56. zk., 2024ko martxoaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 22 orri.)
- EPUB (555 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
1379
EBAZPENA, 2024ko otsailaren 23koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen deialdia egiten duena.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gazte-politikaren arloan.
Halaber, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 40. artikuluaren arabera, gazteek boluntariotza-jardueretan parte har dezaten sustatzea euskal administrazio publikoei dagokie, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
Bestalde, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuak, bigarren aldaketakoak, Lehendakaritzari esleitzen dizkio gazteriaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.
Gazteen Boluntariotzako Esparruen «Auzolandegiak» programa bi deialdik osatzen dute. Lehenengoak EAEn egingo diren gazteen boluntariotza-eremuetako proiektuak hautatzeko oinarriak arautzen ditu, eta deialdia egiten; bigarrenak, berriz, izena emateko oinarriak arautzen ditu, eta EAEko gazteek hainbat lurralde-eremutan eskainitako boluntariotza-esparruetan parte hartu ahal izateko deialdia egiten.
Arau-esparru horretatik abiatuta, eta jarduera-arlo horretan inplikatutako erakundeen eskumenak errespetatuz, Eusko Jaurlaritzak gazteen boluntariotzako esparru-programa bat kudeatzen du Gazteria Zuzendaritzaren bitartez.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Auzolandegiak» programa arautzea eta 2024rako deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horri, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 23a.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,
JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.
I. ERANSKINA
TRANTSIZIO SOZIALAREN ETA 2030 AGENDAREN IDAZKARI NAGUSIARENA, 2024AN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAREN PLAZEN DEIALDIA EGITEKO DENA.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2024ko «Auzolandegiak» programaren plazen deialdiaren arauak ezartzea.
Bigarrena.– Definizioak.
1.– Auzolandegietan, hainbat jatorritako gazteen talde batek konpromisoa hartzen du, borondatez eta eskuzabalki, gizarte-hedadurako eta jarduera osagarrietarako lan-proiektu bat garatzeko, denbora-tarte jakin batean. Proiektua bitarteko bat da honako balio hauek sustatzeko: bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, edo kulturarteko ikaskuntza, besteak beste.
2.– Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dute.
3.– Deialdi honetan eskaini diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek asegurua izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adostutako istripu-aseguruen eta erantzukizun zibileko aseguruen kontratuetan erabakitako baldintzetan.
4.– EAEko auzolandegietan, parte-hartzaileek auzolandegi bakoitzeko arauak eta protokoloak bete beharko dituzte.
5.– Gazteria Zuzendaritza gazteen eta autonomia-erkidegoen arteko edo erakunde antolatzailearen arteko bitartekaria izango da, beste autonomia-erkidego batzuek edo Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuak antolatutako auzolandegietan (autonomia-erkidegoek eta Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuak beren arauak dituzte). Gainera, honako hauek ez dira izango Gazteria Zuzendaritzaren erantzukizuna: behin betiko onarpena, data-aldaketa, txandak bertan behera uztea, ostatua, janaria, lanorduak, denbora librearen antolaketa edo kuota itzultzea. Beste autonomia-erkidego batzuetako edo atzerriko auzolandegietara joaten diren pertsonek auzolandegietara sartzeko eta bertan egoteko baldintzak, arauak eta protokoloak bete beharko dituzte. Horrek gastu gehigarria ekar badezake eta harrera-erakundeak gastu hori bere gain hartzen ez badu, interesdunaren kontura izango da.
6.– Auzolandegiaren tokiraino lekualdatzea parte-hartzaileen kontura izango da. Halaber, parte-hartzaileen erantzukizuna izango da, nazionalitatea kontuan hartuta, auzolandegiaren atzerriko herrialdean sartzeko behar diren agiri guztiak eskuratzea.
7.– Deialdi honen parte-hartzaileek auzolandegi batean baino gehiagotan parte hartu ahal izango dute, betiere, plaza bat edo gehiago Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan hautatzen bada. Horretarako, ebazpen honetan ezarritako prozedura beteko da, eta eskatutako agiriak bitarteko elektronikoen bidez bidali beharko zaizkio Gazteria Zuzendaritzari, kuota ordaindu eta gero.
Hirugarrena.– Eskainitako plazei buruzko informazioa.
1.– Deialdian eskainitako auzolandegiak Euskal Autonomia Erkidegoan, estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan eta, ahal izanez gero, beste herrialde batzuetan egingo dira.
Adingabeei plazak eskainiko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidego batzuetako auzolandegietan, azken horrek plazak eskaintzen baditu.
Eskainitako plazak https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu daitezke, baita Gazteria Zuzendaritzan ere (Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan nazioartekoak ez diren auzolandegietan eskainitako plazen % 10 aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordeko dira, auzolandegiaren jarduera motaren arabera.
3.– Aniztasun funtzionala duten pertsonek laguntzaile bat izango dute auzolandegian dauden bitartean.
4.– Eskainitako plazen zerrenda aldatu ahal izango da eskaerak aurkezteko epea hasten denetik aurrera, plazak erreserbatu ahala kenduko direlako eta plaza gehiago eskain daitezkeelako.
5.– «Auzolandegiak» programari buruzko informazioa https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu ahal izango da, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio Zerbitzuetan eta Gazteria Zuzendaritzan ere (Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
Laugarrena.– Plaza lortzeko baldintzak.
Deialdi honen arabera, honako hauek dira auzolandegiko plaza lortzeko baldintzak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea ebazpen hau EHAAn argitaratu baino lehen.
b) Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, dagokien bizileku-baimena izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea agindu hau EHAAn argitaratu baino lehen. Europar Batasunekoak ez diren pertsonek, egoitza-baimenik ez dutenek, Euskadiko auzolandegietan bakarrik parte hartu ahal izango dute.
c) Eskatutako auzolandegia egiteko adierazitako adina izatea auzolandegia hasten den egunean eta auzolandegi guztian zehar.
d) Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren adostasuna izatea, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan; edo guraso-ahala edo tutoretza duenaren berariazko baimena izatea, 16 urtetik beherakoen kasuan.
Adingabearen gurasoak epai judizial irmo baten bidez bananduta edo dibortziatuta badaude, horren berri jasoko da inskripzioan, eta epai irmoa beteko da, inskribatzeko prozedura osoan eta adingabea auzolandegian dagoen bitartean. Epai irmorik gabeko banantze- edo dibortzio-prozesuen kasuan, behin-behineko akordioa bete beharko da.
e) Eskaera adierazitako garaian eta moduan egin izana.
f) «Auzolandegiak» programan izena emateko kuota ordaindu izana.
g) Adingabeekiko harremana izatea eskatzen duten ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, sexu-delituengatiko kondenarik ez izatea. Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatiko zigorrik jaso ez dutela egiaztatzeko; eta, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko irismena duen dokumentua. Halakorik ez badago, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, non ez dagoen sexu-delitugileei dagokien aipamenik.
h) Ezin izango dute izena eman azken hiru deialdietako batean plaza bat esleitu eta auzolandegira joan ez diren pertsonek, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari uko egin diotela jakinarazi dioten pertsonen kasuan izan ezik. Era berean, ezingo dute EAEko auzolandegietan parte hartu 2023ko edizioan kanporatuak izan ziren pertsonek.
i) Aniztasun funtzionaleko plazak Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako gazteentzat gordeko dira.
Bosgarrena.– Aurreinskripzioa egiteko eta plaza eskatzeko eskaeren epea.
Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek aurreinskripzioa egiteko eskaera egin beharko dute telematikoki. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoekin egingo dira. Baliabide horiek eskuragai daude hemen: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan eman beharko du izena, eta helbide hauetan egongo dira eskuragai: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Seigarrena.– Eskaerak izapidetzea.
Eskaerak hiru prozeduren arabera izapidetuko dira: EAEko eta Estatuko auzolandegietako txanda irekiari buruzkoa, atzerriko auzolandegietarako txanda irekiari buruzkoa eta aniztasun funtzionala duten pertsonei buruzkoa.
1.– Txanda irekia EAEko eta Estatuko auzolandegietarako.
1.1.– Aurreinskripzioa egiteko eskaera.
Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsonek aurreinskripzioa egiteko eskaera egin beharko dute, telematikoki, www.gazteaukera.euskadi.eus atarian eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125607 atarian; horretarako, auzolandegiei buruzko helbideko formularioa bete beharko dute. Hori egin ostean, aurreinskripzio horren erreferentzia esleituko zaie. Interesdun bakoitzak behin baino ezin izango du aurreinskripzioa egin. Formularioa betetzean okerren bat egonen gero, harremanetan jarri beharko da Gazteria Zuzendaritzarekin.
Aurreinskripzioa egiteko eskaerak baliogabetuko dira pertsona batek eskaera bat baino gehiago egin duela atzematen bada, eskaerak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzaileek auzolandegietan plaza bat lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte deialdi honen arabera.
Aurreinskripzio eskaera egiteko unean adin nagusikoak ez diren pertsonek eskatzailearen aitaren/amaren/tutorearen/tutorearen adostasuna edo baimena aurkeztu beharko dute (VI. eranskina), dagokionaren arabera.
1.2.– Zozketa.
Aurreinskripzioa egiteko jasotako eskaerak egiaztatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitaratuko da aurreinskripzioa egin dutenen zerrenda, zozketan esleitutako zenbakiarekin. Aurreinskripzioa egiten duten pertsonek iragarki-taularako sarbidea emango dien posta elektroniko bat jasoko dute, baita testu-mezu bat ere esleitutako zenbakiaren berri emateko.
Jasotako eta egiaztatutako aurreinskripzio guztien arteko zozketa egingo da notarioaren aurrean.
Zozketan zenbaki bat aterako da, eta zenbaki horretatik aurrera emango zaie eskatzaileei egun bat eta ordu bat, https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez aplikazioan sartu eta auzolandegia aukeratzeko.
Zozketan ateratako zenbakia lehena izango da aukeratzeko ordenan, eta, hurrenez hurren, horrela, deialdian eskaintzen diren plazen bikoitza osatu arte, gehi berrogei zenbaki gehiago.
Eskainitako plazen bikoitza baino aurreinskripzio eskaera gehiago egonez gero, zozketan aplikazioan sartzeko txanda lortzen ez dutenek ezin izango dute deialdi honetan izena eman, artikulu honetako 1.3 eta 1.4 puntuetan aurreikusitako epealdietan izan ezik.
Deialdian eskainitako plazak aurreinskripzioa egiteko eskaerak baino gehiago izanez gero, aplikazioan sartzeko txanda esleituko zaie eskaera guztiei.
Zozketa egin ondoren, hitzordua lortu duten eskatzaile guztiek jasoko dute bai posta elektroniko bat bai testu-mezu bat. Horren bidez, lortutako hitzorduaren hurrenkeraren berri emango zaie, baita auzolandegian izena emateko eguna eta ordua ere. Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Zozketaren emaitza, esleitutako egunarekin eta orduarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, eta Gazteria Zuzendaritzan ere kontsultatu ahal izango da (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
1.3.– Izen-ematea edo inskripzioa.
Esleitutako eguna eta ordua aintzat hartuta, aplikazioan sartu beharko da (https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez) une horretan eskuragai dauden plazen artean bat aukeratzeko. Denbora-tarte nahikoa egongo da plaza hautatzeko eta horretan izena emateko. Denbora agortuta, plaza aukeratzen ez bada, txanda eta izena emateko aukera galduko da.
Auzolandegi bat hautatu aurretik, eskatzaileak aukerak lehenetsi beharko ditu, pertsona bakoitzari dagokion denbora-muga kontuan hartuta plazak agortu daitezkeelako.
Plaza hautatu ondoren, titularra inskribatuta geratuko da.
Plazaren eskaera egiten denean, eskuragai dauden plazen eskaintzatik kenduko da, izena emateko kuota ordaintzeko epeak iraun bitartean.
Zozketan esleitutako egunean eta orduan izena ematen ez duten eskatzaileek txanda galduko dute.
Izena emateko epean EAEko gazteei esleitutako plaza libreak geratzen badira, izena emateko eguna eta ordua lortu ez duten aurreinskribatutako pertsonek epe gehigarri bat izango dute aplikazioan sartu eta plaza libre duten Auzolandegietan plaza bat lortzeko. Gazteaukeran jakinaraziko da noiz eta zer ordutan hasi eta amaituko den epe hori. Plazak agortzen direnean, https://www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian jakinaraziko da, eta izena emateko prozesua itxiko da.
1.4.– Bete gabeko plazak (bigarren aukerako fasea).
Izena emateko epea amaitutakoan, plaza hutsik geratuz gero, https://www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian jakinaraziko da, eta denbora-tarte bat utziko da interesdunek plaza erreserbatzeko, horretarako jakinaraziko den telefono-zenbakira deituta. Bigarren aukerako fase honetako plazak izango dira autonomia-erkidego guztien artean hutsik geratu direnak. Aurreinskripzioa egin arren, plazarik lortu ez duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan plaza hutsak geratzen badira, plaza bat bete duten interesdunek ere eskatu ahal izango dute plaza bat, auzolandegi guztiak bete arte. Plazak erreserbatu ahala, zerrendatik kentzen joango dira.
Egokitutako epearen barruan aurreinskripzio-eskaera egin ez zutenek ere izena emateko aukera izango dute. Horretarako, aurreinskripzio-eskaera bete (https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez) eta dokumentazioa erantsi beharko dute (7. art.). Behin informazioa beteta, aurreko paragrafoan aipatutako telefonora deitu beharko dute plaza erreserbatzeko.
2.– Txanda irekia atzerriko auzolandegietarako.
Atzerriko auzolandegietan parte hartu nahi duten gazteek nazioarteko auzolandegiak hautatzeko aplikaziora sartu beharko dira Gazteaukeraren webgunearen bidez (https://www.gazteaukera.euskadi.eus). Interesdunek gehienez ere hiru auzolandegi aukeratuko dituzte, eta lehentasun-ordena zehaztuko dute.
Lehentasun-ordenaren arabera, nazioarteko erakundeei galdetuko zaie plazarik badagoen ala ez. Auzolandegi batean plaza hutsik ez badago, hurrengo aukerarako eskaera automatikoki egingo da.
Eskaera bidaltzeak ez du esan nahi eremuan izena eman denik, eta nazioarteko entitateak hautagaia onartu duenean bakarrik geratuko da inskribatuta pertsona hori. Ondoren, Gazteria Zuzendaritza gaztearekin harremanetan jarriko da ordainketa egiteko, ebazpen honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nazioarteko entitateak eskaera onartu dion pertsona Gazteaukeraren bidez erregistratu beharko da, Gazteria Zuzendaritzak adierazten dien aplikazioan eta epean, 7.2. eta 7.3 artikuluetako datuak egiaztatzeko.
Nazioarteko auzolandegietan parte hartu ahal izango dute auzolandegiaren hasieran 18 urte baino gehiago dituzten pertsonek.
3.– Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako txanda.
3.1.– Plaza-eskaera.
Auzolandegietan parte hartu nahi eta aniztasun funtzionala duten pertsonek aurreinskripzioa egiteko eskaera egin beharko dute, telematikoki, https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125607 atarian, auzolandegiei buruzko helbidean dagoen formularioaren bidez. Hori egin ostean, aurreinskripzio-eskaeraren erreferentzia emango zaie. Aniztasun funtzionala duten pertsonek plaza zehatzak dituzten auzolandegietako bat aukeratu beharko dute.
Interesdun bakoitzak behin baino ezin izango du aurreinskripzioa egin. Eskaera betetzean okerren bat egonez gero, Gazteria Zuzendaritzarekin harremanetan jarri beharko da.
Aurreinskripzioa egiteko eskaerak baliogabetuko dira baldin eta pertsona batek eskaera bat baino gehiago egin duela atzematen bada, eskaerak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzaileek auzolandegietan plaza bat lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte deialdi honen arabera.
Aurrez izena emateko eskaera egiteko unean adingabeak diren pertsonek eskatzailearen aitaren/amaren/tutorearen/tutorearen adostasuna edo baimena aurkeztu beharko dute (VI. eranskina), dagokionaren arabera.
3.2.– Zozketa eta plazaren erreserba.
Jasotako aurreinskripzio-eskaerak egiaztatu ondoren, auzolandegia eta txanda aniztasun funtzionala duen pertsona batek edo bik baino ez badute eskatzen, zuzenean gordeko zaie plaza, eskaerak egiteko epea amaitu ondoren.
Zozketa egingo da auzolandegiren batean plaza baino eskaera gehiago badago. Zozketaren bidez, aldez aurretik aurreinskripzio-eskaeran aukeratutako auzolandegian inskribatuta egotera pasatzeko ordena zehaztuko da. Zozketaren emaitza, esleitutako zenbakiarekin eta auzolandegiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitaratuko da. Aurreinskripzioa egin duten pertsonek iragarki-taularako sarbidea duen posta elektroniko bat jasoko dute, baita esleitutako zenbakia zein den informatzen duen testu-mezu bat ere.
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako plazak hutsik geratuz gero, beste auzolandegietan inskribatu eta nahi zuten auzolandegian plazarik lortu ez dutenei eskainiko zaie. Plaza huts horiek esleitzeko, zozketaren ondoren ezarritako ordenari jarraituko zaio. Plazak agortzen direnean edo eskatzaile guztiei aukeratzeko aukera ematen zaienean, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian jakinaraziko da, eta izena emateko prozesua itxiko da.
Bigarren aukerako fasean, aniztasun funtzionala duten eta horretarako gaitutako aldian aurrez izena eman ez duten pertsonak aurreinskribatu ahal izango dira, baldin eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako plazak dituzten EAEko auzolandegietan plaza hutsak badaude eta horietan parte hartu nahi badute. Horretarako, aurrez izena emateko eskaera bete beharko da (www.gazteaukera.euskadi.eus) eta dagokion dokumentazioa erantsi (7. art.). Eskatutako informazioa bete ondoren, telefono-zenbaki batera deitu beharko dute plaza erreserbatzeko. Estatu mailako auzolandegietan aniztasun funtzionala duten pertsonen kopurua ezingo da % 10 baino handiagoa izan.
Zazpigarrena.– Izen-emateak izapidetzea.
1.– Izena emateko kuota ordaintzea.
Eskaera txanda librean egin duten interesdunek izena emateko kuota ordaindu eta ordainagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» ataletatik (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) erantsi beharko dute bi egun naturaleko epean, plaza aukeratu eta hurrengo egunetik aurrera. Kuota ordaindu ondoren, plaza eskatzailearen izenean erreserbatuta egongo da.
Nazioarteko auzolandegien kasuan, bi egun naturaleko epean ordainduko da, plazaren erreserba berretsi ondoren, eta plaza gordeko da Gazteria Zuzendaritzak adierazitako aplikazioan erregistratu ondoren.
Aniztasun funtzionala duten pertsonen kasuan, ordainketa bi egun naturaleko epean egin beharko da, plazaren erreserba jakinarazten zaienean eta eskatutako dokumentazioa Gazteria Zuzendaritzari aurkezten zaionean, «Nire karpeta» atalaren bidez.
EAEn, 110 euroko kuota ezarriko da. Hori xedatzen duen araua hau da: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Agindua, «Auzolandegiak» programan izena emateko kuotaren prezio publikoa ezartzen duena.
Gainerako autonomia-erkidegoetan, bakoitzean indarrean dagoen inskripzio-kuota ordaindu beharko da.
Atzerriko auzolandegi batzuek ordainketa gehigarria ezartzen dute (kuota gehigarria). Horiek ez dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari, eta eskudirutan ordaindu beharko dute boluntarioek auzolandegira heltzen diren lehen jarduera-egunean.
2.– Izena emateko beharrezko agiriak.
Inskripzioa egin eta bi eguneko epean bidali beharko dira agiri horiek Gazteria Zuzendaritzara, «Nire karpeta» atalaren bidez:
a) Izena emateko kuotaren ordainagiria.
b) Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren adostasuna edo baimena, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan.
c) Behar izanez gero, aniztasun funtzionalaren ziurtagiria.
d) Aniztasun funtzionala duten pertsonek, osasun-txartelaren kopia.
e) AIZik ez daukaten atzerritarren kasuan, pasaportearen kopia.
f) Europar Erkidegokoak ez diren atzerritarren kasuan, bizileku-baimenaren kopia.
g) Adingabeekiko harremana izatea eskatzen duten ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, sexu-delituengatiko kondenarik ez izatea. Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatiko zigorrik jaso ez dutela egiaztatzeko; eta, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko irismena duen dokumentua. Halakorik ez badago, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, non ez dagoen sexu-delitugileei dagokien aipamenik.
3.– Instrukzio-organoak ofizioz kontsultatu ahal izango ditu nortasun-datuak (NAN, AIZ), salbu eta interesdunak edo haren ordezkariak, aurreinskripzioa egiteko unean adingabeen kasuan, horren aurka egiten badu modu arrazoituan. Aurka egonez gero, onuradunak dagozkion ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu. Historiko-errolda, bizileku-datuak eta Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa kontsultatzeko, hala badagokio, aldez aurreko baimena beharko da. Oposizioa gertatuz gero, Auzolandegiak 2024 programaren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren emandako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4.– Izen-emateak ezeztatzea.
Egindako eskaerak kasu hauetan baliogabetuko dira:
– Aurreinskripzioa egiteko eskaeraren eskaera-orrian emandako datuak identifikazio-datuekin bat ez badatoz.
– Izena emateko kuota ordaindu ez bada ordaintzeko epea igaro aurretik.
– Eskatutako agiriak aurkeztu ez badira aurkezteko epea igaro aurretik, edo interesdunak berariaz eta idatziz eskatzen badu.
– Nazioarteko auzolandegietan, Gazteria Zuzendaritzak aplikazioan izena emateko eskaera egin ondoren, izen-emate hori egiten ez bada edo, datuak egiaztatu ondoren, plazaren esleipenduna izateko baldintzak betetzen ez badira.
Zortzigarrena.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.
Izena emateko eskaeraren izapideak onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko ‘Nire karpeta’ atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
Bederatzigarrena.– Plazak behin betiko esleitzea.
1.– Gazteria Zuzendaritzan 7.2 eta 7.3 artikuluetan ezarritako dokumentuak eta agiriak egonda, eskatutako plaza esleituko da. Interesdunari berariaz jakinarazteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko ‘Nire karpeta’ atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta plazen esleipena aditzera emango da Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios) eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko gehieneko epean.
2.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Plaza esleituta duten pertsonek auzolandegira ez joatea erabakitzen badute, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari «Nire karpeta» atalaren bidez jakinarazi beharko diote, lehenbailehen.
Hamargarrena.– Deialdiaren izapidetzearen inguruko argitalpenak zer bitartekoren bidez egingo diren adieraztea.
Deialdi honen izapidetzearen inguruko argitalpenak https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan, baita Gazteria Zuzendaritzaren iragarki-oholetan ere (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
Hamaikagarrena.– Plazari uko egitea eta izena emateko kuota itzultzea.
1.– Parte-hartzaileak edozein unetan egin diezaioke uko plazari, gazteen boluntario-lana hasi aurretik. Horretarako, uko egiteko formularioa elektronikoki bete eta sinatu beharko du, eta espedienteari erantsi, «Nire karpeta» atalaren bidez (ikusi IV. eranskina).
2.– Gainera, kuota itzultzeko eskubidea badute, dagokion inprimakia bete, elektronikoki sinatu eta «Nire karpeta» atalaren bidez espedientera erantsi beharko dute (ikusi V. eranskina).
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateari dagokion prezio publikoa itzultzea artikulu honetan ezarritakoarekin bat eginez egingo da: irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 34.6 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hau da, kasuan kasuko zenbatekoa itzuliko da, prezio publikoa ordaindu behar duen pertsonari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, jarduera egiten ez denean edo zerbitzua ematen ez denean, deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.
4.– Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honako alderdi hauek egiaztatu beharko dira:
4.1.– Auzolandegian parte hartzea eragozten duen arrazoia hauetakoren bat izatea:
a) Gazteak auzolandegira joatea eragozten dion gaixotasun edo istripuren bat izatea.
b) Lehen edo bigarren mailako odolkidetasuna duen senide baten gaixotasun larria edo heriotza.
c) Behar bezala justifikatutako beste ezinbesteko kausa batzuk.
Ordainketa egin behar duen pertsonari egotz dakizkiokeen arrazoitzat joko dira honako hauek: 7. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eskatutako agiriak epez kanpo bidali izana edo agiriak bidali ez izana, lanpostu bat lortu izana, eskola-emaitza txarrak lortu izana edo auzolandegiaren data berean egingo den beste jarduera-programaren batean plaza eskuratu izana.
4.2.– Auzolandegia hasi aurretik, uko egiteko orria aurkeztu izana «Nire karpeta» atalaren bidez (ebazpeneko IV. eranskina), Gazteriako zuzendariari zuzenduta, beteta eta elektronikoki sinatuta.
Uko egiteko orria helbide honetan egongo da eskuragai: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125607
4.3.– Kuota itzultzea eskatu nahi duen pertsonak honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu «Nire karpeta» atalaren bidez 2024ko irailaren 30a baino lehen:
a) Kuota itzultzeko eskaeraren orria (eranskinaren V. eranskina), beteta eta sinatuta.
b) Auzolandegian parte hartzea eragozten duen inguruabarraren justifikazio fede-emailea, hala badagokio, dagokion erakunde publikoak egindako ziurtagiriaren bidez.
c) Hirugarrenaren datuak kontsultatu ahal izango ditu organo instrukzio-egileak, informazio hori organo-instrukzio egilearen artxiboetan badago, salbu eta interesdunak uko egiten badu. Baimen hori ematen ez bada, hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria, behar bezala beteta eta elektronikoki sinatuta aurkeztu beharko da, helbide honetan eskuratu daitekeena: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
Kuota itzultzeko eskaera eta hirugarrenaren datuen alta-orria www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125607 helbidean eskura daitezke, eta «Nire karpeta» atalera erantsi beharko dira.
5.– Gaztea auzolandegian parte hartzen hasi ondoren, kuota behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan baino ez da itzuliko. Kasu horietan, parte hartu ez den egunei dagokien zenbateko proportzionala itzuliko da. Egun horiek auzolandegiaren txandaren iraupenaren % 50 izan behar dira gutxienez.
6.– Kuota itzultzeko eskaerak Gazteriako zuzendariak ebatziko ditu, aurkezten diren egunetik aurrera bi hilabeteko epean.
7.– Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako auzolandegietan izena emateko ordaindutako zenbatekoak itzultzeko, hala izanez gero, autonomia-erkidego horietan kuotak erregulatzeko arauetan ezarritakoa bete beharko da.
8.– Nazioarteko esparruetan, kuota ez da itzuliko, baldin eta, Gazteria Zuzendaritzak adierazitako aplikazioan erregistratzeko eskatuta, erregistroa egiten ez bada, aurrez onartutako boluntariotza-esparruko partaidetza ezeztatuz.
Hamabigarrena.– Jarduera bertan behera uztea.
Gazteria Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan egingo den auzolandegi bat bertan behera utz dezake, beharrezkotzat jotzen badu ikuspuntu teknikoan eta aukeran oinarrituta. Horretarako, Gazteriako zuzendariak aldez aurretik emandako aldeko ebazpena behar da.
Kasu horretan, bertan behera utzitako auzolandegian izena eman duten pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahal izango dituzte, aukera hori badago eta borondatez hori onesten badute. Horrela ez bada, izena emateko kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Hala ere, pertsona horiek, 2024ko irailaren 30a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte «Nire karpeta» atalaren bidez:
a) Kuota itzultzeko eskaera-orria (ebazpen honen V. eranskina), beteta eta elektronikoki sinatuta.
b) Hirugarrenaren datuak kontsultatu ahal izango ditu organo instrukzio-egileak, informazio hori organo-instrukzio egilearen artxiboetan badago, salbu eta interesdunak uko egiten badu. Baimen hori ematen ez bada, hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria, behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da, helbide honetan eskuratu daitekeena: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
«Nire karpeta» atalean eskuragai daude kuota itzultzeko eskaera orria zein hirugarrenaren datuen alta-orria.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Eskaeran jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programak:
– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.
– Helburua: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.
– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko organizazioak, Europar Batasuneko organoak, Estatuko Administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk eta autonomia erkidegoko beste organo batzuk.
– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa2-eu.shtml
Araudia:
–Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).