64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (312 KB - 23 orri.)
- EPUB (363 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
1561
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bidez, argitara ematen da enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2024ko dirulaguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2024ko dirulaguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2024ko dirulaguntzen deialdia, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Ohartaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO 2024KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
Tokiko esparrua aproposa da ekoizpen-aukera berriak hautemateko, eta, beraz, enplegu-politikek, haien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izan behar dute tokiko dimentsioa, eta lurralde bakoitzeko beharretara egokituta egon behar dute. Hori horrela, aukera horiek baliatzen lagunduko duten jarduerak sustatuko dituzte, eta esparru horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduera bultzatzeko ekimenak landuko, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean aurreikusten den eran.
Ildo beretik, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian definitutako lan-merkatuaren eredu berriak, besteak beste, lurralde-orekaren printzipioa du oinarri, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Deialdia honako honetan sartzen da: 4.4 gako estrategikoa, «Enpleguaren arloko aukera-berdintasuna beste kolektibo zaurgarri batzuentzat».
Urriaren 16ko 3/2011 Legeak, besteak beste, eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko toki-erakundeekin lankidetzan.
Eginkizun horien jardunean, eta 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.
Lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeen artean askok eta askok lortu dute enplegua, eta emaitza on horiek kontuan hartuta, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (hots, Lanbidek aurreko ekitaldietan onartutako deialdietan), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2024-2025eko aldirako. Eta horretarako, hemeretzi milioi ehun eta berrogeita zortzi mila bederatziehun eta hogeita hamasei euroko funtsa bideratuko da.
Gainera, deialdiak ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak. Horrela, Eustaten 2023ko hirugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 6 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 67,43koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,41ekoa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.
Nahiz eta abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak (lan-erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzkoak) kontratazio mugagabea orokortzen duen, enplegurako aktibazio-programetara lotutako kontratuen berezitasuna aurreikusten du, kontratu horiek administrazio publikoek, eta, hala badagokio, irabazi-asmorik gabeko erakundeek egin dituztenean eta horien iraupena gehienez ere 12 hilabetekoa denean. Gainera, martxoaren 22ko 5/2022 Errege Lege Dekretuak, jarduera artistikoetan eta jarduera tekniko eta osagarrietan aritzen direnen lan-harreman bereziaren araubidea egokitzen duenak, beste helburu batzuen artean, jasotzen du iraupen mugatuko ad hoc kontratu bat arautzea, berme eta segurtasun juridikoarekin estaliko dituena bai sektorearen berezitasunak bai kontratuen iraupena.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2024ko martxoaren 19ko saioan, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2024ko laguntzen deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:
1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.
Deialdiaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei laguntzak ematea, enplegua sortzeko proiektuak abian jar ditzaten. Proiektu horiek eragina izan behar dute beren jardun-eremuko lurraldearen garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan, eta modu orekatuan eskaini behar dituzte enplegu-aukerak EAEko eskualde guztietan; betiere, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat etorrita eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa beteta.
Deialdi honen azken xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabetuen enplegagarritasuna hobetzea.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.
1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagun daitezke diruz, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egindakoak eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua dutenak.
Tokiko enplegu-proiektuei udalerrika edo mankomunitate, kuadrilla edo udalerri-talde bateko kide gisa emango zaie dirulaguntza. Horretarako, udalerrien gehiengoak edo taldeko biztanleen gutxienez % 51k adostu beharko dituzte proiektuok, 2024ko urtarrilaren 31n indarren den udal-erroldaren berrikuspenaren arabera (zeina dagokion udalean egongo baita). Gainerakoan, eskabidea egiten duen erakundeak egiaztatu beharko du adostasun hori.
2.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Artikulu honetako 4. apartatuan deskribatutako ekintza-motakoak izan behar dute.
b) Ez dute gainditu behar deialdi honen II. eranskinean udalerri edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua.
c) Bere jarduketak (enpleguaren sustapenerako kontratazioak edo toki-erakundeek kontratazioan laguntzeko egindako deialdien oinarrien argitalpena) deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo eguna eta 2024ko abenduaren 31 bitartean hasiko dira, eta bukatu, berriz, 2025eko ekainaren 30ean, beranduenez.
Enplegua sustatzeko proiektuetan (1. mota), beren ezaugarriak direla-eta zenbait fasetan egin behar badira, aurreko paragrafoan ezarritakoa, jardueren hasierari buruzkoa, aplikatuko da derrigorrez hasierako faserako, eta ondorengo faseen kontratazioak 2024ko abenduaren 31ren ostean egin ahal izango dira, baldin eta hala justifikatzen badu eskabidea egiten duen erakundeak eta horretarako baimena ematen badu Lanbidek, dirulaguntza emateko ebazpenean.
3.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso deialdi honen babesean, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.
Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.
4.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:
4.1.– Enplegua sustatzea (1. mota)
4.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua langabetutako pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.
Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek edo haien mendeko erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere EAEko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen erroldan izena emanda badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 31. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, hirugarrenekin hitzartutako jarduera, zeina % 100ekoa izan ahal izango baita, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.
Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu.
4.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:
a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.
b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.
c) Toki-erakundeek ezingo dute kontratatu erakunde berak aurretik kontratatu dituen pertsonak 2023ko ekitaldirako enplegu-sustapeneko toki-ekintzetarako laguntzen deialdietan edo 2023ko ekitaldirako EAEko EGF Plus 2021-2027 programa operatiboaren esparruan toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan. Hala dela egiaztatu beharko du erakunde kontratatzaileak, eta erantzukizunpeko adierazpen bidez akreditatuko du.
d) Kontratuek hiru hilabete iraungo dute, eta enplegu-politika aktiboko programei loturiko kontratuen bidez formalizatuko dira (405/505 kontratu-kodea).
Diruz lagunduko da artikulu honen 2.c) puntuan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2025eko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.
e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.
f) Kontratatutako pertsonak langabetuak izan beharko dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa altan egon, bai hautagaitza dena delako enplegu-eskaintzatara bidaltzen duten momentuan bai kontratua hasteko egunaren biharamunean.
g) Kontratatutako pertsona dirulaguntzaren eskarian aipatzen den eremu geografikoan bizi beharko da.
4.1.3.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamar egun balioduneko epean, eta «LPE-2024» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.
4.2.– Kontrataziorako laguntzak (2. mota).
4.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte tokiko erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.
Ondorio horietarako, dagokion toki-erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.
Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:
a) Kontratu mugagabeen modalitatearen bidez formalizatu ahal izango dira kontratuak, bai eta ikuskizun publikoetako artisten eta teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuen bidez ere; halakoetan, gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da.
b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta alta-egoeran egotea, eta kontratua hasteko bezperan langabea izatea.
d) Kontratatutako pertsonak dirulaguntzaren eskabidean aipatzen den eremu geografikoan bizi behar du.
e) Toki-erakundeak dirulaguntza ebazten duenean egin beharko ditu kontratazioak.
4.2.2.– Diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 6 hiletan enpresak batez beste duen langile-kopuruari begira. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean. Eskakizun hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, heriotza, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lanaldia borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia. Toki-erakundeak egiaztatu eta ziurtatu beharko du hori.
4.2.3.– Ez dira diruz lagunduko:
– Honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.
– Enpresa berak kontratatzea langile bera, baldin eta aurreko deialdietan dirulaguntza jaso badu.
4.2.4.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko zenbakietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.
Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (baldintzak bete direla egiaztatzeko, esaterako diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio toki-erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.
Toki-erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.b) artikuluan jasotako berak izango dira.
4.2.5.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio, eta hasierarako baimena eskuratu behar da.
3. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 19.148.936 eurokoak dira, horietatik 10.148.936 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 9.000.000 euro 2025eko konpromiso-kreditukoak.
Emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu zenbateko hori.
2.– Zenbateko hori eskualdeen eta udalerrien artean banatuko da, 2024ko otsailean langabezian dauden biztanleen arabera, eskualde bakoitzeko gutxienez 75.000 euroko zenbatekoan.
3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntzen aurrekontua deialdi honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko da.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.
4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta proiektuen mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:
a) Enplegua sustatzeko ekintzak (1. mota).
Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.
Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak, kontzeptu guztien zioz gizarte-segurantzarako egindako kotizazioa barne dela (toki-erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.
b) Kontrataziorako laguntzak (2. mota).
b.1.– 8.000 euroko laguntza, lanaldi osoan lan egindako kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.
Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 75 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.
b.2.– Ekitaldi publikoetako artista eta langile tekniko eta osagarrientzako iraupen mugatuko eta lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 75 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.
b.3.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:
– DSBE/BGDSren titularrak edo onuradunak.
– 35 urtetik beherako pertsonak.
– Luzaroko langabeak. Iraupen luzeko langabetutzat jotzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden eta iraupen luzekoak diren langabetuak, kontratazioaren data baino lehenagoko 540 egunetan gutxienez 360 egunez egoera horretan egon badira.
– 55 urtetik gorako pertsonak.
Laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko eta 7.500 eurokoa iraupen mugatuko kontratu bakoitzeko, sei hilabeteko epean edo luzaroagoan lanaldi osoan ikuskizun publikoetan artista, teknikari edo laguntzaile direnentzat. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lan egindako lanaldiaren proportzionala izango da.
Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 100 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.
b.4.– Dirulaguntzen zenbateko guztiak % 10 haziko dira, kontratuak emakumeekin egiten direnean. Dirulaguntzaren amaierako zenbatekoak, igoera horiek aplikatzean, ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata-kostuen % 100 baino handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.
b.5.– Toki-erakundeak egiaztatu eta ziurtatuko du kontratu mugagabeen jarduera jarraituaren iraupena gutxienez 12 hilabetekoa dela.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak, udalerri-taldeak, kuadrillak edo mankomunitateak, bai eta horien mendeko toki-garapeneko agentziak ere, baldin eta nortasun juridikoa badute.
2.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeak direnean, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Kasu guztietan, taldeko ahaldun bat izendatu beharko dute, eta onuraduna den aldetik taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar adina ahalorde emango diote ahaldun horri. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epea, legez aurreikusitakoa, igaro arte.
3.– Ez dira dirulaguntzen onuradun izango bi erakunde desberdin, proiektuak udalerri berean edo beretan garatzeko badira. Dirulaguntza, lehentasunez, mankomunitateak, kuadrillak, udalerri-taldeek edo udalerriek berek eskatu ahal izango dute, edo toki-garapenerako agentziak. Eskabidea toki-garapenerako agentziak aurkezten badu, agentzia horrek berak proiektuak betearazteaz gain, egiaztatu egin beharko du proiektu horien eragina jasotzen duten udalerrien adostasuna.
4.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik jaso ez izana, edo zigorra jaso ez izana prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen erabilera bidegabea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak direla-eta.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
f) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
g) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.
– Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo baten bidez.
h) Ez izatea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien eta legez ezarri zaien kausarik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, baldin eta Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa bada.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehapenik ez jasotzea, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasunen bat duten pertsonei lanpostuak gordetzeko legezko kuota betetzea edo, hori egin ezean, bestelako neurriak hartzea.
5.– Artikulu honetan aurreikusitako baldintzak, 4. paragrafoko e) paragrafoan adierazitakoak izan ezik, eskaera-inprimakiaren parte den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskaerak bide elektronikotik aurkeztu eta izapidetuko dira.
Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1009215
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
2.– Eskabidea proiektua sustatzen duen udalerriari dagokion mankomunitateak, kuadrillak edo udalerri-taldearen ahaldunak aurkeztu ahal izango du, edo zuzenean udalerriak berak. Inola ere ezin izango da jarduera bera eskabide batean baino gehiagotan sartu.
Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, haien ahaldunak aurkeztuko du eskabidea.
3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskualde-mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, eskabidean zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.
Enplegua sustatzeko proiekturen bat (1. mota) hainbat fasetan egin behar bada eta faseren batean kontratazioak egin behar badira 2024ko abenduaren 31 baino lehen, horretarako baimena lortu ezean kontratua gauzatzea ezinezkoa dela egiaztatu beharko da.
Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, aipatu beharko da zer udalerri konprometitzen diren proiektua betearazteko.
Edonola ere, memorian berariaz aipatu beharko da 2. artikuluko 4.1.2 apartatuko a) eta b) hizkietan ezarritakoa betetzen dela.
b) Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.
c) Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan-kasuan, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.
4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko zenbakian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.
1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.
2.– Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, lehiaketa ez bezalakoa. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.
Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, bat etorriz deialdi honen 3. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2024ko urtarrilean, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.
Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honetan aurreikusitakoaren arabera emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:
a) Lehenik, % 53 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2024ko aurrekontuaren kontura.
b) Bigarrenik, gainerako % 47a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2025. urteko aurrekontuaren kontura.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Ordainketa bakoitza egiteko momentuan, entitate onuradunak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4 artikuluarekin (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Proiektuak amaitu ondoren, dirulaguntzen toki-erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:
a) Jardueraren amaierako memoria, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:
– Gauzatutako ekintzen deskribapena.
– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen.
– Pertsona hauei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita: dirulaguntzen proiektuetarako kontratatutako langabeak; erakunde onuradunen titularrak eta haien langileak; eta enplegua sustatzeko jarduketak (1. mota) gauzatzen dituzten erakundeetako langileak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).
b) Enplegua sustatzeko jarduketetarako (1. mota), agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
c) Enplegua sustatzeko proiektuen kasuan (1. mota), irabazi asmorik gabeko erakundeek egin badituzte, honako hauek aurkeztu beharko dira:
i) Negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren edo kontratuaren kopia, proiektua egikaritzean beteko dena.
ii) Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen erroldako inskripzioaren ziurtagiria.
iii) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudelako egiaztagiria.
d) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 2. artikuluko 4.1.2.c) apartatuan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.
e) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/esku-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako ekintzek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.
2.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.
3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.
4.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira edo aurreneko hamabi hilabeteetan tokiko enpresek egindako kontratu mugagabeen kasuan (2. mota), itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, betiere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.
5.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeetako kideek nahitaez bete beharko dituzte beren izenean egindako jarduerak justifikatzeko baldintzak.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Lan eta Enplegu Sailaren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.
c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapideetan badago, horren berri ematea.
g) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan.
– Enplegua sustatzeko ekintzei dagokienez (1. mota), hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.
– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan jasotako enplegua sustatzeko proiektuen (1. mota) dirulaguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
Toki-erakundeek edo horien mendeko erakundeek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.
2.– Kontrataziorako laguntzak (2. mota) bateraezinak izango dira kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntza ororekin, salbu eta Gizarte Segurantzak emandako hobariekin eta 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurekin. Onura horiek langabeziatik babesteko sistema erreformatzeko eta lan-aukerak areagotzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legearen bosgarren xedapen iragankorraren 4. zenbakian ezarri dira enpresentzat.
12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.
2.– Emandako dirulaguntza aldatzekotan:
a) Ezingo du izan laguntza handiagoa emateko.
b) Ezingo du izan erakunde onuradunak hala nahi duelako.
c) Ezingo die hirugarrenei kalterik eragin.
3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.
13. artikulua.– Babesletza.
1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio aurretik hari, eta horietara gonbidatu. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio betebehar hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatu bada. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.
b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14, 27 eta 42. artikuluak), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu egin dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, baita jasotako kopuruak eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskadiko Ogasun Nagusiari itzuli behar zaizkiola xedatu ere, zenbaturik -interesak- dirulaguntza ordaindu zenetik harik eta itzulketa erabaki den egunera arte edo zordunak itzulketa egin duen egunera arte (lehenago eginda baldin badauka), baina bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan ezarri bezala.
Zenbateko horiek zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.
15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hori hasiz gero, hala badagokio, ordaindu gabe daudenak ordaintzeari utziko zaio.
2.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.
4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
5.– Udalerri-talde bat denean, egin beharreko jarduera diruz lagunduen gainean dirua itzultzeko betebeharra solidarioki beteko dute.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko, datuen aurka jotzeko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubidea erabil dezakete. Horretarako, tratamenduaren arduradunarengana jo behar dute, https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuta dagoen datu-babesaren arloko eskubideak erabiltzeko prozedura erabiliz.
Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
17. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntzen programa honi, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeaz gainera (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa), arau hauetan bildutako arau orokorrak aplikatuko zaizkio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa).