68. zk., 2024ko apirilaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (672 KB - 70 orri.)
- EPUB (2927 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1660
AGINDUA, 2024ko martxoaren 12koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2024. urterako garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.
Deialdia egiteko agindu honen bidez, Garapenerako Lankidetzaren Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan (2007ko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 53. zk.) jasotako aurreikuspenak betetzen dira 2024. urterako. Dekretu hori Garapenerako Lankidetzaren Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen (2013ko uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 143. zk.) gerora.
34/2007 Dekretuak garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzak arautzen ditu, pobreziaren aurkako borrokan modu esanguratsuan laguntzen duen tresna gisa, Hegoaldeko herrialde pobretuetako prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz, eta, batez ere, tokian tokikoari eragiten dio estatukoarekin eta nazioartekoarekin duten harremanean, garapenerako lankidetzako irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidez.
Geroago, 2023ko abenduaren 30ean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea jarri zen indarrean (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.). Lege horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua indargabetzen ditu. Hori dela eta, deialdi honek jasotzen du araudi berriak honako hauei buruz xedatutakoa: onuradunek beren gain hartutako betebeharrak; laguntzen kudeaketa eta deialdiaren ebazpena; ez-betetze kasuak, eta laguntzak itzultzeko prozedura.
Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzako IV. Gida Planean sartzen da. Plan hori 2022-2024 urteetarako luzatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez. Garapenerako Lankidetzako IV. Gida Plana (luzatuta) eta 2024ko Urteko Plana Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian (www.elankidetza.euskadi.eus) daude argitaratuta, «Nortzuk gara» barruko «Plangintza» atalean. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak onartutako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan jasota dago.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 2024ko ekitaldirako onartutako aurrekontuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2023ko abenduaren 22ko 21/2023 Legeak onartu baititu (2023ko abenduaren 29ko EHAA), deialdia finantzatzeko kreditu nahikoa jasotzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren 2020ko irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak xedatutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumenekoak dira garapenerako lankidetzarekin lotutako egitekoak.
Laguntza horien kudeaketari eta horretarako eman beharreko ebazpenei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria da eskuduna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 2008ko ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen 2010eko martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2024ko urtarrilaren 29an egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzeko 2008ko ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, deialdia egiteko agindu hau onartzea erabaki eta proposatu dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, bai eta hura emateko oinarrizko irizpideak onartzea ere.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak arautzen dituen garapenerako lankidetza-proiektuetarako dirulaguntzetarako 2024rako deialdia egitea –34/2007 Dekretua, Garapenerako Lankidetza Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena, zeina gerora aldatu egin baitzen, Garapenerako Lankidetza Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez–.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.
Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko osoa 40.000.000 euro izango da. Dekretu arautzailean jasotako hiru laguntza-modalitateetako bakoitzerako zenbateko ekonomikoa honako hau da:
a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetarako 31.700.000 euro erabiliko dira.
b) Produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetarako 1.600.000 euro erabiliko dira.
c) Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzetarako 6.700.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.
Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza ezingo da 600.000 eurotik gorakoa izan.
Erakunde bakoitzak, banaka edo partzuergoan, gehienez 4 proiektu aurkeztu ahal izango ditu deialdi honetan. Kopuru hori 6 proiekturaino zabaldu ahal izango da, baldin eta proiektu horietako bi Afrika kontinentean gauzatzen badira.
4. artikulua.– Erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa.
Erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez ere 2024ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntzen % 7 eskuratu ahal izango du, hau da, 4.070.667,61 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan, dirulaguntza horiek etorkizuneko ekitaldietan ordaintzen diren kontuan hartu gabe.
5. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Emandako dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 25ekoa, dirulaguntza onartu ondoren egingo da.
b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 40koa, gutxienez ordaindutako dirulaguntzaren % 80 egin dela justifikatu ondoren egingo da.
c) Hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 35ekoa, gutxienez ordaindutako dirulaguntzaren % 80 egin dela justifikatu ondoren egingo da.
6. artikulua.– Eskabideen epea, aurkezpena eta formalizazioa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta deialdi honen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egingo dira.
3.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikoa baino ez da erabiliko; hain zuzen ere, Laguntzak eta Dirulaguntzak atala.
4.– Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-inprimakia aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Laguntzaren informazio gehigarria lor daiteke www.euskadi.eus webgunean, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean.
5.– Erakunde interesduna espedientera sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko, eta prozedura honetako jakinarazpenak eta gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» aplikazioa eta aplikazio hori soilik erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.
7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratu, egiaztatu edo baieztatuko du administrazio eskudunean legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, beste pertsona bati eman ahal izango zaio ordezkaritza, haren izenean baliabide elektronikoen bidez jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo
– Borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/adjuntos/formulario_otorgamiento_representacion_guardable.pdf), behar bezala formalizatua. Inprimakia eskabideari erantsi behar zaio. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute.
Ordezkariak egoitza elektroniko horretan elektronikoki identifikatzeko onartutako bitarteko bat izan beharko du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
8.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da.
9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehazten diren baldintzak.
7. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaileak telematikoki bete behar du I. eranskineko eskabide-formularioa, eredu normalizatuan, oso-osorik, eta eskaera aurkezteko behar diren datu orokorrak jasoko ditu. Era berean, erakunde eskatzailearen/partzuergoko buruaren erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira eskabidean:
a) Laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa duela; hala eskatzen zaionean, Administrazioaren esku jarriko duela; eskubidea aitortzeak dakarren denboran eskakizun horiek betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar ditzakeela, eta Administrazioak egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak dituela esleituta.
b) Konpromisoa hartzen dutela xede eta helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, eskuratu izanaren berri emateko. Dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide horiek edozein administrazio edo ente publiko zein pribatutatik etorritakoak izan daitezke.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta beste entitate batzuek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez.
d) Ez dagoela sartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein debekutan.
e) Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikuluaren arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik edo LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzeagatik (konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne), Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 2023ko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) Ez dagoela Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan aurreikusitako egoera eta kasuetako batean ere.
g) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako eskakizunen araberan (agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeari buruzkoa da), bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan. Halaber, konpromisoa hartzen du betebehar horiek betetzen jarraituko duela emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte.
2.– Eskabide-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Erakunde eskatzaileen partzuergoa eratzen bada, gainerako erakunde eskatzaile bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da. Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan.
b) Lankidetzaren arloan gutxienez bi urtez modu jarraituan izandako esperientzia egiaztatzea, baldin eta erakundearen estatutuetan berariaz adierazten ez bada bere helburuen artean hegoaldeko herrialdeetan garapenerako lankidetzarako proiektuak egitea dagoela. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratu, egiaztatu edo baieztatuko du akreditazio hori administrazio eskudunean.
Hala ere, estatutuetan helburu hori zehaztuta ez badago, gutxienez bi urtez jarraian izandako esperientzia egiaztatu beharko da, agiri hauetakoren bat aurkeztuz: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesduna bera ez den beste erakunde pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoriak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialen argitalpenak, edo horretarako eskumena duten organoek ziurtatutako urteko memoriak edo kontuak, esperientzia jarraitu hori berariaz jasotzen dutenak.
c) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eratze-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa, gutxienez eskaera aurkezteko epea amaitu baino urtebete lehenagokoak.
Baldin eta, tokiko bazkidearen izaera juridikoa dela eta, ezintasun juridikoren bat badago, edo herrialdearen inguruabarren ondoriozko ezintasun politikoren bat badago, erregistroko inskripzioaren betekizuna egiaztatu ordez, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiazta dezakeen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
d) Erakundeen partzuergoa eratzen bada, bai eskatzaileena, bai tokikoena, haien artean sinatutako erantzunkidetasun-hitzarmena aurkeztuko da, eredu normalizatuan, behar bezala beteta eta sinatuta; hau da, orri guztietan sinatuta, eskuz sinatuz gero, edo hitzarmenaren azken orrialdean, sinadura elektronikoarekin. Hitzarmenaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan.
e) Gastuak ordainagirien bidez eta fakturarik gabe justifikatzea aurreikusten bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoriaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan.
f) Erakunde eskatzaileak atzerriratutako pertsonak bidaltzen baditu, justifikazio-memoria bat aurkeztuko da, egin beharreko lanak eta horien iraupena deskribatuko dituena eta beharrezko gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak bilduko dituena. Justifikazio-memoriaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan.
g) Garapenerako lankidetzako proiektuetan eta garapenerako hezkuntzako proiektuetan, proformako fakturak, aurrekontuak edo kanpoko balorazioak, Garapenerako Lankidetza Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 22.3.b) artikuluan ezarritako kasuetan (2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori).
h) Txandakako funtsa izatea aurreikusten bada, dagokion azalpen-memoria aurkeztuko da. Justifikazio-memoriaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan.
i) Ez da beharrezkoa izango erakunde eskatzaileak ordezkaritza iraunkorra edo egoitza nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duela akreditatzea edo erregistroko inskripzioa aurkeztea, baldin eta erakundeak baimena ematen badio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari horiek ofizioz begiratu, egiaztatu edo baieztatzeko administrazio eskudunean.
3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du. Hala ere, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak datu-bitartekaritzako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsulta eginez egiaztatu ahal izango du. Salbuespen gisa, gorabeheraren batek datu horiek lortzea eragozten badu, erakundeari dagozkion dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango zaio.
4.– Proiektuak baloratzeko, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu ahal izango ditu:
a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkako alderdien integrazioa baloratzeko: proposamen teknikoa eta dirulaguntzaren aurrekontu banakatua, www.euskadi.eus webguneko Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» eremuaren barruan «Laguntzak, bekak eta sariak» atalean argitaratutako ereduen arabera. Proposamen teknikoan gehienez ere 35.000 hitz sar daitezke. Proposamen teknikoan hitz gehiegi egotea ez da kontuan hartuko aurkeztutako proiektua baloratzeko garaian.
b) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta iraunkortasuna baloratzeko, garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzen eta produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan: obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, bideragarritasunaren eta merkatuaren azterketa, abalak, materialei eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasuneko konpromisoak.
c) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna baloratzeko, garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan: material eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasuneko konpromisoak.
d) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako eta garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, erakunde eskatzaileek baimena eman ondoren, ofizioz egiaztatuko du Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin, erakunde eskatzaileak Euskadiko GGKEen Koordinakundeari atxikita dauden ala ez.
e) Produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan, proiektuaren gaiarekiko lotura duen nazioarteko koordinakunde, sare edo mugimendu bateko kide dela egiaztatzeko ziurtagiria erantsi beharko da.
f) Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, erakunde eskatzaileek baimena eman ondoren, ofizioz egiaztatuko du Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin, ea erakunde eskatzaileek Euskadiko GGKEen Koordinakundeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako talde eta prozesuetan parte hartzen duten. Euskadiko GGKEen Koordinakundeaz edo (H)abian jarraipeneko batzordeaz bestelako Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako talde eta prozesuetan parte hartzen badute, parte-hartze horren ziurtagiria erantsi beharko da.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio dirulaguntzen lerro honen kudeaketa-lanak egitea.
9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Hautaketa Batzordea honako hauek osatuko dute:
● Batzordeburua: Alazne Camińa Izkara, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna.
● Batzordekidea: Alicia Alemán Arrastio, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Iosu Aranzabal Abaitua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Ainara Arrieta Archilla, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Mónica Fernández Vidal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Javier Galaz de la Torre, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Maite Garmendia Eguinoa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Nagore Gorostiza Mendia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Leire Gutierrez Díez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Arkaitz López Sánchez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Karen Rodriguez Guinea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Miren Saiz Alzugaray, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Ana María Tellería Gallastegui, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Mikel Varela García, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
● Batzordekidea: Edurne Bengoechea Sorozabal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako genero-programa eta -gaietako teknikaria.
● Batzordekidea eta idazkaria: Iker Del Río Lahidalga, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.
10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.
Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak, agindu honen II. eranskinean jasotako irizpideen arabera.
11. artikulua.– Esleipena egiteko organo eskuduna eta instrukzioa.
Hautaketa Batzordeak laguntza-eskabideen azterketa teknikoa eta balorazioa egingo ditu, eta txostena helaraziko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreari. Kontseilu Errektoreak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatuko dio dagozkion laguntzak eman ditzala. Azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena emango du zuzendariak.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria da deialdian jasotako laguntzak esleitzeko organo eskuduna.
12. artikulua.– Ebazpena eta argitalpena.
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena, eskatutako laguntzak esleitu eta ukatzekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatutakoa betez, eskaera aurkeztu den datatik zenbatzen hasi eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.
13. artikulua.– Laguntza onartzea.
Behin betiko ebazpenaren onuradun den erakundeak hamar egun balioduneko epea izango du, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, laguntza onartu duela jakinarazteko.
Laguntza onartzeko epea amaitu eta ez bada berariaz onartu, onuradunak dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da.
Dirulaguntza onartu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak hitzarmen bat sinatuko dute emandako dirulaguntza bakoitzeko, finantzatu beharreko proiektu motaren arabera.
Izenpetu beharreko hitzarmena telematikoki izapidetuko da laguntza onartzean. Publikotasun-helburuetarako, hitzarmen horren edukia www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, bai eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webguneko «Deialdiak» ataleko «Laguntzak, bekak eta sariak» eremuan ere.
14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Laguntzaren erakunde onuradunek, Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan (gerora 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen) zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko beste betebehar guztiak bete beharko dituzte.
15. artikulua.– Laguntzak itzultzea eta horretarako arrazoiak.
Dirua itzultzeko arrazoiak eta bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
16. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskabideetan jasotako datu pertsonalak «Garapenerako lankidetzako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonal horiek Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatua) 23.4 artikuluan ezartzen duenez, erakunde eskatzaile bakoitzak eskuratu ahal izango dituen dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian zehaztuko da.
Agindu horretan ezarritakoaren arabera, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez ere 2024ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7 jaso ahal izango du. Hau da, zenbateko hori 4.070.667,61 eurokoa izango da, urtean onartutako garapenerako lankidetzaren konturako laguntzen edozein deialditan, dirulaguntza horiek etorkizuneko ekitaldietan ordaintzen diren kontuan hartu gabe.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatzen diren laguntzak honako hauetan oinarritzen dira: 39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, 2023ko abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, eta 34/2007 Dekretua, 2007ko otsailaren 27koa, Garapenerako Lankidetza Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena (dekretu hori, gerora, aldatu egin zen, Garapenerako Lankidetza Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.