Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1306

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Orduko Ingurumen Plangintzaren zuzendariaren 2010eko irailaren 24ko Ebazpenaren bidez, Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-azterketa estrategikoaren erreferentziako dokumentua eman zen, eta 2010eko abenduaren 29ko Ebazpenaren bidez, Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-inpaktuaren aurretiazko txostena egin zen.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Arrigorriagako Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, 45 egunez, 2021eko abenduaren 3ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Arrigorriagako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Arrigorriagako Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2023ko urriaren 11n, Arrigorriagako Udalak Planaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiteko eskabidea aurkeztu zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, bai Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean, bai Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz; izan ere, aipatu eranskin horretan jasotako planen eta programen artean daude hiri-antolamenduko Plan Orokorrak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Arrigorriagako Udalak bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismen-dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, ondoren zehazten den moduan:

A) Planaren xedea da 1999ko arau subsidiarioetan eta ondorengo aldaketetan ezarritako indarreko hirigintza-plangintza berrikustea.

Planaren eremua Arrigorriagako udal-mugarte osoa da, 16,28 km2-ko azalera duena. Arrigorriaga Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionalean dago, eta honako udalerri hauekin egiten du muga: Alonsotegi, Bilbao, Basauri, Zaratamo, Zeberio, Ugao-Miraballes eta Arrankudiaga.

Udalerriaren ezaugarri geografikoak direla eta, bi gune sortu dira, eta horien arteko bereizketa fisikoak lotura eragozten du: batetik, hirigunea eta, bestetik, Abusu auzoa (Bilboko hiri-trazaduraren jarraipena). Gaur egun ez dago bi nukleoak egituratzen dituen elementurik, ezta bata bestearekin lotzen duenik ere, eta horrek behartzen du lurzoruaren sailkapena eta erabilerak independenteki planifikatzera.

Hirigunea deritzonaren hirigintza-egitura argi eta garbi zehaztuta dago; izan ere, hartzen duen eremua mugatzen dute, ekialdetik eta hegoaldetik, Nerbioi ibaiak; iparraldetik, Basauriko udalerriak eta, mendebaldetik, AP-68 autobideak. Muga horiek hirigunearen balizko eta etorkizuneko hirigintza-garapena baldintzatzen dute.

Abusuren hiri-egiturak ere muga fisikoak ditu, hiriguneak bezala, baina modu nabarmenagoan. Bilbao dauka iparraldean (Nerbioi ibaia) eta mendebaldean (Bolintxu erreka); Basauri ekialdean, eta Montefuerteko parke metropolitarra hegoaldean, eskualdeko Espazio Libreen Sistema Orokorrekoa.

Gainera, bi nukleoek arazo bera dute, trenbidearen trazadurak bitan banatzen ditu. Hirigunearen kasuan, iparraldetik hegoaldera banatzen du. Hala, ekialdean geratzen da alderik zaharrena, eta mendebaldean, zabalgunearen zati handiena. Abusu, ordea, ekialdetik mendebaldera banatzen du trenak. Hala, iparraldean gelditzen dira Santa Isabel eta Olatxu eta hegoaldean, Ollargan. Hirigunearen iparraldeko mugan dagoen Atxukarro industrialdeko lurra izan ezik, gainerako industria-lurrak hegoaldean daude, BI-625 errepideak, trenbideak eta Nerbioi ibaiak osatzen duten ardatzean, Arrigorriagako hirigunearen eta Ugaoren artean.

Planaren irizpide orokorra da garapen jasangarria eta orekatua definitzea, egungo beharrak asetzeko gai izango den garapen-eredu baten bidez, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarri gabe, aintzat harturik askotariko sektore ekonomikoak garatzeko beharrezkoak diren espazioak. Horretarako, Planean hartutako helburu orokorrak honako hauek dira: dagoen lurzoru urbanizagarriaren gehieneko aprobetxamendua, egikaritu gabeko lurzoru urbanizagarriak birdentsifikatzea, hiri-lurzoruaren hedapena saihestea lurzoru naturala ez galtzeko, bizitegi-guneen ondoan ekipamenduak mantentzea eta oinezkoen eta bizikleten barne-mugikortasuna sustatzea.

Era berean, udal-plangintzak zehaztu behar dituen alderdietan planteatutako proposamenen edo jarduketen helburuak eta irizpideak markatzen ditu Planak: lurzoru urbanizaezinaren sailkapena eta sistema orokorren sarearen definizioa (errepide-sarea, trenbidea, bizikletetarako eta oinezkoentzako bideen sarea, hornidura-sarea, etab.); bizitegi-lurzorua, jarduera ekonomikoetarako lurzorua, ekipamenduak eta espazio libreak.

Planak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarriko 2 km2 inguruko azalera mugatzen du, 28 hirigintza-eremuz osatua. Lurzoru urbanizaezin sailkatutako lurzoruak 14,25 km2-ko azalera dauka, hau da, udalerriaren azalera osoaren % 87 inguru.

Jarraian, Planaren proposamen nagusiak aztertzen dira:

1.– Hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren mugaketa.

Planean proposatutako hiri-lurzoruak 1.804.411 m2-ko azalera dauka, hau da, udalerriaren azalera osoaren % 11,07 inguru. Planean hiri-lurzorua mugatzeko lehen erreferentzia izan dira indarrean dagoen plangintzaren mugak. Planaren eremu hauek aldatu dira:

– Abusu eremuan, hiri-lurzoruaren muga zabaldu da, barne har ditzan Trenbide Sistema Orokorraren, Nerbioiko ibilguaren eta Basauriko udalerriaren arteko egungo espazioaren ondoko lursailak. Lurzoru hori aparkaleku-erabilerarako ekipamendu komunitarioko sistema orokor berri batera bideratuko da.

– Ollargan eremuan, mugaketa txikitu da, aurreko EU-3ri zegozkion lurzoruak alde batera utzita, horiek urbanizaezin izendatu baitira, aparkaleku-erabilerarako ekipamendu komunitarioko tokiko sistema berrira bideratutako lurzoruak izan ezik.

– Erdialdean, egikarituta dauden lurzoru urbanizagarridun sektoreak sartu dira: Torrontegi I eta Torrontegi II sektorea; Martiartu II sektorea eta Cartisaren eta Palets del Valle enpresen lurzorua, Bentakoerreka eremuan.

Era berean, hiri-lurzoru gisa txertatu dira Kristo Santua eremuan kalifikatutako ekipamendu-sistema orokorrak, lurzoru-poltsa konpaktua, AP-68 autobidearen eta bizitegi-lurzoruaren artean.

– Atxukarro eremuari egungo hiri-lurzoru industrialaren mugakide den lurzoru urbanizaezinaren zati bat gehitu zaio, eremuaren mendebaldeko muturrean, oso lurzoru antropizatuak baitira, erabilera industrialerako bokazio argia dutenak.

– Aixarteko eremutik hegoalderantz, Ugao-Miraballesko mugaraino, trenbide eta errepide (BI-625) sistema orokorrei eta zerbitzu-azpiegiturei dagozkien lurzoruak sartu dira, gaur egun erabat kaptatuta eta egikarituta daude, eta horrek laguntzen du erdigunearen eta hegoaldearen arteko jarraitutasun urbanistikoa indartzen.

Arrigorriagako hiri-lurzoruaren gehiengoa hiri-lurzoru finkatuaren kategoriakoa da; izan ere, lehendik dagoen hiri-bilbeko lurzoruak dira, eta, izendapen hori izateko beharrezko zerbitzuak dituzte, indarrean dagoen hirigintza-araudiaren arabera.

Hala ere, lurzoru finkatu horretan, berritzeko eta birgaitzeko beharra duten zonak edo auzoak identifikatu dira. Hala, lehentasunezkotzat jo dira, zenbait arrazoi direla medio: urbanizazioko gabeziak, eraikinen kontserbazio-egoera zein oinarrizko baldintzak, etxebizitzen irisgarritasuna, eraikinen baldintza termikoak edota eremuaren kalteberatasun soziala.

Hona hemen identifikatutako bost eremuak:

– Osasuna eta Higienea etxebizitza-taldea.

– Ollargan herri berria.

– Pedro Muro.

– Kubo auzoa.

– Zubiondo taldea.

Laburbilduz, aurreikusitako jarduketek udalerriko egungo hirigintza-espazioa hobetzen eta osatzen dute, hobekuntza handien bitartez, iraunkortasunari, ingurumenari eta mugikortasunari dagokienez.

Bestalde, lurzoru urbanizagarriak guztira 248.582 m2 hartzen ditu, hau da, udalerriaren azalera osoaren % 1,52 inguru.

Lurzoru urbanizagarria dira Lanbarketa izeneko sektoreko lursailak. Indarreko araudian lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dago, eta gaur egun egikaritzen ari da, oraindik hiri-lurzoruaren izaera lortu gabe. Sektoreak 51.308 m2-ko azalera du.

Planak barne hartzen du, halaber, Bentakoerreka-Iparra izeneko eremua, sektorizazio-planaren arabera, sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarri izendapena duena. 197.274 m2-ko azalerako eremua da, eremuaren hegoaldetik igarotzen den Bentakoerrekaren ibarraren iparraldeko hegalean dagoena.

Hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria honako 28 hirigintza-eremu hauek osatzen dute: 1. Atxukarro industriala, 2. Atxukarro bizitegia, 3. Lanbarketa, 4. Osasuna eta Higienea, 5. Lepanto, 6. Pedro Muro, 7. Lonbo bizitegia, 8. Lonbo kirol-eremua, 9. Kristo Santua, 10. Torrontegi, 11. Paper-fabrika, 12. Zubiondo taldea, 13. Arandia, 14. Kubo, 15. Hirigunea, 16. Parkea, 17. Larrasko, 18. Aixarte, 19. Martiartu frontoia, 20. Martiartu Hegoa, 21. Rezola, 22. Martiartu industrialdea, 23. Agirre, 24. Beheko Bentakoerreka, 25. Txako, 26. Bentakoerreka-Iparra, 27. Abusu eta 28. Ollargan.

2.– Hiri-ingurunearen garapenerako eta planeamendua egikaritzeko proposamenak.

Bizitegi-erabilera orokorreko eremua, batez ere, Arrigorriagako erdialdean dago, eremu hauetan: 3. Lanbarketa, 4. Osasuna eta Higienea, 5. Lepanto, 6. Pedro Muro, 7. Lonbo bizitegia, 10. Torrontegi, 11. Paper-fabrika kooperatiba, 12. Zubiondo taldea, 13. Arandia, 14. Kubo, 15. Hirigunea, 17. Larrasko, 18. Aixarte, 19. Martiartu frontoia, 20. Martiartu Hegoa (partzialki).

Abusu inguruan ere bizitegi-gune bat dago, zehazki, 27. Abusu eta 28. Ollargan hirigintza-eremuetan.

Jarduera Ekonomikoak (B) erabilera orokorreko eremuak nagusiki udalerriaren hegoaldean biltzen dira, hirigintza-eremu hauetan: 20. Martiartu Hegoa (partzialki), 21. Rezola, 22. Martiartu industrialdea, 23. Agirre, 24. Beheko Bentakoerreka, eta 25. Txako. Hirigunean, halaber, 1. Atxukarro Industriala eremua dago.

Bestetik, 26. Bentakoerreka-Iparra eremuak sektorizazio-planera jotzen du bere kalifikazio orokorra zehazteko.

Planean Bizitegi Eremu Orokor (A) eta Industria Eremu Orokor gisa kalifikatutako eta horietara bideratutako guztizko azalerak, hurrenez hurren, 916.679 m2-koa eta 811.863 m2-koa dira. Horrenbestez, 197.274 m2-koa da sektorizazio-planean kalifikatu beharreko azalera. Bizitegi-garapenari esker, guztira 801 etxebizitza berri izango dira.

Planak honako garapen-azpieremu hauek jasotzen ditu hiri-lurzoruan garatzeko proposamenetarako:

– Jarduketa isolatuak (AA). Hiri-lurzoruko zona finkatuetan egiten den eraikuntza-jarduketa oro da:

• Bizitegi-lurzorua:

* 2. Atxukarro bizitegia: AA 02.2 (640 m2). Bi etxebizitzako bizitegi-garapena aurreikusi da (192 sabai m2).

* Torrontegi: AA 10.1 (4.612 m2), AA 10.2 (6.362 m2) eta AA 10.3 (5.567 m2). Bizitegi-garapen horien eraikigarritasunak, hurrenez hurren, 5.654 sabai m2-koa, 4.832 sabai m2-koa eta 4.800 sabai m2-koa dira, eta etxebizitza-kopurua, hurrenez hurren, 57, 48 eta 48.

* 15. Hirigunea: AA 15.4 (493 m2) eta AA 15.5 (520 m2). 15.4 jarduketa isolatuan planteatu da sestra gaineko 2.142 sabai m2-ko eraikigarritasuna eta 20 etxebizitza dituen bizitegi-garapena. Etxebizitza horietako bost jada existitzen dira. Bestalde, 15.5 AAk 10 etxebizitza hartuko ditu (635,75 sabai m2), –gaur egun, 8 etxebizitza daude egikarituta–.

* 17. Larrasko: AA 17.7 (2.055 m2). Bizitegi-eremu horrek bi etxebizitza hartuko ditu (gaur egun etxebizitza bat dago), 478 sabai m2-ko eraikigarritasunarekin.

* 19. Martiartu-Frontoia: AA 19.2 (2.704 m2). Bizitegi-eremuak bi etxebizitza hartuko ditu (gaur egun etxebizitza bat dago), 237 sabai m2-ko eraikigarritasunarekin.

• Jarduera ekonomikoetarako lurzorua:

* Atxukarro Industriala: AA 01.2 (1.948 m2). Jarduera ekonomikoetarako lurzorua da, eta sestra gaineko 1.200 sabai m2-ko gehieneko eraikigarritasuna dauka.

* 24. Beheko Bentakoerreka: AA 24.1 eta AA 24.2. Jarduera ekonomikoetara bideratutako bi eremu dira, hurrenez hurren, 40.593 m2-ko eta 24.451 m2-ko azalerekin eta 21.454 sabai m2-ko eta 3.958 sabai m2-ko eraikigarritasunekin.

– Jarduketa integratuak (AI). Urbanizazioak hiri-lurzoru finkatugabeko eremutan mugatzen ditu, eta HJP (Hirigintzako Jarduketa Programa) bidez garatuko dira:

• Bizitegi-lurzorua:

* 20. Martiartu Hegoa: AI 20.1 (1.865 m2). Aurreikusi da sestra gaineko 3.200 sabai m2-ko gehieneko eraikigarritasuna eta 28 etxebizitza dituen bizitegi-garapena.

* 28. Ollargan: AI 28.1 (3.107 m2). Planteatu da 28 etxebizitzako eta 3.515 sabai m2-ko eraikigarritasuna dituen bizitegi-garapena.

• Jarduera ekonomikoetarako lurzorua:

* 25. Txako: AI 25.2 (6.076 m2). Jarduera ekonomikoetarako eremuak 1.700 sabai m2-ko eraikigarritasuna dauka.

– Zuzkidura-jarduketak (AD). Eraikinek finkatu gabeko hiri-lurzoruko eremuetan mugatzen dituzte, antolamenduak eman baitio lehendik zegoena baino handiagoa den hirigintza-eraikigarritasun haztatua:

• Bizitegi-lurzorua:

* 4. Osasuna eta Higienea: AD 04.1 (163 m2).

* 6. Pedro Muro: AD 06.1 (330 m2). Planteatu da 8 etxebizitzako bizitegi-garapena, 1.148 sabai m2-ko eraikigarritasunaz.

* 11. Paper-fabrika: AD 11.1-11.6, AD 11.7-11.18, AD 11.19-11.24, AD 11.25-11.28, AD 11.29-11.33, AD 11.34-11.36, AD 11.37-11.44 eta AD 11.45-11.54. 11. Paper-fabrika hirigintza-eremuan aurreikusitako bizitegi-garapenen guztizko azalera 6.064,95 m2-koa da; sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna, 6.316 sabai m2-koa, eta 54 etxebizitza hartuko ditu.

* 15. Hirigunea: AD 15.1 (130 m2), AD 15.2 (1.190 m2) eta AD 15.3 (473 m2). Hiru eremu horietan planteatu diren bizitegi-garapenen eraikigarritasunak, hurrenez hurren, 940 sabai m2-koa, 5.800 sabai m2-koa eta 860 sabai m2-koa dira, eta etxebizitza-kopurua, hurrenez hurren, 6, 42 eta 7.

* 17. Larrasko: AD 17.1, AD 17.2, AD 17.3, AD 17.4, AD 17.5 eta AD 17.6. 17. Larrasko hirigintza-eremuko zuzkidura-jarduketen guztizko azalera 12.859,29 m2-koa da; sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna, 6.830 sabai m2-koa, eta 57 etxebizitza hartuko ditu.

* 27. Abusu: AD 27.2 (3.255 m2), AD 27.3 (280,24 m2) eta AD 27.4 (1.422,27 m2). Hiru eremu horietan planteatu diren bizitegi-garapenen eraikigarritasunak, hurrenez hurren, 9.008 sabai m2-koa, 2.860 sabai m2-koa eta 5.655 sabai m2-koa dira, eta etxebizitza-kopurua, hurrenez hurren, 89, 22 eta 50.

• Jarduera ekonomikoetarako lurzorua:

* 1. Atxukarro Industriala: AD 01.1 (11.674 m2). Industria-eremu horri 2.000 sabai m2-ko eraikigarritasuna esleitu zaio.

* 21. Rezola: AD 21.1 (114.282,26 m2). Jarduera ekonomikoetarako eremu horretan proposatu da guztira 34.000 sabai m2-ko eraikigarritasuna.

* 22. Martiartu industrialdea: AD 22.1 (3.005 m2). Jarduera ekonomikoen esparruko ekipamendurako lurzati gisa kalifikatuta dago, eta 5.400 sabai m2-ko eraikigarritasuna esleitu zaio.

* 25. Txako: AD 25.5 (4.400 m2) eta AD 25.6 (20.471 m2). Hurrenez hurren, 1.025 sabai m2-koa eta 4.680 sabai m2-ko sestra gaineko gehieneko eraikigarritasunak proiektatu dira.

– Sistema orokorren eta tokiko sareen zuzkidura publikoak gauzatzeko jarduketak (EDP). Bizitegien hirigintza-eremuen eta industria-eremuen barnean, udalerriko sistema orokorrak (SG) indartzeko honako jarduketa hauek planteatu dira:

• Errepide-sareko SG:

* 2. Atxukarro bizitegia: EDP 02.1 (1.254 m2).

* 25. Txako: EDP 25.1 (4.155 m2), EDP 25.3 (5.256 m2) eta EDP 25.4 (8.800 m2).

• Ekipamendu SG:

* 7. Lonbo bizitegia: EDP 07.1 (4.550 m2).

* 10. Torrontegi: EDP 10.4 (8.590 m2).

* 27. Abusu: EDP 27.1 (22.693 m2).

* 28. Ollargan: EDP 28.2 (2.333 m2).

* EDP Illumbe (7.400 m2).

• Espazio libreen eta berdeguneen SG:

* 18. Aixarte: EDP 18.1 (1.025 m2).

* 23. Agirre: EDP 23.1 (3.780 m2).

– Hiri-lurzoruko eremuak, dagokien hiri antolamenduko plan berezien bidez garatu beharko direnak:

• Bizitegi-lurzorua:

* 15. Hirigunea, 15.6 eremua (4.221 m2). Proposatu da 9.708 sabai m2-ko gehieneko eraikigarritasuna eta 86 etxebizitza dituen bizitegi-garapena.

* 19. Martiartu-Frontoia, 19.1 eremua (8.594 m2). Planteatu da 5.256 sabai m2-ko gehieneko eraikigarritasuna eta 48 etxebizitza dituen bizitegi-garapena.

Lurzoru urbanizagarrian proposatutako jarduketak honako hauek dira:

– Bizitegi-lurzorua:

• 3. Lanbarketa, 03.1 sektorea (49.682,45 m2). Planean adierazi da plan partzial baten bidez garatuko dela. Egikaritzen ari da. Bizitegi-lurzorua da, sestra gaineko 15.898,38 sabai m2-ko guztizko eraikigarritasuna eta 100 etxebizitza dituena.

Lurzoruaren kalifikazioa zehazteko dago, eta aurreikusitako erabilera nagusia jarduera ekonomikoak dira.

• 26. Bentakoerreka-Iparra: sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarria, SUNS 26.1 (197.274 m2). Planak sektorizatze-planera bidaltzen du, horrek zehatz ditzan lurzoruaren kalifikazioa eta eraikigarritasuna.

Aipatutako garapen-azpieremuez gain, lurzoru urbanizaezinean partzialki edo osorik dauden bi egikaritza-eremu daude: Brisketako landa-ingurunea eta Illunbeko futbol-zelaiaren zabalkuntza.

3.– Sistema orokorren proposamenak (SG).

Zuzkidura-eremu publikoak udalerriaren sistema orokorraren parte dira. Eremu horiek erabilera orokor nagusiaren araberako kategorietan multzokatzen dira: ekipamendu komunitarioa, espazio libreak eta berdeguneak, komunikazio- eta garraio-sarea, hiri-zerbitzuen azpiegiturak eta ibai-ibilguak.

– Ekipamendu komunitarioa (C): administrazio-, merkataritza-, kultura-, irakaskuntza-, osasun-, erlijio- eta laguntza-erabilerak dituzten lurzatiek osatzen dute, bai eta interes komunitarioak hobeto garatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein lurzatik ere. Planak dauden ekipamenduak finkatzen ditu eta honako jarduketa hauek proposatzen ditu:

• Illunbeko kirol-eremua handitzea (C.3.3), 16.688 m2-ko azaleraraino.

• Arrigorriaga-Erdialdea anbulatorioan (C.5.1), 15. Hirigunea hirigintza-eremuan, eraiki berri den beheko solairua erreserbatzea (1.000 m2).

• Kristo zeharkaleko (C.7.1), Lonbo bizitegia 7. hirigintza-eremuko, 1.578 m2-ko azaleradun baserrian ekipamendua ezartzea: EDP 07.1.

• Aparkaleku berriak sortzea Lonbo eremuan (C.8.1), Geltoki eremuan (C.8.2) eta Abusu-Nerbioi eremuan (C.8.3), hurrenez hurren, 4.550 m2-ko, 8.591 m2-ko eta 22.693 m2-ko azalerak dituztenak.

– Espazio libreek eta berdeguneek (D) jasotzen dituzte hiri-parke publikoak eta kulturara edo aisialdira bideratutako eremu publikoak. Lehendik dauden parkeak finkatuko dira: Montefuerte parkea, Mendikosolo parkea, Lanbarketa babes-gunea, Agirre Lehendakariaren parkea, Ollargan parkea, Santa Isabel parkea, Udaletxeko plaza, Barrua parkea eta Martiartu parkea. Horrez gain, beste bi eremu proposatu dira:

• Aixarte-eremuko (D.10) hiri-baratzeak (1.025 m2-ko azalera).

• Agirre-eremuko (D.11) hiri-baratzeak (3.780 m2-ko azalera).

Udalerriko espazio libreek eta berdeguneek guztira 2.325.212 m2-ko azalera dute.

– Komunikazio- eta garraio-sareak (E), errepide-, trenbide- eta bizikleta-sarez osatuta daude.

Horien artean, nabarmentzekoa da Planak 66.000 m2-ko erreserba-banda bat zehazten duela Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berrirako (E.2.3).

– Hiri-zerbitzuen azpiegiturak (F): lurraldearen garapenean eragin nabarmena izan dezaketen instalazioak eta obrak, hala nola energia ekoizteko zentroak, urtegiak, eroanbideak eta banaketa-lineak eta antzekoak.

– Ibai-ibilguak (G): ibai-sistema osatzen duten elementu guztiek osatzen dute –Nerbioi (Hirigunea), Nerbioi-Ibaizabal (Abusu), Bolintxu (Abusu), Beteluri (Lanbarketa), Kubo edo Goriko (Kubo), Arene (Rezola), Bentakoerreka eta gainerako erreka txikiak, Planaren II.01 planoan jasota daudenak, «lurraldearen egitura orokorra eta organikoa» izenekoan–.

4.– Komunikazio- eta mugikortasun-azpiegiturei buruzko proposamenak.

Arrigorriagako udalerriak zuzeneko sarbidea dauka AP-68 autobidetik, BI-625 errepidearekiko lotunearen bidez, bai eta bi tren geltoki ere Bilbao eta Urduña arteko ADIFen C-3 linearen aldiriko trenetarako, bata Abusu auzoan eta bestea Arrigorriagako erdialdean. Bizkaibuseko garraio publikoko sarerako sarbidea ere badu, bost linearen bitartez. Geltokiak Severo Ochoa 13, Kiroldegia, Urgoiti-anbulatorioa, Urgoiti-geltokia, Lepanto eta Atxukarro dira.

Era berean, Arrigorriaga Zaratamorekin eta Basaurirekin lotuta dago, foru bizikleta-sarearen oinarrizko lerro egituratzailearen bidez.

Arrigorriaga osatzen duten bi guneak ere (Abusu eta hirigunea) elkarren artean lotuta daude antzinako BI-3723 errepidearen bidez –egun udalerritik igarotzen den zatia Arrigorriagako Udalari partzialki lagata dago–. Era berean, azpimarratu behar dira, batetik, udalerria Basaurirekin lotzen duen errepidea, garai bateko BI-712, orain Lepanto kalea izenekoa, Gernika auzoan dagoena; eta, bestetik, BI-4521 errepidea, Arrigorriaga eta Ugao-Miraballes BI-625 errepidearen eta Zollo-Elexalde auzoaren bitartez lotzen dituena.

Udalaz gaindiko komunikazio-azpiegituretan aurreikusitako jarduerak, Plan Orokorrak jasotzen dituenak, honako hauek dira:

– Metropoliaren hegoaldeko saihesbidea: Peñascal eta Venta Alta arteko 1b tartea (AP-68arekin lotzen dena) eta Malmasingo bypassa (aurreikusita).

– Bilboko ekialdeko saihesbidea, Abusu inguruari eragiten diona.

– BI-625 errepidearen bikoizketa Martiartu parean.

– Usilako tunela: Arrigorriaga eta Ugao-Miraballes lotzen dituena.

– Abiadura handiko trena.

– Bizikleta sare egituratzailearen trazadura berriak, Martiartu eta Txako bitartekoak.

Bestalde, Planak jarduketa bat proposatzen du Arrigorriaga-erdiguneko geltokiaren inguruan: disuasioko aparkaleku berri bat eta trenbideen azpitik igaroko den lurpeko pasabide bat eraikitzea, trenaren erabilera sustatzeko eta geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko.

Martiartu eta Txako artean planifikatutako bizikleta sare egituratzailearen trazadura berriak sustatzeaz gain, Planak proposatzen du sarea osatzea bigarren mailako trazadura batzuekin, udalerriko oinarrizko bizikleta-sarea osatzeko, hala nola:

– Kristo inguruko bizikleta-bidearen lotura Parkea inguruko oinarrizko bizikleta-sarearekin, Hirigunea eremu zentralaren bidez.

– Kristo inguruan, Kristo zeharkalean dagoen bizikleta-bidea osatzea kale horretako bizikleta-sarearekin lotu dadin.

– Industriaren hegoaldeko oinarrizko bizikleta-sarea Berreteaga auzoarekin lotzea.

Bestalde, espazio publikoa autoz husteko, lurzorua sozialki probetxugarriagoak diren erabileretara bideratzeko eta udalerriko airearen kalitatea hobetzeko helburuz, Planak proposatzen du lehentasunez egoiliarrentzako izango diren aparkalekuetarako lurzoruak hornitzea, bai eta udalerriko sarbideen ondoan aparkaleku-sistemak sortzea ere. Hala, aparkaleku-inguru berriak antolatu ditu, zehazki:

– Abusun, Basauriko mugan dauden lurzoruetan, Nerbioi ibaiaren ertzean, etorkizunean Arrigorriagatik igaroko den ekialdeko saihesbidearen azpian geratzen den eremua aprobetxatuz, hiri-parke gisa ere erabiliko den tokian.

– Ollarganen, garai bateko EU-3 (Abusu) eremuko lurzoruetan, San Jose Obrero kaleko etxebizitzen ondoan, ez baitute aparkaleku propiorik.

– Arrigorriagako geltokiaren inguruan, Torre de Barua kalearen eta trenbidearen artean, geltokitik gertu disuasioko aparkaleku bat eratzeko asmoz, irisgarritasuna hobetzeko.

– Urgoitiko pasealekuan eta Barua parkearen ondoan, inguruan planteatu den hiri-berroneratze jarduketa aprobetxatuz (AI 15.6), ekipamendu- eta bizitegi-eremu misto bat antolatu da, ekipamendu sanitario berri batekin, kirol-ekipamendu berri batekin eta udalerrirako eta etxebizitza berrietarako txandaketa-aparkaleku batekin.

– Lonbo Aretoaren ondoko Lonbo kaleko aparkalekua birmoldatzea, sestra azpian solairu bat sortzeko aukera ahalbidetuz, egun udalerriko sarbide nagusietako batean dauden aparkalekuen kopurua handitzeko.

5.– Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioa.

Lurzoru urbanizaezinean (14.246.359 m2), sistema orokorren sareaz gain, honako antolamendu-kategoria hauek bereizten dira:

– Babes bereziko eremua: kategoria honetan sartzen dira inbentariatutako baso autoktonoak, hariztiak, hostozabalen eta haltzadien baso mistoak, bai kontserbazio-egoera onean daudenak, bai degradatuak; gainera, horietan intereseko fauna bizi da, Bilbo Metropolitarreko LPPko Babes Bereziko kategoriaren arabera. Zehazki, kategoria horretan biltzen dira unadak, Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatak eta baso autoktonoak, honako hauez osatuak: ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra, gurbizti edo sastrakadi garai termoatlantikoa, Quercus robur nagusi den baso azidofiloa, Quercus roburen eta Quercus ilexen baso mistoa, hostozabalen baso natural gazteak, gaztainondoen baso edo plantazio zaharrak, artadi kantauriarra eta amezti eurosiberiarra.

– Nekazaritza- eta abeltzaintza-eremua eta landazabala – Trantsizioko landako paisaia: basoen eta balio estrategiko handiko nekazaritza-lurren arteko trantsizio-lurrez osatutako eremua. Oro har, azken kategoria horrek baino ekoizpen-ahalmen txikiagoa dute.

– Nekazaritza- eta abeltzaintza-eremua eta landazabala – balio estrategiko handia: nekazaritzarako eta abeltzaintzarako eremu egokienak dira, eta, funtsean, bat datoz Nekazaritza eta Basozaintzako LPSeko balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrekin.

– Basogintzarako eta baso urri eremuak: besteak beste, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSean araututako eremua. Batez ere egun duten erabileragatik eta, batzuetan, erabilera-bokazioagatik, zuhaitz-estaldura izateko bokazio argia duten lursailekin lotuta dago. Batez ere, espezie aloktonoen plantazioak jasotzen ditu, eta nabarmentzekoa da, hartzen duen azaleragatik, intsinis pinuarena.

– Ingurumena hobetzeko eremua: Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, udalerriko landa-inguruneko eremu degradatuei eta lurzoru marjinalei lotuta dago. Horietarako, proposatzen da ingurumen-kalitate maila handiagoetarantz eboluzionatzea. Kategoria horretan sartzen dira, halaber, erauzketa-jarduerak (harrobiak), bai aktibo daudenak, bai utzitakoak. Horien antolamendua eta tratamendua arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenetan ezarritako irizpideetara egokitu behar dira, kasuan-kasuan emandako meatze-emakiden eta/edo -baimenen ondoriozkoak barne hartuta.

Hain zuzen ere dira Bentakoerrekako iparraldean dagoen eremu bat, Agirreko bidearen inguruan, gutxi gorabehera 2,11 hektareakoa; Larrasko inguruko beste eremu bat, 10,88 hektarea ingurukoa, eta Abrisketa inguruko hirugarren bat, 27 hektarea ingurukoa. Azken biak Rezolaren harrobiaren ustiapenari dagozkio.

Kategoria horrek barne hartzen ditu, halaber, Montefuerteko aintzirak. Hezeguneen LPSaren arabera, «Meatze-putzu eta -urmael» motakoak dira, eta horiek berreskuratzea sustatuko duen kategoria bat aplikatzea gomendatzen da.

– Gainazaleko urak babesteko eremua: udalerritik igarotzen diren ibaiak eta errekak dira, bai eta horiei dagozkien babes-bandak ere, Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko LAParen arabera. Nerbioi ibairako (V. mailako tartea) 50 metroko babes-banda ezarri da bi ertzetan. 0 mailako tartea duten ibilguetarako (Bolintxu, Beteluri, Kubo-Goriko, Arene eta Bentakoerreka), 15 metroko banda zehazten da bi ertzetan; gainerako ur-ibilguetarako, 00 mailako tartedunetarako, aldiz, 5 metrokoa, Uraren Legean ezarritakoaren arabera.

Kategoria horretan sartzen dira, halaber, La Dinamitako urtegia eta Bentakoerrekako urtegia, Hezeguneen LAPeko III. taldeko hezeguneen kategoriakoak.

– Landaguneak: bat dator Bizkaiko Landaguneen Inbentarioa behin betiko onartzen duen 2016ko otsailaren 9ko Foru Erabakian aurreikusitakoekin. Zehazki, Brisketako landagunea da, Arrigorriagako udalerriaren iparraldean dagoena, AP-68aren iparraldean, Basauriko udal-mugatik gertu. Hamar baserri daude bide baten inguruan, eta horren zabalguneak espazio publikoa osatzen dute.

Gainerako landaguneak (Larrasko, Beretza, Goikiri) lurzoru urbanizaezin izango dira, lurzoru mota horretarako ezarritako kasu bakoitzari dagokio kategorizazioarekin.

Zonakatze horren irudikapen grafikoa Plan Orokorreko II.02 planoan jasotzen da («Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak»).

6.– Baldintzatzaile gainjarriak eta azpiegitura berdea

Planak baldintzatzaile gainjarri batzuk definitzen ditu, Planaren «IV.01. Baldintzatzaile gainjarriak I» eta «IV.02. Baldintzatzaile gainjarriak II» planoak. Honako hauek:

– Uholde arriskuko eremuak.

– Eremu higigarriak.

– Akuiferoen kalteberatasuna.

– Arkeologia babesteko eremuak.

– Kultura ondareko eremu babestua.

– Onura publikoko mendiak.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

– Interes geologikoko aldeak.

– Ibilbide turistikoak.

– Erauzketa-jarduerak.

– Bisoi europarraren eremu babestua.

– Arrisku geologikoak.

– Baso-suteen arriskua.

– Hartune babestuak.

Gainera, Planak «VI-01 Zonakatze akustikoa eta zortasun akustikoak» planoan jasotzen ditu udalerria banatzen den eremu akustikoak.

Bestalde, Planak tokiko azpiegitura berdea antolatzen du, baldintzatzaile gainjarri gisa, metropoliko azpiegitura berdeari jarraipena emango dion azpiegitura bat eratzeko, berdeguneen eta zerbitzu ekosistemikoak dituzten elementuen espazio handien lotura bilatuz. Horretarako, Bilbo Metropolitarreko LPPan definitutako azpiegitura berde metropolitarraren oinarritik abiatuta, aintzat hartu dira korridore ekologikoak, batez ere erregulazio- eta euste-zerbitzu ekosistemikoak dituzten elementuak (intereseko espazio naturalak, Batasunaren intereseko beste habitat batzuk, hezeguneak, ondo kontserbatutako landaredia duten ertzak) eta zerbitzu ekosistemiko kultural garrantzitsuak dituzten elementuak (metropoli-parkeak eta ibai-parkeak, aisialdi-eremuak).

Hori guztia tokiko mailan lotu da, tokiko hiri-azpiegitura berdea osatzen duten elementu hauen bidez: espazio libreen eta berdeguneen sistema orokorrak, eta lotura-korridore ekologikoak (tokikoa).

Beraz, azpiegitura berdearen baldintzatzaile gainjarriak LPPak metropolirako definitutakoak ez ezik, HAPO honek antolatutakoak ere badira. Honako hauek osatzen dute multzoak eratzen ditu:

– Korridore ekologikoak:

• Azpiegitura berde metropolitarreko korridore ekologikoak.

• Tokiko eskala duten lotura-korridore ekologikoak.

– Batez ere erregulazio- eta euste-zerbitzu ekosistemikoak dituzten elementuak:

• Intereseko natura-eremuak.

• Batasunaren intereseko bestelako habitatak.

• Hezeguneak.

• Ondo kontserbatutako landaredia duten ertzak.

– Zerbitzu ekosistemiko kultural garrantzitsuak dituzten elementuak:

• Parke metropolitarrak eta ibai-parkeak.

• Aisialdirako eremuak.

Azpiegitura berdearen definizioa Planaren «IV.03. Baldintzatzaile gainjarriak III» planoan islatu da.

A.2– Planaren ingurumen-balorazioa.

Arrigorriagako udal-mugartearen lurralde-eremuaren barruan, ingurumen-balio nabarmenak dituzten eta katalogo eta inbentario hauetan jasotzen diren beste gune batzuk daude:

– EAEko Natura Gune Garrantzitsuen Katalogo Irekian («Ganekogorta mendia») sartutako espazioa, LAGen azpiegitura berdean biodibertsitate-erreserba gisa ere sartuta dagoena.

– EAEko hezeguneen inbentarioan sartutako hezegunea: Arrigorriagako urtegia (La Dinamita).

– Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak (92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskina): 4030 Erica vagans eta Erica cinerea espezieen txilardi atlantiko tipikoa, 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak, 6230* Agrostis eta Festuca espezieen mendi-belardiak, 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior zuhaitzez osatutako baso alubialak, 8210 Landaredi kasmofitikoa duten malda harritsu kaltzikolak, 9230 Quercus robur eta Quercus pyrenaica espezieen harizti galaiko-portugesak, 9260 Castanea sativa basoak, 9340 Quercus ilex eta Quercus rotundifolia basoak.

– Onura publikoko mendiak.

– Baso naturalak eta erdi-naturalak.

– EAEko korridore ekologikoen sareko guneak.

Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak dira, halaber, Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko balio agrologiko handiko lurzoruak (La Dinamita urtegiaren hegoaldeko toki txiki bat), jabari publiko hidraulikoa eta lurralde-plangintzaren (Bilbo Metropolitarraren Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala.) edo plangintza sektorialaren (EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPS) ondorioz babes-araubidea duten naturaguneak.

Bestalde, aipatu behar da udalerriko azaleko ur-ibilgu guztiak Bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean jaso direla, «hobetu beharreko tarte» gisa.

Kultura-balio handia duten eremuen artean kultura-ondarearen zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak daude, bai eta ustezko arkeologia-eremuak ere.

Udalerrian ez dago Natura 2000 Sareko espazioekin bat datorrenik, ez eta beste gune babestu batzuekin ere.

Udalerrian ez da katalogatutako paisaiarik identifikatu, ezta paisaia-mugarririk ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuari jarraikiz, paisaia oro har ohikoa da, eta oso balio txikikoa.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, udalerrian identifikatu dira lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lurzatiak. Halaber, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten eremuak daude udalerrian, Nerbioi ibaiari lotuta. Udalerrian ez dago akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremurik.

Egoera akustikoari dagokionez, AACek 2023ko martxoan egindako «Estudio acústico de la revisión del PGOU de Arrigorriaga: Elaboración de mapas de ruido» azterlanean udalerriko zarata-mapak eta zonakatze akustikoa jasotzen dira, bai eta Planean aurreikusitako hirigintza-garapenen analisi akustikoa ere.

Lurzoru ez-urbanizagarriari dagokionez, Planaren zonakatzeak, baldintzatzaile gainjarriekin osatuta, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak.

Planaren ezaugarria nagusia da egungo hiri-sarea betetzearen aldeko apustua egiten duela. Arrigorriagako bizitegi erabilerarako herri-bilbean tamaina handiko barne-lurzati ugari daude garatu gabe, eta, beraz, lurzoruz inguratuta eta dagoeneko eraldatuta dauden lurzati mota horien garapenak lehentasuna du lurzoru berrien okupazioaren aurrean.

Irizpide hori baliagarria da, baita ere, industria-jardueretarako lurzoruetarako, baldin eta lurzorua okupatzeko estrategiaren oinarria hiri-lurzoruen industria-bilbeak betetzea bada.

Horrela, Planeko proposamen interbentzionista gehienak eraikitako hirian zentratzen dira. Eraldatu gabeko lurzorua kontsumituko duten eragiketa bakarrak gauzatuko dira 26. Bentakoerreka-Iparra (197.274 m2-ko azalera) lurzoru urbanizagarri sektorizatugabean –garapena plan sektorial batera bideratu da–, baita 3.1 Lanbarketa sektorean ere. Azken hori plan partzial baten bidez garatu da, eta gaur egun egikaritzen ari da. Baliteke gainerako jarduketek kalte mugatu batzuk izatea; aurreikusi denez, periferikoak eta irismen txikikoak.

26.– Bentakoerreka-Iparra lurzoru urbanizagarri sektorizatugabeari dagokionez, hirigintzak eragina izango du batez ere geoEuskadik honela deskribatu dituen eremuetan: belardi eta labore atlantikoak; Eucalyptus sp. plantazioak, hariztiak, espezie autoktonoen heskaiak eta haltzadi kantauriarra. Eremu horretan, Batasunaren intereseko bi habitat identifikatu dira: 91E0* Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra eta 6510 Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak. Gainera, eremuak mendebaldean Seutuko Txarkoa errekarekin egiten du muga, eta hegoaldean, berriz, Bentakoerrekarekin; ondorioz, uholde-arriskua izan dezake. Eremuan, hiru balizko arkeologia gune hauteman dira: Agirre dorrea, Kantarapeko errota eta Angoitiko errota. Era berean, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituen partzela bat identifikatu da (48011-00133 kodea). Eremuaren orografia aldapatsua dela eta, eraikina jartzeko lur-mugimendu handiak egin beharko dituzte.

Planeko jarduketek izan dezaketen eragina minimizatze aldera, Planaren hirigintza-fitxetan jaso dira eremu bakoitzeko ingurumen-baldintzatzaileak, ingurumen-irizpideak eta jarduketak gauzatzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

2023ko martxoan inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin da, udalerriko zarata-mapekin eta zonakatze akustikoarekin, baita, etorkizuneko garapenetarako, eremuari eragiten dioten soinu-iturrien azterketarekin ere, bai egungo egoerarako, bai 20 urteko horizonterako. Kalitate akustikoko helburuak gainditzen diren eremuetarako, ingurumen-zarataren mailak zuzentzeko gomendioak proposatzen dira, eta BABE izendatu beharko dira, horiek gauzatzeko. Eragin akustikoaren azterketatik eratorritako neurriak aintzat hartutako eremu bakoitzaren fitxa xehatuetan sartu dira.

HAPO egin denez, eta 213/2012 Dekretuak ezarritako eskakizunak betetze aldera, inpaktu akustikoaren azterketak hirigintza-proposamen berrira egokitu eta aldatu du zonakatze akustikoa. Azpiegituren zortasun akustikoko eremuak eta trantsizio akustikoko eremuak ere sartu dira.

Era berean, inpaktu akustikoaren azterketak trenbide-ardatz batetik 75 m-ra baino gutxiagora dauden etorkizuneko garapenak zehazten ditu. Horietan bibrazio-mailen ebaluazioa egin beharko da, aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, hala badagokio, eraikinetan zuzenketa-neurriak ezartzeko.

Ingurumen-azterketa estrategikoan zuzenketa-, babes- eta konpentsazio-neurriak ezartzen dira Planaren proposamenetarako. Neurriak ezarri dira bai hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko jarduketetarako bai lurzoru urbanizaezinean erabilerak ezartzeko. Neurri horiek zuzenean txertatu dira Plan Orokorraren hirigintza-araudian (eremuen araudi partikularra edo araudi orokorra, kasuaren arabera).

Bestalde, eremu bakoitzeko hirigintza-fitxetan sartu dira ingurumen-azterketa estrategikotik eta inpaktu akustikoaren azterketatik eratorritako neurri zuzentzaileak, bai eta aplikatu beharreko baldintzatzaile gainjarriak ere.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta nahikoa justifikatutzat jo da Ingurumen Plangintzako zuzendariaren 2010eko irailaren 24ko Ebazpenaren bidez emandako erreferentzia-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak bermatuko du udalerriko baso autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, eta, horretarako, lurzoru urbanizaezinaren antolamendu-kategoriei gainjarritako baldintzatzaile batean sartuko ditu, bat etorriz 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroek ezarritakoarekin bat.

Hirigintza-esparruetan, garapenek saihestu edo minimizatu beharko dituzte landaredi autoktonoko eraketekiko balizko kalteak. Eremuaren antolamenduan berariaz identifikatuko da zein habitat interesgarri eta zuhaitz sar daitezkeen eta zein kendu behar diren. Ingurumen-balio handiko elementuen gaineko eragina saihetsezina denean, neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak proposatuko dira.

Horri dagokionez, 26. Bentakoerreka-Iparra hirigintza-eremuko fitxak (26.1 Bentakoerreka lurzoru urbanizagarri sektorizatugabea), «Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko plan» bat idazteko betebeharra jaso beharko du, dagokion sektorizazio-planari lotuta ondorio guztietarako (aurrekontua barne). Paisaia eta ingurumena leheneratzeko eta integratzeko neurriak irizpide hauek kontuan hartuta definituko dira:

– Eremuan dauden intereseko habitatak (harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa) eremuko espazio libreen parte moduan zaindu beharko dira.

Horretarako, eremuan dauden zuhaiztien deskribapen zehatza egin beharko da (espezieak, gutxi gorabeherako adina, egoera fitosanitarioa eta abar), eta aipatutako habitaten kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira.

Hala badagokio, intereseko habitaten kontserbazio-egoera hobetzeko konpentsazio-neurriak planteatuko dira.

– Espazio libreak diseinatzeari eta garatzeari dagokionez, komeni da zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak erabiltzea, ingurumenaren aldetik nolabaiteko interesa duten habitatak birsortzea ahalbidetzeko. Oro har, eremuko espazio libreak harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa habitateko espezieekin leheneratuko dira. Ibilguen ertzetan haltzadi kantauriarra berreskuratuko da.

– Eremuan flora aloktono inbaditzailearen populazioak edo aleak identifikatu eta kokatzeko, prospekzio zehatza egin beharko da. Aipatu landareak kartografia bidez kokatuko dira, kasuan kasuko espeziea adierazita. Hala badagokio, planaren eremuan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak kentzeko jarraibideak eta zehaztapenak jasoko dira, eta sektorizazio-plana garatzean eremuan eta ingurunean espezie horiek ez hedatzeko neurri egokiak hartuko dira. Horretarako, flora aloktono inbaditzailea errotik kentzeko eta kontrolatzeko protokolo bat idatzi beharko da, garatzeko aurrekontu berariazkoa zehaztuta.

27.– Abusu eremua handitzeari buruz (EDP 27.1), hirigintza-fitxak jaso beharko du hirigintza-eragiketak ez duela eraginik izango lehendik dagoen ibaiertzeko basoan, eta hura indartzeko jarduerak proposatzeko aukera ere aztertuko da.

Bisoi europarraren (Musteola lutreola) Kudeaketa Planean jasotako hobetu beharreko tarteetan egikaritu beharreko proiektuak saiatuko dira erribera lehengoratzen eta bisoi europarraren habitata birsortzen, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi europarraren Kudeaketa Plana, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren I. eranskinaren 2.2.1 artikuluari jarraikiz.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskua minimizatzeari buruzko neurriak.

Jabari Publiko Hidraulikoari edo hari lotutako babes-eremuei eragiten dieten jarduketek, edo korronteen erregimenari eragiten diotenek, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren aldez aurreko baimena beharko dute eta Uraren Euskal Agentzian («Ura») izapidetuko da.

Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu beharko du Kantauri ekialdeko demarkazio hidrografikoaren Espainiako zatiko plan hidrografikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoa. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudiak bete beharko dira.

Uholde-arriskuak eragindako eremuetan, kasuan kasuko hirigintza-fitxek Plan Hidrologikoaren araudian lurzoruaren erabilerei ezarritako mugak jaso beharko dituzte. Ildo horretan, eta indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz:

– Txako (EDP 25.4) eta Abusu (EDP 27.1) eremuetan, proposatutako antolamenduari lotutako balizko betelanak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuetatik kanpo geratu beharko dira. Gainera, kalteberak diren erabilera guztiak kokatu beharko dira 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuetatik kanpo (indarreko araudia aplikatuz, Plan Hidrologikoaren 40.5 art.).

– Era berean, Lanbarketa (03.1 sektorea), Atxukarro Industriala (AD. 01.1) eta Bentakoerreka-Iparra (SUNS 26.1) eremuen hirigintza-fitxetan, beharrezkoa izango da bakoitzaren uholde-arriskuari buruzko azterlana egitea eta Uraren Euskal Agentziari bidaltzea, berrikusi eta baliozkotu ditzan.

Sortzen den kartografian, uholde-arriskua duten eremuetan, lurzoruaren erabilerari buruz indarrean dagoen araudia aplikatuko da. Egungo araudia betez, bizitegi- eta industria-garapenak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuetatik kanpo geratu beharko dira. Aldiz, kalteberak diren erabilera guztiak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuetatik kanpoko kotan ezarri beharko dira (Plan Hidrologikoaren 40.5 art.).

Estimatu denez uholde-arriskuak a priori HAPOren garapen-proposamenak nabarmen baldintzatuko ez dituela, eskatutako azterlan hidraulikoak gauzatu beharko dira antolamendu xehatuaren esparruan, edo, bestela, izapidetu beharreko baimenean.

– Lonbo bizitegia (EDP 07.1), Paper-fabrika (AD 11.1etik 11.6ra), 15. Hirigunea (AD 15.2, AA 15.4 eta AA 15.5), Abusu (EDP 27.2.a) eta Martiartu-Frontoia (19.1 area) eremuetan, bizitegi-erabilera berria kokatu beharko dira 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek hartzen ez duten kota batean.

Era berean, lurpeko garajeek eta sotoek esparruaren estankotasuna bermatu beharko dute, 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako, eta haizebideak eta ebakuazio-bideak izan beharko dituzte uholde horren kotatik gora. Bestalde, ezingo lirateke baimendu era guztietako materialak edo hondakinak pilatzea, ez eta betelanak egitea ere, baldin eta lurraren egungo sestra aldatzen badute eta husteko ahalmena nabarmen murrizten badute (indarrean dagoen araudia aplikatuz; P.H.ko 40.4 art.).

– Uholde-arriskuko eremuan, jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremutik kanpo partzialki edo erabat dauden eremuetako erabileren eta jardueren baimenak (esaterako, paper-fabrika –AD 11.1etik 11.6ra–), lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan eskumena duen administrazioari dagozkio, kasu honetan, Arrigorriagako Udalari (P.H.ko 41.2 artikulua).

Lanbarketan (03.1 sektorea), Beteluri errekastorako, Uraren Euskal Agentziaren 2004ko otsailaren 25eko txostenaren (2HI-001/04-P05-A// IAU-2012-1564) baldintzak bete beharko dira. Txosten horren bidez, eragindako zatiaren estaldura eta errekastoaren naturalizazioa kendu beharko dira, jatorrizko trazadura berreskuratzeko. Jatorrizko trazatuan, gutxienez, 5 metroko ibaiertzeko zerrenda ezarriko da, zortasun-eremuari dagokiona, biderik, zoladurarik, betegarririk edo hiri-altzarien bestelako elementurik gabe. Aurreko baldintzatzaileak behar bezala jaso beharko dira hirigintza-fitxan.

Abusuko Ibaizabal ibaiaren gaineko zubiak (EDP 27.1) eta Bentakoerreka errekaren gainean Cartisan proiektatutakoak (AI 24.1), dagokien baimenaz gain, funtsean Plan Hidrologikoaren araudiaren 43. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Hornidurarako eta saneamendurako, beharrezkoa da HAPOk zerbitzu horiek kudeatzen dituen erakundearen adostasun-txostena biltzea, justifikatuko duena dauden azpiegiturek duten gaitasuna hornidura- eta karga-eskari berriei zerbitzua emateko, bai eta egindako aurreikuspenenak ere. Era berean, HAPOren dokumentazioari erantsi beharko zaio plan horren garapenekin bat datozen ur-eskaeren zenbatespen bat.

Bestalde, saneamenduari dagokionez, beharrezkotzat jo da eremu horietako hirigintza-fitxetan, bai hiri-lurzoru finkatugabeari bai lurzoru urbanizagarriari buruzkoetan, jasotzea proposatutako garapen-eremuen saneamenduaren konponbidea nahitaez artikulatu beharko dela saneamendu-sistema publikoetan txertatuz.

Ibai-ekosistemaren hobekuntza sustatze aldera, proposatu da jabari publiko hidraulikoko ibilguek gurutzatzen dituzten edo horiekin mugakideak diren eremuen hirigintza-fitxen baldintzen artean jasotzea beharrezkoa izango dela ibilguen ondoko eremuen ingurumena kontserbatzea edo leheneratzea sustatzeko beharra, gutxienez zortasun-eremuaren 5 metroetan zerrenda bat ezarriz, biderik, zoladurarik, betelanik edo hiri-altzarien bestelako elementurik gabe. Aurrekoa bereziki kontuan hartuko da garatzen ari den bizikleta-sarearen kasuan, bai Bizkaiko bizikleta-planari dagokionez, bai HAPOk antola ditzakeen espazio publikoen eta zuzkidura-ekipamenduen arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako konexioak hobetzeko. Beraz, kasuan kasuko hirigintza-fitxetan baldintza gisa jaso beharko da ibaien egoera naturalak eta horiei lotutako ibaiertzeko landaredia babesteko eta kontserbatzeko betebeharra, bestela, egoera horiek leheneratzeko beharra.

Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Planean (44. artikulua) eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSn (E.4 apartatua) ezarritakoaren arabera, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek, ahal den neurrian, drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), ur-emaria egungo egoerari dagokion balioa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko, husteko edo kalterik ez eragiteko.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Garatzeko zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan badaude, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutako egoeraren bat gertatzen bada.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta lehengoratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituzte (Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen du dekretu horrek).

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan dauden eremuen hirigintza-fitxetan berariaz aipatuko dira jarduera edo instalazio horiek, kokalekuaren erreferentzia-kodea adierazita.

D.4.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Planaren hirigintza-fitxetan adierazi beharko den bezala, trenbide-azpiegituraren trazaduratik 75 metrora baino gutxiagora eraikin berriak egitea aurreikusten bada, bibrazio-mailen ebaluazioa egin beharko da, aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, behar izanez gero, zuzenketa-neurriak ezartzeko.

Errepideen zortasun-eremuaren barruan dauden eremuetarako kontuan hartu beharko da urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan –azpiegitura autonomikoen zortasun akustikoko eremuaren ondorioei buruzkoan– zehaztutakoa.

D.5.– Lurraldeko paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta proiektuetan sartzen diren eremuak lehengoratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, besteak beste). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

Zenbait jarduketa egiteko, paisaia-integrazioko azterketak beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da.

D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak argitaratutako Eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak txikitzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Planak kontuan hartuko du, eraikitzeko udal-lizentzia emateko, etxebizitza kolektiboko eraikinen proiektuek garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar diren aurreinstalazioak jaso beharko dituztela.

Eraikinak ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko diseinatuko dira. Ahal den neurrian, «kontsumo energetiko ia nulua» duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

Era berean, argiteria publikoan ahalik eta aurrezpen eta efizientzia handiena lortzea izango da xede.

D.7.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

Klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmotan, espazio publikoaren gaineko esku-hartzea aprobetxatuz eta jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatzen duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira. Horretarako, erreferentzia moduan hartu ahal izango da Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzak argitaratua Udalsarea 21en 20b lan-koadernoan, 2017ko apirilean.

Era berean, kontuan hartu beharko da Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84. artikulua, erosketa publiko berdeari buruzkoa. Zehazki, aintzat hartuko da obra-kontratuak egikaritzeko klausula administratiboen eta baldintza tekniko berezien orrien idazketan adieraziko direla haietako bakoitzari begira erabili beharreko azpiproduktuen, bigarren mailako lehengaien, material birziklatuen edo berrerabiltzeko xedean prestatzeko prozesuetatik eratorrien ehunekoak. Material horiek % 40 izan beharko dira gutxienez, justifikatutako arrazoi teknikoengatik ehunekoa murriztu behar bada salbu.

D.8.– Kultura-ondarearekin loturiko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean bilduriko terminoak eguneratu beharko dira, eta horien ordez Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotakoak jarri, baita lege horren arabera aitortutako kultura-ondasunei aplikatzekoak zaizkien babes-irizpideak ere.

Ondare arkeologikoari dagokionez, balizko arkeologia guneei aplikatu behar zaie Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua. Hori kontuan hartu behar da, bereziki, Cartisa hirigintza-eremuan gauzatuko diren jarduketetan, bertan baitago Angoitiko errota balizko arkeologia gunea, baita Betakoerreka hirigintza-eremuan ere, hiru balizko arkeologia gune baititu (Angoitiko errota, Agirre dorrea eta Kantarapeko errota).

Ondare arkitektonikoari dagokionez, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2021eko abenduaren 16ko txostenean azaldutako irizpideak jarraitzea gomendatzen da.

Balizko arkeologia guneetan egiten den obrak orok Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena izan beharko du. Aldundiak erabakiko du aurrez esku-hartze arkeologikoko proiektu bat egin behar den, ondare-inpaktua aztertzeko. Arkeologia- eta historia-intereseko objekturik edo aztarna materialik aurkitzen bada, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan (4. eta 5. apartatuak) ezarritakoari jarraituko zaio.

D.9.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.

Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean aplikatzeko direnak. Zehazki, honako neurri hauek aplikatuko dira:

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21 d) artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Plana lortzeko, eraisketak egingo dira hiri-eremu degradatuetan. Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, eraisketak egin aurretik, amianto-arriskua duten enpresen erregistroan inskribatutako enpresa batek lan-plan aurkeztu beharko dio lan-agintaritzari, onar dezan, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterlan estrategikoak gainbegiratze-programa bat deskribatzen du, Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorioak detektatzeko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu Planaren indarraldian betetzeko.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta ingurumen-azterketa estrategikoan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, 2010eko irailaren 24ko Ebazpen bitartez emandako erreferentziazko dokumentuan eta Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-inpaktuaren aurretiazko txostenean, garai horretako Ingurumen Plangintzako zuzendariaren 2010eko abenduaren 29ko Ebazpen bidez emana.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehendik artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera lehenestea, ingurumen-baliabideak era jasangarrian erabiltzea, naturagune babestuen kontserbazioa, Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, lurraldearen gaineko esku-hartzeak egoki integratzea paisaian, eta, konpentsazioaren aurretik, kalteen prebentzioa lehenestea.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Arrigorriagako Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 19a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala