Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1305

31/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin Jokoaren Euskal Behatokiarentzat sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin Jokoaren Euskal Behatokiarentzat sinatutako lankidetza-hitzarmena. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 7a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 7KO 31/2024 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ) ETA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, JOKOAREN EUSKAL BEHATOKIARENTZAT
ELKARTU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasun Saileko sailburua, irailaren 7ko Lehendakariaren 20/2020 Dekretuaren bidez izendatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa, Autonomia Estatutuaren 33.2 artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.b), 17 eta 25. artikuluek ematen dizkioten eskumenak baliatuz.

Bestetik, Eva Ferreira García, Euskal Herriko Unibertsitateko / Universidad del País Vasco (aurrerantzean UPV/EHU) errektorea, bere kargua, UPV/EHUren izenean eta ordezkaritzan, urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuak (EHAA, 17. Zk., 2021eko urtarrilaren 25ekoa) ekitaldi honetarako baimenduta, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Araudiaren 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (EHAA, 98. Zk. 2009ko maiatzaren 26koa).

Bi alderdiek parte hartzen dute beren karguek ematen dizkieten ordezkaritza eta ahalmenekin, eta elkarri aitortzen diote betebeharrak hartzeko eta hitzartzeko gaitasuna eta legitimazioa, eta horretarako:

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Azaroaren 8ko 4/1991 Legeak jokoa arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Gernikako Estatutuaren 10.35 artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak jokoaren arloan duen eskumen esklusiboa garatzeko eman da 4/1991 Legea.

Bigarrena.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen du Segurtasun Sailak duela jokoaren, apustuen eta Ikuskizunenen arloko eskumena.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoa Arautzeko Agintaritzak honako eskumen hauek ditu, besteak beste: jokoari buruzko politika publikoak lantzea; joko arduratsu eta bermedunaren aldeko sentsibilizazioa sustatzea; herritarren portaerei, adingabeei eta mendekotasun-jokabideen kontrolari dagokionez jokoak gizartean duen eraginari buruzko ikerketa sustatzea; eta jokoen antolaketa baimentzea eta kontrolatzea.

Horretarako, beharrezkoa da jokoaren errealitateari buruzko ezagutza sistematikoa eta etengabe berritua izatea. Horretarako, beharrezkoa da jokoaren sektore ekonomikoari, jokalarian profilari eta, oro har, herritarrek jokoarekiko edo jokoaren publizitatearekiko duten pertzepzioari buruzko datuak eta informazioak biltzeko sistematika bat izatea.

Laugarrena.– 2018ko urriaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 147/2018 Dekretua, urriaren 16koa, Jokoaren Euskal Behatokia sortu eta arautzen duena. Behatokiaren helburua da Euskadiko jokoa etengabe aztertzea, Euskadiko Jokoa Arautzeko Agintaritzari fenomeno osoaren ikuspegia emateko bere politika publikoak ezartzeko.

Eta helburu horretarako, eginkizun hauek ditu:

a) Jokoaren sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan duen egoera orokorra ezagutzea, aztertzea eta horri buruzko informazioa zabaltzea.

b) Aldizkako inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egitea, jokoaren sektorearen egoera eta jokoaren politika publikoen aplikazioa; enpresa-sektorearen osaera, jokalarien profila eta pertzepzio subjektiboa, jokoaren pertzepzio soziala eta jokoari buruzko politikak, eta abar ezagutzeko.

c) Jokoaren sektorerekin zerikusia duten nazioko eta nazioarteko beste erakunde batzuekiko ezagutza eta informazio-trukea sustatzea.

d) Jokoarekin eta gizartean duen pertzepzioarekin lotuta sortzen ari diren fenomenoak edo alderdiak antzematea.

e) Joko-politika publikoek enpresen-sektorean, jokalarietan eta, oro har, gizartean duten eragina aztertzea.

f) Joko-politika publikoen konparazio-taulak ezartzea Euskadin eta inguruko beste lurralde-eremu batzuetan edo Europar Batasuneko herrialdeetan.

g) Jokoari buruzko ikerketa-, azterketa- eta prestakuntza-ildoak bultzatzea.

h) Adikzioen Euskal Behatokiarekin lankidetzan aritzea, jokoarekiko adikzioen intzidentzia, prebalentzia eta problematika ezagutzeko ikerketa aztertu eta sustatzeko, osasunaren gizarte-baldintzatzaileen eta osasun desberdintasunen esparruan, eta, zehazki, emakumeen jokoarekiko mendekotasunaren problematika ezagutzeko ikerketa-ildoak sustatzeko.

i) Gazteen Behatokiarekin lankidetzan aritzea, jokoak gazteengan duen eragina ezagutzeko ikerketa aztertu eta sustatzeko.

j) Gizarte-errealitate horrek izan dezakeen bilakaerari buruzko azterlan eta ikerketa prospektiboak egitea.

k) Aldian-aldian eguneratzea, unean uneko ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, gaiari buruzko dokumentu-baliabideak eta horiek eskuratzeko aukera bermatzea erakunde publiko eta pribatu guztiei, profesionalei eta horiek aztertzeko eta ikertzeko interesa duten pertsona guztiei.

l) Jokorako politika publikoen eta pribatuen esparruan gomendagarriak diren jardunbide egokiak eta ekimenak hautematea, biltzea eta zabaltzea.

Bosgarrena.– Bere helburuak betetzeko, UPV/EHUk ikerketa soziala sustatzen du, euskal gizartearen errealitatea hobeto ezagutzeko bere eremu guztietan. Ildo horretan, hitzarmen honen xede den jarduera norabide horretan bideratuta dago, Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ibilbide ezaguneko irakasle ta ikertzaileek babesten dute.

Seigarrena.– UPV/EHUk jokoaren inguruko iritzi publikoaren azterketan oinarritutako ikerketa-programa bat garatuko du, aipatutako Jokoaren Euskal Behatokiaren helburuekin identifikatutako lerro bat. Ikerketa-ildo hori Jonatan García Rabadán, Iraide Fernández Aragón eta Julia Shershneva irakasleek (Soziologia eta Gizarte Langintza Sailekoak) garatuko dute. Era berean, UPV/EHUko beste ikertzaileek ere parte hartu dezakete, ikerketa-proiektua behar bezala gauzatzeko, baita kontratatutako langileak eta kanpoko profesionalek ere.

Zazpigarrena.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikulua administrazioa publiko honi analogikoki aplikatuta, aurrekontuetan modu izendunean aurreikusitako dirulaguntzak bideratzeko ohiko tresna lankidetza-hitzarmena izango da. Bertan ezarriko dira aplikatu beharreko baldintzak eta konpromisoak. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektuan aurreikusita dago Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza izendun bat ematea, Jokoaren Euskal Behatokirako Aholkularitza Teknikoa izenarekin. Dirulaguntza horrek 2024rako ordainketa-kreditua izango du, eta 2025-2027 ekitaldietarako konpromiso-kreditua.

Zortzigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak, aurreko puntuetan aipatzen diren jardueren interes orokorra dela eta, UPV/EHUrekin lankidetzan jardun nahi du jarduera horiek garatzeko. Horretarako, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea. Edukia eta irismena.

Hitzarmen honen xedea Segurtasun Sailaren (Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren bidez) eta UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailaren arteko lankidetza-esparrua ezartzea da, Jokoaren Euskal Behatokiarentzat interesgarriak izan daitezkeen ikerketa-proiektu guztiak sustatu eta garatzeko: iritziak, jarrerak eta datuak.

Gizarte-ikerketako proiektu horren helburu nagusia Behatoki horretarako edukiak hornitzea da. Horretarako, ikerketa programak hainbat lan-ildo ditu, elkarren artean bereiziak; proiektua osatzen duten lau urteetako bakoitzean egin beharrekoa, hurrengo paragrafoetan laburki jasotzen den bezala, eta garatuago hitzarmen honi erantsitako Memorian.

Ildo horietako bat da euskal herritarrei inkesta bat egitea, jokoari buruzko iritzi-barometroa edukiz hornitzeko, arreta datuak biltzera eta behar diren txosten eta dokumentuetan aurkeztera zuzenduta egongo da. Informazio hori urtero aurkeztuko da komunikabideen aurrean, jardunaldi batean, eranskinean jasotzen den bezala. Izaera hezigarria izan dezake, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak egoki irizten badio. Nolanahi ere, ikerketa-taldeak datu horiek helburu akademikoetarako ustiatu ahal izango ditu.

Lan-ildo nagusi horrekin batera, beste azterlan monografiko osagarri batzuk egitea aurreikusten da, luzera txikiagokoak eta iraupen laburragokoak. Azken horien helburua Joko eta Ikuskizunenen Zuzendaritzak berak planteatutako gaurkotasuneko gai eta arazoei azkar eta labur erantzutea izango da. Azterketa horien guztien datuak Jokoaren Euskal Behatokiaren eta Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren esku jarriko dira.

Bi ildo nagusien osagarri gisa (enborreko ikerketa eta ad hoc ikerketa) Jokoaren Euskal Behatokia proiektuak hiru hilean behingo informazio-buletin bat –dibulgaziokoa– argitaratzea barne hartzen du, baita Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak dituen oinarrizko estatistika adierazleak eguneratzea eta berrikustea ere.

Helburu horiek guztiak ahalik eta modurik egokienean garatzeko, bi aldeen artean behar adina bilera egitea aurreikusten da.

Bigarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.

UPV/EHUk bere gain hartzen du hitzarmen honen xede diren jarduerak gauzatzeko betebeharra, eta, horretarako, honako hauek egin beharko ditu:

– Deskribatutako jarduerei ekarpen ekonomikoa aplikatzea, deskribatutako helburuak lortzeko.

– UPV/EHUko ikertzaileak behar adina dedikatzea ikerketa-proiektua gauzatzeko. Segurtasun Sailak baimena ematen du aurrekontuaren zati bat unibertsitate-taldeak ikertzaileak kontratatzeko erabiltzeko.

– Ikerketa behar bezala garatzeko, UPV/EHUko langileen gutxieneko egitura bat egongo da, baina ikertzaileak kontratatzeko aukera ere egongo da. Ildo honetan, eta Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasleen eta ikertzaileen ezagutza-eremutik kanpoko ikerketa edo ikasketatarako, UPV/EHUko beste sail batzuetako irakasle eta ikertzaileak kontratatu ahal izango dituzte, baita ikerketa-arloan ospe handia duten kanpoko adituak ere.

– Lankidetza Hitzarmen honen esparruan garatutako jarduerei buruzko informazioa zabaltzen duten komunikazio edo argitalpenetan Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak emandako lankidetza ezagutaraztea eta agerian jasotzea.

– UPV/EHUk hitzarmen honen eranskinean aurreikusitako jarduerak garatzeko eta gauzatzeko konpromisoa hartu du Segurtasun Sailarekin. Horretarako, dagokion urtean garatu beharreko jardueren aurrekontu bat aurkeztuko du, ondoren Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak onartu beharko duena. Aurrekontua aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen entregatu beharko dio Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari, eta honek aurreko urteko azaroaren 30a baino lehen onartu beharko du. 2024 urterako, aurrekontua hitzarmen hau sinatu ondoren entregatu beharko da, betiere 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen.

– UPV/EHUk urtero dibulgazio-jardunaldiak egiteko eta antolatzeko konpromisoa hartzen du, Behatokia, haren produktuak, sailaren lana eta urte horretan egin den enborreko ikerketaren edukia ezagutarazteko. Jardunaldi horietatik eratorritako gastuak UPV/EHUk ordaindu beharko ditu, hitzarmen honetan deskribatzen den aurrekontuaren barne.

– UPV/EHUk konpromisoa hartzen du ikerketaren emaitzak kongresu nazionaletan eta nazioartekoetan aurkezteko, bai eta aldizkari zientifikoetan argitaratzeko ere.

– Ekitaldi bakoitza amaitzean, eta hurrengo urteko urtarrilaren 30a baino lehen, UPV/EHUk memoria bat aurkeztuko dio Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari. Memoria horretan, hitzarmena gauzatzeko urte bakoitzean garatutako jarduerak deskribatuko dira bai eta mugaeguneratutako urteko gastuen justifikazioa ere, gastuen faktura edo egiaztagirien bidez.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

Segurtasun Sailak, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren bitartez, konpromiso hauek hartu ditu:

– Hitzarmenaren garapena sustatzea eta lankidetza-hitzarmen honen esparruan garatutako ikerketa-jardueren jarraipenean parte hartzea.

– UPV/EHUko taldeak hitzarmen honen esparruan garatu beharreko proiektuaren esparruan jarduteko ildoak eta jarraibideak zehaztea.

– Hitzarmen honetan aurreikusitako ekintzak egiteko, laugarren klausulan deskribatutako dirulaguntzaren urteko zenbatekoa erabiltzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan zehaztutako dirulaguntza izendunaren bidez.

– Azterlanen emaitzak ikerketa-taldeari lagatzea, argitalpen eta kongresuetan aprobetxamendu akademikoa izan dezan. Gastuak hitzarmenaren aurrekontuaren kontura ordainduko dira, Segurtasun Sailak izango du horien hasierako ustiapena.

Laugarrena.– Finantzazioa.

Segurtasun Sailak 2024, 2025, 2026 eta 2027ko ekitaldietarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendun gisa agertzen den zenbatekoa bideratuko du hitzarmen honetan aurreikusitako ekintzak egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako Aurrekontu Orokorren Proiektuan 100.000 euroko zuzkidura jasotzen du aipatutako lau ekitaldietako bakoitzerako.

Nolanahi ere, dirulaguntza emateko, aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da. UPV/EHUk konpromisoa hartzen du ekarpen ekonomikoaren zenbateko osoa aurrez deskribatutako jardueretara bideratzeko. Betebehar hori ez betetzea erabaki honen hutsegite larria izango da.

Segurtasun Sailaren ekarpen ekonomikoa bateragarria izango da beste edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, betiere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada, eta beste dirulaguntza batzuk arautzen dituen araudiak horri buruz ezartzen duenari kalterik egin gabe.

Bosgarrena.– Ordaintzeko epeak eta moduak.

Segurtasun Sailaren ekarpen ekonomikoa laugarren klausulan adierazitako dirulaguntza izenduna arautzen duen Segurtasun sailburuaren Aginduan ezarritako aginduaren arabera ordainduko da.

Seigarrena.– Jarraipen batzordea.

Lankidetza-hitzarmenaren gauzatzearen eta bertan jasotako jardueren garapen zuzenaren jarraipena egiteko, Jarraipen-batzorde bat eratuko da. Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzako bi ordezkarik eta UPV/EHUko ikerketa-taldeko beste bi ordezkarik osatuko dute Batzorde hori. Ordezkari horiek zuzendariak izendatuko ditu, eta horietako bat izango da Batzordeko burua.

Honako eginkizun hauek ditu, besteak beste:

a) Hitzarmen honen xedea betetzen dela ziurtatzea.

b) Egiten diren jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzea, dirulaguntza honen edukiak betetze aldera.

c) Jarduera edo proiektu berriak sartzeko edo Hitzarmenaren iraupena luzatzeko beharra baloratzea, itundutako estipulazioen mende geratuz.

d) Aurreikusitako ekintzak behar bezala burutzeko balio duen beste edozein.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan behako da.

Zazpigarrena.– Indarraldia eta argitaratzea.

Hitzarmena sinatzen den eguna edozein dela ere, 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean, eta 4 urte iraungi du, 2027ko abenduaren 31ra arte. Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena luzatzea, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen, gehienez ere beste lau urterako, urriaren 1eko 40/2015 Legearekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan lankidetza-hitzarmen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean.

Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuarekin bat etorriz.

Zortzigarrena.– Izaera.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta interpretatu eta garatzeko Administrazio Zuzenbidearen jarraituko zaio.

Hitzarmen honen interpretazioak, aldaketak, ondorioek edo suntsiarazpenak sor ditzakeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio.

Bederatzigarrena.– Ebazpena.

Alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmen hau ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, dagokion alderdiari gutxienez hilabete lehenago idatziz jakinarazi ondoren.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak izango dira bertan jasotako klausulak ez betetzea, bai eta indarrean dagoen legeriak jasotzen duen beste edozein ere, hitzarmenaren izaeraren ondorioz.

Nolanahi ere, alderdiek konpromisoa hartzen dute salaketa jakinarazten den unean hasitako ekintzen garapena amaitzeko. Era berean, hitzarmena suntsiarazten bada, ez da kalte-galeren ordainik emango.

Hamargarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honen edozein aldaketa Jarraipen Batzordearen esparruan adostu beharko da, eta alderdi sinatzaileen artean dagokion protokoloa formalizatu beharko da.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaile bakoitzari legez dagozkion ahalmenak erabiliz, elektronikoki sinatzen dute hitzarmen hau, eta azken sinatzailearen eguna hartuko da formalizazio-datatzat.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 26a.

Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

I. ERANSKINA

Hitzarmenaren babesean egin beharreko jarduerak:

Lau urteko hitzarmen horren esparruan, egiturak sortu, antolatu, aholkatu, dibulgatu eta ikertzearekin lotutako jarduerak garatuko dira. Honako jarduera heuk aurreikusten dira, urtean behin:

– Enborreko ikerketa: formatu handiko eta izaera berritzaileko ikerketa da, sektoreko ikerketa-ildoei edo gai interesgarriei erantzuten diena (zenbait hilabetetan zehar garatu beharrekoa). Ikerketa bat, txosten sakon batekin, sozializatuko den jardunaldiei edukia emango diena.

– Eskaeraren araberako ikerketa (ad hoc): tamaina txikiagoko ikerketa da, zuzendaritzaren galdera edo zalantza zehatzei erantzuten diena. Argazki bat edo kasu-azterketa espezifiko bat. Helburua eskaera jakin bati erantzun arina ematea da; beraz, ikerketa epe laburragoetan egingo litzateke (2 eta 4 hilabete bitartean), eta produktu edo dokumentu txikiago bat sortuko litzateke.

– Oinarrizko adierazleak berrikustea eta eguneratzea. 2019an landutako adierazleak oinarri hartuta, Jokoaren Euskal Behatokiaren webgunean gaitutako plataforman eskuragarri egongo diren datu gordinen eguneratze eta berrikuspen gisa.

– Hiru hilean behingo buletina: Euskadiko jokoarekin lotutako informazioa eta beste alderdi batzuk zabaltzeko argitalpen laburra. Oso estilo grafikokoa, joko-esparruari buruzko datu interesgarri batzuekin. Urtean 4 egongo dira, eta webgunean eskuragarri egoteaz gain, Behatokiaren banaketa-zerrendan izena eman duten pertsonei bidali ahal izango zaizkie.

– Jardunaldiak egitea eta antolatzea. Jardunaldi dibulgatzaileak antolatzea, Behatokia, haren produktuak, sailaren lana eta urte horretan egin den enborreko ikerketaren edukia ezagutarazteko.

– Ikerketaren hedapen akademikoa: Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzarako txostenez gain, ikerketa-taldeak emaitzak zabaltzeko lanak egingo ditu kongresu, aldizkari edo liburuetan.

– Sailarekin eta Behatokiko kideekin eskatutako bilerak.


Azterketa dokumentala