Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2024ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1618

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 21ekoa, HABEko zuzendariarena, Zornotzako Larrea auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren gaineko erabilera pribatuko jabari publikoaren emakida arautzen duten baldintza partikularren 1.2 klausulari idazketa berria ematen diona.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko ekainaren 30ean, HABEko zuzendariak ebatzi zuen Aurten Bai Fundazioari esleitzea Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera pribatiboko administrazio-emakida, euskaltegi-barnetegi gisa erabiltzeko, emakida-ebazpenaren eranskinean ezarritako baldintzen arabera.

Bigarrena.– 2022ko abenduan Aurten Bai Fundazioak eskatu du emakidaren xede den eraikinaren erabilera espezifikoaren gaineko egokitzapena, hain zuzen ere euskaltegi-barnetegian antolatutako jardueretan 16 urtetik beherako pertsonak ere parte hartu ahal izatea, 16 urte bete gabe izanik eta euskarazko ingurunea izan gabe euskalduntze-prozesu bat garatzen ari diren gazteei hizkuntza-murgilketarako ingurune bat eskaini ahal izateko.

Hirugarrena.– Eraikinak HABEri atxikita jarraitzen du, helduen euskalduntzearen arloan erakunde eskuduna den aldetik.

Laugarrena.– HABEren Zuzendaritza Nagusiak Aurten Bai Fundazioari aipatu eraikinaren gainean aitortutako administrazio-emakidaren baldintza egokitzeko espedientea izapidetu du. Espediente horrek, gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren nahitaezko txosten loteslea eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena jaso ditu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren (aurrerantzean EOLTB) 54. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Aurten Bai Fundazioak modu pribatiboan erabiltzen duen eraikina jabari publikoari atxikita dago esleitua duen erabilerarengatik.

Hain zuzen ere, eraikina euskaltegi-barnetegia izateko eraikia izan zen, eta erabilera horretara atxikita jarraitzen du egoten, Euskal Autonomia Erkidegoko helduen euskalduntzea sustatzeko eta biztanleria benetan elebiduna izatera iristeko.

Ondorioz, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 70. artikuluaren arabera, HABEren Zuzendaritza Nagusiari dagokio eskatutako aldaketari buruz ebaztea, helduen euskalduntzearen arloan eskumena duen erakunde autonomoa den aldetik, ondasuna erakunde horri atxikita dagoelako.

Bigarrena.– Jabari publikoko emakida euskaltegi-barnetegiko jarduera gauzatzeko aitortu zen, eta, alde horretatik, kontuan hartu behar da uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, euskaltegien eta helduei euskara irakasten dieten gainerako ikastetxe homologatuen jarduera eta EAEko Administrazioaren finantzaketa arautzen duenak, 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, euskaltegietan matrikulatzeko ikasleen gutxieneko adina 16 urtekoa dela (matrikulatzeko unean beteta, edota matrikulazioa gauzatzen den urte naturalean betetzekoa).

Nolanahi ere, euskaltegi-barnetegiaren destinoak ez du eragozten eraikinean adin txikiagoko pertsonak egotea, are gehiago presentzia hori 16 urte edo gehiagoko pertsonentzako antolatutako ikastaroen eta jardueren antolakuntzan eta arrakastan beharrezkoa denean edo horretan laguntzen duenean, baldin eta jabari publikoko ondasunaren destinoa, hau da, 16 urte eta gehiagoko helduak euskalduntzeko euskaltegi-barnetegiaren jarduera, osatzen duten prestazio osagarriak edo gehigarriak badira.

Hirugarrena.– Espedientean agertzen den moduan, 2021-2024 aldirako Euskararen Agenda Estrategikoaren 3. kapituluak adierazten du planteatutako helburu estrategikoak lortzeak berekin dakarrela, besteak beste, euskalduntze-sistema egonkor eta produktibo bat izatea heldutasunean, aukera-aniztasunean oinarritua, haur eta gazteen artean euskara ikasteko hizkuntza-indargarriak edo -laguntzak izatea, bai eta sistema ofizial bat ere, aukera espezifikoagoak emateko gai dena, hala nola euskara ulertzeko gaitasuna, euskara eremu jakin batean erabiltzeko gaitasuna, euskara gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan erabiltzeko tresnak, eta abar.

Ildo horretan, positiboki baloratu behar dira euskarazko hizkuntza-murgilketan espezializatutako zentro batek 16 urtetik beherakoei ere eskain diezazkiekeen euskara erabiltzeko trebakuntza- eta murgiltze-aukerak, helduei euskara irakasteko zentro gisa egiten duen jarduera nagusiaz gain.

Laugarrena.– Hirugarren atalean adierazitakoa gorabehera, nahiz eta Aurten Bai Fundazioak euskaltegi-barnetegirako den eraikinean 16 urtetik beherako pertsonentzako jarduera osagarriak antolatzeak ez dakarren jabari publikoko emakidaren destinoa aldatzea –destino hori baita emakida horren oinarria–, ez eta jarduera osagarri edo gehigarri horiek euskaltegi-barnetegiak antolatutako ikastarotzat hartzea ere HABEk euskaltegiei laguntza-deialdien bidez aitortzen dien finantzaketaren ondorioetarako, komenigarria eta bidezkoa da aukera hori zehaztea aitortutako jabari publikoko emakidaren destinoa jasotzen duen klausulan, jarduera horiek herri-jabariko ondasunari aplikatutako destinoaren aurkakotzat har ez daitezen.

Horregatik guztiagatik, eman zaizkidan eskumenen eraginez eta Euskadiko Ondarea arautzeko indarrean dagoen araudian xedatutakoarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera pribatiborako Aurten Bai Fundazioari emandako administrazio-emakida arautzen duten baldintza partikularren 1.2 klausularen idazketa aldatzea; ondoren zehazten den moduan idatzita gelditzen da:

«1.2.– Destinoa.

Emakidaren xede den eraikina bere izaeraren arabera eta euskaltegi-barnetegi gisa erabili beharko da. Nolanahi ere, emakidadunak 16 urtetik beherako pertsonentzako ere euskalduntze-jarduerak antolatu ahal izango ditu eraikin horretan, betiere jarduera horiek izaera gehigarria edo osagarria badute.»

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.

Hirugarrena.– Interesdun guztiei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Donostia, 2024ko martxoaren 21a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala