Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1548

30/2024 DEKRETUA, martxoaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako Goi-mailako Arte Irakaskuntzak Konposizio, Zuzendaritza, Interpretazio eta Pedagogia espezialitateetan arautzen dituen Dekretua aldatzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 45. artikuluan dio Musikako Goi Mailako Ikasketak Goi Mailako Arte Irakaskuntzak direla. Aipatu lege horrek irakaskuntza hauei esleitzen dien xedea hau da: ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea eta etorkizuneko musika-profesionalen kualifikazioa bermatzea espezialitate guztietan.

Geroago, aipatutako legean araututako goi-mailako arte-irakaskuntzak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak 7. artikuluan dio kontserbatorioek edo musikako eta dantzako goi-mailako ikastetxeek emango dituztela musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak.

Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak autonomia-maila handia onartzen die goi-mailako zentroei pedagogian, antolaketan eta kudeaketan, irakaskuntza-, interpretazio-, ikerketa- eta ezagutzaren hedapen-jarduerak egin ditzaten, eta Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparruko goi-mailako ikastetxe gisa esleituta dauzkaten eginkizunak betetzen dituztela bermatzeko.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretu horrek aldatu egiten ditu musikako goi-mailako irakaskuntzen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatu eta ikasketa horietara sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuaren arabera ematen ziren espezialitateak. Aldi berean, Musikako Goi Mailako Titulua lortzeko ikasketa-planen oinarrizko edukia zehazten du, eta, unibertsitateekin egindako hitzarmenen bidez, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuan araututako doktoregoko arte-irakaskuntzak ematea baimentzen du.

Musikako Goi Mailako Irakaskuntzen ikasketa-plan berriak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruak egindako proposamenean oinarritzen dira. Proposamen horren arabera, ikasleek konpetentziak eskuratu behar dituzte, ikaskuntza-metodologia berria aplikatu behar da, eta ebaluazio-prozedurak egokitu. Horrenbestez, ikasketaren emaitzak eta ikasleak egindako lan-bolumena neurtzeko unitatea europar kredituak direlakoak (ECTS) izatea proposatzen da, eta ikasleen mugikortasuna bermatuko da, Tituluaren Europar Gehigarria lortzeko aukera emanez.

Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzek honako hauek hartzen dituzte barruan: oinarrizko prestakuntza eta lanbidean jarduteko prestaketara bideratutako prestakuntza espezifikoa. Helburu hori lortzeko, ikasketa horiek konpetentzia artistikoak, zientifikoak eta teknologikoak garatu behar dituzte modu integratzailean. Horregatik, ikasketa-planek barnean hartu behar dituzte zeharkako konpetentziak, konpetentzia orokorrak, eta espezialitate bakoitzerako definitutako konpetentzia espezifikoak eta lanbide-profilak.

Nolanahi ere, maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak dio hezkuntza-administrazioek, musikako goi-mailako irakaskuntzak ematen dituzten zentroen proposamena ikusita, espezialitate bakoitzari dagokion ikasketa-plana erabakiko dutela. Ezartzen diren ikasketa-planak bat datoz maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko egitura eta edukiekin, eta lanbidean jarduteko behar den oinarrizko prestakuntza eta gutxieneko prestakuntza espezifikoa jasotzen dituzte.

Pedagogiaren espezialitatean, curriculumak profil lehiakorra osatzen du, hainbat adarkatze dituena. Prestakuntza zabala eta askotarikoa da, eta aukera ematen du konpetentzia musikal eta psikopedagogiko zabalak eskuratzeko eta garatzeko. Hala ere, beharrezkoa da ikasleek aukeratutako instrumentuaren (Musikeneren Interpretazioa espezialitatean eskaintzen direnen artean) musika-prestakuntzan sakontzea, profesional gisa behar bezala txerta daitezen.

Konposizioa, Zuzendaritza eta Interpretazioa espezialitateetan, komeni da ikasketa-planak osatzea, azken ikasturtean prestakuntza pedagogikoa txertatuz, profil balioaniztunagoa eta irakaskuntzari egokitua osatzeko, ikasleak behar bezala lanbidera daitezen.

Beraz, bidezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako Goi-mailako Arte Irakaskuntzak Konposizioa, Zuzendaritza, Interpretazioa eta Pedagogia espezialitateetan arautzen dituen ekainaren 25eko 368/2013 Dekretuan ezarritako ikasketa-planak, zeharkako konpetentziak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak espezialitate bakoitzerako definitutako lanbide-profiletara egokitzea, bai eta sektoreko lanbide-eskaeretara ere.

Horren guztiaren ondorioz, nahitaezko txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 12an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako Goi-mailako Arte Irakaskuntzak, Konposizioa, Zuzendaritza, Interpretazioa eta Pedagogia espezialitateetan arautzen dituen Dekretuaren ikasketa-plana (I. eranskina), zeharkako konpetentziak (II. eranskina), edukiak (III. eranskina) eta ebaluazio-irizpideak (IV. eranskina) aldatzen dira, eta I., II., III. eta IV. eranskinen arabera idazten dira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala