Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2024ko apirilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1672

AGINDUA, 2024ko martxoaren 27koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira gizarte-larrialdietarako laguntzetan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko 2024. urtean gehienez emango diren diru-kopuruak, zehazten baitira laguntza horietako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak, eta finkatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2024. urterako dagokion aurrekontu-muga.

Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da pertsonak baztertzeko arriskua prebenitzea, bazterkeria pertsonal, sozial eta laboraleko egoerak arintzea, bizitza duinaren garapena bermatzea eta behar adinako baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomikorik ez dutenak gizartean erabat sar daitezen sustatzea, eta horren osagaien artean daude gizarte-larrialdietarako laguntzak (aurrerantzean, GLL).

Larrialdietarako laguntzaren kontzeptuaren gakoa da, hain zuzen ere, kanpoko edo ustekabeko arrazoiak tarteko, une jakin batean (aldi baterako) baliabide ekonomikorik ez izatea edo urriak izatea premia larriko egoera bati aurre egiteko. Egoera horiei erantzun egin behar zaie herrialdean dagoen ongizatearen arabera bizi ahal izateko eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-sarrerak bermatzeko errentaren laguntzen gehieneko mugen araberako bizimoduari eutsi ahal izateko.

Ustekabeko gertakari batek eta aldizka dirulaguntzak jasota bizitzetik sortutako baliabide ekonomiko eskasiak eragindako larrialdietako egoera ekonomikoei erantzun nahi zaie. Pertsonen bizitzan zehar, egoera jakin batean edo zenbait unetan gerta daitezke egoera horiek. Lehen mailako gabeziak edo eskasiak dakartzaten egoerak ez sortzeko, baliabide aringarri bezala erabiltzen dira GLLak.

Laguntza horiek emateari dagokionez, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 58. artikuluak xedatzen du gizarte-larrialdietarako laguntzak gizarte-zerbitzuek benetan premia-egoera dagoela egiaztatu ondoren emango direla.

Era berean, eta abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 138. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, gure autonomia-erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak instruitzea, aitortzea eta ordaintzea, zehatzeko ahala erabiltzea, bai eta GLLen onuradunen jarraipena egitea ere; horretarako, aldez aurretik jakin beharko dute zein den balia dezaketen urteko muga, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako berariaz ezarritako guztizko aurrekontu-izendapenen barruan.

Bestalde, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 57. artikuluak GLL gisa emandako prestazioen zenbatekoak finkatzeko kontuan hartu beharko diren irizpideak zerrendatzen ditu. Zehazki, 1. paragrafoan jasota dago inola ere gainditu ezin izango den mugetako bat. Muga hori, oro har eta aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako erregelamendu bidez ezartzen diren gehieneko zenbatekoek osatzen dute.

Aurrekoa esanda, adierazi behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 3. paragrafoan xedatzen dela gizarteratzea gizarte-babeseko zenbait sistema eta politika publikok partekatzen duten helburu bat dela; horien artean dago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, lehen aipatutako helburua lortzen lagunduko duena, dagozkion xedeen eta egitekoen esparruan.

Ildo horretan, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 1. paragrafoan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua da herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea, beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatuta, eta elkarlanean; sistema horren funtsezko helburua da, besteak beste, larrialdi-egoerek eragindako premia pertsonalak eta familiarrak prebenitzea eta horiei erantzutea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1.n) artikuluaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio, besteak beste, gizarte-ongizateari eta gizarte-zerbitzuari buruzko egitekoak.

Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 41.500.000 euroko ordainketa-kreditu bat dago gizarte-larrialdietarako laguntzetarako, agindu honetan esleituta.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuak programari esleitutako urteko baliabideak banatzeko eta udalei transferitzeko prozedura ezartzen du. Baliabideen banaketa honako printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, urtero, GLLen zenbatekoak ordaintzeko behar diren baliabide ekonomikoak egongo dira jasota.

b) Gizarteratzeko Erakundearteko Batzordeak horiek aztertu ondoren, gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako sailak irizpideak urtero zehaztuko ditu, beharrizanen adierazleei begira batez ere, finkatzeko nola banatuko den Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua autonomia-erkidegoko lurralde historikoen eta udalerrien artean.

c) Erreferentziako irizpideak aplikatzeko, udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko da, eta horren berri emango da EHAAn urtero argitaratuko den agindu baten bitartez.

d) Erreferentziako irizpideen aplikazioan oinarrituta, udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga finkatu ondoren, udal bakoitzari esleitutako zenbatekoa transferituko zaio. Transferentziak hiru hilean behin egingo dira, eta bi alderdiak batera egin ahal izango dira, premia-adierazleei erantzuten dien zatia eta, zenbatekoak jakin ondoren, aurreko ekitaldiko GLLen emakida-adierazleei erantzuten dien zatia.

e) Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta, horretarako, udalek bidalitako dokumentazioa kontuan hartuta.

GLLetara bideratutako baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak banatu behar dizkie udalei, salbu eta udalek beste prozedura bat adostu badute dagokien foru-aldundiarekin edo mankomunitateen bidez, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen seigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz. Lege horrek aukera ematen die aldundiei edo udalaz gaindiko entitateei laguntzak zuzenean ordaintzeko, udalek partzuergo, mankomunitate edo bestelako formulen bidez partekatutako kudeaketa-formuletara jo badute, edo aldundiak bere gain hartutako prestaziora jo badute.

Horregatik guztiagatik, eta Lan eta Enplegu Sailak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren esparruan, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak gizarte-zerbitzuen esparruan dauzkan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 202ko ekitaldirako gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako berariazko gastu bakoitzari orokorrean eman beharreko gehieneko zenbatekoak finkatzea eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari aurten dagokion aurrekontu-muga zehazten da.

2. artikulua.– Urteko gehieneko zenbatekoak.

1.– 2024rako, honako hauek dira gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko zenbatekoak, bizikidetza-unitate bakoitzeko (aurrerantzean, BU), aurreko artikuluan aipatutako berariazko gastu bakoitzera bideratuak:

1.1.– Ohiko etxebizitza edo bizitokia izateko eta mantentzeko behar diren gastuak:

a) Alokairu-gastuengatik:

a.1.– Errentari bakarreko etxebizitzen kasuan, edo GLL eskatu duen BU bakarrak etxebizitza koerrentatu edo azpierrentatu badu, hilean 300 euroko laguntza emango da gehienez, eta ezin izanogo du gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren edo, hala badagokio, koerrentan edo azpierrentan ordaindutako prezioaren % 70.

a.2.– Etxebizitza koerrentatu edo azpierrentatua bada, ez dira bi eskabide baino gehiago onartuko, indarreko araudian xedatutakoarekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzat hilean 150 euro emango da gehienez, eta bien artean ezin izango dute gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80.

a.3.– Etxebizitzan ostatu- edo apopilo-kontratupeko jendea badago, gehienez bi eskabide egin daitezke, lehen esandakoaren arabera, eta hilean 150 euroko laguntza emango da gehienez.

a.4.– Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, hilean 300 euro emango da gehienez. Kasu horretan, BUren muga ez da bi izango, baizik eta establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa.

b) Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuengatik, hilean 300 euro emango da gehienez, eta ezin izango da gainditu kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren % 70.

c) Elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-hornidura batzuek eragindako energia-gastuengatik, urtean 1.500 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 750 euro gehienez.

d) «Linea zuriko» etxetresna elektrikoen eta altzarien gastuengatik, urtean 1.850 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 925 euro gehienez.

e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuengatik, urtean 1.850 euro gehienez. Bi BU baldin badira, bakoitzari urtean 925 euro gehienez.

f) Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko behar diren gastuengatik, urtean 900 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 450 euro gehienez. Kontzeptu honek honako gastu hauek hartzen ditu barnean: ura, zaborrak, estolderia, landa- zein hiri-eremukoetako ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak, eta jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, bai eta etxebizitzaren segurtasunarekin zerikusia dutenak ere.

g) Etxebizitza berri batean instalatzearekin lotutako ezohiko gastuengatik, hala nola fidantza, horniduretan alta ematea, egokitzapena eta beste batzuk, urtean gehienez 1.800 euro. Bi bizikidetza-unitateren kasuan, gehienez 900 euro urtean.

1.2.– Bizikidetza-unitateko kide baten edo gehiagoren oinarrizko premiei dagozkien gastuengatik, hala nola sistema publikoek estaltzen ez dituzten jantziak, hezkuntza eta prestakuntza eta osasun-laguntza, gehienez 2.500 euro urtean.

1.3.– Aurretiko zorpetze-gastuengatik, gehienez 3.000 euro urtean. Bi bizikidetza-unitateren kasuan, urtean 1.500 euroraino.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, 1.1 eta 1.2 apartatuetan aipatutako kontzepturen batek eragindako aurretiazko zorpetze-gastuengatiko urteko gehieneko zenbatekoek ezin izango dituzte gainditu, kasu bakoitzean, aipatutako paragrafoetan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko zenbatekoak.

2.– Nolanahi ere, GLLak jasotzea, artikulu honetako 1.1 apartatuan aipatzen diren kontzeptuetan (ohiko bizitokia eta mantenua izateko beharrezko gastuak), ez da bateragarria etxebizitzako prestazio osagarriarekin (aurrerantzean, EPO).

Era berean, 1.1 a) apartatuan aipatzen den kontzeptuan (alokairu-gastuak) GLLak jasotzea bateraezina da Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean (aurrerantzean, EPE) etxebizitza legez okupatzeko aurreikusitako eskubide subjektiboa betetzera bideratutako etxebizitzako prestazio ekonomikoarekin, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduan (zeinak arautzen baititu Gaztelagun programako etxebizitza alokatzeko laguntzak) aurreikusitako laguntzekin eta 2024ko ekitaldian aurreikus daitezkeen ahultasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza librea alokatzeko beste laguntza batzuekin.

3.– Eskabide bakoitzari esleitu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko da, eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen diru-sarreren arabera kalkulatua, bai eta unitate hori osatzen duten kideen guztizko kopuruaren arabera ere, artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko zenbatekoaren gainean, edo benetako gastuaren zenbatekoaren gainean, baldin eta gastu hori kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, Gizarte-larrialdietarako Laguntzak arautzeko Dekretuaren 10.2 artikuluan adierazitakoaren arabera. I. eranskinean, gehieneko errenta bermatua eta kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbatekoaren ehuneko aplikagarria kalkulatzeko modua jasotzen da.

4.– Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa udal eskudunak murriztu beharko du dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, eskatzaile guztien eskariei modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboa murriztu beharko da kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa.

3. artikulua.– Eskabide-metaketa eta gizarte-larrialdietarako laguntzak eska ditzaketen bizikidetza-unitateen gehieneko kopurua.

Etxebizitza berean bizi diren bizikidetza-unitateei gehienez ere gizarte-larrialdietarako bi laguntza emango zaizkie.

GLLen bi eskabide baino gehiago metatzen badira, eskabidearen antzinatasun-ordenaren arabera erantzungo da, salbu eta gizarte-zerbitzuek bestelako irizpide bat ematen badute, gizarte-txostenean adierazitakoaren arabera.

4. artikulua.– Kredituak banatzeko irizpideak.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak estaltzeko esleitutako kredituak banatzeko irizpideak honako adierazle hauen arabera finkatuko dira 2024rako:

a) 2023ko urriaren 31ko premia-adierazleak.

b) 2023ko ekitaldiko GLLen emakida-adierazleak, 2023ko abenduaren 31ra arteko datuak jasotzen dituztenak.

2.– Kredituei dagokienez, lehenengo puntuko a) apartaturako 37.000.000 euro esleitu dira, eta lehen puntuko b) apartaturako 4.500.000 euro. Kreditu horiek agindu honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko dira.

3.– Premia-adierazleei erantzuten dieten banaketa-irizpideak honako parametro hauen arabera finkatuko dira 2024rako:

– Udalerrian, 2023ko urriaren 31n diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten unitateen kopurua.

– Udalerrian, 2023ko urriaren 31n Lanbiden inskribatuta dauden baina diru-sarrerak bermatzeko errentarik edo bestelako prestaziorik jasotzen ez duten pertsonen kopurua.

4.– Aurreko apartatuan adierazitakoa gorabehera, premia-adierazleei dagokienez, 400 biztanle baino gutxiagoko udalerriei udalerri horiei guztira legokiekeen zenbatekoaren batezbestekoaren zenbateko baliokidea bermatzen zaie gizarte-larrialdietarako laguntzen programa egikaritzeko.

5.– GLLen emakida-adierazleei erantzuten dieten banaketa-irizpideak honako parametro hauen arabera finkatuko dira 2024rako:

– 2023ko ekitaldian udalerrian esleitutako zenbatekoa.

– 2023ko ekitaldian udalerrian justifikatutako zenbatekoa.

– Udalerriaren biztanle-kopuruaren araberako tamaina; udalerri txikitzat joko da 20.000 biztanle baino gutxiago dauzkana, eta udalerri handitzat, berriz, 20.000 biztanle edo gehiago dauzkana.

Banatzeko kopurua metodo honen arabera kalkulatuko da:

a) 2023ko ekitaldian esleitutako zenbatekoaren berdina edo txikiagoa justifikatu duten udalerrien kasuan, zenbatekoa zero izango da.

b) Udalerri txikietan, zenbatekoa hau izango da: 2023ko ekitaldian justifikatutako zenbatekoaren eta udalerrian esleitutakoaren arteko aldearen % 66, 2023ko ekitaldian esleitutako zenbatekoaren % 30 gehienez ere.

c) Udalerri handietan, zenbatekoa hau izango da: 2023ko ekitaldian justifikatutako zenbatekoaren eta udalerrian esleitutakoaren arteko aldearen % 50, 2023ko ekitaldian esleitutako zenbatekoaren % 30 gehienez ere.

Aurrekoa gorabehera, koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko da GLLen emakida-adierazleentzat gordetako zenbateko osoa banatu ahal izateko, soberakinik gera ez dadin eta partida handitu beharrik izan ez dadin, betiere udalerriari banatutako kopuruak 2023ko ekitaldian esleitutako zenbatekoaren % 30 gainditzen ez badu.

5. artikulua.– Aurrekontu-mugak.

Premia-adierazleei buruzko 4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuta, 2024ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari dagozkion gizarte-larrialdietarako laguntzen programa gauzatzeko aurrekontu-mugak ezarri dira, eta agindu honen II. eranskinean daude.

6. artikulua.– Udalaz gaindiko beste entitate batzuen bidezko banaketa.

Foru-aldundira edo partzuergoen, mankomunitateen edo gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratutako baliabide ekonomikoak banatzeko beste formula batzuen bidez partekatutako kudeaketa-formuletara jotzen duten udalek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari jakinarazi beharko diote, udalaz gaindiko entitate horiei udal bakoitzari esleitutako zenbatekoak transferitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gizarte-larrialdietarako Laguntzak arautzeko Dekretuaren 33. artikuluan aipatzutako datuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistema araututa eta funtzionamenduan ez dagoen artean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan bidaliko dira, zeinaren bidez argitaratu baitzen gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabide-eredu berria eta arautu baitzen prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.); bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bidez bidaliko dira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren eskakizunak beteta, betiere.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 27a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

I. ERANSKINA
GEHIENEKO ERRENTA BERMATUA KALKULATZEKO ZENBATEKOAK ETA KONTZEPTU BAKOITZEKO GEHIENEKO ZENBATEKOAREN EHUNEKO APLIKAGARRIA

I.1.– Gehieneko errenta bermatua kalkulatzeko zenbatekoak.

Bizikidetza-unitate bati dagokion gehieneko errenta bermatua (GEB) oinarrizko zenbatekoari, bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko banakako osagarriei eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriei dagozkien zenbatekoen baturak zehazten du.

Oinarrizko zenbatekoa, hilero erreferentziatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak zehaztuko du.

I.2.– Kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbatekoaren ehuneko aplikagarria.

Bizikidetza-unitate espezifiko baterako gehieneko zenbatekoaren ehunekoen taula egiteko, nahikoa da 14/2022 Legearen 32., 33. eta 34. artikuluen arabera bizikidetza-unitateari dagokion gehieneko errenta bermatua (GEB) kalkulatzea eta honako formula hau aplikatzea:

BU Urteko diru-sarreren muga, GEBen arabera, eurotan.

(Ikus .PDF)

Non x = 100, 99, 98, ..., 50.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala