64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 22 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1569
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 14koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako «Ekintzaile» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, «SPRI») Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Horren harira, SPRIk ekintzailetza laguntzeko bideratutako hainbat jarduketa garatu ditu. Horri esker, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Helburua euren beharren neurrira egindako laguntza osoa eta malgua eskaintzea da, merkatuan abian jartzeko, hazteko eta arrakastaz finkatzeko. Halaber, proiektuek eskatzen duten hasierako finantzaketa eta, bereziki, epe luzerako finantzaketa lortzea ahalbidetuz.
Ondorioz, «Ekintzaile» laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die pertsona fisikoek edo enpresa eratu berriek gidatzen dituzten eta BIC baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikodun berriei; batez ere industria-arloko proiektuei eta/edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako.
Horrela, programak laguntzak aurreikusten ditu enpresa berrien bideragarritasuna aztertu, abian jarri eta heltzeko prozesu osoan laguntzeko, jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzen ditu, eta, horretaz gain, enpresa-plana gauzatzeko beharrezko inbertsioen finantzaketa lortzeko bideak aurkitzea errazten du.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publikotasunaren printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, programari zegokion gastua baimendu zen.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2024rako «Ekintzaile» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– 2024rako Ekintzaile programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko martxoaren 14a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
2024RAKO «EKINTZAILE» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Ekintzailetza funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, hainbat plan eta programa onetsi dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta haz daitezen, bereziki etorkizuneko sektoreetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat sortuz.
Euskadiko ekintzailetzan identifikatutako erronken artean dago «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez. Finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzen zaizkie jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei; horretaz gain, merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematen zaizkie proiektu ekintzaileei, batez ere etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei.
Pertsona eta erakunde ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta sustatzaile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi da, uste sendoa baitugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.
Era berean, gure enpresa-sare sendoa ere funtsezkoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, enpresa-ekimen berriak sortzeko eta gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren egitura-aldaketan aurrera egiteko, ezagutza-jarduera trinkoak, teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak sartuz, eta ekintzailetza-sare global eta lehiakorra garatuz.
Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntzeko tresna gisa duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek enpresa berrien heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan laguntzen dute, enpresen jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzeaz gain.
Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua izan behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) aukera ematen dute garapen jasangarriaren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko.
Era berean, adierazi behar da programa hau erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela (Plana Administrazio Kontseiluak 2023ko abenduaren 20an 2024 ekitaldirako hartutako erabakiaren bidez onetsi zen eta erakundearen gardentasunaren atarian argitaratuta dago). Programak, bestalde Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko industria-ekintzailetza eta hari lotutako zerbitzuak bultzatzea.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da EAEn dauden «Bussiness Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaileei eta/edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, industria-arloko proiektuei eta/edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei emandako laguntza arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan heltzeko eta abian jartzeko faseetarako.
Laguntza hori laguntza mota hauen bidez gauzatuko da:
– 1. ildoa: bidelaguntza ematea pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari, ideiaren heltze-prozesuan eta enpresa-plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
– 2. ildoa: 1. ildoko ekintzailetzako proiektuek sortutako enpresa berriei zuzendutako laguntza, ezarritako enpresa-plana gauzatzeko behar diren inbertsioak errazago finantzatzeko.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek emateko, behar bezala jasotako eskabideen hurrenkerari jarraituko zaio. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira eskabideak, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskabidea osatu den unearen arabera.
2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi txikiko edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2831/2023 (EB) Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.
3.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat hartuko dira.
4.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzenean lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
1.– Business Innovation Center: enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICak tresna dinamizatzaileak dira enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horien etorkizunari arrakasta-berme onenekin ekitea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.
2.– Enpresa-plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Plan horretan negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren prozedura eta estrategia guztiak garatzen dira.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2024an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 1.700.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, laguntzen esleipena espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, Programarako gehieneko zuzkidura gainditzen bada.
3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, Programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai baina ebazteke dauden eskabideak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Bidelaguntza (1. ildoa).
Bidelaguntzaren onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoak eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako edo 2021eko urtarrilaren 1az geroztik jarduera ekonomikorik ez duten baina egoitza soziala edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea eta/edo industria- eta teknologia-oinarrikoa eta/edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa badute, eta Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazi nahi badute.
2.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza (2. ildoa).
Enpresa-plana Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko konpromisoa hartzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek bakarrik jaso ahal izango dituzte finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzak:
a) Sortu berriak izatea; hau da, 2023ko urtarrilaren 1aren ondoren eratutako enpresa guztiak, data hori barne.
b) Aurreikusita edukitzea 3 urteko epean gutxienez 3 enplegu sortzea.
c) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europar Batasunaren 2003-05-20ko Aldizkari Ofiziala (EBAO), L 124 zk., 0036-0041 or.
d) Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
e) Ekintzailetza-prozesu batetik etortzea, 1. ildoaren onuraduna izanik edozein deialditan (deialdi hau barne).
3.– Bi ildoetako edozeinetan, honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:
a) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren («DLO») 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean daudenak, aplikatzekoa den guztian.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
d) 1. ildoaren kasuan, 2023an Ekintzaile programaren onuradun izan direnak.
e) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu dutenak, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) 2. ildoaren kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak.
4.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
5.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:
– Pertsona juridikoek industria-jarduerako zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.
– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskabidean.
6. artikulua.– Jarduketa diruz lagungarriak.
Honako hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen jarduketatzat:
– 1. ildoa: pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari bidelaguntza ematea, ideia heltzeko prozesuan eta enpresa-plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.
– 2. ildoa: enpresa-plana gauzatzeko behar diren inbertsioak finantzatzeko laguntza ematea, bai eta inbertsio horiek gauzatzea ere.
7. artikulua.– Bidelaguntzako gastu diruz lagungarriak (1. ildoa).
1.– Bidelaguntzari begira, gastu hautagarritzat joko dira hauek, betiere 100 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditzen badute:
– Prestakuntza espezifikoa eta enpresakoa.
– Aholkularitza eta kanpoko laguntza teknikoaren gastuak.
– Prospekzio- eta dokumentazio-gastuak.
– Prospekzio komertzialeko azoka eta bidaietan parte hartzea.
– Maketa eta prototipoak egitea.
– Aurrekoen osagarri diren beste batzuk.
2.– Gastu diruz lagungarriak proiektuaren tutorea den BICak onetsi beharko ditu. Gastuek eskakizun hauek bete behar dituzte:
a) Maketa eta prototipoen gastuek, oro har, ezingo dute gainditu onetsitako aurrekontu totalaren % 25.
b) Laguntza-eskabidea egin ondoren eta gehienez ere 18 hilabeteko epean sortu beharko dira. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak laguntza emateko ebazpenaren aurretik egindako gastuak hautagarritzat jo ahalko ditu ebazpenean, proiektuari hasiera eman ondoren, betiere 2024ko urtarrilaren 1aren ondoren egiten badira. Kasu horretan, 18 hilabeteko epea hautagarritzat jotako lehen gastuaren sortzapen-datatik aurrera hasiko da zenbatzen.
c) Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta pertsona fisikoa eta ez autonomoa den.
d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
i.– Ez izatea sektore publikoren bateko erakundea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
ii.– Loturarik ez izatea laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin, akzioen edo partaidetzen bidez, edo zuzenean edo zeharka administratuta.
Ez loturarik izatea laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiekturen batean sartutako enpresaren batekin, akzioen edo partaidetzen bidez.
3.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programak xedetzat duen jarduerarekin, eta artikuluetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.
b) Deskontuek eta antzekoek gastuaren balio txikiagoa ekarriko dute.
c) Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.
d) Inola ere ez dira gastu hautagarritzat hartuko fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak eta/edo zerbitzuak, ez eta eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak edo akzioen edo partaidetzen bidez (zuzenean edo zeharka) laguntzaren eskatzailearekin lotutakoak.
4.– Edonola ere, oinarri hauen esparruan gastu diruz lagungarritzat hartuko dira DLOren 31. artikuluarekin bat datozenak.
8. artikulua.– Finantzatu beharreko inbertsioak, finantza-arloko eragiketak eta maileguen ezaugarriak, finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzetan (2. ildoa).
1.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzetan (2. ildoa), inbertsioak aktibo finkoaren elementu berrietarako izan behar dute. Halaber, pertsona juridikoaren diruzko kapital sozialarekin autofinantzatu beharko dira, gutxienez % 30, sinatutako eta ordaindutako kapitalaren diruzko ekarpenaren bidez, dirulaguntzetatik datorren zatia zenbatu gabe.
2.– Honako hauek dira finantzatu beharreko inbertsioak:
a) Ibilgetu materiala, lurrak eta eraikinak izan ezik.
– Lokalen erreforma eta egokitzapenak.
– Makineria.
– Ekipamendu-ondasunak.
– Tresneria.
– Ibilgailu industrialak.
– Instalazio teknikoak.
– Altzariak.
– Aktibo finko materialetako beste inbertsio batzuk.
b) Ibilgetu ukiezina.
– Aplikazio informatikoak.
– Jabetza industriala.
– Jabetza intelektuala eta pizgarri administratiboen edo frankizien kanonak.
Ibilgetu ukiezinean egindako inbertsioak gastu hautagarritzat joko dira, baldin eta inbertsioak badaude ibilgetu materialean.
3.– Edonola ere, oinarri hauen esparruan gastu diruz lagungarritzat hartuko dira DLOren 31. artikuluarekin bat datozenak.
4.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzak (2. ildoa), erakunde onuradunek SPRIren, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduaren eta Autonomia Erkidegoko administrazioaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egindako mailegu-eraketan artikulatuko dira.
5.– Hauek izango dira maileguen ezaugarriak:
Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.
Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.
Interes-tasa: Euriborra sei hilabetera + % 1,25.
Amortizazio-epea: 7 urte.
Gabezia: 2 urte.
Kuotak: hiruhilekoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.
Bermeak: enpresa-proiektua egiteko konpromisoa.
Irekiera- eta azterlan-komisioa: salbuetsita.
Erabilera: erakunde kolaboratzaileak baimentzen duen neurrian, proiektuaren egikaritzearen arabera.
6.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eragiketen epea eta gabealdia luzatu ahal izango ditu, gehienez hiru urtez, eragiketaren jatorrizko epeari dagokionez. Luzarok edo enpresak egindako eskabidearen arabera egingo da luzapen hori, zerbitzu-emaileek ordainketa-egutegia betetzeko justifikatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta, eta jatorrizko mailegu-kontratuari erantsitako dokumentu batean formalizatuko da luzapena.
9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira:
1.– Bidelaguntzan (1. ildoa), gastu hautagarrien % 100 arte hartuko da kontuan: gehienez ere 30.000 euro.
2.– Finantzaketan sartzeko (2. ildoa), honako hauek lagundu ahalko dira diruz:
– Aurkeztutako inbertsioak finantzatzeko emandako maileguaren % 20.
– Mailegua formalizatu eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak, baita hiruhileko bakoitzean sortutako interesak ere, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.
10. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin, diru-sarrera publiko zein pribatuekin, edo Erkidegoaren beste finantzaketa-modu batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta errespetatzen bada gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, Programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan, hasitako ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bi urteetan zehar kontabilizatuta.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Muga horietako bat edo Programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
a) DAELen 31.1 artikuluan, DLOren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua («DEO») onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
b) DAELen 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino eta hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
c) Onuraduna enpresa denean, eta plikatu daitekeen kasuetan, gastu diruz lagungarriak DLOren 31.2 artikuluan ezarritako epeetan ordaindu beharko dira.
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.
2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.
3.– Laguntzaren eskabidea eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
12. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskabidea bete behar dute.
2.– Eskabide hori pertsona fisikoak sinatu beharko du, edo, pertsona juridikoa bada, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sistemetan dagoen eskabideak duen sinadura elektronikoaren data.
3.– Laguntzaren eskabideak pertsona fisiko edo enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Aurreikusitako laguntzak (bi ildoak) eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada:
a) Talde sustatzaileko kideen nortasun-agiri nazionalak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko errolda-ziurtagiria.
c) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
d) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), gastu diruz lagungarrien aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.
2.– Onuraduna pertsona juridikoa bada:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).
b) Eratze-eskritura.
c) Ordezkariaren ahalordea.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
f) Hala badagokio, EJZn alta emanda ez egotearen ziurtagiria.
g) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), gastu diruz lagungarrien aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.
3.– Pertsona fisikoa zein juridikoa izan, erakundearen edo pertsona fisikoaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa atxikitako eredu normalizatuko edukiari jarraituz.
Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskabidearen eta, hala badagokio, emate-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
4.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza eskatzeko (2. ildoa), honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:
– Enpresa Planaren ale bat.
– Enpresa-talde baten kide izanez gero, taldearen eta zeharkako parte-hartzea duten beste sozietate batzuen sozietate-organigrama (ETE irizpidearen arabera: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioa), parte-hartzearen ehunekoa adierazita.
– Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskabidearen aurreko bi ekitaldietakoa.
– 30.000 eurotik gorako laguntza-eskabideetarako, erantzukizunpeko adierazpena edo, hala badagokio, KAEOn inskribatutako auditore baten ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, manu horretan adierazten den bezala.
5.– SPRIk eta erakunde laguntzaileek beste dokumentu batzuk eta informazio osagarria eskatu ahal izango dituzte, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, aztertzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dutenean.
14. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
Ildo bietarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko abenduaren 11n amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2024ko abenduaren 11ko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.
15. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Aurkezpena.
a) Erakunde eskatzaileak eskabidea bete eta telematikoki bidaliko du.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskabidea.
c) BIC horrek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta aldeko txostena egingo du, hala badagokio.
2.– Kudeaketa.
a) Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskabideak, hau da, Enpresa Sustapenaren Arloak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera. Organo kudeatzaileak BICen laguntza izango du, eta horiek beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango diote eskatzaileari, behar bezala ulertzeko eta aztertzeko.
Eskabideak hutsuneak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada atxiki eskatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskabidea bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpenarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat. Eskabide bat aintzat hartuko da dokumentazio osoa aurkezten denean.
b) BICei dagokie aurkeztutako eskabideen hasierako analisia eta balidazioa, eta, oinarri hauen 17. artikuluan izendatutako funtzioen esparruan, txosten bat egitea, enpresa-proiektua aztertzeko, bidelaguntzaren kasuan (1. ildoa), eta enpresa-plana aztertzeko, finantzaketarako sostenguaren kasuan (2. ildoa).
BICek egiaztatuko dute enpresa eskatzaileak ETEak direla, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera –EBAO aldizkari ofiziala, L 124 zenbakia, 2003-05-20koa, 0036-0041 orrialdeak–.
BICek eskabideei buruzko txosten bat bidaliko diote proiektuen jarraipena egiteko Batzordeari; batzordea lurralde historiko bakoitzean osatuko dute Eusko Jaurlaritzako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako eta foru-aldundietako kideek.
Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaio.
Batzordeak proposamenak aztertuko ditu sarrera-ordenari jarraikiz. Espedienteak beteko dira, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.
c) Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, laguntza emateko proposamena idatziko du organo kudeatzaileak, SPRIren Zuzendaritza Nagusiari bidaltzeko.
d) Hitzarmenaren babespean formalizatutako maileguen bidez inbertsioen finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza-eskabideak Luzaro EFC erakundeari bidaliko dizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Luzaro EFC erakundeak eskabidea onartu edo ukatzeko erabakia jakinaraziko die eskatzaileari eta SPRIri, hura jaso eta hilabeteko epean, eta, ondoren, SPRIk dagokion baiespen- edo ezespen-ebazpena emango du.
3.– Ebazpena.
a) Prozeduraren ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskabideak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean; ebazpen horiek eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
b) Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak gaitzetsi egingo dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren banakako ebazpenen bitartez.
c) Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.
d) Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
e) Laguntza emateko ebazpenean, onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza dela.
16. artikulua.– Laguntzen likidazioa eta ordainketa.
1.– Bidelaguntza (1. ildoa).
a) Erakunde onuradunei emandako dirulaguntza SPRIren bitartez igorriko da, BICek egindako balorazioaren eta SPRIren ondorengo balioztapenaren arabera.
b) Aldizka eta gutxienez sei hilean behin, onuradunek proiektua gauzatu dela justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoko likidazioaren eskabide-inprimakiak erabiliz. Azken likidazio-eskabidea proiektua amaitu eta gehienez 3 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, edozein kasutan, 2026ko uztailaren 31 baino lehenago. Gutxienez sei hilean behin likidaziorik aurkezten ez bada, onuradunak onuradun-izaera galduko du.
c) Likidazio-eskabidea pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektronikoaren bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.
d) Likidazio-eskabidea dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:
– Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapenarekin.
– Fakturen ordainketen ordainagiriak, bankuko kontuetan islatuta, edo ordainketaren banku-egiaztagiria.
– Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.
– Sei hilean behin: Negozio Berriak Sortzeko Planaren prestaketaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.
– Laguntza-aldiaren amaieran: egindako Enpresa Plana.
– Enpresa sortzeko unean, hori gertatu bada: sozietatearen eratze-eskriturak eta IFZ.
– DLOren 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
– Jardueren finantzaketa, dirulaguntzarekin batera, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabideekin egin bada, diruz lagundutako jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko da.
Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada harekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean akatsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza (2. ildoa).
a) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzari dagokionez, SPRIk 15 egun naturaleko epean ordainduko du, onuradunari SPRIren aldeko ebazpena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Halaber, zenbateko hori Luzarok pignoratuko du, finantzaketaren berme gisa. Finantzaketarako baldintzak bete ondoren, adierazitako zenbatekoa emango zaio onuradunari.
b) Interesei dagokienez, Luzarok SPRIri kobrantzaren berri ematen dionean, SPRIk enpresa onuradunari honako zenbateko hauek ordainduko dizkio:
i.– Maileguaren formalizazio-dataren eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak.
ii.– Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.
Ordainketak zuzenean Luzaro finantza-erakundearekin harremanetan dagoen erakunde onuradunaren kontuan egingo dira.
c) Erakunde onuradunek laguntza emandako xederako erabiltzeko betebeharra izango dute, eta BICei honako dokumentazio hau emateko konpromisoa hartzen dute:
i.– Sei hilean behin: inbertsioen egoeraren txostena, baita fakturen eta ordainagirien bidez egindako ordainketak ere.
ii.– Sei hilean behin: jardueraren txostena eta Enpresa Planaren exekuzioa, desbideratzeak, berrikuspenak eta doikuntzak.
17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak eta Luzaro erakunde laguntzaile izendatzen dira, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan («698/1991 Dekretua») eta DAELen ezarritakoaren arabera. Horrez gain, arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztasunak beteko dira.
2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:
Araba:
– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza Industrialdea AB – Centro de Empresas e Innovación de Alava SA.
Bizkaia:
– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa SA.
– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ SAU).
Gipuzkoa:
– BIC Gipuzkoa: Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza zentroa (BIC Gipuzkoa Berrilan SA).
– Saiolan SA.
3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:
a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzeaz.
b) Onetsitako proiektuaren jarraipenaz eta tutoretzaz.
c) Ordainketa-proposamenaren anailisiaz eta hasierako balioztapenaz.
d) Finantzaketarako laguntzaren kasuan (2. ildoa), enpresa-planen azterketa-txostenak egiteaz eta horiek Batzordeari eta, hala badagokio, Luzarori bidaltzeaz.
e) Oinarri hauetako 19. artikuluan laguntzarako arautzen diren baldintzak aldatzeko proposamenak egiteaz.
f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiez.
4.– Luzaro, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko da:
a) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak bidalitako 2. ildoko proiektuak aztertzez.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari eta onuradunari proiektuen onespena edo gaitzespena jakinarazteaz.
c) Poliza formalizatzeaz.
d) Enpresa onuradunei zuzendutako ordainketa igortzeaz.
e) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari periodikoki onuradunen kuoten ordainketen eta sortutako arazoen berri emateaz.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunaren betebeharrak dira DAELen 14., 27. eta 42. artikuluetan eta, aplikatzekoa den kasuetan, DLOren 14. eta 46. artikuluetan aurreikusitakoak, eta, bereziki eta mugatzeko xederik gabe, honako hauek:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartu egin dela.
d) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.
e) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.
g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazio zein Europako Erkidego mailakoak) egiaztatze eta finantza-kontroleko jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, jarduketa horiek egitean eskatzen duten informazio guztia aurkeztuz.
h) SPRIri eta BICari eskabideak edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera edo antzekoa badute, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
i) Laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea SPRIri.
j) Honako zabalkunde-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DLOn eta DAELen xedatutakoari jarraikiz:
– Zabalkunde publikoa egiteko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagundua» esaldia jarri beharko dira, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
k) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
l) Dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.
m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
n) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.
o) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.
p) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
q) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
r) DAELen 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute merkataritza-eragiketetan egindako gastu diruz lagungarriek, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
s) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, 49. artikuluaren arabera.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Aurreikusita dago emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezakeela dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du programaren kudeaketaren arduradunak, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatzen eta behar bezala justifikatzen badute; betiere 7. artikuluko 18 hilabeteko gehieneko epea gainditzen ez bada.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako eskakizunak edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa SPRIri itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea, edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
d) Programa honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak bete gabe lortzea laguntza, edo laguntza ematean ezarritakoak urratuz.
e) Programan edo laguntza ematean aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo horiek oztopatzea.
f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea, edo ez betetzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
g) DLOren 37. artikuluan, DEOren 91. eta 93. arteko artikuluetan eta DAELen aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELen 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, laguntza indargabetuko da, aurretik ez-betetzearen espedientea eginda, eta laguntza itzuli beharko zaio SPRIri, berandutze-interesekin batera, zeinek eskubide publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELen xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta entitate emaileak onartzen duenean.
6.– Gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
7.– Halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.
8.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bidea har daiteke, aplikagarria den legezko araudian zehaztutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENEGOA
Araudi aplikagarria. Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, aplikatzekoak diren kasuetan.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaiki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 23koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datuak babesteko erregelamenduari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gai horretan eskuduna den administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahalko zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubide hauek erabili ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus Halaber, interesdunek datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun guztiek dute eskubidea edozein erreklamazio dagokion kontrol-agintaritzan aurkezteko. SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da agintaritza hori: www.apvd.eskadi.eus
SPRIn egiten den datu pertsonalen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza jasotzeko, webguneko Pribatutasun Politika atala (https://www.spri.eus/lege-oharra/) kontsulta daiteke.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, kasu guztietan, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren berri eman beharko dute, 18. artikuluan zehaztutako moduan.
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean, hauxe adierazten du:
I.– Betetzen dituela programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak, eta, zehazki:
– Aurreko hiru urteetan ez duela jaso 300.000 eurotik gorako minimis laguntzarik.
– Eskabide honetako dagokion atalean honako hauei buruzko informazioaren zerrenda aurkezten dela:
a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskabidearen eta, hala badagokio, emate-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Ez dagoela oinarri hauetako 5. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean edo, aplikatzekoa den kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitakoetako batean egotea, aplikagarria den guztian.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.
d) 1. ildoko laguntza eskatuz gero, 2023an Ekintzaile programaren onuradun izatea.
e) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) 2. ildoaren kasuan bakarrik, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
– Adierazpen honek barne hartzen dituela eskatzaileak Programaren oinarrietako 10.8 artikuluan adierazitakoa betetzeari buruzko konpromisoak, hau da, enpresak deslokalizatuta ez egoteari buruzkoak, DAELen 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateari buruzkoak, DAELen 9.4.h) artikuluaren arabera.
II.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko, bere eskubidearen aitorpen- edo baliatze-denbora guztian.
III.– Badakiela adierazpen honekin batera edo berari erantsita doan datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztugabetasun, faltsutasun edo omisiorik badago, edo adierazpena ez bazaio administrazio eskudunari aurkezten, ezinezkoa izango dela erasandako eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea egitate horien berri izaten den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
[...] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.