Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1675

36/2024 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokirako sarbide-korridorearen plataforma-proiektua eta plataforma-obrak eraikitzeko proiektuaren idazketa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen esku uzteko erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 12an egindako bilkuran, erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokirako sarbide-korridorearen plataforma-proiektua eta plataforma-obrak eraikitzeko proiektuaren idazketa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen esku uztea, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokirako sarbide-korridorearen plataforma-proiektua eta plataforma-obrak eraikitzeko proiektuaren idazketa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen esku uzteko erabakiaren testua; ebazpen honen eranskin gisa ageri da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 27KO 36/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL TRENBIDE SAREAREN ESKU UZTEN DIREN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE SARE BERRIKO BILBO-ABANDO GELTOKIRA SARTZEKO KORRIDOREAREN PLATAFORMAREN PROIEKTUAK IDAZTEA ETA HAREN ERAIKUNTZA-LANAK EGITEA

Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio autonomia-erkidego baten baino gehiagoren lurraldeak hartzen dituzten interes orokorreko zein trenbideen eta lurreko garraioen obra publikoen inguruko eskumen esklusiboa, hala xedatzen baitute Espainiako Konstituzioaren 149.1, 21. eta 24. artikuluek.

Interes Orokorreko Trenbide Sarea Estatuko lurralde osoan trenbideko garraio-sistema komun bat bermatzeko behar diren tren-azpiegiturek, bidaiari-geltokiek eta merkantzia-garraiorako terminalek osatzen dute, edo trenbide-sistema komun horrek modu egokian funtziona dezan administrazio komun bat behar duten tren-azpiegiturek (hala nola, nazioarteko trafiko-ibilbideei atxikita daudenak, autonomia-erkidegoak lotzen dituztenak eta horien arteko konexioak, eta biztanle-gune edo garraio-gune nagusietara edo ekonomia edo defentsa nazionalerako funtsezko instalazioetara sartzeko guneak), Trenbide Sektorearen Legearen 4.1 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioari dagokio, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Aholku Batzordeari, azpiegituren administratzaileei eta eragindako autonomia-erkidegoei entzun ondoren, Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten trenbide-lineak edo horien tarteak, bidaiari-garraiorako geltokiak eta merkantzia-garraiorako terminalak planifikatzea eta ezartzea, Trenbide Sektorearen Legearen 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Trenbide-azpiegituren administrazioa eta horien eraikuntza, Estatuaren eskumenen esparruan, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioari atxikitako enpresa-erakunde publiko bati edo gehiagori egokituko zaizkie, edo ministerio horri atxikitako beste erakunde publiko bati lotutakoei nahiz horren menpekoei, Trenbide Sektorearen Legearen 22.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Abenduaren 13ko 15/2013 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluak, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias enpresa-erakunde publikoa (ADIF) berregituratzeari eta arlo ekonomikoan presakoak diren beste neurri batzuei buruzkoak, enpresa-erakunde publiko berri bat sortzea xedatu zuen, ADIF-Alta Velocidad, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen 43.1.b) artikuluan xedatutako erakunde publiko gisa (gaur egun Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea dena), aipatu dekretua indarrean jarri zen datara arte ADIFi esleituta eta aginduta zeuden abiadura handiko trenbide-azpiegituren eraikuntza- eta administrazio-jardueren atala zatituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du autonomia-erkidegoaren intereseko obra publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen diren trenbide eta lurreko garraioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eskumenez gainera, eta eskumena du, halaber, lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren inguruan, hala xedatzen baitute abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Autonomia Estatutuko 10. artikuluaren 25., 31., 32. eta 33. apartatuek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere eskumenak eta nork bere burua antolatzeko ahala baliatuz, Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzea erabaki zuen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez. Erakunde horren xedea trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu, kudeatu eta administratzea da.

Trenbide-azpiegituren administratzaileei dagokie Interes Orokorreko Trenbide Sareko trenbide-azpiegituren, bidaiari-garraiorako geltokien edo merkantzia-garraiorako terminalen oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak onartzea, bai eta horiek eraikitzea ere. Trenbide-azpiegituren administratzaileek, lankidetza-hitzarmen bidez, beste administrazio publiko batzuen, zuzenbide publikoko erakundeen eta administrazio horiei lotutako edo haien menpeko sozietateen esku utzi ahal izango dituzte Interes Orokorreko Trenbide Sareko trenbide-obrak kontratatzeko ahalmenak; hori guztia, Trenbide Sektorearen Legearen 6.1 eta 6.4 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluak aurreikusten du administrazio publikoek edo administrazio publikoei lotutako edo haien menpeko erakunde publiko edo zuzenbide publikoko erakundeek sinatutako hitzarmenen xedeen barnean bildu ahal izango dela beste administrazio publikoen edo haiei lotutako edo haien menpeko erakunde publiko edo zuzenbide publikoko erakundeen bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabiltzeko aukera, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.

2023ko azaroaren 24an, hitzarmen bat sinatu zen ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzi ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren proiektuak idaztea eta haren eraikuntza-lanak egitea. Hitzarmen horren lehenengo klausulak berariaz aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzitako jarduketak administrazio horrek berak zuzenean egin ahal izango dituela edo, bestela, gaur egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren bidez egin ahal izango direla, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 3.a) artikuluan eta erakundea sortzen duen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 1. artikuluaren arabera, ETS zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Lege horren 5. artikuluaren arabera, honako hau da Euskal Trenbide Sarearen xedea:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean trenbideen gaian eskumenak dituen sailarekiko lankidetza teknikoa, trenbide-garraioko azpiegituren plangintzan eta programazioan.

2.– Trenbide-garraioko azpiegituren eraikuntza, Jaurlaritzak agintzen dionean, eta, orobat, azpiegitura berri horiek zaindu, kudeatu eta administratzea, dela berak zuzenean, dela zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde baten bitartez, zeinahi negozio juridikoz baliatuz.

3.– Lehendik zeuden trenbide-garraioko azpiegiturak zaindu, kudeatu eta administratzea, goiko paragrafoan adierazitako eran, Jaurlaritzak hari atxikitzen dizkionean.

4.– Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, zein ere den kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, besteak beste, trenbide-arloko bere eginkizunak beteko ditu, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari dagozkion eskumenen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluarekin bat etorriz, eta hori guztia Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 1. artikuluarekin bat etorriz.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, 2024ko martxoaren 12an egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Euskal Trenbide Sarearen esku uztea Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuak idazteko eta obra horiek zuzendu eta gauzatzeko behar diren jarduketak. Obra horiek ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzi ditu, 2023ko azaroaren 24an sinatutako hitzarmenaren arabera.

Bigarrena.– Mandatu hori gauzatzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean daude jasota.

Hirugarrena.– Kudeaketa-mandatu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

ERANSKINA.

1.– Aurrekariak.

2019ko martxoaren 15ean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriari buruzko informazio-azterlana. Bilbo-Abando geltokia eta bertara sartzeko korridorea» behin-behinean onartu eta hura jendaurrean jartzeko eta administrazioei entzunaldia emateko prozesuari ekitea ebatzi zuen (sektoreei eta ingurumenari dagokienez).

2019ko martxoaren 26ko BOEn (73. zk.) argitaratu zen informazio-azterlan hori jendaurrean jartzeko eta entzunaldia egiteko iragarkia.

Jendaurrean jartzearen eta entzunaldiaren espedientea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora bidali zen 2019ko irailaren 10ean, ingurumen-ebaluazio arrunta has zedila eskatzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat etorriz.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitate eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko abenduaren 15eko Ebazpenaren bidez (2022ko abenduaren 23ko BOE), «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriari buruzko informazio-azterlana. Bilbo-Abando geltokia eta bertara sartzeko korridorea» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Bertan, egindako ingurumen-ebaluaziotik eratorritako ingurumen-baldintzak ezarri ziren.

2023ko urtarrilaren 25ean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriari buruzko informazio-azterlana. Bilbo-Abando geltokia eta bertara sartzeko korridorea» proiektua jendaurrean jartzearen eta entzunaldiaren espedientea onartzea ebatzi zuen. Behin betiko onartutako soluzioa bat dator ingurumen-inpaktuaren adierazpenak emandako aldeko txostenarekin. Hauxe da soluzio hori: 1. alternatiba (ekialdea) sarbide-korridorerako, eta mantentze-lanetako basea Bilbo-Abando etorkizuneko lurpeko geltokiaren –1,5 mailan birkokatzeko aukera. (2023ko otsailaren 1eko BOE).

«Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriari buruzko informazio-azterlana. Bilbao-Abando geltokia eta bertara sartzeko korridorea» proiektuak bi zati bereizi ditu. Alde batetik, Bilbo-Abando geltokirako zabalera estandarreko sarbide-korridorea zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko aurreko tartetik hasita; alegia, Galdakao-Basauri tarte jada eraikitik. Eta, bestetik, lurpeko geltoki berri baten diseinua, non aipatutako sarbidea beheko mailara iritsiko baita.

ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak komenigarritzat jo dute, eraginkortasun- eta egokitasun-arrazoiengatik, eta Trenbide Sektorearen Legearen 6.4 artikuluan ezarritako berezitasunaren babesean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraituz, hitzarmen bat sinatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, administrazio autonomiko horren bitarteko eta zerbitzuak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuak lizitatu eta idatzi, eta haren eraikuntza-lanak lizitatu eta gauza ditzan.

2023ko azaroaren 24an hitzarmen bat sinatu zen ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean. Hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren proiektuak idazteko eta haren eraikuntza-lanetarako beharrezkoak diren jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea artikulatu eta formalizatu zen.

Hitzarmen horren lehenengo klausulak berariaz xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzitako jarduketak administrazio horrek berak zuzenean egin ahal izango dituela edo, bestela, gaur egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren bidez egin ahal izango direla, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 3.a) artikuluan eta erakundea sortzen duen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jarraian, ETSri agindutako lanak egiteko bete behar diren baldintza teknikoak ezarri dira.

2.– Administrazio Orokorraren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Autonomia-erkidegoko administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitu dira:

Administrazio Orokorra:

Eusko Jaurlaritza. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria:

Administrazio Orokorrak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.

Euskal Trenbide Sarea (ETS):

Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren parte dena, gaur egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitakoa, eta mandatuaren xede diren lanak egingo dituena.

ETSren ordezkaria:

Goi-mailako teknikaria izango da, ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta Administrazio Orokorrean ETSren ordezkaria izateko. ETSren ordezkari horren menpekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, mandatuaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

3.– Lanen garapen orokorra.

ETSk, hiru hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio idatziz mandatuaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.

ETSren ordezkariak agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, haren ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.

Mandatuaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen ETSren bulegoetan.

Ikuskapenaren ondorioz egindako ohar edo aginduak mandatuaren zuzendariak jakinaraziko dizkio ETSren ordezkariari.

4.– Erreferentzia-dokumentuak eta planteamendu orokorra.

ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean 2023ko azaroaren 24an sinatutako hitzarmenaren arabera (haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuak idaztea eta haren eraikuntza-lanak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzi ziren), Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren jarduketak egin beharko ditu Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektua edo proiektuak idazteko, bai eta proiektu horien plataforma-lanak kontratatzeko eta gauzatzeko, eta horiek zuzentzeko ere.

Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektua edo proiektuak idaztea:

ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari mandatua egiteak ez du, inola ere, berekin ekarriko eraikuntza-proiektua ikuskatzea eta onartzea, eta obra ikuskatzeko eta obra-harrerako zereginei ere ez die eragingo, horiek ADIF-Alta Velocidaden esku geratuko baitira.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriari buruzko informazio-azterlana. Bilbo-Abando geltokia eta bertara sartzeko korridorea» proiektuari behin betiko onespena emateko 2023ko urtarrilaren 25eko Ebazpenean (2023ko otsailaren 1eko BOE, 27. zk.) adierazitako soluzioa izango da plataforma eraikitzeko proiektuaren oinarria.

Eraikuntza-proiektuaren eremua bat etorriko da aipatutako informazio-azterlanak geltokira sartzeko korridorerako aipatzen duenarekin. Hala ere, ADIF-Alta Velocidadek proiektua onartu aurretik erabakiko da, sinatutako erreferentzia-hitzarmenean ezarritako batzordean, zein izango den geltokira sartzeko korridorearen eta Bilbo-Abando geltokiari dagokion zatiaren arteko trantsizio-gune zehatza.

Eraikuntza-proiektuak indarrean dagoen araudi aplikagarria bete beharko du, eta, bereziki, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2022ko abenduaren 15ean egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean (2022ko abenduaren 23ko BOE) ezarritako baldintzak. Era berean, proiektua lizitatzeko unean ADIF-Alta Velocidadek indarrean dituen ingurumen-arloko barne-araudi, ohar eta berrikuspen-txostenak bete beharko ditu proiektuak.

ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eskura jarriko ditu mandatuko eraikuntza-proiektua idazteko beharrezkoak diren Bilbo-Abando geltokiaren eta sartzeko korridorearen inguruko proiektuak eta azterlanak.

Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren eraikuntza-proiektuak idazteak 5,20 milioi euroko kostua (BEZ barne) izango duela zenbatetsi da.

Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren lanak gauzatzea:

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren eraikuntza-proiektua idazteko eta plataforma hori eraikitzeko obretarako 226,52 milioi euroko kostua zenbatetsi da:

(Ikus .PDF)

ADIF-Alta Velocidadek bere ustiapen- eta kapital-aurrekontuetan sartu beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren proiektua idazteko eta plataforma horretako lanak gauzatzeko kostuei dagozkien zenbatekoak, jarduketak bukatu bitartean. Aurrekontu horiek urtero txertatzen dira estatuaren aurrekontu orokorretan.

Lehen aipatutako kostuak zenbatetsi egin dira eta, hala badagokio, adjudikazio-bajek, laguntza tekniko osagarriek, prezio-berrikuspenek, aldaketek eta, oro har, kontratuen garapenean gerta daitezkeen gorabeherek eragingo diete.

Urteko kuotak:

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen proiektua idazteko eta lanak zuzentzeko eta gauzatzeko zenbatetsitako kostuen urteko kuoten banaketa (2024-2033 aldia) ondorengoa da (BEZ barne):

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

ETSk, mandatu honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbao-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformari dagozkion eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako hitzarmenaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzi diren espedienteen eraikuntza-proiektua idazteko, gauzatzeko eta obra zuzentzeko jarduerak garatuko ditu.

5.– ETSk egin beharreko lanak.

Honela sailkatu dira ETSk egin beharreko lanak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuaren edo proiektuen plangintza eta kontrol orokorra.

Jarduera honek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta erakunde publikoak berak sinatutako kontratu guztien jarraipena eta koordinazio orokorra barne hartuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuari dagokionez, bai eraikuntza-proiektu horiek garatzeko laguntza-mailei dagokienez, bai zuzendaritzari eta eraikuntza gauzatzeari dagokienez, kontratu horietatik eratorritako unean uneko aurrerapen-plan partzialak integratuz.

Kontua da, funtsean, aldizka, arduradunekin batera, kontratu bakoitzaren programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin; hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.

Aldian-aldian, egoera-txosten orokor batean jasoko da lan hori guztia. Hasieran aurreikusi da txosten hori hilean behin egitea, baina hori aldatu ahal izango da, sailaren beharren arabera, eta epean edota prezioan eragin dezaketen balizko gertaera garrantzitsuen arabera.

b) Eraikuntza-proiektua edo -proiektuak idaztea.

ETSk Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren eraikuntza-proiektua edo -proiektuak idazteko egin beharreko lan guztiak egingo ditu.

Lan horiek zenbateraino egin duten aurrera, aldizka egin beharko diren egoera-txostenetan islatuko da.

c) Eraikuntzaren kudeaketa.

ETSk Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko obrak zuzentzeko eta gauzatzeko (bukatu eta obra-harrerara arte) egin beharreko lan guztien ardura izango du.

Zehatzegiak izan nahi gabe, lanak honako hauek izango dira, argigarri gisa, baina ez mugatzaile gisa:

c.1.– Kontratazioaren kudeaketa.

ETSk, kontratazio-organo gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko obrak egiteko behar den kontratazio- edo lizitazio-espediente bakoitzaren baldintza-agiri guztiak prestatu eta egokituko ditu, eta sektore publikoko kontratuei buruzko araudian jasotako eginkizun guztiak beteko ditu, legezko eskumen guztiekin, erabat amaitu arte, adjudikazioari, kontratuak formalizatzeari, eta horiek betetzeari eta azkentzeari begira.

Honako egiteko hauek barne hartuko ditu jarduera honek: kontratu bakoitzerako klausula bereziak idaztea, kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzentzea –antzeko kontratuetan ohikoak izanik ere–, eta eraikuntza-proiektuaren edota haren balizko aldaketen baldintza-agiriak homogeneizatzea, hortik aurrera obretan aplikatu beharreko irizpideak bateratzeko.

Baldintza-agiriak prestatu eta kontratazio-espedientea osatu ondoren, ETSk erabakiko du horiek ofizialtzea eta onartzea, lizitazio-dokumentuen parte izan daitezen, eta adjudikazio-prozedura irekitzea xedatuko du.

Era berean, kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du interesdunek aurkezten dituzten kontsulta guztiei erantzuteko prest, betiere une oro eskatzaile guztien aukera berdintasuna bermatuta.

Lehiaketaren plikak ireki ondoren, lizitaziora aurkeztutako eskaintza eta proposamenak aztertu eta bateratuko dituzte ETSko teknikariek, kontratuak sailkatu eta adjudikatzeko eta ondoren formalizatzeko.

Aldez aurretik aurreratutakoaren arabera eta betiere ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean sinatutako hitzarmenaren alderdien eta baldintzen barruan, ETSren jarduera ez da soilik kontratuak prestatzearekin eta adjudikatzearekin agortuko, baizik eta, zentzurik zabalenean eta azaroaren 8ko 9/2017 Legearen arau eta manuekin eta gai horrekin bat datozen gainerako xedapenekin bat etorriz, bai eta kontratuen ondorioak zuzentzeko eta egiaztatzeko eta kontratu horiek betetzeko eta azkentzeko ahalmenekin ere.

c.2.– Eraikuntza-lanen zuzendaritza.

Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.

ETSren langilea izango da obra-zuzendaria, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.

Egitekoen artean, eraikuntza bera suspertzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen inguruko hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.

Obra-zuzendariak sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzerakoan, baita sailak edota obraren exekuzioaren adjudikaziodunak plantea ditzakeen beste gai formal batzuen inguruan ere.

Halaber, obra-zuzendariak jabea ordezkatuko du teknikoki, obrek ukitutako zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.

Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko, eta talde horren ardura izango da, adierazpen gisa, egunero-egunero obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak egitea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea, lan-oharrak edota -txostenak idaztea eta ziurtagiriak prestatzea.

c.3.– Kontsultoreak.

Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazketan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen dutenak.

ETSren lana izango da arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.

Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa identifikatzeko aurreko lanez eta behar diren adituak hautatzeaz, eta, une oro, aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentzia osoari eutsi ahal izateko eta hasierako xede nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.

c.4.– Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa.

Jarduera honek laneko segurtasun- eta osasun-mailei eutsi ahal izateko beharrezkoak diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta horiek suspertzea barne hartuko du.

Lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez proiektu bakoitzaren pleguan, ETSk, prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokionez, eraginkorragoak izan daitezen eta segurtasun-maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.

Segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da ETSren lan hori.

Halaber, prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu ETSk, obrak egiten diren bitartean edota eraikuntza-proiektua idazten den bitartean, segurtasun- eta osasun-arloak koordinatzeko. Teknikari horiek ETSren ordezkariak proposatu eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak izendatuko ditu.

c.5.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa.

Jarduera honek egitura, osagai eta instalazio oro kontratuari, kodeei, arauei eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen dela egiaztatzeko behar diren jardueren jarraipena egin eta horiek suspertzea barne hartuko du.

Kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du ETSk, eta ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango ditu.

Obrek dirauten artean, obren jarduera edo fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere egin beharko da jarduketa hori.

Aldi berean, kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola gauzatzen diren kontrolatuko du ETSk, eta, lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzea proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.

Bestalde, ETSk jarduerak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eta dagokion informazio-azterlanaren baldintzen arabera gauzatzen direla zainduko du.

Proiektuak ingurumen-eranskin bat eta paisaia-jarraibide bat izango ditu; ADIF-Alta Velocidad erakunde publikoak eta Eusko Jaurlaritzak beren gain hartuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko proiektuari dagokionez. Proiektua berrikusi eta onartu egin beharko du hark, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

d) Sostengua.

ETSk Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak agintzen dizkion txosten eta azterlan guztiak idatziko ditu, zuzenean edo zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataforma eraikitzeko, zuzentzeko edota gauzatzeko proiektuarekin zerikusia dutenak.

Bestalde, urbanizazio-proiektuak, akabera-proiektuak edo obren garapenak eskatzen duen beste edozein proiektu idatziko ditu, ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren arteko hitzarmenaren esparruan eta bertan jasotako baldintzekin bat etorriz. 2023ko azaroaren 24an sinatutako hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku utzi ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen plataformaren proiektuak idaztea eta haren eraikuntza-lanak egitea.

Bestetik, proiektua gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak erraztuko ditu ETSk, bertan zehaztutako lanak gauzatzen hasi baino lehen.

Era berean, ETSk, hala badagokio, proiektuaren aldaketak idatziko ditu, betiere ADIF-Alta Velocidad erakundeko organo eskudunei dagozkien gainbegiratze- eta onespen-funtzioei kalterik egin gabe, trenbide-arloko legerian eta bere estatutuan aurreikusitako baldintzetan.

6.– egindako lanak baloratzea eta ordaintzea.

Mandatuan emandako lanek, BEZa barne, 226,52 milioi euroko zenbatespena dute, eta hamar urteko epea aurreikusi da horiek burutzeko, dokumentu honetako 4. apartatuan zehaztutako eta segidan berriro ere adieraziko diren kontzeptuetan eta urteko kuoten banaketetan oinarrituta.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Mandatu honen objektua diren lanak ADIF-Alta Velocidad enpresak ordainduko dizkio ETSri, bere aurrekontuen kontura eta kalkulatutako urteko kuoten banaketaren arabera.

ADIF-Alta Velocidadek hiru hilean behin ordainduko du proiektuaren edo proiektuen idazketaren eta gauzatutako obraren kostu osoa, ETSren kontratazio-organoak ordaindutako ziurtagirien arabera. Ziurtagiri horiek ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean sinatutako hitzarmenean ezarritako Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Teknikoak adostuko ditu.

Aurreikusitako ordainketa moduaren ondorioz sortzen diren finantza-kostuak ADIF-Alta Velocidadek hartuko ditu bere gain.


Azterketa dokumentala