64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (461 KB - 59 orri.)
- EPUB (2734 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1564
AGINDUA, 2024ko martxoaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita 2024ko ekitaldirako laguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko (Erein programa).
Nekazaritzako Politika Erkidea (NPE) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez.
NPEren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetu eta betearazleekin batera, 2023-2027 aldian NPE aplikatzeko oinarriak finkatzen dituzte eta aplikazioa bera arautzen dute, balizko luzapenak eragotzi gabe.
Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPEren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dituena.
Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 Erregelamendua (EB), honako hauek aldatzen dituena: 1308/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 Erregelamendua (EB), nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 251/2014 Erregelamendua (EB), mahastizaintza eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizio, deskribapen, aurkezpen, etiketatu eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-sektorean Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.
NPE berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurreko NPEren funtsezko elementuei eutsiko die, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, emaitzok hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatzen dira, jasangarritasunaren hiru zutabeetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritza-sektorea modernizatzea landa-eremuetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.
2023-2027 aldiko NPEren berrikuntza nagusietako bat da estatu kide guztiek eduki behar dutela NPEren Plan Estrategiko bakarra. Plan horretan, NPEren helburuak eta Europako Itun Berdearen jomugak lortzeko egingo diren laguntza-arloko esku-hartzeak jasoko dira.
Ildo horretan, hiru urte inguruko lan-prozesu baten ondoren, 2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEren Plan Estrategikoa (NPEPE) onartu zuen, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez. Lan-prozesu hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koordinatu zuen, eta autonomia-erkidegoek parte hartu zuten, bai beharren diagnostikoaren eta analisiaren hasierako fasean, bai estrategia artikulatzeko eta esku-hartzeak diseinatzeko ondorengo fasean.
Plan hori lehen aldaketa bat egin zaio, Batzordearen 2023ko abuztuaren 30eko erabaki exekutiboaren bidez onetsita. Hori dela eta, Espainiako 2023-2027 aldiko NPEren Plan Estrategikoa aldatu zen, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren finantzatutako Batasunaren laguntzarako (CCI: 2023ES06AFSP001).
NPEPE horretan jaso dira bai lehen oinarriaren esparruan programatutako laguntza-arloko esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEFk finantzatutakoak), estatu mailan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren oinarriko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENFk batera finantzatuta), maila autonomikoan inplementatu eta garatzen direnak, kasuan-kasuan ezarritako eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera. Horren ondorioz, EAEren kasuan, NBEFko esku-hartze sektorialez eta zuzeneko ordainketen bidez egindako esku-hartzeez gain, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).
Bigarren oinarriaren eremuan EAEn programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartze horien artean dago diruz lagundu nahi den landa-eremuetako oinarrizko zerbitzuetako inbertsio ez-produktiboei buruzkoa.
Horregatik, NPEPEn xedatutakoaren babesean eta NPEren eremuan aplikatu beharreko estatu-arauak betez, egokia da esku-hartze horietarako laguntzen bigarren deialdia antolatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.
Era berean, hauxe da Landa Ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen xedea: EAEko landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak orientatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerakoarekiko berdintasunean egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialdearen garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez.
Agindu honen bidez egiten den deialdiko laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta, (www.euskadi.eus), sailari eskainitako eremuaren barruan, eta «Planak eta proiektuak» atalean. Gainera, laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Esku-hartze honen bidez finantzatzen diren operazioek ez dute estatu-laguntzen araudia bete behar; izan ere, inbertsio publikoak dira, interes orokorrekoak tokiko komunitateentzat, eta ez dute eragin nabarmenik sortzen EBko merkatuaren lehian, tokiko/eskualdeko irismena dutelako.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, kalterik egin gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan.
Hori dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2024. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko erakunde publikoei zuzendutako laguntzen oinarriak (EREIN programa), 2023-2027 aldiko NPEPEren «Inbertsioak landa-eremuko oinarrizko zerbitzuetan» esku-hartzearen barnean. Agindu honen I. eranskinean daude jasota laguntza horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 5a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARÁNZAZU TAPIA OTAEGUI.