68. zk., 2024ko apirilaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 11 orri.)
- EPUB (234 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
1656
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, 2024-2025erako laguntzen deialdia egiten duena Europatik kanpoko Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoekin lankidetza teknikoko proiektuak egiteko.
Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren bidez, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen da (2019ko apirilaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 63 zk.).
2023ko abenduaren 30ean, indarrean sartu zen Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea. Lege horrek, alde batetik, arautu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta, bestetik, indargabetu egiten ditu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua. Hori dela-eta, ebazpen honek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritako betekizunak jasotzen ditu, erakunde onuradunek beren gain hartutako betebeharrei, laguntzen onuradun izateko debekuei eta dirulaguntzak itzultzeko arrazoiei eta prozedurari dagokienez.
2024ko urtarrilaren 1ean, indarrean sartu zen Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L 2023, 2023-12-15ekoa). Erregelamendu horren arabera, estatu kide batek enpresa bakar bati guztira 300.000 euroko minimis laguntza eman diezaioke gehienez, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten estatu kideen arteko merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen ez eta faltsutzearekin mehatxatzen ere.
Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 6. artikuluak ezarritakoari jarraituz, bidezkoa da laguntzetarako deialdia egitea kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin lankidetza-proiektuak egiteko 2024-2025ean. Dirulaguntza horiek Lehendakaritzaren Dirulagutzen lau urteko Plan Estrategikoaren barruan sartuta daude. Plan hori, hain zuzen ere, Koordinazio eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 6. artikuluan ezarritakoa betez. Euskal Autonomia Erkidegoak bazkide estrategikoen sarearekin dituen harremanak bultzatzeko eta indartzeko ematen dira laguntza hauek, Autonomia Erkidegoaren interesak mundu-mailan sendotzeko eta sustatzeko helburuarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak elkar ulertzeko memorandumak sinatu ditu Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoekin, Dekretuan jasotzen den bezala. Deialdi honetan, koordinazio- eta lankidetza-mekanismo bat zehazten da, komunitate sinatzaileen mesederako diren proiektuak eta ekintzak egiteko (aipatutako memoradumetan dago jasota mekanismo hori).
Horrenbestez, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumak baliatuz –martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuaren bidez aldatu zen dekretu hori–, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak ezartzen dituen 2024-2025erako laguntzen deialdia egitea Europatik kanpoko Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuak finantzatzeko, eta deialdi horren zehaztapenak onartzea, ebazpen honetako I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak arau hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 47/2019 Dekretua, martxoaren 26koa, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, Ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Ebazpen hau www.euskadi.eus-en ere argitaratuko da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.
I. ERANSKINA
Ebazpena, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, 2024-2025erako laguntzen deialdia egiten duena Europatik kanpoko Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoekin lankidetza teknikoko proiektuak egiteko.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Ebazpen honen bidez, 2024-2025erako laguntzen deialdia egiten da, Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egingo diren jarduera eta lankidetza bilateraleko proiektuak finantzatzeko, honako hauetan jasotako arloetan:
a) Euskadik eta Quebec-ek 2017ko urriaren 31n sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma:
– Kultura: jakintza eta esperientzia trukatzea kulturaren eremuan; bereziki arlo hauetan: ondarea, artisten mugikortasuna, truke profesionalak (artistak, sortzaileak edo kultura-industriak) eta obren, ondare-ondasunen eta kultura-produktuen zabalkundea.
– Hizkuntza-politika: adituen eta ikertzaileen arteko trukeak egitea, bakoitzaren hizkuntzaren garapen eta sustapenaren eremuan, eta eremu horretako informazioa eta jardunbide onak trukatzea.
– Ekonomia: negozioak eta inbertsioak egiteko aukerei buruzko informazioa trukatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Quebec-en artean. Nork bere itsas ekonomian dituen hazkunde iraunkorreko esperientziak trukatzea.
– Ingurumena: informazioa eta jardunbide onak trukatzea, klima-aldaketaren kontrako borrokari eta ingurumenaren babesari buruz.
– Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza: informazioa eta esperientziak trukatzea eta nazioarteko partzuergoetan baterako jarduerak sustatzea.
b) Euskadik eta Cundinamarcak 2017ko maiatzaren 30ean sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma:
– Produkzioa eta klusterrak garatzeko politikak: ezagutzak trukatzea, hazkunde ekonomiko inklusiboa eta iraunkorra sustatzeko.
– Merkataritza, inbertsioak eta negozioak: enpresa- eta gobernu-sustapenerako topaketak egitea, ekonomia-trukea eta enpresen garapena sustatzeko. Lankidetza-proiektuak bultzatzea sektore ekonomikoetan; zehazki, sektore hauetan: energia berriztagarriak eta energia-efizientzia, azpiegiturak, eraikuntza, ingurumena, agroindustria eta turismoa.
– Balio partekaturako ereduak: esperientziak eta praktika onak trukatzea, enpresa-garapena oparotasun sozialarekin konbinatzen duten helmen luzeko negozio-ereduei dagokienez.
– Espezializazio adimenduna: espezializazio adimendunean dituzten lehentasunen inguruko ezagutza trukatzea, berrikuntzarako lankidetza-eremuak identifikatuz, horien indarguneetan oinarrituta.
– Produktu eta elikagai prozesatuak: lehiakortasuna, produktibitatea eta merkaturatzea hobetzeko ereduak trukatzea, eta berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren arloko esperientziak trukatzea, elikagaien produkzio eta prozesamenduari dagokionez.
– Enpresak nazioartekotzea: ezagutzak trukatzea, enpresak nazioartekotzeko programak sustatzeari dagokionez.
– Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza: elkarlana sustatzea, alderdiek zehazten dituzten lehentasunak garatzeko.
– Ingurumena: trukeak eta lankidetza, ingurumenaren babesari, hondakinen kudeaketa integralari, hondakin-uren kudeaketari eta ibaien deskutsatzeari dagokienez.
– Lurralde-plangintza: esperientziak trukatzea, inguru fisikoaren, mugikortasun iraunkorraren eta hiri-habitataren antolamendua modu integratuan jorratzen duten lurralde-planei dagokienez.
– Kultura: batez ere musikaren, zinemaren, ikus-entzunezkoen sektorearen eta arte plastikoen eremuetako trukeak erraztuko dira.
– Hezkuntza: truke akademikoak, dagozkien erakundeen bitartez, balioak partekatzeko eta praktika sozialak trukatzeko.
– Turismoa: erakargarri turistikoak diren lekuak sustatzea, eskualde bien aisialdi-ezaugarriak zabaltzeko, lehiakorragoak izan daitezen.
c) Euskadik eta Querétaro-k 2014ko urriaren 27an sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma:
– Merkataritza, inbertsioak eta negozioak: enpresa- eta gobernu-sustapenerako topaketak egitea, ekonomia-trukea eta enpresen garapena sustatzeko. Lankidetza-proiektuak bultzatzea sektore ekonomikoetan; zehazki, sektore hauetan: automobilgintza, sektore aeroespaziala, etxetresna elektrikoak eta elektronika, softwarea eta informazioaren teknologia, energia berriztagarriak eta energia-efizientzia eta makina-erremintak.
– Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza: alderdiek zehazten dituzten lehentasunak garatzea.
– Kultura: batez ere musikaren, zinemaren, ikus-entzunezkoen sektorearen eta arte plastikoen eremuetako trukeak erraztuko dira.
– Hezkuntza: truke akademikoak, dagozkien erakundeen bitartez, balioak partekatzeko eta praktika sozialak eta akademikoak trukatzeko.
– Bizi-maila eta bizi-kalitate hobea: esperientziak trukatzea, herritarren beharrekiko gogobetetze kolektiboa areagotzeko, politika sozialak ezarriz arlo hauetan: politikaren esparrua, gobernuaren esparrua, ingurumena, ongizate subjektiboa eta genero-ekitatea.
– Turismoa: erakargarri turistikoak diren lekuak sustatzea, eskualde bien aisialdi-ezaugarriak zabaltzeko, lehiakorragoak izan daitezen.
d) Euskadik eta Santiagoko Metropoli-eskualdeak 2022ko azaroaren 11n sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma:
– Gizarte-garapeneko politikak: ezagutzak trukatzea, honako hauei buruz: oinarrizko gizarte-zerbitzuak emateko eredua, gizarte-bazterketa baloratzeko tresnak, etxerik gabeko pertsonekin esku hartzeko estrategiak, eta urraketen arloan esku hartzeko ereduak, bereziki babestutako taldeei dagokienez.
– Ekonomia, produkzioa eta klusterrak garatzeko politikak: lankidetza-proiektuak, arlo hauetan, esate baterako: merkataritza, inbertsioak eta negozioak, enpresa- eta gobernu-sustapenerako topaketak, ekonomia-trukea eta enpresen garapena sustatzeko.
– Balio partekaturako ereduak: esperientziak eta praktika onak trukatzea, enpresa-garapena oparotasun sozialarekin konbinatzen duten helmen luzeko negozio-ereduei dagokienez.
– Espezializazio adimenduna: lankidetza sustatzea eta ezagutzak trukatzea, espezializazio adimendunean bakoitzak dituen lehentasunekin, berrikuntzarako lankidetza-eremuak identifikatuz.
– Produktuen eta elikagaien merkaturatzea, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko ereduak trukatzea. Esperientziak trukatzea, produkzio-sistemen eta industriaren berrikuntza eta garapen teknologikoaren arloan.
– Enpresak nazioartekotzea: ezagutzak partekatzea, enpresak nazioartekotzeko programak sustatzeari dagokionez. Eremu horretan elkarlanean arituko diren instituzio pribatuak ezingo dira izan Santiagoko Metropoliko-eskualdeko Gobernuko agintariak edo funtzionarioak.
– Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza: sinatzaileek zehazten dituzten lehentasunak garatzea.
– Ingurumena: trukeak eta lankidetza, ingurumena babesteari dagokionez; hauek dira lehentasuna duten arloak: hondakinen kudeaketa integrala, hondakin-uren kudeaketa eta ibaiak deskutsatzea, garapen ekonomikoaren ardatz bihurtzeko.
– Lurralde-plangintza: esperientziak trukatzea, lurralde-planak egiteko, eremu hauetan: garraio publiko orokorraren gobernantza, hiri-garraioaren eta aldiriko garraioaren sistema integratu baten egituraketa, mugikortasun aktibo, inklusibo eta iraunkorreko esperientziak eta elektromugikortasuna. Esperientziak trukatzea hiri-habitatari buruz, klima-aldaketari erantzuteko testuinguruan, genero-ikuspegia eta osasun fisiko eta mentaleko inpaktua kontuan hartuta.
– Hiri-berroneratzea: esperientziak trukatzea, lurralde-desberdintasunari aurre egiteko; desberdintasun horren bereizgarri dira herritar zaurgarriak hirietako sektoreetan kontzentratuta egotea, horiek etxebizitza-defizita izatea eta ekitaterik ez izatea ondasunak eta hiriko zerbitzu publikoak eskuratzeko.
– Turismoa: erakargarri turistikoak diren lekuak sustatzea, eskualde bien aisialdi-ezaugarriak zabaltzeko, lehiakorragoak izan daitezen.
Bigarrena.– Diru-zuzkidura. Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.
1.– Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoekin lankidetza teknikoko proiektuak egiteko 2024-2025eko laguntzetarako, guztira 80.000 euroko kreditua ezarri da: 40.000 euro, Quebec-ekin egiteko proiektuetarako, eta 40.000 euro, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdearekin egiteko proiektuetarako. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura emango da kreditu hori (Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bidez onartu zen aurrekontua).
2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso dezake, baina nahi adina eskabide aurkez ditzake.
3.– Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurotik gorakoa.
Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Kontzeptu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak direla-eta, Quebec, Cundinamarca, Querétaro eta Santiagoko Metropoli-eskualdea eskualde estrategikoetara joan behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:
Nazioarteko garraio-gastuak: hegazkineko txartelen benetako kostua, 1.000 eurora arte, gehienez.
Ostatu- eta mantenu-gastuak: 180 euro eguneko; gehienez 7 egunetarako laguntza emango da.
b) Proiektu bilateralak gauzatzeko, sustatzeko eta zabaltzeko gastuak: proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko maximoa (5.000 euro) osatu arte.
Laugarrena.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 5.1 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten erakundeek, hain zuzen ere abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13. artikuluan aipatzen diren debekurik ez dutenek.
2.– Erakunde onuradunek martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 17. artikuluan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14. artikuluan adierazitako betekizunak bete behar dituzte.
3.– Erakunde onuradunek ez badituzte betetzen deialdiaren oinarrietan, martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eta dirulaguntzei buruzko legeria orokorrean eskatutako baldintzak, galdu egingo dute emandako laguntzarako eskubidea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko diote jasotako laguntza, berandutze-interesekin batera, abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 36. artikuluan eta hurrengoetan araututakoa kontuan hartuz.
4.– Onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, abenduaren 21eko 20/2023 Legeko V. tituluak ezarritako eran.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 14.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Eskabideak, erantzukizuneko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/quebec-kooperazio-proiektu-laguntzak/web01-tramite/eu/
3.– Eskabidearen ondoko izapideak helbide honen bitartez egingo dira: http://www.euskadi.eus
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta dokumentazio guztia ez badago, laguntza kudeatzen duen organoak –kasu honetan Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak– hamar eguneko epean agiri osagarriak bidaltzeko eskatuko dio eskatzaileari. Epe horren barruan –zeina jakinarazpen-egunaren hurrengo egunetik kontatuko baita– eskatutako agiriak ez badira aurkeztu, eskatzaileak eskaerari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzen arabera ebazpena eman ondoren.
Seigarrena.– Ebaluazio Batzordea.
1.– Honako hauek dira martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 11.3 artikuluak aipatutako Ebaluazio Batzordea osatuko dutenak:
– Batzordeburua: Mikel Antón Zarragoitia, Europar Batasunerako zuzendaria.
– Batzordekidea: Loreto Guzmán Fonquernie, Kanpo Harremanen Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.
– Idazkaria: Estibaliz Urcelay Erguido, Kanpo Harremanen Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.
2.– Ebaluazio-batzorde horrek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 10. artikuluan ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera, eta ebazpen-proposamena egingo du.
Zazpigarrena.– Laguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskudunak.
1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuko 13.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kanpo Harremanen Zuzendaritzak izango du Europatik kanpoko eskualde estrategikoen eremuko proiektuetarako kudeaketa-lanak egiteko eskumena.
2.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 21.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eskumena izango du prozedura ebazteko.
Zortzigarrena.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie interesdunei, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori pasa bada eta ez bada ebazpen espresurik jakinarazi, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 22.5 artikuluarekin bat etorriz eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
2.– Erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jakinarazpen-balioarekin.
3.– Laguntzak emateko ebazpenak bukaera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraituz.
Bederatzigarrena.– Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektua gauzatzen 2024an hasi beharko da, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan gauzatu beharko da.
Hamargarrena.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Erakunde eskatzailearen proiektuak duen kostuaren % 50 izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Dirulaguntzen ordainketak modu honetan egingo dira:
– Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 40 emango da, dirulaguntza onartzen dela sinatzen denean. Erakunde onuradunak espresuki onartu beharko du dirulaguntza, eskatutako laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion datatik 15 egun balioduneko epean.
– Bigarren ordainketan, gainerako % 60a emango da, proiektua bukatu eta gastu guztiak justifikatu ostean. Proiektua 2025eko ekitaldia bukatu baino lehen amaitu beharko da.