53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 13 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1307
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita – antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa.
AURREKARIAK
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren 2022ko ekainaren 14ko Ebazpenaren bitartez, EAED-174INET espedientearen esparruan, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita - antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa betez.
2023ko urtarrilaren 26ko osoko bilkuran onartu zuten hasiera batean Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita – antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zarauzko Udalak plana eta horren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarri zituen 45 egun baliodunez, 2023ko otsailaren 15eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (31. zenbakia) iragarkia aterata. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, gaiak eragiten zien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Zarauzko Udalak azaldu du jendaurreko informazioaren aldian ez dela alegaziorik aurkeztu, eta igorri ditu eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidean jaso zituen txostenak, zeinen emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota baitaude.
2023ko azaroaren 3an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zarauzko Udalak eskaera egin zuen Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (hemendik aurrera, plana) aldatzeko ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita – antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa.
Eskaerarekin batera, planaren azken proposamena aurkeztu zuen, 2022ko azarokoa, baita planaren osagarri diren bi dokumentu ere: lehena 2023ko apirilekoa eta bigarrena 2023ko urrikoa, 2022ko azaroko ingurumen-azterketa estrategikoarena. Azterketa horrek eragin akustikoari buruzko azterlana eta bibrazioei buruzko azterlana biltzen ditu, 2022ko azarokoa eta abendukoa hurrenez hurren, baita jendaurreko informazioaren izapideari eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapideari buruzko askotariko azalpen-dokumentuak ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenarentzat babes handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenarentzat babes handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko eta ezartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak txertatuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei buruzkoak badira, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzkoak.
Bestalde, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei. Gainera, hiri-antolamendurako plan orokorrak aipatzen dira lege horren II.A eranskinean, zeinak ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten planak eta programak zerrendatzen baititu, 72. artikuluko 1. epigrafeari jarraikiz.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Zarauzko Udalak eta bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean txertatzearen alde egiten da, eta planak ingurumenean izango dituen ondorio nabarmenak aipatzen dira, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita – antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa, honako baldintza hauen arabera:
A) Planaren xede den esparruak 70.725 m2-ko azalera du, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 17.2 «Irita» (61.181 m2) eta 17.3 «Amillubi» (9.544 m2) eremuen azalerak batuz gero. Zarauzko hirigunearen ekialdean dagoen hiri-lurzorua da, Itxasmendi auzoaren eta A-8ko ordainlekuaren artean.
Planaren xedea da eremu horietan indarrean dauden hirigintza-aurreikuspenak aldatzea, berrikusiz erabilera orokorrari, hirigintza-eraikigarritasunari eta antolamendu xehatuari buruzko zehaztapenak.
Egun indarrean dauden hirigintza-aurreikuspenetan jasota dago 17.2 «Irita» eremuan jarduera ekonomiko estrategikoak garatzea eta 17.3 «Amillubi» eremuan bizitegi-zona berri bat sortzea; 17.1 «Zubiaurre» eremua, berriz, finkatu egin da.
Zehazki, indarrean dagoen plangintzak honako hauek zehazten ditu:
– 17.2 «Irita» eremuan: ekonomia-jarduera estrategikoak garatzea, hirugarren sektoreko teknologia handiko erabilera eta hotel- eta merkataritza-erabilerak, gutxienez 40.870 m2(s)-ko eta 4.050 m2(s)-ko sestra gaineko eraikigarritasunarekin hurrenez hurren. Gainera, espazio libreen sistema orokor bat izango du, 14.000 m2-ko gutxieneko azalerakoa, eremuaren ipar-mendebaldean, Iñurritza errekaren ondoan, baita espazio libreen tokiko sistema bat, gutxienez 9.000 m2-koa.
– 17.3 «Amillubi» eremuan: bizitegi-zona berri bat sortzea erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko; gehienez 136 etxebizitzak osatutako bizitegi kolektiboetarako, 11.500 m2(s)-ko sestra gaineko eraikigarritasunaz, eta hirugarren sektoreko erabileretarako (gutxienez 520 m2(s)-koak) eta beheko solairuko ekipamenduetarako, 1.500 m2(s)-ko sestra gaineko eraikigarritasunaz. Halaber, sestra azpiko eraikigarritasun gehigarria aurreikusi da garaje eta trastelekutarako. HAPOk antolamendu xehatua zehazten du, halaber, zuzkidura-bizitokien antolamendua aurreikusiz (248,70 m2-ko lursaila), eta antolamenduz kanpoko kalifikatzen du dagoen udal-biltegiaren eraikina.
Planak honako hau proposatzen du:
– 17.2 «Irita» eremuan: eremua jarduera ekonomiko estrategikoetarako garatzea ezestea eta, horien ordez, bizitegi-erabilerak garatzea. Zehazki, etxebizitza babestuak garatzea (13.100 m2(s), sestra gaineko zortzi solairu eta atikoa eta sestra azpiko bi solairu), 4.356 m2(l)-ko «r.1» lursailean; eta zuzkidura-bizitokiak garatzea (5.440 m2(s), sestra gaineko sei solairu eta atikoa eta sestra azpiko bi solairu), 1.644 m2(l)-ko «eq.3» lursailean. Gainera, «el.4» lursailean egingo den plazaren azpian sestra azpiko aparkalekuak antola daitezke.
Era berean, espazio libreen sistema orokorra (ELSO) zabaldu da, barne hartzeko San Pelaio errekaren, Zubiaurrezahar kalearen eta autobiderako sarbidearen arteko eremua. Hala ere, kanpo geratzen dira haur-eskola eta aparkaleku-lursaila, horiek zuzkiduratzat jo baitira. Horrenbestez, ELSOren azalera 18.917 m2 handitu da, eta hezegunea lehengoratzeko gordetzen dira, Udalak xede horretarako sustatutako proiektuari jarraikiz.
– 17.3 «Amillubi» eremuan: udal-biltegiko eraikina antolamenduz kanpo egongo da aurrerantzean ere, eta «r.2» lursailari, 1.605 m2(l)-koa bera, bizitegi-erabilera emango zaio. Proposamenaren arabera, eraikuntza-unitate bakarra izango da: sestra azpiko hiru solairu, beheko solairua, lau solairu altu eta atikoa. Udal-erregimen tasatuko etxebizitzetarako 1.900 m2(s) izango dira, eta salmenta libreko etxebizitzetarako, 4.500 m2(s). Eraikinaren beheko solairuaren gutxienez 1.300 m2(s) zuzkidura-erabilerara bideratuko dira. Bestalde, geltoki intermodal berri bat izango da «eq.4» lursailean, 800 m2(s) dituena, baita sestra azpiko hiru solairu eta sestra gaineko bi solairu ere. Geltoki horretan, autobus-geltokia eta Euskotrenen San Pelaioko geralekua egongo dira.
Gainera, Irita eremurako sarbide-sarea osatzea proposatzen da planean, oinezkoen eta ibilgailuen mesedetan: autobiderako sarbidea Indamendi kalearekin errepidez lotzea, Maria Etxetxiki eta Zubiaurrezahar kaleekin eraztuna osatzeko; oinezkoentzako bide bat egitea, hezegunea ipar-ekialdetik inguratzen duena, eta Iñurritza errekaren gaineko oinezkoentzako pasabidea ordeztea ibilgailuetarako zubi batekin. Bestalde, Indamendi kaleko tarte laburra ekialderantz lekualdatuko da.
Hiriko zerbitzuen azpiegituretan hauek aurreikusten dira:
– Ur-hornidura: Eskema inguruko hiri-sarearen hargunetik abiatzen da.
– Saneamendua: «saneamendu bereizi» eran proiektatu da; ondorioz, bereizirik daude hondakin-uren saneamendu-sarea eta euri-uren saneamendu-sarea.
– Energia elektrikoaren hornidura: inguruan dagoen saretik eta dagokion transformazio-zentrotik edo zentroetatik abiatuta, lurpeko eroanbideen bidez hornituko da energiaz.
– Gas-hornidura: eremua zeharkatzen duen gas naturalaren eroanbidetik abiatuta.
– Argiteria publikoa, telefonia-sarea eta telekomunikazioak: planaren eskema orientagarria etorkizuneko urbanizazio-obren proiektuek zehazten dutenera egokituko da.
Plana definitzeko, hiru aukera aztertu dira, eta lehenengoa planaren esparruaren egungo egoera finkatzeari dagokio. Beste aukerak kokaleku berean planteatzen dira, eta antzeko inpaktuak sortuko dituzte. 2. eta 3. aukeren aldaera guztiek (A eta B) planteatzen dute padura leheneratzea eta autobus-geltokia ezartzea, eta horien arteko funtsezko aldeak eraikinen kokapena eta tipologia dira, bai eta bideak ere. Planak 3A aukera garatzen du, onuragarriena delakoan.
Planean ezarritako antolamendua gauzatzeko, hauek eratzea eta onartzea aurreikusi da: Hirigintza Jarduketa Programa (HJP), egikaritze-unitatea berdinbanatzeko proiektua, Irita esparrua urbanizatzeko proiektua eta Iritako eta Amillubiko eraikuntza-proiektuak. Azken kasu horretan, behar diren urbanizazio-obra osagarriak gehituko dira.
Eremuan, alde batetik, eraldatu gabeko lurzoruak daude, 17.2 «Irita» eremuan padura-zona bat hartzen dutenak, eta, bestetik, hirigintzak eraldatutako lurzorua, «Amillubi» 17.3 eremuan. Esparruaren orografia laua da, eta Iñurritza eta Asti errekek zeharkatzen dute; Oria Unitate Hidrologikoan sartuta dago, Iñurritza-A azaleko ur-masara isurtzen den arroan. Iñurritza-A azaleko ur-masak egoera ekologiko neurrizkoa eta egoera kimiko ona ditu. Lurpeko urei dagokienez, eremuak oso kalteberatasun txikia du akuiferoen kutsadurarekiko, nahiz eta interes hidrogeologikoko eremuan sartzen den.
Esparruko landaredia antropizatuta dago, eta lezkadi-masa bat nabarmentzen da Asti errekaren bi aldeetan. Gainera, Iñurritza errekaren ertzetan (lehengoratu berri diren azalerak) haltzadiak, lizarrak, astigarrak eta tamarizak landatu berri dituzte. Gainera, sastrakadiak nagusi diren inguruak, parkeen eta lorategien berezko landaredia duten inguruak eta harizti degradatuko zenbait gune identifikatu dira. Eremu horretan, «1130 estuarioak» Batasunaren intereseko habitata kartografiatu da (ur gaziek etengabe hartutako lezkadiak). Espezie exotiko inbaditzaileak aurkitu dira (besteak beste, Arundo donax eta Baccharis halimifolia).
Esparruan ez dago naturagune babesturik; hala ere, eremutik ibaian behera –zehazki, gutxi gorabehera 150 m iparraldera–, ES2120009 Iñurritza kontserbazio bereziko eremua eta ES212013 Iñurritzako paisaia natural babestua daude (hezegunea EAEko Hezeguneen LAParen I. taldean sartuta dago).
Gainera, esparrua bat dator Iñurritzako itsasadarreko hezegunearekin (A1G3), zeina EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren II. taldean sartuta baitago. Plan horretan, esparrua «hiri-lurzoru» eta «azaleko uren babesa» kategorietan sartzen da, non arrisku naturalek eragindako kalteak kontserbatzea eta minimizatzea den irizpidea.
Faunari dagokionez, Iñurritza errekako arrain-faunaz gain, nabarmendu behar da Iritan badaudela Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako hegazti-espezieak. Esparrua ez da onartutako kudeaketa-plana duten mehatxatutako espezieen intereseko eremuetako bat. Era berean, ez dator bat mehatxatutako hegazti-espezieak ugaltzeko, elikatzeko, hedatzeko eta kontzentratzeko lehentasunezko eremuekin (Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez mugatuta daude horiek). Halaber, esparruan ez da hauteman goi-tentsioko linea elektrikorik, 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako preskripzio teknikoekin bat ez datorrenik, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2018ko ekainaren 18ko Ebazpenaren arabera.
Urola Kostako Lurralde Plan Partzialak UdP01 «Urola Kostako Itsasertza» paisaia-unitatearen jardun-eremua barne hartzen du. Planaren jardun-eremuaren zati bat PIBE 31 paisaia-interes bereziko eremuaren barruan dago, lehengoratu eta balioa eman behar zaiolako (A-8 autobidearen eta ordainlekutik Zarauzko herrigunerako lotunearen inguruko zerrenda bat da). Lan-eremutik gertu, PIBE 09 dago, Iñurritza KBEari dagokiona.
Ez da aurkitu kultur ondarearen elementurik.
Zaratari eta bibrazioei dagokienez, inpaktu akustikoari buruz ingurumen-azterketa estrategikoan jasotako azterlanaren arabera, kalitate akustikoaren helburuak ez dira bete, ez 17.2 «Irita» esparruan, ez 17.3 «Amillubi» esparruan.
Zehazki, 17.2 «Irita» esparruan, KAHak gainditzen dira fatxada batzuetan eta aldi guztietan; tarte txarrena gauekoa da. Gehiegizko maila horiek hauteman dira nola bi metroko altueran kalkulatutako mapetan, hala fatxaden mapetan (altuera guztietan kalkulatu dira). Iturria errepideak dira, kaleen eta trenbidearen zarata oso txikia baita (inolaz ere ez dituzte gainditzen KAHen mailak). Gauez, esposizio handiena duten fatxadetako toki okerrenetan 15 dB(A) ere detektatzen dira.
17.3 «Amillubi» esparruan, KAHak gainditzen dira fatxada batzuetan eta aldi guztietan. Gehiegizko maila horiek hauteman dira nola bi metroko altueran kalkulatutako mapetan, hala fatxaden mapetan (altuera guztietan kalkulatu dira). Mailak gainditzen dituzten zaraten foku nagusia kaleak dira. Trenbidearen eta errepidearen fokuari dagokionez, zarata txikiagoa izan arren, esposizio handieneko fatxadetan, foku horrek ere gainditzen ditu KAHak. Gauez, zarata 15 dB(A)-ra iristen da hegoaldeko fatxadan, bi metrora kalkulatuta, eta 10 dB(A)-ra, solairu guztietan kalkulatuta.
Bibrazioei dagokienez, Law indizeko emaitzak 75etik beherakoak dira: gehieneko muga hori ezartzen die bizitegi-erabilerako eraikinei Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak.
Bestalde, udalerriak zarataren aurkako ekintza-plan bat dauka, udalerrian babes akustiko bereziko eremuak ezartzen dituena (aurrerantzean, BABE). 17.3 esparrua «Amillubi» BABE-4ren parte da; 17.2 esparrua («Irita»), berriz, ez du eremu batek ere barne hartzen, nahiz eta BABE-1en mugakidea izan.
Uholde-arriskuei dagokienez, Zarauzko uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) sartzen da (ES017-GIP-ORI-01), eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanen eta lehentasunezko fluxu-eremuaren eraginpean dago.
Beste ingurumen-arrisku batzuei dagokienez, esparrua AP-8ren 100, 200 eta 600 metroko eragin-banden barruan dago, eta errepide bidez salgaiak garraiatzean istripuak izateko arrisku oso handia izatearekin lotuta dago. Hori dela eta, EAEn salgai arriskutsuak errepidez eta trenez garraiatzeko istripu-arriskuari aurre egiteko larrialdi-plan berezian ezarritakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001. urtea). Bestalde, Euskotrenen trenbideak ez daude lotuta salgaiak trenbidez garraiatzeagatik istripuak izateko arriskuarekin, eta esparrua Seveso enpresetan izandako istripu larrien arriskua duten guneetatik kanpo dago. Azkenik, esparruan ez dago lekurik Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan sartutako dagoenik, ezta arrisku sismikorik edo baso-suteen ondoriozko arriskurik ere. Esparrua gehienbat higadura txikiko inguruetan dago.
B) Txosten hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta, haren arabera, nahikoa justifikatu da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasunak eta zehaztasuna bermatuta. Uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei, plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartu direla bermatzeko.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen beste jarduketarik, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.
Planaren esparrua Zarauzko uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) sartzen da (ES017-GIP-ORI-01), eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanen eraginpean dago. Zonakatze xehatuari dagokionez, 17.3 «Amillubi» esparruko «r.2» lursailean eta 17.2 «Irita» esparruko «eq.3» eta «el.4» lursailetan kokatuko diren garapen berriei ehun urteko errepikatze-denborako uholdeek eragiten diete. Bizitegi-eraikin bat egingo da «r.2» lursailean, eta aparkalekuak horren sotoan; «eq.3» lursailean, zuzkidura-bizitokietarako eraikin bat, eta «el.4» lursailean espazio libreetarako plaza bat egingo da, eta, agian, sestra azpiko garajeak eraikiko dira.
Uraren Euskal Agentziaren 2023ko martxoaren 24ko txostenean xedatutakoaren arabera, bizitegi- eta zuzkidura-erabilera berriak bostehun urteko errepikatze-denborako uraldiei dagokien kotaren gainetik jarriko dira. Iritan, gainera, erabilera horiek ehun urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo kokatu beharko dira. Bestalde, sestra azpiko aparkalekuak ehun urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo jarri beharko lirateke. Gainera, sestra azpiko aparkalekuek arnasbideak eta ebakuazio-eremuak izan beharko dituzte bostehun urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik gora, eta uraldi-arrisku horren kotarako estankotasuna bermatuta izan beharko dute.
Aurrekoa gorabehera eta organo eskudunak aplikatzekoak diren prozeduren esparruan ezarritako baldintzak gorabehera, planaren garapenak bat etorri beharko du hauetan xedatutakoarekin: Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9. eta 14 bis artikuluak (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Espainiako Zatiko 2022-2027ko Plan Hidrologikoaren Xedapen Arautzaileen eranskinaren edo I. eranskinaren 43., 45. eta 46. artikuluak (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen plan hori) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudia.
D.2.– Zaraten eragina arintzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, baina dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da betiere.
Obren fasean, 17.3 «Amillubi» esparruan egindako bibrazio-azterketaren arabera, bibrazioak egiaztatzeko neurketak egingo dira lekurik okerrenetan, sakontasunari eta tren-linearekiko eta errepidearekiko hurbiltasunari dagokienez, mailarik baxueneraino induskatu den unean eta eraikinaren zimenduak jarri aurretik, egiaztatzeko bibrazio-balioak ez direla eragiketen aurreko neurketetakoak baino handiagoak (balio horiek ez zituzten gainditzen urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan aurreikusitako KAHak) eta, beraz, eraikinari ez zaiola bibraziorik transmitituko.
Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuetan.
Eraikin berriak erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira barnean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.
D.3.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Iritako hezegunea leheneratzeko –ELSOren zabalkuntzan aurreikusita dago hori–, paisaia integratzeko proiektu espezifiko bat egingo da. Flora-espezie inbaditzaileak kontrolatzeko programa, ELSOren zabalkuntzan Iritako hezegunea leheneratzeko aurreikusia, koordinatu egin beharko da «Zarauzko Iritako hezegunea leheneratzeko proiektuan» jasotako espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriekin. Proiektu hori aipatutako agentziak baimendua du, eta aldizkako jarraipena du; jarraipen hori jarduketa-eremu osoan egin beharko da.
D.4.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.
Plana garatzeko dokumentuek zehaztuko dituzte ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanak, garapenak eragindako eremu guztietan. Ingurumen-leheneratzean, landare-espezie autoktonoak erabiliko dira, ahalik eta mantentze-lan gutxien eskatzen dutenak, inguruaren ezaugarri bioklimatikoetara egokitzen direnak.
Landareztatze- eta lorategi-lanetan inolaz ere ez dira baliatuko inbaditzaileak suerta daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta beste. Esparruko lorategietan aintzat hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenaren gomendioak eta neurriak (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirila, https://www.ihobe.eus/argitalpenak/20b-udalsarea21-kuadernoa-lorategi-eta-berdegune-jasangarriak-diseinatzeko-eskuliburua).
Plana garatzeko proiektuan, espezie horiek lur-mugimenduen bidez ez hedatzeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.
D.5.– Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
Indamendi eta Maria Etxetxiki kaleak lotzeko oinezkoen pasabidea ibilgailuetarako zubi batekin ordezteko obretan, 47. artikulua aplikatuko da, zubiak, estaldurak eta defentsa-neurri estrukturalak diseinatzeko eta ibilguen trazaduraren aldaketarako arau espezifikoei buruzkoa, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako Zatiko 2022-2027ko Plan Hidrografikoaren Araudikoa (I. eranskina. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako Zatiko Plan Hidrografikoaren Xedapen Arautzaileak); plan hori urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bitartez onartu zen.
Urbanizatu beharreko eremu berrietako drainatzeari dagokionez, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean (E.4 atala) eta Uraren Euskal Agentziaren 2023ko martxoaren 24ko txostenean xedatutakoa aintzat hartuta, drainatze jasangarriko hiri-sistemak aurreikusiko dira (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tankeak, iragazketa-zangak, drainak, eta abar), bermatzeko jariatzea handitzen bada, lehendik zegoen egoeraren aldean, hazkunde hori konpentsatu ahalko dela edo ondoriorik gabekoa izango dela.
Plan hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dute.
Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan egiten diren jarduketetarako (zortasuna eta zaintza), Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko administrazio-baimena beharko da.
D.6.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.
Planaren eremutik ibaian behera daude ES2120009 Iñurritza Kontserbazio Bereziko Eremua eta Iñurritzako Paisaia Natural Babestua. Iñurritzako eremu babestua babesteko eta eremua zeharkatzen duen sare hidrografikoari lotutako fauna eta flora babesteko, garrantzitsua da lurrazaleko uren kalitatea behar bezala babestea. Horregatik, plana garatzeko proiektuetan, zenbait neurri jasoko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu dadin lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak eta iragazkiak.
Ildo horretatik, Iñurritza errekaren gaineko zubi berriaren obrak egin bitartean, planaren arabera, uhertasunaren aurkako hesi bat jarriko da, obrak baino metro batzuk beherago. Hesi hori euste-hesi flotatzaile batek eta azpiko uhertasunaren aurkako gortina batek osatuko dute. ELSOren zabalkuntzan Iritako hezegunea lehengoratzeko lur-mugimenduei lotuta ere neurri hori ezartzea kontuan hartuko da. Hesia jarduketetatik metro batzuk beherago jarriko da.
Proiektua gauzatzeko faserako, zehaztu beharko da nola kontrolatu lurrazaleko uren kalitatea.
17.2 «Irita» esparruan lurrak mugitzen direnean, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira eta Uraren Euskal Agentziari baimena eskatuko zaio gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko.
D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.
Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; aldi baterako desbideratzeak; isurketak saihestea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea; eta abar.
– Lurzoruen babesa: Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Belar-sastrakak garbitzeko eta mozketak egiteko beharrezkoak diren lanak, obra-sarbideak egiteko lana eta kontratistaren instalazio-guneak –barnean direla makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Irita hezegunean berriki leheneratutako inguruneari kalte egin gabe; halaber, zuzenean okupatu behar ez diren eremuetan ez da mozketa-lanik eta elar-sastrakak garbitzeko lanik egingo.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk erabiltzea, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluko segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ez egiteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Zarauzko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Halaber, udal-biltegia eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik atzematen bada, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzeko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak, era berean, Amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Plana garatzeko, hiru soto ere aurreikusi dira «r.2» eta «eq.4» lursailetan eta bi «r.1» eta «eq.3» lursailetan. Gainera, «el.4» lursailean sestra azpiko aparkalekuetarako utz litezke. Lur-mugimenduen azken balantzea zehaztea falta bada ere, obrak egitean, indusketa-soberakinak sortzen badira, haiek soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira, eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora egokitu beharko dira, hala badagokie.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Obrak sei hilabete baino gehiago irautekoak badira, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, zer neurri zuzentzaile behar diren zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoaren azterketan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Kultura-ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat badago, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta 17.2 «Irita» esparruaren urbanizazioari dagokionez, Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gidaren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasuna balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.
D.9.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketara pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla eta, horien barruan, egitekoak diren jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Ingurumen-jarraipenaren barruan, kontrol-lan bat egin beharko da 17.2 «Irita» esparruan ELSOren zabalkuntzako Iritako hezegunearen lehengoratzeak izan duen arrakastaren inguruan.
F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2022ko ekainaren 14an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da alderdi hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa onesteko, Zarauzko udal-mugarteko «17-.2 OR Irita - antolamendu esleituko esparrua» eta «17.3 OD Amillubi – antolamendu definituko esparrua» eremuei buruzkoa, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilak 26.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.