64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (753 KB - 41 orri.)
- EPUB (1301 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1565
AGINDUA, martxoaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak emateko dena, ikastetxe publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko plaza berrien azpiegitura-gastuak finantzatzeko, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Next Generation EU).
Next Generation EU funtsak eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP).
Next Generation EU finantza-tresna Europako Kontseiluak onartu zuen 2020an, eta horren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) da. Mekanismo horren helburua da estatu kideen inbertsio eta erreformei laguntzea, suspertze jasangarria eta erresilientea lortzeko, eta, aldi berean, Batasuneko lehentasun ekologiko eta digitalak sustatzea.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana da Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak datozen urteetan egingo dituen jarduketak planifikatu eta garatzeko oinarrizko erreferenteetako bat; plan horri esker, zenbait ekintza ezarri ahal izango dira hezkuntza eta ezagutza, prestakuntza jarraitua eta gaitasunen garapena eraginkortasunez sustatzeko.
Ildo horretatik, Ministerioak erreforma- eta inbertsio-proiektuak diseinatu ditu giza kapitala indartzeko; izan ere, giza kapitala funtsezkoa da inbertsio- eta erreforma-planak nahi den eragina izan dezan, bai epe laburrean jarduera sortzen, bai epe ertain eta luzera ekonomiaren eta lan-aukera berrien egitura indartzen.
Suspertze Planeko palanka-politiketan, eta zehazki, VII. palankan (Hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena), 21. osagaia dago: Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne. Esparru horretan garatu du Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak (HLHM) Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea sustatzeko lurralde-lankidetzako programa, titulartasun publikoko plaza berriekin (batez ere, 1 eta 2 urteko haurrentzat).
Programa hori eta programako jarduketak gauzatzea eta garatzea autonomia-erkidegoei dagokie, dituzten eskumenen arabera. Lurralde-administrazio horien protagonismoa bat dator, gainera, EBko funtsak exekutatzeak iradokitzen duen kogobernantza-espirituarekin; hori gorabehera, autonomia-erkidegoek jarduketa horiek arrakastaz gauzatu ahal izateko finantza-baliabideak behar dituzte.
Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plazak sortzeko programa (batez ere, 1 eta 2 urtekoentzat).
Programaren azken xedea da haurrek Haur Hezkuntzako lehen zikloan plaza irisgarria, eskuragarria, inklusiboa eta kalitate handikoa izateko duten eskubidea zabaltzea, Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berriak sortuta (batez ere, 1 eta 2 urtekoentzat).
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko Kontseiluaren exekuzio-erabakiak (Council Implementing Decision-CID) ezartzen duenaren arabera, honako hau da CID helburua: «309. helburua»: haur hezkuntzako lehen ziklorako plaza berriak sortzea. Deskribapena: haur hezkuntzako lehen zikloa sustatzea, titulartasun publikoko plaza berriak sortuta (eraikin berriak edo zaharberritzea/birgaitzea eta ekipamendua, gutxienez, 60.000 plazatan –2020 amaierarekin alderatuta–, eta gastu operatibo horietatik, gehienez, 40.000 plaza, 2025era arte).
2004ko azaroaren 19an, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua argitaratu zen, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (2., 3., 4., 5., 6. eta 11. artikuluak eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak). Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. Horrela, bada, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak, tarte horietako eskaintza betetzeko lehentasun-irizpideen artean, ezartzen du titulartasun publikoko haur-eskolak sustatu behar direla, egungo eskaintza sendotuz.
Deialdia Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartutako Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta Sailaren euskadi.eus webgunean argitaratu da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez.
Hori dela eta, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta arau-hausteen eta zehapenen araubideari buruzkoetan ezarritakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea hau da: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Haur Eskolen titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta Haurreskolak Partzuergoarekin hitzartutako udalei laguntzak emateko deialdia egitea, 2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean Haur Hezkuntzako lehen zikloan sortutako titulartasun publikoko plaza berrien azpiegitura-gastuak finantzatzeko.
Exekuzio-epea luzatu ahal izango da Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, betiere Europako epeek horretarako aukera ematen badute.
2.– Jarduketa hori Haur-hezkuntzako lehenengo zikloan titulartasun publikoko plaza berriak –batez ere, 1 eta 2 urteko haurrentzat– ezartzeko sustapen-programaren barruan sartzen da, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) 21. osagaiaren esparruan («Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne»). Zehazki, C.21.I1 osagaian sartzen da: «Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plazak sortzea (batez ere, 1 eta 2 urtekoentzat)».
3.– Oinarri erregulatzaile hauen arabera emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzeko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko da, aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte Haur Hezkuntzako lehen zikloko haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek eta Haurreskolak Partzuergoari atxikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, baldin eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berriak sortzeko azpiegitura-gastuak finantzatu badituzte, 2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean.
2.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexu-bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
3.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan kontzeptu berberengatik eta zentro eta plaza berberengatik laguntzak jaso dituzten udalak.
3. artikulua.– Finantzaketa eta kreditu erabilgarria.
1.– Deialdi honetarako, guztira, 10.000.000 euro bideratu dira, honela banatuta:
(Ikus .PDF)
2.– Artikulu honen 1. apartatuan adierazitako zenbatekoarekin ezin badira aurkeztutako eskaera guztientzako laguntzak eman, ateratzen den zenbatekoa proportzionalki banatuko da guztizko kopurua ezarritako mugara egokitze aldera.
Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko Ebazpenean ezarritako lehentasunezko baldintzak betez (ebazpen horren bidez argitaratu zen Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakia, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programarako kredituen lurralde-banaketaren proposamena onartu zuena):
Lehentasuna emango zaio pobreziako edo gizarte-bazterketako arrisku handieneko eremuetan ikasleak sartzeari eta landa-eremuetara hedatzeari. Ziklo honetako eskolatzearen hedapenak kontuan hartu behar du konpentsatu egin behar dela ekonomia-, gizarte-, lurralde- eta kultura-jatorriko desberdintasunek ikasleengan duten eragina.
Plaza berriak 1 eta 2 urtekoentzat sortzea lehenetsiko da.
3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren aurrekontuak behar adinako kreditua du hurrengo aurrekontu-aplikazioan, jarraian azaltzen den bezala:
(Ikus .PDF)
4.– Aipatutako zuzkidura ekonomikoa Europako Suspertze Tresnatik («Next Generation EU») eratorritako finantza-baliabideen bitartez finantzatzen da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.
5.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatuko ditu jarduketak, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37. artikuluaren arabera, helburu izanik Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren arau-esparruaren arabera aukeratu daitezkeen jarduketak finantzatzea.
6.– Jarduketen finantzaketa Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 241/2021 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da, arau-testu beraren 5. artikulua errespetatuta.
4. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 18.000 eurokoa izango da sortutako plaza berri bakoitzeko, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, onuradunen eta sortutako plazen kopuruaren arabera.
2.– Plaza sortu berritzat jotzen dira 2021eko urtarrila baino lehen ez zeuden hiru urtetik beherako haurrentzako eskola-plaza publikoak, kontuan izanik plaza horiek ezin dituztela inolaz ere ordeztu lehendik zeuden plazak. Laguntza horiek 2021eko urtarriletik aurrera baimendutako eta hezkuntza-plaza gisa martxan jarritako plazen gastuetara bideratzen dira, kontuan izanik obrak 2021eko urtarriletik aurrera amaitu behar direla.
3.– Sortzen diren plazek, martxa jarri aurretik, Hezkuntza Sailaren baimena izan behar dute Haur Hezkuntzako lehen zikloko zentro gisa, 297/2002 Dekretuaren eta 215/2004 Dekretuaren arabera.
5. artikulua.– Jarduketa eta gastuak, diruz lagundu daitezkeenak.
1.– Arau orokor gisa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak errepikatzen ez diren gastuak bakarrik finantzatuko ditu, betiere eragin iraunkorra badute erresilientzia ekonomiko eta sozialean, jasangarritasunean, digitalizazioan eta epe luzerako lehian, eta enpleguan.
2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzun behar diote, eta behar-beharrezkoak izan behar dira 0-3 urteko Haur Hezkuntzako plaza berriak sortzeko. Gainera, ez dira urratu behar azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuan ezarritako betekizunak. Dekretu horren bidez, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri ziren, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazi ziren (2., 3., 4., 5., 6. eta 11. artikuluak eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak). Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.
3.– Ezingo dira diruz lagundu klima- eta ingurumen-arloko Europar Batasuneko arauak eta lehentasunak erabat errespetatzen ez dituzten proiektuak eta «kalte esanguratsua ez eragitea» printzipioa («do no significant harm – DNSH» printzipioa) errespetatzen ez dutenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren arabera. Entitate onuradunek bermatu beharko dute horiek guztiak betetzen dituztela.
4.– Programan diruz lagundu daitekeen jarduketa honako hau izango da:
– Azpiegitura: unitate (gela) berrietarako eraberritzea/birgaitzea, hezkuntza-ziklo honetako ikasleen hezkuntza-premietara egokitzeko eraberritzea/birgaitzea eta obrak behar dituzten ikastetxeen eraikinetatik abiatuta, edo gelak eraikitzea; haur-eskola berriak eraikitzea, haur-hezkuntzako 1. zikloan (0-3 urte), administrazio autonomikoaren zein tokiko administrazioaren titulartasun publikoko zentroetan.
5.– 21. I1 osagaiaren inbertsioa gauzatzeko, SEEParen 21. osagaiaren 8. atalean kontuan hartu beharreko zenbait baldintza ezartzen dira. Besteak beste, honako hauek:
– Eraikinen birgaitzean, kontuan hartuko dira eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako gidalerroak, energia-kontsumo ia nuluko eraikinak izan daitezen, eta horrek aukera emango du lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoa nabarmen murrizteko.
– Ur-aparatuak instalatzen direnean, horiek Batasunean dagoen produktu-etiketa bat izango dute. Obraren inpaktua saihesteko, uraren kalitatea zaintzearekin eta estres hidrikoa prebenitzearekin lotutako ingurumen-degradazioko arriskuak identifikatu eta landuko dira, uraren erabilera eta babesa kudeatzeko plan baten arabera.
– Neurriak Europako helburu hau bultzatuko du: azpiegitura-proiektuetan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen (EHZ 17 05 04 kodea duten hondakinak izan ezik) % 70, gutxienez (pisuari dagokionez), beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta errebalorizatzeko prestatzea, beste material batzuk ordezteko hondakinak erabiliz egindako betelanak barne.
– Eraikuntzan erabiltzen diren eraikuntzako osagaiek eta materialek ez dute amiantorik izango, ezta substantzia oso kezkagarririk ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasota dagoen baimena behar duten substantzien zerrendan oinarrituta identifikatu denik.
6.– Deialdi honen bidez finantza daitezkeen jarduketek 2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arteko exekuzio-epea izango dute.
6. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da:
a) Lehenengoa emandako guztiaren % 40 izango da, eta Agindu honen 16. artikuluan aipatzen den Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpena onartu ondoren ordainduko da.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 60, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu eta dirulaguntzaren xedea eta helburua bete direla egiaztatu ondoren egingo da. Dirulaguntza jasotakoan, entitate onuradunak sarreraren kontabilitate-agiria aurkeztu beharko du.
Ezarritako justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindutakoak hartuko dira egindako gastutzat.
2.– Administrazioak dirulaguntza ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
7. artikulua.– Justifikatzeko epea eta modua.
1.– Justifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
2.– Justifikazioa aurkezteko epea diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzen den unean irekiko da, eta hilabeteko epean egin beharko da, gehienez ere, plaza berriak sortzeko obra amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da.
3.– Dirulaguntzaren ordainketarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, justifikazio gisa:
Egindako gastuaren ziurtagiria, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta.
Egindako gastu guztien fakturak edo froga-balio bereko dokumentuak, ordainketa egiaztatzen duten bankuko egiaztagiriekin batera.
Dirulaguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen memoria.
Diruz lagundutako ekintzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura finantzaketa publikoa izan duela informatzeko eta publizitatea egiteko obligazioa bete izanaren egiaztapena: dokumentu bidezkoa, materiala eta/edo grafikoa.
2021-2022, 2022-2023 eta, hala badagokio, 2023-2024 ikasturteetan helburu bererako eskatu eta/edo jasotako laguntzen zerrenda (V. eranskina).
4.– Jarduketa finantzagarrien gastuak justifikatzeko, 2025eko abenduaren 31 baino lehenagoko fakturak onartuko dira, betiere 2021eko urtarrilaren 1aren ondorengoak badira.
5.– Justifikazio-epeak luzatu ahal izango dira, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, betiere Europako epeek horretarako aukera ematen badute.
8. artikulua.– Entitate onuradunen obligazioak eta bete beharreko baldintzak.
1.– Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek honako obligazio hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoez gain (finantzaketaren izaera publikoari zabalkunde egokia emateko neurriak hartzeari buruzkoa barne, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz):
– Eska daitekeen edozein obligazio, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
– Halaber, dirulaguntzaren onuradunak nahitaez onartu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoak edo entitateak funts horien kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak, bai eta Ekonomia Gaietarako Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta finantzaketaren ondoriozko beste kontrol-organo batzuei dagozkienak ere, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak zehazten duen bezala.
– Era berean, udal onuradunak informazioa emango dio Jarraipen Batzordeari, laguntza jaso duen proiektuaren garapenari buruz, batzorde horrek hala eskatuz gero.
2.– Halaber, egiaztatu behar dute, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dauzkatela zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua, honako hauetan ezarritakoa aplikatuz: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan.
3.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duen pertsonak edo entitateak aukera izango du uko egiteko organo kudeatzaileak dokumentu horiek lortzeari edo egiaztatzeari; kasu horretan, entitate eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
4.– Entitate onuradunak eskubidea du kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak ez aurkezteko, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz administrazio jardulearen eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko ere; azken kasu horretan, adierazi beharko du noiz eta zein administrazio-organori aurkeztu zizkion dokumentu horiek.
5.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako obligazio hauek egiaztatzeko:
a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
b) Entitate eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera.
c) Onuradun edo entitate laguntzaile izateko debekurik ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Berdintasun-plan bat indarrean izatea, Estatuko araudiaren arabera; 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera (III eranskina)
9. artikulua.– Entitate onuradunen obligazio bereziak, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari dagokionez.
Onuradunak, gainera, Europako eta Estatuko obligazio batzuk bete beharko ditu, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari dagokionez. Horrenbestez, obligazio hauek izango ditu:
a) «DNSH – Do Not Significant Harm» printzipioa (ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Exekuzio Erabakia, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decisión – CID); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (agindu horrek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eta hura garatzeko araudia eratzen ditu, proiektuen diseinuaren eta exekuzioaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka). Nolanahi ere, entitate onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta ezarpena ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.
b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, eta baldintzarik eta erreparorik gabe onartzea dirulaguntza eman duen administrazioak onartutako Iruzurraren Aurkako Neurrien Plana. Plan horren xedapenak bete beharko dituzte osorik, autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia zeharo errespetatuz, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, antzemateari eta zuzentzeari dagokienez, eta Europar Batasunaren finantza-interesen babesaz bertako erakundeek har ditzaketen erabakiekin bat etorriz.
c) Onuradunak dirulaguntza ematen duen administrazioari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, baina kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.
d) Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia emango zaie organo horiei, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Bermatzea entitateak badakiela finantzaketa hori Europar Batasuneko SEMetik datorrela eta ondorioz, bere gain hartzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren ondoriozko obligazio guztiak (Erregelamendu horren bidez ezarri zen SEMa), bai eta finantzaketa horri ezar dakizkiokeen erkidego edo nazio mailako gainerako arau guztien ondoriozkoak ere. Inguruabar hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da.
f) Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari berariaz baimena ematea Finantza Erregelamenduko 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko, eta Suspertze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiak behartzea; eta berariaz baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduko 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko eta funtsen azken hartzaile guztiei antzeko obligazioak ezartzeko.
g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak –dokumentu elektronikoak barne– zaintzea eta gordetzea –bost urtez edo, finantzaketaren zenbatekoa 60.000 euro edo gutxiago bada, hiru urtez–, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izan daitezen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
h) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezarritako komunikazio-obligazioak betetzea. Bereziki, inbertsioen jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak zein elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarkiak eta txertaketak, ziurtagiriak, etab.), honako logoak sartu beharko dira: a) Europar Batasunaren ikurra; b) Batasunaren ikurrarekin batera, jasotako finantzaketaren adierazpena jarriko da, honako erreferentzia honekin: «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana – Europar Batasunak finantzatua – NextGeneration EU». Europar Batasunaren enblema desberdina eta bereizia izan beharko da, eta ezingo da aldatu bestelako ikus-marka, marka edo testuak gehituz. Gauzatutako jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurri horiek informazio-karteletan, plaketan, argitalpen inprimatuetan eta elektronikoetan, ikus-entzunezko materialean, webguneetan, prentsako iragarki eta txertaketetan, ziurtagirietan eta abarretan sartuko dira. Informazio-kartel eta plaka guztiak edonork ondo ikusteko moduko leku batean jarri beharko dira. c) 821/2014 Exekuzio Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafiko eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan. Komunikazio-obligazioei buruzko jarraibideak erantsi dira VIII. eranskin gisa.
i) Beren identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
j) Diruz lagundutako jardueren exekuzioaren fidagarritasunaren eta jarraipenaren arduradunak izatea, jarduketa bakoitzaren lorpen-maila uneoro jakin ahal izateko. Hirugarrenek garatu beharreko jarduketak izanez gero, aurreikusitako jarduketak lortuko direla ziurtatzeko mekanismoak ezartzea eta hirugarren horiek, dagokienean, Suspertze Planaren nahitaezko adierazle, zedarri eta helburuen balioa zehazteko beharrezko informazioa ematea.
k) Inplikatutako administrazio publikoek elkarri datuak lagatzea onartzea, aplikatzekoa den Europako araudian aurreikusitakoa betetzeko, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta funtsen azken hartzailearen identifikazioa arautzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluarekin bat etorriz (informazio hori eskuragarri egon beharko da irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluaren arabera). Hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluaren garapen gisa egingo da.
l) Honako hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko konpromisoa hartzea: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesteko abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua. Proiektua amaitu ondoren ere, obligazio horrek indarrean jarraituko du.
10. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Dirulaguntza, bertan xedatutakoak ez ezik, arau hauetan xedatutakoak ere arautuko du:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
b) Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko.
c) HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena.
d) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarriak eta helburuak betetzen ote diren kontrolatzeko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen V. kapitulua.
f) 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzekoa.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
h) 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
i) 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra erregulatzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena.
j) HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa.
k) Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko Ebazpena, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakia argitaratzen duena, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programarako kredituen lurralde-banaketaren proposamena onartzen baita.
l) 297/2002 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak arautzen dituena, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.
m) 215/2004 Dekretua, azaroaren 16koa, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena. Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.
n) Agindu hau ez dago Estatuko Laguntzen araubidearen mende.
2.– Hauek ere aplikatuko dira:
a) Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren martxoaren 1eko 30/2022 Ebazpenaren bidez argitaratutakoa (2022ko martxoaren 4ko EHAA, 46. zk.).
b) Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakia, «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana» onartzen duena, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hori argitaratzeko emandako apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren bidez argitaratutakoa (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk.).
c) Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko Ebazpena, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakia argitaratzen duena, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programarako kredituen lurralde-banaketaren proposamena onartzen baita.
d) Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2022ko abenduaren 28ko Ebazpena, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2022ko abenduaren 13ko Erabakia argitaratzen duena. Erabaki horren bidez, autonomia-erkidegoek Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berriekin eskolatzea bultzatzea (batez ere, 1 eta 2 urteko haurrentzat) helburu duen Programarako kudeatutako kredituen lurralde-banaketaren proposamena eta banaketa-irizpideak onartzen dira, 2022ko aurrekontu-ekitaldian, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan («Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne»).
e) Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 19ko Ebazpena, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 13ko Erabakia argitaratzen duena. Erabaki horren bidez, Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berriekin eskolatzea bultzatzea (batez ere, 1 eta 2 urteko haurrentzat) helburu duen Programarako kredituen lurralde-banaketaren proposamena onartzen da, 2023ko aurrekontu-ekitaldian, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan («Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne»).
11. artikulua.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoa.
Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak kudeatuko du dirulaguntza.
12. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz egingo ditu dirulaguntza hauen kudeaketarako izapide guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatua betez.
2.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Deialdi hau osatzen duten eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https: //www.euskadi.eus/zerbitzuak/1240801.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –zuzenketak, justifikazioak eta errekurtsoak barne– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
13. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuetatik jaso dezakete laguntza, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak dagoeneko finantzatzen duen kostu bera.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, isolatuta edo beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua (% 100) baino handiagoa, Dirulaguntzei buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluaren, HFP/1030/2021 Aginduaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari dagozkion funtsei buruz garatzen den beste araudi baten arabera.
Gastu baterako dirulaguntza edo laguntza bat baino gehiago jasoz gero, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, bai eta dagokion berandutze-interesa ere (DLO, 37.3 artikulua.).
2.– Nolanahi ere, dirulaguntzaren onuradun den udalak entitate emaileari jakinarazi beharko dio beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituen, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.d) artikuluan adierazten den moduan.
14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, dokumentazioa eta epeak.
1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1240801. Udal bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, bere titulartasuneko haur-eskola guztietan egindako obrak barne hartzen dituena.
2.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute eskabidea, bai eta gainerako dokumentuak ere. Era berean, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Oinarrizkoa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa).
3.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Eskabidearekin batera (IV. eranskina) dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) 2021-2022, 2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan helburu bererako eskatu eta/edo jasotako laguntzen zerrenda (V. eranskina).
b) Proiektuaren aurrekontu osoa eta zehaztua, kontzeptuka banakatua, aurreikusitako gastu eta diru-sarrera guztiak jasotzen dituena, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta.
c) Ikastetxeetan sortu berri diren plaza publikoen zerrenda (VI. eranskina).
d) Obra hasteko eta amaitzeko aurreikuspena (VII. eranskina).
5.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, dirulaguntzaren finantzaketa Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datorrenean.
Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Onuradunaren eta, dagokionean, azpikontratisten benetako titulartasunaren identifikazioa. Identifikatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/849 (EB) Zuzentarauaren 3. artikuluaren 6. puntuan xedatutakoa beteko da, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluari dagokionez.
Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluak aipatutako egiaztapenaren arabera, eskatzaileren baten benetako titulartasunaren daturik ez baldin badago, administrazioak eskatutako datuak 5 egun balioduneko epean aurkezteko galdatuko da. Informazio hori ezarritako epean entregatzen ez bada, prozeduratik kanpo geratuko da.
b) Benetako titulartasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/849 (EB) Zuzentarauaren 3. artikuluko 6. puntuaren arabera, dirulaguntza honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
c) Jarduera ekonomikoak garatzen dituen entitate onuradunak, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluaren arabera, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako enpresarien, profesionalen eta atxikitzaileen erroldan edo Zerga Administrazio Foralaren errolda baliokidean izena emanda dagoela ziurtatuko du, eta errolda horretan, laguntza eskatu duen egunean garatzen duen jarduera ekonomikoa islatu behar du.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunak dirulaguntza honetako I. eranskinean jasotako inprimakiaren arabera behar bezala beteta, hau adierazten duena: egokitzen dela «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipiora («Do not significant harm – DNSH» printzipioa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6. apartatuari jarraikiz, bai eta, hala dagokionean, etiketatze klimatiko (% 0) eta digitalera (% 0) ere, Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitakoaren arabera.
e) Interes-gatazkarik ezaren adierazpena, dirulaguntza honen I. eranskinaren arabera.
f) Iruzurraren aurkako politikara atxikitzeko eta hura ezagutzeko erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza honen I. eranskinaren arabera.
g) Finantzaketa bikoitzik izan ez dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza honen I. eranskinaren arabera.
h) Auditoriak egiteko eta funtsen erabilera kontrolatzeko asmoz eta indarrean dagoen araudiaren arabera administrazio publiko inplikatuen artean datuak lagatzea onartzeko adierazpena, dirulaguntza honetako I. eranskinaren arabera.
i) SEEP–NextGenerationEUn ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, kudeatu beharreko esparruari eragiten badiote, dirulaguntza honetako I. eranskinaren arabera.
j) Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiaren, Europako Fiskaltzaren eta Estatuko agintaritza eskudunen sarbiderako berariazko baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Finantza-Erregelamenduaren 129. artikuluan xedatutako eskumenak balia ditzaten (II. eranskina).
15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura. Deialdia.
1.– Dirulaguntza emateko, lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura erabiliko da, betiere publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak bermatzen badira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabideak eta horiekin batera doazen dokumentuak aztertuko ditu.
Aurkeztutako eskabideak edo dokumentazioak oinarri hauetan edo deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, osatu gabe badago edo zuzen daitezkeen akatsak baditu, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko, hamar egun balioduneko gehieneko epe luzaezinean. Hala egiten ez badu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
3.– Instrukzio-organoak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamena egiteko.
4.– Zuzentzeko izapidea bete ondoren (halakorik egin behar bada), instrukzio-organoak datu egokiak lortuko ditu, eta datu horiek kontuan hartuko dira udal bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Hori kudeatzeko, Haur Hezkuntzako lehen zikloko etapan sortutako plaza berrien kopurua hartuko da kontuan.
5.– Eskabideak deialdi honen oinarrien arabera ebaluatu ondoren, ebazpena emango da.
16. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Instrukzio-organoak emango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko behin-behineko ebazpena. Ebazpen hori banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie udalei.
Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari, 10 eguneko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpena Hezkuntzako sailburuordeak emango du, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteko epean. Ebazpen hori banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie udalei, eta emandako dirulaguntzak EHAAn argitaratuko dira, jendeak horren berri izan dezan.
4.– Epea amaitu eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.
5.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.
17. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko edo ukatzeko kontuan hartutako baldintza objektiboak eta subjektiboak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde edo pertsona publiko edo pribatuetatik –estatukoak zein nazioartekoak– dirulaguntzak lortzen badira –edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Emateko edo ukatzeko ebazpena aldatzeko prozedura ebazpena eman zuen organoaren erabakiz hasiko da beti, bere ekimenez edo entitate onuradunak eskatuta.
3.– Laguntzaren emate-ebazpena aldatzeko, espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea egin behar da aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusten den bezala.
18. artikulua.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen Batzorde bat eratuko da.
2.– Jarraipen Batzordeak, berak erabakitako prozeduraren arabera, betetze-mailaren ikuskapena egin ahal izango du.
3.– Horretarako, Jarraipen Batzordeak, 6. artikuluan aurreikusitako ordainketak egin aurretik (bereziki, bigarren ordainketa), udalek eskabideekin batera emandako datuak aztertu ahal izango ditu, eta, hala badagokio, agindu zitzaizkion eginkizunetarako beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du. Dokumentazio horren arabera, dagokion txostena egin ahal izango du. Txostena Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari bidaliko zaio, azken ordainketa egin dadin, betiere oniritzia ematen bazaio. Nolanahi ere, txosten hori udal bakoitzaren esku geratuko da.
4.– Eratuko den Jarraipen Batzordea honela osatuta egongo da:
– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa; batzordeburua izango da.
– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.
– Next Generation Europako Funtsen teknikari bat.
5.– Jarraipen Batzordea osatuko duten pertsonen izen-abizenak egoitza elektronikoan argitaratuko dira, ebaluazio-lanak hasi aurretik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errefusatze-eskubideak baliatzen direla bermatzeko.
19. artikulua.– Jasotakoa itzultzea, ez-betetzeagatik.
1.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoak izango dira dirulaguntza –osorik edo zati bat– itzultzeko kausa, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei buruzko bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoak ere.
Halaber, aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak gainditu egiten dituela benetan egindako gastuak, dirua itzultzeko egoki den prozedura abiaraziko da.
2.– Agindu honetan eta ezar daitezkeen gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirulaguntza eta dagozkion berandutze-interesak ordaindu beharko dira, ez-betetzearen berri izaten den unean, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorreko 77. artikuluan xedatuaren arabera.
3.– DNSH printzipioak, etiketatze klimatikoari buruzkoak edo bederatzigarren artikuluan jasotako baldintzak («onuradunen obligazio bereziak, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari dagokionez») betetzen ez badira, onuradunak ordura arte jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei buruzko bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da eta horren kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira.
4.– Jasotako kopuruak itzultzeko obligazioa ere ezarriko da, baldin eta mugarri eta helburuak, egutegia, interes-gatazken aitorpena edo SEEP–Next Generation EUren araudiarekin zerikusia duten bestelako alderdiak betetzen ez badira, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 7. artikuluko zazpigarren arauan eta Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Kontuan izango da, halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
5.– Inola ere ezingo da aldatu dirulaguntzaren zertarakoa edo xedea, ez eta emandako laguntzarekin lortu nahi diren helburuak ere; ezin izango da aldatu dirulaguntzari dagokion jarduera, jarduketa edo portaera, eta ezingo da handitu dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza emateko ebazpenean agertzen dena. Aldaketak ezingo du eraginik izan onuradunak proposatu edo eskainitako alderdietan, dirulaguntza alderdi horien ondorioz eman bada.
6.– Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezkoa den informazioa jasoko da, itzulketa egiteko obligazioa bete ahal izateko, legezko diruz edo txekez edo Hezkuntzako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango da, dirua itzultzeko obligazioa ezartzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
7.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
8.– Behin dirulaguntza itzultzeko prozedura hastea erabakita, organo emaileak, kautelazko neurri gisa, erabaki dezake –bere ekimenez, Europako Batzordearen erabakiz edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak proposatuta– Administrazioak emandako beste dirulaguntza batzuk direla-eta onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak etetea, baina inola ere ez da gainditu behar dirulaguntza itzultzeko espedienteari hasiera emateko proposamen edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa –ordura arte sortutako berandutze-interesak barne–, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9.– Era berean, Agindu honetan, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzeko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikulua aplikatuko da.
20. artikulua.– Etiketatze berdea eta digitala.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren arabera (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 21.I1 osagaia), jarduketa horrek ez dio ekarpenik egiten trantsizio ekologikoari («etiketatze berdea»: % 0) ezta digitalari ere («etiketatze digitala»: % 0).
Ondorioz, diruz lagundutako entitateek ez dute inolako baldintza espezifikorik bete behar etiketatzeari dagokionez.
21. artikulua.– Iruzurraren, ustelkeriaren eta interes-gatazken arriskua prebenitzea.
1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta inolako erreparorik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez onetsitako planaren baldintzak («Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana»). Dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak edo deialdia idazten dituzten langileek, eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek, baita jarduketa horietan Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematen dioten entitate pribatuetako pertsona fisiko guztiek ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu behar dute.
2.– Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan adierazitako ondorioetarako, bertan ezarritako prozedurak aplikatuko dira.
Gainera, Agindu hori betetzeko, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak Interes-gatazkarik ezaren adierazpen berariazkoa sinatu beharko du, Agindu horrek arautzen duena eta I. eranskinean jasotzen dena. Gainera, eragiketaren arduradunak balizko interes-gatazka egiaztatzeko prozesua egin beharko du, HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozesu horretan bandera beltz bat edo gehiago antzematen badira, HFP/55/2023 Aginduaren 7. artikuluan xedatutako prozedura jarraitu beharko dute.
3.– Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes-gatazkarik ezaren adierazpena ere beteko dute, oinarri hauetako I. eranskineko ereduarekin bat etorriz, hala egin behar dela ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 61.3 artikuluan (Finantza Erregelamendua) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan.
4.– Interes-gatazka eragin dezakeen kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute parte hartuko prozeduretan. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da. Hori guztia egingo da, hargatik eragotzi gabe HFP/55/2023 Aginduan kasu zehatzetarako ezartzen den prozedura berezia.
5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan arituz (III. maila), auditoria espezifikoak egin ditzake interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurri egokirik ote dagoen ikusteko.
6.– Interes-gatazka bat hautematen denean, kasuan kasuko legezko arau eta barne-erregelamendu aplikagarrien araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkaren egoeraren berri eman beharko da gardentasun-printzipioa betetzeko.
22. artikulua.– Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren erakunde betearazleak.
1.– Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan eta HFP/1031/2021 Aginduan ezarritakoaren arabera, hau da entitate betearazlea: dagozkion eskumenen barruan birgaitzeen eta inbertsioen proiektuak edo azpiproiektuak bete behar dituen entitatea, entitate erabakitzailearen irizpide eta jarraibideekin bat etorriz.
2.– Tokiko eremuan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren entitate betearazleak dira Toki-araubideen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3. artikuluan adierazitako toki-entitate guztiak, azpiproiektu bat esleituta badute; hau da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko ekintzaren bat egiteko funtsak jaso badituzte, erabilitako tresna juridikoa dena delakoa izan arren.
3.– Aurrez esandakoaren ondorioz, entitate onuraduna, entitate betearazlea ere badenez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren COFFEE plataforma kudeatzearen arduraduna izango da.
23. artikulua.– Jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.
1.– Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 61.3 artikuluaren arabera, onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela Estatuko Aurrekontu Orokorretan Europako funtsak kudeatzeko berariaz esleitutako kredituen kontura aurrez emandako beste edozein mailegu edo aurrerakin itzultzeko obligazioen ordainketak. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari dagokio baldintza horiek betetzen direla egiaztatzea ordainketa egin aurretik, eta tokiko entitate onuradunaren ziurtagiria eskatuko du ondorio horretarako, beste era batera egiaztatu ezin bada.
2.– 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB; Euratom) Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Planeko funtsak jasotzeko, idatzizko konpromiso bat aurkeztuko da beharrezko eskubide eta sarbide guztiak emanaz, Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintari eskudunek kontrol-gaitasunak balia ditzaten bermatzeko.
3.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko ezarritako baldintzak bete direla eta aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 20/2023 Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritako prozedurak erabiliko dira, eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluan aurreikusitako neurri bereziak aplikatuko dira, bai eta, hala badagokio, Europar Batasuneko araudi aplikagarria ere.
4.– Entitate onuraduna zenbait egiaztatze-jardueraren mende egongo da: dirulaguntza ematen duen administrazioak egindakoen, Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolekoen, eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende, bai eta Batzordeak eta Europako Erkidegoetako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Estatuko Auditoretza Bulegoak eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzak egin ditzaketenen mende ere.
5.– Edonola ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo da dirulaguntza, eta baita ere, barne-araudian eta Europar Batasunekoan EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezarritako obligazioen mende, nahitaez aplikatzekoak badira (informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari buruzko obligazio espezifikoak eta gainerako obligazioak).
6.– Zehazki, dirulaguntza ematen duen Administrazioak datuen kategoria harmonizatuak bilduko ditu, formatu elektronikoan, Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriekin lotutako funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2 d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.
7.– Entitate onuradunak finantzaketari buruzko egiaztagiriak eta gainerako agiriak formatu elektronikoan gorde beharko ditu operazioa egin eta bost urteko epean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako moduan («Finantza Erregelamendua»).
8.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza izango da jarraipena egiteko organo eskuduna, dirulaguntzaren xedea betetzen dela bermatzeko.
24. artikulua.– Datuen babesa. Oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Ikastetxeen eta plangintzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: dirulaguntzak ematea 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur-eskolen titular diren EAEko udalei, arte plastikoetako eta musikako ikastegiei, irakaskuntza-kooperatibei, ikasleen guraso-elkarteei (IGE) eta horien federazio eta konfederazioei, eta Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteei.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
• Ekonomia eta Ogasun Saila.
• Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
• Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioa.
• Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa.
• Europako Batzordea.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena (boe.es)
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
Era berean, dirulaguntza honen entitate onuradunek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek prozedura-gaietan arautzen ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Baimena ematen zaio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, Agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 19a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.