Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1308

20/2024 DEKRETUA, otsailaren 27koa, derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide-heziketa, hizkuntza-irakaskuntzak, arte-irakaskuntzak, musika-irakaskuntzak, kirol-irakaskuntzak, urrutiko hezkuntza eta helduen hezkuntza ematen duten Hezkuntza Saileko ikastetxe publikoetako plantilla organikoa onartzen duena, irakaskuntza horietako lan-legepeko irakasleentzat eta irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat gordeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. tituluko I. kapituluan honako hauek arautzen dira: irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa, eta plantilla organikoaren figura; hain zuzen, haren oinarrizko printzipioak eta hura prestatzeko zaindu beharreko prozedura-bideak zehaztuaz.

Ildo horretan, aipatu legeko 5. artikuluak xedatzen du direlako plantillek izan behar duten gutxieneko edukia: izena, ikastetxea, ikerketarako eta irakaskuntzari laguntzeko edo ikuskaritza teknikorako zerbitzua, eta, beharrezkoa bada, adskribatuta dagoeneko hezkuntza-administrazioari dagokion lurralde-eremua; jarduteko eskatzen diren betekizunak, zeinen artean egon behar duten hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak; kasu bakoitzari dagokion talde, kidego, eskala edo lan-kategoria, eta, azkenik, funtzionarioentzako gordetako lanpostuei dagokienez, berariazko osagarria eta lanpostuak betetzeko sistema.

Bestalde, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 5. artikuluko h) letrarekin bat etorriaz, 4. artikuluko i) letrak, batetik, Jaurlaritzari aitortu egiten dio plantilla organikoak onartzeko eskumena, eta, bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari erreserbatzen dio irakasleen plantilla organikoak proposatzeko eskumena.

Plantilla organikoak etengabe eguneratu behar dira, hain justu ere ikasturte aldaketa dela-eta ikastetxeetan sortutako egoera berriei egokitzeko. Hortaz, 2023-2024 ikasturteari dagokion eguneraketa ezarri behar da.

Lanpostu-zerrenda hau prestatzeko, honako hauek errespetatu dira: urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuan eta uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak (6/2000 Dekretuaren bidez, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretua aldatu zen).

Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluak azaldutakoa entzunda, eta Gobernu Kontseiluak, 2024ko otsailaren 27ko bileran, eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, «iraungitze» egoeran diren lan-legepeko eta ondoko kidego hauetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak (A2 azpitaldea) eta «iraungitze» egoeran diren Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasleak (A2 azpitaldea). Dekretu honetako I. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

2. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, ondoko kidegoetako funtzionarioentzako gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako II. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

3. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan, «iraungitze» egoeran diren lan-legepeko eta ondoko kidego hauetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunak (A1 azpitaldea), eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako III. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

4. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko musika-kontserbatorio profesionaletan, «iraungitze» egoeran diren lan-legepeko eta ondoko kidego hauetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Musika eta Arte Eszenikoko katedradunak (A1 azpitaldea), eta Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako IV. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

5. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Arte Eskolan eta Arte Plastikoa eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, «iraungitze» egoeran diren lan-legepeko eta ondoko kidego hauetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak (A1 azpitaldea), eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako V. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

6. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei atxikitako erlijio irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da. Dekretu honetako VI. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

7. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, «iraungitze» egoeran diren lan-legepeko eta ondoko kidego hauetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea). Eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2206 Lege Organikoaren aldi baterako xedapenetarik lehenengoan xedatutakoa aplikatuaz, lanpostu horiei behin betiko adskribatutako maisu-maistren kidegoetako funtzionarioek okupatu ditzakete direlako lanpostuak. Dekretu honetako VII. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

8. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan ondoko kidegoetako funtzionarioentzako gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea) eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoak (A2 azpitaldea). Dekretu honetako VIII. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

9. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez Kirolene Kirol Ikastetxe Publikoan ondoko kidegoetako funtzionarioentzako gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako IX. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

10. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez, «Dantzerti» Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolan, ondoko kidegoetako funtzionario diren irakasleentzat gordetako plantilla organikoa onartzen da: Musika eta Arte Eszenikoko katedradunak (A1 azpitaldea), eta Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleak (A1 azpitaldea). Dekretu honetako X. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

11. artikulua.– 2023-2024 ikasturteari dagokionez Urrutiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren ondoko kidegoetako funtzionarioentzako gordetako plantilla organikoa onartzen da: Bigarren Hezkuntzako katedradunak (A1 azpitaldea), Bigarren Hezkuntzako irakasleak (A1 azpitaldea) eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak (A2 azpitaldea). Dekretu honetako XI. eranskinean jasotzen da zerrenda hori.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eranskinetan jasotako lanpostuek esleiturik dute berariazko osagarria, zeina jarraian zehazten den, urteko osoko zenbatekoetan. Zenbateko horiek hilekoetan banatuko dira, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

(Ikus .PDF)
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dedikazioa bereziko osagaiaren lehen maila egiaztatu duten irakasleek, gorago adierazi diren zenbatekoez gain, urteko 1.264,90 euroko osagarria jasoko dute.

Dedikazio bereziko osagaiaren laugarren maila egiaztatu duten irakasleek, karrerako funtzionario direnek, urteko 754,46 euro jasoko dituzte; eta dedikazio bereziko osagaiaren bosgarren maila egiaztatu dutenek urteko 625,24 euro jasoko dituzte; betiere goragoko paragrafoetan adierazi diren zenbatekoen osagarri lehenengo xedapen gehigarrian zehaztu bezala banatuko dira aipatu zenbatekoak, hilabeteka.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Irakaskuntza-karrera profesionalaren gaineko negoziaziorik gertatu arte, indarrean egongo da Bigarren Hezkuntzako pertsonalak ondoko irakaskuntza eta ikastetxe hauetan tutoretza funtzioak egiteagatik jasotzen duen pizgarri ekonomiko osagarria: Bigarren Hezkuntzako Araubide Orokorreko irakaskuntzetan edo Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan eta Bigarren Hezkuntzako langileek Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetan ematen dituztenetan; eta hori dela-eta, 927,64 euroko diru-kopurua jasotzeko eskubidea sortuko da, zeina lehenengo xedapen gehigarrian adierazi bezala banatuko baita, hilabeteka.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zuzendaritzako funtzioak egiteak berekin dakar honako honetan ezarritako ordainsariak jasotzeko eskubidea: Unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioentzako ordainsariei buruzko ekainaren 26ko 177/1990 Dekretua. Unibertsitatez kanpoko irakasle publikoen lan-baldintzak arautzeko Akordioaren barruan eguneratuko dira ordainsari horiek, hain justu ere beherago zehaztutako urteko zenbatekoetan, betiere lehenengo xedapen gehigarrian adierazi bezala banaturik, hilabeteka.

Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoa

Hizkuntza Eskola Ofizialeko Katedradunen Kidegoa

Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegoa

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoa

(Ikus .PDF)

Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa

(Ikus .PDF)

Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa

Irakaskuntza Ertainen Institutu Teknikoetako Irakasleen Kidegoa

(Ikus .PDF)

Hizkuntza Eskola Ofizialeko Irakasleen Kidegoa

(Ikus .PDF)

Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa

(Ikus .PDF)

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan zuzendaritza-karguak betetzen dituzten maisu-maistrak

(Ikus .PDF)

Xedapen gehigarri honetan xedatutakoa ezartzeko, ikastetxe guztietan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan, Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetan izan ezik, ikastetxeko ikasle-kopurua honela zehaztuko da: zenbat ikasle matrikulatu diren ikastetxean erregimen ofizial, presentzial eta osoko eskaintzan irakasten diren irakaskuntza arautuetan.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan ikastetxeko ikasle-kopurua ikastetxe horretan irakaskuntza ofizialetan matrikulatu direnen kopurua izango da.

Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen kasuan, hasierako prestakuntzan matrikulatutako ikasleen kopuruaren eta enplegurako prestakuntzako ikasleen kopuruaren batuketa hartuko da kontuan. Azken kasu honetan, enplegurako prestakuntza-ikastaroen iraupenaren arabera, ohiko ikasturtearen iraupenari begira, haztatuko da ikasleen kopurua.

Helduen Hezkuntza Ikastetxeetan gelen kopurua honako hau izango da: prestakuntza arautuen ikasturte hasierako matrikula-datuetan agertzen diren taldeak, bider 1,6 indize-zuzentzailea.

Pertsona batek bi kargu baditu, osagarri altuena duen karguagatik soilik ordainduko zaio. Era berean, zerbitzuaren beharrak direla eta, irakasle bati zuzendaritzako kargua edo kargu akademikoa eta aldi berean talde bateko tutoretza edo zikloko koordinatzailearen funtzioak esleituz gero, osagarri altuena duenagatik ordainduko zaio soilik: izan karguari dagokion osagarria, izan tutore- edo ziklo-koordinatzailearen funtzioak benetan betetzeagatik dagokion pizgarri ekonomiko gehigarria.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Derrigortasun-datarik gabeak edo derrigortasun-data igarota dutenak izan daitezke 1. Hizkuntza Eskakizuna duten lanpostuak, eta derrigortasun-data igarota dute 2. Hizkuntza Eskakizuna duten lanpostu guztiek, dekretu honetako eranskinetan jasotako zerrendetan zehazten denez.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bigaren Hezkuntzako Institutuetan lanpostua betetzen duten maisu-maistren lanpostu-mailako osagarria urteko 2.337,05 euro gehituko da, Bigarren Hezkuntzako irakasleen lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoarekin berdintzekotan.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetako eranskinetan jasotako zerrendetan agertzen diren lanpostuak betetzeko sistema lekualdatze-lehiaketa arruntarena izango da. Hala ere, berezitzat jotako lanpostuetan, horiei esleitutako eginkizunen izaeragatik eratorritako ezagutza edo trebetasun espezifikoak baloratu behar direnean, berariazko lehiaketa bidez beteko dira, eta «Dantzerti» Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolako lanpostuak izan ezik, hurrengo Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatukakoaren arabera beteko baitira: 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Atzerriko hizkuntzan eman behar diren espezialitateetako lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko, espezialitate egokia izateaz gain, ondoko dekretuko 2. artikuluan ezarritako titulu, gaitze edo ziurtagiriren bat izan beharko da: 73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakas-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena eta tituluak eta ziurtagiriak onartzen dituena.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Hizkuntza Indartzeko irakasleen lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da honako espezialitate hauetarik baten bat izatea:

– Gaztelania eta Literatura

– Euskara eta Literatura

– Geografia eta Historia

– Latina

– Greziera

– Ingelesa

– Frantsesa

– Alemana

– Filosofia.

2.– Kultura Klasikoaren lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da honako espezialitate hauetarik baten bat izatea:

– Latina

– Greziera.

3.– Curriculum-aniztasuna (Zientzia-Teknologikoa esparrua) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da honako espezialitate hauetarik baten bat izatea:

– Biologia eta Geologia

– Fisika eta Kimika

– Matematika

– Teknologia eta Digitalizazioa.

4.– Curriculum-aniztasuna (Hizkuntza- eta gizarte-esparrua) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da honako espezialitate hauetarik baten bat izatea:

– Gaztelania eta Literatura

– Euskara eta Literatura

– Geografia eta Historia

– Latina

– Greziera

– Ingelesa

– Frantsesa

– Alemana.

5.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Zientzia eta teknologia esparruko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da honako espezialitate hauetarik baten bat izatea:

– Biologia eta Geologia

– Fisika eta Kimika

– Matematika

– Teknologia eta Digitalizazioa.

6.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Gizarte-esparruko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa izango honako espezialitateetako bat izatea:

– Geografia eta Historia

– Balio Zibiko eta Etikoetan Oinarritutako Hezkuntza.

7.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Komunikazio-esparrua (Ingelesa) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da «Ingelesa» espezialitatea izatea.

8.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Komunikazio-esparrua (Frantsesa) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da «Frantsesa» espezialitatea izatea.

9.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Komunikazio-esparrua (Gaztelera) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da «Gaztelania eta Literatura» espezialitatea izatea.

10.– Pertsona Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan Komunikazio-esparrua (Euskara) arloko lanpostuetara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da «Euskara eta Literatura» espezialitatea izatea.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan xedatutako lanpostu guztietara sartzeko eta euretan jarduteko beharrezkoa da Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan ezarritakoaren araberako ezezko ziurtagiria.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion dekretu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 27an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala