Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2024ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1616

AGINDUA, 2024ko martxoaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuarena. Honen bidez, baimena ematen da eta oinarriak onartzen dira Fundación Basque Team Fundazioak bekak eman ditzan 2024an Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko eta 2024an goi-mailako kirol-erakundeei laguntzak emateko.

Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuko 12. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoen goi-mailako kirola sustatzeko bekak, sariak eta bestelako dirulaguntzak ematea aurreikusita dago, Euskal Sektore Publikoko Fundazioaren bitartez, Fundación Basque Team Fundazioaren bitartez edo Administrazio Orokorrak finantzatutako bestelako beka eta laguntzen bitartez.

Fundación Basque Team Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioa da, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzeko eta sustatzeko interes orokorra duena, euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko nazioarteko goi-mailako kiroletan, baita euskal kirolariek aipaturiko lehiaketa horietan emaitza bikainak lor ditzaten ere.

Arestian adierazitakoaren ondorioz, Fundación Basque Team Fundazioak hainbat laguntza edo beka eman ditu duela zenbait urtetik hona, euskal kirolariak behar bezala prestatzeko eta parte hartzeko mundu mailako nazioarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetan, eta, bereziki, programa olinpiko eta paralinpikoaren parte diren lehiaketetan. Kirolariei zuzenean emandako laguntzez gain, beharrezkotzat jo da kirol-erakundeei zuzendutako beste laguntza batzuk ezartzea. Kontuan izan behar da kirol-modalitate eta -espezialitate batzuen kasuan kirol-erakundeak direla kirolarien prestakuntza bideratzen dutenak.

Aurrekontu-kreditua dago oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak emateko.

Horren arabera honakoa,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Fundación Basque Team Fundazioaren bekak ematea baimentzea Euskal Autonomia Erkidegoan 2024an goi-mailako kirola sustatzeko.

Bigarrena.– Fundación Basque Team Fundazioak goi-mailako kirola sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2024. urtean bekak emateko agindu honen 1. eranskinak dakartzan oinarriak onestea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei laguntzak emateko baimena ematea, Fundación Basque Team Fundazioak 2024. urtean emandako goi-mailako euskal kirola sustatzeko eta laguntzeko proiektuetarako.

Laugarrena.– Fundación Basque Team Fundazioak 2024. urtean emandako goi-mailako euskal kirola sustatzeko eta laguntzeko proiektuetarako laguntzak emateko agindu honen 2. eranskinean jasotako oinarriak onartzea.

Bosgarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hura argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisdikzio horretako gelan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hori ere.

Seigarrena.– Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita izango ditu ondorioak agindu honek.

1. GEHIGARRIA
BASQUE TEAM 2024 BEKEN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Fundación Basque Team Fundazioak bekak emateko araubidea arautzea, hain zuzen ere goi-mailako kirola sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– «2024ko Basque Team Bekak» izen orokorraren barruan, oinarri hauek dakartzaten goi-mailako kiroleko beka edo laguntza motak sartzen dira.

2.– Oinarri hauetako erreferentzia guztiak «kirola»-ren esparruan egiten dira. Horretarako, goi-mailako kiroltzat hartzen da Euskadirentzat interesgarria den kirol-jarduera, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoaren kirol-garapenean, oinarrizko kirola sustatzeko duen mailagatik eta goreneko mailako kirol-lehiaketa ofizialetan duen ordezkaritza-funtzioagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Goi-mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Beka hauen ondorioetarako, honako definizio hauek ezarri dira:

a) «Kirol lehiaketa» da Nazioarteko Batzorde Olinpikoak eta Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak aintzatetsitako eta nazioarteko kirol federazioek antolaturiko ekitaldia.

b) «Indarrean dagoen programa olinpikoan edo paralinpikoan onartutako probak» dira hurrengo Joko Olinpikoetako edo Joko Paralinpikoetako programa olinpikoan edo paralinpikoan sartutako probak.

c) «Kirol modalitateak eta diziplinak» dira Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioak arautzen dituen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko I. eranskinean eta garapenerako hurrengo arau-xedapenak beren-beregi bilduta daudenak.

d) «Kirol emaitzak» dira nazioarteko lehiaketa ofizialetan 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean (biak barne) lorturiko posizioak, eta honako ekitaldi hauek kontuan hartuko dira: Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak, edo oinarri hauetan berariaz aurreikusitako beste batzuk.

e) «Kategoria absolutua» da diziplina bakoitzeko goren mailako kirol lehiaketa egiten deneko adin-kategoria kirol modalitate jakin baten baitan.

f) «Kategoria gorena» da mailarik edo talderik handiena lehiaketa hainbat mailatan antolatuta dagoenean.

g) «Kirol ahalmena» kirolari batek egungo munduko goren mailarekiko duen aldeari deritzo (ondorio horietarako «erpina edo muturra» dena) hark egiten dueneko proban. Hortaz, kirolariak 2023an lorturiko kirol emaitzarik onenaren eta munduko elitearekiko duen distantziaren (lehen postua Joko Olinpikoetan, Munduko Txapelketetan edo Europako Txapelketetan) aldeak zehaztuko du «kirol ahalmena».

h) «Lehiaketaren balioa» ekitaldi batean kasuan kasuko ekitaldiaren arabera emandako puntuazioa da, Oinarri arautzaile hauen 10. artikuluari jarraituz.

i) «Lorturiko postuaren balioa» kirolariak baloraturiko lehiaketaren azken sailkapenean posizioaren haztapena da, Oinarri arautzaile hauen 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.

j) «Banako probak» deritze pertsona bakar batek parte hartzen duen lehiaketako probei.

k) Probak «proba kolektibotzat» hartuko dira pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duenean lehian. Talde-probak izan daitezke: (i) multzoka egiten direnak, kirolarien parte hartzea aldiberekoa edo txandakakoa izanda; (ii) talde-probak, kirolarien artean kolaborazio eta oposizio egoerak sortzen direnean, mugikorra den elementu batekin elkarri eraginda beti.

3. artikulua.– Onuradunak izateko betekizunak.

Beka hauen onuradun izan ahalko dira hala eskatzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak, dagokien estamentuaren arabera:

1.– Kirolariak. Honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 26. artikuluan ezarritako baldintzetan goi-mailako kirolari deklaratzea indarrean edo izapidetuta izatea.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako euskal kirolari deklaratzeko eskabidea izapidetuta duten kirolarien kasuan, dagokion administrazio-ebazpena eman ez bada, eskatzaileak horren berri emango dio Fundación Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

Ez dute baldintza hau bete beharko honako kirolari hauek: Basque Team Support beka jasoko dutenak; 16 urtetik beherako kirolariak direnak edo Pariseko 2024ko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartu dutenak.

b) Oinarri hauetan aipaturiko kirol merezimenduak egiaztatzea, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz.

Eskakizun hori egiaztatzeko, kasuan kasuko kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Baldintza hau betetzetik salbuetsita daude kirol-merezimendua lortzeko erreferentziazko denboraldian (2023, kasu honetan) haurdunaldian egon direla edo lesioak edo iraupen luzeko eta larritasun handiko osasun-arazoak izan dituztela egiaztatzen duten kirolariak. Basque Team Fundazioaren Patronatuak diskrezionalitatez balioetsiko du inguruabar hori, kirolariek aurkeztutako txostenetan oinarrituta.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintza hau betetzetik salbuestea aurreko ekitaldian edo, egoerak bere horretan jarraituz gero, aurreko ekitaldian kirolariak izan direnei bakarrik aplikatuko zaie.

c) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

d) Administrazio edo zehapen mailan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezintasunarekin zigortuta ez egotea, edo horretarako lege-debekurik ez izatea, zehapena ezarriko den epealdian sexuaren ziozko diskriminazioagatik eginikoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

2.– Teknikariak. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Oinarri hauetako 4. artikuluko a) eta c) letretan ezarritako beka lortu duen goi-mailako kirolari baten prestakuntzaren arduradun tekniko nagusia izatea eta kirolariak halakoxea dela aitortua izatea. Kirolari bakoitzak pertsona arduradun nagusi bat bakarrik aitortu ahal izango du. Baldin eta arduradun tekniko nagusia aldatzen bada, kirolariak jakinarazi behar dio aldaketa hori idatziz Fundación Basque Team Fundazioari, eta jakinarazpen horretatik hasita izango ditu ondorioak soilik.

Eskakizun hori egiaztatzeko, beka eskatu duen pertsonak sinaturiko zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako ereduaren arabera. VII. eranskina.

b) Jardueran jarraitzea 2024. urtean kirolaren arduradun tekniko nagusia izanik.

Eskakizun hori egiaztatzeko, beka eskatu duen pertsonak sinaturiko zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako ereduaren arabera. VII. eranskina.

c) Indarrean edo izapidetuta izatea, Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, goi-mailako teknikariaren adierazpena, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuko 26. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako deklarazioaren eskabidea izapidetuta duten teknikarien kasuan, dagokion administrazio-ebazpena eman ez bada, eskatzaileak horren berri emango dio Fundación Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

e) Administrazio edo zehapen mailan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezintasunarekin zigortuta ez egotea, edo horretarako lege-debekurik ez izatea, zehapena ezarriko den epealdian sexuaren ziozko diskriminazioagatik eginikoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

3.– Epaileak. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako epailea izatea 2023an programa olinpikoan edo Pariseko 2024ko Joko Olinpiko edo Paralinpikoetan jasotako maila goreneko nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartu izana egiaztatzen duena. Epaileak lehiaketa horietan parte hartzeko, aldez aurretik deialdi ofiziala egin beharko du dagokion nazioarteko kirol-federazioak, eta parte-hartze aktiboa izan beharko du ekitaldien garapenean, jokoa garatzeko teknika- eta kirol-arauak aplikatuz.

Baldintza hori dagokion kirol-federazioak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

b) Jardueran jarraitzea 2024. urtean nazioarteko epaile gisa.

Eskakizun hori egiaztatzeko, beka eskatu duen pertsonak sinaturiko zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako ereduaren arabera. VI. eranskina.

Baldintza hau betetzetik salbuetsita daude haurdunaldia, lesioak edo iraupen luzeko eta larritasun handiko osasun-arazoak izan dituztelako edo dituztelako kirol-lehiaketetan arbitro-jarduerak egiterik izan ez dutela egiaztatzen duten epaileak. Basque Team Fundazioaren Patronatuak diskrezionalitatez balioetsiko du inguruabar hori, epaileek aurkeztutako txostenetan oinarrituta.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintza hau betetzetik salbuestea aurreko ekitaldian edo, egoerak bere horretan jarraituz gero, aurreko ekitaldian epaileak izan direnei bakarrik aplikatuko zaie.

c) Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, goi-mailako epailearen deklarazioa indarrean izatea, Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 24. edo 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Baldintza hori egiaztatzeko, baldintza hori jasotzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da. Goi-mailako deklarazioaren eskabidea izapidetuta duten eta dagokion administrazio-ebazpena eman ez duten epaileak badira, eskatzaileak horren berri emango dio Basque Team Fundazioari, eta fundazio horrek baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezkoak diren egiaztapen-jarduerak egingo ditu.

Baldintza hau betetzetik kanpo geratzen dira Paris 2024ko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartuko duten epaileak.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da, halaber, oinarri hauetan aurreikusitako beka bat jasotzen ari den bitartean.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

e) Administrazio edo zehapen mailan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezintasunarekin zigortuta ez egotea, edo horretarako lege-debekurik ez izatea, zehapena ezarriko den epealdian sexuaren ziozko diskriminazioagatik eginikoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako debekuetan ez egotea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Basque Team 2024 Beka motak.

Honelakoak izan daitezke «Basque Team Bekak 2024»:

a) Basque Team Kirolariak bekak:

Basque Team Kirolariak Lehentasunez entrenamendurako eta lehiaketarako beharrezkoa den dedikazioa bermatzeko kirolariei ematen zaizkien laguntzak dira. Kirol merezimendua egiaztatzen deneko probaren arabera, honelakoak izan daitezke Basque Team Kirolarien Bekak:

• Basque Team Programa Olinpikoaren Beka.

• Basque Team Programa Paralinpikoaren Beka.

b) Basque Team Teknikariak bekak:

Basque Team Kirolarien Beka edo Basque Team Atzeraeraginezko Beka baten onuraduna den kirolariaren prestakuntzaren arduradun nagusia den teknikariari emandako laguntzak dira.

c) «Atzeraeraginezko» Basque Team Bekak:

2023. urtean Basque Team Kirolariak bekaren onuradunak izan diren kirolarientzako edo teknikarientzako laguntzak dira, betiere Oinarri hauetako 10. artikuluan aurreikusitako eta eskaturiko emaitza lortu ez badute edo parte hartu ez badute.

d) «Support» Basque Team bekak:

Basque Team Kirolarien Bekak lortu ez dituzten eta 2023ko denboraldian programa olinpikoan onartutako multzo-kolektiboko edo banakako proben Munduko Txapelketetan edo Europako Txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira.

e) Basque Team Epaileak bekak:

2023an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu duten epaileentzako laguntzak dira, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikatuz lehiaketak garatzen aktiboki parte hartzen duten epaileentzat.

5. artikulua.– Basque Team 2024 Beken edukia eta zenbatekoa.

Hauexek izango dira Basque Team Fundazioak 2024. urtean entrenamenduan eta lehiaketan beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatze aldera emandako Basque Team 2024. urteko Bekak:

1.– Basque Team Kirolariak bekak:

Dirulaguntzak, honako eduki bereizi hauek izan ditzaketenak:

1.1.– Oinarrizko Beka:

Basque Team Oinarrizko Beka bakoitzerako diru-ekarpena 11.000 eurokoa izango da.

1.2.– Helburuen araberako saria:

2024. urtean zenbait kirol helburu betetzeagatik emandako diru-ekarpena da.

Honelakoa izango da kirolari bakoitzarentzako sarien diru-ekarpenaren zenbatekoa, baina horien artean ez dira metagarriak; emaitzarik hoberena baloratuko da soilik:

(Ikus .PDF)

1.3.– «Laguntza Osagarriak» bekak:

Basque Team Kirolariei zuzendutako ekarpen ekonomiko bat da, entrenamenduarekin eta lehiaketarekin lotutako jarduera jakin baten kostua estaltzeko berariaz emandakoa.

Laguntza osagarriengatiko ekarpen ekonomikoaren gehieneko zenbatekoa 1.800 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko, eta entrenamenduarekin eta lehiaketarekin lotutako jarduera jakin baten kostua estaltzeko erabiliko da, osorik edo zati batean. Laguntza osagarrien helburua honako kontzeptu hauen kostua estaltzea izango da: lehiaketak prestatzeko kontzentrazioen gastuak eta lehiaketa mota jakin batzuetara joateko gastuak, joan-etorrien eta ostatuaren kontzeptuengatik bakarrik.

Pertsona berak laguntza osagarri bat edo gehiago jaso ahal izango ditu 2024an, pertsona bakoitzarentzat adierazitako gehieneko zenbateko osoa estali arte.

2024an Fundación Basque Team Fundazioak emandako laguntzetako bat jasotzen duten edo jasoko duten kirol-erakundeen proiektuetan sartuta dauden kirolariei ez zaie laguntza osagarririk emango. Era berean, ez zaie «laguntza osagarririk» emango 2024an Basque Team Fundazioak emandako kirol-erakundeen proiektuetarako laguntzen onuradun diren kirol-modalitateetako probak egiten dituzten kirolariei, nahiz eta proiektu horietan parte hartzen ez duten kirolariak izan.

2.– Basque Team Teknikariak beka:

Artikulu honetako 1. eta. 3. ataletan aurreikusitako laguntzen onuraduna den kirolari bakoitzeko, beka emango zaio teknikariari, hots, oinarrizko bekaren edo atzeraeraginezko bekaren % 25ari dagokion zenbatekoa eta kirolariari helburuen arabera emandako sarien % 25ari dagokion zenbatekoa.

Teknikari berak bere kirolarietako hiru kirolariri dagokien diru-kopurua jaso dezake gehienez.

3.– «Atzeraeraginezko» Basque Team Beka:

«Atzeraeraginezko» Basque Team Bekaren diru-ekarpena 5.500 eurokoa edo dagokion portzentajea (% 25ekoa) izango da kirolari bakoitzarentzat.

Hala denean, 2024ko denboraldian oinarri hauetako 10. artikuluan aurreikusitako kirol emaitzen bat lortzeak ekarpen gehigarria ekarriko luke berekin, kirolariak dagoeneko aintzatetsita edo emanda duenaren zenbateko berdinekoa.

Era berean, Basque Team beka «atzeraeragina» jasotzen dutenek eskubidea izango dute artikulu honetan aurreikusitako helburuengatiko sari-kopuruak jasotzeko, baldin eta 2024. urtean artikulu honetako 1.2 atalean adierazitako kirol-emaitzak lortzen badituzte.

Basque Team Bekaren ekarpen ekonomikoaz gain, onuradunak artikulu honetako 1.3. atalean aurreikusitako laguntza osagarriak eskatu eta jaso ahal izango ditu.

4.– «Support» Basque Team Bekak:

«Support» Basque Team Beka bakoitzaren diru-ekarpena 5.500 eurokoa izango da.

2024ko denboraldian Basque Team «Support» beka jaso eta Pariseko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartu duen kirolariak jada aitortutakoaren edo emandakoaren zenbateko bereko ekarpen gehigarria jasotzeko eskubidea izango du.

Era berean, «Support» Basque Team beka jasotzen dutenek eskubidea izango dute artikulu honetan aurreikusitako helburuen araberako sari-kopuruak jasotzeko, baldin eta 2024. urtean artikulu honetako 1.2 atalean adierazitako kirol-emaitzak lortzen badituzte.

Basque Team Bekaren ekarpen ekonomikoaz gain, onuradunak artikulu honetako 1.3. atalean aurreikusitako laguntza osagarriak eskatu eta jaso ahal izango ditu.

5.– Basque Team Epaileak bekak:

Basque Team Epaileak Beka bakoitzaren diru-ekarpena 2.750 eurokoa izango da.

6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

1.– Interesatuek beren eskabideak bidali beharko dituzte eskabide-eredua beteta, oinarri hauetako I. edo II edo III. eranskinekin bat etorriz, kirolariak edo teknikariak edo epaileak diren, hurrenez hurren. Eskabidearekin batera, 3. artikuluan aipaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Eskatzaileak NANaren fotokopia edo atzerritarren kasuan, egoitza-txartela aurkeztu beharko du, eta, kirolari adingabeak izanez gero, aitak, amak edo tutoreak sinatutako baimena aurkeztu beharko du, oinarri hauen V. eranskineko ereduaren arabera.

Goi-mailako kirolari deklarazioa, Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamena indarrean eta izapidetuta ez daukatenek, honako hauek egiaztatu eta aurkeztu beharko dituzte: (i) euskal izaera politikoa dutela, Autonomia Estatutuan xedatutakoaren arabera, eskaera egiten den eguna baino urtebete lehenago gutxienez, eta horretarako dagokion erroldatzea aurkeztu beharko da; (ii) euskal federazio batek emandako lizentziarekin lehiatzen direla; horretarako, indarrean dagoen federazio-lizentzia aurkeztu beharko da.

2.– Laguntza osagarrien beka eskabideak aurkezteko, dagokion eredua bete beharko da, oinarri hauen IV. eranskinaren arabera.

3.– Interesdunek deialdi honetako izapide guztiak aurrez aurre egin ahal izango dituzte, posta arrunta erabiliz (jaso izanaren agiridun gutun ziurtatua) edo Basque Team Fundazioaren egoitzan bertan, edo Fundazioaren webguneko «bekak» atalaren bidez (www.basqueteam.eus). Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabili behar denik, eta edozein unetan alda daiteke.

4.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzea oinarrietan agertzen diren baldintzak, edozein pertsonak oinarrien kontra aurkaratzeko izan dezakeen eskubideari kalterik egin gabe.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.– Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, Oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Fundación Basque Team Fundazioak, eskabideak eta agiriak jaso ondoren, banako espedientea hasiko du eskatzaile bakoitzeko, eta oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz ebaluatuko da.

3.– Baldin eta eskabidea eta eskatzaileak aurkezturiko gainerako dokumentazioa aztertzen badira eta akatsak daudela edo dokumentazioa osatugabea dela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzenketa egin dezan. Eskatzaileari emandako epea igaro bada eta eskaturiko zuzenketa edo aurkezpena egin ez bada, eskabideari uko egin diola ulertuko da.

4.– Laguntza osagarrien eskabideak 2024an zehar aurkeztu ahal izango dira. Eskabidea, nolanahi ere, aipatutako Bekaren bidez finantzatu nahi den entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera zehatza egin baino lehen aurkeztu beharko da.

5.– Helburuen araberako sariak emateko eskatuz gero, onuradunak 2024. urtean egin beharko du eskabidea, hau da, urte horretako abenduaren 31 baino lehen.

6.– 2024ko Pariseko Joko Olinpiko edo Paralinpikoetan parte hartzeko sailkapena epe horren ondoren lortu duten pertsonen kasuan, oinarri hauetan aurreikusitako beken eskabideak artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epeaz harago aurkeztu ahal izango dira. Kasu horretan, interesdunak Paris 2024ko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartu aurretik eskatu beharko du beka.

8. artikulua.– Bekak esleitzeko organo eskudunak.

Fundación Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio, aurretik Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren baimena izanda, oinarri hauetan ezarritako bekak emateari buruzko ebazpena ematea. Bekak ematearekin lotutako prozedurak Patronatuko idazkariak kudeatuko ditu, eta, horretarako, Fundazioaren administrazio-zerbitzuez baliatu ahal izango da.

9. artikulua.– Gehieneko zenbatekoa.

1.– Basque Team Fundazioak, gehienez, 948.750 euro eman ahal izango ditu oinarri hauetan ezarritako beka guztietan. Honelaxe daude banatuta:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean («Oinarrizko Beka») ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 572.000 euro.

b) 5. artikuluko 1.2. atalean («Helburuen araberako saria») ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 50.000 euro.

c) 5. artikuluko 2. atalean («Basque Team Teknikariak beka») ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 63.250 euro.

d) 5. artikuluko 3. atalean («Atzeraeraginezko» Basque Team Beka») ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 121.000 euro

e) 5. artikuluko 4. atalean («Support» Basque Team Beka») ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 104.500 euro.

f) 5. artikuluko 5. atalean («Basque Team Epaileak Beka»): ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 11.000 euro.

g) 5. artikuluko 1.3 atalean («Laguntza Osagarriak»): ezarritako laguntza guztien gehieneko zenbatekoa: 27.000 euro.

2.– Baldin eta artikulu honetako aurreko atalean aurreikusitako atal baterako edo gehiagoetarako ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa ematen ez bada, aurreikusitako gaineko laguntzen diru-kopurua handitu ahal izango da, hain zuzen oinarri hauetan ezarritako betez onuradun bakoitzarentzako ekarpena bermatu behar izanez gero. Atal honetan adierazitakoa oinarri hartuta sortuko liratekeen soberako diru-kopuruak proportzioan banatuko lirateke oinarri hauetan ezarritakoa betez ekarpena oraindik osorik jaso ez duten pertsonen artean. Adierazitako hori ez zaie aplikatuko «laguntza osagarriei», horien gehieneko zenbatekoa artikulu honetako aurreko paragrafoko f) letran adierazitakoa izango baita.

3.– Baldin eta, aurkezturiko eskabideekin eta eskatzaileek egiaztaturiko kirol merezimenduekin edo emaitzekin bat etorriz, oinarri hauetan ezarritako beketarako gehieneko guztizko zenbatekoa nahikoa ez bada, Fundación Basque Team Fundazioak horretarako baliatu dezakeen diru-kopurua handitu ahal izango da, zenbateko hori eta aipatutako inguruabar horri dagozkion modalitateen gehieneko zenbatekoak gehitzeko sailburuak emandako aginduaren bidez. Baldin eta beketarako zuzkiduraren zenbatekoa handitu beharra badago, betiere aurrekontu-kreditu nahikoa badago, halako moldez egingo da ezarpena non onuradun bakoitzak oinarri hauetan aurreikusitako diru-kopuruak jasoko dituela bermatuko baita.

10. artikulua.– Bekak esleitzeko irizpideak.

1.– Bekak emateko, Fundación Basque Team Fundazioak kontuan hartutako irizpideak oinarrietako artikulu honetan aurreikusitakoak izango dira. Oinarri hauetan aurreikusitako beketako baten onuradun izateko erreferentziatzat bakarrik hartuko diren irizpideak indarrean dagoen programa olinpikoan edo paralinpikoan onartutako proben emaitzei dagozkienak izango dira, eta salbuetsita geratuko dira edozein eskatzailek egiaztatutako gainerakoak.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitako beketako baten onuradun izateko, eskatzaileak kirol-merezimendu hauek bete beharko ditu:

• Basque Team Kirolariak beka:

A taldea.– Indarrean dagoen programa olinpikoan sartutako probetako kirolariak (Paris 2024 eta Milan Cortina 2026).

A.1.– Banakako probetako kirolariak:

Indarreko programa olinpikoetan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez 40 puntu lortu beharko dituzte beren kirol-ahalmenaren balorazioan, izan ditzaketen 60 puntuetatik.

Indarrean dagoen neguko programa olinpikoan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez 2023an Munduko Kopako hiru probatan parte hartu beharko dute.

A.2.– Proba kolektiboetako kirolariak.

A.2.1.– Multzokako kirolariak: gutxienez 40 puntu lortu beharko dituzte beren kirol potentzialaren balorazioan, egon daitezkeen 60 puntuetatik.

A.2.2.– Taldeko kirolariak: 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Pariseko 2024ko Joko Olinpikoetako, Munduko Txapelketako, Europako Txapelketako edo Munduko Kirol Ligetako azken faseari dagokion zerrenda ofizialean sartu izana egiaztatu beharko dute. Une eta leku desberdinetan jokatzen diren Munduko Txapelketetan, Europako Txapelketetan edo Munduko Ligetan, kirolariak gutxienez 2023ko % 75eko partaidetza egiaztatu beharko du.

B taldea.– Indarrean dagoen Programa Paralinpikoan sartutako proben kategorietako kirolariak (Paris 2024 eta Milan Cortina 2026).

B.1.– Banakako probetako kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2023an domina lortu izana Europako Txapelketan; (ii) 2023an lehen lau postuetako bat lortu izana Munduko Txapelketan.

B.2.– Proba kolektiboetako kirolariak

B.2.1.– Multzokako kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2023an Europako Txapelketan domina lortu izana; (ii) 2023an Munduko Txapelketan lehen lau postuetako bat lortu izana.

B.2.2.– Taldeko kirolariak: bi baldintza hauetako bat bete behar dute: (i) 2023an Europako Txapelketan lehen 4 sailkatuen artean emaitza bat lortu izana; (ii) 2023an Munduko Txapelketan lehen 5 sailkatuen artean emaitza bat lortu izana.

C taldea.– Paris 2024 Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartzen duten kirolariak.

Pariseko 2024ko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartu izana egiaztatu beharko dute

• Basque Team Teknikariak beka:

2024an Basque Team Kirolariak beka edo «Atzeraeragina» beka jasotzeko eskubidea duen kirolariren bat prestatzearen arduradun nagusia dela egiaztatu beharko dute.

• Atzeraeraginezko Basque Team beka:

2023an Basque Team Kirolariak bekaren onuradun izan beharko dute, eta, urte horretan, kirolariak ez du lortu 2024an Basque Team Kirolariak beka bat lortzeko artikulu honetan eskatzen den emaitza edo kirol-merezimendua.

• Basque Team Support beka:

Indarrean dauden programa olinpikoetan sartutako banakako proben kasuan, 2023an Europako edo Munduko txapelketetan soilik parte hartu izana egiaztatu beharko dute, indarrean dauden Olinpiar Programetan jasotako banakako edo multzo-kolektiboko probetan, nahiz eta kirolariak 2024an Basque Team Kirolariak beka bat lortzeko artikulu honetan eskatzen den kirol-emaitza edo -merezimendua lortu ez. Indarrean dagoen neguko programa olinpikoan sartutako banakako proben kasuan, gutxienez Europako Kopako hiru probatan parte hartu beharko dute 2023an.

• Basque Team Epaileak beka:

2023an nazioarteko kirol-lehiaketa batean edo Pariseko 2024ko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan epaile gisa parte hartu izana egiaztatu beharko dute, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta ekitaldien garapenean aktiboki parte hartu izana, jokoa garatzeko teknika eta kirol arauak aplikatuz: munduko txapelketak eta/edo joko olinpiko edo paralinpikoak, baldin eta programa olinpiko edo paralinpikoen barruan sartzen diren probetako kirol-lehiaketei dagozkien ekitaldiak badira, kategoria absolutukoak eta kategoria gorenekoak, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Artikulu honen 2. atalean aipatzen diren kasuetan adierazitako kirol-merezimenduak ebaluatzeko eta egiaztatzeko, honako hau hartuko da kontuan:

a) Baloratu egingo da kirolariek Nazioarteko Batzorde Olinpikoak eta Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak aintzatetsitako nazioarteko kirol federazioek antolatzen dituzten modalitateen lehiaketetan parte hartzea. Beste erakunde edo entitate batzuek antolaturiko lehiaketetara ere zabaldu daitezke beka hauek, betiere Joko Olinpikoetan parte hartu ahal izateko sailkapenaren ondorioetarako kontuan hartuko badira.

b) Oinarri hauetan ezarritako laguntza guztiak emateko, oro har, soilik hartuko dira aintzat 2023. urteko urtarrilaren 1etik 2023. urteko abenduaren 31ra arte (biak barne) nazioarteko kirol lehiaketetan eta «kategoria absolutuan» eta «gorengo kategorian», edo Paris 2024ko Joko Olinpiko edo Paralinpikoetan lorturiko «kirol emaitzak».

c) Soilik kontuan hartuko dira talde-probetan lorturiko emaitzak baldin eta indarreko programa olinpikoaren barruan badaude.

d) Kirol paralinpikoan, indarreko programa paralinpikon onartutako proben kategorietan lorturiko emaitzak kontuan hartuko dira soilik.

e) Taldeko kiroletako proba olinpikoen kasuetan, 2023an Munduko Ligetan izandako parte-hartzearen ehunekoa kontuan hartu eta baloratuko da.

f) Zirkuitu profesional bat duten banakako kiroletako proba olinpikoen kasuan, Munduko Banakako Rankingeko 2023ko posizio finala kontuan hartu eta baloratuko da; hala ere, kasu horietan ez dira kontuan hartuko Europako Txapelketetan eta Munduko Txapelketetan lortutako emaitzak, salbu eta azken kasu horretan, Paris 2024ko Joko Olinpikoetan parte hartzeko sarbide-sailkapenerako zenbatzen diren edo zenbatuko diren probak badira.

g) Artikulu honetako aurreko paragrafoko A.2.2 epigrafean aurreikusitako taldeko kirolarien kasuan, ez da Basque Team Support bekarik emango.

4.– «Kirol ahalmena»·kalkulatzeko (gehienez, 60 puntu) honako kontzeptu hauek izango dira aintzat: «lehiaketaren balioa» eta «lorturiko postuaren balioa».

(Ikus .PDF)

5.– «Lehiaketaren balioa»-ri dagokionez, hauexek beteko dira: «Lehiaketaren balioa»-ren gehieneko balioa 50 puntukoa izango da. «Lehiaketaren balioa» 35 eta 50 puntuen artekoa izango da, kasuan kasuko nazioarteko lehiaketaren kategoriaren arabera. «Lehiaketaren balioa» zehazteko, honako maila hauek ezarri dira:

(Ikus .PDF)

«Lehiaketaren balioa» 50, 40 edo 35 puntutik hasi eta mantendu edo gutxitu egingo da honako kontzeptu hauengatik:

• Kontinente partaideak:

1. mailako probetan: puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 4 edo 5 kontinentek hartzen badute parte, eta honako portzentaje hauek gutxituko dira kasu hauetan:

– % 5, baldin eta 3 kontinentek hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta 2 kontinentek hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta kontinente 1ek hartzen badu parte.

• Herrialde partaideen kopurua:

1. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 50 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta portzentaje hauek gutxituko dira kasuotan:

– % 5, baldin eta nazioko 50 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta nazioko 25 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

2. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 25 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta portzentaje hauek gutxituko dira kasuotan:

– % 5, baldin eta nazioko 25 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 10, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

– % 15, baldin eta nazioko 5 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

6.– «Lorturiko postuaren balioa»-ri dagokionez, hauexek beteko dira. Gehienez 10 puntu izango dira lorturiko postuan. «Lehiaketaren balioa»-ren gainean zuzenketa-koefizientea aplikatuz lortzen da haztapen hori. Izan ere, gorantz edo beherantz egingo du, kirolariak sailkapenean duen posizio erlatiboaren arabera. Balorazio positiboa izango dute txapelketa bakoitzeko lehen 15 postuek: lehen sailkatuak 10 puntu lortuko ditu, eta 0 puntu 16. postuan sailkatuak. 16. postutik atzera, balorazio negatiboa izango da; hartara, 0,625 deskontatuko dira postu bakoitzeko.

7.– «Laguntza osagarriak» emateko, Basque Team Fundazioak entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera jakin baten egokitasuna baloratuko du, baldin eta beka horren bidez finantzatu nahi bada. Egokitasuna baloratzeko, eskatzaileak dagokion memoria teknikoa, kirolekoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko ditu. Basque Team Fundazioaren erabakia diskrezionalitate teknikoko irizpideetan oinarrituko da, Bekak ematea onartzen duen ala ez kontuan hartuta.

8.– Basque Team 2024 Beken Oinarri hauetatik kanpo geratzen dira, berariaz, dagozkien laguntzak jaso ahal izateko, azken Joko Olinpiko edo Paralinpikoen programaren barruan egon arren jokatu beharreko hurrengo probetan parte hartuko ez duten kirolariek lortutako kirol-emaitzak.

9.– Indarrean dagoen kirol-legedian aitortutako liga profesionaletan parte hartzen duten besteren konturako kirolari profesionalek ezin izango dituzte oinarri hauetan aurreikusitako bekak eskuratu.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpena emango duen organoak bekak ematea, ez onartzea edo ukatzea erabakiko du hiru (3) hilabeteko epean, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren egunetik zenbatzen hasita edo, Oinarri hauen 7. artikuluaren 4. eta 5. ataletan jasotakoei jarraituz.

2.– Zioak bildu beharko dira ebazpenean nolanahi ere, eta banaka jakinaraziko zaie ebazpena beka eskatu dutenei. Era berean, Fundazioak emandako laguntzen zerrenda argitaratuko du, erakunde horrek dituen komunikazio-kanalen bidez eskuragarri egon dadin.

3.– Baldin eta, ebazpena emateko gehieneko epea igarota, ez bazaio jakinarazi eskatzaileari, eskabidea onartu ez dela ulertu ahal izango da.

4.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzekin edo bekekin zerikusia duten ebazpenen kontrako errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio arrunt zibilaren aurrean hilabeteko epean, jakinarazten denetik edo isilbidez ezesten denetik hasita, artikulu honetako aurreko atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Nahi izanez gero, errekurtso hori jurisdikzio zibil arruntean aurkeztu aurretik, interesdunak berrikusteko eskabidea aurkeztu ahal izango dio Fundazioari, dagokion erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun baliodunetan, eta erakunde horren barruan agortuko du erabakia.

5.– Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere beken onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira

12. artikulua.– Onuradunentzako betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunek, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako kirol-jarduera gutxienez 2024an egitea. Kirolariak bere denbora eta dedikazio nagusia bere kirol-espezialitateari dagozkion goi-mailako lehiaketetan parte hartzeko beharrezkoak diren zereginetara bideratu beharko du, 2024an maila gorenean lehiatzeko moduan.

Betebehar horretatik salbuetsita daude, laguntza baten onuradun izanik, 2024an haurdunaldian, iraupen luzeko lesioetan edo osasun-arazo oso larrietan daudenak, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

b) Fundazioak bere kirol-jarduerari buruz eskatzen dion informazio zehatza ematea.

c) Fundazioak dituen egintza, ekitaldi eta jarduera ofizialetara joatea eta haietan parte hartzea.

d) Fundazioaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere, eta «Laguntza Osagarriak» Beka gisa emandako zenbatekoak entrenamenduko edo lehiaketako jarduera zehatzaren kostuak ordaintzeko erabili direla justifikatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, Fundazioak egin beharreko egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketen mende jartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoen mende eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.

f) Fundazioari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Fundazioari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere.

i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

j) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

k) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

l) Hizkuntzaren eta irudien erabilera egitea, ikuspegi intersekzionala errespetatuz eta, bereziki, sexuaren eta generoaren ikuspegia errespetatuz diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

13. artikulua.– Basque Team 2024 Bekak ordaintzea.

Oinarrien 5. artikuluan aurreikusitako beken ordainketa oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak eman direla jasotzen duen ebazpena interesdunari jakinarazi ondoren egingo da. Ordainketa honela egingo da:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan. Horretarako, esleitutako bekaren zenbatekoa zati emate-dataren eta ekitaldiaren amaieraren artean geratzen diren hilabeteak egingo dira.

b) 5. artikuluko 1.2. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, kirol lorpena edo emaitza eskuratutakoan.

c) 5. artikuluko 2. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan. Horretarako, esleitutako bekaren zenbatekoa zati emate-dataren eta ekitaldiaren amaieraren artean geratzen diren hilabeteak egingo dira.

d) 5. artikuluko 3. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren. Lehendik aitortutakoaren edo emandakoaren zenbateko bereko ekarpen gehigarri bat jasotzeko eskubidea ematen dion kirol-merezimendua lortuz gero, zenbateko hori hainbanatu eta zenbateko bereko hileko ordainketetan ordainduko da.

e) 5. artikuluko 4. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren.

f) 5. artikuluko 5. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, emakida-erabakia jakinarazi ondoren.

g) 5. artikuluko 1.3 atalean aurreikusitako laguntzak («Laguntza osagarriak»): ordainketa bakarrean, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ondoren, eta eman den entrenamendu- edo lehiaketa-jarduera zehatzaren justifikazioa aurkeztu ondoren, eta, zehazki, jarduera horren hartzaileak ordaindutako gastuen edo kostuen justifikazioa aurkeztu ondoren.

b), d) eta f) ataletan ezarritako kirol lorpenak edo emaitzak egiaztatzeko, kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du bekaren onuradunak.

Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, ez da bekarik ordainduko. Era berean, zorra dagoen bitartean, ez zaie bekarik ordainduko dirua itzultzeko prozeduran daudenei.

14. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan arauturiko bekak eta sariak bateragarriak dira helburu bera izanik edozein entitate publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein laguntzarekin.

2.– 4. artikuluko a), c) eta d) letretako bekak bateraezinak dira artikulu bereko b) letran aurreikusitako bekak jasotzearekin; beraz, oinarri hauetan aurreikusitako kirolari gisa beka baten onuradun denak ezingo du beste bat jaso teknikari gisa.

15. artikulua.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntzak itzultzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.

2.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da itzulketa-prozedura.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera (2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa), emandako datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatuko ditu tratamenduaren arduradun gisa, eta datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko edo eramateko eskubideak baliatu ahal izango zaizkio, zehazki eskabidearen arrazoia adierazita eta nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia erantsita. Eskabidea paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da. Erantzunik jaso ezean edo eskaera ezetsi dela ikusiz gero, interesdunak Datuak Babesteko ordezkariarengana jo ahal izango du, edo, erreklamazioz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziarengana. Basque Team Fundazioak datu pertsonalak tratatuko ditu helburu hau betetzeko: beka-eskaerak kudeatzea eta emandako laguntzak kudeatzea. Basque Team Fundazioa legitimatuta dago datu horiek tratatzeko, beharrezkoak baitira erakunde horren eta laguntza eskatzen duen pertsonaren artean ezarritako harreman juridikoa gauzatzeko. Laguntza eskatzen duen pertsonak Basque Team Fundazioari emandako datu pertsonalen egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzukizuna du. Basque Team Fundazioak ezinbesteko datu pertsonalak jakinaraziko dizkie honako jasotzaile-kategoria hauei: beste administrazio eta erakunde publiko pribatuei, dagozkien eskumenak eta adierazitako helburuekin bateragarriak direnak gauzatzeko. Datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatu eta gordeko ditu, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera. Basque Team Fundazioak ez du aurreikusten datuak hirugarren herrialdeetara transferitzea.

2. GEHIGARRIA
BASQUE TEAM 2024 PROIEKTUEN OINARRIAK

1.– Artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Fundación Basque Team Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei laguntzak emateko araubidea arautzea, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izan dezaten eta goi-mailako kirol-mailako emaitzak lor ditzaten.

2.– Artikulua.– Definizioak.

1.– Goi-mailako proiektuetarako laguntzen definizio orokorraren barruan, oinarri hauetan jasotzen diren laguntza motak sartzen dira.

2.– Oinarri hauetako erreferentzia guztiak «kirola»-ren esparruan egiten dira. Horretarako, goi-mailako kiroltzat hartzen da Euskadirentzat interesgarria den kirol-jarduera, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoaren kirol-garapenean, oinarrizko kirola sustatzeko duen mailagatik eta goreneko mailako kirol-lehiaketa ofizialetan duen ordezkaritza-funtzioagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Goi-mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako terminoetan.

3.– Beka hauen ondorioetarako, honako definizio hauek ezarri dira:

a) Kirol-erakundetzat hartzen dira Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legean definituta daudenak: kirol-klubak, kirol-elkarteak eta euskal kirol-federazioak.

b) Goi-mailako kirol-proiektutzat hartzen da kirolari bati baino gehiagori zuzendutako plangintza, hau da, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal kirolarien ordezkaritza handia ahalbidetzeko eta goi-mailako emaitzak lortzeko helburuarekin kirol-erakunde batek bere artean antolatutako jarduera-multzo bat, aurrekontu baten eta denbora-tarte jakin baten mugen barruan.

c) «Kirol modalitateak eta diziplinak» dira Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioak arautzen dituen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko I. eranskinean eta garapenerako hurrengo arau-xedapenak beren beregi bilduta daudenak.

d) «Kategoria absolutua» da diziplina bakoitzeko goren mailako kirol lehiaketa egiten deneko adin-kategoria kirol modalitate jakin baten baitan.

e) «Kategoria gorena» da mailarik edo talderik handiena lehiaketa hainbat mailatan antolatuta dagoenean.

3. artikulua.– Onuradunak izateko betekizunak.

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte hala eskatzen duten kirol-erakundeek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotea.

Baldintza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak emandako ziurtagiri edo ebazpenaren bidez egiaztatuko da.

2.– Onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Betekizun hori egiaztatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharreko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako moduan edo baldintzetan.

3.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek. Ezingo dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik jaso dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekurik dutenek ere, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Baldintza hori erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, eta erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, oinarri hauen VIII. eranskineko ereduaren arabera.

4.– Goi-mailako kirol-proiektu bat izatea, honako hauekin:

a) Zioen azalpena.

b) Euskal kirolariek Joko Olinpikoetan parte hartzera bideratutako helburuen zerrenda.

c) Proiektua osatzen duten euskal kirolarien zerrenda; zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartzea onartzen dutela adieraziz.

d) Proiektuaren ezaugarrien eta garapenaren deskribapena, plangintza eta lan-dinamika barne.

e) Proiektua garatzeko dituen edo izango dituen giza baliabideen zerrenda.

f) Proiektua gauzatuko litzatekeen azpiegitura eta ekipamenduen edo lantokien zerrenda eta deskribapena.

g) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua.

Kirol-proiektuaren aurkezpena oinarri hauen IX. eranskineko ereduaren arabera egin beharko da.

4. artikulua.– Goi-mailako kirol-proiektuetarako laguntzak.

1.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak euskal kirolariek, oro har, abian den zikloan (Paris 2024) parte hartzera bideratutako goi-mailako kirol-proiektuak gauzatzeko dira.

2.– Laguntza hauek jaso ditzaketen kirol-erakundeek garatutako kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diren euskal kirolarientzako sortu eta bideratu beharko dira, bai eta beren kirol-ibilbideagatik edo emaitzengatik eskabidea egiten den unean goi-mailako maila lortzetik bereziki gertu dauden euskal kirolarientzako ere.

3.– Kirol-proiektuek Paris 2024ko Joko Olinpikoak edo Paralinpikoak egin arte iraungo dute, eta programa olinpikoan onartutako probetara zuzenduta egongo dira.

4.– Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira Fundación Basque Team Fundazioarekin akordioa edo hitzarmena sinatuta duten kirol-erakundeek garatutako goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak direlako. Proiektu estrategiko horiek honako modalitate edo diziplina hauei dagozkie: eslalom piraguismoa, neguko kirolak eta kirol egokitua.

5.– Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira liga profesionaletan parte hartzen duten kirol-erakundeak.

5. artikulua.– Laguntza-lerroa. Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako goi-mailako kirol-proiektuetarako laguntzen gehieneko kopurua 6 izango da.

4.– Ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa ematen ez bada, sortzen diren soberako zenbatekoak ez dira banatuko goi-mailako kirol-proiektuetarako laguntzak jasotzen dituzten erakundeen artean.

6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

1.– Deialdi honen babesean laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakunde interesdunek prozedura honen eskabideari buruzko izapide guztiak egin ahal izango dituzte egoitza elektronikoaren bidez: www.basqueteam.eus/

3.– Eskabideak IX. eranskina erabiliz aurkeztu beharko dira.

4.– Erakundeek euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Halaber, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea bakarra aurkeztu beharko dute kirol-diziplina bakoitzeko. Bat baino gehiago aurkezten badituzte, dagokion zuzenketa eskatuko zaie.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabide-orri normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

• Edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea.

• Erakunde eskatzailea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta dagoela.

• Erakunde eskatzaileak, edozein hedapen-modutan, proiektuan parte hartuz gero, Fundación Basque Team Fundazioaren laguntza jasoko duela.

• Erakunde eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako legezko debekurik, berariaz aipatuta sexu-bereizkeriagatiko debekuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

• Dirua itzultzeko prozeduran sartuta ez egotea.

2.– Eskabidearekin batera, goi-mailako kirol-proiektua azaltzeko edo deskribatzeko agiri bat aurkeztu beharko da, oinarri hauetako 3. artikuluko 4. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Fundación Basque Team Fundazioak eskabidea ebaluatzeko eta laguntza emateko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du.

4.– Aurkeztutako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiak sexuaren arabera bereizi behar dira.

8. artikulua.– Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatutako dokumenturik ez dagoela edo akats formalak daudela ikusten bada, edo alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusten bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, edo atzera egin duela bere eskubideari buruzko ebazpenean.

2.– Erakunde eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea aurkezteko datatzat hartuko da aurkezpen elektronikoa egin den eguna.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoa.

Fundacion Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak baimena eman ondoren, oinarri hauetan aurreikusitako bekak ematea. Bekak ematearekin lotutako prozedurak Patronatuko idazkariak kudeatuko ditu, eta, horretarako, Fundazioaren administrazio-zerbitzuez baliatu ahal izango da.

10. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Eskabideak irizpide eta baremo hauen arabera aztertuko dira:

1.– 6 laguntza-eskabide baino gehiago aurkezten badira, oinarri hauetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz balorazio edo puntuazio handiena lortu dutenak izango dira onuradunak.

2.– Kirol-klub edo kirol-elkarte bat laguntza baten onuradun izan ahal izateko kirol-modalitate eta -diziplina jakin batean, ezinbestekoa izango da dagokion kirol-federazioak laguntza ez eskatzea edo honi ez ematea.

3.– Kirol-modalitate eta -diziplina bereko proiektuei dagokienez, ezingo zaie laguntzarik eman kirol-erakunde bati baino gehiagori.

4.– Proiektu bakoitzari emandako puntuazioa honako irizpide eta balorazio hauen emaitza izango da:

(Ikus .PDF)

Puntuazioak kalkulatzeko, aurreko taulari jarraituz, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Puntuazioak:

• Azken puntuazioa ataletako puntuazioen batuketatik lortzen da (gehieneko puntuazioa: 110 puntu).

• Atal bakoitzaren puntuazioa azpiatalen puntuazioen baturatik lortzen da, ezarritako gehienekora arte.

• Azpiatal bakoitzaren puntuazioa itemen puntuazioen baturatik lortzen da, ezarritako gehienekora arte.

– Munduko txapelketak baloratzeko (1.2 azpiatala):

• Munduko txapelketa 4 urtean behin egiten den kiroletan, azken 4 urteetako emaitzarik onena hartzen da erreferentziatzat.

5.– Edozein proiektuk gutxienez 50 puntu lortu beharko dituela laguntza bat jaso ahal izateko ezartzen da.

11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri hauetan araututako laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste edozeinekin.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, deialdi-agindu hau indarrean sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ebazteko epea igaro eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, 8. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboraz, jakinarazpena jaso izanaren eta erantzuteko epearen arabera.

3.– Laguntzen ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, jaso dela egiaztatzeko aukera emango duen eta ondorio administratiboetarako baliozkoa izango den mekanismo baten bidez, Fundación Basque Team Fundazioari aplikatu beharreko xedapenekin bat etorriz. Era berean, Fundazioak emandako laguntzen zerrenda argitaratuko du, erakunde horrek dituen komunikazio-kanalen bidez eskuragarri egon dadin.

4.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezin izango dute administrazio-arloko errekurtsorik aurkeztu. Erreklamazio judiziala aurkez daiteke jurisdikzio zibil arruntaren bide eta prozeduren bidez.

13. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza 2 ordainketatan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, sinatzen den unean, laguntza eman ondoren, emandako zenbatekoaren % 70ekoa, eta, bigarrena, gainerako zenbatekoa, urrian, 15. artikuluan aurreikusitako oinarrietan dirulaguntza justifikatu ondoren.

2.– Erakunde onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta segurtasunarekiko betebeharrak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen erakunde onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematea justifikatzen duen jarduera egitea.

b) Fundazioaren aurrean justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete behar diren eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, fundazioak egin beharreko egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketen mende jartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoen mende eta finantzaketaren ondorioz beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.

d) Fundazioari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Fundazioari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.

g) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei aplikatu beharreko sektoreko legeriak eskatutako baldintzetan.

h) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

i) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

k) Hizkuntzaren eta irudien erabilera egitea, ikuspegi intersekzionala errespetatuz eta, bereziki, sexuaren eta generoaren ikuspegia errespetatuz diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

l) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpen, iragarki eta publizitateetan euskara erabiltzea.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, 2024ko irailaren 30a baino lehen, oinarri hauetan ezarritako jarraibideen arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

2.– Justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzeari buruzko memoria zehatza, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Gastuak jatorrizko fakturen bidez eta froga-balio baliokidea duten jatorrizko dokumentuen bidez egiaztatuko dira. Agiri horiek merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak izango dira, edo administrazio-eraginkortasuna izango dute, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Gastuak faktura elektrikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoaren baliokidea izango da egiaztapena.

c) Finantzatutako jardueraren dokumentazio guztiaren (grafikoa, fotografikoa edo ikus-entzunezkoa) aleak, Fundación Basque Team Fundazioaren lankidetza berariaz jasotzen dutenak, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

d) Plan, programa edo proiektuaren kostuaren kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak jasoz, bereziki xede bererako emandako beste edozein laguntzaren zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean laguntza horien eraginkortasunaren berri ez bazen.

16. artikulua.– Laguntzen bidez finantza daitezkeen gastuak.

1.– Gastu finantzagarritzat joko dira kirol-jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2024. urtean egiten direnak.

2.– Erakunde onuradunek honako kontzeptu hauek finantzatzeko erabili beharko dituzte oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak:

– Garatutako proiektua gauzatzeko giza baliabideak (zuzendaritza teknikoa, entrenamenduan laguntzeko langileak, etab.) eskuratzea.

– Kirol-errendimendua lortzeko zerbitzu profesionalak ematea.

– Goi-mailako lehiaketen aurreko kontzentrazioak.

– Kontzentrazioak altitudean.

– Prestakuntzan lagungarri diren nazioarteko lehiaketak.

– Beste selekzio edo talde batzuen aurkako berariazko kirol-ekitaldiak.

3.– Finantzatutako gastuen eskuratze-kostua ezin izango da merkatuko balioa baino handiagoa izan, inola ere ez.

4.– Egindako gastutzat hartuko da justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

5.– Finantzatutako gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak, gutxienez, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoaren kontratua egin aurretik, baldin eta hornitzaile horien ezaugarri bereziak ez badira, edo, bestela, zerbitzua emateko behar adina eskaintza ez badaude.

Aurkeztutako eskaintzen artean, justifikazioan edo, hala badagokio, laguntza-eskabidean aurkeztu beharko da aukeraketa, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da hautaketa, proposamen ekonomiko onuragarrienari ez dagokionean.

6.– Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, notariotza- eta erregistro-gastuak, finantzatutako proiektua egiteko peritu-gastuak eta berariazko administrazio-gastuak diruz lagun daitezke, baldin eta finantzatutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta jarduera behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.

Honako hauek ez dira inola ere diruz lagun daitezkeen gastuak izango:

a) Banku-kontuen interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

7.– Zergak gastu finantzagarriak izango dira erakunde onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu finantzagarritzat hartuko zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsa badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

8.– Zeharkako kostuak finantzatutako jarduerari egotzi beharko dizkio erakunde onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, betiere kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari badagozkio.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, betiere laguntzaren xedea bete dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk batera eskuratuz gero, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, araudi erregulatzailean ezarritako epeetan, eta betiere dirulaguntzen arauak onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Fundación Basque Team Fundazioak likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

18. artikulua.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntzak itzultzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.

2.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da itzulketa-prozedura.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera (2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa), emandako datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatuko ditu tratamenduaren arduradun gisa, eta datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko edo eramateko eskubideak baliatu ahal izango zaizkio, zehazki eskabidearen arrazoia adierazita eta nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia erantsita. Eskabidea paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da. Erantzunik jaso ezean edo eskaera ezetsi dela ikusiz gero, interesdunak Datuak Babesteko ordezkariarengana jo ahal izango du, edo, erreklamazioz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziarengana. Basque Team Fundazioak datu pertsonalak tratatuko ditu helburu hau betetzeko: beka-eskaerak kudeatzea eta emandako laguntzak kudeatzea. Basque Team Fundazioa legitimatuta dago datu horiek tratatzeko, beharrezkoak baitira erakunde horren eta laguntza eskatzen duen pertsonaren artean ezarritako harreman juridikoa gauzatzeko. Laguntza eskatzen duen pertsonak Basque Team Fundazioari emandako datu pertsonalen egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzukizuna du. Basque Team Fundazioak ezinbesteko datu pertsonalak jakinaraziko dizkie honako jasotzaile-kategoria hauei: beste administrazio eta erakunde publiko pribatuei, dagozkien eskumenak eta adierazitako helburuekin bateragarriak direnak gauzatzeko. Datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatu eta gordeko ditu, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera. Basque Team Fundazioak ez du aurreikusten datuak hirugarren herrialdeetara transferitzea.

Getxo, 2024ko martxoaren 18a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala