Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2024ko martxoaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1380

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 27koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, 2024an gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitekoa eta dirulaguntzak emateko araubidea ezartzekoa.

Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9.1.i) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dio plaza-trukean dautzan programak betetzea eta pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, dirulaguntzak ematea, lurraldeen, erkidegoen eta herrialdeen artean gazteak mugi daitezen sustatzeko.

Ebazpen honen bidez, gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzen lagundu nahi du Lehendakaritzak, gazteak gizartean integratzen laguntzeko beste tresna bat izan dadin. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei aukera emango zaie gazteen mugikortasun- edo truke-jarduerak gauzatzeko, entitate horiek askatasunez egindako diseinuaren arabera eta muga zorrotzik ezarri gabe entitateon sormen-ekimena ez murrizteko.

Azaldutakoaren arabera, laguntza-esparru aski zabala diseinatu da, dirulaguntzen araubidean sartzeko aukera izan dezaten gazteen mugikortasuneko edo trukeko jarduera bat egin nahi duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko, publiko zein pribatu, guztiei.

Deialdi hau izapidetzen ari zela, indarrean sartu da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.); bada, lege horretan arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta indargabetuta uzten ditu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua. Horregatik, araudi berrian xedatutakoa jasotzen du deialdi honek, arlo hauei dagokienez: entitate onuradunek beren gain hartutako betebeharrak, laguntzen kudeaketa eta deialdiaren ebazpena, ez-betetzeen kasuak eta laguntzak itzultzeko prozedura.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan islatzen da. Plan hori Koordinazio eta Gizarte-komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2024an gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea eta dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 27a.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2024an gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea eta dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, ondoren zehazten diren baldintza eta betekizunen arabera.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko oinarrian aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien guztizko zenbatekoa 145.000 eurokoa izango da.

Hirugarrena.– Onuradunak.

Ebazpen honetako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 5. oinarrian zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.

Laugarrena.– Entitate onuradun izateko betekizunak.

1.– Entitate eskatzaileek legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute.

2.– Ezingo dute deialdi honetako laguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean daudenek.

3.– Ezin izango zaie inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

4.– Entitate onuradun izateko eta dirulaguntzak likidatzen diren arte hala izateko, entitateak egunean eduki beharko ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

5.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, itzulketa-prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ukitutako dirulaguntzari dagozkion ordaindu gabeko zenbatekoen igorpenak.

6.– Udalei dagokienez, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte aurrez, ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuaren arabera, zeina udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzekoa baita.

Mankomunitateen eta toki-entitateak elkartzen dituzten beste formula batzuen kasuan, txosten horiek arestian aipatutako baldintzetan lortu beharko dira, elkartea osatzen duten udal guztiak aintzat hartuta.

Bosgarrena.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak.

1.– Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak eta urteko programak lagundu ahal izango dira:

a) Gazte-taldeen arteko mugikortasun eta trukerako jarduerak.

b) Gazte-taldeen arteko mugikortasun eta trukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen-, zabalkunde- edo prestakuntza-jarduerak.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta trukerako jardueratzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu kideetako gazte-taldeen artean egiten direnak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izatea.

b) Interes orokorreko gaiak izatea, garrantzitsuak parte-hartzaileentzat. Jardueren gai-kontzeptuak argia behar du izan, parte-hartzaileek batera lantzeko erakargarria. Gaia adostasunez aukeratu behar da, eta parte-hartzaileen interesak eta beharrak bildu behar ditu. Gaia gazte-trukaketaren eguneroko jardueretan islatu behar da.

c) Ikaskuntza ez-formalaren metodoak aplikatzea. Jarduerek lagungarriak izan behar dute konpetentziak eskuratzeko edo hobetzeko (ezagutza, trebetasunak eta jarrerak), hartara garapen pertsonala, gizarte-heziketakoa eta profesionala lortzeko, ikaskuntza ez-formal eta informalaren bitartez. Jardueren abiapuntuan, sormena, parte-hartze aktiboa eta ekimena (gogo ekintzailea) sustatuko dituen ikaskuntza-prozesua egongo da. Ikaskuntza-prozesu hori mugikortasun edo trukerako jarduera osoan zehar planifikatu eta aztertu behar da: hausnarketarako espazio bat eskaini behar zaie parte-hartzaileei, ikaskuntzarekin loturiko esperientziez eta emaitzez gogoeta egiteko.

d) Parte-hartzaileen inplikazio aktiboa proiektuan. Eguneroko jarduera-programak eta lan-metodoek ahalik eta inplikaziorik handiena sorrarazi behar dute parte-hartzaileen artean, eta ikaskuntza-prozesurako akuilua izan. Proiektua prestatzeko eta ebaluatzeko faseetan ere inplikatuta egongo dira parte-hartzaileak.

e) Parte-hartzaileen garapen soziala eta kulturala sustatzea. Jarduerek lagundu egin behar diete parte-hartzaileei beren buruengan ziurtasuna izaten, horrela esperientzia, jarrera eta jokamolde berriei aurre egiteko; eta lagundu behar diete beren garapen soziala edo pertsonala sendotuko duten trebetasunak, konpetentziak eta ezagutza eskuratzen edo lantzen.

f) Kultura-artekotasuna. Mugikortasun eta trukerako jardueren bidez, gazteek beste kultura batzuenganako duten sentiberatasun positiboa areagotu behar da, eta ingurune eta kultura ezberdinetatik datozen gazteen arteko elkarrizketa eta kultura-arteko elkarguneak bultzatu. Horretaz gainera, laguntza eman behar dute aurreiritziak, arrazismoa eta bazterkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko, eta tolerantzia eta dibertsitatearen ulerbideak zabaltzeko.

g) Europartasuna eta nazioartekotasuna. Mugikortasun eta trukerako jarduerek balio behar dute gazteen hezkuntza-prozesua indartzeko eta haien kontzientziazioa handitzeko, ohartuta zer-nolako testuinguruan bizi diren Europari zein nazioarteari begira.

h) Iraupena. Truke-jarduera bakoitzaren iraupena (bai gazteak kanpora joatekoa, bai gazteak kanpotik hartzekoa) 6 eta 21 egun artekoa izango da, egun jarraituak alegia. Denbora horretan ez dira zenbatuko ez prestakuntza-egunak, ez truke-helmugarainoko bidaia, ezta jarduerak ebaluatzeko faseko denbora ere.

i) Parte-hartzaileen kopurua. Talde bakoitzeko gutxienez 6 partaide egongo dira, eta gehienez 15. Dena den, gehieneko kopurua beti izango da 60koa. Talde bakoitzak, gainera, monitore bat izango du gutxienez; monitore-kopurua, baina, gehienez ere monitore batekoa izango da lau pertsonako, salbu eta parte-hartzaileren baten beharrizan espezifikoak direla-eta monitore gehiago behar direla justifikatzen bada.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta trukearekin loturiko sustapen, difusio edo prestakuntzako jardueratzat hartuko dira EAEn egiten diren mintegi, prestakuntza-ikastaro edo zabalkunde-kanpainak, baldin eta hartzaileen artean etorkizunean bestelako mugikortasun edo truke proiektuak egiteko xedea badute. Jarduera horiek lurraldez gaindikoak izango dira, hau da, Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak izango dituzte jomuga. Hori dela eta, ustekabe hutsez Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko parte-hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

4.– Eskaera batean berez izaera aldetik ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, hartzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Horretarako, izaera aldetik ezberdintzat joko dira, xede edo hartzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, baita finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.

Seigarrena.– Kanpoan geratzen diren jarduerak.

Ebazpen honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Ikasketa akademikoetako bidaiak.

b) Etekin ekonomikoa bilatzen duten truke-jarduerak.

c) Turismotzat jo daitezkeen truke-jarduerak.

d) Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.

e) Opor-bidaiak.

f) Hizkuntza-ikastaroak.

g) Ikuskizun-birak.

h) Eskola-trukeak.

i) Kirol-lehiaketak.

j) Erakundeen arauzko bilerak.

k) Bilera politikoak.

l) Auzolandegiak.

m) Autofinantzaketa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa duten jarduerak; hau da, entitate eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten diru-sarrerak, entitate pribatuek egindakoak.

n) Gainfinantzaketa deuseztatzeko asmoz eskatutako zenbatekoaren gainean egindako zuzenketaren ondorioz, eskatutako zenbateko hori hutseraino murrizten zaien jarduerak. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako dirulaguntza guztiak barne).

o) Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, gauzatze-lekua, egikaritze-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.

Zazpigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izango.

2.– Gazteen arteko mugikortasun eta trukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:

a) Gazteak Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetara bidaltzeko bakarrik eskatzen bada dirulaguntza, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira EAEko gazte-taldeari dagozkion bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egiteko gastuak eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu- eta mantenu-gastuak.

b) Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko bakarrik eskatzen bada dirulaguntza, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira gazte haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak eta EAEko egonaldirako ostatu- eta mantenu-gastuak.

c) Eskabide berean EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko laguntza eskatzen denean, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak EAEn hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak eta ostatu- eta mantenu-gastuak.

d) Aurreko hiru kasuetan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:

1) Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarteko eta tarifa merkeenak erabiliko dira.

2) Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuei dagokienez, gehieneko kopurua 100 eurokoa izango da gazte parte-hartzaile bakoitzeko.

3) Ostatu- eta mantenu-gastuei dagokienez, pertsonako eta gaueko gehieneko kopuru bat ezartzen da, jarduera egiten den herrialdearen arabera, bat etorrita ebazpen honen V. eranskineko taulan xedatutakoarekin.

3.– Tributuei dagozkien diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak berak benetan ordaintzen baditu eta ezin badira errekuperatu edo konpentsatu.

4.– Ez da inoiz laguntzarik emango entitate eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.

5.– Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.

6.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

7.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko, hornitzeko edo materiala entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituzten behar besteko hornitzaile kopururik ez badago, edo, salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ez bada aukeratzen proposamen ekonomikorik onena, berariaz justifikatu beharko da memoria batean. Gainera, eskaintzak justifikazioan aurkeztu beharko dira.

8.– Oinarri honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzen izapidetzea.

1.– Entitate interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102411. Fitxa horretan daude jasota izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta hartatik jotzen da eskabide-inprimakira.

3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bederatzigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, 10. oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. Eskabidearen edukia II. eranskinean dago jasota.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuari buruzko memoria zehatza, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102411. Memoriaren edukia III. eranskinean dago jasota.

b) Identifikazio Fiskalaren Zenbakia egiaztatzeko txartelaren fotokopia.

c) Entitatea dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua.

d) Izaera juridikoaren arabera, dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.

Entitate eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea, betiere dagokion prozedura amaitu zenetik 5 urte baino gehiago igaro ez badira. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek noiz eta zein organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren adieraztea.

3.– Ebazpen honen 4.6 artikuluaren arabera, udalek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak aurkeztu beharko dituzte, ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuaren arabera, zeina udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzekoa baita.

4.– Halaber, proiektua hobeto baloratu dadin entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere aurkeztu ahal izango dute.

5.– Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.

Hamargarrena.– Entitate eskatzailearen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidea aurkeztuta baimena ematen da kudeaketa-organoak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, salbu eta berariaz ukatzen bada baimen hori. Kasu horretan, onuradunak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako administrazio-erakundeek emandako ziurtagiriak. Laguntza edo dirulaguntza esleitzeko onarpen-proposamena eman aurretik egiaztatuko da Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzearen gainekoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua berau).

2.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu ordez, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo da hasieran:

– Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekurik.

– Entitate eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez edukitzea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekurik, beren-beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23.2 artikuluaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekurik.

– Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta deialdia ebazteko unean oraindik izapidetzeko dagoen inolako itzultze- edo zigor-prozeduratan. Bestela, prozedura hori edo horiek adierazi beharko dira.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

– Adieraztea helburu bererako dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu direla eta, hala badagokio, jaso direla, zeinahi dela ere haiek ematen dituen administrazioa edo ente publikoa zein pribatua.

– Sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduerarik ez egitea, eta ez edukitzea sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik, zehapenean ezarritako aldian.

– Berdintasun-plan bat indarrean izatea, nahitaez eduki behar badute.

– 50 langiletik gorako enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian zehaztutako baldintzetan.

– Era berean, entitate eskatzaileak berariaz adierazi behar du eskabidean bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada edo faltsua bada edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta erantzukizun penal, zibil edo administratiboei aurre egin beharko zaie, hala badagokio. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

Hamaikagarrena.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskarian atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidea aurrez aurre eta paperean aurkezten bada, interesdunari adieraziko zaio elektronikoki aurkeztu behar duela.

Hamabigarrena.– Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.– Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Dirulaguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu dira, eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. oinarrian ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza lortzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, balorazio-batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:

100 x (puntu kopurua – 40) / 20

Lortutako puntu-kopurua 60 edo gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. oinarrian dirulaguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa.

Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.

2.– Bigarren oinarrian deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada hasiera batean kalkulatutako laguntza guztiak ordaintzeko oinarri honen aurreko atalean ezarritakoaren arabera, laguntza horiek murriztuko dira, halako moduan non azken zenbatekoek zuzkidura horrekiko proportzio berbera gordeko baitute hasierako zenbatekoek laguntzok aurrera eraman ahal izateko kalkulatuko zenbateko orokorrarekin gordetzen zutenarekin alderatuta.

3.– Dirulaguntzak emateko egiten duen proposamenean, balorazio-batzordeak banaturik aipatuko ditu laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, orduan ere balorazio-batzordeak berariaz zehaztuko du ebazpen-proposamenean zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

Hamahirugarrena.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.

– Batzordekidea: M.ª Jesús Emazabel Lekuona, Gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Iker Garagarza Berger, Gazteriako teknikaria.

– Batzordekidea: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteriako teknikaria; idazkari ere jardungo du. Ordezkoa: Lourdes Ramirez de Ocáriz Sorolla, Gazteriako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. oinarrian aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari.

Hamalaugarrena.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 12.1 oinarrian aipatzen dena, irizpide hauek aplikatuta lortuko da:

1.– Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, eskatzailearen baliabideen portzentaje handiena balioetsita, ondorengo eran, gehienez ere 10 puntu:

1) % 30etik % 40ra bitarteko autofinantzaketa, 0 puntu.

2) % 40tik gorako eta % 60ra bitarteko autofinantzaketa, 5 puntu.

3) % 60tik gorako autofinantzaketa, 10 puntu.

2.– Programa edo jardueraren egokitasuna. Kontuan hartuko da ea programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden, errealistak diren eta egokiro oinarrituta dauden gazte onuradunen benetako eta taxuzko premien azterketan. Gehienez ere 5 puntu.

3.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Aintzat hartuko da nolako argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea dagoen proposatzen den proiektuaren fase guztietan (prestakuntza, jarduera eta ebaluazioa), bai eta lortu nahi diren emaitzak lortzeko metodologia errealista eta egokia erabil den ere, eta koherentzia dagoen proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean. Era berean, gazte parte-hartzaileen babesa eta segurtasuna ziurtatuko dituzten neurri zehatzak egotea ere kontuan hartuko da, eta proiektua bera zein proiektuaren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen azken ebaluazio-prozesua egotea. Gehienez ere 25 puntu.

4.– Jarduera garatzerakoan euskara erabiltzea, bai giza baliabideei dagokienez, bai baliabide materialei dagokienez. Gehienez ere 12 puntu.

1) Proiektuaren garapenean ez dago euskararen erabilera bermatuko duen berezko neurririk, 0 puntu.

2) Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik beherakoa da, gehienez ere 2 puntu.

3) Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50ekoa da, gehienez ere 5 puntu.

4) Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik gorako eta % 100etik beherakoa da, gehienez ere 10 puntu.

5) Proiektua bere osotasunean euskaraz garatzen da, gehienez ere 12 puntu.

5.– Generoaren ikuspegia, hots, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea proiektua garatzerakoan eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. Gehienez ere 12 puntu.

6.– Jardueren parte-hartzaile eta onuradunen gutxi gorabeherako kopurua eta profila. Horretarako, jardueren parte-hartzaile eta onuradunen kopurua baloratuko da, bai eta aukera gutxien dituzten gazteek horietan parte-hartzea ere –halakotzat hartuko dira egoera sozial, ekonomiko, hezitzaile, kultural edo geografiko ahuleko gazteak, edo jarduera egiteko eragozpen ez den desgaitasunen bat duten gazteak–. Gehienez ere 15 puntu.

7.– Proiektuaren inpaktua eta zabalkundea. Baloratuko da zer inpaktu eduki dezakeen proiektuak parte-hartzaileengan, entitateetan eta garatuko den inguruan, bai, halaber, zer-nolako egokitasuna eta kalitatea duten aurreikusitako neurriek emaitzak hedatzeko nahiz ustiatzeko. Gehienez ere 6 puntu.

1) Ez dira garatzen ez proiektuaren inpaktua, ez emaitzak hedatzeko eta ustiatzeko neurriak, 0 puntu.

2) Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena proiektuan jasotako jardueretan parte hartzen duten pertsonentzat baino ez dira, gehienez ere 2 puntu.

3) Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena parte-hartzaileen eremutik gorakoa da, eta oro har, gazteen kolektiboari edo gazteriaren eremuan jarduten duten beste entitate batzuei eragiten die, gehienez ere 4 puntu.

4) Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkunde eta ustiapena herritar guztiengana iristen da, gehienez ere 6 puntu.

8.– Proposamenaren irismena: baloratuko da jarduerak zenbateraino lagundu dezakeen Europako kide izatearen sentimendua indartzen, bai eta gazteen ikaskuntza informala indartzen ere, jarduera-tipologiaren araberako lehentasun honen arabera:

1) Gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduera, barnean hartuta bai gazteak kanpora joatea, bai gazteak kanpotik hartzea: 15 puntu.

2) Gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduera, gazteak kanpora joateko soilik: 12 puntu.

3) Gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduera, gazteak kanpotik hartzeko soilik: 8 puntu.

4) Gazteen mugikortasunarekin edo trukearekin lotutako zabalkunde- edo prestakuntza-jarduerak: 3 puntu.

Hamabosgarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 80ra artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.

Hamaseigarrena.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza edo diru-sarrerekin, betiere 6.m) oinarrian aurreikusitako autofinantzaketa-muga errespetatuta eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Hamazazpigarrena. –Dirulaguntzak kudeatzea.

Gazteria Zuzendaritzari dagokio ebazpen honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

Hemezortzigarrena. –Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta prozeduraren ebazpenean erabakiko dira interesdunek azaldutako gai guztiak. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari dagokio ebazpen hori ematea, balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean adieraziko da ea eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau zehaztu beharko da: zeintzuk diren entitate onuradunak eta guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie, sei hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtso aurkez dakioke Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, bi kasuetan ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Era berean, emandako dirulaguntzen eta entitate onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

4.– Aurreko paragrafoan aupatutako epea amaituta entitate interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera ezetsi zaiola ulertuko du, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin.

Hemeretzigarrena.– Dirulaguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

1.– Ebazpen honen xede diren dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebehar orokorrak bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Gazteria Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egitea, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

d) Dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera, diruz lagundutako jarduerari lotuta egiten dituzten programa, iragarki-kartel eta argazkietan eta argitaratzen duten gainerako material grafiko zein soinudunetan argi eta garbi adieraztea Lehendakaritzako Gazteria Zuzendaritzaren babesa dutela; material horiek guztiak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatu beharko dira. Gainera, beren kostuz aurkeztu behar dute diruz lagundutako jarduerari lotuta sortutako liburu, liburuxka edo kartel bakoitzaren ale bat, edo, bestela, material horien kopia bat, euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Betebehar honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten entitateak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten entitateak ere.

e) Organo kudeatzaileari jakinaraztea xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat eskatu dela eta, hala badagokio, lortu dela, beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribatuetan.

f) Diruz lagundutako jardueran gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinaraztea. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

2.– Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du, honako helbidean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Hogeigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, hau da, emandako dirulaguntzaren ehuneko berrogeita hamar, 19.1.a) oinarrian ezarritako epea igaro ostean, baldin eta onuradunak dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio epe horretan.

b) Bigarren ordainketa, hau da, emandako dirulaguntzaren erabilera Gazteria zuzendaritzan justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa, hurrengo oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da ordurako gauzatuta dauden jardueretarako dirulaguntza osoa, 18. oinarrian aipaturiko Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpenaren ondoko bi hilabeteko epean, betiere eskabidearekin batera jarduera gauzatuta dagoela egiaztatzeko agiriak aurkezten badira ebazpen honen 21. oinarrian xedatutako eran justifikatuta.

2.– Nolanahi ere, dirulaguntza horiek ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Era berean, ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

Hogeita batgarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2025eko urtarrilaren 6a baino lehen, dirulaguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta:

a) Justifikazioko kontu erraztua, honako hauek jasoko dituena: egindako jardueraren memoria xehatua, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazia eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazian xeheki azaldu behar da diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira. Halaber, hauek agertuko dira gastuen zerrendan: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, igorpen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Justifikazioko kontu erraztuaren eredua euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daiteke (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102411). Haren edukia II. eranskinean agertzen da.

b) Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntza-bertsioetako aleak. Espresuki adierazita izango dute Lehendakaritzaren babesa.

2.– Justifikazioak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, emandako dirulaguntzaren justifikaziorako inprimaki-eredua erabiliz. Eredu hori euskadi.eus egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102411

3.– Gazteria Zuzendaritzak, hemen zehazten den laginketa-prozedura aplikatuz, diruz laguntzeko hautatutako proiektuen gastu-egiaztagiriak egiaztatuko ditu. Laginketa egiteko, diruz lagundutako proiektuen zerrenda alfabetikoki ordenatuko da, entitate onuradunen izenaren arabera, eta zenbaki korrelatibo bat esleituko zaie. Diruz lagundutako proiektuari esleitutako zenbakiaren azken digitua ebazpen hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenean, entitate onuradunek hautatutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte (adibide gisa, ebazpena 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34. eta abarren zenbakiak esleitu zaizkien diruz lagundutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkezteko eskatuko da).

Hogeita bigarrena.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren helburua bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituz.

Zenbatekoak berregokitzeko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da ea betetze-maila nabarmen hurbiltzen den erabateko betetzera, eta ea onuradunek egiaztatzen duten argi eta garbi jardun dutela beren konpromisoak betetzeko. Kasu horretan, helburu partzialak edo jarduera zehatzak betetzen ez badira, horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia soilik itzuli beharko da.

Hogeita hirugarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat ebazpen honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako beste edozein ez-betetze.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Hala, proiektuaren helburu partzialak edo jarduera zehatzak betetzen ez badira, atal horiei zuzendutako dirulaguntzaren zatia itzuli beharko da.

Hogeita laugarrena.– Datu pertsonalak.

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak «Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

– Helburua: Gazteria arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

– Hartzaileak: gaian eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: Web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml

Honako hauek betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/3_2018_Lege_Organikoa_Datu_Pertsonalak_Babestekoa.pdf

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala