Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1567

173/2024 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez irizpideak ezartzen diren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan onesten diren enplegu publikoaren eskaintzetan deitzekoak diren lanpostuak zehazteko.

Urtero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak Osakidetzaren enplegu publikoaren eskaintzak onesten ditu. EPE horietan sartzen dira giza baliabideen birjartze-tasari dagozkion lanpostuak, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero ezarritakoaren arabera.

Enplegu publikoaren eskaintza horien ondorioz, Osakidetzan lanpostuak betetzeko eta langileak hautatzeko prozesuetarako deialdiak egiten dira, Ente publikoan enplegua finkatzeko eta, horrekin batera, lan-egonkortasuna areagotzeko.

Enplegu publikoaren eskaintzek, sartu berri diren langileekin bete beharreko lanpostuez gain (txanda irekia), beste lanpostu batzuk ere jaso ditzakete, barne-sustapeneko prozesuen bidez betetzekoak. Lanpostu horiek Zuzendaritza Nagusi honek zehazten ditu, dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren eta plantillaren egoera aztertu ondoren. Hautaketa-prozesuetako deialdietan bi txandak sartzen dira, hau da, txanda irekia eta barne-sustapenekoa. Biak batera egiten dira.

Langileen birjartze-tasa dela-eta ezarritako legezko mugen barruan posible bada, barne-sustapeneko txandan bete gabe geratzen diren lanpostuak txanda irekian deitutakoei metatu ahal izango zaizkie.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluak erabaki bidez onesten ditu urteko enplegu publikoaren eskaintzak, eta, aldez aurretik, negoziazioak gauzatzen dira, batetik, hautaketa- eta horniketa-prozesuetarako deialdiak eratzeko, eta, bestetik, eskaini beharreko lanpostuak hautatzeko irizpideak zehazteko, Osakidetzako egiturazko plantillaren egoeraren eta urte bakoitzeko baja garbien ondorioz sortutako lanpostu hutsen arabera.

Erabaki horiek, era berean, ahalmena ematen diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari behar diren ebazpenak eman ditzan, enplegu publikoaren eskaintzak gauzatzeko, baita deitzekoak diren lanpostuak ere zehazteko.

Gauzak horrela, prozesuen kudeaketan eraginkortasuna eta gardentasuna bermatzeko, komenigarritzat jotzen da finkatzea, oro har, hautaketa-prozesu bakoitzean sartu beharreko lanpostuak hautatu eta zehazteko irizpideak, prozesu guztietan aplikatzekoak. Nolanahi ere, prozesu bakoitzean, Zuzendaritza Nagusi honen ebazpen bidez, berariaz zehaztu ahalko da prozesu bakoitzeko lanpostuak hautatu eta zehazteko aplikatuko den muga-eguna, iragarritako lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko zikloak kontuan hartuta, ebazpen honetan zehazten diren irizpide orokorren arabera.

Azaldutakoa dela bide, honako hau ematen da:

EBAZPENA

Lehenengoa.– Irizpide orokorrak onestea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan onesten diren enplegu publikoaren eskaintzen ondorioz iragarritako hautaketa-prozesuetan deitzekoak diren lanpostuak lehenetsi eta antolatzeko.

Bigarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko da Osakidetzako enplegu publikoaren eskaintza bakoitzeko lanpostuak kuantifikatu eta hautatzeko erreferentzia-data, eskaintza hori Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onetsi ondoren.

Hirugarrena.– Eskaintzan konprometitutako lanpostu guztiak ezin badira aurreko puntuan adierazitako datarako hautatu, eta, beraz, lanpostu gehiago behar badira, Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez geroagoko beste data bat zehaztuko da lanpostu horiek hautatzeko, behar den guztizko kopurura arte.

Lanpostuak identifikatzeko data berri hori zehaztu aurretik, aribideko lekualdatze-lehiaketako zikloei dagozkien ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, baldin eta ebazpenok beharrezkoak badira enplegu publikoaren eskaintzetan konprometitutako lanpostuak identifikatu ahal izateko.

Laugarrena.– Hautaketa-prozesuetarako deialdia egitean, enplegu publikoaren eskaintzan sartutako lanpostuen guztizko kopurua murriztu egin daiteke, lekualdatze-lehiaketa ebaztearen ondorioz, baldin eta lanpostu horiek beste osasun-zerbitzu batetik datozen profesionalek bete badituzte eta, beraz, profesional horiek ez badute Osakidetzan lanpostu librerik uzten.

Hala ere, legezko mugen barruan ahal den guztietan, egiturazko plantillaren egoeraren arabera eta Osakidetzan ager daitezkeen premiei erantzunez, bestelako neurriak proposatu ahal izango dira murrizketa horretarako, Osasuneko Mahai Sektorialean eztabaidatzeko.

Bosgarrena.– Puntu honetan zehazten dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren enplegu publikoaren eskaintzetan sartu beharreko lanpostuak zehaztu eta identifikatzeko irizpideak.

Dagokion enplegu publikoaren eskaintza osatzen duten lanpostuak aldez aurretik iragarri behar dira Osakidetzan ezarritako mugikortasun- eta horniketa-prozesuetan, hala adierazita badago, salbu eta aldi baterako barne-sustapenean beteta dauden lanpostu hutsen kasuan, zeinak zuzenean eskainiko baitira barne-sustapeneko txandako hautaketa-deialdietan.

Enplegu publikoaren eskaintzetan sartu beharreko lanpostuak lekualdatze-lehiaketetako deialdiak/zikloak ebatzi ondoren identifikatuko dira, lanpostuen egoera kontuan hartuta, deialdi/ziklo horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu diren dataren arabera ordenatuta.

Enplegu publikoaren eskaintzan lanpostu hauek sartuko dira: batetik, esleitu gabeko lanpostuak, eta, bestetik, libre geratu direnak, lekualdatze-lehiaketetako deialdietan/zikloetan destino bat esleitu zaienek libre utzi dituztelako, baldin eta aurretik egindako beste eskaintza batzuetan konprometituta ez badaude.

Hutsik geratzen diren lanpostuak (esleitu gabeak) izango dira lekualdatze-lehiaketako deialdietan eta zikloetan eskaini direnak, baldin eta hutsik jarraitzen badute, prozesuan parte hartzen duen inork hautatu ez dituelako.

Honako lanpostu hauek hutsatzat (esleitu gabekotzat) hartuko dira, halaber: lekualdatze-lehiaketako deialdietan eta dagozkien zikloetan esleitu ondoren, hutsik geratzen direnak, bai ezarritako epean uko egin zaielako, bai esleipenduna ez delako lanpostuaz jabetu, bai langilearen administrazio-egoera lanpostua gordeta ez duen eszedentzia bada.

Lanpostu liberatutzat hartuko dira lanpostuaren titularrak destino berri batez jabetzeagatik sortzen direnak, baldin eta titularrak lehiaketa-prozesuan parte hartu badu eta destino berria esleitu bazaio.

Seigarrena.– Lanpostuak identifikatzeko ordena.

Lehenik eta behin, barne-sustapeneko txandan eskaini beharreko lanpostuak identifikatuko dira, deialdi bakoitzean ezarritakoaren arabera, txanda horretarako konprometitutako lanpostu kopurura iritsi arte. Lanpostu horiek hautatutakoan, txanda irekian sartu beharreko lanpostuak identifikatuko dira.

Zazpigarrena.– Barne-sustapeneko txanda.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onesten den lanpostuak identifikatzeko egunean, barne-sustapeneko txandan sartu beharreko lanpostu hutsak hautatuko dira, jarraian zehazten den hurrenkeran eta txanda horretarako eskaintzan konprometitutako lanpostu kopurura iritsi arte, legezko mugen barruan.

Aldi baterako barne-sustapenean bete diren titularrik gabeko lanpostuak, mugikortasuneko eta lanpostuak betetzeko aurreko prozesuetan sartuta ez daudenak. Lanpostu hauek hautaketa-prozesuan zuzenean sartzeko irizpidea aldi baterako barne-sustapenaren antzinatasuna izango da, hau da, denbora gehien daramatenetatik gutxien daramatenetara.

Aldi baterako barne-sustapenean bete diren titularrik gabeko lanpostuak, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko zikloak ebatzi ondoren, aldi baterako barne-sustapen horretan antzinatasun handiagoa izatearen irizpidearen arabera.

Titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostuak. Lanpostu huts guztiak hautatuko dira eskaintzan sartzeko, deitutako guztizko kopururaino, okupatzailerik gabe denbora gehien daramaten lanpostuetatik hasita.

Titularrik gabeko lanpostuak, bitarteko langileek betetzen dituztenak. Horiek hautatzeko, edozein izendapen-modalitatean titularrik gabe aldi baterako denbora gehien bete izan den lanpostua hartuko da kontuan. Horretarako, lanpostua aldi baterako bete izan den guztizko egun kopurua hartuko da kontuan, lanpostu hori bete duten pertsonak edozein direlarik ere, lanpostu hutsa aldi baterako bete zen datatik hasita, hots, zaharrenetik hasi eta berrienera arte.

Zortzigarrena.– Txanda irekia.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onesten den lanpostuen identifikazioaren egunean, eskaintza bakoitzeko txanda irekian sartu beharreko lanpostu hutsak hautatuko dira, jarraian zehazten den hurrenkeran eta txanda horretarako eskaintzan konprometitutako lanpostu kopurura iritsi arte. Lanpostuak zehatz-mehatz identifikatuko dira, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko zikloak ebatzi ondoren.

Titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostuak. Lanpostu huts guztiak hautatuko dira eskaintzan sartzeko, deitutako guztizko kopururaino, okupatzailerik gabe denbora gehien daramaten lanpostuetatik hasita.

Titularrik gabeko lanpostuak, bitarteko langileek betetzen dituztenak. Horiek hautatzeko, edozein izendapen-modalitatean titularrik gabe aldi baterako denbora gehien bete izan den lanpostua hartuko da kontuan. Horretarako, lanpostua aldi baterako bete izan den guztizko egun kopurua hartuko da kontuan, lanpostu hori bete duten pertsonak edozein direlarik ere, lanpostu hutsa aldi baterako bete zen datatik hasita, hots, zaharrenetik hasi eta berrienera arte.

Zerbitzu-eginkizunekin betetako titularrik gabeko lanpostuak badira, zerbitzu-eginkizunetan antzinatasun handiena izatearen irizpidearen arabera hasiko da hautaketa.

Ezarritako ordena amaituta, eta lanpostu gehiago behar badira enplegu publikoaren eskaintza bakoitzari dagokion deialdian onartutako kopurura iristeko, geroagoko identifikazio-data bat zehaztuko da, ebazpen honen hirugarren puntuan zehaztu den bezala.

Data horren arabera, 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritako ordena errepikatuko da, beharrezko lanpostu kopurura heldu arte.

Bederatzigarrena.– Lanpostuak lehenestea berdinketa-egoeretan.

Aurreko punturen bateko lanpostu hutsak identifikatzean berdinketa-egoerak gertatzen badira eta dagokion enplegu publikoaren eskaintzaren arabera hautatu beharreko lanpostu kopurua gainditzen bada, jarraian deskribatzen dira berdinketa hausteko aplikatu beharreko irizpideak:

a) Okupatzailerik gabeko lanpostuak hautatzeko irizpidea lanpostu-kodea izango da, hau da, lanpostu-kode txikienaren arabera egingo da.

b) Bitarteko moduan okupatutako lanpostuen kasuan, eskaintzaren xede den lanpostuan bitartekoak duen loturaren antzinatasun handieneko irizpidearen arabera hasiko da lanpostuen hautaketa, eta berdinketak jarraitzen badu, lanpostu kode txikiena aukeratuko da.

c) Aldi baterako barne-sustapenean okupatutako lanpostuen kasuan, eskaintzaren xede den lanpostuan barne-sustapenean egun gehien egin izanaren irizpidearen arabera hasiko da lanpostuen hautaketa, eta berdinketak jarraitzen badu, lanpostu kode txikiena aukeratuko da.

d) Zerbitzu-eginkizunetan okupatutako lanpostuen kasuan, eskaintzaren xede den lanpostuan zerbitzu-eginkizunetan egun gehien egin izanaren irizpidearen arabera hasiko da lanpostuen hautaketa, eta berdinketak jarraitzen badu, lanpostu kode txikiena aukeratuko da.

Hamargarrena.– Osakidetzaren enplegu publikoaren eskaintzei dagozkien deialdietan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 78.7 artikuluan ezarritakoa aplikatzea aurreikusi ahal izango da, iragarritako lanpostu guztiak beteko direla bermatzeko, eta lanpostuak erresulta-fasean esleituko dira.

Enplegu publikoaren eskaintzaren prozesu osoa amaitutakoan, ohiko fasean zein erresulta-fasean iragarritako lanpostuak esleitu ondoren, baldintzak betetzen dituen hautagairik ez badago eta lanpostu batzuk hutsik geratzen badira, lanpostu horiek berriz eskainiko dira mugikortasun-, horniketa- eta hautaketa-prozesuetan, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Hamaikagarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hamabigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 5a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala