53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1311
22/2024 DEKRETUA, otsailaren 27koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Mungiako Udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Mungiako Kipuzti eta Larrabizker auzoetan hornidura-sarea hobetzeko proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.
Mungiako Kipuzti eta Larrabizker auzoetan hornidura-sarea hobetzeko proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2022ko uztailaren 26an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2022ko irailaren 7ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (170 zk.). Geroago, hasierako trazadura bi puntutan aldatzera behartzen duen txosten sektorialaren ondoren, entzunaldi-izapidea onartu zaie aldaketa horren eraginpeko ondasun eta eskubideen titularrei, hamabost eguneko epean.
Azkenik, 2023ko urriaren 3an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, eta entzunaldi-izapidea egin zen, egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
«Gaur egun, Mungiako udalerriko Kipuzti eta Larrabizker auzuneetako hornidura-sarean matxurak izaten dira behin eta berriz, hodiak eta sarea osatzen duten elementuak egoera txarrean daudelako. Ondorioz, presio galerak eta emari gabeziak jasaten dituzte gune horietako erabiltzaileek.
Beraz, proiektu honek egungo sarea hodi berriez ordezkatzeko beharrezko diren jarduketak jasotzen ditu (egungo sarea, hein handi batean, PVCzko eta fibrozementuzko hodiez osatua dago). Hodi berrien materialak homogeneoagoak dira, eta zerbitzu-maila hobea eskaintzen dute (burdinurtu nodularra eta PEAD).
Gaur egun, Larabizkerre zaharra ur-biltegiak hornitzen ditu Larrabizker auzoko abonatuak (+84,00 kotan dago ur-biltegia). Sarea, neurri handi batean, PVCzko hodiekin egina dago eta material hori zaharkitutzat jotzen da ur-hornidura-sareetarako, materialaren berezko ezaugarriak direla-eta. Horren ondoriozkoak dira azken garaian hodiak, behin eta berriz, izandako pitzadura eta ur-ihesak.
Bestalde, proiektuak BI-3715 errepidearen eta Atxuriko gunearen arteko banaketa-lerroaren berrikuntza ere jasotzen du. Kasu horretan, hodia fibrozementuzkoa da eta burdinurtu nodularrezko eta PEADzko hodiak jarriko dira haren ordez (bi material horiek iraunkorragoak dira).
Azken jarduketak zerbitzuz kanpo utziko du DN50 fibrozementuzko tarte bat. Horretarako 265 m-ko kanalizazioa eraikiko da (DN75 PEADzkoa).
Aipatutako tarte guztietan (berrikuntzaren xede direnak) hausturak eta matxurak izan dira behin eta berriz. Horren ondorioetako bat ur-jarioak gertatzea izan da, eta, hori dela kausa, edateko ur-galerak izan dira. Beste ondorio garrantzitsu bat da kaltetutako gune horietako abonatuei ur-horniduraren jarraitutasuna eta kalitatea bermatu ezina.
Hornidura sarea ordezkatuz, abonatuek jasaten dituzten eragozpenak ekiditea lortuko da, eta zerbitzu maila egokia bermatuko zaie. Edateko-ur hornidura ere bermatuko da (uraren-kalitate eta kantitateari dagokionez).
Gainera, ur-jarioen ondorioz izaten diren ur-galerak ekiditea ere lortuko da».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko otsailaren 27ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Mungiako Kipuzti eta Larrabizker auzoetan hornidura-sarea hobetzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.