gutxienez: dirulaguntza jasotzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25, dirulaguntzak alde batera utzita.

c) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez (13. 1.a) artikuluan eskatzen da plan hori).

7. oinarria.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko egiten den inbertsioa, baldin eta agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei ere.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren objektu soziala den jarduerarekin.

Logistikako biltegiak diruz laguntzeko moduko aktibotzat hartuko dira.

Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da; hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den zenbatekoa.

b) Lehenengo aldiz erabili edo funtzionamenduan jartzea. Honako hauek eginez gero ere jaso ahal izango da dirulaguntza: establezimendu baten aktiboak eskuratu (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratu (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu establezimenduak ateak itxiko bazituzkeen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jasotzea kontratua bukatzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Hala, onuradunak dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, bost urtez gutxienez erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez gainerako ondasunen kasuan.

Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori eta emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa; datu horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

2.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, zeinak justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean sartu behar diren, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskabidean, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa elkartu edo lotuaren ondorioetarako, arau hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. Eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamendua (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa) eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamendua (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

4.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten enpresek bakarrik baliatu ahal izango dituzte; betiere 2024ko ekitaldi honetan hasi beharko dute.

«Inbertsioak hastea» diogunean, hau esan nahi dugu:

– Lurren eta eraikuntzen kasuan, lanak hasten direnean.

Lurrak erostea eta prestatzeko lanak, hala nola baimenak lortzea eta aldez aurreko bideragarritasun-azterlanak egitea, ez dira hartzen «lanen hasieratzat».

– Gainerako aktiboen kasuan, ekipoak eskatzeko kontratu bat sinatu denean edo inbertsioa itzulezin egiten duen beste konpromisoren bat dagoenean. Aktiboen erosketa likidazioko konkurtso-prozeduran dagoen establezimendu batetik badator, judizialki adjudikatzen den unea izango da.

Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, eskatzaileak, inbertsioak abiarazi aurretik, laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu bertan: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), inbertsioen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza-mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du horretarako epea irekitzen denean, agindu honen 12. eta 13. oinarrietan adierazten den moduan.

8. oinarria.– Enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da. Horretarako, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua hartuko da oinarritzat, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorri eta enpresak ematen duen txostena, alegia.

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako aukera hauetako handiena hartuko da abiapuntu gisa:

a) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetakoa.

b) Edo «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 36 hilabeteetakoa, betiere enpleguaren galera esanguratsuak egiaztatzen badira.

3.– Enpresak enplegua sortzeko betebeharra badu, ez delako iristen gutxieneko inbertsio onartura, gehienez sei hilabete izango ditu sortzeko, denbora-horizonte onartua amaitzen denetik hasita. Sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaio enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

4.– Enpresak hasierako plantillari eusteko betebeharra badu, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio, denbora-horizontean hasierako plantilla erdiesten duen unetik aurrera, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

9. oinarria.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruko dirulaguntzak ondoz ondoko emakida-prozeduraren bidez emango dira, eta itzuli beharrik gabekoak izango dira.

Dirulaguntzen intentsitatea honako hau izango da:

– laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10 enpresa handientzat;

– laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 15 ETEentzat;

– laguntzaren intentsitatea ehuneko bost puntu (% 5) handituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuan dauden udalerrietan inbertsioak egiten dituzten ETEen kasuan.

Dirulaguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, enpresa bakoitzak ezingo du 3.000.000,00 eurotik gora jaso.

10. oinarria.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen xede berarekin edozein administrazio publikok emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira laguntza hauekin, laguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko gidalerroen 7.4 apartatuan (AO, C 153, 2021eko apirilaren 29koa) ezarritako muga. Horrelako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzeak ez du ekarriko, inola ere, diruz lagundu daitezkeen jarduketen gainfinantzaketarik. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztuko da.

11. oinarria.– Prozeduraren hasiera.

1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, eta eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; eta 2024ko ekainaren 28an bukatuko da, 12:00etan, edo, 2. oinarrian adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

3.– Eskabideak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira, eta, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa), Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 53. apartatuaren arabera (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa) eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 27. apartatuaren arabera (AO, L 357, 2022ko abenduaren 21ekoa), dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta agindu honetako 7.3 artikuluko kasuan. Kasu horretan, lehenengo eskabidearen eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

12. oinarria.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-inprimakira). Honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027910

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak aurkezteko, eta eskabidearen ondorengo izapideak egiteko –jakinarazpenak barne–, hau izango da bidea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan ere, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak dagoeneko badauzkan indarreko agiriak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan, zer organo edo bulegotan eta zer espedientetan aurkeztu ziren.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak, bere elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, eskudun diren zerga-organoetatik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik zuzenean bilduko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiri positiboak. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak eskabidearekin batera.

13. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du bitarteko elektronikoak erabiliz laguntzaren aurre-eskabideaz gain, halakorik aurkeztu badu, eta agiri hauek ere erantsi beharko ditu:

a) Eskatzaileak edo enpresa-taldeko enpresa bakoitzak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua. Hala badagokio, parte-hartzaileek beren konpromisoa sinatu beharko dute, eta bertan sartuko dira industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, lan-plana eta horretarako epeak.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta aldaketarik izan ez bada. Agiri horiek zer organori eta noiz aurkeztu zizkion adierazi behar du interesdunak, hori egiteari uko egiten dionean izan ezik. Uko egiten badio, espedienteari erantsi beharko dizkio (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada hori, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

c) Sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.

d) Enpresako plantillaren bilakaerari buruzko memoria xehatua, urteka. Memoria hori azken hiru ekitaldi ekonomikoei buruzkoa izango da, datuak lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako dokumentuak barne hartuko ditu: «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, urteko deialdia argitaratu aurreko 12-36 hilabeteei dagokiena.

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).

f) Inbertsio berak lortzeko erakunde honen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu eta/edo jaso badituzu, adierazi erakundeak eta zenbatekoak.

g) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.

h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, uztailaren 5eko 15/2010 Legeak, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duenak, hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioaren arabera.

Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte baino ez dira izango baliozkoak.

2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea eragozten ez dutela.

Apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

i) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio-arloan zein arlo penalean indarrean dagoen zehapen-araubidearen mende egongo da, baldin eta datu faltsuak ematen badira betekizunak benetan betetzeari eta dirulaguntzaren onuradun izateko debekurik ez izateari dagokionez, hau da,

– Indartu Programa 2024ko laguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatutako betekizunak betetzen dituela.

– ez dela kondenatua izan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– ez dagoela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– zerga-egoitza ez duela araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– ebazpen irmo baten bitartez ez duela galdurik dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ez dutela zehatu –zigor- edo administrazio-bidean– sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

– ez dutela zehatu Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, eta, zehatu badute, neurri zuzentzaile egokiak egikaritu dituela eta zehapena ordaindu duela.

– ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko gidalerroen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

– beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien eta/edo haiengandik jaso dituen laguntzak aitortu dituela.

– hala badagokio, bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, eta ez duela egiaztatu hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

– dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak BAI dituela ordainduta / Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ez dituela ordainduta honako prozedura hauetan: (adierazi prozedurak).

– konpromisoa hartzen duela aurretik adierazitakoa betetzen jarraitzeko adierazpen hau aurkezten denetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatzen den arte, eta ez duela enpresaren deslokalizaziorik eragingo, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–konpromisoa hartzen duela adierazitako inguruabarretan gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez badira adierazitako agiriak aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio falta bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren agiriak aurkezteko (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio). Horrez gain, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo/eta informazio osagarri eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

14. oinarria.– Dirulaguntzak ematea.

1.– Industriako sailburuordeak, organo kudeatzaileak proposatuta, hau da, Industriako eta Energia Trantsizioko zuzendariak proposatuta, eskatzaile bakoitzeko ebazpen bat eman eta jakinaraziko du, eskabidea aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Ebazpen horrek prozedura ebatziko du, eta eskatutako laguntza eman edo ukatu den erabakiko du. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea administrazioaren isiltasunaz ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Administrazio-ebazpenak espresuki jasoko ditu xedea, onartutako inbertsio-plana, diruz lagundu daitekeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua, eta, ondorioz, emandako zenbatekoa, haren banaketa eta guzti. Inbertsioak urte anitzekoak badira, urtekako banaketa. Eskaera ezesten bada, hura ezesteko arrazoiak adieraziko dira.

Ordaintzeko modua eta epeak eta agindu honetan eskatutako baldintzak eta betekizunak justifikatzeko modua deialdi honen artikuluetan xedatutakoaren arabera ezarriko dira.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari, bitarteko elektronikoen bidez, hargatik eragotzi gabe emandako dirulaguntzen zerrenda urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo haren egoitza elektronikoan, adierazita zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo erakunde onuraduna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

15. oinarria.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen hirugarrenen erregistro egokian izena emanda egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Dirulaguntza ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, eta ordainketa hori oinarri honetan deskribatutako moduan egingo zaio enpresa onuradunari.

a) Lehen ordainketa aurreratua izango da, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, eta behin interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, espresuki uko egin ezean.

b) Gainerako ordainketak egin dakizkion, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:

– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen aitorpena.

– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpo).

– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Enpresaren baliabide propioen –dirulaguntzak ez direnen– zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren aitorpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.

Aitortutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturek ikuskatzaileen esku egon beharko dute, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, zenbatekoa (BEZa banakatuta) eta ordainketa-data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen diren agiriekin eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, aitortutakoa egiaztatzeko.

Bigarren ordainketarako, dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aldez aurretik jasotakoa.

3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.

4.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen aitorpenetan oinarrituta, eta dirulaguntzak kudeatzeko zuzendaritzak dagokion laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, inbertsio justifikatuen partidari buruzkoa.

5.– Justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako diruz laguntzeko moduko gastuak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko ditu edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.

6.– Enpresa batek laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez baita ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.

7.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

8.– Inbertsioak funts propioek edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuek ere finantzatu badituzte –dirulaguntzaz gain–, dirulaguntza jaso duten jarduera horietarako erabilitako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira justifikazioan. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero.

16. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, espresuki eta idatziz.

2.– Jarduera egitea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

3.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

8.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, betetzen dituela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, erregelamenduz zehaztutakoaren arabera.

9.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, pertsona onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

11.– Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

12.– Jasotako funtsak, edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

14.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

15.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan araututakoa.

16.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraun beharko dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

17. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntza eman duen organoak –Industriako sailburuordeak–, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Onuradunak eskatuta bada, jakin bezain laster, eta betiere jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo une horretan, onuradunak organo kudeatzaileari jakinaraziko dio dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela.

2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– egin beharreko inbertsioak egiteko, baldin eta alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute, betiere. Luzapen horrek –halakorik balego– ez du gehikuntzarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

3.– Benetan egindako edo egingo den jarduerak dirulaguntzaren xedearen barruan egon behar du, eta aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ezin izan dira egon onuradunaren borondatearen mende.

Baloratuko da ea aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango ziren ala ez, bai eta aldaketa horrek hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketa eragin ote dezakeen ere.

4.– Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluan –itzultzeko prozedura– aurreikusitakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, Industriako sailburuordeak, aldez aurretik organo kudeatzaileak –Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak– ez-betetzearen espedientea hasi eta izapidetu eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero, dirulaguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eragingo du, eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, honako arau hauetan ezarritako baldintzetan, betiere: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

Jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira; zehazki, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa egitea bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera artekoak, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta haren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartekoetan ezarritako kasuetan.

2.– Erabateko ez-betetzeen artean, honako hauek daude:

a) Ez gauzatzea agindu honetako 6.a) oinarriak ezartzen dituen gutxieneko inbertsioak.

b) Enplegua ez mantentzea agindu honek 8. oinarrian zehazten dituen baldintzetan.

c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2024ko ekitaldian.

d) Diruz lagundutako inbertsioak egiteko aurreikusitako epeak ez betetzea.

e) Enpresaren baliabide propioak ez aplikatzea, diruz laguntzeko modukotzat jotako inbertsioaren zenbatekoaren % 25ean, gutxienez.


Azterketa dokumentala