53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1156 KB - 99 orri.)
- EPUB (2953 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1309
21/2024 DEKRETUA, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Saileko mendeko ikastetxe publikoetako maisu-maistren plantilla organikoak onartzen dituena Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuan eta Hezkuntza Ordezkaritzetan.
Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, EAEko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoak, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolamendua eta lanpostuen zerrenden figura arautzen zituen, eta oinarrizko printzipioak aipatzen zituen, bete beharreko prozedura-bide gisa. Testua irailaren 21eko 4/2023 Legegintza Dekretuak harmonizatu du, eta II. tituluko I. kapituluan irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolamendua adierazten dira.
Parametro hauek identifikatzen dituzte dekretu honi erantsitako zerrendetan azaltzen diren lanpostuak: espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna. Hizkuntza-eskakizunak hizkuntza-ereduen arabera zehazten dira, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan (apirilaren 2ko EHAA) ezarritako proportzioak beteta; dekretu hori urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuak aldatu zuen (urtarrilaren 20ko EHAA), eta arautu egin zuen nola dekretu hori irakasleen lanpostuei. Helduen ikastetxeetako lanpostuei hizkuntza-eskakizunak jartzeko, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak jarraitu dira.
Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 27ko bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Maisu-maistren plantilla organikoak onartu dira, 2023-2024 ikasturteko Haur eta Lehen Hezkuntzako, Helduen Hezkuntzako, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko eta Lurralde Ordezkaritzetako ikastetxe publikoetako plazekin. Zerrenda horiek dekretu honekin batera doazen I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan agertzen dira.
2. artikulua.– 1. artikuluan aipatutako plantilletan zerrendatutako lanpostuak Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioentzat eta lan-kontratuko irakasleentzat gordeta daude.
3. artikulua.– Irakasle-jarduna ikastetxe bitan edo gehiagotan egin behar duten lanpostuak ibiltaritzat jotzen dira. Ikastetxe bakarrean diharduten irakasle-lanpostuak ere ibiltaritzat jotzen dira, ikastetxe horrek herri bitan edo gehiagotan egoitzak dituenean.
Lanpostu horiek betez gero, irakasleak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du joan-etorrietan ibiltzearren. Horretarako ezartzen den arautegiak finkatuko ditu zenbatekoak.
4. artikulua.– Lekualdatze-lehiaketaren bidez beteko dira 1. artikuluan aipatutako plantilletako lanpostuak. Hala ere, berezitzat jotako lanpostuetan, horiei esleitutako eginkizunen izaeratik eratorritako ezagutza edo trebetasun espezifikoak baloratu behar direnean, berariazko lehiaketa bidez hornituko dira.
5. artikulua.– Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 45.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, behin-behineko zein behin betiko maisu-maistren plantilla organikoetako lanpostuen zerrenda egoitza elektronikoan jarriko da ikusgai.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Erantsitako plantilletako maisu-maistren kidegoko lanpostuei 13.339,76 euro esleitu zaizkie urteko, berariazko osagarri gisa. Kopuru hori honela xehatzen da:
– Berariazko osagarri orokorra: 9.201,50 euro urteko.
– Dedikazio bereziko osagaia, bigarren eta hirugarren graduen kapitalizazioetatik eratorria: 4.138,26 euro urteko.
Arduraldi bereziko osagarriaren lehen maila egiaztatu duten langileek urtean 1.264,90 euro gehiago jasoko dituzte, goian aipatu kopuruez gain.
Dedikazio bereziko laugarren maila egiaztatzen duten karrerako irakasleek urtean 754,46 euro gehiago jasoko dute, eta dedikazio bereziko bosgarren maila egiaztatzen dutenak, berriz, 625,24 euro; diru-kopuru horiek aurreko paragrafoetan adierazitako kopuruei gehituko zaizkie.
Urteko zenbateko oso horiek hilero banatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du pizgarri ekonomiko honek: Haur eta Lehen Hezkuntzan tutore-lanak betez gero, urtean 932,12 euro gehiago jasotzekoa, hilero ordainduko dena, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Era berean, eta Irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du honako pizgarri ekonomikoak: zikloko koordinatzaile-lanak betez gero, urtean 847,00 euro gehiago jasotzekoa, hilero ordainduko dena, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Klaseak Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dituzten maisu-maistrek 1.047,34 euro gehiago jasoko dute urtean, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zuzendaritza-karguak betetzen dituzten maisu-maistrek, berriz, berariazko osagarri bat izango dute, urte osokoa izango da eta hilero banatuko da lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako modu berean. Hona osagarriak:
(Ikus .PDF)
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Helduen Hezkuntza Ikastetxeetan gelen kopurua honako hau izango da: prestakuntza arautuen ikasturte hasierako matrikula-datuetan agertzen diren taldeak, bider 1,6 indize-zuzentzailea.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Pertsona batek bi kargu baditu, osagarri altuena duen karguagatik soilik ordainduko zaio.
Era berean, zerbitzuaren beharrak direla eta, irakasle bati zuzendaritzako kargua edo kargu akademikoa eta aldi berean talde bateko tutoretza edo zikloko koordinatzailearen funtzioak esleitu ezkero, osagarri altuena duenagatik ordainduko zaio soilik: izan karguari dagokion osagarria, izan tutore- edo ziklo-koordinatzailearen funtzioak benetan betetzeagatik dagokion pizgarri ekonomiko gehigarria.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskararen irakaskuntza-espezialitateko lanpostuak.
Lanpostu horiek eskuratu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetakoren bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Euskal Filologia OHO arloko lanpostuak betetzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiarekin bat etorriz.
b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo hizkuntza-eskakizun horrekin homologatutako edo parekatutako hizkuntza-ziurtagiriren bat lortzeko probak gainditu izana.
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuak.
Lanpostu horiek eskuratu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aholkulari lanpostua betetzeko gaitasuna aitortua izatea.
b) Hezkuntza Bereziko Arloa, Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).
c) Honako lizentziatura, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.
d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).
HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan ezarritako plantilla organikoetako lanpostu guztiak eskuratu eta betetzeko, ziurtagiri negatiboa behar da, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabateko babesari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluaren arabera.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Desagertzear dauden espezialitateetako HHZ lanpostuak.
Helduentzako Hezkuntza Zentroetako (HHZ) Matematika, Gizarte eta Frantses espezialitateetako lanpostuak desagertzear egongo dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.