53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 7 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1313
EBAZPENA, 2024ko otsailaren 22koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren arteko kudeaketa-gomendiorako akordioa, laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak betearazpen-bidean biltzeari buruzkoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak kudeaketa-gomendiorako akordioa sinatu dute laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak betearazpen-bidean biltzeko. Beraz, behar den publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak sinatu duten kudeaketa-gomendiorako akordioaren testua. Akordio horren bidez, Agentziak kudeatu dituen laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak betearazpen-bidean bilduko dira. Ebazpen honen eranskinean dago jasota akordio hori.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 22a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
ERANSKINA
KUDEAKETA-GOMENDIORAKO AKORDIOA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN EKONOMIA ETA OGASUN SAILAREN ARTEKOA, AGENTZIAK KUDEATU DITUEN LAGUNTZEN ETA DIRULAGUNTZEN ITZULKETAK BETEARAZPEN-BIDEAN BILTZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 21a.
ESKU-HARTZAILEAK
Alde batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa jarduten duena ekainaren 30eko 7/1981 Legeak (Jaurlaritzaren Legeari buruzkoak) 26. artikuluan eta ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuak (Ogasun eta Ekonomia sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 3. artikuluan xedatutakoa betez.
Beste aldetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria, ekainaren 19ko 5/2008 Legeak (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duenak) 11. artikuluan ezartzen dituen eskumenak baliatuz.
Aldeek elkarri aitortzen diote akordio hau egiteko behar den legezko gaitasuna, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da; ekainaren 19ko 5/2008 Legearen arabera sortu zen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Agentziaren ardura da Eusko Jaurlaritzako garapenerako lankidetza politikaren arloko plangintza egitea eta hura koordinatu, kudeatu eta betearaztea, betiere garapenerako lankidetzan eskumena duen sailak ezarritako jarraibideak betez. Agentziak nortasun juridiko bereizia eta ondare propioa eta desberdina ditu.
Bigarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eginkizunetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideratzen diren baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea. Jarduera hori administrazio-zuzenbidearen mende dago.
Hirugarrena.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 53. artikuluan ezartzen duenaren arabera, laguntza bidez jasotako zenbatekoren bat itzuli behar bada zenbateko hori zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko da. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ez du baliabide nahikorik kudeatzen dituen programen bidez ematen dituen laguntzak itzultzetik eratorritako zuzenbide publikoko diru-sarrerak premiamendu-bidearen bidez kobratzeko. Horregatik, jarduera hori erakunde baten esku utzi behar du, erakunde horrek, laguntzak izanik, espezialitate-baldintza onenetan egin dezan.
Laugarrena.– Ekonomia eta Ogasun Sailak dauka, betearazpen-bidean biltzeko eskumena duen Zuzendaritzaren bitartez, besteak beste Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-aldian biltzeko kudeaketaren eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuak (aurrerantzean, Diru-bilketa Erregelamendua) eta sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuak emandako ahalmenaren babesean.
Bosgarrena.– Ekonomia eta Ogasun Sailak baditu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beharrizanei eraginkortasunez, arintasunez eta arrazionalizazio administratiboz erantzuteko behar diren antolaketa eta baliabideak. Batetik, nahitaezko diru-bilketarako erakunde laguntzaileen sare bat du, eta, bestetik, «Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala, SIPCA» izeneko diru-sarrerak betearazpen-aldian automatikoki erregistratu eta kobratzeko sistema informatikoa. Horrek guztiak bermatzen du komeni dela sail horri agintzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen laguntza-programetatik eratorritako kredituak betearazpen-aldian biltzeko kudeaketa.
Seigarrena.– Kudeaketa-gomendio honetarako eskumena oro har dago jasota Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan: «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Zazpigarrena.– Azaldu diren arrazoiak direla bide, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak adostu dute Akordio hau sinatzea, zerbitzuak ematetik eratorritako zergaz kanpoko zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-bidean bildu ditzaten Ekonomia eta Ogasun Sailaren organoen bidez. Izan ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.4 artikuluan aipatzen diren erakunde publiko edo pribatuen laguntzarekin, Ekonomia eta Ogasun Sailak egingo du kreditu horien nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa materiala, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Akordioaren xedea eta araubide juridikoa.
Ekonomia eta Ogasun Sailak bere gain hartzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen laguntzen eta dirulaguntzen itzulketen nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa, hark hala agintzen dionean; horretarako, bere alde dituen kredituen nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa materiala egingo du.
Akordioan aurreikusitako zerbitzuak emateko eta informazioa trukatzeko, honako araudi hau bete behar da:
a) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua, baita horiek garatzeko eman diren edo eman daitezkeen gainerako xedapenak ere.
c) 47/2003 Lege Orokorra, azaroaren 26koa, Aurrekontuei buruzkoa; eta 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, Tributuei buruzkoa. Oinarrizko izaerakoan diren edo EAEn zuzenean aplikatzekoak diren puntuetan.
d) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
e) 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
f) Oro har, diru-bilketaren kudeaketaren arloan aplikatzekoa den indarreko araudia.
g) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
h) Akordio honetako klausulak.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Akordio honen xede diren eskubideen diru-bilketaren kudeaketa Estatuko lurralde osoan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izaera publikoko eskubideak nahitaez biltzeko erabilitako informazio-baliabide eta prozedura tekniko berberak erabiliz.
Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak.
Gomendioko kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den irismenarekin:
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren organo eskudunaren betebeharrak:
a) Bildu beharreko zorren likidazioekin lotutako errekurtsoak eta gorabeherak ebaztea.
b) Premiamendu-probidentziak ematea eta betearazpen-bidean dirua biltzeko eskumena duen zuzendaritzari probidentzia horien kopia bidaltzea, pertsona eta erakunde zordunen zerrendarekin batera.
c) Premiamendu-probidentzia horien aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea; aurkaratutako egintza eteteko eskaerak izapidetzea eta ebaztea, eta horren berri ematea betearazpen-bidean dirua biltzeko eskumena duen zuzendaritzari, hala badagokio, aurkeztutako bermea adieraziz.
d) Kreditu kobraezinen deklarazioa erabakitzea, Diru-bilketako Erregelamenduarekin bat etorriz.
e) Bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea, egoki denean.
f) Erabaki honen xede diren eta konkurtso-prozesuaren mende dauden baliabideei dagozkien kobrantza-eskubideak defendatzea.
g) Eman dituen egintzei eragiten dieten epai judizialak betearaztea.
2.– Ekonomia eta Ogasun Sailaren betebeharrak:
a) Aurreko puntuan aipatu ez diren premiamendu-prozedurako jarduketak egitea.
b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emandako premiamendu-probidentziak zordunei jakinaraztea, eta alferrik izan diren jakinarazpenak ediktu bidez argitaratzea.
c) Premiamendu-prozeduran enbargoei eta gainerako izapide materialei buruzko jarduketak egitea, eta, hala badagokio, zorrak kobratzeko beharrezkoak diren enbargo-eginbideak egitea, horiek jakinaraztea eta horien aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
d) Enbargatu daitezkeen zordunen ondasun, kreditu eta eskubideei buruzko informazioa eskatzea beste administrazio, finantza-erakunde eta erregistro publiko batzuei.
e) Bermeak betearaztea, Diru-bilketako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
f) Betearazpen-aldiko geroratze- eta zatikatze-eskaerak ebaztea eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ebazpen horien berri ematea.
g) Premiamendu-bidean bildutako zorren berandutze-interesak likidatzea.
h) Kreditu kobraezinen deklarazioak eta birgaitzeak proposatzea.
i) Premiamendu-prozeduran susta daitezkeen hirugarrengotzak ebaztea.
j) Premiamendu-prozedura eteteko eskaerak izapidetzea eta ebaztea, ordaintzera behartuta daudenek jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboetan.
k) Egoki denean, beharrezko jarduketak egin ondoren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari proposatzea erantzukizun solidarioa edo subsidiarioa deribatzeko administrazio-egintza eman dezala, baldin eta betearazpen-bidean biltzeko eskumena duen zuzendaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzenbide publikoko zor bat biltzeko prozeduran, erantzukizuna deribatzeko kasuren baten berri badu.
l) Zorrak nahitaez biltzeko beste edozein betebehar.
3.– Aldeen arteko koordinazioa: Organo hartzaileak onartu egingo ditu interesdunek egindako jarduketak edo organo horietako edozeinetan aurkeztu dituzten agiriak, eta organo eskudunari jakinarazi edo igorriko dizkio.
Laugarrena.– Prozedura.
1.– Dirua biltzeko kudeaketa hastea:
Borondatezko aldian ordaintzeko epeak amaitu eta zorrak ordaindu ez badira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako organo eskudunak premiamenduzko administrazio-prozedura hasteko beharrezkoak diren betearazpen-tituluak emango ditu, Diru-bilketako Erregelamenduak ezarritakoaren arabera. Titulu horiek, gutxienez, erregelamendu horretan berariaz zehaztutako datuak jasoko dituzte.
Erreklamaziorik egin behar izanez gero, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hilean behin bidaliko dio Ekonomia eta Ogasun Sailari premiamenduzko probidentzia-zorrak jasotzen dituen fitxategi bat, eta, onartu aurretik, bidalketaren edukia betearazpen-bidean biltzeko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzuek baliozkotuko dute. Fitxategi horren zehaztapen teknikoak Administrazioaren Kobrantzen eta Ordainketen Sistema Integralean ezarritakoetara egokitu beharko dira.
Ezin izango da 12 euro baino gutxiagoko zor nagusirik igorri. Era berean, beste arrazoi batzuengatik ezetsiko dira Diru-bilketako Erregelamenduan eskatutako daturik ez duten zorrak, preskribatuta daudenak, bai eta gomendioan sartzen ez den beste eremu batekoak ere.
Datuak okerrak badira, organo gomendatzailea izango da arrazoi horrek eragin ditzakeen ondorioen erantzule, baldin eta ondorio horiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari egotz dakiokeen akatsagatik gertatu badira.
Betearazpen-bideko diru-bilketarako eskumena duen zuzendaritzak betearazte-bidean izapidetuko du zor horiek biltzeko prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean eta Dirubilketa Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.
Zor horien bilketaren kudeaketa amaitu ondoren, bildutako zenbatekoa hilero transferituko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren kontu honetara: 2095 0611 07 1090970400.
2.– Geroratzeak eta zatikapenak:
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorretarako betearazpen-bideko bilketarako eskumena duen zuzendaritzak aplikatzen dituen denbora-irizpide eta irizpide kuantitatibo berberekin emango dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian aurkezten diren geroratzeko eskaerak betearazpen-bideko diru-bilketarako eskumena duen zuzendaritzara bidaliko dira, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita.
3.– Prozeduraren kostua:
Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartuko dira diru-bilketaren ondorioz sortzen diren gastuak, Diru-bilketa Erregelamenduan zehaztutakoak.
Zordunei kobratu ezin zaizkien kostuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren kontura izango dira; horretarako, agentzia horri hileko likidazioan transferitu beharreko zenbatekoa murriztuko da.
4.– Prozedura etetea:
Errekurtsoak eta erreklamazioak aurkezteagatik prozedura eteteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zorrei lotutako kasu eta baldintza berberak eman beharko dira.
5.– Premiamendu-errekargua aldatzea:
Premiamendu-probidentzian premiamendu-errekargu arrunta likidatzen bada, eta errekargu exekutiboa aplikatu behar bada Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoaren) 40.bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Sailak murriztu egingo du hasieran likidatutako errekargua.
Bosgarrena.– Datuen babesari lotutako betebeharrak.
Ekonomia eta Ogasun Sailak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bidaltzen dizkion fitxategietako diru-bilketako datuak eskuratu ahal izango ditu, akordio honek xedatzen duena betetzeko, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Nolanahi ere, Ekonomia eta Ogasun Saila izango da kudeaketa-gomendioa egikaritu bitartean eskuratzen dituen datu pertsonalen tratamendu-eragilea, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa aplikatuko zaio. Ondorio horietarako, Akordio honekin batera sinatzen den konfidentzialtasun-kontratuaren eta datuen tratamenduaren ereduaren arabera tratatuko ditu datuak eragileak.
Aldeek beharrezko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezarri behar dituzte, datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horiek aldatzea, galtzea edota baimenik gabe erabiltzea edo eskuratzea eragozteko. Halaber, aldeek konpromisoa hartzen dute beste alderdiak emandako datu eta informazio guztien konfidentzialtasuna gordetzeko, baldin eta datu eta informazio horiek akordio honen xedea gauzatzeari badagozkio. Aldeek erreserban eta isilpean gorde beharko dute informazio hori; eta ez diote inola ere emango, ez osorik ez zati batean, hitzarmenaren parte ez den ezein pertsona fisiko edo juridikori, legez aurreikusitako kasuetan eta moduan izan ezik.
Seigarrena.– Zerbitzuaren kostua.
Ekonomia eta Ogasun Sailak bildutako zenbateko osoaren % 14 jasoko du kudeaketa-gomendio honen xede den betearazpen-aldiko diru-bilketako zerbitzuagatiko konpentsazio ekonomiko gisa, eta bildutako zenbatekoak prozeduraren kostutzat hartuko dira.
Zazpigarrena.– Jarraipen batzordea.
Akordioaren Jarraipen Batzorde bat eratuko da, alderdi sinatzaile bakoitzaren ordezkariek osatua. Batzorde horrek hitzarmenaren ondoriozko betebeharrak betetzen direla zainduko du, eta egin beharreko jardueren funtzionamendu egokia bermatzeko behar diren neurri eta zehaztapen tekniko guztiak hartuko ditu. Halaber, gomendio-akordioaren xedapenak interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen zalantzak, eztabaidak eta auziak eztabaidatu eta ebazteko eskumena izango du.
Batzordea aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da, akordioa aplikatzean sortzen diren zalantzak edo zailtasunak argitzeko eskatzen den guztietan, akordioa abian jartzeko behar diren hobekuntza operatiboak sartzeko.
Klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Jarraipen Batzordearen jarduna eta araubide juridikoa urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan) kide anitzeko organoei buruz xedatzen denari lotuko zaie.
Zortzigarrena.– Eskumenaren titulartasuna.
Kudeaketa-gomendio honek ez dakar eskumenen titulartasuna eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Kudeaketa-gomendiorako agindu honek lau urteko indarraldia izango du, formalizatzen den egunetik hasita. Indarraldia amaitu baino lehen, alabaina, aldeek adostu dezakete beste lau urterako luzatzea edo akordioa azkentzea. Halaber, aldeetako batek akordio honen ondorioz hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, iraungi egin ahal izango da.
Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.
Adostasuna adierazteko, aldeek akordio hau formalizatzen duten bi (2) aleak sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.