53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (419 KB - 30 orri.)
- EPUB (689 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
1304
EBAZPENA, 2024ko otsailaren 23koa, Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Lankidetza Proiektu Traktoreak diseinatzeko laguntza-programaren 2024ko ekitaldiko deialdia.
Urriaren 11ko 118/2022 Dekretuak, Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Lankidetza Proiektu Traktoreak diseinatzeko laguntzak arautzen dituenak (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2022ko urriaren 24koa, 203. zk.), laguntza horiek arautzen ditu, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planeko Zeharkako Ekimen Traktoreen esparruan.
2023ko abenduaren 30ean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea indarrean jarri zen. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen da, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua indargabetzen da. Deialdi honek barne hartzen ditu araudi berri horrek erakunde onuradunek beren gain hartutako betebeharrei buruz, deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoari buruz, ez-betetze kasuei buruz eta laguntzak itzultzeko prozedurari buruz xedatutakoa.
Deialdi hau Lehendakaritzaren Lau Urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Plan hori Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez.
Urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 2024ko ekitaldirako laguntzen deialdi publiko hau Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez egingo da. Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretua aldatzen duen martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiak Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko Idazkaritza Nagusia izena hartu du.
Ondorioz, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz (gerora, martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Lankidetza Proiektu Traktoreak diseinatzeko 2024ko ekitaldirako laguntza-programaren deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Aurreikusitakoaz gain, laguntza hauei honako hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 23a.
Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusia,
JUAN MANUEL CASTILLA ALBISU.
I. ERANSKINA
EBAZPENA, KOORDINAZIO ETA GIZARTE KOMUNIKAZIOKO IDAZKARI NAGUSIARENA, ZEINAREN BIDEZ 2024. URTERAKO IKERKETA ETA GARAPENERAKO ZEHARKAKO LANKIDETZA PROIEKTU TRAKTOREAK DISEINATZEKO LAGUNTZEN PROGRAMAREN DEIALDIA EGITEN BAITA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Ebazpen honen xedea da urriaren 11ko 118/2022 Dekretuan ezarritako laguntzen deialdia egitea 2024. ekitaldirako. Dekretu horren bidez, Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Lankidetza Proiektu Traktoreak diseinatzeko laguntzak arautzen dira (2022ko urriaren 24ko 203 zenbakia duen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), Zahartze Osasuntsuko, Mugikortasun Elektrikoko eta Ekonomia Zirkularreko Zeharkako Ekimen Traktoreen esparruan.
Bigarrena.– Diru-hornidura.
Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Deialdiko laguntzak finantzatzeko, guztira, 1.200.000 euro bideratuko dira, Lehendakaritzaren Berrikuntza Funtsetik; horietatik 600.000 euro 2024. urteko ordainketa-kredituari dagozkio; eta gainerako 600.000 euroak, 2025. urteko konpromiso-kredituari. Zenbatekoa hiru zati berdinetan banatuko da Zeharkako Ekimen Traktoreei dagozkien eta diruz lagunduko diren hiru lerroen artean:
a) Zahartze Osasuntsua: 400.000 euro.
b) Mugikortasun Elektrikoa: 400.000 euro.
c) Ekonomia Zirkularra: 400.000 euro.
Hirugarrena.– Erakunde onuradunak.
1.– Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Lankidetza Proiektu Traktoreak diseinatzeko laguntzak arautzen dituen urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 4. artikuluan jasotako laguntzen erakunde onuradunek, dekretu horren 17. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
2.– Erakunde onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko dute, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortzen dituzten erakunde onuradunek gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adierazi beharko dute, urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 16. artikuluan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Merkataritza-eragiketetan egin diren gastuak diruz lagundu ahal izateko, aplikatu beharreko sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeen barruan ordaindu beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetako Berankortasunaren aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen barruan.
5.– Ezin izango dira dirulaguntzen erakunde onuradun izan abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden erakundeak.
Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko apirilaren 30ean amaituko da.
2.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1214602
3.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira (www.euskadi.eus; Nire karpeta-ren bidez: https://euskadi.eus/nire-karpeta), eskaera baiesteko edo, hala badagokio, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena barne, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan araututakoaren arabera egingo baita.
Bosgarrena.– Ebaluazio-organoen osaera.
1.– Urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, hiru ebaluazio-organo ezarri dira, Zahartze Osasuntsuko, Mugikortasun Elektrikoko eta Ekonomia Zirkularreko Zeharkako Ekimen Traktore bakoitzerako.
2.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatu Cristina Uriarte Toledo da hiru ebaluazio-organoetako burua.
3.– Honako hauek dira ebaluazio-organoetako kideak:
a) Zahartze Osasuntsua: Osasun Sailburuordetzaren ordezkari bi: Maria Ángeles Ibarrondo Unamunzaga eta Jose Antonio de la Rica Giménez; Bioef-en ordezkari bat: Lorea Mendoza Arteche; eta Lehendakaritzaren ordezkari bat: José Carlos Peña Hernández, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
b) Mugikortasun Elektrikoa: Industria Sailburuordetzaren ordezkari bat: Ana Belén Camacho Vera; beste pertsona bat Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren ordezkari gisa: Alberto Fernández González; SPRI Taldearen ordezkari bat: Cristina Oyon Echeverria; EEEren ordezkari bat: Javier Marqués González; eta Lehendakaritzaren ordezkari bat: José Carlos Peña Hernández, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
c) Ekonomia Zirkularra: Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren ordezkari bat: Alberto Fernández González; Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzaren ordezkari bat: Javier Aguirre Orcajo; SPRI Taldearen ordezkari bat: Cristina Oyon Echeverria; Ihobe-ren ordezkari bat: Ander Elgorriaga Kunze; eta Lehendakaritzaren ordezkari bat: José Carlos Peña Hernández, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
Seigarrena.– Prozedura kudeatzea eta ebaztea.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuak izango du prozedura kudeatzeko eskumena. Organo kudeatzaileak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Aurkeztutako eskabideak ebazpen bakar batean ebatziko dira. Ebazpen hori Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko Idazkaritza Nagusiko titularrak emango du, dagokion Ebaluazio-organoak proposatuta.
3.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde eskatzaile guztiei. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da, herritar guztiak jakitun egon daitezen.
4.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, deialdia argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritako eskumen-araubidearekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– Ez-betetzea.
Erakunde onuradunek deialdiaren Ebazpenean, Dekretuan eta dirulaguntzei buruzko araudi orokorrean eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko diote jasotako laguntzaren zenbatekoa gehi berandutze-interesak, urriaren 11ko 118/2022 Dekretuaren 18. artikuluan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan araututakoa kontuan hartuta.