Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2024ko martxoaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1384

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 1ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2024ko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntza-programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria-arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da Euskadiko gazteek nazioartekotzeari buruzko prestakuntza jaso dezaten, eta, horrela, profesionalen poltsa bat sortu dadin, profesional horiek gure enpresei lagundu diezaieten atzerrian.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak publikotasunaren printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024ko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeinen edukia atxikita baitago ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2024ko martxoaren 1a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

I. ERANSKINA
2024ko «BEINT- NAZIOARTEKOTZE BEKAK» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak industria- eta nazioartekotze-arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu-programa horrek hala agindurik, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da hau: «nazioarteko merkatuetan espezializatutako profesionalen kopurua handitzea».

Eusko Jaurlaritzak beka-programa bat bultzatzen du 80ko hamarkadatik, gazteek kanpo-merkataritzaren inguruko prestakuntza jaso dezaten eta praktikak atzerrian egin ditzaten. Denbora honetan, prestakuntza-premiak eboluzionatuz joan dira erakunde eta merkatu globalekin batera. Beint programak aukera ematen die EAEko unibertsitateko tituludunei nazioartekotze-prestakuntza jasotzeko atzerriko erakunde eta enpresetan. Programaren helburua da gazteek lan-esperientzia eta esperientzia pertsonal paregabea eskuratu dezatela, aldez aurretik duten prestakuntza akademiko eta profesionala osatzeko.

Profesional espezialistak sortzearen eta dinamizatzearen aldeko apustu horrek onuragarri izan behar du halaber euskal enpresentzat, berme guztiekin ekin diezaieten euren ekimenei nazioarteko merkatuetan.

Programa hau erakundeak 2024ko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago –Administrazio Kontseiluak onartua 2023ko abenduaren 20an–, eta planeko helburu hau lortzen lagunduko du: «Unibertsitateko titulatu gazteen prestakuntzan laguntzea nazioartekotzearen arloan, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek profesionalen oinarri bat izan dezaten etorkizunean eta eraginkortasunez aurre egin diezaieten ekonomia irekiaren erronkei».

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da Beint 2024 Nazioartekotze Beken programa arautzea, zeinaren helburua baita unibertsitateko tituludun gazteak prestatzea nazioartekotzearen arloan, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek profesionalen oinarri bat izan dezaten etorkizunean eta eraginkortasunez aurre egin diezaieten ekonomia irekiaren erronkei.

2.– Prestakuntzako xede hori programa honetan parte hartu nahi duten unibertsitateen, enpresen eta nazioartekotzea sustatzeko organismo publikoen zein pribatuen lankidetzaren bitartez gauzatuko da.

2. artikulua.– Deitutako bekak.

Gehienez ere 100 nazioartekotze-beka emango dira 2024an.

Onuradunek 1. faseko prestakuntza teorikoa egingo dute. Fase hori ezarritako baldintzak betez burutzen duten pertsonen artetik, honela hautatuko dira hurrengo faseetan A eta B modalitateetan jarraituko duten bekadunak:

– Gehienez ere 80 beka A modalitatean (programaren 1., 2. eta 3. faseak egingo dituztenak).

– Gehienez ere 30 beka B modalitatean (programaren 1. eta 3. faseak egingo dituztenak).

Bi modalitateen baturak ezingo du gainditu 100 bekaren muga.

1. faserako gehienez ere 20 ordezko hautatuko dira, ikastaroaren lehen hamar egun baliodunetan gerta daitezkeen uko egiteengatik edo bestelako edozein gorabeheragatik hutsik geratzen diren plazak betetzeko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2024ko ekitaldian, 1. fasearen gehieneko balorazio ekonomikoa 286.400 eurokoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako esleitutako aurrekontu-kredituen arabera, 4.500.000 euro bideratu dira programaren 2. eta 3. faseetarako, zehazki, honako hauek ordaintzeko: zuzkidurak, Gizarte Segurantzaren kuotak, eta prestakuntzarako eta beken kontingentzietarako aparteko gastuak. Aurrekontua honela banatuko da:

– 2024ko ekitaldia: 660.000 euro.

– 2025eko ekitaldia: 2.650.000 euro.

– 2026ko ekitaldia: 1.190.000 euro.

Deialdi honen kargura emango diren beken guztirako zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan jasotako zenbatekoa.

Baliabide publikoen osagarri, programaren 3. fasean parte hartzen duten enpresa eta organismoek beren gain hartuko dituzte bekadunen helmugarako joan-etorriko bidaia bati dagozkion gastuak, bisa lortzeko gastuak eta herrialdera sartzeko osasun-baldintzak betetzeak berekin dakartzan kostuak.

4. artikulua.– Onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Honako eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete nazioartekotze-bekak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik, edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.

b) Graduko goi-mailako unibertsitate-titulua izatea, 2024ko maiatzaren 31 baino lehen lortua eta egiaztatua. Baita ere onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluekin batera aurkezten badira agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetza.

Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitektura adarretako graduek lehentasuna izango dute, 7. artikuluan adierazi bezala.

c) 2024ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.

d) Ingelesa menderatzea. Gutxienez B2 mailari dagokion gaitasuna eduki behar da, eta dagozkion ahozko eta idatzizko probekin egiaztatu beharko da maila hori.

e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik ez izatea edo eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik ez izatea eskabidea aurkezteko unean.

f) Laguntza honen edo unibertsitateko tituludunentzako antzeko prestakuntza helburu duen beste edozein laguntzaren onuradun ez izatea aurretiaz, baldin eta, laguntza horien bidez, nazioarteko organismo edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak egin badira atzerrian. Zehazki, nazioartekotze-beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Beint bekak, Global Training bekak, ICEX bekak, beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko organismoenak edo antzeko beste organismo batzuenak.

g) Ezingo dira onuradun izan 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren («DLO») 13.2 artikuluan aurreikusitako kasuetako batean daudenak, aplikagarria den guztian.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da, zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.

2.– Aurreko apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntza likidatu arte.

5. artikulua.– Beken izaera.

1.– Nazioartekotze-bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik ematen diren dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz kudeatuko dira.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutu bidezko inolako harremanik bekadunaren eta Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren eta 3. faseko enpresa zein organismo parte-hartzaileen artean, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren ebazpenak zehaztuko du noiz hasi eta amaitzen den bekadunaren izaera.

3.– Oinarri hauen bitartez araututako bekak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan hartuko dira oinarri hauetako 7. artikuluan haztatutako meritu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak. Dagokion hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaie beka, gehienez ere deialdi honetan ezarritako beka kopurua estali arte.

6. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa eta eskaerak aurkeztu, onartu eta zuzentzeko tokia eta epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2024ko apirilaren 19an amaituko da. Halere, publikoarentzako arreta 2024ko apirilaren 19ko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.

2.– Bitarteko elektronikoak baino ez dira erabiliko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetan jasotako gainerako izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Egoitza elektroniko honetan egongo dira jasota eskaerak bide elektronikotik izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ondorengo izapide guztiak: www.spri.eus/Beint. Horretarako, laguntza teknikoa eskatu ahal izango da.

Eskabideak eskatzailearen sinadura aitortua izango du, eta hauek ere aurkeztu beharko dira: artikulu honen 4. apartatuan aipatzen den dokumentazioa eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, betiere bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin.

4.– Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da, deialdiaren epea iraungi aurreko datarekin:

4.1.– Eskatzen den gutxieneko dokumentazioa:

a) Azkenaldiko argazki bat, nortasun-agiriaren tamainakoa, laukizuzena eta hondo zuriduna.

b) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).

c) Curriculum vitaea.

d) Oinarri hauen 4.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Dokumentu hauetakoren bat erabiliz egiaztatuko da graduko unibertsitate-titulu ofiziala:

– Titulua.

– Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentuarekin.

– Espediente akademikoan ageri den oharra, zeinean adierazten baita gainditu duela titulazioari dagokion proba orokorra eta ordaindu dituela titulua lortzeko eskubideak.

Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.

4.2.– Aukerako dokumentazioa:

a) Unibertsitate-master ofizialak (kanpo-merkataritza, enpresa-kudeaketa, marketina, nazioarteko harremanak edo nazioartekotzea) egin izanaren egiaztagiriak. Atzerrian lortutako masterrak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.

b) Esperientzia profesionalari dagozkion egiaztagiriak: esperientzia profesionala egiaztatzeko, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da gutxienez edo, atzerrian izandako lan-esperientziaren kasuan, ziurtagiri ofizial baliokide bat, non adieraziko baita zein enpresatan eta zein garaitan egin den lan hori.

4.3.– Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauen eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuko edukiaren arabera egina, hauek egiaztatzeko:

– Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik edo eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik eskabidea aurkezteko unean.

– Ez dela izan antzeko beka baten onuradun, oinarri hauen 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

– Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren («DLO») 13.2 artikuluan aurreikusitako kasuetako batean.

5.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) letran ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.

6.– Eskatzaileek eurek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan entregatu beharreko dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetara itzulita aurkeztu beharko dira.

8.– Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako gutxieneko dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

9.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

10.– Zuzenketa-eskaeren jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egunetan eta zein ordutan helarazi zitzaion interesdunari jakinarazpena, bai eta zein egunetan eta zein ordutan sartu den hura jakinarazpenaren edukira. Momentu horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Egiaztatzen bada jakinarazpena egin dela eta hamar egun baliodun igaro direla jakinarazpenaren edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukian sartzea.

7. artikulua.– Bekadun izateko hautagaitzak aukeratzeko prozedura.

1.– Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, hautagaitzat hartuko dira 4. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak, eta hautaketa-probetarako deialdia jasoko dute, www.spri.eus/beint helbidean argitaratuko den zerrendaren bidez. Zerrenda argitaratu ondoren zehaztuko da alegazioak aurkezteko epea, gehienez 3 egun baliodunekoa, eta, hala badagokio, nora bidali behar diren alegazio horiek.

Epe hori amaitu eta aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, hautaketa-probetara deitutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta hasiera emango zaio hautagaiak aukeratzeko prozesuari, zeina merituen eta gaitasunen balorazioan oinarrituko baita.

2.– Hautagaien merituen balorazioa artikulu honen 10. apartatuan dagoen taularen haztapenen arabera egingo da, aurkeztutako egiaztagiriak oinarri hartuta:

a) M1: graduko goi-mailako unibertsitate-titulu ofiziala.

b) M2: kanpo-merkataritzaren, enpresa-kudeaketaren, marketinaren, nazioarteko harremanen edo nazioartekotzearen arloko unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 ECTS kreditu).

c) M3: lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostenaren bidez egiaztatua; lan-esperientzia atzerrikoa izanez gero, ziurtagiri ofizial baliokide bat aurkeztuko da, non enpresaren izena eta lan egindako epea jasoko baitira.

4.1 artikuluaren b) letran graduko unibertsitate-titulu ofizialari buruz xedatutakoa salbu, bakarrik baloratuko dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen aurkeztutako merituen egiaztagiriak.

3.– Gaitasuna baloratzeko, era presentzialean egin beharko dira honako proba hauek:

a) P1: gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.

b) P2: ingeleseko ahozko eta idatzizko proba. Proba hori baztertzailea izango da. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batezbestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

c) P3: atzerriko bigarren hizkuntza bateko ahozko eta idatzizko proba. Hauetako bat izango da: alemana, arabiera, mandarin-txinera, koreera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batezbestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

d) P4: euskarako proba, ahozkoa eta idatzizkoa. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batezbestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).

e) P5: elkarrizketa pertsonala, jakiteko zein den hautagaiak Beint programarekiko duen konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio-gaitasuna, eta baloratzeko nola egokituko den bekaren fase desberdinetan garatu beharko dituen zereginetara.

4.– P1, P2, P3 eta P4 probak Hautaketa Batzordeak aldez aurretik ezarritako leku, egun eta orduan egin behar dira nahitaez.

5.– Hizkuntzen ahozko probak (P2, P3 eta P4) eta elkarrizketak (P5) grabatu egingo dira, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badio. Horrela izatekotan, probak egiten diren unean idatziz adierazi beharko da. Uko eginez gero, azterketak ezingo dira bitarteko horren bidez berrikusi.

6.– Hizkuntza-probak (P2, P3 eta P4) ebaluatzeko, ez dira kontuan hartuko hautagaiek lehenagotik izan ditzaketen hizkuntza-tituluak edo -ziurtagiriak, eta soilik baloratuko da azterketan frogatutako maila.

7.– Beint programaren 1. faseko bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketarako deia egiteko, zerrenda bat argitaratuko da www.spri.eus/beint helbidean, eta deitutako hautagai kopurua ez da izango deitutako beka kopuruaren bikoitza baino handiagoa.

Elkarrizketarako deia hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera egingo da. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu bigarren hizkuntzaren azterketa egin edo gainditu, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskara-probaren batez besteko notaren arabera ebatziko da berdinketa.

Soil-soilik ikasketak atzerrian egiten egoteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan onartuko du Hautaketa Batzordeak elkarrizketa bitarteko telematikoen bidez egitea.

8.– Hautagaiak P1, P2, P3, P4 eta P5 proba bakarra egin ahal izango du, eta ez dago aukerarik errekuperazio-proba edo puntuazioa hobetzeko proba egiteko. Lortutako puntuazioa berrikusteko eskatzen bada, idatzizko probak eta ahozko azterketen zein elkarrizketen grabaketak bakarrik berrikusiko dira, esleitutako notetan ageriko akatsik ote dagoen detektatzeko bakarrik.

9.– Plaza bat lortzeko edo ordezko izendatua izateko, hautagaiak derrigorrez aurkeztu behar izan du P1, P2 eta P5 probetara.

10.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua prestatuko da (HZ), merituak eta gaitasuna haztatzen dituen taula honen bidez:

(Ikus .PDF)

Hautaketa Batzordeak bakarrik erabakiko du gradu edo master bat sartzen den ala ez puntuazioa eskura dezakeen adar edo gai batean.

11.– Zerrenda Interneteko atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/Beint

Argitaratu ondoren, gehienez 3 egun balioduneko epea finkatuko da berrikuspen-eskaerak aurkezteko, eta baita ere esango da non aurkeztu behar diren eskaerak. Epe hori amaitutakoan eta eskatutako berrikuspenak egin ondoren, behin betiko hasierako zerrenda ordenatua itxiko da.

12.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ) bekadun izateko proposatuko dira puntuaziorik onena lortu duten 100 hautagaiak (100etik 0rako eskalan, 2 dezimaletara borobilduta). Era berean, puntuazio-ordenari jarraituz, gehienez 20 ordezko proposatuko dira 1. faserako.

Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu bigarren hizkuntzaren azterketa egin edo gainditu, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskara-probaren batez besteko notaren arabera ebatziko da berdinketa.

13.– Hautaketa Batzordeak osaera eta eginkizun hauek izango ditu:

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Enpresentzako eta Talenturako Laguntza Finantzarioen arduraduna, presidente gisa: Iñaki Ezkurra. Ordezkoa: Usoa Aguirre, Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Kanpo Sarearen zuzendaria.

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programen teknikaria, batzordekide gisa: Enbor Barruetabeña. Ordezkoa: Jesús María Cantón, Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programen teknikaria.

– SPRIko Nazioartekotze programen arduraduna: Iker Arruabarrena, idazkari gisa. Ordezkoa: Enara Corredera, Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Giza Baliabideetako teknikaria.

Hauek dira Hautaketa Batzordearen zereginak: eskaerak aztertzea, hautagaien merituak eta gaitasunak baloratzea, eta, ondorioz, fase bakoitzean organo kudeatzaileari igortzea bekadunen eta ordezkoen ebazpen-proposamenak jasotzen dituzten zerrenda ordenatuak (modalitate, helmuga eta zuzkiduraren arabera). Hautagaiak baloratzeko, hautaketa-prozesuko proben xede diren arloetako adituen aholkularitza eska dezake.

Hautaketa Batzordea burujabe izango da erabakiak hartzerakoan, eta erabakiak bozketa-prozeduraren bitartez hartuko dira. Artikulu honetan aurreikusi ez diren kasuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

8. artikulua.– Faseak.

2024ko Beint Nazioartekotze Bekak programaren gauzatze-prozesuan 3 fase bereizten dira, eta fase bakoitzak bere epealdiak eta prestakuntza-ezaugarriak ditu. Honako hauek dira:

a) 1. fasea: prestakuntza teoriko espezializatua. Fase hau hautaketa-prozesua bukatzen denean hasiko da, 4 hilabete inguruko iraupena izango du, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.

Programaren hasierako fase honetan, bekadunek unibertsitate-ikastaro batean parte hartuko dute. Ikastaroaren helburua da prestakuntza espezializatua ematea atzerriko merkataritzari eta nazioartekotzeari buruz, hautagaiek behar dituzten ezagutzak eta gaitasunak lor ditzaten, ondoko faseetan behar bezala jarduteko.

Ikastaroa nahitaezko modalitate presentzialean emango da, salbuespenezko egoerak kontrakoa gomendatzen duenean izan ezik. Ikastaroko eskola teorikoak osatzeko, posible da bisitak egitea euskal industriarekin lotutako entitate, erakunde eta azpiegituretara.

Ikastaroan zehar ebaluatu egingo da Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako irakasgaia. Horrez gain, unibertsitateek bekadunaren jarrerari eta jardunari buruzko balorazio-txosten bat bidaliko diote Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari. Ezinbestekoa izango da ebaluazio guztiak gainditzea eta balorazio-txosten positiboa izatea hurrengo faseetara igarotzeko, bai eta ikastaroari dagokion titulua lortzeko.

Bekadunen unibertsitate-ebaluazioaren erreferentzia gisa, proba bat egingo da ikastaroan eman diren eduki guztiak ebaluatzeko; bestela, ordura arte egindako ebaluazio partzial guztien batezbestekoa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi dezimalekin) kalkulatuko da.

Bekadunak helmuga eta modalitatea hautatzeko izango duen puntuazioa bi puntuazio hauen arteko batezbestekoa izango da, bi dezimaletara borobilduta:

– Bekadunak oinarri hauen 7. artikuluko hautaketa-prozesuan aurretik lortu duen puntuazioa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi dezimalekin).

– Ebaluazioan lortutako puntuazioa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi dezimalekin). SPRIren eskumendeko sozietate den Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta inplikatutako unibertsitateetako agintari akademikoek adostuko dute ebaluazioa.

Puntuazio horiekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) eratuko da, helmuga eta modalitatea hautatzeko. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu bigarren hizkuntzaren azterketa egin edo gainditu, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskara-probaren batez besteko notaren arabera ebatziko da berdinketa.

Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek helmuga eta modalitatea aukeratuko dute, irizpide hauei jarraikiz:

1.– 2. faseari begira, nahi duten helmuga eta modalitatea aukeratu ahal izango dute eskuragarri daudenen artean, betiere beka garantzen den erakundeak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte.

2.– Hutsik dauden postuak hizkuntza- edo titulazio-arloko eskakizun zehatz batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete baditzakete erakunde parte-hartzaileak hala eskatzen duelako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak berriz esleitu ahal izango ditu postu huts horiek aipatutako eskakizunak betetzen dituzten bekadunen artean, hasieran beste helmuga batzuk hautatu badituzte ere. Berresleipen hori loteslea izango da bekadunentzat.

3.– Hortaz, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiak baldintzatuko du bekadunak helmuga aukeratzeko duen ahalmena. Izan ere, SPRIk egiaztatu behar du betetzen direla erakunde parte-hartzaileek ezarritako eskakizunak, besteak beste, profil akademikoak eta hizkuntzak.

b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta eskualde-garapenerako atzerriko beste erakunde batzuetan.

A modalitaterako izendatutako bekadunek hartuko dute parte fase honetan, betiere 1. fasea amaitu eta gero. 2. fasean enpresari laguntzeko tresna publikoak ezagutaraziko zaizkie bekadunei: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori eskainiko da batez ere Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRIren Kanpo Sarearen bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan eta, azkenik, nazioartekotzea eta eskualde-garapena sustatzen duten beste organismo batzuetan. Bekadunek erakunde horietan eskaintzen diren zerbitzuetan lagunduko dute, tutore baten ikuskaritzapean.

Fase hori 2025eko lehenengo egun baliodunean hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du, eta 2025eko abenduaren 31n amaituko da. Laneko hasiera- eta amaiera-datak erakunde parte-hartzailearen egutegiaren araberakoak izango dira eta, ahal dela, bat etorriko dira bertan egon litezkeen gainerako bekadunen hasiera- eta amaiera-datekin. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde parte-hartzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoak izango dira.

2. fasean zehar, eta fase hori bukatu baino gutxienez hilabete eta erdi lehenago, hau da, azaroaren 15ean, bekadunek 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutako akordioak adostu beharko dituzte enpresekin eta organismoekin. Epe horretan akordiorik lortzen ez dutenek bekadun izaera galduko dute, eta ez dute 3. fasean parte hartzeko aukerarik izango.

Era berean, 2. fasea amaitzean, dagokion erakundearen arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

Informazio horrekin, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erabakiko dute bekadunak bete dituen programaren helburuak, eta horren arabera ebatziko da igaroko den ala ez programaren hurrengo fasera. Nolanahi ere, hurrengo fasera igaro ahal izateko, enpresa edo organismoak praktika hori bideratzeko prestasuna izan behar du.

c) 3. fasea: praktika profesionala atzerriko enpresa edo organismoetan.

Fase honetan, bekadunak praktikak egingo ditu bekadunaren eskaera bat duen enpresa edo organismo batean, betiere eskaera hori SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak baliozkotu badu.

3. faseak 8 hilabeteko iraupena izango du, eta 2025eko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan, eta 2026ko lehen egun baliodunean, berriz, A modalitatekoen kasuan. Hala, 2025eko eta 2026ko abuztuaren 31n amaituko dira, hurrenez hurren. Laneko hasiera-eta amaiera-datak enpresa edo organismoaren egutegiaren araberakoak izango dira eta, ahal dela, bat etorriko dira bertan egon litezkeen gainerako bekadunen hasiera- eta amaiera-datekin. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia beka garatzen den enpresa edo organismoaren ordutegi eta egutegiaren araberakoak izango dira.

B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, ezinbestekoa izango da bekadunak lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2025eko otsailaren 14a baino lehen. Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu behar dituzte B modalitateko bekadunek aurkezten dituzten lankidetza-akordioak, eta, nolanahi ere, aurrekontuan dagoen diruaren mende egongo dira. Lankidetza-akordioak iriste-ordenaren arabera onartuko dira, baina baliteke zenbait helmugatako akordioak ez onartzea, aurrekontua dela-eta ezinezkoa bada haien zuzkidurak esleitzea.

A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, bekadunak ebaluazio positiboa jaso beharko du 2. fasean, eta ezinbestekoa izango da lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2025eko azaroaren 15a baino lehen.

A modalitateko bekadunen kasuan, praktikaldia, ahal dela, 2. fasea egin den herrialde berean egingo da.

Halere, bekadunek aurkeztu ahal izango dituzte 2. fasekoaz bestelako herrialde bateko enpresa edo organismoekin lortutako akordioak. Herrialde-aldaketa guztiak Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu beharko ditu, aurrekontuaren arabera. Aldaketak iriste-ordenaren arabera onartuko dira, baina ez da aldaketarik baimenduko baldin programaren zuzkidura handitu behar bada aldaketa hori onartu ahal izateko.

Salbuespen gisa, posible da A modalitateko bekadunen 2. eta 3. faseen iraupena aldatzea, baldin Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen badute atzerriko praktikaldia hobeto aprobetxatzeko. Nolanahi ere, bi faseen guztizko iraupena ez da izango 20 hilabetetik gorakoa eta 3. fasea ez da luzatuko 2026ko abuztuaren 31tik harago.

3. fasea amaitzean, enpresa edo organismoaren arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

9. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat joko dute beren eskabidea.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Oinarri hauen 7. artikuluan azaldutako hautaketa-prozesua amaitutakoan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Interneteko atari honetan argitaratuko dena: www.spri.eus/Beint

3.– 2. eta 3. faseetarako ebazpena.

Behin aukeratu ondoren modalitatea eta helmuga oinarri hauetako 8. artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du. Ebazpen horretan adieraziko dira zeintzuk diren A modalitateko bekadunen helmugak, bekaren datak eta bekadun bakoitzari dagokion zuzkidura, eta baita ere zehaztuko dira komenigarritzat jotzen diren beste zenbait gai, baldin beharrezkoak badira bekadunek egoki gauzatu ditzaten beren jarduerak.

B modalitateko bekadunei dagokienez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak kasuan-kasuan emango ditu ebazpenak, hots, enpresa edo organismo kolaboratzaileekin lankidetza-akordioak sinatzen diren heinean (bekadunek enpresa edo organismo horietan egingo dute 3. fasea).

4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.

a) Bekadunek helmugako herrialdeak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte. Bekadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du bekadunari beste helmuga bat esleitzeko, eta hasierako zuzkidura egokituko du, beharrezkoa bada.

b) Oinarri hauetako 8. artikuluko c) letran ezarritakoa betez, A modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin zuen herrialdea ez den beste herrialde batean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak horren inguruko ebazpena emango du, zeinaren bidez egokituko baitu epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura.

c) A modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin duen helmuga-herrialde berean, eta egiaztatzen bada bizitzaren kostuan aldaketa esanguratsuak egon direla, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura egokitzeko.

d) Euroak helmuga-herrialdeko dibisarekiko duen truke-tasaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak bekaren zuzkidura eguneratu ahal izango du edozein fasetan, ebazpen baten bidez, betiere truke-tasak % 8tik gorako aldakuntza izan badu eta arriskuan jartzen bada 11. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoa. Edonola ere, eguneratze hori egiteko, ezinbestekoa izango da aurrekontu-baliabideak izatea.

e) Beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude parte hartzen duen erakundeari egotz dakiokeen edo erakunde horri eragiten dion arrazoiren batengatik edo helmugako segurtasuna arriskuan edo mehatxupean badago, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ebazpen bidez agindu ahal izango du helmuga-aldaketa (aldi baterakoa edo iraunkorra), eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura egokituko du. Salbuespen gisa, posible izango da bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadin egotea eta bekarekin lotutako zereginak telelanaren bidez egitea.

f) Bekadunek ezinbesteko arrazoiengatik ezin badute iritsi euren helmugara urtarrilean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du eta, beharrezkoa denean, esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du. Helmugara iritsi arte, bekako zereginak telelanez egin ahal izango dira.

g) Bekadunek ezinbestean Euskadira aldi baterako edo behin betiko itzuli behar izanez gero, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak, hala badagokio, hasieran emandako zuzkidura zuzentzeko ebazpena egingo du. Berriro lanera itzuli arte, bekako lanak telelanaren bidez egin ahal izango dira.

5.– Beka emateko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, modalitatea edozein dela ere. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Hori gorabehera, eta emandako laguntzen berri denek izan dezaten, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

10. artikulua.– Erakunde kolaboratzailea.

Beint programa behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa da 1., 2. eta 3. faseetan erakunde kolaboratzaile batek parte hartzea; hain zuzen ere, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Bidalitako dokumentazio orokorra aztertzea.

b) Bekadunen jarduerak kontrolatu eta jarraipena egitea.

c) Egoki iritzitako ikuskapenak egitea beka-aldia nola doan egiaztatzeko; onuradunek eskatzen zaizkien argibide guztiak eman beharko dituzte.

d) Egindako gastu hautagarriak behar bezala exekutatu direla egiaztatzea.

e) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

f) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRIren arteko lankidetza hitzarmen baten bitartez zehaztuko da, eta bete egin beharko dira Dirulaguntzak Erregulatzeko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean entitate laguntzaileentzat ezarrita dauden eskakizun eta betebeharrak.

11. artikulua.– Bekaren garapenean parte hartuko duten erakundeak.

Erakunde hauek hartuko dute parte beken garapenean:

1. faseko erakunde parte-hartzaileak: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko agintari akademikoen arteko hitzarmenaren arabera, unibertsitate horiek 1. faseko prestakuntza-ikastaroa emango dute. Hitzarmenean ezarriko dira eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak: edukiak, irakasleen profilak, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.

2. faseko erakunde parte-hartzaileak: Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Kanpo Sareko bulegoak eta SPRIrenak; Espainiak atzerrian dituen merkataritza-bulegoak, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzen duten beste organismo batzuk. Parte-hartze horren oinarria finkatzeko, dagokion akordioa sinatu beharko da, alderdien arteko harremanak ezarriko dituena eta bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duena.

3. faseko erakunde parte-hartzaileak: bekadunei enpresa-arloko praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten enpresa, organismo, enpresa-elkarte eta klusterrak izango dira.

Praktika profesionalak egiteko eskaintza bat onartua izan dadin, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde interesdunek:

a) Nazioartekotutako erakundea izatea, enpresa-eduki garbia duten prestakuntza-praktikak eskaintzen dituena; horrez gain, ahal izatekotan, atzerrian merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat edo gehiago izatea, eta enpresako langileak une oro egotea bekadunarekin, aurrez aurre. Salbuespenezko kasuetan, establezimendurik ez duten enpresen eskaintzak baloratu ahal izango dira, betiere praktika profesionalak negozio-zentro batean edo antzeko batean garatzen badira eta enpresako langileak une oro baldin badaude bekadunarekin, aurrez aurre.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea, praktikaldi osoa jasoko duena eta bekadunari esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduko dituena.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura hartuko duen tutore bat edukitzea.

d) Prest egotea bekadunak helmuga-herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko. Bekadunari egotz dakiokeen kausaren bat dela-eta ebazten bada beka amaitu dela 3. fasea bukatu baino lehen, enpresa edo organismoa ez da egongo behartuta itzulerako txartela ordaintzera.

e) Eskatutako herrialdean bisa lortzea (edo nahitaezko beste tramiteren bat) ezinbesteko betekizuna bada bekadunaren egonaldia formalizatzeko, erakundeak aldez aurretik egiaztatu beharko du bekadunak betetzen dituela herrialde horrek eskatzen dituen eskakizunak; horrez gain, bisa lortzen eta nahitaezkoak diren bestelako tramiteak egiten lagunduko dio, ongi bete ditzan herrialdera sartzeko behar diren osasun-eskakizunak, eta orobat bere gain hartuko ditu horretarako egin beharreko izapide eta gastuak.

f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esaterako hauek: ekipo informatikoak (praktikak egiten diren bitartean), bulegoko materiala eta bekadunak bere ohiko bizitokitik kanpora egiten dituen joan-etorriengatiko dietak. Beste gastu-kontzeptu batzuk ere ordainduko ditu, baldin erakundeak bekadunari ezarritako jardueren eta emandako jarraibideen ondorioz sortutakoak badira.

g) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari edo/eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea zein den bekadunaren eboluzioa eta ebaluazioa, eskatutako balorazio-txosten guztiak bidaliz.

h) Lankidetza-akordioa sinatuko duen bekadunak praktikaldirik edo lanik egin ez izana Beinteko 3. faserako hautatutako enpresa edo organismoan.

Azkenik, Beint programako 3. faseko erakunde parte-hartzaile izateko, ezinbestekoa da izena ematea eta bekadun-eskaera bat bidaltzea eskaintzen den plaza bakoitzeko, Interneteko helbide honetako enpresa eta organismoen atalaren bidez: www.spri.eus/beintempresas

Bekadunaren eskaera onartzen denean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak, erakundeak eta bekadunak dagokion lankidetza-akordioa sinatuko dute, non bekaduna identifikatuko baita eta zehaztuko baitira alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dizkioten ekarpenak.

2. eta 3. faseak bukatutakoan, fase horietako erakunde parte-hartzaileek Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidali beharko dizkiote 8.b) eta 8.c) artikuluetan aipatzen diren txostenak.

12. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.

Beken diru-zenbatekoa prestakuntza-helburua lortzeko gastuetara bideratuta egongo da. Zenbateko horrek bermatu behar du bekaren onuradunek bizi-baldintza duinak dituztela eta behar adina dutela programara osoki dedikatzeko.

Hauek dira estali beharreko gastu batzuk: prestakuntza-ikastaroaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako aparteko prestakuntza-gastuak eta asegurua. Prestakuntzarako zuzkidurak eta aparteko gastuak kasu bakoitzean finkatuko dira, horretarako kontuan hartuz helmuga bakoitzeko bizi-baldintzak eta garatuko diren prestakuntza-programak.

1.– 1. faseko diru-zuzkidura:

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak osorik (% 100) finantzatuko du 1. faseko prestakuntza-ikastaroaren kostua. Bekadunek ez dute ezer ordaindu beharko, eta ez dute inolako zuzkidurarik jasoko 1. fasean zehar.

2.– 2. eta 3. faseetako diru-zuzkidura:

Oinarri hauetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. faseetara igarotzen diren bekadunek bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat bete beharko dute ezarri zaizkien helmugetan. A modalitateko bekadunen kasuan, 20 hilabeteko iraupena izango du, eta B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, 8 hileko fase bakarra (3. fasea) egin beharko da.

Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan, modalitateak, helmugak eta banakako zuzkidurak adieraziko dira.

Oro har, 2. faserako kalkulatutako zuzkidurak 18.000 eta 45.000 euro bitartekoak izango dira –fase horrek 12 hilabete iraungo du–. 3. faserako kalkulatutakoak, aldiz, 12.000 eta 30.000 euro bitartekoak izango dira –fase horrek 8 hilabete iraungo du–.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, helmugarekin lotutako kostuen arabera kalkulatuta. Bekadunak ordainduko ditu kostu horiek emango zaion zuzkidurarekin.

Bisa lortzeko kostuak 2. fasea egingo den erakunde parte-hartzailearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura ezberdinak esleitu ahal izango zaizkie herrialde eta hiri berera baina erakunde ezberdinetara joango diren bekadunei.

Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontuan badagoen nahikoa baliabide horretarako.

Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatu bat ere izango dute aparteko prestakuntza-gastuei aurre egiteko 2. fasean zehar. Kreditu hori erabiltzeko, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako baimena behar da eta, kreditu horren bidez, bekadunek gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten eta helmugako hiritik kanpo egiten diren azoka, misio edo ekitaldietarako joan-etorriak, ostatuak eta dietak, bisita-txartelak egiteko gastuak edo helmugako hizkuntza ikasteko ikastaroen gastuak (ingelesa izan ezik).

Kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria 2.000 eurokoa da. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura.

3.– Programaren garapenarekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, COVID-19a detektatzeko testak –bidaiatzeko baldintza badira–, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta sor daitezkeen bestelako gastuak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin ordainduko ditu. Aldiz, enpresa parte-hartzaileari dagokio gastu hauek ordaintzea: 2. faseko aparteko prestakuntza-gastuak eta 3. faseko hegazkin-txartelak eta bisak, baimenak edo osasun-eskakizunak.

4.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint programako bekadunak (2. fasea eta 3. fasea) Gizarte Segurantzako erregimenari atxikita egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute, baina ez dituzte ordainduko langabeziari, lanbide-prestakuntzari eta Soldatak Bermatzeko Funtsari (FOGASA) dagozkien kuotak.

5.– Bestalde, 2. edo 3. faseko bekadun bihurtzen direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat sinatuko du bekadunen alde, haien jardunaren ondorioei eta hirugarrenei egin dakizkiekeen kalteei aurre egiteko, eta bidaiako laguntza-poliza bat ere sinatuko du.

6.– 3. artikuluan azaltzen den aurrekontuan, kontingentzietarako 500 euroko partida bat jasotzen da bekadun eta urte bakoitzeko.

Partida hori bakarrik erabiliko da bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik (kontingentzia medikoak, gatazka belikoak, mundu mailako krisiak, etab.), hala nola ustekabeko gastuak ordaintzeko, ezohiko arreta medikorako, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak jatorrira aberriratzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurretiazko baimena behar da partida hori erabili ahal izateko, eta erabili ez den zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura.

13. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntzako aparteko gastuen kontua ordaintzea.

1.– Honela egingo da ordainketa:

a.1.– 2. fasea.

a.1.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2024ko abenduan ordainduko da, bekadunak helmugara bidaiatu baino lehen. Bekadunari lehen ordainketa egin baino lehen emango zaio alta Gizarte Segurantzan.

a.1.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.

a.1.3.– Prestakuntzako aparteko gastuen eta kontingentzien partidei dagozkien ordainketak likidaziorako justifikazio-agiriak aurkeztu ahala egingo dira. Gastuak likidatzeko aurkeztu behar dira, gehienez ere, egiten direnetik hilabetera.

a.2.– 3. fasea.

a.2.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa. A modalitateko bekadunei 2025eko abenduan ordainduko zaie; B modalitateko bekadunei, berriz, 3. faseko enpresa edo organismo parte-hartzailearekin lankidetza-akordioa sinatu ondoren ordainduko zaie. B modalitateko bekadunei lehen ordainketa egin baino lehen emango zaie alta Gizarte Segurantzan.

a.2.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira eta, azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko dute onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa, eta orobat bidali dituela oinarri hauetako 14. artikuluko 3.i. atalean eskatzen diren txostenak.

a.2.3.– Bekaren azken hilerokoa jaso ahal izateko, bekadunek epe barruan aurkeztu beharko dituzte nahitaezko txosten guztiak. Zehazki, beka amaitu eta 5 egun balioduneko gehieneko epean aurkeztu behar da azken txostena. Beka amaitu eta 5 egun baliodun pasatu ondoren amaierako txostenik bidali ez duten bekadunek edo aurreko txostenen bidalketan 10 egun baliodunetik gorako atzerapenak izan dituztenek ez dute kobratuko zuzkiduraren azken hilerokoa.

2.– Bekadunak uko egiten badio bekari 3. fasea amaitu baino lehen, azken hilerokoa jaso ahal izateko, artikulu honen a.2.2. eta a.2.3 puntutan adierazitako eskakizunak bete beharko ditu.

3.– Dagozkion zerga-arauetan eta Gizarte Segurantzako arauetan edo horien baliokideetan adierazitakoarekin bat, zuzkiduraren bidez dagozkion betebeharrak ordainduko dira.

14. artikulua.– Bekadunen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Beka-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa onartzea.

2.– Bekadunen baimen-egunen eta norberaren aukerako egunen erregimena esleitu zaien erakunde eta enpresa parte-hartzaileen mende egongo da kasu bakoitzean. Horren harira, baimenei eta norberaren aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamabost egun ezarri dira 2. faserako, eta gutxienez hamar egun 3. faserako.

3.– Beken onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, beka esleitu izanaren ebazpena argitaratu eta bost egun balioduneko epean onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten bekari, onartutzat joko da.

b) Euskadiko unibertsitate-sistemari atxikitako hiru unibertsitateek 1. faseko prestakuntzaren aurre-inskripzio, inskripzio eta matrikularako emandako jarraibide eta epeak betetzea eta orobat unibertsitate bakoitzaren barne-arau eta -erregelamenduak errespetatzea.

c) 1. fasean antolatzen diren klase eta jarduera guztietara sasoiz joatea, eta elkarlanerako jarrera izatea, bai irakasleekin eta bai ikaskideekin.

d) Erakunde parte-hartzaile bakoitzak ezarritako arauak errespetatzea programaren 3 faseetan.

e) 2. eta 3. faseetan, helmuga-herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea.

f) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta helmugako erakunde parte-hartzaileen funtzionamendu-arauei men egitea.

g) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: helmugako erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide.

h) Bekari eragin diezaiokeen edozein gorabehera jakinaraztea Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari.

i) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidaltzea hark eskatutako informazio guztia praktikak behar bezala egin direla egiaztatzeko, eta baita ere bekadunaren jarduerari buruz eskatutako txostenak, argi zehaztuz alderdi ekonomiko eta komertzial garrantzitsuak, eta EAEko ekoizpen-sektoreen esportazio-jarduera garatzeko eta sendotzeko garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako datuak.

j) Likidazioa egitea Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideei jarraituz, eta prestakuntzako aparteko gastuen egiaztagiri originalak eranstea.

k) Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideei jarraikiz, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktika profesionalengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiaztatzen badu herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango du bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.

l) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudun batzuen (naziokoak zein Batasunekoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, eta jarduketa horiek egitean eskatutako informazio guztia aurkeztea.

m) 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluan eta, aplikatzekoa denean, DLOren 14. eta 46. artikuluetan xedatutako betebeharrak betetzea.

n) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsuletxean edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldiko bizilekua finkatzeko.

ñ) Basque Trade & Investmenti medikuaren bajaren edo lana normaltasunez egitea eragozten duen edozein egoeraren berri ematea.

o) SPRIk laguntza hedatzeko deitzen dituen jardueretan parte hartzea.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotze-bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauetako 4.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Salbuespen gisa, bekadunek ordaindutako lanak egin ahal izango dituzte 1. fasean, baldin eta lan horiek ez badiete eragozten derrigorrezkoak diren klase eta jardueretara joatea.

16. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.

1.– Bekadun izaera azkendu daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoi hauetako batengatik:

a) Bekadunak uko egitea.

b) Oinarri hauetako 14. artikuluan zerrendatutako betebeharrak ez betetzea.

c) 1. faseko bi klase edo jardueratan baino gehiagotan huts egitea, justifikaziorik gabe. Huts egitetzat joko da klasera ez joatea edo garaiz ez iristeagatik klasera ezin sartzea.

d) 1. fasean egindako ebaluazio, proba edo azterketak ez gainditzea edo horietara ez aurkeztea arrazoi justifikaturik gabe.

e) 1. fasearen funtzionamendu eta garapen egokia eragozten duen edozein portaera. Portaera desegokiagatik bi ohartarazpen jasotzen dituzten bekadunek berehala galduko dute bekadun izaera.

f) Kopiatzea edo plagiatzea 1. faseko proba, lan edo ebaluazioren batean.

g) A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasea egiteko akordiorik ez lortzea ezein enpresa edo organismorekin, 2025eko urriaren 15a baino lehen. Kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko litzateke.

h) B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasea egiteko akordiorik ez lortzea ezein enpresa edo organismorekin, 2025eko otsailaren 14a baino lehen.

i) Ez onartzea oinarri hauetako 9.4.e) artikuluaren babesean egindako helmuga-aldaketak.

j) Ez onartzea oinarri hauetako 14.k) artikuluaren babesean agindutako mugikortasun-murrizketak.

k) Enpresa edo organismo parte-hartzaileak amaitutzat ematea praktikaldia bekadunari egotz dakiokeen arrazoiengatik. Enpresa edo organismo kolaboratzaileak amaitutzat ematen baditu 3. faseko praktikak bekadunari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, hilabeteko epea emango zaio bekadunari beste enpresa edo organismo bat bilatzeko. Epe hori amaitu eta ez badu beste aukerarik aurkitu, bekadun izaera galduko du.

l) 3. faseko bekadunei dagokienez, enpresa edo organismo parte-hartzaile batek oinarri hauetako 8. artikuluko c) letran aipatutako balorazio-txosten negatiboa egiten badu, horrek berekin ekar lezake dirua itzuli behar izatea, gainerako inguruabarrak baloratzean hala komeni dela ondorioztatzen bada.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako edozein egoera gertatzea.

n) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunen bat edo muga fisiko edo psikikoren bat izatea edo eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiaren bat izatea.

2.– Bekadun izaera galtzeak berekin dakar jasotzeke dauden ordainketetarako eskubidea galtzea eta bidegabeki jasotako zenbatekoak –osorik edo partzialki– eta horiei dagokien berandutze-interesak itzuli behar izatea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari. Horrez gain, kasuan kasuko zehapenak jar dakizkioke bekadunari.

3.– A modalitateko bekadunen batek bekadun izaera galtzen badu artikulu honen 1. apartatuan adierazitako arrazoiren batengatik, eta hori gertatzen bada helmugak esleitu ondoren baina bekaduna helmugara iritsi aurretik, plaza hori esleitu ahal izango zaie enpresekin hitzarmenik sinatu ez duten B modalitateko bekadunei. Horretarako, oinarri hauetako 8. artikuluko a letran aipatzen den behin betiko zerrendako (BZ) ordenari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza-arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuen Babeserako (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiarekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela eman dituzuen datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta zuen parte-hartze eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.

Zilegi da informazio hori lagatzea oinarri arautzaile hauetan adierazitako erakunde kolaboratzaileei, administrazio publiko eskudunei eta SPRI Taldeko beste enpresa batzuei.

Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean, eta lege-betebeharrak konplitzeko legez gorde daitezkeen denboran.

Interesdun guztiek dute eskubidea datuak zuzendu eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko, datuen eramangarritasuna baliatzeko, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira; horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali beharko dute helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus.

Halaber, interesdun guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion kontrol-agintaritzan; hau da, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan: www.avpd.euskadi.eus.

Informazio gehigarri eta zehatz gehiago lortu nahi bada datu pertsonalen babesaren arloko SPRIren jarduerari buruz, begiratu https://agenda.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politika.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, zeinak indarrean dagoen [...] zenbakidun NANa baitauka eta [helbidea],

ERANTZUKIZUNEZ ADIERAZTEN DU:

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

(i) Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik, ez eta eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik ere, beka eskatzeko orduan.

(ii) Ez dela izan antzeko beka baten onuradun, oinarrietako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

(iii) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez dagoela.

(iv) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko egoeretan.

II.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko, eskubidea aitortzen zaion edo baliatzen duen denbora guztian.

III.– Badakiela ezen, erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari adierazpen hau aurkezten ez bazaio, ezin izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitu, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. apartatuari jarraikiz.

[ ] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.


Azterketa dokumentala