66. zk., 2024ko apirilaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1611
AGINDUA, 2024ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita zer baldintzatan erabili «chacolí – txakolina – txakoli» termino tradizionala.
Europar Batasuneko eAmbrosia erregistroak honako jatorri-deitura babestu hauek jasotzen ditu Espainiako «chacolí – txakolina» termino tradizional barruan: «Chacolí de Bizkaia – Txakoli de Bizkaia – Bizkaiko Txakolina», «Chacolí de Getaria – Txakoli de Getaria – Getariako Txakolina» eta «Chacolí de Álava – Txakoli de Álava – Arabako Txakolina»; betiere, Ondarrabi Zuriko eta Ondarrabi Beltzeko barietateekin egiten bada, eta baldin eta haiek hartutako alkohol-mailak, azidotasun lurrunkorrak eta anhidrido sulfurosoak maila jakin batzuk betetzen baditu.
Jatorri-deitura babestu horiek arautzeko batzordeek ekimen bat sustatu dute termino tradizional hori aldatzeko; izan ere, hura erabiltzeko indarrean diren baldintzen arabera, soilik batzordeek babesten dituzten ardoek erabil dezakete termino hori.
Europar Batasuneko eremuan, izendapen hori arautu eta babesten dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 112. artikuluko b) apartatuak. 308/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen da eta indarrik gabe uzten dira Kontseiluaren 922/72 (EEE) 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak.
Alde batetik, «txakoli» sartu nahi da termino tradizionalaren hirugarren aldaera edo grafia modura; izan ere, tradizio bera dute beraren erabilerak eta dagoeneko erregistratuta dauden beste grafia bien erabilerak («chacolí» eta «txakolina»), eta, egiaztatu daitekeen moduan, jasota dago hiru jatorri-deitura babestuetako izenetan; dena den, akats bat dela-eta, ez da agertzen erregistroan.
Bestetik, produkzio-sektoreak beharrezkotzat jotzen du beste mahats-barietate batzuk erabiltzea, eta ez soilik Ondarrabi Zuri eta Ondarrabi Beltza barietateak, egokitzeko klima-aldaketara eta horrek dakartzan ondorioetara alkohol-mailan, azidotasunean eta ardoen-egonkortasunean. Horrez gain, askotariko produkzio-sektore horretan, upeltegi tradizionalagoek eta berritzaileagoek lan egiten dute beren ardoak desberdintzeko. Beste mahats-barietate ohikoago eta tradizionalago batzuen erabilera ere indartzen da, eta balioa ematen zaio haiek babesten duten mahastigintza-ondareari. Horrek ekarri du batera ahaleginak egitea hiru kontseilu arautzaileak ados jartzeko eta bermatzeko lehia leiala dagoela ekoizleen artean.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera termino tradizional horren definizioak aldatzeko, estatu kideak lege-aldaketak egin behar ditu; kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, honako jatorri-deitura babestu hauen agintari eskuduna da: «Chacolí de Bizkaia – Txakoli de Bizkaia – Bizkaiko Txakolina», «Chacolí de Getaria – Txakoli de Getaria – Getariako Txakolina» eta «Chacolí de Álava – Txakoli de Álava – Arabako Txakolina».
Izan ere, Batzordearen 2018ko urriaren 17ko 2019/33 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 34. artikuluaren arabera, zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, jatorri-deiturak babesteko eskabideek, adierazpen geografikoei eta mahastigintza- eta ardogintza-sektoreko termino tradizionalei, erabiltzeko mugei, baldintza-pleguen aldaketei, aurkatze-prozedurari eta etiketei eta aurkezpenari dagokionez, Europako Parlamentuari eskatzeko aldatzeko agindu honetan arautzen den termino tradizionala erabiltzeko definizioa edo baldintzak, erregelamendu horren 27.1.d artikulua bete behar da, aldaketa horrek definituta eta araututa egon behar du estatu kidean, eta aurkeztu beharko da horren kopia eta legeria horren argitalpenaren erreferentzia; beti ere, 26.2 artikuluaren arabera.
Arau hau garatzeko, premia, efikazia, proportzionaltasun, segurtasun juridiko, gardentasun eta efizientziako printzipioak bete dira; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluaren arabera eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera. Ekimen honek interes orokorreko arrazoiei erantzuten die; hura asetzeko tresnarik egokiena da; beraren edukia ezinbesteko erregulaziora murriztu da; bat dator gainerako ordenamendu juridikoarekin, eta, izapideak egitean, kontuan izan dira arau-preskripzio guztiak, eta nahitaezko argitalpenak egin dira, gardentasun-printzipioa bermatzen dutenak. Ildo horretatik, adierazi behar da ezen agindu hau prestatzen parte hartu dutela aipatutako kontseilu arauemaileek, zeinen parte baitira erregulazio honen xede diren termino tradizionalak erabiltzen dituzten ardoak.
Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dauka eskumena proposatzeko alda dadin «chacolí – txakolina – txakoli» termino tradizionala; betiere, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 19. artikuluaren arabera.
Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak egozten dizkidan ahalmenak erabiliz,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Zer baldintzatan erabili «chacolí – txakolina – txakoli» termino tradizionala.
Ezartzen da zer baldintzatan erabili «chacolí – txakolina – txakoli» termino tradizionala. Baldintza horiek agindu honetako eranskinean azaltzen dira.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau indarrean jarriko da exekuzio-egintza, zeinaren bidez Europako Batzordeak onartzen baititu, indarrean jartzen den datatik aurrera; beti ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
«CHACOLÍ – TXAKOLINA – TXAKOLI» TERMINO TRADIZIONALA ERABILTZEKO BALDINTZAK.
chacolí – txakolina – txakoli.
«Chacolí – txakolina – txakoli» termino tradizionala gordeta dago ardogintzako produktuetako 1. kategoriako ardoetarako. Kategoria hori, berriz, ezarrita dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian, eta eskubidea ematen du jatorri-deitura babestu hauek erabiltzeko: «Chacolí de Bizkaia – Txakoli de Bizkaia – Bizkaiko Txakolina», «Chacolí de Getaria – Txakoli de Getaria – Getariako Txakolina» edo «Chacolí de Álava – Txakoli de Álava – Arabako Txakolina».