64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (269 KB - 24 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1570
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 14koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baitira 2024rako «Barne Ekintzaile» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, «SPRI») Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta EAEn industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Horren harira, SPRIk ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzeko bideratutako hainbat jarduketa garatu ditu. Horri esker, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Helburua euren beharren neurrira egindako laguntza osoa eta malgua eskaintzea da, merkatuan abian jartzeko, hazteko eta arrakastaz finkatzeko. Halaber, proiektuek eskatzen duten hasierako finantzaketa eta, bereziki, epe luzerako finantzaketa lortzea ahalbidetuz.
Ondorioz, «Barne Ekintzaile» laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die enpresa eratu berriek gidatzen dituzten eta BIC (Business Innovation Center - Enpresa eta Berrikuntza Zentroa) baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikokoei, eta dibertsifikazioa dakarten proiektu berriei, ahal dela, industria-arloko proiektuei eta/edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako.
Horrela, programak laguntzak aurreikusten ditu enpresa berrien bideragarritasuna aztertu, abian jarri eta heltzeko prozesu osoan laguntzeko eta kultura eta sistematika ekintzailea ezartzeko, jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzen ditu, eta, horretaz gain, enpresako plana gauzatzeko beharrezko inbertsioen finantzaketa lortzeko bideak aurkitzea errazten du.
Bestalde, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publizitatearen printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, programari zegokion gastua baimendu zen.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2024rako «Barne Ekintzaile» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– 2024rako «Barne Ekintzaile» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko martxoaren 14a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaria,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
2024RAKO «BARNE-EKINTZAILE» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Ekintzailetza eta barne-ekintzailetza funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, zenbait plan eta programa onetsi dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta haz daitezen, bereziki etorkizuneko sektoreetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat sortuz.
Euskadiko ekintzailetzan identifikatutako erronken artean dago «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez. Finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzen zaizkie jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei; horretaz gain, merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematen zaizkie proiektu ekintzaileei, batez ere etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei.
Enpresa-ehuna berrasmatu eta eraldatzeko, erakundeak eraberritu eta birsortzeko eta plantilletan eskuragarri dagoen giza kapital ekintzailea baliatzeko formula bikaina izan da barne-ekintzailetza EAEko historian zehar. Pertsona eta erakunde ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta eragile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitzeko asmoa dago, uste sendoa baitugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.
Horregatik guztiagatik, gure enpresa-sare sendoa ere funtsezkoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, enpresa-ekimen berriak sortzeko eta gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren egitura-aldaketan aurrera egiteko, ezagutza-jarduera trinkoak, teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak sartuz, eta ekintzailetza-sare global eta lehiakorra garatuz.
Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntzeko tresna gisa duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek enpresa berrien heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan laguntzen dute, enpresen jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzeaz gain.
Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua izan behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) aukera ematen dute garapen jasangarriaren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko. Era berean, adierazi behar da programa hau erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2024 ekitaldirako Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez onetsia, eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: Berrikuntza irekiko eta barne-ekintzailetza industrialeko prozesuen eta teknologia- eta/edo berrikuntza-oinarriko zerbitzu lotuen sistematizazioa bultzatzea.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da euskal enpresen barruko ekintzailetza-jarduerarako laguntza arautzea, enpresa-proiektu berriak sustatzeko, ideiaren heltze-faseetan eta EAEn enpresa abian jartzeko faseetan.
Barne-ekintzailetzako proiektu horiek enpresaren egungo jarduera dibertsifikatzea ekarri behar dute, berritzaileak eta/edo oinarri teknologikokoak izan behar dute, industrialak eta/edo industria-produktuarekin/prozesuarekin lotutako zerbitzuetakoak izan behar dute, eta EAEko Business Innovation Center (BIC) baten babespean egon behar dira.
Laguntza hori honela gauzatuko da:
– 0. ildoa: Negozio berriak sortzeko plan bat garatzeko laguntza, barne hartuko dituena jarduera ekonomiko berriak sortzeko sustapen jarraitu eta sistematizaturako beharreko printzipioak, antolakuntza-kultura, sistematika eta lankidetzak. Horren emaitza izango da enpresarentzat lehentasunezkoa izango den aurretiazko analisi bat, 1. ildoan aurkezteko.
– 1. ildoa: Enpresari lagun egin ideia heltzeko eta enpresako plana egiteko prozesuan.
– 2. ildoa: 1. ildoko barne-ekintzailetzako proiektuek sortutako enpresa berriei zuzendutako laguntza, ezarritako Enpresa Plana gauzatzeko behar diren inbertsioak errazago finantzatzeko.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo emateko prozeduraren arabera emango dira. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.
2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2831/2023 (EB) Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.
3.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
1.– Enpresa eta Berrikuntza Zentroa – Business Innovation Center (BIC): Enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICak tresna dinamizatzaileak dira enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horien etorkizunari arrakasta-berme onenekin ekitea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.
2.– Aholkularitza espezializatua: enpresentzako laguntzen arloan esperientzia duten aholkularitza-enpresa edo -profesionala, enpresa onuradunari aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak ematen dizkiona Negozio Berriak Sortzeko Plana prestatu eta abian jartzeko prozesuan.
3.– Negozio Berriak Sortzeko Plana (NBSP): enpresaren lehiakortasun-egoeraren eta negozio berrien diagnostiko laburra deskribatzen duen dokumentua. Horrez gain, jarduera ekonomiko berria etengabe sortzeko gakoak zehazten dira. Bertan, negozio berrien etengabeko sustapenerako beharrezko printzipioak, antolakuntza-kultura, sistematika eta lankidetzak zehazten dira.
4.– NBSP abian jartzeko txostena: dokumentu horrek enpresak plana abian jartzeko aurreikusitako lehentasunezko ekintzak identifikatzen ditu, baita honako hauek ere: abian jartzeko baliabideak, enpresak lehentasunezkotzat jo duen negozio berriaren aukera zehatzaren aurretiazko balorazioa eta deskribapen laburra, prozesuaren autoebaluazio laburra eta enpresak ikasitako lezioak.
5.– Enpresako plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Plan horretan negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren prozedura eta estrategia guztiak garatzen dira.
6.– Enpresa Txiki eta Ertaina (ETE): Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L 124 zenbakia, 2003-05-20koa, 0036-0041 or.
7.– Erakunde laguntzaileak: oinarri arautzaile hauetan araututako laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira EAEn dauden BICak eta Luzaro EFC SA; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko DAELn ezarritakoaren arabera. Horrez gain, arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztasunak beteko dira.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2024an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 800.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek EAEko 2024ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, laguntzak adjudikatzeko, espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, Programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, Programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez eta webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskariak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Negozio Berriak Sortzeko Planaren erakunde onuradunak (0. ildoa).
Negozio Berriak Sortzeko Plana garatzeko laguntzaren onuradunak izan ahalko dira EAEn egoitza soziala eta/edo gutxienez jarduera-zentro bat duten pertsona juridikoak, baldin eta 20 pertsona edo gehiagoko plantilla badute eskaera egiteko unean. Horrez gain, lanaldi osoen urteko baliokideak pertsona gisa zenbatuko dira, eta gutxienez 2.000.000 euroko urteko negozio-bolumena izan beharko du erakundeak. Gainera, enpresa-arloko, oinarri teknologikoko edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako industria-eta zerbitzu-proiektuei buruzko proiektu-ideia berritzaile bat izan beharko dute, eta EAEn abiarazi beharko da.
2.– Lagun egiteko laguntzaren erakunde onuradunak (1. ildoa).
Egoitza soziala edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat EAEn duten pertsona juridikoak izan daitezke lagun egiteko laguntzaren onuradun, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea eta/edo industria- eta teknologia-oinarrikoa eta/edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa bada, eta EAEn abiarazi nahi bada.
3.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzaren erakunde onuradunak (2. ildoa).
EAEn enpresako plana gauzatzeko konpromisoa hartzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek bakarrik jaso ahal izango dituzte finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzak:
a) Sortu berriak izatea, hau da, 2023ko urtarrilaren 1aren ondoren eratutako enpresa guztiak, data hori barne.
b) Gutxienez 3 enplegu sortzea aurreikustea 3 urteko epean.
c) ETEa izatea.
d) Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
e) Barne-ekintzailetza prozesu batetik etortzea, hau da, EAEko enpresen barruan egindako jarduera ekintzaile batetik, enpresa-proiektu berriak sustatzeko, ideiaren heltze-faseetan eta EAEn enpresa abian jartzeko faseetan.
4.– Hiru ildoetako edozeinetan, honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:
a) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen («DLO») 13. artikuluan aurrez ikusitako kasuetako batean daudenak, aplikagarria den guztian:
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.
c) Enpresa-proiektu berrien sustapenaren, inkubazioaren eta/edo azelerazioaren arloetan jarduera garatzen dutenak.
d) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
e) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu dutenak, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) 2. ildoaren kasuan bakarrik, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.
5.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak, eskaera aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
6.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:
– Industria-jarduerako zentro bat dutela EAEn, non proiektuak eragina izango duen.
– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeretarako, erantzukizunpeko adierazpena edo, hala badagokio, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, agindu horretan zehaztutako baldintzetan.
c) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 14. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELren 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez.
Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketak dira honako hauek:
0. ildoa: Negozio Berriak Sortzeko Planaren prestaketa, barne hartuko dituena jarduera ekonomiko berriak sortzeko sustapen jarraiturako beharrezko printzipioak, antolakuntza-kultura, sistematika eta lankidetzak. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
1. ildoa: Enpresari lagun egin ideia heltzeko eta enpresako plana egiteko prozesuan. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
2. ildoa: Enpresako plana gauzatzeko behar diren inbertsioak finantzatzeko laguntza ematea, bai eta inbertsio horiek gauzatzea ere.
7. artikulua.– Negozio Berriak Sortzeko Planaren prestaketan diruz lagundu daitezkeen gastuak (0. ildoa).
1.– Negozio Berriak Sortzeko Planaren diagnostikoa egiteko, diseinatzeko eta abian jartzeko prozesuan lagun egiteko laguntzari begira, hauek hartuko dira gastu hautagarritzat:
– Negozio Berriak Sortzeko Planerako aholkularitza tekniko aditurako gastuak. Honako atal hauek jaso behar ditu:
a) Enpresaren egoera lehiakorraren eta negozio berrien diagnostiko laburra.
b) Negozio Berriak Sortzeko Planaren diseinua. Horrek, era berean, honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
i) Negozio berrien arloko mandamentuak edo printzipioak.
ii) Negozio berrien antolakuntza (organigrama, funtzioak, pertsonen parte-hartzea).
iii) Negozio berrien sistematika.
– Sistematikaren edo negozio berriak kudeatzeko prozesuaren diseinua eta berrikuspena.
– Lehentasunezko aukeren identifikazioa eta intereseko eragileen mapa eta lehentasunezko kontaktuen agenda.
– Plana abian jartzeko txostenak honako eduki hauetakoren bat jaso beharko du:
a) Plana abian jartzeko lehentasunezko ekintzak.
b) Enpresak abian jartzeko konprometitutako baliabideak.
c) Negozio berri bat sortzeko aukera zehatz baten laburpen laburra eta balorazioa, programaren 1. ildoan aurkezteko.
d) Prozesuaren autoebaluazioa eta enpresak ikasitako lezioak.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak proiektuaren BIC tutoreak onetsi beharko ditu, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntza-eskaera egin ondoren eta gehienez ere 12 hilabeteko epean sortu beharko dira. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak laguntza emateko Ebazpenaren aurretik egindako gastuak hautagarritzat jo ahalko ditu Ebazpenean, proiektuari hasiera eman ondoren, betiere 2024ko urtarrilaren 1aren ondoren egiten badira. Kasu horretan, 12 hilabeteko epea hautagarritzat jotako lehen gastuaren sortzapen-datatik aurrera hasiko da zenbatzen.
b) Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.
c) Aurkeztutako proiektuaren arloan aholkularitza adituak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
i) Ezingo dira izan Administrazio Publikoen menpeko edo horiekin lotutako izaera juridiko propioko erakundeak.
ii) Ezingo dute loturarik izan, ekintza edo parte-hartzeen bidez laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektuan sartutako enpresetako batekin. Halaber, ezingo dituzte horiek administratu, zuzenean edo zeharka.
3.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programak xedetzat duen jarduerarekin, eta artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.
d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko fabrikatu edo merkaturatutako produktuak, ezta eskatzaileak edo taldeko edota lotutako enpresek laguntza-eskatzailearekin egindako lanak ere, ekintzen edo parte-hartzeen bidez, zuzenean edo zeharka.
4.– Edozein kasutan, DAELren 30. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira.
8. artikulua.– Laguntzan diruz lagundu daitezkeen gastuak (1. ildoa).
1.– Lagun egiteko dirulaguntzari begira, gastu hautagarritzat joko dira hauek, betiere 100 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditzen badute:
– Prestakuntza espezifikoa eta enpresakoa.
– Aholkularitza eta kanpoko laguntza teknikoaren gastuak.
– Prospekzio- eta dokumentazio-gastuak.
– Prospekzio komertzialeko azoka eta bidaietan parte hartzea.
– Maketa eta prototipoak egitea.
– Aurrekoen osagarri diren beste batzuk.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak proiektuaren BIC tutoreak onetsi beharko ditu, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Maketa eta prototipoen gastuek, oro har, ezingo dute gainditu onetsitako aurrekontu osoaren % 25.
b) Laguntza-eskaera egin ondoren eta gehienez ere 18 hilabeteko epean sortu beharko dira. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak laguntza emateko Ebazpenaren aurretik egindako gastuak hautagarritzat jo ahalko ditu Ebazpenean, proiektuari hasiera eman ondoren, betiere 2024ko urtarrilaren 1aren ondoren egiten badira. Kasu horretan, 18 hilabeteko epea hautagarritzat jotako lehen gastuaren sortzapen-datatik aurrera hasiko da zenbatzen.
c) Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.
d) Aurkeztutako proiektuaren esparruko aholkularitza adituak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
i) Ezingo dira izan Administrazio Publikoen menpeko edo horiekin lotutako izaera juridiko propioko erakundeak.
ii) Ezingo dute loturarik izan, ekintza edo parte-hartzeen bidez laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektuan sartutako enpresetako batekin. Halaber, ezingo dituzte horiek administratu, zuzenean edo zeharka.
3.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programak xedetzat duen jarduerarekin, eta artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.
d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko fabrikatu edo merkaturatutako produktuak, ezta eskatzaileak edo taldeko edota lotutako enpresek laguntza-eskatzailearekin egindako lanak ere, ekintzen edo parte-hartzeen bidez, zuzenean edo zeharka.
4.– Edozein kasutan, DLOren 31. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira.
9. artikulua.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzen xede diren inbertsioak (2. ildoa).
1.– Finantzaketa eskuratzea erraztera bideratutako laguntzari begira (2. ildoa), inbertsioek bat egin beharko dute aktibo finkoko elementu berriekin. Halaber, pertsona juridikoaren kapital sozialarekin autofinantzatu beharko dira gutxienez % 30ean, sinatu eta ordaindutako kapital-ekarpenaren bidez, dirulaguntzen bidez jasotako zatia zenbatu gabe.
2.– Honako hauek dira finantzatu beharreko inbertsioak:
a) Ibilgetu materiala, salbu lurrak eta eraikinak.
– Lokalen erreforma eta egokitzapenak.
– Makineria.
– Ekipamendu-ondasunak.
– Tresneria.
– Ibilgailu industrialak.
– Instalazio teknikoak.
– Altzariak.
– Aktibo finko materialetako beste inbertsio batzuk.
b) Ibilgetu ukiezina.
– Aplikazio informatikoak.
– Jabetza industriala.
– Jabetza intelektuala eta administrazio-pizgarrien kanonak edo frankiziak.
Ibilgetu ukiezinaren inbertsioak hautagarritzat joko dira soilik ibilgetu materialaren inbertsioak badaude.
3.– Edozein kasutan, DLOren 31. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira.
4.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzak (2. ildoa) artikulatuko dira SPRIren, Luzaro Establecimiento Financiero de Crédito erakundearen eta autonomia-erkidegoko Administrazioaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan erakunde onuradunek formalizatutako mailegu-eragiketen bidez.
5.– Hauek izango dira maileguen ezaugarriak:
Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.
Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.
Interes-tasa: sei hilabeteko euriborra + % 1,25.
Amortizazio-epea: 7 urte.
Gabezia: 2 urte.
Kuotak: hiruhilekokoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
Bermeak: Enpresa-proiektua egikaritzeko konpromisoa.
Irekiera- eta azterketa-komisioa: salbuetsita.
Xedapena: erakunde kolaboratzaileak baimentzen duen neurrian, proiektuaren egikaritzearen arabera.
6.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez, eragiketen epea eta gabezia-epea luzatu ahalko ditu, gehienez ere hiru urteko epean eragiketaren hasierako epetik. Luzapen hori egingo da Luzarok edo enpresak egindako eskaeran oinarrituta, prestatzaileek ordainketen egutegia betetzeko justifikatutako zailtasunei begira, eta jatorrizko mailegu-kontratuan atxikitako eranskinean formalizatuko da.
10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
Deialdiaren xede diren laguntzak dirulaguntza gisa erabiliko dira.
1.– Negozio Berriak Sortzeko Plana egiteko (0. ildoa), hautatu daitezkeen gastuen % 70a hartuko dira kontuan, gehienez ere 30.000 euro.
2.– Lagun egiteko (1. ildoa), hautatu daitezkeen gastuen % 100 arte hartuko dira kontuan, gehienez ere 30.000 euro.
3.– Finantzaketa (2. ildoa) eskuratzeko, honako hauek lagunduko dira diruz:
– Emandako finantzaketa-zenbatekoaren % 20ko dirulaguntza.
– Mailegua formalizatu eta indarrean den hiruhileko naturala amaitu arteko aldian sortutako interesak, eta ondorengo 8 hiruhileko naturaletako bakoitzean sortutako interesak.
11. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin, edo diru-sarrera publiko edo pribatuarekin, edo Erkidegoaren beste finantzaketa-modu batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada.
2.– Laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein epetan.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Muga horietako bat edo programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
a) DAELren 31.1 artikuluan, DLOren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua («DEO») onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa edo kontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
b) DAELren 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
c) Aplikagarria den kasuetan, onuraduna enpresa denean, diruz lagundu daitezkeen gastuak DLOren 31.2 artikuluan adierazitako epeetan ordainduko dira.
12. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.
2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.
3.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
13. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskabidea bete behar dute.
2.– Eskabide hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sistemetan eskarian duen sinadura elektronikoarena.
3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
14. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).
b) Eratze-eskritura.
c) Sozietatearen ordezkariaren boterea.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
f) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren edukiaren arabera.
Horrez gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
g) Era berean, 0. ildorako:
– Datu orokorrak (kanpoko aholkularia, jardueren proiektua, zedarriak, planifikazioa, partaideak...) eta diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatetsitako aurrekontua.
– Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) agiria eta itxitako azken ekitaldiko Sozietateen Gaineko Zerga.
h) Horretaz gain, 1. ildorako:
– 1. fasea: datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatuko den produktua edo zerbitzua, xede den merkatua...) eta diruz lagundu daitezken gastuen aurrekontu zenbatetsia eta inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-arloetako prebisio-datuak, datozen hiru urteetarako.
i) Amaitzeko, 2. ildorako:
– Enpresa Planaren kopia bat.
– Enpresa-talde baten kide izatekotan, taldearen eta zeharkako parte-hartzea duten beste sozietate batzuen sozietate-organigrama (ETE irizpidearen arabera: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa), parte-hartzearen ehunekoa adierazita.
– Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.
– 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeretarako, erantzukizunpeko adierazpena edo, hala badagokio, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, agindu horretan zehaztutako baldintzetan.
2.– Halaber, SPRIk eta erakunde laguntzaileek beste dokumentu batzuk eta/edo informazio osagarria eskatu ahalko dituzte beharrezkotzat jotzen denean aurkeztutako eskaera ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
15. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko abenduaren 11n amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2024ko abenduaren 11ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).
16. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Aurkezpena.
a) Erakunde eskatzaileak eskaera bete eta telematikoki bidaliko du.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskaera.
c) BIC horrek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta horren aldeko txostena egingo du, hala badagokio.
2.– Kudeaketa.
a) Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, hau da, Enpresa Sustapenaren Arloak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera. Organo kudeatzaileak BICen laguntza izango du, eta horiek beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango diote eskatzaileari, behar bezala ulertzeko eta aztertzeko.
Eskaerak hutsak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada atxiki aurreko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa, BICak eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpenarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat. Eskaera bat aintzat hartuko da dokumentazio osoa aurkezten denean.
b) BICek egin beharko dituzte aurkeztutako eskarien analisiak eta hasierako balidazioa, eta oinarri hauetako 18. artikuluan esleitutako funtzioen baitan, proiektua analizatzen duen txosten bat egin beharko dute Negozio Berriak Sortzeko Plana bada (0. ildoa), enpresa-proiektua egin beharko dute lagun egiteko bada (1. ildoa) eta enpresa-plana, finantzaketarako laguntza bada (2. ildoa).
BICek egiaztatuko dute enpresa eskatzaileak ETEak direla, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan adierazitakoarekin bat, 2003ko maiatzaren 20ko 124. Aldizkari Ofizialean (EBA) argitaratu zena, 0036-0041 orrialdeetan.
BICek eskaerei buruzko txosten bat bidaliko diote proiektuan jarraipena egiteko Batzordeari; hura Lurralde Historiko bakoitzean osatuko dute Eusko Jaurlaritzako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako eta foru-aldundietako kideek.
Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaio.
Batzordeak proposamenak aztertuko ditu sarrera-hurrenkerari jarraikiz. Espedienteak beteko dira, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.
Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako laguntza emateko proposamena idatziko da.
4.– Mailegu formalizatuen bidez inbertsioen finantzaketa lortzea erraztera bideratutako laguntzen eskaerak, hitzarmenaren babespean, Luzaro EFC erakundeari bidaliko dizkio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak. Luzaro EFC erakundeak eskaera onartu edo ukatzeko erabakia jakinaraziko die eskatzaileari eta SPRIri hura jaso eta hilabete bateko epean, eta, ondoren, SPRIk dagokion baieztapen- edo gaitzespen-ebazpena emango du.
3.– Ebazpena.
a) Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eskaeren aurkezpen-hurrenkeraren arabera, eta beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
b) Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eta horiek eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
c) Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.
d) Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
e) Emakidaren ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza dela.
17. artikulua.– Laguntzen likidazioa eta ordainketa.
1.– Negozio Berriak Sortzeko Plana egiteko laguntza (0. ildoa) eta Lagun egiteko Dirulaguntza (1. ildoa).
a) Erakunde onuradunei emandako dirulaguntza SPRIren bitartez igorriko da, BICek egindako balorazioaren eta SPRIren ondorengo balioztapenaren arabera.
b) Aldizka eta gutxienez sei hilean behin, onuradunek proiektua gauzatu dela justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoa erabiliz. Azken likidazio-eskaera proiektua amaitu eta gehienez 3 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, edozein kasutan, 2026ko uztailaren 31 baino lehenago. Gutxienez sei hilean behin likidaziorik aurkezten ez bada, onuradun-izaera galduko du.
c) Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.
d) Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:
– Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapenarekin.
– Fakturen ordainketen ordainagiriak, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.
– Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.
– Seihilekoan behin: Negozio Berriak Sortzeko Planaren prestaketaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.
– Lagun egiteko aldiaren amaieran: Negozio Berriak Sortzeko Plana eta NGSP hori abian jartzeko egindako txostena, edo, 1. ildoaren kasuan, egindako Enpresako Plana.
– Enpresa sortzeko unean, hori gertatu bada: sozietatearen eratze-eskrituren kopia eta IFZ.
– DLOren 31.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
– Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza (2. ildoa).
a) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzari dagokionez, SPRIk 15 egun naturaleko epean ordainduko du, onuradunari SPRIren ebazpena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Halaber, zenbateko hori Luzarok pignoratuko du, finantzaketaren berme gisa Finantzaketarako baldintzak bete ondoren, adierazitako zenbatekoa onuradunari erantsiko zaio.
b) Luzarok SPRIri kobrantzaren berri ematen dionean, SPRIk enpresa onuradunari honako zenbateko hauek ordainduko dizkio:
i) Maileguaren formalizazio-dataren eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak.
ii) Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.
Ordainketak zuzenean Luzaro finantza-erakundearekin harremanetan dagoen erakunde onuradunaren kontuan egingo dira.
c) Erakunde onuradunek laguntza emandako xederako erabiltzeko betebeharra izango dute, eta BICei honako dokumentazio hau emateko konpromisoa hartzen dute:
i) Seihilekoan behin: Inbertsioen egoeraren txostena, baita fakturen eta ordainagirien bidez egindako ordainketak ere.
ii) Seihilekoan behin: Jardueraren txostena eta Enpresa Planaren exekuzioa, desbideratzeak, berrikuspenak eta doikuntzak.
18. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak eta Luzaro erakunde laguntzaile izendatzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan («698/1991 Dekretua») eta DAELn ezarritakoaren arabera. Horrez gain, arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztasunak beteko dira.
2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:
Araba:
– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea AB - Centro de Empresas e Innovación de Álava SA.
Bizkaia:
– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda SA.
– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ SAU).
Gipuzkoa:
– BIC Gipuzkoa: Centro de Empresas e Innovación de Gipuzkoa (BIC Gipuzkoa Berrilan SA).
– Saiolan SA.
3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauetaz arduratuko dira:
a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzea.
b) Onetsitako proiektuaren jarraipena eta tutoretza.
c) Ordainketa-proposamenaren ebaluazioa eta hasierako balioztapena.
d) Finantzaketarako laguntzaren kasuan (2. ildoa), Enpresa Planak aztertzeko txostenak egitea eta horiek Batzordeari eta hala badagokio Luzarori bidaltzea.
e) Oinarri hauetako 20. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.
f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
4.– Luzaro, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko da:
a) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak bidalitako 2. ildoko proiektuak aztertzea.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari eta onuradunari horiek onespena edo gaitzespena jakinaraztea.
c) Poliza formalizatzea.
d) Enpresa onuradunei zuzendutako ordainketa igortzea.
e) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari periodikoki onuradunen kuoten ordainketen eta sortutako arazoen berri ematea.
f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek bete beharreko obligazioak dira DAELren 14., eta 42. artikuluetan, eta, aplikatzeko kasuetan, DLOren 14. eta 46. artikuluetan xedatutako betebeharrak, aplikatzekoa den guztian, eta, bereziki eta mugatzeko asmorik gabe, honako hauek:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela:
c) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.
d) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.
e) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.
g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.
h) SPRIri eta BICari eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
i) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.
j) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DLOren 18.4 artikuluan xedatutakoarekin bat:
– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko da, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialean erabiltzea.
k) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
l) Dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.
m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
n) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.
o) DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.
p) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
q) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
r) DAELren 30.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
s) Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizazioa ez egitea.
20. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epea luzatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo horren baldintzak aldatzea adostu ahal izatea, honako baldintza hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, programaren kudeaketaren arduradunak egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatzen eta behar bezala justifikatzen badute; betiere 8. artikuluko 18 hilabeteko gehieneko epea gainditzen ez bada.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira. Halaber, enpresa hornitzaileari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
g) DLOren 37. artikuluan, DEOren 91. eta 93. artikuluen bitartekoak, eta DAELn aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELren 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELn xedatutakoari jarraikiz, dagozkien legezko ekintzei eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta entitate emaileak onartu duenean.
6.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (11. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
7.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.
8.– Borondatezko epean ordainketa egiten ez bada, premiamendu-bidea erabili ahalko da, aplikatzeko legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen araubidea erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, aplikatzekoak diren kasuetan.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 23koa, minimis laguntzak Tratatuko 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori enpresa laguntzaileei, gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.euskadi.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/; webgunera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Kasu guztietan, onuradun guztiek Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorria behar bezala zabalduko dute, 19. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
Bilbao, 2024ko martxoaren 14a.
Zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN-EREDU NORMALIZATUA
[izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean,
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:
– Aurreko hiru urteetan ez duela jaso 300.000 eurotik gorako minimis laguntzarik.
– Eskari honetatik dagokion atalean honako hauei buruzko informazioaren zerrenda aurkezten dela:
a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Ez dagoela oinarri hauetako 5. artikuluko 4. atalean aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen («DLO») 13. artikuluan aurrez ikusitako kasuetako batean egotea, aplikagarria den guztian.
c) Enpresa-proiektu berrien sustapenaren, inkubazioaren eta/edo azelerazioaren arloetan jarduera garatzea.
d) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.
e) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) 2. ildoaren kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.
– Adierazpen honek barne hartzen ditu eskatzaileak programaren oinarrietako 11.8 artikuluan adierazitakoa betetzeari buruz hartutako konpromisoak, hau da, enpresak deslokalizatuta ez egoteari buruzkoak, DAELren 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateari buruzkoak, DAELren 9.4.h) artikuluaren arabera.
II.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.
III.– Badakiela erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez badela, edo administrazio eskudunari ez bazaiola aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.
[...] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.