64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
1560
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez dirulaguntzak eskatzeko beste epe bat ematen baita eta finantzaketarako jarritako baliabide ekonomikoak aditzera ematen baitira, honen babespean: Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dirulaguntzetarako bigarren deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bilkuran erabaki zuen dirulaguntza hauetarako bigarren deialdia onartzea: Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dirulaguntzak, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdia 2022ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 249. zenbakian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez.
Deialdi horretan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.951.352,62 eurokoak izan ziren; haietatik, 3.648.880,57 euro Estatutik 2022an programa hori gauzatzeko helburu horrekin transferitutako zenbatekoari zegozkion, eta 302.472,05 euro, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko apirilaren 6ko Ebazpenaren bidez (2022ko apirilaren 13ko EHAA) argitaratutako lehen dirulaguntza-deialdiko kreditu-gerakinari, dirulaguntzok reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko izanik.
Deialdiaren 2.3 artikuluan ezartzen denez, baldin eta 2023. eta 2024. urteetan Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen eta helburu bera duten funts berriak transferitzen bazaizkio, eta funtsok laguntza horiekin lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez argitara emango da kredituen zenbatekoa, eta beste epe bat irekiko da deialdi horretan jasotako oinarri arautzaileak aplikatuta erantzun beharreko eskabideak aurkezteko.
Ministro Kontseiluak bi mila eta hogeita hiruko maiatzaren hiruan egindako bilkuran onartu zuen 2023ko aurrekontu-ekitaldian autonomia-erkidegoek kudeatutako kredituen lurralde-banaketarako proposamena eta banaketa-irizpideak baimentzen dituen erabakia. Kreditu horiek biztanleria aktiboaren reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dira, sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin loturik; proposamena eta banaketa-irizpide horiek Enplegurako Kualifikazio eta Lanbide Heziketaren Sistemaren Konferentzia Sektorialaren mende jartzeko ziren. 5.072.676,65 euroko zenbatekoa esleitu zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoari, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren «Lanbide Heziketa sustatzeko plan estrategikoa» 20. osagaiaren esparruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2023ko irailaren 13ko Ebazpenaren bidez, dirulaguntzak eskatzeko beste epe bat ematen da eta finantzaketarako jarritako baliabide ekonomikoak aditzera ematen dira, honen babespean: Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dirulaguntzetarako bigarren deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Eskaerak egiteko epe berri horretan, 6.248.587,05 eurokoak izan ziren baliabide ekonomikoak; izan ere, 2023an transferitutako kredituari (5.072.676,65 euro) une horretan programan zegoen 1.175.910,40 euroko gerakina gehitu zitzaion.
Eskabideetarako epe hori ebatzi ostean, egiaztatu da 1.302.642,75 euroko gerakina dagoela programa horretan. Programari esleitutako kreditua lotua da, eta, hura kudeatzeko, aintzat hartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen II. tituluko V. kapitulua, «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsak kudeatzea»; dauden gerakinak 2024. urteko aurrekontu orokorretan txertatzen dira, gastu horiei aplikatzeko. Programa hori gauzatzeko epea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dago: 2024ko laugarren hiruhilekora arte.
Bestalde, enpresa eta entitate interesdunei jakinarazi behar zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 3 bis apartatua berriki sartu eta aldatu dela. Apartatu hori deialdi honetan aplikatu behar da, eta berankortasunaren aurkako borrokari lotutako eskakizun bat gehitzen du, hain zuzen onuradunak 30.000 eurotik gorako dirulaguntza hartu behar badu eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea izan gabe, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende.
Era berean, nabarmendu behar da interes-gatazkak izateko arriskua aztertuko dela dirulaguntzak emateko prozedura honetan. Azterketa hori egitea urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan jasota dago, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoan.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan ezartzen denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dirulaguntzetarako deialdiez gain, interesdunentzat garrantzitsua den eta oro har interesdunei eragiten dien edozein egintza.
Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.
Beste epe bat ematen da dirulaguntzetarako bigarren deialdiaren babespean eskabideak aurkezteko; dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dira, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez bigarren deialdi hori onartu ondoren (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).
Eskabideak aurkezteko epe berria 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Helbide hauetan eskuratu ahal izango da izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa:
Enpresek, enpresa-taldeek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek garatu behar dituzten lehentasunezko sektoreetako prestakuntza-planak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1211707
Prestakuntza-entitateek sektore estrategikoen, pertsonen zaintzaren eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren pertsonen eremuan garatu behar dituzten prestakuntza-planak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1211708
Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Eman beharreko laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kreditua 1.302.642,75 euro dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kargura, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotuta.
Baliabide horiek jarduketa-lerro hauen artean daude banatuta, prestakuntza-ekintzen tipologiaren eta dirulaguntzaren onuradunen arabera:
– A lerroa: 716.453,51 euro, lehentasunezko sektoreetako prestakuntza-ekintzen eskaintza modularrerako. Eskaintza hori bitan banatzen da:
– A.1 lerroa: 508.682,00 euro, enpresek, enpresa-elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egin beharreko prestakuntza-ekintzetarako, honela banatuta:
– 152.604,60 euro (% 30), enpresen prestakuntza-planetarako.
– 305.209,20 euro (% 60), enpresa-taldeen prestakuntza-planetarako.
– 50.868,20 euro (% 10), irabazi-asmorik gabeko entitateen prestakuntza-planetarako.
– A.2 lerroa: 207.771,51 euro, prestakuntza-entitateek garatutako prestakuntza-ekintzetarako.
– B lerroa: 306.121,05 euro, pertsonen zaintzarako prestakuntza-ekintzen eskaintza modularra egiteko, prestakuntza-entitateen eskutik.
– C lerroa: 280.068,19 euro, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren pertsonei prestakuntza-ekintzen eskaintza modularra egiteko, prestakuntza-entitateen eskutik.
Hirugarrena.– Diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.
2024ko abenduaren 31n amaituko da kreditu honen kargura diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.
Laugarrena.– Dirulaguntzen enpresa eta entitate onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako berankortasunaren inguruko baldintza.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoarekin (ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuan idatzita dagoen moduan), 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea izan gabe, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende, dirulaguntzen onuraduna izateko, egiaztatu egin beharko da lege horrek ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituela.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
Betekizun hori agiri hauen bidez egiaztatuko da:
– Enpresa edo entitate eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Enpresa edo entitate eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, ezin badu aurkeztu galera eta irabazien kontu laburtua, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bitartez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran.
Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko eskatuko die Lanbidek entitate onuradunei, hala badagokie, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.
Bosgarrena.– Interes-gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoa.
Eskabideak baloratu baino lehen, interes-gatazkaren arriskua aztertuko da, Minerva aplikazioaren bitartez.
Pertsona juridiko eskatzaileren baten benetako titulartasunari buruzko daturik ez badago Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren datu-baseetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere benetako titulartasunari buruzko informazioa eskatuko dio, eta pertsona horrek informazio-eskaera egiten denetik bost egun baliodun igaro baino lehen aurkeztu beharko du. Informazio hori adierazitako epearen barruan ez aurkezteak eskatzailea prozeduratik baztertzea dakar.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.