64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (256 KB - 24 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1568
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 12koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez 2024ko «Fast Track Innobideak» laguntzen programa arautzen duten oinarriak onartzen eta argitaratzen diren eta deialdia egiten den.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-klima eta gizartea-osasuna. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Alde horretatik, SPRI zenbait ekintza ari da garatzen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko.
Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileen kopurua handitzera bideratutako laguntza-programa anitzak.
Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
«Fast Track Innobideak» programa jasota dago 2023ko abenduaren 20ko Administrazio Kontseiluaren bidez onartutako 2024ko ekitaldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta Planaren helburu hauek betetzeko ekarpena egiten du: produktuaren eta/edo prozesuaren berrikuntza eta berrikuntza sustatzeko funtsezko ekintza osagarriak sustatzea. Akordio horren bidez, halaber, Kontseiluak programa horri dagokion gastua onartu zuen.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– 2024ko «Fast Track Innobideak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago Ebazpen honen Eranskinean.
Bigarrena.– 2024 urterako «Fast Track Innobideak» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko martxoaren 12a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA
ERANSKINA
«FAST TRACK INNOBIDEAK» 2024 LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK
SPRI zenbait ekintza ari da garatzen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko.
Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileen kopurua handitzera bideratutako laguntza-programa anitzak.
Horren ondorioz, laguntza programa hau ETE-en berrikuntza arloko jarduera sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.
Helburua da berrikuntza-jarduerei laguntza eskaintzea, merkatura ondasun edo zerbitzu berriak edo nabarmen hobetuak sartzeko edo enpresan negozio-prozesu berriak edo nabarmen hobetuak txertatzeko, finean, lehiakortasuna hobetzeko.
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden produktu-prozesu industrialeko ETE industrialetan eta zerbitzuetakoetan produktuaren eta/edo prozesuaren berrikuntza sustatzera bideratutako dirulaguntzen programa arautzea eta deialdia egitea, bi ildoren bidez:
a) 1. ildoa: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana Euskadi 2030 barruan ageri diren espezializazio-arloetan berrikuntza-proiektuak egitea (https://www.euskadi.eus/pcti-2030/web01-a2pcti30/es/).
b) 2. Ildoa: berrikuntza sustatzeko funtsezko ekintza osagarriak egitea.
2.– Laguntzen izaera.
a) Deialdi honetan ageri diren dirulaguntzak 2020ko uztailaren 2ko Batzordearen (EB) 2020/972 Erregelamenduak luzatutako (EB) 651/2014 salbuespen-erregelamendu orokorrean (2014ko ekainaren 26ko 187 DOUELen argitaratua) xedatutakoaren araberakoak dira eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak Erregelamenduaren 28. eta 29. artikuluetan sartzen dira.
b) Emandako laguntzek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-izaera izango dute.
c) Dirulaguntza horiek norgehiagoka-prozedura baten bidez aitortuko dira, emandako dokumentazioaren eta 12. artikuluan ezarritako irizpideen eta prozeduraren arabera.
d) Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.
2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.
Programa honen helburuetarako definizio hauek ezarri dira:
– «Berrikuntza»: merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak/nabarmen hobetuak txertatzea, edo enpresan negozio-prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko (2018ko Osloko Eskuliburua). Emaitzak gauzatzeko asmoa erakutsi behar du eta hobekuntza nabarmena ekarri behar du enpresarentzat, halaber, merkatuan duen posizio lehiakorra hobetzeko ekarpena egin behar du.
– «TRL (Technological Readiness Level)»: tresna honek teknologia baten heldutasun maila neurtzen laguntzen du. Teknologia bat zer TRLtan dagoen zehazteko, Heldutasun Teknologikoaren Ebaluazioa egiten zaio hainbat elementu aztertzeko, hala nola programaren kontzeptuak, gaitasunak eta baldintza teknologikoak. Teknologia bakoitzaren TRLa zehazteko 1etik 9rako eskala hartuko da kontuan, eta 9 da teknologiarik helduena (https://ec.europa.eu/research/participants/data/ref/h2020/wp/2014_2015/annexes/h2020-wp1415-annex-g-trl_en.pdf).
– «Teknologia txertatzea»: teknologia berriak erabiltzea edo dagoeneko existitzen diren teknologien erabilera edo konbinazio berriak erabiltzea, ondasun edo zerbitzu berriak/hobetuak sortzeko edo prozesu berriak/hobetuak ezartzeko.
– «Metodologiak txertatzea»: metodo berriak edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak erabiltzea, prozesu berriak/hobetuak ezartzeko.
– «Negozioaren prozesuak». Enpresaren barruko sei prozesu hauek hartzen ditu barne negozio-prozesuen berrikuntzak. Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, Banaketa eta logistika, Marketina eta salmentak, Informazio- eta komunikazio-sistemak, Administrazioa eta kudeaketa, Produktuen eta negozio-prozesuen garapena (Osloko eskuliburua, 2018).
– «Negozio-eredua»: erakunde baten adierazpen abstraktua, testu moduan edo modu grafikoan, lotutako kontzeptu guztiena, finantza-akordioak, eta erakundeak eskaintzen eta eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen portfolio nagusia, xedeak eta helburu estrategikoak lortzeko behar diren ekintzetan oinarrituta.
– «Berrikuntzaren Kudeaketa Aurreratua»: ETE-ei enpresaren barruan berrikuntzaren kudeaketaren jarduera modu sistematikoan jorratzeko aukera ematen dieten jarduerak dira, eta gauzatzerakoan eta emaitzak ezartzerakoan arrakasta izateko aukera handitzen dute. Jarduera horiek aurretiazko gogoeta-prozesu bati erantzuten diote (Kudeaketa Aurreratuaren Hasierako Alderaketa Txostena, Kudeaketaren Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana).
– «I+G+b arloaren babesa eta balorizazioa»: produktu, zerbitzu edo prozesu jakin baterako propietatea bat behar bezala babestearen bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa ezagutzeko jarduerak, babes mota egokiena, estalduraren eremu geografikoa, erakundearen berrikuntza-prozesuan txertatzea, eta erregistroaz arduratzen diren organismoen aurrean dagokion babes-eskaera aurkezteko (modalitate guztietan) beharrezko memoria eta dokumentazio teknikoa prestatzea.
– «I+G+b arloaren nazioartekotzea»: Euskadiko ETE-ei I+G+b sustatzeko Europako programa/ekimenetarako sarbidea ematen dieten jarduerak, espezializatutako kanpo-zerbitzuak azpikontratatuz.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 7.650.000 eurokoak dira eta 2 jarduketa-ildo estanko eta independentetan kanalizatuta daude: 1. ildoak 7.190.000 euro ditu Berrikuntza Proiektuak egiten laguntzeko eta 2. ildoari 460.000 dagozkio berrikuntza sustatzeko gakoak diren ekintza osagarriak egiten laguntzeko.
Baliabide horiek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarritako hornikuntzetatik eratorriko dira, eta 2024rako Euskal Autonomia Erkidegorako Aurrekontu Orokorretan egongo dira sartuta.
2.– Programa hau finantzatzera bideratutako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira proiektuen balorazio-irizpideen arabera, eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera ezarriko da bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek:
a) ETEak izatea, 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioaren arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.
c) Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude. Epigrafe hori kontuan hartuko da enpresaren jarduera artikulu honetako 1. atalean adierazitako programaren xede-jardueraren batekin bat datorren zehazteko.
d) 2. ildoan, Kudeaketa Aurreratua – Kudeabideren bitartez berrikuntza sustatzeko ekintza osagarri gakoen kasuan, 50 enpleguko plantilla izan beharko dute gutxienez dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan.
Enplegu kopurua lanaldi osoko urte osoko baliokideen araberakoa izango da. 11. artikuluan adierazitako ziurtagirien bidez baloratuko da hori. Plantillako kidetzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) DEALen 13. artikuluan edo 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoera eragozleren batean dauden erakundeek, aplikagarria den heinean.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.
d) Krisian dagoen enpresek edo entitateek, krisian dauden enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Dirulaguntzei buruzko Jarraibide komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren entitateek, ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateek; eta Tarteko agentetzat hartzen direnek ere.
Hauek hartuko dira Tarteko Agentetzat:
– Euskadiko Kluster Elkarteak.
– Enpresen eta Sektorekako Elkarteak.
– Tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentzia, betiere irabazi-asmorik gabeko entitateak badira eta kapitalaren gehiengoa publikoa badute.
– Enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta hobetzeko gaietan funtzioak garatzen dituzten tokiko korporazioak.
f) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnek, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, enpresa eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiriak eman beharko ditu. Ekonomia Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean emandako alta horrek, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko du, laguntza eskatzen denetik sei hilabete baino epe laburragoan eratutako enpresentzat izan ezik.
b) Gainerako baldintzak 11. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuz edo oinarri hauen I. eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak betebeharra izango du erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
a) 1. ildoa: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana Euskadi 2030 barruan dauden espezializazio arloetan mota hauetako proiekturen bat egitea (https://www.euskadi.eus/pcti-2030/web01-a2pcti30/es/):
I.– Produkturako eta produkzio-prozesurako TRL altuak (TRL 7-9) garatzea. Proiektu horietan, besteak beste, jarduera hauek sartzen dira: erakusteko jarduerak, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak probatu eta baliozkotzea, funtzionamenduaren baldintza errealak adierazten dituzten inguruneetan, eta sistema oso eta ingurune errealeko ziurtagiri baterako probak eta erakustaldiak.
II.– Produkturako eta produkzio-prozesurako teknologiak gehitzea. Produktu eta/edo prozesu berriak/nabarmen hobetuak sortzen lagunduko duten soluzio teknologiko bat edo batzuk onartzeko, integratzeko eta erabiltzeko proiektuak.
III.– Negozio-prozesuetarako metodologiak txertatzea. Metodo berriak edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak onartu, integratu eta erabiltzeko proiektuak, prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzeko.
IV.– Negozio-ereduetan. Negozio-eredu berriak diseinatu eta abian jartzeko proiektuak, enpresak gaur egun edo etorkizunean saltzen dituen produktu eta zerbitzu nagusiak sortu eta hobetzeko, bere xede eta helburu estrategikoak lortzeko.
b) 2. ildoa: berrikuntza sustatzeko mota hauetako ekintza osagarri gakoren bat egitea, 2. artikuluan definitutakoaren arabera:
I.– Kudeaketa Aurreratua- Kudeabide.
II.– I+G+b arloaren babesa eta balorizazioa.
III.– I+G+b arloaren nazioartekotzea.
2.– 1. ildoaren kasuan, proiektu batek dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 50.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du. 2. ildoaren kasuan, proiektu batek, dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 10.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
3.– Ez dira inolaz ere diruz lagundu daitezkeen jarduketak izango produktuetan, ekoizpen-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta abian dauden beste operazio batzuetan egindako ohiko edo aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.
5.– Laguntza-eskaera bide elektronikotik aurkeztu ondoren hasi beharko da diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten, deialdiaren urte naturalean, eta gehienez 12 hilabeteko epean ezarri beharko da laguntzaren eskaeran adierazitako proiektu-hasiera datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2025eko irailaren 25a baino lehen.
6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
Honako hauek hartuko dira programa honen gastu hautagarritzat:
1.– 1. ildoaren kasuan, hauek:
a) Langileen kostuak: ikerlariak, teknikariak eta gainerako langile laguntzaileak, proiektuan jarduten duten heinean, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko a) atalaren arabera.
b) Tresnen eta ekipoen kostuak proiekturako erabiltzen diren heinean eta aldian zehar, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko b) atalaren arabera.
c) Proiektuaren baitan eta denboran zehar erositako edo erabateko konpetentzia duten kanpo-iturrien lizentziaren bidez eskuratutako patenteen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko b) atalaren arabera.
d) Gastu orokorrak eta beste ustiapen-gastu gehigarri batzuk, tartean, proiektutik zuzenean eratortzen diren materialen, hornikuntzen eta antzeko produktuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko d) atalaren arabera.
e) Berrikuntzarako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluko c) atalaren arabera. Horien barruan sar daitezke dirulaguntza justifikatzen duen kontuko proiektuaren kostuen auditoretza. Auditoretzaren kostuek 1.500 euroko dirulaguntza jaso dezakete gehienez ere proiektu bakoitzeko. Dirulaguntza kudeatzeko auditoretzaren gastuak ez dira hautagarriak izango.
f) Ezagutza ikertzeko eta zabaltzeko erakunde batetik edo enpresa handi batetik datorren kualifikazio handiko langileak zerbitzu-eginkizunetan bidaltzeko kostuak, erakunde onuradunean sortu berri den funtzio batean ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan lan egiten dutenak eta beste langile batzuk ordezten ez dituztenak, 651/2014 araudiaren 28.2 artikuluko b) atalaren arabera.
g) Horretarako egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta/edo proiektuaz kanpoko beste kolaboratzaile batzuk azpikontratatzeko kostuak, 651/2014 araudiaren 29.3 artikuluaren c) atalaren arabera.
2.– 2. ildoaren kasuan, hauek:
a) Aholkularitza-zerbitzuen kostuak eta berrikuntzarako laguntza, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluaren c) atalaren arabera.
3.– Ildo batean ere ez dira hautagarriak izango dirulaguntza kudeatzeko auditoretzaren gastuak.
4.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
5.– Ez dira aintzat hartuko abenduaren 29ko 3/2004 Legean (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak, ezta benetako ordainketa-data likidazio-eskaera baino beranduagorako atzeratuta duten fakturak ere.
6.– Gastu hautagarriek arrazoizkoak izan behar dute, eta mugatu egin ahal izango da SPRIk hala iritziz gero.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan. Alde horretatik, antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
7.– Kontratazioari edo azpikontratazioari dagokionez, 1. ildoan diruz lagundutako proiektuaren kostu guztiaren % 75era arte baimenduko da eta 2. ildoan, % 100era arte. Kasu guztietan, DEALen 31.1 artikuluan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Lege Orokorra onartzeko 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Onuradun batek azpikontratatzen edo kontratatzen duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratuko da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa.
Hirugarrengoekin hitzartutako jarduera diruz lagundutako zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta zenbateko hori 60.000 euro baino altuagoa bada, kontratazioak DEALen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honen xede-dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza gisa egituratuko dira, artikulu honetako 2. ataleko gehienezko intentsitateak aplikatuz.
2.– Bi ildoetako onuradun bakoitzaren dirulaguntzak gehienez ere oinarri hauetako 6. artikuluan jasotako gastu hautagarrien % 50ekoak izango dira, onartutako diruz lagundutako gastuen aurrekontuen gainean, 651/2014 Erregelamenduko 28.2 eta 29.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera.
3.– Deialdiaren finantzaketara bideratutako esleipen ekonomiko osoa ez bada iristen eskaera guztiei % 50eko intentsitatearekin erantzuteko, dirulaguntzetara bideratutako gehiengo osoaren zenbatekoaren onuradunen artean hainbanatuko da, diruz lagundu daitekeen jarduketa-ildo bakoitza banaka aztertuz, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera.
4.– 1. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 250.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
5.– 2. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 25.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
Nolanahi ere, bi ildoentzako dirulaguntzen gehieneko kopurua ezingo da 250.000 euro baino gehiagokoa izan onuradun bakoitzarentzat deialdi honetan.
8. artikulua.– Dirulaguntzen pilaketa eta mugak.
1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunen jarduketek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, haien izaera eta dirulaguntza esleitzen duen organoa edo administrazioa edozein izanik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko dirulaguntzen zenbatekoaren berri izan ondoren, erakundeak ebazpen honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen dirulaguntzak zehazteko, Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta, zehazki, 651/2014 Erregelamenduaren 8, 18 eta 29. artikuluetan ezarritakoa.
2.– Proiektuari esleitutako dirulaguntzen eta subentzioen zenbatekoak ezingo du inolaz ere, modu isolatuan edo beste dirulaguntza batzuekin batera, jardueraren kostua edo aurreko ataleko mugak gainditu, eta erakunde onuradunek SPRIri jakinarazteko betebeharra izango dute. Kasu horietan, ebazpen horren arabera esleitutako dirulaguntzak soberakinari dagokion kopuruaren arabera murriztuko lirateke.
9. artikulua.– Kanpoko enpresa-adituen baldintzak.
Kontratatu edo azpikontratatuko diren kanpoko aditu-enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ez izatea sektore publikoren baten parte, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Bi ildoetan, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko maiatzaren 30ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa egun bereko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
11. artikulua.– Dirulaguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Programaren webguneaz baliaturik.
2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunearen bidez bete beharko dute Laguntza-eskaera: www.spri.eus/fasttrackinnobideak/
3.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
4.– Laguntza-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu, ordainketak egin ahal izateko. Era berean, proiektuari buruzko datu espezifikoak ere izango ditu: izenburua, hasteko eta amaitzeko data, helburua, hornitzaileak, proiektuari lotutako kostuak.
5.– Eskatzaileak ez badu onartzen oinarri hauetan adierazitako dokumentuak ofizioz kontsultatzea, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira dokumentu horiek.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren arabera.
Horrez gain, informazio hau ere eman beharko da:
– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eratze-data.
– Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitekeen jarduera egingo duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
b) Ordezkariaren notario-ahalorde nahikoa eta indarrean dagoena.
c) Finantza-erakundearen egiaztagiria, kontu korrontearen titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko, ordainketak egin ahal izateko.
d) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Alderdi hauek jorratu beharko ditu:
i) Berrikuntza-proiektuen tipologien kasuan:
Memoria teknikoak honakoa jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– Proiektuak ZTBP 2030ekin bat egitea.
– Proiektua testuinguruan jartzea eta laburtzea (testu librea, 17.885 karaktereko mugarekin).
– Enpresaren hasierako posizioa eta proiektuaren aukera/beharra (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Proiektuaren helburuak eta irismena (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Berrikuntzaren maila (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Proiektuak bat egitea enpresaren berrikuntza-estrategiarekin (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Faseak eta zereginak (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Proiektuaren emaitzak, arriskuak eta enpresan duen inpaktua (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Taldearen osaera (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Aurrekontuaren justifikazioa (testu librea, 17.885 karaktereko mugarekin).
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
– Efektu sustatzailea (testu librea barne, 500 karaktereko mugarekin).
Memoria ekonomikoak honakoa jasoko du:
– Langileen zuzeneko kostuak.
– Kontratazio berriak.
– Inbertsioaren amortizazioa.
– Beste gastu batzuk.
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
Ekintza osagarrien kasuan:
Memoria teknikoak honakoa jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– Proiekturen laburpen orokorra, erronkak eta helburu nagusiak (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Enpresaren hasierako posizioa eta espero den inpaktua (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Faseak eta zereginak (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Taldearen osaera (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Aurrekontuaren justifikazioa (testu librea, 53.655 karaktereko mugarekin).
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
Memoria ekonomikoak honakoa jasoko du:
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
e) Proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzen kopia. Eskaintzak osorik aurkeztu behar dira, lankidetzaren norainokoa zehatz adierazita eta proiekturako aholkulari-taldeko kide bakoitzaren identifikazioarekin, eta enpresa eskatzaileak berariaz onartu behar ditu.
f) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, Erantzukizunpeko Adierazpena edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, edo Adostutako Prozeduren Txostena ordaintzeko epe legalei lotuta DLOko 13.3 bis artikulua betetzeari dagokionez, agindu horrek zehaztutako baldintzetan.
Horrez gain, eta Kudeabide ekintza osagarri gakoen kasuan:
g) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langile kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria) Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.
h) Kudeaketa Aurreratutako Hasierako Alderaketa Txostena, Kudeaketa Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana.
12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIren Teknologia eta Berrikuntza arloak eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
Proiektuaren memoria eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako gastuen egitura eta igorritako eskaintzak ezingo dira aldatu eskaera aurkeztu ostean, 14. artikuluak ezar dezakeena alde batera utzi gabe. Hala ere, SPRIk eskaerari buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan, hala egin behar dela erabakitzen badu.
2.– Eskatzaileak helbide elektroniko bat adierazi beharko du jakinarazpenen abisuak bidaltzeko. Enpresa eskatzailearen harremanetarako helbide elektronikoa soilik onartuko da.
3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.
4.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
5.– Proiektua ebaluatzeko jarraian adierazitako irizpideak aplikatuko dira, gehienez % 100era arte.
a) Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
– Irizpide gakoak:
i) Berrikuntzaren maila. Proiektuak enpresarentzat dakarren berrikuntzaren maila baloratuko da. Berrikuntzaren mailak esanguratsua izan beharko du, inpaktu garrantzitsua izan beharko du eta arrakastaz ezartzeko potentziala izan beharko du. Pisu espezifikoa: gehienez % 25
ii) Proiektuaren emaitzak eta inpaktua. Soluzio berritzaileak garatzeko unean enpresa sendotzea baloratuko da. Proiektuaren inpaktuaren aurreikuspenak baloratuko dira. Pisu espezifikoa: gehienez % 30.
– Irizpide orokorrak:
iii) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintzaren egokitasuna baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagarriak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 15.
iv) Giza baliabideen egokitasuna. Taldearen dimentsio, jardun eta konposizio egokia baloratuko da (azpikontratatuko direnak barne), baita taldeak aurreikusitako zereginak bere gain hartzeko duen gaitasuna ere. Pisu espezifikoa: gehienez % 15.
v) Egituraren argitasuna eta aurrekontuaren banakapena. Aurrekontua proiektuan aurreikusitako berrikuntza-helburuekin eta -jarduerekin koherentea ote den eta beharra justifikatuta ote dagoen baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
vi) Ingurumenean duen eragina Proiektuak trantsizio energetiko-klimatikoetara egiten duen ekarpenik handienaren azterketa. Pisu espezifikoa: gehienez % 5.
Proiektu bat hautatzeko, nota osoak lor daitekeen gehieneko notaren % 50 gainditu beharko du (gehienekoa % 100), eta, aldi berean, funtsezko irizpide bakoitzaren nota gehienezko balioaren % 50 edo handiagoa izan beharko da. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
b) Berrikuntza sustatzeko ekintza osagarri gakoak aukeratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Irizpide gakoak:
i) Programaren helburuetara egokitzea Proiektuaren helburuak eta berrikuntza sustatzeko ekintza osagarri gakoekin bat etortzea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
ii) Proiektuaren zereginak egokitzea helburuak lortzeko: proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako zereginen egokitasuna baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
iii) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea egokitzea (ekipoen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, ekipoaren hornikuntza eta trebakuntza): ekipoak proiektuaren arloan duen aldez aurretiko ezagutza eta esperientzia baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
– Irizpide orokorrak:
iv) Enpresaren berrikuntza-jarduerari dagokionez emaitzetatik espero den inpaktua: proiektuak enpresaren berrikuntza-jardueran inpaktua izatea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
v) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintzaren egokitasuna baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagarriak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma, aurrekontua eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
Ekintza osagarri gako bat aukeratuko da nota osoak lor daitekeen gehieneko notaren % 50 gainditzen badu (gehienekoa % 100), eta, aldi berean, funtsezko irizpide bakoitzaren notak gehienezko balioaren % 50 edo handiagoa izan beharko du. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
6.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioaren proposamena. Espedientea osatuta zer unetan dagoen aintzat hartuta, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Saila izango da organo kudeatzailea, eta banan-banan aztertuko ditu garaiz aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
7.– Dirulaguntza Eskaeren ebaluazioa. Ebaluazio-organoak oinarri hauetan ezarritako irizpideak aplikatuz baloratuko ditu eskaerak eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko txosten bat igorriko du. Espedientea eta ebaluazio-organoaren txostena ikusita, organo-kudeatzaileak SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Honako hauek osatutako dute ebaluazio-organoa:
a) SPRIren Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Saileko zuzendaria; organoaren presidentea izango da eta berdinketa kasuetan bere botoak ebatziko du. Presidentea kanpoan denean, presidenteordeak ordeztu ahal izango du.
b) SPRIko Berrikuntza Saileko Arduraduna izango da presidenteordea.
c) Programaren arduraduna idazkaria izango da.
Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
8.– SPRIko zuzendari nagusiak egingo du ebazpen-prozedura, norgehiagoka bidez, eta jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta zein epetan gauzatu behar den diruz lagunduko den jarduera; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.
9.– Ebazteko epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
10.– Ebazpena 10 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari gehienez ere igorri den egunetik zenbatzen hasita; eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
11.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DEALen 14. eta 42 artikuluetan jasotakoak, eta, aplikagarria den heinean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
1.– Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
2.– Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamabost egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
4.– Dirulaguntza erabiltzea proiekturako.
5.– SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
6.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
7.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.
8.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso badute hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako edo antzekorako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik. Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela.
10.– Konfidentzialtasunaren, datu pertsonalen babesaren eta enpresen isilpekoen balizko mugak errespetatuz, SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren eta dirulaguntzaren xede-emaitzak zabaltzeko, SPRIk dituen komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-mekanismoen bidez.
11.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
12.– Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18.4 artikuluaren arabera:
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
13.– Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, ogasunaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren saileko titularrak emandako aginduan ezartzen den moduan.
14.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.
15.– Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzea, eta zenbateko hori SPRIri itzultzea, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.
16.– Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
17.– Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
18.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
19.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
20.– DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
21.– Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea.
14. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak zabaltzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Era berean, SPRIk epearen luzapen bat onar dezake jarduerak burutzeko, betiere, enpresa onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza-zatiaren ordainketan. Luzapen hori laguntzaren eskaeran proiektu-amaierako data gisa ezarritako eguna baino lehen eskatu beharko zaio SPRIri. Eskatutako luzapena ezingo da inolaz ere 2025eko irailaren 25eko epemugaren ondorengoa izan.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, onuradunek jarduera burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren www.spri.eus/fasttrackinnobideak/ web-orriko likidazio-eskaeretarako plataforma elektronikoa erabiliz.
Likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da laguntza-eskaeran proiektua burutzeko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Proiektua dagokion onarpen-ebazpena eman baino lehen amaitzen bada, likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoa eguna izango da aurkezpen-eguna.
3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu.
4.– Ez dira kontuan hartuko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak.
5.– Ez dira aintzat hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskaeraz harago luzatua duten fakturak, ezta dirulaguntzaren eskaeran ezarritako proiektuaren hasiera-dataren aurreko igorpen-data dutenak ere.
6.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.
a) 1. ildoaren kasuan, dirulaguntza kontu justifikatzailearen bidez justifikatuko da, auditoretza-txostena entregatuz, DAOren 72 eta 74 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Kontu justifikatzailea betetzea errazteko, esleipen-ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak igorriko zaizkio erakunde onuradun bakoitzari.
Dokumentazio hau gehituko da gutxienez:
i) Dirulaguntza esleitzerakoan ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz.
ii) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honakoarekin:
– Jardueraren gastuen eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentazioaren identifikazioarekin, zenbatekoarekin, igorpen-datarekin eta, hala badagokio, ordaintzeko epearekin. Dirulaguntza aurrekontuaren arabera esleitzen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.
– Diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuen inputazioari dagokionez, jarduerari inputa dakiokeen zeharkako kostua da behar bezala justifikatutako langileen kostuaren % 15, inolako justifikazio gehigarririk gabe.
– Merkataritzako trafiko juridikoan baliokideak diren eta frogatzeko balio duten fakturak edo dokumentuak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko paragrafoan erreferentzia egin diogun horri dagokionez, eta, hala badagokio, ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste dirulaguntza edo subentzio batzuen informazio xehea, zenbatekoa eta jatorria adieraziz.
– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
iii) Sinatutako eta Kontabilitatearen eta Kontuen Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontuen Auditoretzen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditoreak igorritako kontuen auditoretza-txostena. Auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da onartutako proiektu bakoitzeko.
Auditoretza-txostena osatzeko kontu justifikatiboa egiaztatzeko zerrenda gehitu beharko da, eta mugarriak bete direla ziurtatu beharko du auditoreak.
iv) Proiektuaren gastuaren ziurtagiria, Aldibereko Dirulaguntzen berariazko adierazpenarekin.
b) 2. ildoaren kasuan:
i) Fakturak. Fakturak hilabeteko epean egin behar dira eskaeran proiektua burutzeko adierazitako datatik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskaera telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektu hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk aurrez onartu gabeko gastuei dagozkienak ere. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuari dagozkion aholkularitza-orduen zenbatekoak eta bestelako gastuak, adibidez, tasak, bidaiak, dietak, lekualdatzeak, hornitzeak eta abar. Fakturek proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu aurretik ordainduta egon behar dute.
ii) Finantza-erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek faktura igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).
iii) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa: hor egongo dira jasota, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektua gauzatzeko gastuak eta proiektuak enpresaren lehiakortasunean izandako eragina.
Egindako lanen irismena balioztatzeko, proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira.
iv) Alde horretatik, organo esleitzaileak egiaztatuko du Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua betetzen dela. Horretarako, justifikazio fasean, onuradunei eskatuko zaie ildo honetan emandako dirulaguntza guztien bolumen ekonomikoaren % 20ra gutxienez iristen diren hiru eskaintza aurkeztea.
v) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
Horrez gain, eta Kudeabide ekintza osagarri gakoen kasuan:
vi) Likidazio-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopuruari buruzko informazioa (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.
7.– Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Aurka eginez gero, dokumentu horiek eskatzaileak entregatu beharko ditu.
8.– Proiektuaren eskatzaile gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da abisuak jakinarazteko posta elektronikoko kontu moduan.
9.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
10.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da, esleipenaren ebazpena igorri ostean, aurrerapen gisa, aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.
2.– SPRIk dirulaguntzaren gainerako zatiaren ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskaera eta frogagiriak aurkeztu ostean, eta SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.
3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere aldatzeko epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan, DAOren 91tik 93ra bitarteko artikuluetan eta DEALen aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak, tartean DEALen 51. artikuluak ezartzen duen enpresen deslokalizazioaren adierazpenari buruzkoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, DEALen xedatutakoaren arabera Eskubide Publikoko diru-sarrerak baitira, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza ordainduko da partzialki edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
6.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
7.– Aldi boluntario horretan itzulketarik egiten ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Aplikatzekoa den araudia. Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko araudi orokorra (EB).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 13. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta adierazten du:
I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
– Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
– Programaren oinarrien 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoera eragozleren batean egotea, aplikagarria den heinean.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.
d) Krisian dagoen enpresa edo entitatea izatea, krisian dauden enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Dirulaguntzei buruzko Jarraibide komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak; ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateak; eta Tarteko agenteak izatea.
f) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izatea, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Azpikontratistek ez dutela sektore publikoren bateko erakunde izaera, aplikagarriak diren erakundeen sailkapen-araudien arabera, eta dirulaguntza eskatu duen erakundean ez dutela zuzenean nahiz zeharka % 25eko edo gehiagoko parte-hartzerik, ezta erabakitzeko gaitasunik ere enpresa horren organoetan.
– Eskatzaileak honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa jasotzen duela adierazpen honek: programaren oinarrien 6.7 artikuluan adierazitakoa, hau da, enpresaren deslokalizaziorik ez eragitea DEALen 49. artikuluak ezarritako baldintzetan; DEALen 9.4.h) artikuluak ezarritako gehiegizko finantzaketarik ez izatea eta jasotako dirulaguntzaren aurrerakina pasibo gisa agertzea enpresaren kontabilitatean, eta SPRIra itzultzea, dirua itzultzeko ebazpenak hala xedatzen badu.
II.– I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.
III.– Badakiela Adierazpen honi laguntzen dion edo Adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.