Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1676

37/2024 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Vitoria-Gasteizko Udalarekin eta Vitoria-Gasteizko Udal Hirigintza Elkartea, Ensanche 21 Zabalgunea SA sozietatearekin sinatutako hitzarmena, babes publikoko etxebizitzak sustatzekoa Salburuan, Vitoria-Gasteizko udalerrian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Vitoria-Gasteizko Udalarekin eta Vitoria-Gasteizko Udal Hirigintza Elkartea, Ensanche 21 Zabalgunea SA sozietatearekin sinatutako hitzarmena, babes publikoko etxebizitzak sustatzekoa Salburuan, Vitoria-Gasteizko udalerrian. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 27KO 37/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA VITORIA-GASTEIZKO UDALA ETA VITORIA-GASTEIZKO UDAL HIRIGINTZA ELKARTEA, ENSANCHE 21 ZABALGUNEA S.A. BABES PUBLIKOKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA SALBURUAN, GASTEIZKO UDALERRIAN

Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 26an.

BILDURIK

Batetik, Ignacio Maria Arriola Lopez jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburua.

Bestetik, Maider Etxebarria Garcia andrea, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkatea.

Eta bestetik, Borja Rodriguez Ramajo jauna, Vitoria-Gasteizko 21 Zabalgunea SA udal hirigintza elkarteko lehendakaria.

AGERTU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 20an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

Bigarrena, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkate gisa, eta hura ordezkatuz, toki-korporazio horren gobernu batzarrak 2024ko otsailaren 16an hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

Eta hirugarrena, 21 Zabalgunea SA Vitoria-Gasteizko udal hirigintza elkartearen Administrazio Kontseiluko lehendakariordea den aldetik, aipatutako kontseiluak 2024ko otsailaren 19an hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

Bertaratuek hitzarmen hau izenpetzeko nahikoa lege-ahalmena aitortzen diote elkarri, eta, horrenbestez, hauxe

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak aipatzen ditu 2. artikuluan, besteak beste:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta euskal sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, bai eta bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraiki.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkor baten bidez baino ezin da hori egin, zeina lurzoru publikoa eskuratzeko eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu behar baita. Horregatik, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak batera esku hartu behar dute –eta, areago, horretara behartuta daude– beharrezkoak diren babes publikoko etxebizitzak egin ahal izatea eta lehen aipatutako helburuak lortzeko beharrezkoa den bizitegietarako lurzoruaren ondare publikoa eratzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzearren.

Bigarrena.– 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak jasotzen duen diagnostikoan adierazten denez, 2020an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak badu lurzoru-ondarerik sustapen berriko 4.000 etxebizitza eraikitzeko, alokairurako eta zuzkidura-bizitokietarako.

Zehazki, Etxebizitza Planaren xedea eta ikuspegia hiru (3) ardatz eta hamar (10) estrategiatan biltzen da, diagnostikoan identifikatutako erronkei erantzun nahi dietenak. Hala, lehen ardatza alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzera bideratuta dago.

Lehen ardatz horren jarduera-ildoetako bat da etxebizitza berrien sustapena bultzatzea, alokairu eskuragarriko erregimenean, eta zuzkidura-bizitokien sustapena bultzatzea, gida-plana indarrean egongo den hiru urteetan. Era berean, alokairu-parkea handitzeko asmoz, dokumentuak aurreikusten du Eusko Jaurlaritza udalekin lankidetzan arituko dela zuzkidura-bizitokien eta alokairuko etxebizitza sozialen sustapena bultzatzeko.

2. ardatzaren xedea eraikin-parkearen eta etxebizitzen mantentze eta birgaitzearen sustapena da, egungo etxebizitza-parkearen irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetuz. Horretarako, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea sustatu nahi da, birgaitzearen kudeaketa integratua erraztu eta hiri-berroneratzeko programak bultzatu.

Hirugarrena.– 2007ko martxoaren 12ko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak adostu zuten etxebizitza sozialak sustatzera bideratutako udal titulartasuneko lurzatiak dohainik eskuratzea, bai eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzatiak salmenta bidez eskuratzea ere. Eskualdatze horien ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu zuen dagozkion eraikinen eraikuntza bermatzeko betebeharra.

Zehazki, alderdiek adostu zuten etxebizitza sozialen sustapenak Zabalganeko 1. sektoreko plan partzialeko M1 eta M23 lurzatietan (132 etxebizitza) eta Salburuko 12. sektoreko plan partzialeko RCP 11, RCP 12, RCP 14 eta RCP 15 lurzatietan (196 etxebizitza) egin behar zirela.

Era berean, alderdiek adostu zuten babes ofizialeko etxebizitzak egitea Zabalganeko 1. sektoreko plan partzialeko M 11 lurzatian (84 etxebizitza), Zabalganeko 4. sektoreko plan partzialeko M6 lurzatian (314 etxebizitza) eta Salburuko 12. sektoreko plan partzialeko RCP 7 lurzatian (202 etxebizitza).

Laugarrena.– 2007ko azaroaren 29ko Erabakiaren bidez, 2007ko martxoaren 12ko Erabakia aldatu zen etxebizitza babestuaren programari dagokionez, eta, zehazki, hasiera batean aurreikusitako erregimen orokorreko babes ofizialeko 202 etxebizitzen ordez, alokairu babestuko 202 etxebizitza sozial aurreikusi ziren Salburuko 12. sektoreko RCP 7 lurzatian.

Orobat, erregimen orokorreko babes ofizialeko 196 etxebizitza ezarri ziren azalera-eskubidean, Salburuko 12. sektoreko RCP 11, RCP 12, RCP 14 eta RCP 15 lurzatietan, errentamendu babesturako hasieran aurreikusitako 196 etxebizitza sozialen ordez.

Bosgarrena.– 2008ko azaroaren 12ko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak xedatu zuten etxebizitza sozialak sustatzera bideratutako udal titulartasuneko zenbait lurzati dohainik eskuratzea, bai eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzatiak salerosketa bidez eskuratzea ere.

Zehazki, alderdiek adostu zuten etxebizitza sozialen sustapenak Salburuko 13. sektoreko plan partzialeko RC 7 lurzatian (140 etxebizitza) eta Salburuko 14. sektoreko plan partzialeko RCP 3, RCP 8 eta RCP 15 lurzatietan (225 etxebizitza) egin behar zirela.

Halaber, alderdiek aurreikusi zuten babes ofizialeko sustapenak Salburuko 13. sektoreko plan partzialeko RC 1 eta RC 13 lurzatietan (312 etxebizitza) eta Salburuko 14. sektoreko plan partzialeko RCP 4 eta RCP 6 lurzatietan (162 etxebizitza) egingo zirela.

Seigarrena.– Akordio horietan aurreikusitako zenbait jarduera burututa daude gaur egun, eta, beraz, hitzarmen honen xedea bakarrik horietako batzuk garatzea da; zehazki, hitzartutako konpromisoetatik, jarraian aipatzen diren lurzatien gaineko jarduketak geratzen dira egiteke, honako arrazoi hauengatik:

– 14. sektoreko RCP-3, 8 eta 15 lurzatiak ez zituen Udalak laga, RCP-3ko hirugarren sektoreko aprobetxamendua izan ezik, zeina salerosketa-eskrituraren xede izan baitzen (2018-02-16); gainera, hirugarren sektoreko aprobetxamendu hori ez zen inskribatu, ezin zelako eskualdatu (Vitoria-Gasteizko 5. zenbakiko Jabetza Erregistroaren oharraren arabera).

– 13. sektoreko RC-7 lurzatia ez zen laga eta ez zen inskribatu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan partzialki sartuta baitago.

– 12. sektoreko RCP-7B lurzatia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean inskribatua, birdentsifikazio baten barruan sartu zen; horren ondoren, lurzatiaren eraikigarritasunaren % 29,53 EAEri zegokion, eta % 70,47, berriz, 21 Zabalguneari.

Era berean, EAEren titulartasunekoak izatera igaro ziren sustapen batzuk 12. sektoreko RCP-11+12, 14+15 lurzatiei, 13. sektoreko RC-1 lurzatiari eta Salburuko 14. sektoreko RCP 4 eta RCP 6 lurzatiei dagozkienak ez ziren gauzatu.

Zazpigarrena.– Hitzarmen berri honen xedea da hartu eta gauzatu ez ziren konpromisoak (sustapenak) gauzatu daitezen erregularizatzea, bai EAEko Administrazioari eskualdatu ez zitzaizkion lurzatiei dagokienez, bai eskualdatu eta gauzatu ez zirenei dagokienez, salbu eta 14. Sektoreko RCP 4 eta RCP 6 (BOE) lurzatiei dagozkienak, epe luzera planifikatuta baitaude eta, beraz, ez baitira hitzarmen honen programazioan sartzen. Azken bi horiei dagokienez, eta birdentsifikazioari lotuta daudenez, dagokionean hitzarmen berri bat egin beharko da aprobetxamenduen banaketa jaso eta ebazteko: % 80,46 Eusko Jaurlaritzarena eta % 19,54, berriz, 21 Zabalgunearena.

Une honetan erregularizatzekoak diren lurzatiei dagokienez, beharrezkoa da lurzatien errealitateak lehendik hartutako konpromisoetara egokitzea eta une honetan egingarriak ez diren sustapenak egingarri diren beste batzuekin trukatzea; zehazki, hitzarmen honetan honako ondare-eragiketa hauek aurreikusten dira:

– Administrazioari doan lagatzea 12. sektoreko RCP-17 eta RCP-20 lurzatiak, babes sozialeko 141 etxebizitza egiteko (77 + 64), Udalak bere garaian 14. sektoreko RCP-3, 8 eta 15 lurzatiak lagatzeko hartutako konpromisoaren kontraprestazio gisa, azkenean ez baitzitzaizkion EAEri eskualdatu.

– EAEko Administrazioari doan lagatzea 12. sektoreko RCP-7B lurzatiaren gaineko birdentsifikazioaren ondorioz Udalari dagokion eraikigarritasuna (% 70,47), babes sozialeko 116 etxebizitza egiteko, lehen aipatutako konpromisoaren kontraprestazio gisa.

– EAEko Administrazioari doan lagatzea 13. sektoreko RC-07-1 lurzatia, kutsadurarik gabea baita, babes sozialeko 68 etxebizitza egiteko.

– Administrazioari doan lagatzea 13. Sektoreko RCP-30 lurzatia, babes sozialeko 92 etxebizitza egiteko, Udalak bere garaian 13. sektoreko RC-07-2 lurzatia lagatzeko hartutako konpromisoaren kontraprestazio gisa, hori deskutsatzeko obren kostua gehiegizkoa izan baita.

Azken batean, hitzarmen honen bidez alokairuko babes sozialeko 417 etxebizitza sustatu nahi dira guztira, aurreko konpromiso-akordioetan jasotako 427 etxebizitza babestuen aldean, konpromiso haiek indarrean dagoen urriaren 1eko 40/2015 Legeak indargabetu baitzituen.

Zortzigarrena.– Aurretik sinatutako konpromiso-akordio horietan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak konpromisoa hartu zuen eraikin horietan dauden merkataritza-lokalak 21 Zabalgunea SAri saltzeko, eraiki ondoren.

2008ko abenduaren 16ko eskrituraren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eskualdatu zitzaion 13. sektoreko RC-1 eta RC-13 lurzatien eta 14. sektoreko RCP-4 eta RCP-6 lurzatien jabari osoa, bai eta 14. sektoreko RCP-3 lurzatiaren hirugarren sektorerako aprobetxamendua ere, guztira 14.409.465,44 euroan. 12.368.238,65 euro da banku-txeke bidez ordainduko zen, eta gainerakoa, 2.041.226,79 euro, eraiki beharreko bost lokal EAEk Ensanche 21 Zabalguneari jabari osoan emanez, lurzati bakoitzean bat; bere garaian sinatutako Konpromiso Akordioaren arabera, honako hauek ziren:

13. sektorea: (azalerak eta salmentako balioak).

RC 1 lurzatia, 1.294,00 m2e. 622.155,20 euro.

RC 13 lurzatia, 780,00 m2e. 375.024,00 euro.

14. sektorea: (azalerak eta salmentako balioak).

RCP 3 lurzatia, 1.451,48 m2e. 697.871,58 euro.

RCP 4 lurzatia, 360,00 m2e. 173.088,00 euro.

RCP 6 lurzatia, 360,00 m2e. 173.088,00 euro.

Bere garaian, lokal horiek lurzoru urbanizatuaren eragin-balioa m2 tasatuko 240,40 euroan balioetsi zen, eta salmenta-prezioa, m2 eraikiko 480,80 euroan.

2008ko azaroaren 12an sinatutako Konpromiso Akordioaren bosgarren klausulan ezarritakoa errespetatuz, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, 21 Zabalgunea SAren bitartez, aipatutako eraikitako lokal-azaleraren behin betiko balioa doitu eta konpentsatuko dute, dagokion obra berriaren adierazpena egin ondoren. Sozietateak aipatutako sailari ordainduko dio benetan gauzatutako lokalen salmenta-prezioa; sailak, berriz, gauzatu gabeko hirigintza-eraikigarritasunaren prezioa ordainduko dio sozietateari, beste lurzati batzuetara lekualdatzea adosten ez bada, eskrituran jasotakoa kontuan hartuta:

«Merkataritzako eta hirugarren sektoreko aprobetxamenduen eraikuntza kostua 240,40 euro/m2 kalkulatuz baloratuko da, eta lurzoru urbanizatuaren eraginaren balioa 300,50 euro/m2 kalkulatuz».

Beraz, gaur egungo egoeran, horien eraikuntza amaitzen denean bakarrik eskualdatu ahalko dira 13. sektoreko RC-1 lurzatiaren sustapenean aipatutako lokalak, hau da, 1.294 m2e, 622.155,20 euroan balioetsiak.

Bederatzigarrena.– Hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren, aipatutako sustapenetan aurreikusitako merkataritza-lokalen eta hitzarmen honetan aipatutakoetan aurreikusitakoen azken likidazioari dagokionez, honako taula hauek ezarri dira:

Lehen:

(Ikus .PDF)

Orain:

(Ikus .PDF)

Aldea:

(Ikus .PDF)

Aipatutako lokal guztiak entregatutakoan, 21 Zabalguneak 270.148,93 euro ordainduko ditu.

Hamargarrena.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 16. artikuluan ezartzen duenez, udalaren hirigintza-plangintzak babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzak eraikitzeko beharrezkotzat jotzen dituen lursail guztiak kalifikatu ahal izango ditu, eta horrek, gutxienez, legearen 80. artikuluan aurreikusitako gutxieneko estandarrak eta zenbatekoak betetzeko lurzorua kalifikatu beharrari erantzungo dio.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoruaren ondare publikoa arautzen du, eta zehazten du ondare hori independentea izango dela, gainerako ondaretik bereizia, eta Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak kudeatuko duela, besteak beste, honako helburu hauek betetzeko:

a) Lurzorua edo bizitegietarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatu edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketarekin berarekin lotutako ekipamendu publikoak sustatu edo eraikitzea.

Hamaikagarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalak hirigintza-sozietate bat eratu zuen, Vitoria-Gasteizko Udalaren Hirigintza Elkartea, 21 Zabalgunea SA izenekoa. 2001eko ekainaren 15eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Udalaren lurzoru-ondarearen titulartasuna eta hari dagokion urbanizatzeko betebeharra eskualdatu zizkion aipatutako sozietateari, eta, beraz, sozietate hori izango da eragile instrumentala hitzarmen hau gauzatzeari dagokionez.

Hamabigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, lurzorua behar du etxebizitza-premia egiaztatua duten udalerrietan alokairuko babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko, besteak beste, Vitoria-Gasteizen, errenta-gaitasun txikia izanik etxebizitzaren merkatu librean sartu ezin diren familia, pertsona, bizikidetza-unitate edo gazteentzat.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren ustez, udalerrian etxebizitza babestua sustatzeko egiten duten politika bateratua babes sozialeko etxebizitzen sustapen berriekin osatu behar da.

Horretarako, aurreikusten da Vitoria-Gasteizko Udalak doan lagako diola Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lehen aipatutako lurzatien titulartasuna, eta azken horrek gauzatuko du dokumentu honetan jasotako babes sozialeko etxebizitzen sustapena, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailaren bidez.

Kontuan hartuta etxebizitzaren arloan indarrean dagoen araudiak ez duela aurreikusten aipatutako lurzoru ondare publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean –azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaz onetsia– horretarako xedatutakoa beteko da.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 38. artikuluan zehazten denez, ondasunak doan eskuratzeko onarpena ematea horien titulartasuna duen sailari dagokio, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimenarekin, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak berekin badakar gastua sortzen duen erabilera-baldintza edo -konpromiso espezifikoren bat, eta, kasu honetan bezala, doako erabilera onartzeko eskumena duen organoak interes publikoko arrazoiak ikusten baditu.

Aldeen interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehena: hitzarmen honen xedea da alokairuko babes publikoko etxebizitza sozialen sustapena ahalbidetzea Vitoria-Gasteizko Salburua auzoan, honako lurzati hauetan:

– 12. sektoreko RCP-17 eta RCP-20 lurzatietan (77+64 = babes sozialeko 141 etxebizitza);

– 12. sektoreko RCP-7B lurzatian (babes sozialeko 116 etxebizitza);

– 13. sektoreko RC-07-1 lurzatian (babes sozialeko 68 etxebizitza);

– 13. sektoreko RCP-30 lurzatian (babes sozialeko 92 etxebizitza).

– Era berean, hitzarmen honen xedea da adostu eta egiteke geratu ziren konpromisoak gauzatzea, eta, zehazki, 12. sektoreko RCP-11+12 eta 14+15 lurzatietan eta 13. sektoreko RC-1 lurzatian etxebizitza-sustapenak egitea (errentamendu babestuko 318 eta 225 etxebizitza, hurrenez hurren). Lurzati horiek EAEren titulartasunekoak dira.

Beraz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak edo haren mendeko VISESA sozietateak gauzatu beharreko babes sozialeko etxebizitzak, hitzarmen honetan jasotakoak, 960 dira guztira.

Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalak konpromisoa hartzen du doan eta kargarik eta errentamendurik gabe lagatzeko lehen aipatutako lurzatiak, EAEren titulartasunekoak ez direnak, hau da, 12. sektoreko RCP-17 eta RCP-20 eta 13. sektoreko RC-07-1 eta RCP-30 lurzatiak, baita birdentsifikazioan 12. sektoreko RCP-7B lurzatiaren gainean 21 Zabalgunea SAri esleitutako eraikigarritasun-ehunekoa (% 70,47) ere, dagokion lagapen-akordioaren bidez. Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak, berriz, alokairurako babes sozialeko etxebizitzen sustapen horiek egikaritzeko konpromisoa hartzen du, baita eskualdatu ziren eta sustapenak gauzatzeke geratu ziren lurzatietan ere (12. sektoreko RCP-11+12, 14+15 eta 13. sektoreko RC-1 lurzatiak).

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak –Babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezio eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoa– xedatutakoarekin bat etorriz, eta martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak –Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari buruzkoa– 7. artikuluan ezarritakoa ikusirik, 12. sektoreko plan partzialeko RCP-17 lurzatiari dagokion lurzoruaren balioa, hirigintza-aprobetxamenduekin batera (77 etxebizitza), 1.150.116,60 euro da (952.988,60 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio, eta 197.128,00 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari); 12. sektoreko Plan Partzialeko RCP-20 lurzatiari dagokion lurzorua, hirigintza-aprobetxamenduekin batera (64 etxebizitza), 974.442,14 euro da (794.142,14 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio eta 180.300,00 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari); 12. sektoreko plan partzialeko RCP-7B lurzatiari dagokion lurzorua, hirigintza-aprobetxamenduekin batera (165 etxebizitza), 2.210.974,30 euro da (2.038.621,92 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio eta 172.352,38 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari) –lurzati horren jabetzaren % 70,47 eskualdatuko da (116 etxebizitza), zeinaren balio proportzionala 1.558.073,59 euro baita (1.436.616,87 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio eta 121.456,72 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari)–; 13. sektoreko Plan Partzialeko RC-7-1 lurzatiari dagokion lurzorua, hirigintza-aprobetxamenduekin batera (68 etxebizitza), 878.652,09 euro da (830.572,09 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio eta 48.080,00 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari); 13. sektoreko Plan Partzialeko RCP-30 lurzatiari dagokion lurzorua, hirigintza-aprobetxamenduekin batera (92 etxebizitza), 1.219.174,12 euro da (1.147.054,12 euro bizitegi-aprobetxamenduari dagozkio, eta 72.120,00 euro hirugarren sektoreko aprobetxamenduari). Hori guztia, BEZik gabe.

Hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak Gobernu Kontseiluaren baimena lortzearen baldintzapean ulertu behar dira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean adierazitakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak izapideak egiteko konpromisoa hartzen du bere gain, Gobernu Kontseiluak lagapen horiek onar ditzan.

Lurzati horiek lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzearen arloan indarrean dagoen araudia betetzetik erator daitezkeen betebeharretatik libre geratzen badira baino ez du onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lursailen titulartasuna.

Klausula honetan aurreikusitako ondasunen doako lagapenari buruzko ondare-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira, sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak doako lagapena onartzen duen egunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalak, jarduketaren bermatzaile eta interesdun den aldetik, hitzarmen honen ondorioz eskualdatzen dituen lurzoruei buruzko zirkunstantzia hauek egiaztatzeko konpromisoa hartzen du:

a) Horiek libreki erabili ahal izatea.

b) Oin berriko eraikuntzak egiteko gaitasun geologikoa.

c) Zortasunik, kargarik, zergarik, errentamendurik eta bestelako okupatzailerik gabe egotea, eremuaren urbanizazio-kargak izan ezik. Vitoria-Gasteizko Udalak bere gain hartuko ditu horiek, urbanizazio proiektuak aurreikusten duen lekuan transformadoreak instalatzeko espazio bat erreserbatzeko betebeharra izan ezik; azken betebehar hori, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak hartuko du bere gain.

Obra berriaren eta zatiketa horizontalaren eskrituraren ondorioz transformadoreak instalatzeko lokala/trastelekua/gela katastro-ondorioak dituen elementu gisa alta ematen bada, Vitoria-Gasteizko Udalak konpromisoa hartzen du katastro-elementu hori ondasun higiezinen gaineko zergatik salbuetsita egongo dela.

d) Legezko baldintzak betetzea babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko egokiak izan daitezen.

Zirkunstantzia horiek hitzarmen honetan ezarritako ondare-eragiketak egin aurretik egiaztatu beharko dira.

Nolanahi ere, gaitasun hidrogeologikorik ezagatik eta/edo lurzoruaren eta lurzatiaren kokapen zehatzaren baldintzatzaileei –ezagunak izan ala ez– lotutako konplexutasun teknikoagatik eta/edo eragin sektorialak egoteagatik sustapena gauzatzeak gainkostua ekarriko balu, Vitoria-Gasteizko Udalari legokioke orubea alokairuko etxebizitzak sustatzeko egokitzat jotzeko beharrezkoak diren jarduketak gauzatzeko zenbatekoak ordaintzea. Udalak horretarako egindako azterlan tekniko batean zehaztu eta kuantifikatuko dira jarduketa horiek, zeinak eragin guztiak definitzeko beharrezkoa den irismena izango baitu. Eraginak hainbat egoeratatik etor litezke, hasieratik ezagunak izan ala ez: lurzoruaren baldintza hidrogeologikoak, URAren afekzio sektorialak, trenbideak, bide mugakideen afekzioak, lursailen egonkortasuna, lurpearen kutsadura, lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak, espezie babestuak...

Aurreko paragrafoan jasotako aurreikuspenaren azken helburua hitzarmenaren oreka ekonomiko egokia ezartzea izango da, alokairu babesturako etxebizitzen sustapenak direla kontuan hartuta.

Aipatutako afekzioengatik lurzatiak egikaritzeko gainkostuak nabarmen neurrigabeak izanez gero, lurzatiak bideragarritasun ekonomiko eta tekniko handiagoa duten beste batzuekin trukatzea plantea daiteke, 13. sektoreko RC-07 lurzatiarekin planteatu den bezala.

Laugarrena.– Aurrekoez gain, Vitoria-Gasteizko Udalak honako konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

– Obrak egiteko behar diren udal lizentziak izapidetu eta ematea, lau hilabeteko epean, etxebizitzaren arloan eskumena duen organoak horiek eskatzen dituenetik zenbatzen hasita.

– Titulartasun lagapenaren xede diren funtsen segurtasuna eta mantentzea bermatzeko neurriak hartzea, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak hasi arte.

– Etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, Administrazio Publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik ez eskatzea, hala nola araudi aplikagarriaren arabera eska dakizkiokeen fidantzak edo abalak; zehazki, obren exekuzioak uki ditzakeen eta udal agintaritzaren titulartasunekoak diren ondasun higigarriak edo higiezinak lehengoratzea.

Vitoria-Gasteizko Udalak hartuko ditu bere gain klausula honetan hartutako konpromisoen ondoriozko gastuak.

Bosgarrena.– Erreferentziako etxebizitza babestuko sustapenei lotutako zerga-onurei dagokienez, zehazten da salbuespen-kasuak Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 21. artikuluaren bidez arautzen direla, ulertuta udalerriek zerga-onurak soilik eman ditzaketela indarrean dagoen foru arauaren esparruan, halaxe xedatzen baitu 1/2021 Araugintzako Foru Dekretuak –Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Arauaren testu bategina 9. artikuluan.

Irailaren 29ko 5/2021 Araugintzako Foru Dekretuak 8.1 artikuluaren a) apartatuak honako hobari hau ezartzen du zerga horren kuotaren gainean:

100eko 95eko hobaria izango dute, gizarte, kultura, historia eta arte inguruabarrak tarteko, udal interes edo erabilera bereziko deklaratuta dauden eraikuntza, instalazio eta obrek, edo enplegua sustatzen dutelako deklarazio hori justifikatzen dutenek.

Egin beharreko eraikinak sustapen publikoko eta alokairuko babes sozialeko etxebizitzetarako direnez, hobari horri heldu ahal izango zaiola uste da, deklarazio hori justifikatzen duten inguruabar sozialak daudelako. Horretarako, Udalbatzak berariazko adierazpena egin beharko luke jarduera zehatz bakoitzerako.

Horrenbestez, Vitoria-Gasteizko Udalak bere gain hartzen ditu konpromiso hauek:

1.– Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza Fiskala aldatzeko proiektua izapidetzea, eta berariaz jasotzea ehuneko 95erainoko hobaria, gizarte, kultura, historia eta arte inguruabarrak tarteko, interes berezikotzat edo udal-onurakotzat deklaratutako eraikuntza, instalazio eta obrek, edo enplegua sustatzen dutelako deklarazio hori justifikatzen dutenek.

2.– Ondoren organo eskudunaren akordioa, hartara, ordenantza hau aplikatuta, zergaren ehuneko 95eko hobaria aitortzeko, hitzarmenaren xede diren etxebizitza sozialen eraikuntza interes bereziko edo udal-onurako deklarazioa merezi baitute, gizarte inguruabarrak tarteko dira eta.

Laugarren eta bosgarren klausuletan jasotako hobariak eta salbuespenak Visesa-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SAri ere aplikatuko zaizkio, baldin eta enpresa publiko horrek hitzarmen honen xede diren babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko jarduketak egitea sustatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila– horretarako egindako programa-kontratu edo gomendio baten esparruan.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Sail horretako sailburuak agindu bat ematea 2008ko abenduaren 16ko eskritura osatzeko, bakarrik 14. sektoreko RCP-3 lurzatiaren hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren salerosketari dagokionez –eskritura hura EAEk 13. sektoreko RC-1 eta RC-13 lurzatiak, 14. sektoreko RCP-4 eta RCP-6 lurzatiak eta 14. sektoreko RCP-3 lurzatiaren hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren jabari osoa eskuratzeari buruzkoa zen–. Batetik, aprobetxamendu horiek 12. sektoreko RCP-7B, RCP-17 eta RCP-20 lurzatiek eta 13. sektoreko RC-07-1 eta RCP-30 lurzatiek duten hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren kopuru berarengatik trukatuko dira; bestetik, onartu egingo dira hala lurzati horietan geratzen den hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren eskualdaketa, aprobetxamenduko 240,40 euro/ m2 kalkulatuz, nola 21 Zabalgunea sozietateari ordainean ematea lurtzati horien gainean eraikitako merkataritza-lokalak, 270.148,93 euroko balioespen diferentziarekin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde, merkataritza-lokalaren azalerako 480,40 euro/m2 eraiki kalkulatuz. Diru-kopuru hori bederatzigarren azalpenean jasotako lokal guztiak entregatzen diren unean ordainduko da.

– Babes sozialeko etxebizitzak eta horiei lotutako urbanizazio-obrak eraikitzeko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak idaztea, 12. sektoreko RCP-17 eta RCP-20, 12. sektoreko RCP-7B, 13. sektoreko RC-07-1, 13. sektoreko RCP-30 eta 13. sektoreko RC-1 lurzatiei dagokienez.

– Aipatutako lurzatietan hitzarmenarekin lotutako babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko eta urbanizatzeko obrak kontratatu eta gauzatzea.

– 12. sektoreko RCP-11+12, 14+15 lurzatietako babes sozialeko etxebizitza-sustapenen eraikuntza amaitzea, gaur egun gauzatzen ari baitira.

– 12. sektoreko RCP-11 + 12 eta RCP-14 + 15 lurzatien kasuan, etxebizitzen sustapenak eta egikaritzeak barne hartzen ditu HAPBn jasotako hirugarren sektoreko aprobetxamenduak (RCP-11 + 12: 714 m2e); (RCP-14 + 15: 230 m2e); aprobetxamendu horiek 21 Zabalgunea sozietateari transmititu beharko zaizkio, ordain-emate gisa, hala baitago jasota Zabalganeko 1. eta 4. sektoreen eta Salburuko 12. sektorearen konpromiso akordioetan eta hiri honetako notario Francisco Rodríguez-Poyo Segura jaunaren aurrean 2007ko abenduaren 20an sinatutako salerosketa-eskrituretan (protokolo-zenbakia: 3459).

13. sektoreko RC-1 eta 14. sektoreko RCP-4 eta RCP6 babes sozialeko etxebizitzen sustapenak ez dira gauzatu.

Dokumentu teknikoak eta eraikuntza-obrak zuzenean kontratatu eta gauzatuko ditu etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak, edo Visesa-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA sozietate publikoaren bitartez egingo dira.

Zazpigarrena.– Orobat, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak honako konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

– Bere gain hartzea hitzarmen honen xede diren lurzatiak doako lagapen bidez eskuratzeko ondare-eragiketak eskrituratu eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak, lurren balioaren gehikuntzaren gaineko udal zerga izan ezik.

– Hondakinak kudeatzea haien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera, eta haien balorizazioa lehenestea ezabatzearen aldean.

– Behar diren neurri guztiak hartzea obraren eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta, nolanahi ere, obrak uki ditzakeen udal titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara itzuliko direla bermatzea.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmen honetan bere gain hartutako konpromiso guztiak behar diren aurrekontu-izendapenak aldez aurretik izatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren baliabideen mende egongo dira, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak betez.

Zortzigarrena.– 21 Zabalgunea SA udal hirigintza sozietateak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Erabaki bat hartzea 2008ko abenduaren 16ko eskritura osatzeko, bakarrik 14. sektoreko RCP-3 lurzatiaren hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren salerosketari dagokionez –eskritura hura EAEk 13. sektoreko RC-1 eta RC-13 lurzatiak, 14. sektoreko RC-4 eta RC-6 lurzatiak eta 14. sektoreko RCP-3 lurzatiaren hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren jabari osoa eskuratzeari buruzkoa zen–. Batetik, aprobetxamendu horiek 12. sektoreko RCP-7B, RCP-17 eta RCP-20 lurzatiek eta 13. sektoreko RC-07-1 eta RCP-30 lurzatiek duten hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren kopuru berarengatik trukatuko dira; bestetik, onartu egingo dira hala lurzati horietan geratzen den hirugarren sektoreko aprobetxamenduaren eskualdaketa, aprobetxamenduko 240,40 euro/ m2 kalkulatuz, nola 21 Zabalgunea sozietateari eskualdatzea lurtzati horien gainean eraikitako merkataritza-lokalak, 270.148,93 euroko balioespen diferentziarekin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde, merkataritza-lokalaren azalerako 480,40 euro/m2 eraiki kalkulatuz. Diru-kopuru hori bederatzigarren azalpenean jasotako lokal guztiak entregatzen diren unean ordainduko zaio Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren alorreko eskumena duen sailari.

Bederatzigarrena.– Bi administrazioek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen xede diren lurzatietako batean etxebizitza kolaboratiboaren sustapen bat bultzatzeko eta, hala badagokio, gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan egiten den definizioaren arabera.

Hamargarrena.– Etxebizitzak esleitzeko, aplikatzekoa den araudian adierazitako esleipen-prozedura eta kupo-erreserbak errespetatuko dira. Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailburuak etxebizitza babestuak esleitzeko ematen duen aginduan ezarriko dira parte hartzeko betekizunak, indarrean dagoen araudian jasotako etxebizitza-kupoen erreserbak oinarri hartuta, eta Vitoria-Gasteizko herritarrek lehentasuna izango dute horien hartzaile izateko, erroldan gutxienez 2 urteko antzinatasuna dutelarik.

Ildo horretatik, ahalegina egingo da 36 urtetik beherakoek gehienez etxebizitzen % 40ko kupoa lortzeko aukera izan dezaten.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonek etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki horiek eskuratu ahal izango dituzte erreferentziako udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu beharrik gabe, indarrean dagoen araudian jasotzen den bezala.

Hamaikagarrena: Vitoria-Gasteizko Udalak etxebizitza-gaietan eskumena duen sailari proposatu ahal izango dio esleipen-prozedura abiarazteko aginduan jaso dezan etxebizitza kopuru bat hirigintzako udal jarduketek eraginda daudelarik beste bizileku bat izateko eskubidea aitortu zaien pertsonei erantzuteko, bai eta etxebizitza-premia espezifikoak asetzeko ere.

Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan Etxebide-Etxebizitzen Euskal Zerbitzuak oro har ematen dituen zerbitzuak, informazioa eta kudeaketa Vitoria-Gasteizko Udalaren esku jartzeko; Vitoria-Gasteizko Udalak, berriz, konpromisoa hartzen du udalaren etxebizitza zerbitzuen eta Etxebide-Etxebizitzen Euskal Zerbitzuaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzeko modua aztertzeko, bikoiztasunak saihestu eta herritarren eta Administrazioaren arteko harremana erraztearren.

Udalari dagozkion etxebizitzen errentamenduaren kudeaketa Alokabidek egingo du oso-osorik, eta horien esleipena eta errentamendua lehentasunez egingo da sustapen horietako gainerako etxebizitzen aurrean.

Hamabigarrena: hitzarmen honetan parte hartzen duten administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipenerako Batzorde Mistoa eratzea; batzorde hori administrazio bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute.

Hitzarmen honetan ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak betearazten diren zainduko du batzordeak, ekonomikoak barne. Halaber, bere eginkizunen artean dago hori zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Hauek izango dira hitzarmenaren Jarraipen Batzorde Mistoko kideak:

– Eusko Jaurlaritzaren izenean:

• Etxebizitza sailburuordea edo Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria.

• Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako zerbitzuburu bat.

– Vitoria-Gasteizko Udalaren izenean:

• Alkatea edo hirigintzaren alorreko ardura duen zinegotzia.

• Udal zerbitzu teknikoen buru bat edo 21 Zabalguneko zuzendari tekniko bat.

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako zerbitzuburua arituko da idazkari.

Erabakiak hartzeko, gehiengo osoa beharko da bilera bakoitzean parte hartzen duten batzordekideen artean, eta akta batean jasoko dira. Idazkari-lanak egiten dituena arduratuko da akta hori idatzi eta zaintzeaz.

Dokumentu honetan jasotako jardueren jarraipen instituzional eta publiko egokia bermatzeko, alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da Jarraipen Batzorde Mistoa.

Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoaren arabera funtzionatuko du Jarraipen Batzorde Mistoak.

Hamahirugarrena: hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen auzi guztiak ebaztea, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu ondoren.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluaren arabera –Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora–, hitzarmen hau ez dago lege horren mende, hargatik eragotzi gabe lege horren printzipioak aplikatzea sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.

Hamalaugarrena: hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, izenpetzen denetik kontatuta. Edozein unetan –aurreko paragrafoan aurreikusitako epea bukatu aurretik–, aho batez adostu ahal izango dute alderdiek hori beste lau urtez luzatzea, edo iraungitzat jotzea.

Hamabosgarrena: hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da, eta aldatu, hala badagokio, alderdietako batek eskatuta, alderdiek aho batez hala erabakitzen badute, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamaseigarrena: dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea kontratua suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Gainera, sortu diren kalte eta galera guztiak ordaindu beharko ditu kontratua suntsiaraztea eragin duen alderdiak, bai beste alderdiari bai fede oneko hirugarrenei.

Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango da indarrean dagoen legeriak hitzarmenaren izaeragatik jasotzen duen beste edozein.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmen honetan jasotako sustapenetan atzera egin ahal izango du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu gabe, baldin eta gerora sortutako arrazoiengatik –sustapenen hirigintza-baldintzak aldatzea, esaterako– sustapen horiek teknikoki eta ekonomikoki bideraezinak badira.

Eta, beren adostasun eta fede onaren erakusgarri dokumentu honen lau ale izenpetzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Hamazazpigarrena: hitzarmen honetan jasotako etxebizitza babestuen bizitegi berriak egitearen osagarri gisa eta nahitaez aldi berean, eta Etxebizitzaren aldeko 2022-2036 Itun Sozialaren eta Europako Itun Berdearen helburuekin bat etorriz, zeinak birgaitzea sustatzen baitute bizitegi-parkearen aprobetxamendua hobetzeko baliozko formula gisa baliabide ekonomiko eta natural gutxiago erabilita, hiru erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta 21 Zabalgunea SAk, konpromisoa hartzen dute azken horien jabetzako etxebizitza hutsen udal-parkea birgaitzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako alokairuko etxebizitza babestuen parkean etengabe sartzea helburu.

Ondorioz, Vitoria-Gasteizko Udalak eta 21 Zabalgunea SAk konpromisoa hartzen dute gehienez ere 62 etxebizitzaren gaineko erabateko jabetza doan lagatzeko, dagoeneko badiren alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen programetan edo sor daitezkeen beste programa batzuetan sartzeko.

Ildo horretan, hitzarmen honen Jarraipen Batzorde Mistoak zehaztuko du etxebizitza horien jabari osoa doan lagatzeko epea.

Batzorde Mistoa arduratuko da, egokitzat jotzen duen bitartekoen bidez, etxebizitza horiek etengabe alokairu babestura bideratzeko birgaitu eta prest jartzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa ebaluatzeaz, atxikipen hori errazten duten baldintza juridiko eta administratiboen arabera.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde Mistoa eratzen denetik 6 hilabeteko epea izango du 15 etxebizitzatako lehen sorta baten birgaitzea ebaluatu eta bultzatzeko. Etxebizitza horiek Vitoria-Gasteizko Udalak jarriko ditu akordio honen eskura.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Vitoria-Gasteizko Udaleko alkatea,

MAIDER ETXEBARRIA GARCIA.

Vitoria-Gasteizko Udal Hirigintza Elkartea, Ensanche 21 Zabalgunea, S.A.,

BORJA RODRIGUEZ RAMAJO.


Azterketa dokumentala