Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2024ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1666

IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira Zierbenako udalerrian dagoen hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko jarduerarako Wpi Bilbao, S.L. enpresak aurkeztu dituen proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, ezartzen du ingurumen-baimen bateratua izan behar dela 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuk egiten diren instalazioetan eraikuntza-, muntatze-, ustiapen- edo lekualdatze-lanak egiteko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko.

Ingurumen-baimen bateratuaren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura murriztu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratuak ezarriz; horrela, ingurumen osoa ahalik eta hoberen babestu ahal izango da.

Bestalde, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu denean, horiek jendaurrean erakusteko epealdi bat ezarri behar dela, gutxienez 30 egunekoa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, obrak, instalazioak edo 1. eranskinean jasotako jardueretako bat egin beharra dakarten proiektuei (publiko zein pribatuei) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaie, legeak ezarritako moduan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntak aurreikusten du organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea egitea, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta haren egoitza elektronikoan iragarri ondoren.

Bestalde, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 23. artikuluan ezartzen du ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoarena denean, eta jarduera ingurumen-baimen integratuaren edo ingurumen-baimen bakarraren araubidearen mende dagoenean, bi erregimen horiei dagozkien administrazio-prozedurak eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura barne hartuko direla.

Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko jarduera denez, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta lortze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldi bakarrean jarri behar dira, biak batera, jendaurrean.

Adierazitako guztiagatik, IPPC AAI00445_SOL_2023_002 espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak eta oharrak egin ditzaten.

Jendaurreko izapidean jarriko den instalazio-espedientea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da, jendeak eskura izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Zuzendaria ez dagoenez, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak ezarritakoa betez,

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala