Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2024ko martxoaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1383

AGINDUA, 2024ko martxoaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean Kultura eta gizarte arloetako berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak onetsi eta haien deialdia egiten duena (Bitartez).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko zuzendaritzari.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak sustatzeko. Horrela, garatu ahal izango dugu desberdinen arteko kolaborazioa eta talentua, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren, elkarlan moduak areagotzeko lan-inguruak, hartzaileengana jotzeko modu berriak, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarriagoak eragitearren eta oro har praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez), sailaren beraren webgunean argitaratuak biak ala biak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuari jarraikiz, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu. Ondorioz, hau

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da ikerketa, berrikuntza eta kultura eta gizarte arloko adierazpen garaikideekin konprometituta dauden eta bitartekaritza horretarako tresnatzat duten kultura arloko berrikuntza-proiektuei bideratutako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuek honetarako lagungarri izan beharko dute:

– Sektore, arlo eta eragile desberdinen arteko baterako sorkuntza nahiz hibridazioa eta talentua sustatzeko, hartara gure inguruko sortze-gaitasuna ahal beste garatzearren.

– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta artekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.

– Praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.

2.– Proiektuek kultura-sektore bati edo batzuei lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika edo bertsolaritza).

3.– Proiektuek eskabideak aurkezteko epea agortu ondoren hasiak eta 2024ko abenduaren 31ra bitartean gauzatutakoak izan beharko dute. Proiektuek 2024an hasiak izan beharra dute.

4.– Gutxienez % 20ko autofinantzaketa maila aurreikusi beharko du aurrekontuak, halakotzat harturik iturri publikoetatik ez datozen diru-sarrerak: laguntza pribatuak, mezenasgoa, jarduerak berak eragindako diru-sarrerak eta eskatzaileak finantzatutako zatia, alegia.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 500.000 eurokoa da. Horietatik 250.000 2024ko aurrekontuari lotuak dira, eta 250.000 2025eko aurrekontuari.

2.– Proiektu bakoitzari ematen zaion dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa 35.000 eurokoa izango da, betiere proiektuaren aurrekontuaren % 70 ez badu gainditzen.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagun daitezkeen gastuek, halaber, 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa bete beharko dute.

1.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sortzen diren gastu hauek izango dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:

a) Langile gastuak:

– Kudeaketa-, zuzendaritza- nahiz koordinazio-langileen gastuak.

– Artisten, teknikarien eta administrazio-langileen gastuak.

b) Hirugarrenen kontratazioak (azpikontratatutako zerbitzuak).

c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak (entitateko langile eta arduradunenak).

d) Jarduerarako material gastuak.

e) Komunikazio-gastuak.

f) Argia, ura, telefonoa, gasa, Internet.

2.– b) puntuan adierazitako gastuen batura ezin izango da izan aurrekontuaren % 70 baino gehiago. Halaber, c) eta f) puntuetan adierazitako gastuen baturak, denera, ezin izango dira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.

3.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 70era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den proiektu eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Edonola ere kontratu bakoitzean garatutako lanek edo eskainitako zerbitzuek aurrekontuko epigrafeetan jasotako kontzeptuekin etorri behar dute bat. Zerbitzu profesional independenteak emango dituzten hornitzaileek eginiko aurrekontuak aurkeztu ezean, gastu horiek murriztu egingo dira aurkeztutako aurrekontutik, aurrekontu onartua kalkulatzeko.

4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiona izango da.

5. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– 1. artikuluarekin bat datozen proiektuak gauzatzen dituzten, agindu hau argitaratzen den egunean gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa duten eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek baizik ezin izango dituzte jaso deialdi honetako dirulaguntzak:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea beren jarduerari dagokion epigrafean. Betekizun hau beterik atxikitzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

b) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluek ezarritakoak bete beharko dira.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:

a) Administrazio Publikoek zein horietako baten sektore publikoko erakundeek.

b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak.

c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

d) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.

e) Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

f) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31-07-2014). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago zehaztua.

g) Onuradunak enpresa-deslokalizariorik egin badute 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

h) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1, 3, 4 eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean diren pertsonak edo erakundeak.

i) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen direnean soilik, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzaketa edozein dela ere.

6. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira, eta, 13.1 artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan xedatutako hautaketa- eta balorazio-irizpideetan oinarrituta, artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman, betiere 13.3.a) artikuluak ezarritako gehienezko mugak errespetatuz.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte bitarteko elektronikoak eta aurrez-aurrekoa erabiliz, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenak izan ezik. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

Pertsona juridikoek, aldiz, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte administrazio-prozeduraren izapideak egiteko.

3.– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, ahal dela, Herritarrei Arreta Emateko Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan (aurrez hitzordua eskatuta), https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro osagarrietan (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasoak), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatuaren bidez, behar bezala beteta. Eskabide-eredua eskuragarri dago EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033409

4.– Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan 39/2015 Legearen 16.4 artikuluaz bat, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033409

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak barne, honako helbide honetan egingo dira: «Nire karpeta», EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren aurreko puntuan adierazitako helbideetan dira eskuragarri.

7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

8. artikulua.– Eskatutako baldintzak betetzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero: eskabidea sinatu duenaren identitatea egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeek eskabidean adieraziko dute zer erregistrotan dauden, eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena, honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta duen legezko ordezkatze-ahalmenaren egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztuko da, ahal dela:

– Azalpen memoria, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituko zaio.

– Aurreikusitako egutegia.

– Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdien egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira, 13. artikuluko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen direnak.

3.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu dutenek 5. artikuluko 1. apartatuko a) eta b) hizkietan adierazitako baldintzak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du pertsona horien oniritzia beharko, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, interesdunek horren aurka egin ahal izango dute berariaz, baina, kasu horretan, beraiek lortu eta aurkeztu beharko dituzte esandako egiaztagiriak.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan ezarritakoa bete beharko da.

4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edozein izanik ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduei jarraituko zaie, eta ereduok eskuragarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Horren bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunek berariaz aurka egiten ez badute.

9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluak xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Erakundeak ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian).

– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.

– Onuradunak konpromisoa hartzen dute enpresa-deslokalizariorik ez egiteko 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1, 3, 4 eta 5 apartatuetan xedatutakoetan.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak direla, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, ulertuko dela aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridiko batek eskabidea aurrez aurre egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez egin dezala adieraziko zaio, eta, horri dagokionez, aurkezpen elektronikoa egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango ditu kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta bada, batzordekide adinekoenak ordezkatuko du.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kulturako sailburuordeak izendatutako 3, 4 edo 5 bokal.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du idazkari gisa, zuzendariak izendatuta. Hitza izango du, baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

2.– Balorazio-batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: abenduaren 21eko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

3.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan 3.10 artikuluan xedatutako beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: abenduaren 21eko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaz bat eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Kultura Sustatzeko zuzendariari egokituko zaio aurkezten diren eskabideak ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea; 4. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea.

7.– Batzordeak balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren txostena egingo du eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak ezarri bezala.

8.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

9.– Kultura Sustatzeko zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du, eta proposamen hori onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, laguntza onar dezaten. Hamabost eguneko epean berariaz onartu ezean, dirulaguntzari uko egin diotela ulertuko da.

13. artikulua.– Hautatzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, onartzeko baldintzak betetzen dituzten analizatuko du, eta erabakiko du zein onartuko diren eta zein ez. Hurrena, onartutakoak jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu. Balorazio irizpideak ondorengoak dira:

Lehenengo fasea: proiektuaren kalitatea, berrikuntza, hibridazioa eta interes publikoa. Gehienez 65 puntu. Baloratuko da:

a) Proiektuaren kalitatea. Proiektuak duen kalitatea baloratuko da, 10 puntu gehienez ere.

Proiektuak sortzen dituen esperimentazioetatik datozen eduki original eta bereziak hartuko dira kontuan.

b) Berrikuntza: barne-kudeaketa prozesuetarako berrikuntza proposamena eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza: Gehienez 20 puntu.

b.1.– Kudeaketarako barne-prozesuak: Gehienez 10 puntu.

b.1.1.– Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatua: UNE 166.002, edo horren fede ematen duen beste edozein kanpo-ziurtagiri. 10 puntu.

b.1.2.– Ziurtagiririk gabe bada era, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategiko zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.

b.1.3.– Berrikuntza ez sistematizatuta ez ziurtatuta izanagatik ere erakundearen funtsezko faktorea da (5 puntu). Ondorengo hiru betekizun hauetatik gutxienez bi bete behar ditu:

– Barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardundako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).

– Sarritan hartu du parte (ez tarteka) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela europar proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.

– Berrikuntza beren jarduera-ardatz duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.

b.1.4.– Azken hiru urteotan unean-unean ekin zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.

b.1.5.– Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.

b.2.– Aurreikusitako eduki eta proiektuak. 10 puntu. Proiektua berritzailetzat hartzeko honako hiru bloke hauetan guztietan jaso behar dituzte puntuak:

b.2.1.– Dagoeneko existitzen denaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena izatea (4 puntu):

– Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon gauzatu, edo Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat zeharo berria izatea (4 puntu).

– Berritasun nabarmena: gunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).

– Berritasun ez-esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik gunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu). 0 puntu baino gehiago biltzen ez duen eskabideak ez du aukerarik izango hurrengo irizpideak ez zaizkio baloratuko.

b.2.2.– Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri izatea, edo horretarako egitasmoa aurreikusita izatea (2 puntu):

– Ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzaketa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).

– Ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu beharra dago (puntu 1).

– Ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).

b.2.3.– Balio ekonomikoa, soziala nahiz ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmenik gabea hiru alorretan (0 puntu).

c) Hibridazioa eta lankidetza. Aintzat hartuko dira sektore-dibertsitatea eta eragile-dibertsitate eta kopurua, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai hura gauzatzean (20 puntu gehienez). Hibridazioa positiboki baloratuko da, alegia, lankidetza sektore desberdinen artean sustatzen denean eta era horretan balore diferentzial handiagoz berrikuntza ahal izango da. Halaber, eragileen arteko lankidetza baloratuko da, lankidetza ez da elkarrekin lan egite hutsera mugatuko, baizik eta alde guztien helburuekin bat datorren irtenbide berritzaile gisa, lankidetza eraginkorra lortzeko arau argiekin.

c.1.– Hibridazioa: proiektuan sartutako sektore bakoitzeko 2 puntu izango dute eta lau sektoretik gora direnean 10 puntu.

c.2.– Lankidetza: proiektuan sartutako eragile bakoitzeko 2 puntu izango dute eta lau eragiletik gora direnean 10 puntu.

d) Proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira publiko hartzaile kopurua eta dibertsitatea (10 puntu gehienez), bai eta gizartean zenbateraino sustatzen den kulturartekotasuna eta kultura-praktika ere (5 puntu gehienez).

2.– Lehenengo faseko irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Gainerako proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

a) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Gehienez 15 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:

a.1.– Jarritako enpresa-baliabideak (0-5 puntu). Ondorengo formula erabiliko da:

a1 = (PFP/PFPMax) * 5

PFP = Eskatzailearen finantzaketa propioaren ehunekoa.

PFPMax = Ehuneko finantzaketa propiorik altuena duen proiektua.

a.2.– Kalitate-kostu erlazioa egokitasuna (0-5 puntu). Proiektuaren kalitatea eta prezioa kuantifikatuko dira, kalitate mailaren eta prezioaren egokitasuna mailaren arabera.

a.3.– Bestelako finantzaketa iturriak erakartzeko gaitasuna (0-5 puntu). Finantzaketa ehunekorik handiena duenari 5 puntu emango zaizkio eta gainerakoei proportzioan.

a3 = (PCA/PACMax) * 5

PCA = PAPrib + PAPub (Finantzaketa Pribatuaren ehunekoa + Gainerako Dirulaguntza Publikoen ehunekoa).

PCAMax = PCA handiena duen proiektua.

b) Euskara erabiltzea (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da proiektuaren hartzaileei euskaraz zuzentzea, komunikazioa eta publizitatea euskaraz egitea eta material idatzi zein entzutezkoa eleanitza izatea (% 70a bederen eleanitza bada, euskara barne, 10 puntu eta hortik beherakoa bada, 0 puntu).

c) Sortze- eta erabakitze-prozesuetan emakumezkoen parte hartzea sortzaile eta eragile kulturalen aldetik (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da sortzaileen arteko eta eragile kulturalen arteko emakume proportzioa (gehienez 5 puntu) zein erakunde eskatzaileen erabakitze-organoetako emakume proportzioa (gehenez 5 puntu). Emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 bitartean bada, 5 puntu; bestela, 0 puntu.

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio osotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aukeratutakoen artean sartu.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan aurreikusitako zuzkidura ekonomiko globala onuradunek balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, honako prozedura honen arabera:

a) Puntuaziorik handiena lortu duen proiektutik hasita, eskatutako zenbatekoak (a), (b) 35.000 euro (3.2 artikulua) eta (c) % 70 (3.2 artikulua) zehaztutako mugekin emango zaio dirulaguntza, eta muga horietatik txikiena izango da proiektuari esleitutako zenbatekoa.

b) Prozedura errepikatu egingo da, aurreikusitako zuzkidura agortu arte, artikulu honetako 5. apartatuan jasotako irizpidea gainditu eta hautatu diren gainerako proiektuekin, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta eta aurreko puntuan deskribatutako hiru muga-zenbatekoei faktore proportzional bat aplikatuz, zeina kalkulatutako dirulaguntza duen proiektuak lortutako puntuazioaren eta puntuazio handiena duenaren artean dagoen arrazoia izango baita.

5.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzeko proiektu bakar batek jaso dezake dirulaguntza. Hala badagokio, balorazio-irizpideak aplikatuz puntuazio handiena lortzen duen proiektuari lagunduko zaio, formula honen bidez:

SP = SM* PO/PM

Non,

SP = Proposatutako dirulaguntza.

SM = Gehieneko dirulaguntza.

PO = Lortutako puntuazioa.

PM = Baloraziorik altuena izan duen proiektuaren puntuazioa.

Aurreko paragrafoan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, muga guztiak errespetatzen dituen kopururik handienera arte murriztuko da emaitza. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo 3.1 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:

SO = SP* DO/SUM (SPi)

Non,

SO = Emandako dirulaguntza.

SP = Aurreko urratsean proposatutako dirulaguntza.

DO = Zuzkidura (3.1 artikuluan ezarritakoa).

SUM (SPi) = Aurreko kalkuluan proposatutako dirulaguntzen batura (aurrekontu-muga gainditzen dutenak).

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena Kultura sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko zuzendariaren proposamena ikusita; betiere, ebazpen hori deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren barruan baditu, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatzen baitu.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei, gehienez, agindu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera. Ebazpen jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo da https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Horretaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera. Interesdunari hainbat bidetik jakinarazten zaionean, lehenengo egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Paperean egiten diren jakinarazpenek 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Artikulu honen arabera, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren edo organismoaren egoitza elektronikoan, haien edukia bere borondatez eskuratu ahal izan dezan.

4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, berariaz ebazteko duen betebeharretik.

5.– Ematen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

15. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bati esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da diru-sarrera guztien % 80 baino handiagoa izan, aurrekontu onartuaren gutxieneko % 20ko autofinantzaketa maila beteko bada. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa, eta, hala badagokio, aurrekontu araztua onartutako guztizko aurrekontutzat, 4. artikuluan oinarrituta. Gainfinantzaketarik badago, edo ezarritako gutxieneko autofinantzaketara ez bada iristen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak, liburugintza, literatura, Sorgune eta KSI berritzaile alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan onetsitako dirulaguntzak jasotzen dituztenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen, abenduaren 21eko, 20/2023 Legearen 14., 17. eta 42. artikuluek xedatutakoez bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira:

a) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren.

e) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizariorik egin 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago, edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan diren banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra dutenek halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Agindu honen kontura esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, martxoaren 30a izanik zuritzeko azken eguna. Betiere, dirulaguntza osoa artikulu honen 4. apartatuan azaltzen den moduan justifikatu ondoren.

3.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari, zergari buruzko arauek hala xedatzen dutenean.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean, 2025eko martxoaren 30a izanik azken eguna, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere:

– Lagundutako jarduerari buruzko exekuzio txostena, egikaritzea, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko egikaritze-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko egikaritze-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere, emandako dirulaguntzari 2.2 artikuluan ezarritako muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.

– Izandako gastu guztia justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak, jarduera osoari dagozkionak. Ez da tiket bidezko justifikaziorik onartuko. Kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

5.– Pertsona edo erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta obligaziodun pertsonak edo erakundeak zorra borondatezko aldian artatzen badu, edo atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, abenduaren 21eko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 34. artikuluaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluen ildotik.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta helburua betetzat jotzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak badira edo beste erakunde publiko edo pribatu batek beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera konkurrente bat eman badio ezarritako mugak gaindituz, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k) artikuluarekin bat eta 16.4. eta 25. artikuluetan ezarritakoen arabera.

19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Ondorengoak izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik edo zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako proiektu eta jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b). Proiektua gutxienez % 70ean ez garatzea eskabidean aurkeztutako baldintzetan, inplikatutako baliabideei, helburuei eta edukiei, inplikatutako sektore eta eragileei eta hartzaile publikoei dagokienez.

c) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza esleitzean ezartzen direnak ez betetzea.

d) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

e) Aurkeztutako proiektu eta jardueretan aldaketaren bat egitea.

2.– Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 39. artikuluak xedatutako betez.

20. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kultura eta sormenaren sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea dago; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du erregelamendu horrek, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, zehazki 53. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta, halaber, 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, abenduaren 21ekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala